Zer da Bikain eremu publikoan?
BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Erakunde publiko eta pribatuan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Izen ofiziala hauxe da: Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria.
Bikain ziurtagiria Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen aitortza-sistema integral baten katebegia da. 97/2023 Dekretuak arautzen du une honetan erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzen sistema, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen bidez garatzen ditu EAEko arlo publiko eta arlo sozioekonomiko pribatuan Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriak lortzeko prozesuak.
Eremu Publikoari dagokionez, indarrean dagoen ebazpena 2023ko uztailaren 14koa da: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2023/07/2303710e.shtml
Ziurtagiria sortu zuen Eusko Jaurlaritzak lehendabizi Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez. Gero, 2009ko martxoaren 3ko Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautu zituen 53/2009 Dekretuaren bitartez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez». Horren ostean, eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sektore publikora berariaz zabaltzeko asmoz eta, bide batez, ebaluaketa eredua berraztertu eta eguneratzeko helburuarekin, indarrean zen dekretua indargabetu eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen maiatzaren 30eko 162/2017 Dekretua eman zen.
Bikain ebaluazio-sistemaren muinean dago prozesuaren etengabeko berrikuspena eta antzemandako beharren araberako egokitzapena. Filosofia horretan oinarrituta, ezinbestekotzat jo zen, berriro ere, zenbait egokitzapen egitea: prozedura malguagoa eraikitzea, berrikuntzak txertatzea eta ebaluazio- eta ziurtatze-aukerak hedatzea eremu sozioekonomiko pribatuaren eta sektore publikoaren ezaugarrietara egokituz. Ondorioz, 2023ko ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua onartu zen, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena.
Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten sektore publikoko erakundeek, osorik edo partzialki. Zehazki honako hauek:
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduen Estatutuko Administrazioak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra; lurralde historikoetako foru-administrazioak eta toki-administrazioak, baita haien guztien administrazio instituzionala eta haien mende eta atxikita dauden gainerako ente instrumentalak ere; eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 4. artikuluaren arabera Euskal Sektore Publikoa osatzen duen entitate orok.
Aurretik Bikain - Euskaren Kalitate-ziurtagiri maila bat egiaztatu duen erakunde batek ezingo du ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea pasatu arte.
Bikain – euskararen Kalitate-ziurtagiriak hiru egiaztapen-maila ditu:
- Oinarrizko mailako ziurtagiria
- Erdi-mailako ziurtagiria
- Goi-mailako ziurtagiria
Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 5. eta 6. artikuluek jasotzen dute zeintzuk izango diren aitortza-sistemaren –eta honen barnean Bikain – Euskararen kalitate-ziurtagiriaren– gobernu-organoak.
- Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordea. Honako ardurak izango ditu: esparru publiko eta sektore sozioekonomiko pribatuan aitortza-sistemaren zabalkundea egitea; sistemaren koherentzia mantentze aldera, bi sektore edo esparruen arteko beharrezko koordinazioa bermatzea; aitortza-sistemari jarraipena egitea, eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
- Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua: bere egitekoa izango da urteko ekintza-plana onartzea, aholkuak ematea eta jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea.
Horrez gain, Sektore Publikoko Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren kudeaketa-organoak hauek izango dira:
- Zuzendaritza: erakunde publikoetan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren menpeko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio.
- Erakunde Publikoentzako Bikain Bulego Teknikoa: Bikain ebaluazioen kudeaketaren ardura Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren baitako Toki-erakundeetan Hizkuntza Normalizazioa eta Hizkuntza Eskubideak Zerbitzuaren barnean sortuko den Erakunde Publikoentzako Bikain Bulego Teknikoarena da. Bulego teknikoari dagokio sektore publikoko erakundeen ebaluazio-eskaerak kudeatu eta ebaztea; ebaluazio-prozesua kudeatzea; Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren zabalkundea egitea; ebaluazioak egoki egiteko ebaluatzaileekin beharrezko koordinazioa bermatzea; ebaluatzeko irizpideak eta baldintzak adostu eta zehaztea; ebaluazio-prozesuari, eta oro har, aitortza-sistemari jarraipena egitea, eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea; baita ebaluazioen izapidean sortutako zalantzak argitu eta ebaztea ere.