Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

93. Zarandoako Salbatore ermita (Larrabetzu)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Zarandoa herrixka

Azken hamarkadetan egindako ikerketei esker, badakigu Erromatar Inperioa desagertu ondorengo mendeetan, Mendebaldeko Europan eta, jakina, Bizkaian ere, biztanleak landa-eremuetan finkatzen zirela eta herrixka txikiak sortu zituztela. Orohar, eta bereziki mendialdean, badirudi kokalekuak garrantzi txikikoak izango zirela, familia gutxiz osatutakoak. Ondorioz, existitzen ziren etxeak gutxi ziren, material pobreez eginak, eta soroez, larreez, fruta-arbolez eta basoez inguratuta egongo ziren, baita ukuiluez, errementeria txikiez, lurreko produktuak gordetzeko garaiez, artegiez eta barrez ere.

Kokaleku horietan, VIII. mendetik aurrera, landa-eliza txikiak eraikitzen hasi ziren. Nahiz eta gehienak ez liratekeen bizilagunen etxeak baino askoz monumentalagoak izango, Bizkaian erromanikoaren aurreko elementu apaingarriak nabarmentzen diren adibide asko aurkitzen ditugu, hau da, ustez XI.-XII. mendeen aurrekoak.

Tenplu horiek, gainera hilobi-espazioa antolatzeko ere balio zuten, hau da, komunikateko kideak lurperatzen ziren hilerriak. Nekropoli horien antolaketarik ohikoena elizaren inguruan kontzentratzea zen.

Erdi Aroaren amaieran, XII. mendetik aurrera, herrixka horietako asko, lehen autonomia mantentzen zutenak, herri handiagoekin, biztanle gehiago zutenekin eta indartsuagoekin, elkartzen hasi ziren. Kasu batzuetan, paisaian antzinako kokagunearen edozein aztarna desagertzea izan da emaitza. Beste batzuetan, ermita bakarti bat mantentzen da, antzinako “parrokia”-elizaren hondarra bezala. Azkenik, herrixka batzuk landagune txiki moduan mantendu dira, non, Aro Modernoan, etxe eta baserri berriak eraiki diren. Hori dirudi San Salbadorren kasua. Larrabetzuko Martiri Santuen parrokiari lotua geratu zen, eta, urrun xamar badago ere, auzoko etxeekin duen erlazioa agerikoa dirudi.

San Salbador baseliza

11x6m inguruko ermita xume hau oso hondatuta dago. Marga eta harearrizko harlangaitzezkoa da, nahiko heterogeneoa, eta baditu kalitateko harlanduzko beste pieza batzuk ere, hala nola sarrerako atea. Hori, hegoaldeko horman dago eta ate-zangoetatik abiatzen diren apaindu gabeko bi harburuek eusten dioten ateburu batez osatuta dago.

Bi elementuk eraikin hau leku enblematiko bihurtzen dute. Lehena, hautsitako hilarri baten zatia da, zirkulu bikoitz horzdun batean inskribatutako gurutze batekin apaindua, aldarearen zati zena. XI. mendeko kronologia bat iradoki da. Gaur egun Bilboko Arkeologia Musoean gordetzen da.

Bestea, ajimez fusiformea duen bao prerromaniko burudun bat da, hareharrizko bloke bakar batean eraikia. Ertz bikoitz horzdun bat eta okuluak arku bikoitz bat osatuz inskribatzen dituen lerro bat ditu. Oso eskematizatuta dagoen ferra-arkuen leiho germinatu baten antza du. Absideko horman dago eta hau ere XI. mendekoa dela uste da.

Partekatu

unesco