Zeharkako politikak
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, bere jardueraren barruan, estatistikaren, hizkuntzaren eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko zeharkako politikak bultzatzen eta garatzen ditu. Zeharkako politika horiek beren esku-hartze publikoa hobetzen dute, eta, aldi berean, koherentzia eta gardentasuna ematen diote.
Estatistika
Saileko estatitistika-organoak, Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak ezarritakoarekin bat, saileko estatistikari dagozkion jarduerak gauzatzen ditu; horrela, autonomia-erkidegoko estatistika-antolamenduaren parte da. Saileko eragiketa estatistiko guztiak koordinatu, antolatu eta eskaintzen ditu, baita Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-egitarauetan jasotakoak ere.
Hizkuntza normalizazioa
Euskara planen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskararekin lotutako gai guztiak kudeatzen ditu.
Ildo horretatik, sailak VI. Plangintzaldiko (2018-2022) Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusian oinarrituta diseinatu du Euskara Plana.
Helburu nagusia da euskara lanerako hizkuntza integrala izatea, hau da: zerbitzu hizkuntza herritarrekin, harreman hizkuntza gainontzeko administrazioekin, eta sail barruko lan hizkuntza.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna
Kultura eta Hizkuntza Politika Saila bere jarduera esparruan genero ikuspegia txertatzeko lanean ari da.
Sailaren Berdintasun arloko lege-esparrua 4/2005 LEGEA, Emakume eta Gizonen Berdintasunerakoa da. 2022ko martxoaren 3an, Lege horren bigarren aldaketaren ondorioz Legearen izena aldatu da eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legea izena hartu du.
Legeak ezartzen duen bezala, sailak 2008. urtetik baditu berdintasuna bultzatzeko egiturak. Era berean, eta EAEn indarrean dagoen Berdintasunaren Planak aurreikusten duenarekin bat eginez, sailak bere berdintasunerako planak ditu.