Idioma

Kultura eta turismoa

Kulturaren eta turismoaren arteko harremanaren azterketara bideratua dago azterlan hau, eta bi alderdi uztartzen ditu: alde batetik, estatistiken bidez lortzen den begirada enpirikoa, eta, bestaldetik, kultura-turismoaren kontzeptuaren beraren inguruko gogoeta, bai eta turismoaren eta kulturaren arteko norabidebiko harremanaren inguruan dauden erronken ingurukoa ere.

Kulturaren Euskal Behatokiak, lehenengo aldiz, kulturaren eta turismoaren arteko harremanaren analisiari eskaini dio azterketa bat. Behatokiaren azterketa kualitatiboen artean kokatuta dago eta estatistiketako datuen bidezko begirada enpirikoa eta turismo kulturalaren kontzeptuari buruzko gogoeta konbinatzen ditu, baita turismoaren eta kulturaren arteko norabide biko harremanaren inguruan dauden estrategiei eta erronkei buruzko gogoeta ere.

Turismoaren Mundu Erakundeak (TMEk) honela definitzen du turismo kulturala: bisitariaren motibazio nagusia helmuga turistiko bateko produktu eta erakargarri kultural ukigarriak eta ukiezinak ikasi, deskubritu, esperimentatu eta kontsumitzea den turismo-jarduera mota.

Badira urteak turismo kulturala gorantz doan turismo-mota gisa sortu zela eta, ondorioz, TMEk bi helburu orokor ezarri ditu eremuan: batetik, arduratsua, integratzailea eta jasangarria izatea, toki-komunitateen garapen sozioekonomikoari laguntzea eta haien ongizatea hobetzea; eta, bestetik, helmugaren nortasun kulturala aberasten eta kontserbatzen laguntzea, bisitarien eta harrera-komunitatearen arteko truke transkulturalak bultzatzea eta kultura-ondarea sustatzea eta babestea. Ildo horretan, turismo kulturalaren defentsa bai lurralde baten turismo-eskaintza handitu eta indartzearekin bai turismo-ustiapeneko eredu jasangarriagoak defendatzearekin lotu da.

Azterketaren azken xedea ez da kultura bisitari gehiago harrapatzeko erakargarri turistiko gisa erabiltzea, baizik eta kulturak ere turismoari onura ateratzeko baterako estrategiak proposatzea. Helburua da datozenek proiektu kulturalak eta sormenezkoak, sarritan ohiko zirkuituetatik kanpo daudenak, ezagutzea eta zer garen kontatzen duten eta sormen-ehunean eragin onuragarria daukaten esperientzia jatorrak bizitzea. Ildo horretan, garrantzitsua da galdera hauetaz gogoeta egitea: nola ikusten dugun geure burua, zerk definitzen gaituen eta zer helarazi nahi diegun gure nortasunari buruz bisitatzera datozkigunei. Herrialde gisa azaltzen gaituen kontakizun bat eraiki behar da, eta esparru sinboliko hori estrategia eta produktu turistiko zehatzetara eraman. Nabarmendu nahi dugu garrantzitsua dela fenomeno horrek herri gisa geure buruaz daukagun irudia atzera elikatzen duelako, turistek helarazten diguten irudiaren bitartez.

Txostenean, bi alderdiren arteko dialektikari buruz gogoeta egingo da: batetik, zer garen eta zer izan nahi dugun eta, bestetik, nola ikusten gaituzten eta zer bihurtzen gaituzten. Turismoaren eta kulturaren arteko loturan, begirada kanpotarrak toki-nortasunean daukan eragina funtsezko elementua da eta aurretiaz hausnartzea eta bisitatzen gaituztenei helarazi nahi diegun kontakizuna eraikitzea eskatzen du.

Horretarako, lehen atalean EAEko turismoa testuinguruan jartzen da, lehian duen lekua, euskal turismo-ereduaren ezaugarri nagusiak eta Euskadiko turismo-estrategietan kultura dagoen egoera aztertzen dira.

Bigarren eduki-blokean, turismo kultural eta sormenezkoaren gakoak aztertzen dira, haren definizioa zehaztuz, turismoa nazioarteko eskalan indartzeko eta garatzeko mugarri nagusiak berrikusiz eta eskaintza eta eskari turistikoaren egungo joerak aztertuz.

Hirugarren blokean, turismo-sektoreak egun dauzkan estrategiak eta erronkak aztertuko dira, baita kultura-eremuarekin duen lotura ere, hobetu daitekeen elementua delakoan. Gainturismoa, haren inpaktuen desoreka, urtarokotasuna, jasangarritasuna eta beste kontu asko ezinbestekoak dira turismo-sektorean eta kultura-sektoreak ekarritako potentzialtasunei esker hobetu daitezke. Proposamen moduan, hirugarren blokean gai hauei buruzko gogoeta bat sartu da: zer kontatu nahi diegun geure buruaz bisitatzen gaituztenei, gure kulturaren eta gure nortasunaren zer alderdik identifikatzen gaituzten eta zer asmo dugun Euskadi bisitatzen duten turistek bidaiaren ondoren daramaten imajinarioa eraikitzeari dagokionez.