Behatokia
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokia gaurkotasunaren jarraipena egiteko tresna gisa sortu da, gizarte-aurreikuspen osagarriaren lehentasunezko eremuan, baina baita pentsio orokorren esparruan ere. Ogasun eta Finantza Sailak eta, zehatzago, Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzak sustatu du Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatoki honen egoitza elektronikoa sortzea, zeinak egungo egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi orokorra eta iraunkorra bermatu beharko baitu.
Behatokia, oro har, gizarteari zuzenduta dago, gure pentsioen etorkizunak duen interes handiagatik, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan lan egiten duten eragile guztiei ere, arduradun politikoei eta teknikoei, agente kudeatzaileei, erakunde- eta gizarte-ordezkaritzako organoei, ikertzaileei, hezitzaileei eta gizarte-aurreikuspenaren arloan inplikatutako gainerako eragileei. Behatokiak, ezagutzan laguntzeaz gain, hausnarketa sustatzen lagunduko du, eta eragileei aukera emango die bere jardun-eremuan sartzen diren izaera desberdineko aldaketen aurrean ondorioak aurreikusteko eta erantzuna emateko.
Aurre egin beharreko erronkek, zahartzeari eta pentsio nahikoak, egokiak eta iraunkorrak bermatzeari dagokienez, eta herrialdeak egiten ari diren erreformek gero eta protagonismo sozial eta mediatiko handiagoa hartzen dute, eta lehentasunezko arreta-gunea dira agenda politikoetan. Testuinguru horretan, gero eta premiazkoagoa da aurreikuspen-sistemen diseinuari, funtzionamenduari, kontrolari, efizientziari eta eraginkortasunari buruzko informazio estatistikoa eta dokumentala izatea. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiak arlo horretan parte hartzen duten eragile guztien laguntza izan nahi du, une jakin batean bertara sartzen diren guztiena, Behatokiaren hazkundearen, egonkortzearen eta, horrela, gizarte-aurreikuspenaren arloko galdera ugariei erantzuteko iturri bihurtzeko eta, batez ere, gure gazteen pentsioen etorkizun hobean laguntzeko.