184. zk., 2024ko irailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 1 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4366
AGINDUA, 2024ko irailaren 9koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Miokardioko Infartu Akutuaren Erregistroa (Bihotzez erregistroa) abian jartzea.
2021eko uztailaren 27an, Osasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 198/2021 Dekretua onartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Miokardioko Infartu Akutuaren Erregistroa sortu eta arautzekoa.
Dekretu horren 3. artikuluaren arabera, Bihotzez erregistroaren xedea da miokardio-infartu akutuaren plangintza asistentzialerako tresna izatea eta gertaera koronario akutuei buruzko informazio epidemiologikoa ematea, arlo horretako azterketak eta ikerketak egiteko oinarri izan dadin, bai eta miokardio-infartu akutuaren arretarako modeloa hobetzeko prozesura bideratutako kontratazio sanitariorako eta aldian aldiko ebaluaziorako ere.
Azken xedapenetako bigarrenak hauxe ezartzen du: «Osasunaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez erregistroa funtzionamenduan hastea xedatuko da, beharrezkoa den azpiegitura teknikoa osatu ondoren eta datuen babesaren gaineko inpaktuaren ebaluazioa (DBIE) egin ondoren».
2024ko martxoaren 25ean, datuen babesaren gaineko inpaktuaren ebaluazioa (DBIE) egin da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduak eskatutakoari jarraituz –erregelamendu horren bidez, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dira eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen da–, eta emaitza aldekoa izan da.
Azaldutako guztiagatik, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak egindako proposamenarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Miokardioko Erregistro Akutua sortu eta arautzeko uztailaren 21eko 198/2021 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak ematen didan ahalmena baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Miokardioko Infartu Akutuaren Erregistroa (Bihotzez erregistroa) abian jar dadila xedatzea.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 9a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.