Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak garatzeko laguntzak 2024-2025

[jarduera-fisikoa-sustapena-ige]

Deskribapena


Xedea

1.- Agindu honen xedea da laguntza laguntza ekonomikoen deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektu parte-hartzaileak garatzeko 2024-2025 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.- Laguntza horien xedea da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era egiten diren jarduketa hauek finantzatzea:

  • a) Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-eremuek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.
    Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta antzekoak erabiliz), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
  • b) Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kultura, etnia, adin, sexu, funtzionaltasun eta bestelako aniztasuna) eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.


    Proiektu horiek beharko dute:
      • 1. Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
      • 2. Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
      • 3. Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.
  • c) Familian jarduera fisikoa erregularki egitea bultzatzeko jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

Aurrekontuko zuzkidura

290.800 euro

Prestazio ekonomikoa

     1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era sortutako eta ordaindutako gastuak, zuzenean lotuta badaude proiektua garatzeko egin behar diren dinamizazio-, koordinazio- eta exekuzio-jarduerekin. Honako gastu hauek sartzen dira:

    • a) Parte hartzeko prozesuen dinamizazioa prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langile ez irakasleak, familiak eta bestelakoak) egungo egoerari buruzko gogoeta faseetan, proiektuaren diseinukoak eta garapenekoak.
    • b) Abiapuntuko egoeraren analisia:
      • 1.– Eskola-inguruneko mugikortasuna.
      • 2.– Espazio fisikoa eta haren erabilera.
      • 3.– Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak.
    • c) Espazioak egokitzea.
    • d) Behar den materiala eskuratzea.
    • e) Hitzaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.
    • f) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.

    2.- Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoek ez dute gaindituko diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren % 100, eta emandako laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100. Gisa honetako gastuak lagundu daitezke diruz: materiala eskuratzea (jarduerak, lantegiak, egokitzapenak, obrak eta abar egiteko eta prestatzeko direnak), obrak diseinatu eta egitea, zerbitzuak kontratatzea (garraioa, egoeraren analisia, alokairuak eta abar) eta proiekturako beharrezkoak diren beste gastu batzuk.

    3.- Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

    • a) Kontuen interes zordunak.
    • b) Finantza-gastuak.
    • c) Inbertsio-gastuak.
    • d) Administrazio-lizentziak.
    • e) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak; besteak beste, hauek berandu ordaintzeagatik edo ez ordaintzeagatik ezartzen direnak: zergak; tributuak; tasak; Gizarte Segurantzako kuotak; prozedura judizialen gastuak, edo gatazkak ebazteko borondatezko beste prozedura batzuek eragindakoak.
    • f) Hauen ondoriozkoak:
      • 1. Kirol- eta kultura-arloko ekitaldi eta programazioak.
      • 2. Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola ...ren eguna, ...ren astea eta ...ren jardunaldia.

    4.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, oinarrizko legedi gisa.

    Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak

    1.- Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:

    • a) Eskatutako zenbatekoa.
    • b) Diruz laguntzeko moduko gastuen % 100.
    • c) 5.000 euro proiektuko.

    2.- Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta deialdi honetarako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura osoa ez bada agortzen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da 5.000 eurotik 6.000 eurora. Hala ere aurrekontua agortzen ez bada, proiektu bakoitzari 1.000 euro gehituz joango zaio, deialdi honetako 3.1 oinarrian adierazitako aurrekontu osoa esleitu arte.

    Ordainketa-modua:

    1. Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

    • a) Dirulaguntzaren % 74,209: ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 oinarrian ezarritako epean.
    • b) Gainerako % 25,791a: proiektua gauzatu izana eta haren gastu osoa justifikatu eta gero, 14. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

    Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa 16.1 oinarrian jasotako zenbatekoak direla eta.

    2. Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

    3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak erregistratuta egon behar du Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da; erregistro hori Eusko Jaurlaritzak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

    Nori dago zuzenduta


    Ikasleen guraso-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak

    Betekizunak

    • Legez eratuta egongo dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
    • Irabazi-asmorik gabeak izatea.
    • Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
    • Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
    • Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan ezarritako ezein egoeratan ez egotea.
    • Oinarri honen 3. eta 4. apartatuak agindu honetan ezarritakoaren arabera beteko dira: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
    • Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozleetako batean ere ez egotea.
    • Elkarte eta kooperatiba onuradunen betebeharrak

    Erakundeak


    Deitzen duen erakundea

    • Osasuna / Osasun Sailburuordetza > Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza

    Ebazten duen erakundea

    • Osasuna > Osasun Sailburuordetza

    Kontaktu-informazioa


    ARABA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 945 017157

    BIZKAIA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 94 4031577 - 943 4032430

    GIPUZKOA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 943 022717

    Eusko Jaurlaritzako Egoitza Nagusia: 945 019203

    Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

    Kodea

    1091506

    Eskaerak aurkezteko modua eta epea


    Dirulaguntza eskaria on-line egin behar da, aurkeztu beharreko agirien jarraibideetan deskribatzen den dokumentazioarekin batera. Izapidetzearen jarraipena, "Nire karpeta" atalean egin behar da.

    Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 11an amaituko da.

    • 1. Eskatzaile bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, modu elektronikoan aurkeztu duen azkena bakarrik hartuko zaio kontuan. Lehendik eskaera bat erregistratuta duenak beste eskaera bat aurkezten badu, aurreneko eskaeran atzera egindakotzat joko da automatikoki, eta prozedura horri bukaera emango zaio, legez ezarritakoaren arabera atzera-egitearen ebazpena egin ondoren.
    • 2. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:
      • a) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
      • b) Proiektua toki-erakunderen batekin edo komunitateko beste eragileren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko eragile guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
      • c) Finantzaketa zertarako eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
    • 3. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
    • 4. Elkarte edo kooperatiba bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio.
    • 5. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).
    • 6. Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
      • a) Entitatearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
      • b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko du (20. oinarrian adierazia), edo entitate eskatzaileak deialdi honetarako berariaz emandako baimena aurkeztu beharko du.
    • 7. Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar dute. Hizkuntza horri eutsiko zaio prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
    1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
    2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
    3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.
    • Ez duzu formularioa saio bakar batean bete, sinatu eta bidali behar. Nahi baduzu, Administrazioaren sistema informatikoan gorde dezakezu, eta hurrengo saioetan prozesua jarraitu.
    • Administrazioak betetako datuak hilabete batez gordeko ditu. Betiere, araudian ezarritako epe barruan aurkeztu beharko da.

    Ebazpena eta errekurtsoak


    Ebazteko epea

    Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitateek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskabidea.

    Diru-laguntza emateko modua

    Lehiaketa

    Isilbidearen ondorioak

    Ez onartzea

    Justifikazioa


    Aurkezteko epea: 2025ko uztailaren 18ra arte

    • 1. Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko justifikazio telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20. oinarrian aipatzen den «Nire karpeta» atalean eskura daitekeen inprimakian.
    • 2. Justifikazioetan, gutxienez datu hauek jarri behar dira:
      • a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.
      • b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia, harremanetarako pertsonaren izena eta proiektuan parte hartzen duen ikastetxearen izena eta kodea.
      • c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:
        • 1. Egindako jarduketak:
          • a) Egindako jarduketen deskribapena.
          • b) Ebaluazioa.
        • 2. Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan.
          • a) Parte hartzeko dinamikak.
            • Diseinua.
            • Ezarpena.
            • Ebaluazioa.
          • b) Prestakuntza-programa.
        • 3. Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.
          • a) Udala.
          • b) Elkarteak eta beste ikastetxe edo kolektibo batzuk.
        • 4. Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).
      • d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du. Diruz laguntzeko modukoa ez den ekarpen propiotzat justifika daiteke langile boluntarioen lanaren balioztapena, orduko 20 euroko gehieneko mugarekin. Langile boluntarioak balioztatzeko, elkarte edo kooperatibaren inguruko lagunek proiektuaren xedeak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egiten da. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez ere.
      • e) Gastua egiaztatzeko agirien zerrenda. Zerrenda horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta datu hauek adierazi behar dira: ziurtagiri mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuak justifikatzeko agiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
    • 3. Justifikazioarekin batera, honako hauek erantsiko dira:
      • a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen arruntak, entitate eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
      • b) Proiektua gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentu osagarriak, material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo sortutako beste dokumentuak barne. Entitate onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Datu hauek azalduko dira bertan: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa), ordu-kopurua, orduko kostua, zenbateko osoa eta boluntarioaren sinadura.
    • 4. Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:
      • a) Entitate onuradunaren izenean egindako fakturaren bidez justifikatutakoak.
      • b) Ziurtagirien edo banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak. Dokumentu horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta fakturetan azaltzen diren datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
      • c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldatea-ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute.
      • d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanen kasuan, enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, honako hauek jaso behar ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta egoitza; eragiketaren deskribapena eta zenbateko osoa; idazkiaren jaulkipen-data; hartu-agiria eta hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko Zergaren atxikipena.
      • e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua agindu honetan aurreikusten diren diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, jarduketen esparruan, jarduketa horiek boluntarioen laguntza izan badute. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute gutxienez: antolakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren zenbateko osoa.
    • 5. Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak dirulaguntzaren kontura justifika daitezke, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean sortu eta ordaindu badira.
    • 6. Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 18an amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
    • 7. Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. oinarrian (izapidetze elektronikoari buruzkoa) azaltzen den moduan.
    • 8. Gizonen eta emakumeen egoeran zer eragin duen jakiteko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.
    • 9. Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
    1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
    2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
    3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

    Beste tramite batzuk