177. zk., 2024ko irailaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (318 KB - 18 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4214
AGINDUA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzen deialdia egiten baita, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2024-2025eko ikasturtean.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, EAEko botere publiko guztien lehentasunezko zeregina da osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, politika sektorial guztietan osasuna aintzat har dadin, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du euskal administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, zein bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla heziketa sanitarioaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna sustatzea eskola-mailako jarduketetan eta sektore sanitariokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpo daude.
Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, jarduera fisiko erregularrak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren jasangarritasunari laguntzen diola.
2030eko Osasun Planaren helburuetako bat da haurrak eta nerabeak beren osasun-potentzial guztiarekin hazi eta gara daitezen lortzea, eta haien garapen fisiko eta emozional osasungarria bultzatuko duten bizi-ohiturei mesede egitea, hiri-ingurunean osasuna sustatzeko espazioak sortuz, jolasa, aisia osasungarria, jarduera fisiko eta ludikoa eta naturarekiko kontaktua ahalbidetzeko.
Bestalde, laguntza hauek daude jasota Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen dituen Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren eranskineko 3.1.4 epigrafean: «elkarte eta kooperatibentzako laguntzak, ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa gutxitzeko parte-hartze bidezko proiektuetarako (mugikortasun aktiboa)».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiarazten laguntzea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gauza ditzakete.
Eskola-bideak sustatzeko proiektuen xedea da, esaterako, ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea.
Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek, berriz, ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.
Familian jarduera fisikoa erregularki egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.
Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak, osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, ikasleen memoria eta errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsonen arteko harremanei mesede egiten die.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntza-deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2024-2025eko ikasturtean; I. eranskineko baldintzen arabera emango dira laguntzak, lehiaketa bidezko norgehiagoka araubidean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arautzea eta izapidetzea.
Agindu honen bidez iragartzen den deialdia eta hura garatzeko egingo diren jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean bildutako oinarrizko araudiaren mende egongo dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren mende egongo da (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 30a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2024-2025eko ikasturtean, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.
2.– Laguntzen xedea da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era egiten diren jarduketa hauek finantzatzea:
a) Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.
Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta antzekoak erabiliz), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
b) Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kultura, etnia, adin, sexu, funtzionaltasun eta bestelako aniztasuna) eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.
Zera egin beharko dute proiektuek:
1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.
c) Familian jarduera fisikoa erregularki egitea bultzatzeko jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.
2. oinarria.– Entitate onuradunak eta haien betekizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteak eta halako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Legez eratuta egotea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.
e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan ezarritako ezein egoeratan ez egotea.
f) Oinarri honen 3. eta 4. apartatuak agindu honetan ezarritakoaren arabera betetzea: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
g) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozleetako batean ere ez egotea.
2.– Elkarte eta kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokien erregistroan inskribatuta dauden egiaztatzeko behar diren datuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eskuratuko ditu zuzenean administrazio-erregistrotik; izan ere, zuzendaritza hori da organo kudeatzailea.
3.– Aurreko apartatuko datuak eta betekizunak konplitzen diren egiaztatzeko, eskaera-inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango da.
4.– Laguntza eskatzeko inprimakian, baimena eman ahal izango zaio instrukzio-organoari ofizioz egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela. Baimen hori berariaz ukatuz gero, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak, laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehen.
5.– Emandako dirulaguntza batek ez badu gainditzen 5.000 euroko muga –entitate hartzaile eta urte bakoitzeko–, egiaztagirien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko.
3. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Deialdiaren zenbatekoa berrehun eta laurogeita hamar mila eta zortziehun eurokoa da (290.800 euro).
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era sortutako eta ordaindutako gastuak, zuzenean lotuta badaude proiektua garatzeko egin behar diren dinamizazio-, koordinazio- eta exekuzio-jarduerekin. Honako gastu hauek sartzen dira:
a) Partaidetza-prozesuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langile ez-irakasleak, familiak eta bestelakoak) egungo egoerari eta proiektuaren diseinuari eta garapenari buruzko gogoeta-faseetan.
b) Abiapuntuko egoeraren analisia:
1) Eskola-inguruneko mugikortasuna.
2.) Espazio fisikoa eta haren erabilera.
3) Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak.
c) Espazioak egokitzea.
d) Behar den materiala eskuratzea.
e) Hitzaldiak, lantegiak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.
f) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoek ez dute gaindituko diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren % 100, eta emandako laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100. Gisa honetako gastuak lagundu daitezke diruz: materiala eskuratzea (jarduerak, lantegiak, egokitzapenak, obrak eta abar egiteko eta prestatzeko direnak), obrak diseinatu eta egitea, zerbitzuak kontratatzea (garraioa, egoeraren analisia, alokairuak eta abar) eta proiekturako beharrezkoak diren beste gastu batzuk.
3.– Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Kontuen interes zordunak.
b) Finantza-gastuak.
c) Inbertsio-gastuak.
d) Administrazio-lizentziak.
e) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak; besteak beste, hauek berandu ordaintzeagatik edo ez ordaintzeagatik ezartzen direnak: zergak; tributuak; tasak; Gizarte Segurantzako kuotak; prozedura judizialen gastuak, edo gatazkak ebazteko borondatezko beste prozedura batzuek eragindakoak.
f) Hauen ondoriozkoak:
– Kirol- eta kultura-arloko ekitaldi eta programazioak.
– Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola...ren eguna,...ren astea eta...ren jardunaldia.
4.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, oinarrizko legedi gisa.
5. oinarria.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Oinarri hauen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo entitate pribatuek helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabideei gehituta– inoiz ez da izango diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, oinarri hauen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
Entitate onuradunek hitzeman beharra daukate ez dela gainfinantzaketarik egongo. Horretarako, eskaera-inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango dute.
6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:
a) Eskatutako zenbatekoa.
b) Diruz laguntzeko moduko gastuen % 100.
c) 5.000 euro proiektuko.
2.– Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta deialdi honetarako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura osoa ez bada agortzen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da, 5.000 eurotik 6.000 eurora. Halere aurrekontua agortzen ez bada, proiektu bakoitzari 1.000 euro gehituz joango zaio, deialdi honetako 3.1 oinarrian adierazitako aurrekontua osorik esleitu arte.
7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskatzaile bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, modu elektronikoan aurkeztu duen azkena bakarrik hartuko zaio kontuan. Lehendik eskaera bat erregistratuta duenak beste eskaera bat aurkezten badu, aurreneko eskaeran atzera egindakotzat joko da automatikoki, eta prozedura horri bukaera emango zaio, legez ezarritakoaren arabera atzera-egitearen ebazpena egin ondoren.
2.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:
a) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
b) Proiektua toki-erakunderen batekin edo komunitateko beste eragileren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko eragile guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
c) Finantzaketa zertarako eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Elkarte edo kooperatiba bakoitzari eskabide bakarra onartuko zaio.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).
4.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
a) Entitatearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko du (20. oinarrian adierazia), edo entitate eskatzaileak deialdi honetarako berariaz emandako baimena aurkeztu beharko du.
5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar dute. Hizkuntza horri eutsiko zaio prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
9. oinarria.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, Administrazioak 10 egun balioduneko epea emango dio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan.
10. oinarria.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu dagokion administrazio publikoan, eta betekizunak betetzen direla egiaztatuko du. Eskabidean, nolanahi ere, datuak kontsultatzearen aurka egin dezake eskatzaileak berariaz. Hala eginez gero, entitateak berak aurkeztu beharko ditu egiaztagiriak.
Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.2 oinarrian adierazitako dokumentuen bidez egiaztatu behar diren betekizunak eta baldintzak, zeren eta dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar baititu entitateak.
2.– Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso behar ditu:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.
– 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan adierazitako ezein egoeratan ez egotea.
– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotakoak edo ente publiko edo pribatutakoak, izan estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko antolakundeetakoak. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan izapidetzen hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura edo prozedurak identifikatu behar dira.
– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozleetako batean ere ez egotea.
3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztugabetasun, faltsutze edo ez-egiteren bat hautematen bada, entitate eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.
Halaber, egoera horien berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak xeda dezake entitate interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntzaren zenbatekoa, hala badagokio, bai eta denbora-tarte jakin batean ezingo duela abian jarri ere helburu berbererako beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.
11. oinarria.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 20 puntu, gehienez.
1) Ikastetxearen abiapuntuko egoera. 5 puntu, gehienez.
a) Egoera fisikoa (ikastetxearen kokapena, instalazioak, irisgarritasuna, etab.): 1 puntu.
b) Ikasleen ezaugarriak: inguruabar sozioekonomikoak, hezkuntza-premia bereziak, ikastetxean duten jarraitutasuna, kultura-aniztasuna edo bestelakoak: 2 puntu.
c) Ikasleen jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren maila. Generoaren, desgaitasunaren, adinaren edo bestelakoen araberako aldeak: 1 puntu.
d) Hiri- eta hezkuntza-espazioen erabilera (desberdinkeria, hezkidetza, jolas librea, elkarbizitza): 1 puntu.
2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. oinarria). 5 puntu, gehienez.
a) Proiektuak helburuak garatu eta azaltzen ditu: 3 puntu.
b) Proiektuak helburuak lotzen ditu: 2 puntu.
3) Garapen-faseak. 5 puntu, gehienez.
a) Faseak izendatzen ditu: 2 puntu.
b) Fasean faseko edukiak garatzen ditu: 3 puntu.
4) Ebaluazio-proposamena. 5 puntu, gehienez.
a) Proiektuaren jarraipena egiteko sistema bat zehazten da proposamenean: 3 puntu.
b) Planteatutako helburuak lortu diren balioesteko sistema bat zehazten da proposamenean: 2 puntu.
b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. 22 puntu, gehienez.
1) Partaidetza-dinamikak: hezkuntza-komunitateak proiektuan parte hartzea. 12 puntu, gehienez.
a) Proiektua diseinatzeko fasea. 4 puntu, gehienez.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 1 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (langile ez-irakasleek, familiek eta bestelakoek): 1 puntu.
b) Proiektua ezartzeko fasea. 4 puntu, gehienez.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 1 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (langile ez-irakasleek, familiek eta bestelakoek): 1 puntu.
c) Proiektua ebaluatzeko fasea. 4 puntu, gehienez.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 1 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (langile ez-irakasleek, familiek eta bestelakoek): 1 puntu.
2) Proiektuaren diseinua eta garapena ikastetxearen prestakuntza-programan sartzea. 10 puntu, gehienez.
a) Azaltzen du nola lantzen diren proiektuaren helburuak eta, hala badagokio, zer irakasgaitan: 3 puntu.
b) Azaltzen du zer eduki lantzen diren ikasleekin: 5 puntu.
c) Ikastetxeko familiei eta langileei proiektuarekin zerikusia duten hitzaldiak eta prestakuntza-saioak ematea aurreikusten da: 2 puntu.
c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Konfirmatuta dago proiektuan inplikatuta dauden udalerriko antolakunde edo taldeekin koordinaturik lan egingo dela. 15 puntu, gehienez.
1) Udala. 10 puntu, gehienez.
a) Zein fasetan edo jardueratan parte hartzen duen zehaztu da, bai eta agiri bidez justifikatu ere: 5 puntu.
b) Parte hartzeko modua azaltzen da: 5 puntu.
2) Auzo-elkarteak eta bestelakoak, beste ikastetxe edo kolektibo batzuk. 5 puntu, gehienez.
a) Zein fasetan edo jardueratan parte hartzen duten zehaztu da, bai eta agiri bidez justifikatu ere: 2 puntu.
b) Parte hartzeko modua azaltzen da: 3 puntu.
d) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea (sozioekonomikoak, generoari eta jatorriari dagozkionak, funtzionalak edo bestelakoak). 38 puntu, gehienez.
1) Proiektua garatzen duen ikastetxearen ezaugarriak nolakoak diren, puntuazio hauek dagozkio:
a) Eraldatzen programan parte hartzen badu: 30 puntu.
b) Ez badu Eraldatzen programan parte hartzen:
– Ikasleen % 59 baino gehiago bekadunak badira: 30 puntu.
– Ikasleen % 50 eta % 59 artean bekadunak badira: 20 puntu.
– Ikasleen % 40 eta % 49 artean bekadunak badira: 10 puntu.
2) Neskek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea lortzeko modua deskribatzen du proiektuak: 4 puntu.
3) Desgaitasuna duten ikasleek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea lortzeko modua deskribatzen du proiektuak: 4 puntu.
e) Jarduerarekin zerikusia duten argitalpenak, iragarkiak eta publizitate-jarduerak diseinatzean, planifikatzean eta kudeatzean hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak erabiltzea: 5 puntu.
2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio 2023-2024ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko partaidetza-proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.
3.– Dirulaguntza emateko ezinbestekoa da 1.a) irizpideari dagokion atalean 8 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.
12. oinarria.– Eskaerak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.
1.– Hauek izango dira balorazio-batzordeko kide:
a) Batzordeburua: Guillermo Herrero Alaña, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.
b) Batzordekideak: hiru izango dira; lurralde historiko bakoitzeko bat.
– Juan Carlos Fernández Crespo, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako zuzendariordea.
– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko zuzendariordea.
– Elena Albisua Cortazar, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako zuzendariordea.
2.– Kide anitzeko organoaren idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artean.
3.– Dagokion oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak balorazio-batzordeak.
4.– Laguntzen organo kudeatzaileak edo balorazio-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua hobeto ulertzeko.
5.– Balorazio-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzak zenbat puntu lortu dituen eta zenbateko dirulaguntza jaso dezakeen.
6.– Hau da eskaerak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:
a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaera bakoitzari 11. oinarrian ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.
b) 11.3 oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.
c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 oinarriaren d) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta b) apartatuetan lortutakoa gero, hurrenkera horretan. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarrera-ordena kronologikoa hartuko da aintzat.
d) Hurrenkera hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. oinarrian aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, 3. oinarrian aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
7.– Behin zenbatekoak zehazturik, balorazio-batzordeak txostena idatziko du balorazioaren emaitza aditzera emateko, eta txosten horren arabera egingo du ebazpen-proposamena organo kudeatzaileak; alderdi hauek zehaztu beharko ditu proposamen horrek, banakako proposamen bakoitzari dagokionez:
a) Emateko proposamena bada: entitate onuradunaren identitatea, proiektuaren espediente-zenbakia, lortutako puntuazioa eta zenbatekoa.
b) Ukatzeko proposamena bada: entitate eskatzailearen identitatea, proiektuaren espediente-zenbakia, lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ukatzeko arrazoia.
8.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du obra-lizentzia eskuratzetik salbuesten, lizentzia hori beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.
9.– Balorazio-batzordearen osaera aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da osaera berria.
13. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Osasun Sailburuordetzak ebatziko du laguntzen deialdia, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak proposatuta, laguntzen organo kudeatzailea den heinean.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Emateko ebazpenak direnean, elkarteen identitatea, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioa eta bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatzeko ebazpenak direnean, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitateek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskabidea.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie elkarte eta kooperatibei.
5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, entitate interesdun bakoitzak 11. oinarriko balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazio xehatua kontsultatu ahal izango du izapidetze elektronikoaren bidez (20. oinarrian adierazia).
6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.
14. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko justifikazio telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20. oinarrian aipatzen den «Nire Karpeta» atalean eskuragarri dagoen inprimakian.
2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek jarri behar dira:
a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.
b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia, harremanetarako pertsonaren izena eta proiektuan parte hartzen duen ikastetxearen izena eta kodea.
c) Proiektuaren garapenari buruzko memoria:
1) Egindako jarduketak:
a) Egindako jarduketen deskribapena.
b) Ebaluazioa.
2) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:
a) Partaidetza-dinamikak:
– Diseinua.
– Ezarpena.
– Ebaluazioa.
b) Prestakuntza-programa.
3) Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan:
a) Udala.
b) Elkarteak eta beste ikastetxe eta kolektibo batzuk.
4) Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).
d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du. Diruz laguntzeko modukoa ez den ekarpen propiotzat justifika daiteke langile boluntarioen lanaren balioztapena, orduko 20 euroko gehieneko mugarekin. Langile boluntarioak balioztatzeko, elkarte edo kooperatibaren inguruko lagunek proiektuaren xedeak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egiten da. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez ere.
e) Gastua egiaztatzeko agirien zerrenda. Zerrenda horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta datu hauek adierazi behar dira: ziurtagiri mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuak justifikatzeko agiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek erantsiko dira:
a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia arruntak, entitate eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia bukatu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
b) Proiektua gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentu osagarriak, material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo sortutako beste dokumentuak barne. Entitate onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Datu hauek azalduko dira bertan: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa), ordu-kopurua, orduko kostua, zenbateko osoa eta boluntarioaren sinadura.
4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:
a) Entitate onuradunaren izenean egindako fakturaren bidez justifikatutakoak.
b) Ziurtagirien edo banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak. Dokumentu horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta fakturetan azaltzen diren datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Langile lan-kontratudunei dagozkien gastuak izanez gero, soldata-ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute.
d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanen kasuan, enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idazki bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idazki horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta egoitza; eragiketaren deskribapena eta zenbateko osoa; idazkiaren jaulkipen-data; hartu-agiria eta hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Langile boluntarioak edukiz gero, boluntarioen asegurua agindu honetan aurreikusten diren diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, jarduketen esparruan, jarduketa horiek boluntarioen laguntza izan badute. Finantzatu beharreko boluntarioen aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: antolakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren zenbateko osoa.
5.– Dirulaguntza jaso aurretik egindako gastuak dirulaguntzaren kontura justifika daitezke, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era sortu eta ordaindu badira.
6.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 18an bukatuko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. oinarrian (izapidetze elektronikoari buruzkoa) azaltzen den moduan.
8.– Gizonen eta emakumeen egoeran zer eragin duen jakiteko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.
9.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
15. oinarria.– Aurkeztutako justifikazio-agirietako akatsak zuzentzea.
Justifikazio-agirietan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko eskatutako zaio entitateari.
Errekerimendu hori garaiz eta modu egokian betetzen ez bada, dagokion eskakizuna behar bezala justifikatu gabe dagoela joko da, eta agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. oinarria.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) % 74,209, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 oinarrian ezarritako epean.
b) Gainerako % 25,791a, proiektua gauzatu izana eta haren gastu osoa justifikatu eta gero, 14. oinarrian ezarritakoari jarraituz.
Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa 16.1 oinarrian jasotako zenbatekoak direla eta.
2.– Ordainketak egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak erregistratuta egon behar du Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte, indarrean dagoen araudiak adierazitako betebeharrez gain:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, jasotako laguntza guztia horretara bideratuz.
3.– Dirulaguntzak emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen bati eragiten dion zerbait aldatu bada, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
5.– Diruz lagundutako proiektuari jarritako betekizunak eta baldintzak bete direla eta proiektua gauzatu dela justifikatzea.
6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea, egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jardueren mende jartzea.
7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea eskaera aurkezten denetik 5 urtez, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.
8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea lantzen diren dokumentu eta publizitate-ekintza guztietan. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera txertatuko da; hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/
9.– Aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafiko editagarria erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, mugarik gabe, doan eta era ez-esklusiboan, Osasun Sailaren informazio-sistemetan sartu eta erabiltzeko, bai eta hura zabaldu edo argitaratzeko ere edozein formatu bibliografiko, informatiko edo ikus-entzunezko erabiliz edo teknika erabiltzen uzten duen beste edozein bide baliatuz.
10.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro ematea.
11.– Bi arau hauetan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea –martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan agindutakoa betetzea.
18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren xeda betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jaso bada Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio publiko batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana. Ebazpena aldatzeko, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
b) Proiektuaren aurrekontu osoa 5.000 eurokoa edo handiagoa bada, eta gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo txikiagoa bada, eta betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
Kasu batean zein bestean, entitate onuradunak behartuta egongo dira sobera jaso dituzten zenbatekoak itzultzera, 21. oinarriak xedatutakoaren arabera.
c) Proiektuaren aurrekontu osoa 5.000 euro baino txikiagoa bada, eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, honela jokatuko da:
– Gastuen justifikazioan gertatzen den beheranzko desbideratzea % 15ekoa edo txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da murriztuko.
– Gastuen justifikazioan gertatzen den beheranzko desbideratzea % 15etik gorakoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
19. oinarria.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.
Osasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskatze eta egiaztatze guztiak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz –eta ez bestela– egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan dago eskuragarri ahalordeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
3.– Elkarteak eta kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikorako onartzen diren baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak/
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091506
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
21. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. oinarrian adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Oinarri horretan aurreikusi gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kausak aplikatuko dira.
3.– Agindu honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, soberako kostua eta dagozkion berandutze-interesak soilik itzuli beharko dira.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero (18. oinarrian adieraziak), laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, hasiera batean aurreikusitako helburu guztiak bete badira eta entitateak egiaztatzen badu irmo ahalegindu dela bere konpromisoak betetzen. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du sekula eragin gauzatutako jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere. Halakorik gertatzen bada, dirulaguntza-eskubidea galdu, eta jasotako kopuru guztiak itzuli beharko dira.
Laguntzaren parte bat itzuli behar bada, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. oinarrian aipatzen diren eskaerak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.
5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzultzeko prozedura, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki eta entitate interesdunari entzunaldia eman ondoren. Espediente horretan, administrazio-ebazpen bidez adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako zenbatekoak, baita dagozkion berandutze-interesak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean itzulketari, horren kausei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz ezarritakoarekin, 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin.
6.– Itzulitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
22. oinarria.– Datu-babesa.
Datuak babesteko ordezkariak Tratamendu Jardueren Erregistroan aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako prestatutako klausuletan oinarrituta, ezartzen da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa:
– Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Xedea: osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egin beharreko eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak: bankuak, kutxak eta landa-kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.
– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.
– Informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml
Datu-babesari buruzko arauak:
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.