Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2024ko urriaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4632

AGINDUA, 2024ko irailaren 17koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez BIOEF, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren minbiziaren gaineko ikerketa-proiektuetarako laguntzak deitzen baitira.

Aurreko urteetan bezala, 2023ko EITB maratoia ekimenak, zeinetan hainbat motatako elkarte, erakunde eta entitatek aktiboki parte hartu duten, bai eta norbanako askok ere, diru-kopuru handia biltzea lortu du ikerketa biomedikoaren alde; oraingoan, minbiziari buruz. Euskal Irrati Telebistaren eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zeina 2023ko irailaren 13an sinatu baitzen EITB Maratoia egiteko, ekimen solidario horren bidez bildutako funtsak minbiziaren gaineko ikerketa bultzatzeko laguntzen deialdi honetara bideratuko dira, ikerketa-proiektuak finantzatu, ezagutza areagotu eta gaixotasun horren azterketan aurrera egiteko.

Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa - BIOEF- Osasun Sailak sortutako tresna da, EAEko sistema sanitarioan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko. Fundazioa, halaber, ikerkuntza eta berrikuntza sanitarioan diharduten sektoreen arteko erkidego-, estatu-, nazioarte-mailako elkarlan, lankidetza eta komunikazio-esparru bat da. Gainera, programa eta politika sanitarioek eta sektore artekoek oinarri hartzen laguntzen dute BIOEFek, osasun-sistemak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuari jarraikiz, BIOEF sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzen dio zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun Sailak, 2021-2024 Esparru Estrategikoan eta 2022-2025 Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Estrategia berriari esker, bi esparru estrategikoen bitartez sustatzen du ikerketa eta berrikuntza, eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan (ZTBP 2030) berriari lagundu dio, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian oinarrituta. Osasun-ikerketaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, baita Jaurlaritzaren helburu nagusia lortzeko zutabea ere: euskal osasun-sistema publikoa, unibertsala, jasangarria eta kalitatezkoa zaintzea, eta ikerketaren emaitzak emaitza sozial eta ekonomiko bihurtzea, modu aktiboan lagunduz Euskadin osasunaren arloko ezagutza sortzen. Agindu hau bi esparru estrategiko horietako elementu instrumentalei lotuta dago, bereziki I+G+B sanitarioari buruzkoari.

EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Lege Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartzen da Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita, alde batetik, Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta, bestetik, 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Plana, Berrikuntza eta Ikerkuntza sanitariorako Euskal Fundazioari dagokionez, Osasun Sailaren egoitza elektronikoan argitaratuta. Agindu honen bidez emandako laguntzek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dauden helburuak lortzen lagunduko dute, zehazki, ikerketa eta berrikuntza arloa garatzen (3.3. ardatz estrategikoa.– Ikerketa eta berrikuntza), osasuneko ikerketa-proiektuak finantzatuz. Proiektu horien emaitzek eragina izango dute biztanleriaren eta hurrengo belaunaldien ongizatean. Halaber, indartzen lagunduko du Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Estrategiaren helburu estrategikoetako bat 2022-2025 aldirako, –horretan oinarritzen baita Agindu hau–; alegia, osasun-arloko ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzen lagunduko du.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (azken xedapenetako zazpigarrena, bi) aldatu zuen xedapen hori–, sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute.

Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean eta, haren barruan, BIOEFen ustiapen-aurrekontuan jasotakoaren arabera.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia eta objektibotasuna–, betiere EAEko Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, Agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat baztertzen du Estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+G+Bko Europar Batasuneko Esparruaren babespean.

Hori guztia dela eta, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 2. apartatuan ezarritakoa betez, martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– eranskinean jasotzen den moduan, osasun arloko ikerketa- eta garapen-laguntzen deialdia egitea minbiziaren gainean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian aipatzen diren lege-testuetan xedatutakoaren araberakoak dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea; EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 17a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA
LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK MINBIZIAREN GAINEAN IKERTZEKO PROIEKTUAK EGITEKO
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da minbiziaren arloan osasun-ikerketarako eta -garapenerako laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin bat etorriz. Minbiziari buruzko ikerketara dago bideratuta deialdia, arlo eta lerro hauetan:

– Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta diagnostikoaren hobekuntza.

– Tratamendu berriak eta osasunari aplikatutako teknologiaren erabilera.

– Gaixotasunaren etiologia.

– Epidemiologiako eta osasun publikoko ikasketak.

– Pazienteei ematen zaien prestazio asistentzial eta psikosoziala hobetzea.

– Pazientearen bizi-kalitatean eragiten duten alderdietan oinarritutako ikerketa.

– Ikerketa soziosanitarioa eta antolakuntzakoa, pazienteen, senideen eta bestelako zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022-10-28ko EBAO, 414. K), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

1.– I+G zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G.

2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.

3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako Estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-28ko EBAO, 414. K).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak –Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak– errespetatuko dituzte eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak beteko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

Proiekturen batean beharrezkoa bada pertsonekin esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea, ikerketa egingo den entitatearen Ikerketarako Etika Batzordeak emandako nahitaezko baimena aurkeztu beharko da, indarrean dagoen araudiaren arabera eratua. Batzordearen baimen horri erantsiko zaizkio pazientearen baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako akreditatuta dauden agenteek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoarekin, eta, orobat, haren xedapen iragankorren edo ordezko xedapenen arabera.

2.– Agindu honen 4. artikuluan zehazten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zein eragile kategoria zehatz izan ahalko diren dirulaguntzen hartzaile.

3.– Eragileek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, talde-proiektuak, non erakunde kideek ez baitute zertan onuradun izan (2. artikulu honetan azaldu bezala), baina bai proiektua garatzeko ezinbestekoak eta gaitasun nahikoa dutenak, DLOren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Elkarlaneko proiektuetan, lankidetza-akordio bat itundu beharko dute parte hartzen duten erakunde guztiek, haien legezko ordezkariek sinatuta, proiektua gauzatuko dela bermatuko duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena.

4.– Eragileek ZTBESn egiaztatuta egon beharko dute Agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

5.– Ezin izango dira entitate onuradun izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin bada, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak badaude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez baditu arauz zehazten den bezala beteta eta eguneratuta.

f) Egoitza fiskala edukitzea arauz zehaztutako paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, Estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

i) Ezin izango dira onuradunak izan EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.

j) Dirulaguntzak jasotzeko debekuek honako egoera hauetan dauden enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena edo hortik eratorriak direla –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

5.– Halaber, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13.1 artikuluarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak ezarritako epean. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, Estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

6.– Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso ingurumen-arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik zehatutako pertsona juridikoek, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea baita, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen I. kapituluan ezarritakoa ere bai.

8.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraztea dakar berekin, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.

9.– Jarduketa honen onuradun izateko, entitate eskatzaileak eta ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektu burutuen amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa BIOEFi aurkezteko betebeharra gauzatuta izan beharko dute, baldin eta jarduketa mota horren aurreko deialdietan finantzatu badira. Baldintza hori deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea ixten den unean bete behar da. Baldintza hori betetzen ez bada, eskabidea ezetsi egingo da.

10.– Laguntza-eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du agente eskatzailearen baimena, organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak).

Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

Dirulaguntza ezingo da ordaindu, entitate onuradunak ez baditu egunean aurreko betebeharrak.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da ZTBESko eragileek osatutako taldea (2. artikuluaren arabera onuradun direnak zehazki), 4. artikuluan ezarritako modalitatean ikerketarako laguntza eskatzen duena. Taldeko kideek kasuan kasuko jarduketa gauzatzen parte hartuko dute, zein bere zereginez arduratuta, proposatutako lan-planari jarraikiz.

2.– Ikertzaile nagusi arduradun batek edo bik gidatuko dute talde eskatzailea. Bi ikertzaile nagusik (IN eta ko-IN) aurkezten dutenean, biek izan behar dute laguntza eskatzen duen entitatearen plantillakoak, eta haietako batek solaskide gisa jardungo du ondore guztietarako (lehenespenez, IN izango da). Ikertzaile nagusiei aplikatzen zaizkien baldintza eta bateraezintasun-araubide berberak bete beharko ditu ko-INk, eta curriculum-aintzatespen bera izango dute. Bi ikertzaile nagusik zuzendutako proiektuetan, argi eta garbi adierazi beharko da eskabide-memorian bien arteko lidergo-trantsizioko prozesu bat hasi nahi dela, haietako bat laster erretiratuko dela-eta. Proiektu horietan, erretiratzear den ikertzailea ko-IN izango da, eta lidergoa hartuko duena, berriz, IN. Ebaluazioan, garrantzi bera izango dute bi CVek. Trantsizio-aldi hori ez da inoiz izango elkarren segidako bi proiekturako behar dena baino luzeagoa.

3.– Ikerketa sanitarioko zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESren eragile batek, gutxienez, hartu behar du parte.

4.– Finantzaketa zenbait eragilek eskatzen badute, ikertzaile nagusietako batek, parte hartzen duten eragileen plantillakoa, bere gain hartuko du eskabidearen koordinatzailearen egitekoa eta BIOEFekiko solaskide izatekoa, azken hori laguntzaren erakunde kudeatzailea den aldetik.

5.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai ZTBESko eragile onuradunarekin, bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste erakunde batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste erakunde horiekin ikertzailearen lotura babesteko. Lotura proiektuaren egikaritze-aldi osorako ez bada, entitate horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du, proiektuan IN edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena emango diona eta atxikimenduari eusteko konpromisoa hartuko duena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte. Emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, ikertzaile nagusiak lotura galtzen badu, zentro onuradunak zentro-aldaketa eskatu beharko du, 16. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

6.– Ikertzaile nagusiek (baita ko-INek ere) eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.

4. artikulua.– Dirulaguntzak.

Minbiziari buruzko ikerketa biomedikoko proiektuak: ikerketa sanitarioari laguntzeko lerro honetan, edozein kategoriatan akreditatutako ZTBESko eragileak izango dira onuradun, eta ezinbesteko baldintza izango da, gutxienez, ZTBESko eragile batek parte hartzea ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian. Ikerketa-proiektuek 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete, eta 2024an hasi behar dira.

Ikerketa biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta zerbitzu sanitarioen arloan egiten den oinarrizko ikerketa (gaixotasunera orientatua), ikerketa klinikoa (pazientera orientatua) eta ikerketa epidemiologikoa; halaber, osasuna nahiz ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera bideratutako garapen teknologikoa.

Minbiziaren ikerketa biomedikoko proiektuen bi modalitate ezartzen dira, ikerketa-taldearen arabera:

1.– Ikertzaile emergenteak sustatzeko ikerketa biomedikoaren proiektuak: ikertzaile nagusia (IN) 1979an edo geroago jaioa izaki, lehenago IN gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartutakoa ez den taldeen proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:

– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera. Seme-alaba bakoitzeko urtebete zabalduko da.

– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete zabalduko da.

– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hileko tarte batekoa gutxienez, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebete zabalduko da.

2.– Ohiko taldeen ikerketa biomedikoko proiektuak: ikertzaile nagusi batek zuzendutako ikerketa-taldeek garatutako proiektuak, apartatuetan ezarri diren baldintza orokorrak bete behar dituztenak, izaera espezifikoko beste proiekturik gabe.

5. artikulua.– Finantzatu daitezkeen gastuak.

1.– Egoeran egoerako laguntzaren bidez, ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, betiere proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztuta. Urteroko laguntza-eskabidea banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira helburu bererako lortzen den beste edozein motatako laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

3.– Langile-gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), proiektuan aritzen badira. Proiektua gauzatzeko behar diren eta arduraldi espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta entitate onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.

Halaber, apartatu honetan sartzen dira ikerketa-taldeko partaide den osasun-langilea laguntzeko jardueratik askatzeak dakartzan kostuak, proiektuan jarduteko lanaldiaren % 50, gehienez ere. Proiektuak behar badu deialdiak finantzatutakoa baino ikertzaileen arduraldi luzeagoa, entitate onuradunaren kontura izango da.

Ezingo dira finantzatu ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

4.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak Proiektua egiteko ezinbestekoa den material inbentariagarria sartzen da, eta espresuki kanpoan uzten dira altzariak eta instalazioak.

Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, baita entitate onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuen erabilera-kostuak ere, betiere proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen badira eta beharrezkoak badira.

Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak eta abar).

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua. Diruz lagundutako jarduketaren parte diren proiektuko jarduera batzuk, haien eragile onuradunak egin ezin dituenak, azpikontratatu ahal izango dira, eta proiektuaren memorian egiaztatu beharko da. Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, agente onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Memoria hori justifikazioan aurkeztu beharko da.

5.– Bidaiei eta joan-etorriei dagozkien gastuak. Landa-lanak eta proiektua gauzatzean beharrezkoak diren koordinazio-bilerek eragindakoak, bai eta finantzatutako proiektuaren emaitzen berri emateko kongresu eta hitzaldietara joateak eragindakoak ere. Ezin izango dira aukeratu kongresuak eta konferentziak antolatzeko gastuak, ezta protokolo-gastuak ere.

Finantzatu daitezkeen gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuarekin, eta ikerketa-taldeko langileei eta artikulu honen 3. apartatuan aipatutako teknikariei soilik egotzi ahal izango zaizkie.

6.– Deialdi honen kontura finantza daitezkeen gastuak izango dira, halaber, proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 10), eta halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den entitatearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

7.– Ikertzaile taldeko kideek –prestakuntza sanitario espezializatuan dauden gradudunek barne– ez dute inolako ordainsaririk jasoko proiektuaren kontura.

8.– Proiektua amaitu ondoren, proiektua gauzatu duen entitatearentzat izango da emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.

9.– Nolanahi ere, ondore horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa milioi bat berrehun eta hogeita hamaika mila eta hemezortzi euro eta bost zentimokoa da (1.231.018,05 euro). Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta honela banatzen dira: 615.509 euro 2024an, 369.305 euro 2025ean eta 246.204,05 euro 2026an. Ikertzaile emergenteak sustatzeko proiektuen modalitaterako aurrekontua (4.1 artikulua) aurrekontu osoaren % 10 izango da gutxienez, betiere modalitate horretako proiektuek eskatzen den gutxieneko ebaluazio zientifiko-teknikoa gainditzen badute (10.4.b artikulua); bestela, gainerako zenbatekoa ohiko taldeen ikerketa biomedikoko proiektuen modalitatean erabiliko da (4.2 artikulua).

II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA

7. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko orduan, 4. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, euren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera, laguntzak emango dira harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazio-proiektuen kasuan, entitate koordinatzailea izango da eskabidea bidaltzeko arduraduna.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, honako hauekin bat etorriz: Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikulua (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluak eta, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide hauetara:

Gaztelaniaz https://www.euskadi.eus/servicios/1048910/web01-tramite/es/

Euskaraz https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048910/web01-tramite/eu/

4.– Eskabidea betetzeko, pertsona edo agente eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (I. eranskina), parte hartzen duen entitate bakoitzaren informazioarekin batera (I.a eta I.b eranskinak). Proiektuaren memoria ingelesez ere onartuko da.

b) Proposamenaren koordinatzaile gisa diharduten ikertzaile nagusien Curriculum Vitae Normalizatua (CVA), automatikoki sortua CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) edo FECYTen CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetatik, baldin eta CVN zerbitzua eskaintzen badute. Sortu berri diren taldeak sustatzeko modalitatearen kasuan, taldekide guztien CVA ere aurkeztu beharko dute.

c) Proiektua proposatu duen ikerketa-taldearen historia zientifiko-teknikoaren memoria (II. eranskina), eredu normalizatuan, ohiko taldeen modalitatean soilik.

d) Entitate eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

e) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

1) Ikertzaile nagusiaren entitatearen Ikerketako Batzorde Etikoaren txostena, hala behar denean.

2) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak entitate onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

7.– Apartatu honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta zer egunetan sartu den haren edukira ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile gisa diharduen entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.

10. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea eta hautatzea.

Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, Balorazio-batzordea sortu da, epearen barnean aurkeztutako edo zuzendutako eskabideak ebaluatzeko eta hautatzeko, eta artikulu honen 1. apartatuan zehazten da.

1.– Hauexek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.

b) Bokalak:

– BIOEFeko I+Gren kudeaketa koordinatzeko arduraduna.

– BIOEFeko koordinazio zientifikoaren arduraduna.

– Osakidetzako Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea.

– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendaria.

– EITB – Euskal Irrati Telebistako ordezkari bat.

– Minbizia dutenen EAEko elkarteen ordezkari bat.

c) Idazkaria: BIOEFeko talde teknikoko pertsona bat.

2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinaraziko da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du aurkeztutako proiektuen kalitate zientifiko-teknikoaren binakako ebaluazioa egiteko ikerketa biomedikoen proiektu-lerroan (4.1 artikulua), artikulu honen 5.1 apartatuan ezarritako irizpideekin bat.

4.– Balorazio-batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu eta, arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

1) Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa: 60 puntu gehienez. Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen lankidetza eskatuko du; ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egingo dituzte, eta honako alderdi hauek balioetsi eta haztatuko:

Irizpide hauen arabera egingo da ebaluazio zientifiko-teknikoa:

a) Ikerketa-taldearen balorazioa:

– Ikertzaile emergenteak sustatzea: ikertzaile taldearen balorazio orokorra, osaera-orekari, baterako lanei, taldean irekitako ikerketa-ildoei eta taldekideen osagarritasunari erreparatuta. Taldearen ikerketa-ibilbidea eta haren potentziala balioestea, ikerketa-proiektuak balioestea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk ere, ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. 20 puntu gehienez.

– Ohiko taldeak: ikerketa-proiektuak balioestea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk ere, ikertzaile nagusiarenak eta ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. Ikerketa-taldea proiektuarekin bat datorren ere baloratuko da. 20 puntu gehienez.

b) Proiektuaren balorazio zientifiko-teknikoa: kasuan kasuko hipotesia eta ikerketa-taldeak gaiaz dakiena balioestea. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Aurreikusitako emaitzen inpaktu potentziala pazienteengan eta sistema sanitarioan, oro har. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-plana. 33 puntu gehienez.

Balorazio zientifiko-teknikoan, proiektuek 20 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balorazio-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.

c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua gauzatzeko eskatutako baliabideen egokitasuna. Eskatutako baliabideen justifikazioa. 7 puntu gehienez.

Balorazio-batzordeak ebaluazio zientifiko-tekniko horren emaitza hartuko du, Agindu honen 10. artikuluko 5.1 puntuan adierazitako balorazio-irizpideari dagokionez.

2) Proposamenak duen interesa EAEko sistema sanitarioarentzat: 40 puntu gehienez. Atal honetan, honako hauek balioetsiko dira:

a) Puntu honetan, proiektuen egokitasuna baloratuko da; hau da, ea bat datozen oinarri hauen 1. artikuluan jasotako deialdiaren gaiarekin eta xedearekin, hauei dagokienez: Osasun Sailaren 2021-2024 ildo estrategikoak eta horietatik eratortzen diren estrategia espezifikoak, Euskadi 2030eko Osasun Plana, 2022-2025eko Osasun arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategia eta 2021-2024ko Euskadiko arreta soziosanitarioko lehentasun estrategikoak. Dokumentu horiek hemen eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/informazioa/osasun-sailaren-argiltalpenak/web01-s2osa/eu/ 13 puntu gehienez.

b) Proiektuetako ikertzaile nagusiak profesional sanitarioak diren balioetsiko da puntu honetan eta interes berezia jarriko da ikertzaile nagusiak asistentzia-jarduerako profesionalak izatean. 7 puntu gehienez.

c) Lehentasunezkoak izango dira zentro anitzeko proiektuak. Zentro anitzeko proiektu deritze deialdi honen 2. artikuluan adierazitako entitate onuradunetako 2k edo gehiagok parte hartzen dutenei, bereziki ikerketa sanitarioko 2 zentrok edo gehiagok, edo sare sanitario osoan ikerketa-eremu berberetan lan egiten duten ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen lankidetza eskatzen dutenei. (Memorian justifikatu beharko da proposatutako lankidetzaren beharra, baita entitateen osagarritasuna eta gehigarritasuna ere). 10 puntu gehienez.

d) Bereziki baloratuko dira ikertzaile emergenteek gidatutako ikerketa-proiektuak. 5 puntu gehienez.

e) Proposatutako ikerketak arreta sanitarioan, diagnostikoan edo gaixotasunaren tratamenduan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak hartzen ditu kontuan: 5 puntu, gehienez.

6.– Laguntza-modalitate bakoitzean, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, Balorazio-batzordeak honako hauek kontuan hartuko ditu: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua zer neurritan egokitzen den proposatutako helburuetara. Halaber, batzordeak kontuan hartuko ditu kanpo ebaluatzaileek txostenean egindako oharrak.

7.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.

11. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak modalitate bakoitzerako bereizitako prozedura baten bidez izapidetuko dira (4. artikuluan jasotakoari jarraikiz), eta horri dagokion ebazpenarekin amaitu. Ebazpen horretan erabakiko dira erakunde eskatzaileek planteatutako gaiak, eta Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, Balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean erabakiko da agindu honetako dirulaguntzak eman edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: entitate onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa urteko kuotatan banakatuta. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, euren eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute entitate eskatzaileek, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, entitateek espresuki uko egin ahal izango diote. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

b) Deialdia kudeatzen duen organoari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen zaion informazioa ematea.

c) Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta, gehienez, hilabeteko epean.

d) Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

Dirulaguntza ematen duen organoak erabaki ahal izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluko 1. zenbakian ezarritako baldintzak betetzen direnean.

e) Halaber, erakunde onuradunek proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte, EITB Maratoia ekimenaren edozein dibulgazio-ekitalditan parte hartuz. Horrela, ikerketaren ondorioz sortzen diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan EITB Maratoia aipatu beharko da berariaz finantzaketa-iturri gisa.

f) Entitate onuradunek eskura izan beharko dituzte kasuan-kasuan onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion merkataritza- eta sektore-legerian eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatze aldera.

g) EAEko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte entitate onuradunek, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez ere, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera.

h) Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak, 5 urtez.

i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro eman beharko dute entitate onuradunek, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioak betez.

2.– Agente onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar dute, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.

1.– BIOEF laguntza kudeatzen duen organoa da.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.

3.– Urte-sarien gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:

(Ikus .PDF)

4.– Ikerketa sanitarioan eskumena duen zuzendaritzak memoria zientifikoa eta proiektuak eragindako gastuen agiri bidezko justifikazioa (IV. eta V. eranskinak) onartu ondoren ordainduko dira hurrengo urteei dagozkien zenbatekoak.

5.– Entitate onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, ikerketa sanitarioaren arloan eskumena duen zuzendaritzak, haiek onartu ondoren, gainerako urtekoetarako finantzaketa erabilgarria gaituko du.

6.– Entitate onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio laguntza kudeatzen duen organoari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehaztu dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

7.– Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Laguntzaren entitate onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera; horretarako, organo kudeatzaileari honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, IV. eranskinean agertzen den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduerei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ekonomia-betearazpenaren laburpen bat aurkeztuko. Ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria, koordinazio-proiektuak baldin badira.

b) Parte hartzen duen entitate bakoitzaren justifikazio memoria ekonomikoa (Excel), entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (V. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen benetako kopiak aurkeztuko dira. Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak entitate onuradunetan artxibatu beharko dira gehienez bost urteko epean, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.

Amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.

Justifikazio-memoria betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera laguntzak gauzatzeko eta justifikatzeko jarraibideak bidaliko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.

3.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, haiek aurkezteko eskatu baldin bada.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere laguntzaren xedea betetzen dela ulertzen bada–, eta beste edozein entitate publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat jasotzen bada aldi berean, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondore horietarako, zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta Osasuneko sailburuordeak, berriz, haren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, entitate onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin, eta gainerako entitate parte-hartzaileen adostasunarekin.

Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –eskatutako aldia zehaztuta–, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du.

Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

16. artikulua.– Entitate onuraduna aldatzea.

1.– Entitate onuraduna aldatzeko, organo laguntza-emailearen baimena beharko da, baldintza hauek betez:

a) Entitate onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete behar diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, Agindu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Entitatea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:

– Ikertzaile nagusiaren, entitate onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen entitatearen eta entitate onuradun berriaren legezko arduradunen aldaketa-onarpena;

– Eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta

– Erabili ez diren funtsak entitate onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.

c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza ordainduko zaio entitate onuradun berriari.

d) Jatorrizko entitate onuradunak eta entitate onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Eginbeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Itzulketari, horren arrazoiei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. eta 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko da; bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikuluetara garatzen da–.

3.– Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako zenbatekoa, bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada, itzuli egin beharko da. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gain bakarrik itzuli beharko dira jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (15. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du entitate onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, hura nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera; eskabideak balioesteko deialdiko 10. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.

5.– Osasuneko sailburuordeak emango dizkio hasiera eta ebazpena itzulketa-prozedurari, beharrezko prozesu-izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautu, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondorioetarako (2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak BIOEF Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioak tratatuko ditu:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Datu pertsonalak tratatuko dira proiektuetan parte hartzeko, eta horiek balioesteko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko helburuarekin, deialdi honen oinarrien arabera.

3.– Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte tratatuko dira. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez zaie eutsiko.

4.– Datuak babesteko ordezkaria. BIOEFek Datuak Babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus

5.– Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: era berean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean (https://www.avpd.euskadi.eus/s04-5213/eu/), tratamendua indarreko legediaren aurkakotzat joz gero.

6.– Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute BIOEFek beraien zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkien eskubideak erabiliz, helbide honetan: BIOEF - Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa BEC dorrea (Bilbao Exhibition Centre) Azkue kalea 1, 48902 Barakaldo, edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzakete:

a) Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren bere datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.

b) Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzendu daitezke, edo zehatzak ez direnak aldatu eta gabetasunen bat dutenak osatu, tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzeko.

c) Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eska daiteke, baldin eta jada beharrezkoak ez badira kontratua betetzeko.

d) Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Horrelakoetan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.

e) Tratamendua mugatzea: kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egin edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.

f) Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko haien gainean, interesdunei nabarmen eragiten badie.

g) Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan, eta teknikoki posible bada.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala