Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko abenduaren 14koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ordezkarien erregistro elektronikoa araupetzen da, eta gaitutako funtzionarioen erregistroa sortu eta araupetzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 266
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/12/14
  • Argitaratze-data: 2013/01/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak; Funtzio publikoa

Testu legala

Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ordezkaritza kontzeptuaren definizio hau ematen du 32. artikuluan: jarduteko gaitasuna duen edozein pertsonak bere izenean jarduteko aukera hirugarrengo pertsona baten esku uzteko ahalmena. Horretarako, gehienetan, beharrezkoa da ordezkaritza ziurtatzea zuzenbidean balio duen eta sinesgarritasunez jasota utziko duen edozein bide baliatuz; edo, bestela interesduna bera bertaratu eta ordezkaria zein den esanez.

Era berean, ekainaren 20 11/2007 Legeak, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzkoak, herri-administrazioekiko harremanetan herritarrak ordezkatzeko zenbait modu zehazten ditu 22. eta 23. artikuluetan.

Otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, hirugarrenen izenean jarduteko mekanismoak aurreikusi ditu 12.etik 14.era arteko artikuluetan: lehenik, ordezkaritzarako gaikuntza ematea. Administrazioaren aurrean kudeaketa- eta ordezkaritza-jarduerak etengabe eta modu profesionalean betetzeko sortu da batez ere gaikuntza hori. Bigarrenik, pertsona interesdunek beren izenean administrazioaren aurrean jarduteko beste pertsonei ematen dieten ordezkaritza. Ordezkaritza horrek ordezkarien erregistro elektronikoan jasota egon behar du ezinbestean. Azkenik, herritarrek ahaldundutako jarduketetan sinadura elektronikoa erabiltzeko gaituta dauden funtzionarioak.

Ordezkarien erregistro elektronikoa zerbitzu elektroniko arrunt bat da, eta euskarria ematen die otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, Administrazio Elektronikoari buruzkoan, araupetutako hiru ordezkaritza-figurei. Erregistro hori ez da publikoa, eta ordezkaritzarako gaitutako erakundeek nahiz pertsona interesdunek emandako ordezkaritzak eta gaitutako funtzionarioak inskribatuko dira bertan.

Otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren, Administrazio Elektronikoari buruzkoaren, 13. eta 14. artikuluek hau ezartzen dute: batetik, Administrazio Elektronikoan eskumena duen sailaren agindu baten bidez arautuko dela ordezkarien erregistro elektronikoaren funtzionamendua; eta bestetik, gaitutako funtzionarioen erregistroa sortu eta arautuko dela.

Azaldutakoa kontuan hartuta,

HAU XEDATZEN DUT:

  1. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren ordezkarien erregistro elektronikoaren funtzionamendua araupetzea. Erregistro hori otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren, Administrazio Elektronikoari buruzkoaren, 13. artikuluaren bidez sortu zen.

  2. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioan gaitutako funtzionarioen erregistroa sortu eta araupetzen da agindu honen bidez.

  1. Agindu hau esparru hauetan aplikatuko da:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean, organismo autonomoetan, eta administrazio orokorrarekin lotutako edo administrazio orokorraren mendeko eskubide publikoko gainerako erakundeetan.

    2. Eskubide pribatuko ente publikoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kide diren gainerako erakundeetan, zuzenbide publikoarekin lotuta garatzen dituzten jardueretan.

    3. Aurreko puntuetako erakundeekiko harremanetan nortasunik ez duten pertsona fisikoengan, juridikoengan eta enteetan.

  2. Agindu honen ondorioetarako, administraziotzat hartzen dira artikulu honen 1. paragrafoko a) eta b) puntuetan adierazitako organoak eta erakundeak.

  3. Agindu honen ondorioetarako, pertsonatzat hartzen dira artikulu honen 1. paragrafoaren c) puntuan adierazitakoak.

Hauek inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko ordezkarien erregistro elektronikoan:

  1. Pertsonek hirugarrenei emandako ahalordeak edo ordezkaritza-ahalak, beren izenean administrazioaren aurrean baliabide elektronikoen bidez jarduteko.

  2. Ordezkaritzarako gaitutako pertsonak, administrazioarekin hitzarmen bat sinatu dutenak.

  3. Pertsonek baimentzen dizkieten jarduketak identifikatzeko eta baimentzeko gaitutako funtzionarioak.

  1. Ezinbestean ziurtatu behar dute emandako ahala, administrazioarekin beren izenean baliabide elektronikoen bidez jarduteko, beste pertsona batzuk ahalordetzen dituzten pertsonek, modu hauetako baten bidez:

    1. Ahalorde-emailea administraziora joanez.

      Ahalorde-emailea pertsona juridiko bat bada, aurkezten den pertsonak ziurtatu behar du erakundearen lege-ordezkaritza duela edo behar adina ahal duela ahalordeak emateko.

    2. Notarioak legez ziurtatutako sinadura duen dokumentu publiko bat edo dokumentu pribatu bat aurkeztuz administrazioan.

    3. Internet bidez, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, Administrazio Elektronikoari buruzkoan, aurreikusitako identifikazio- eta baimentze-sistemetako bat erabiliz.

      a) eta b) puntuetako kasuetan, ordezkarien erregistro elektronikoan izena ematen duten datatik aurrera izango dute eragina ahalordeek. c) puntuko kasuan, erregistroko izen-ematea automatikoa izango da.

      1. Pertsona bakar bati emango zaio komunikazioak eta jakinarazpenak elektronikoki jasotzeko ahala.

      2. Ahalordearen onespen esplizitua eskatzen bada, ahalordeak ez du eraginik izango, harik eta ahaldunak artikulu honen 1. paragrafoko a), b) eta c) puntuetan deskribatutako moduetako batean onartzen duen arte.

  1. Hirugarrenak ordezkatzeko baimena izango duten pertsonak gai ditzake administrazioak, haien izenean zenbait izapidetze elektroniko egin ditzaten.

  2. Gaikuntza hitzarmen baten bidez formalizatuko da. Hitzarmen horretan, zer izapidetzetan eta prozeduratan ordezka daitekeen eta gaitutako pertsonak zein diren zehaztuko da. Ordezkatzearen xede diren prozeduren ebazpenean eskumena duten organoek izenpetuko dituzte hitzarmen horiek, administrazio elektronikoko zuzendaritza eskudunak txostena egin ondoren.

  3. Jarduera bakoitzerako beharrezko ordezkaritza izan beharko dute gaitutako pertsonek. Administrazioak edozein unetan eska dakieke ordezkaritza egiaztatzeko. Baliozkoa izango da Administrazioak onartutako dokumentu normalizatuen bidez emandako egiaztagiriak ematea. Behar adina ordezkaritzarik ez badu, erantzukizun egokiak eskatuko dira.

  4. Baimendutako funtzionarioek gaitutako pertsonak inskribatuko dituzte ordezkarien erregistro elektronikoan, eta azalduko dute zer izapidetzetan eta prozeduratan jardun dezaketen ordezkari gisa.

  1. Erregistro bat sortuko da, jakiteko administrazioak zer funtzionario gaitu dituen sinadura elektronikoa erabiltzeko, baldin eta pertsonek baliabide elektronikoen bidez identifikatu edo legeztatzeko beharra badute eta ez badituzte eskura baliabide horiek.

  2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa eraginkorra izan dadin, gaitutako funtzionarioen aurrean identifikatu eta berariaz beren adostasuna eman behar dute pertsonek. Xede horietarako, administrazioak eredu normalizatuak jarriko ditu pertsonen eskura.

  3. Euskarri informatiko bera dute gaitutako funtzionarioen erregistroak eta ordezkarien erregistro elektronikoak.

  1. Berariaz emandako ahalari dagozkion izapidetzeetan eta prozeduretan baino ez dira eraginkorrak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatutako ahalordeak. Halaber, dagozkien ereduaren bidez esleituta egon beharko dute eraginkorrak izateko. Ordezkaritza orokorra bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren zerbitzuen katalogoko prozeduren izapidetze guztietan izango du eragina ahalordeak.

  2. Egoitza elektronikoan argitaratuko dira zerbitzuen katalogoa eta ahalorde bidez egin daitezkeen izapidetze eta prozeduren zerrenda.

  3. Edonola ere, jakinarazpenak hartzeko ahalordea ematen bada, ahalorde-emaileak baimena emango dio ordezkariari administrazioaren jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez jasotzeko, baldin eta jakinarazpena ordezkariari egiten bazaio.

  1. Ordezkarien erregistro elektronikoan egiletsi eta inskribatutako ordezkaritza alda dezake ahalorde-emaileak. Ordezkariak egin ditzakeen izapideak eta haiek egiteko epeak alda daitezke, bai eta biak batera aldatu ere. Ezin dira aldatu ahalordean utzi diren prozedurak, ordezkaritza-mota edo ahalduna. Beste ordezkaritza bat formalizatzeko, lehenik indarrean dagoena ezeztatu beharko da.

  2. Ordezkaritza aldatzeko, ahalorde-emailearen identifikazioa ziurtatu behar da, eta ez da beharrezkoa izango administrazioak inolako balioztatzerik egitea.

  1. Ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatutako ordezkaritza indargabe daiteke, baldin eta:

    1. Indarraldia igarotzen bada.

    2. Emandako ahalordea baliogabetzen badu ahalorde-emaileak.

    3. Ahaldunak ahalordeari uko egiten badio.

  2. Ahalordearen inskripzioaren indargabetzeak eragina izango du erregistroan inskribatzen denetik aurrera.

  3. Ahalordearen inskripzioa honela indargabe daiteke:

    1. Ahalorde-emailea edo ahalduna administrazioaren bulegoetan azalduz.

    2. Notarioak legez ziurtatutako sinadura duen dokumentu publiko bat edo dokumentu pribatu bat aurkeztuz administrazioan.

      Halaber, a) eta b) puntuetako kasuetan, baimendutako funtzionarioek indargabetuko dute ordezkaritza erregistroan, eta indargabetzeak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko dute.

    3. Internet bidez, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, Administrazio Elektronikoari buruzkoan, aurreikusitako identifikazio- eta baimentze-sistemetako bat erabiliz. Kasu horretan, automatikoki indargabetuko da ordezkaritza.

  4. Edozein unetan, ahaldunak uko egin diezaioke ahalordeari, baldin eta ziurtatzen badu ordezkatuari bere ukoa jakinarazi diola administrazioan aurkeztu baino lehen. Ordezkaritza ez da erregistroan indargabetuko ordezkatuari ukoa jakinarazi arte.

  1. Administrazio Elektronikoko zuzendaritza eskudunak kudeatuko ditu ordezkarien erregistro elektronikoan erabiltzaile izateko baimenak. Era berean, agindu honen 6. artikuluak aipatzen dituen gaitutako funtzionarioen zerrenda eguneratua izango du.

  2. Ahalordean emandako izapide eta prozeduretan eskumena duten organoek egiaztatuko dute egoitza elektronikoko inskripzio-, indargabetze- eta uko-ereduak betetzen direla, eta ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatzen direla. Era berean, baimena emango diete funtzionarioei, gaitutako erakundeetan inskriba daitezen, agindu honen 5. artikuluaren 4. paragrafoan araututakoaren arabera.

  1. Ahalorde-emailea edo ahalduna pertsona fisikoak badira, pertsona fisiko horiek baimena eman behar dute beren datuen tratamendu informatikoa egin dadin ordezkarien erregistro elektronikoan. 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak, 6. artikuluan arautzen duena betetzeko jokatuko da horrela. Ez da beharrezkoa izango baimen hori ahalorde bakoitzean ematea. Baimena baliabide elektronikoen bidez emango da eta aipatu 15/1999 Lege Organikoan ezarritako datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak beteko ditu.

  2. Izaera pertsonaleko «Ordezkarien erregistro elektronikoa» datu-fitxategia sortuko da. Administrazio Elektronikoko zuzendaritza eskudunak izango da fitxategi horren titularra. Fitxategiaren edukia agindu honen eranskinean adierazten da.

  1. Ordezkarien erregistro elektronikoaren erabilera-gida argitaratuko da https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan. Era berean, ahalordea inskribatzeko, ahalorde-inskripzioa indargabetzeko eta aldatzeko ereduak argitaratuko dira.

  2. Ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatzeko bete behar diren ereduak herritarren arretarako bulegoetan nahiz https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan lor daitezke.

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 14a.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

  1. Fitxategiaren izena: Ordezkarien erregistro elektronikoa.

  2. Fitxategiaren xedea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan baliabide elektronikoen bidez jarduteko eman diren ahalordeen datuak kudeatzea eta kontrolatzea.

  3. Datuak biltzeko prozedura: Ahalordeak erregistratzeko, ahalordeei uko egiteko eta ahalordeak ezeztatzeko eskaera-inprimakiak.

  4. Fitxategiaren oinarrizko egitura:

    Identifikazio-datuak: izena, abizenak, eta ahalorde-emailearen eta ahaldunaren IFZ/AIZ.

  5. Fitxategiaren segurtasun-maila: oinarrizkoa.

  6. Datuen jatorria: pertsona interesduna.

  7. Datuak biltzeko euskarria: papera eta euskarri informatikoa.

  8. Zer pertsonari edo talderi buruzko datuak lortu nahi diren:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan baliabide elektronikoen bidez jarduten duten ahalorde-emaileak eta ahaldunak.

  9. Datuen lagapenak eta komunikazioak: ez daude.

  10. Organo arduraduna: Administrazio Elektronikoko zuzendaritza eskuduna.

  11. Zer organoren aurrean erabil daitezkeen datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak: Administrazio Elektronikoko sail eskuduna.