Segurtasun Saila

Hondartza-sasoiaren hasieran

Segurtasun Sailak karabela portugaldarren etorreraz ohartaraziko die euskal kostaldean foru aldundiei eta kostaldeko udalei

Joan den asteburuko hondartza-sasoiaren hasierarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prebentzio-sistema abiarazi du karabela portugaldarra deritzon marmokaren jarraipena egiteko eta abisuak emateko.

Sistema horren bitartez, SOS Deiak - Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak hidrozoo arriskutsu horien balizko etorrerari buruzko informazioa emango die Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiei eta kostaldeko udalei; izan ere, euren garroetako kapsuletan daukaten substantzia erresumingarriarekin marmoka horiek min handia egin diezaiekete pertsonei.

Eusko Jaurlaritzak proposaturiko sisteman arrantzaleen kofradiek ere parte hartuko dute, baita nautikan aritzen diren kirolzaleek eta gainerakoek ere. Horiek guztiak, inguruan karabela portugaldarren bat ikusiz gero, euren ontzietatik SOS Deiak zentroarekin harremanetan jarriko dira, zuzenean edo irratiz 16.kanalaren- bitartez.

Datuok Azti Tecnalia Ozeanografia Fundazioari bidaliko zaizkio eta berak, Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren laguntzaz, marmoken benetako ibilbidea zehaztuko du, kokapen-mapa batean islatuko diren hainbat eredu eta kalkulu erabilita. Mapa hori 24 orduan behin eguneratuko da.

Azti Tecnaliak bere ereduaren bidez adierazten badu karabela portugaldarrak gure kostalderantz datozela, SOS Deiak zentroak horren berri emango die Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei eta ukitutako udalei, egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak har ditzaten.

Begiztatzeen protokoloaren barruan, karabela portugaldarren ibilbidea iragartzeko tresnak erabiliko dira, gure kostaldeetako itsas korronteei buruzko ezagutzan eta haizeen pronostikoan oinarrituta. Aurretik hidrokarburoen jarraipena egiteko erabili izan diren ereduen antzekoak dira oraingo hauek; moldatu eta kalibratu egin dira Physalia marmoken (karabelen) nondik norakoa zaintzeko. Organismo horiek flotagailu bat daukate (pneumatoforoa), eta flotatzeko ez ezik, haize-oihal moduan ere erabiltzen dute. Horrela distantzia handiak egin ditzakete nahiko denbora laburrean.

Ekimen hau gauzatzeko, Segurtasun Sailak 250 informazio-kartel egin ditu, plastifikatuak, eta banatu ditu dagoeneko hondartzetan eta kirol portuetan, karabela portugaldarrari buruzko informazio zehatza emateko; gainera 5.000 fitxa egin ditu arrantzaleentzat eta, oro har, itsasoan ibiltzen direnentzat. Hidrozoo arriskutsu horren datuez gainera, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ere badaude fitxetan.

Karabela portugaldarren jarraipenerako eta abisuak emateko prebentzio-sistema honetan, Azti Tecnalia eta Euskalmetez gainera, elkarlanean arituko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak, EKP (Euskadiko Kirol Portuak) eta Gurutze Gorria.

Euskadik gaur egun hamaika arrantzale-kofradia ditu, 130 bat arrantza-ontzi eta 4.000tik gora kirol ontzi.

Marmoka- edo karabela portugaldar-ziztadarik egotekotan:

  • Lasaitasuna mantendu eta uretatik irten.
  • Itsasoko urez garbitu. Ur geza, ozpina edo beste zenbait substantzia erabiltzeak azalean itsatsitako garroetatik toxina gehiagoren askatzea sor dezake.
  • Marmoka zatiak kentzerako orduan pintzak edo bestelako objekturen bat erabili kreditu-txartel bat adibidez. Eskuekin ukitzea sahiestu eta ez arraskatu edo igurtzi toallaz, arropaz edo eta hondarrez, pozoin gehiago aska bait daiteke.
  • Mina eta sumindura leuntzeko hotza jar daiteke (izotza erabiliz gero ez dadila zuzenean larruazalaren gainean jarri).
  • Laguntza medikoa bilatu.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira, larrialdietarako telefono bakarra

Marmoka Project (Marmoka Proiektua)

Ekimen horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Azti Tecnaliarekin lankidetzan jardungo du Marmoka Project (Marmoka Proiektua) izeneko azterlan zientifikoan. Kantauri itsasoan marmoken presentzia eta nondik norakoak ikertu nahi dira lan horretan, arrantzale, kirolzale eta itsasoan ibiltzen diren gainerakoek emango duten informazioa erabilita.

Horretarako banatu zaizkien fitxetan, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ikusi ahalko dituzte.

Informazio gehiago:  www.itsasnet.com

kanpainetara itzuli