31. Zarauzko alde zaharra eta Narros jauregia (Zarautz)
2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ
Kosta ahala kosta fundatutako hiribildua
Azken hamarkadetako arkeologia-aurkikuntza handiei esker, Zarautz hiribilduko iragan urrunari buruz ezagutzen diren dokumentuetako datu eskasak osatu ahal izan dira. Hondartza luzea eta hura ixten barrualderantz zeuden padura zabalak eremu ezin hobea ziren ehizarako eta arrantzarako; eta, hain zuzen ere, duela 6000 urtetik gutxienez, jarduera horiek garatu dira bertan, hasten ari zen nekazaritzarekin batera. Ondorengo milurtekoetan zehar kokagune berri txikiak sortu ziren, baliabide horiek (nekazaritza, ehiza, arrantza) ustiatu zituztenak: duela 3000 urte Urezberoetako Kanposantu Zaharra (Elkano, Aia), duela 2500 urte Santa Maria la Real (Zarautz). Bi kokapen horiek erromatar garaiko herrixken oinarriak izan ziren.
Goi-inperio garaian, K.o. I-III mendeetan, nahiko eraikin monumentaleko kokagune garrantzitsu bat ezarri zen San Maria la Real elizaren orubean. Gune hori hondartzaren eremu babestuenean kokatzen zen, Santa Barbara mendiak haizetik babesten zuela, eta itsas jarduerei esker dinamismo handia izan zuen. III. mendetik aurrera, herrixka horretatik abiatuta establimendu berriak sortu ziren; horietako batzuk lehenago okupatu gabeko lekuetan, lur horietako baliabideak ustiatzeko asmoz (nekazaritza eta metalurgia): adibidez, burdina ekoizteko lantegia Arbiunen (Zarautz). Okupatu gabeko espazioak okupatzeko prozesu horrek, 476 urtean Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ostean hasitakoak, XI. mendea baino aurrerago arte iraun zuen, eta herrixka erako komunitateen sorrera-prozesu luzea ekarri zuen.
Zarautz herriaren eremuan, herrixka erako dozena erdi komunitate inguru sortu ziren, Santa Maria la Real eliza buru zuena nagusi zela. Erromatar-gune garrantzitsuaren hondakinen gainean ezarri zen herrixka hori, eta denboraren joanarekin, geroz eta ekonomia-dinamismo eta politika-botere gehiago izan zuen, itsas jardueren bidez irabaziak lortzen baitzituen (balearen ehiza, adibidez). Hala, 1237an hiribildu izatea eskatu zion erregeari, bai eta lortu ere. Gainerako herrixkak Zarautzen jurisdikziopean geratu ziren Elkano ezik (Aiarekin banatzen zuen).
Hiribildu izendapenaren ondorioz, herrixka izandakoan hirigunea antolatu zen, ekialde-mendebalde norabideko hiru kale paralelo (Trinitate, Nagusia eta Orape), eta zeharkako bi kaleen bidez (Ipar eta Azara). Harresirik ez zuenez, Behe Erdi Aroan zehar eta XVI. mendera arte, erdigunea haziz joan zen: lehendik zeuden kaleak luzatu eta berriak sortu ziren (Zigordia, Bixkonde, Loja Zaharra eta San Frantzisko); halaber, harresidun hiriguneetan ez bezala, Zarautzen ez zen errebalik sortu. Handitze-prozesuan dorre eta jauregi garrantzitsuak eraiki ziren hasierako erdigunearen mugan zein kanpoaldean: Torre Luzea, Torre Motxa, Makazaga Etxea, Narros Jauregia, Portu Jauregia, Doktorekoa Jauregia eta abar. XVII. mendearen hasieran, alde zaharraren mugetan zenbait erlijio-gune eraiki ziren, frantziskotarren San Joan Bataiatzailea komentua, klaratarren Santa Klara komentua eta Santa Marina ermita.
“Zarautz baino lehen Zarautz”
Hala dio Zarauztarren ahaide nagusien leinuko goiburuak, aditzera emanez beraiek izan zirela hiribilduko lehen biztanleak, eta beraiengandik hartu zuela izena. Zarautz leinu boteretsua zen, Narros Jauregiaren jabe, baina goiburuan adierazitako handinahia guztiz faltsua zen, jatorrizko abizena Ganboa baitzuten. Zarautz abizena XIV. mendean hartu zuten, errege-kontzesio bat zela medio Santa Maria la Real parrokiako patronatua jaso zutenean. XIV-XV. mendeetan euskal historia odolez busti zuten Bando Gerretan ganboatarren bandoko buru izan ziren. Haien lehen dorrea Trinitate kalearen (orduan Legartza zeritzona) mendebaldeko sarreran zegoen. Gotorleku hori moztua eta jabeak Andaluziara erbesteratuak izan ziren errege-ejertzitoaren eskutik 1456an, probintziako Ermandadeak hala eskatuta banderizoen gehiegikeriekin amaitzeko.
Hala ere, Zarauzko jaunen harrokeriak zutik zirauen: ontzigintzarako, itsasontziak atrakatzeko eta arrantzarekin zerikusia zuten beste zereginetarako udal hondartza okupatu zuten 1536an, eta Zarautz edo Narros Jauregiaren erdiko gorputza eraikitzeari ekin zioten. Jauregiaren lehen zati honek oinplano karratua du, hondar-dunaren irregulartasunaren gainean kokaturik dago, eta sotoa, behe-solairua eta bi goi-solairu ditu. Hareharrizko harlangaitzez egina, ertzetan garitoi apaingarriak ditu eta fatxada nagusia burutzeko, gailurreria. Horrek guztiak jabeen iragan militarra gogorarazten du. Hegoaldera begira dagoen fatxada horretako erdiko portadan, erdi-puntuko arkua (moldura batez inguraturik) eta dobela luzeak daude. Zarauztarren armarriak, moldura duela inguruan, burutzen du arku hori. Jauregiaren barrua erdiko patio baten inguruan antolatzen da. Ondorengo mendeetan erakin bana erantsi zuten erdiko gorputzaren alde banatan (ekialde-mendebalde), eta leiho handiak ireki zituzten itsasoko aldetik.