Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

66. Zenarruza-ziortzako kolegiata (Bolibar)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Eliz jaurerri bat Oiz mendiaren magalean Zenarruzako elizan aurkitu diren aztarna zaharrenak IX. edo X. mendeetakoak dira eta frogatzen dute bazela eliza bat eta haren hilerria 1082ko dokumentu batean abbate domno Blasco de Cinaurrizak aipatu aurretik. Haren historia ezezagunagoa da hurrengo mendeetan, baina bi datuk erakusten dute haren eragina eta boterea handitu egin zirela. Alde batetik, izen handiko zenbait pertsonaiak aukeratutako lekua izan zen, tenplu barruan sarkofagoetan ehortzi baitziren (ez zegoen edonoren eskura), XII. eta XIII. mendeen inguruan segur aski. Bestetik, eliza berreraiki egin zuten XII. mendearen amaieran (estilo erromanikoa), harlangaitzez, 60 cm-ko hormen gainean, eta pilareetan eutsitako gangak jarri zizkioten. Tenpluaren neurriak 9 x 17 m ziren, eta hori ez zen gutxi garai hartan.

Behe Erdi Aroa apogeoko garaia izan zen kolegiatarentzat. 1380an, Calahorra eta Calzadako gotzain Gonzalo de Menak konstituzio edo arau batzuk eman zituen, erakunde horretan bizi ziren erlijiosoak (kanonigoak) aurrerantzean arautzeko. Parrokia xumeenetan ez bezala, non zerbitzu pastorala eta liturgikoa gutxi batzuen eskuetan egoten baitzen (bikario edo errektore bat eta onuradun bakarra edo gutxi batzuk), Andre Mariaren kolegiata erlijioso talde handi batek osatzen zuen, monjeak edo fraide erregularrak izan gabe ere batera bizi zirenak. Kultuaren kostuei aurre egin ahal izateko, instituzioak gero eta errenta iturri gehiago jasotzen zuen, dohaintzen bidez. Adibide gisa aipatuko dugu XIV. mendearen amaieran mendiko jabetza asko eta asko zituela (saroiak), eta inguruko kontzeju eta partikularrekin liskarrak izan zirela horiek zirela eta. Handik aurrera, baserriak eraikiz eta alokatuz, diru-sarrera kopurua handitzea lortu zuen. 1381. urtearen inguruan, halaber, Bolibarko Santo Tomas parrokia kolegiatari lotuta geratu zen, eta, ondorioz, diru-bilketa (hamarrenak) Zenarruzak jasotzen zituen, herriko parrokian gutxieneko zerbitzua ematearen truke.

XVI. mendean kolegiata handituz joan zen, eliza berreraiki eta klaustroa eta ospitalea eraiki baitziren. 1851n, desamortizazioaren ondorioz, erakundea parrokia bihurtu zen. 1959an sute bat izan zuen, instalazio askotan eragina izan zuena: ospitalean, adibidez. 1988 urteaz gero, Olivako monasteriotik etorritako monje zistertarrak bizi dira Zenarruzan.

Arte multzoa

Ezagutzen diren kolegiataren aztarna zaharrenak eliza prerromanikoari dagozkio (IX.-X. mendeak), eta kontrahorma baten oinarrian daude; zehazki, harlandu gaineko dekorazio prerromanikoak dira: gurutzearen sinboloa eta motibo astral bat fusionatuta agertzen dira.

Gaur egungo eliza hainbat alditan eraiki zen, XV. mendearen amaieratik XVI. mendearen hasierara arte, gotiko berantiar estiloan. Burualde oktogonaleko nabe bakarra du. Tenpluaren portada soila nabarmentzekoa da: tinpanoan Salbatzailearen irudia ageri da, albo banatan tronpeta jotzen ari diren bi aingeru dituela. Atrioan zurezko egitura oso apaindua dago. Barrualdea ganga izartuz estaltzen da nabean, eta gurutze-gangaz aldare nagusian. Erretaula plateresko bat dago elizaren buruan (1530-1540 inguruan), Pedro Larrunbek, Juan de Anituak eta Pedro de Ormak eraikia eta tailatua, eta Francisco Vázquezek margotua. Alboetan bi albo-erretaula barroko ditu (XVIII. mendea). Oinaldean, koruan, XVII. mendeko organo bat dago, garai horretako bakarra Bizkaian.

Errenazimentuko klaustroa ere aipatuko dugu (1560): koloma toskanarren gainean bermatzen diren zirkuluerdiko arkuz osatutako arkupea du, eta goi-galeria bat, balaustrada eta arku beheratuak dituena.

Partekatu

unesco