Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

102. Zamudioko eliza eta dorrea (Zamudio)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Zamudiotarren eliza propioa

Ondare-multzoa elkarren artean harreman historiko estua duten bi elementuk osatzen dute, Zamudioko San Martin parrokia-elizak eta izen bereko leinuaren dorreak. Leinu horrek zuen tenpluaren gaineko patronatua.

Patronatuak hainbat gauza esan nahi zuen. Alde batetik, zeukanari beste auzokoen aldean estatus sozial altuagoa aitortzen zitzaion: erlijio komunitatearekiko figura paternalista zen. Patroiak elizako kultua ziurtatu behar zuen, eta, trukean, zenbait eskubide aitortzen zitzaizkion, hala nola, tenpluko tokirik nabarmenenetan lurperatzea eta esertzea, edo leinuaren armarria tenpluko toki goren batean kokatzea. Bete beharreko baldintzen artean, elizgizon baten edo batzuen presentzia ordaintzea zegoen, eliztarren kopurua kontuan hartuta behar besteko kultua egin ahal izateko. Horretarako hamarrenak jasotzen zituen, patroi bezala apaizen artean banatzeko (normalean berak aukeratzen zituenak). Hala ere, hori oso gutxitan gertatzen zen, jaun horiek ondasun horiek euren onurarako erabiltzen zituztelako eta elizgizonentzat baliabide gutxi uzten zutelako.

Litekeena da Zamudiotarren oinetxeak eta landa-elizak lotura estua izatea hasieratik. Izan ere, elizetako patronatuak zituzten Ahaide Nagusietako askok esaten zuten beren arbasoek eraiki zituztela, beren kontura, beren lurretan. Hala ere, badakigu kasu askotan baieztapen hori faltsua zela, baina, beti zen faltsua?

Nolanahi ere, XVII. mendera arte mantendu zituzten beren eskubideak, Malpikatarrekin senidetu ziren arte. Azken horiek izan ziren elizaren eraberritze batzuen arduradunak.

Monumentuak

San Martin parrokia-elizak oinplano angeluzuzena du, hiru habeartetan banatuta. Eraikuntza errenazentista da, hareharrizko harlanduzko hormekin eta gurutze-gangekin. Korua, 1545ekoa, elizaren oinaldean dago, eta arku handi batek eusten dio. Aldare nagusiaren buruan oskol itxurako erretaula rokoko bat dago (XVIII. mendea), absidearen horma osoa hartzen duena, kupula-zati bat osatuz, eta horrekin batera, garai bereko bi albokoak daude, guztiak ere urrezko xaflaz estaliak.

Bestalde, Zamudioko dorrerak oinplano angeluzuzena eta garapen bertikal handia ditu. Bi eraikuntza-fase desberdin ditu. Lehenengoa, oinarria osatzen duena, agian XV. mendekoa, harlangaitzezkoa da eta harlanduzko ertz-kateak ditu, hareharrizkoak. Bertan, gezileiho batzuk baino ez ziren ireki horma-atal bakoitzean. Goiko aldea, izkinetako dorreez eta mentsuletan bermatuta dagoen teilatu-hegal batez errematatua, harlanduzkoa da, eta bao angeluzuzenak ditu, ziur asko XVI. mendeko egikera bat erakusten dutenak. Hormen zabalera 2,7 m-koa da, eta dorrearen altuera 16,5 m-koa. Hain data berantiarrean eraberritu zen arren, eraikitzaileek gotorlekuaren irudia eta kutsu militarra eman nahi izan zioten multzoari, bando-leinu garrantzitsu batena zela gororarazteko.

Partekatu

unesco