EAEko "Euskadiko Gazteak Lankidetzan" 2024 programarako proiektuak aurkezteko deialdia

[Euskadiko gazteak lankidetzan 2024]

Deskribapena


Xedea

Euskadiko gazteriaren artean elkartasunaren balioa sustatzeko eta garapenerako lankidetzako Euskadiko erakundeek hainbat herrialdetan egiten dituzten garapenerako lankidetza ekintzak ardatz izanik, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak urtero egiten dute gazteek Euskal Gazteria Lankidetzan programan parte hartzeko deialdia.

2024. urterako, deialdi honek berriz ere Euskadiko gazteria lankidetzaren kontzeptura hurbiltzea du helburu. Gainera, ekintza horiek «in situ» ezagutzeko aukera eskaintzen die gazteei. Esperientzia hori aldez aurretik egingo diren informazio- eta orientazio-jardunaldi batzuen bidez osatu eta aberastuko da. Horrenbestez, beharrezkoa da Euskadiko garapenerako lankidetzako erakundeek egiten dituzten garapenerako lankidetza ekintzak aintzat hartzea, deialdi honetan zehaztu bezala.

Ebazpen honen xedea da 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako lankidetza-proiektuak aurkezteko deialdia egitea, bai eta proiekturik egokienak hautatzeko eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteei lankidetzan aritzeko aukera emango dieten erakunde onuradunei dirulaguntza emateko baldintzak zehaztea ere.

Aginduaren helburuak hauek dira:

  • Deialdiaren arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2024ko Euskal Gazteria Lankidetzan programarako lankidetza proiektuak aurkezteko.
  • Proiekturik egokienak hautatzea 
  • Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteei lankidetzan aritzeko aukera emango dieten erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko baldintzak zehaztea.

Aurrekontuko zuzkidura

80.000 euros

Prestazio ekonomikoa

  1. 800 euroko laguntza emango zaio GGKE bakoitzari, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan bere proiektuan parte hartzen duen gazte boluntario bakoitzagatik, egonaldi- eta mantenu-gastuen parte bat ordaintzeko. Ebazpen honen harira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.
  2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera utzi gabe, erakunde bakoitzari gehienez ere 42 pertsonagatiko dirulaguntza eman ahal izango zaio, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.
  3. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Nori dago zuzenduta


Garapenerako lankidetzaren arloko erakundeak

Eskakizunak:

  • Formalki eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan.
  • Estatutuetan berariaz aipatzea bere helburuetako bat hegoaldeko herrialdeak garatzera bideratutako proiektuak gauzatzea dela, edo dokumentu fidagarrien bidez egiaztatzea erakundeak alor horretan gutxienez bi urte daramatzala lanean.
  • Irabazi-asmorik ez edukitzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra izatea. Xede horretarako, ordezkaritza iraunkortzat hartuko da, dokumentazio bidez egiaztatuz gero, erakundearen sozietate-oinarria (bazkideak, boluntarioak edo parekagarriak) duten egitura garrantzitsuak existitzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak bere gain hartzen du eskaera aurkezteko ardura zuzena eta, erakunde onuradun gisa, deialdi honetan zehaztutako konpromisoak onartzen ditu.
  • Sexuaren bereizkeria eragiten duen jarduerarik ez egitea, eta zehapenak ezartzen duen aldian zigor administratibo edo penalik ez jasotzea, sexuaren bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritako baldintzetan.
  • Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea eta dirulaguntzen itzulketarekin lotutako betebeharrak ordainduta edukitzea.
  • Gainera, erakunde eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.

Betekizunak

  • Zehapen administratibo edo penalik ez izatea, zehapenak ezarritako aldian, sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik. Halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera..

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean ez egotea.

  • Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi helburu berbererako eskatutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideen berri ematea. Halakoren bat lortuz gero, horren berri ere ematea.

  • Azken zerga-ekitaldietan minimis erregimenari atxikitako laguntzarik jaso izanez gero, jakinaraztea.

  • Baztertuta geratuko dira estatu-mailako laguntza-erregimenen barruan legez kontrako edo bateraezintzat jo diren laguntza hauetako bat jaso duten erakundeak, laguntza bera eta dagozkion interesak kontu blokeatu batera bueltatu edo sartu ez badituzte: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99), Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00), Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00).

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Lehendakaritza / Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia > Gazteria Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Lehendakaritza / Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia > Gazteria Zuzendaritza

Kontaktu-informazioa


Tel.: 945 019 501 - 945 019 536

E-mail: gazteria-lankidetza@euskadi.eus

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Kodea

0127407

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


Proiektuaren deskribapena egiteko Gazteria Zuzendaritzak emandako ereduari jarraitu behar zaio eta bertan eskatutako atal guztiak bete behar dira.

Proiektuen betekizunak:

  1. Lankidetza jarduera 2024ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak lanean hasteko denbora-tartean egitea, kontuan izanik, ahal izanez gero uztailetik aurrera gauzatuko den lankidetza esperientzia horrek, gutxi gorabehera, hiru hilabeteko iraupena izango duela.
    Osasun-egoerak hala eskatzen badu, edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik, egonaldiaren iraupena edo hasiera aldatu ahal izango da, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.
  2. 2024ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko hautatutako gazteak proiektuko jardueretan behar bezala integratzea. Kontuan izan behar da programaren helburua elkartasunaren balioa sustatzea eta 22 eta 30 urte arteko euskal gazteak garapenerako lankidetza ekintzekiko sentsibilizatzea dela, eta, horretarako, lankidetza ekintzen garapena «in situ» ezagutzeko aukera eman behar zaiela.
  3. Zehatz-mehatz adieraztea aurkeztutako proiektu bakoitzean parte hartzeko egokienak diren profil profesionalak.
  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

Ebazpen hori, gehienez ere, sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, Ebazpen hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Gaitzetsiak

Justifikazioa


Justifikazio-memoriaren deskribapena egiteko Gazteria Zuzendaritzak emandako ereduari jarraitu behar zaio eta bertan eskatutako atal guztiak bete behar dira. Hautatutako gaztearen esperientzia amaitu eta, gehienez ere, hilabetera, egonaldiaren garapenaren justifikazio-memoria aurkeztuko da.

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Beste tramite batzuk