Idioma

Publikoen garapena. Audientzien kudeaketa EAEn

Pandemiaren ondoren kultura-praktiken tasetan izandako beherakada bereziki kezkagarria da bi alderditan: batetik, kulturaren sektoreak publikoaren presentzia eta partehartzea behar duelako existitzeko, eta, bestetik, kulturarako sarbidea funtsezkoa delako gizarte-kohesioa hobetzeko, nortasun pertsonala garatzeko, balioak transmititzeko eta, oro har, gizartea demokratikoki hobetzeko.

Txosten honen bidez, gaiaren egoera eguneratu nahi dugu, publikoak aztertzeari dagokionez. Horretarako, lehen eduki-multzoari ekingo diogu, non parte-hartze kulturala ardatz izango den txosten hau egiteko kontuan hartutako ikuspegi gisa. Lehen multzo horretan, testuinguruan labur-labur kokatu ondoren gaur egun audientzien garapenean eragin handiena izan dezaketen faktoreetako batzuk (oraintsuko pandemia, digitalizazioa, kontsumo-praktika eta -modu berriak, etab.), lau azterketa-eremutan jarri da arreta: kulturan parte hartzeko moduen eraldaketa, kulturarako irispidea oinarrizko eskubide gisa, kultura-publikoen tipologia eta dagoen eskaintza.

Eztabaida teorikoa zentratu ondoren, izaera enpirikoko edukien bigarren multzoari ekingo diogu, eta zuzeneko arteetan ardaztuko da nagusiki. Bigarren multzo horretan gaur egungo audientzien galera eta berreskuratzea aztertuko ditugu, bai denborazko begiradarekin zein asistentziaren arabera.

Egungo egoeraren garapen enpirikoaren ondorioz, zuzeneko arteen esparruan audientziak garatzearekin lotuta Euskadin gaur egun gauzatzen ari diren esperientziak bildu eta aztertu behar dira. Helburu hori da hirugarren eduki-multzoak ardatz hartuko duena.

Azkenik, laugarren multzoak, audientziak aztertzeko eta garatzeko ildo estrategikoak eta ekintza-ildoak proposatuko ditu, batez ere datuen erabilerari, plangintzari, komunikazioari, programazioari eta formatuei lotutako ekintzetan oinarrituta.