98. zk., 2024ko maiatzaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 6 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
2412
AGINDUA, 2024ko apirilaren 25ekoa, Osasuneko sailburuarena, 2020ko azaroaren 26ko Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez ezarri baitzen Euskal Autonomia Erkidegoan nola egiaztatuko diren osasungintzako lanbideetan etengabe prestatzeko jarduerak.
Osasuneko sailburuaren 2020ko azaroaren 26ko Agindu haren xedea zen ondo araututa uztea Euskal Autonomia Erkidegoan nola egiaztatu behar diren osasungintzako lanbideetan etengabe prestatzeko jarduerak, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betez. Dekretu horren bidez, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortu zen, eta prestakuntza hori egiaztatzeko sistema bat arautu zen, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Estatuko Osasun Batzordeak ezarritako irizpideekin.
Aplikatu dugun bitartean, arazo esanguratsu batzuk sortu dira, eta, ondorioz, aldatu beharra ikusi dugu. Arazoak artikulu batzuen erregulazioan antzeman dira, hala nola bi gai hauek jorratzen dituztenetan: teleprestakuntza-plataformen titulartasuna daukaten erakundeei nola eskatu baldintza batzuk, egiaztapenak eskatzen dituzten erakunde hornitzaileak beste batzuk direnean; eta emandako akreditazio-ebazpenen aurka noiz jarri gora jotzeko errekurtsoa. Nahikoa arrazoi agindua aldatzeko, gogoan hartuta ziurtatu beharra dagoela prestakuntza-jarduerak kalitatekoak izango direla, eta oinarrizko baldintza juridikoetan herritarrei berdintasuna bermatu behar zaiela administrazio publiko honekin harremanetan jartzen direnean.
Horregatik, indarrean den legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldaketak egitea Osasuneko sailburuaren 2020ko azaroaren 26ko Aginduan, zeinaren bidez ezarri baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza-jarduerak egiaztatzeko prozedura.
Hauek dira aldatzen diren artikuluak, eta, aurrerantzean, honela idatzita geratuko dira:
«3. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Jardueren hornitzaileek eska dezakete etengabeko prestakuntzako jardueren egiaztapena.
Honako hau hartzen da erakunde hornitzailetzat: jardueraren egiaztapena eskatzen duen, prestakuntza-jarduera garatzen duen, egiaztapen-ziurtagiriak egiten dituen eta, ondorio guztietarako, jarduera horren erantzule egiten den nortasun juridiko propiodun erakundea edo pertsona fisikoa, publikoa zein pribatua izan.
Entitate hornitzailea pertsona fisikoa bada, bere konturako langile edo langile autonomo gisa alta emanda egon beharko du, eta hori egiaztatzeko, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Entitate hornitzaile eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza soziala, irakaskuntza Estatuko zein lurraldetan egiten den kontuan hartu gabe.
Prestakuntza-jarduera teleprestakuntza-plataforma baten bidez ematen baldin bada baina plataforma horren titularra ez baldin bada erakunde hornitzaile eskatzailea, egiaztatu beharko da bi erakundeen artean badela harreman edo akordiorik, eta titularrak plataformaren erregistroa eta jabetza dokumentatu beharko ditu, erakunde hornitzaile eskatzaileari eskatzen zaizkion baldintza berberak betetzeaz gain.
Halaber, egiaztapena eskatu ahal izango da etengabeko prestakuntzako jarduera autonomia-erkidego honetan egiten den kongresu bat denean, entitate hornitzaileak bere egoitza soziala non duen kontuan hartu gabe.
Halaber, dena delako erakunde hornitzaileak egoitza soziala ez baldin badauka Espainian, baina autonomia-erkidego hau aukeratzen baldin badu prestakuntza-jarduera baten egiaztapena eskatzeko –nahiz eta prestakuntza-jarduera beste autonomia-erkidego batean burutu–, Espainiako erakunde publiko edo pribatu baten abala, bermea edo babesa aurkeztu beharko du, eta hark jardungo du aurkezle eta bermatzaile gisa.
2.– Ez dira egiaztatuko jarduerak, entitate hornitzaileak produktu sanitarioen edo produktu erlazionatuen entitate komertzialak direnean.
6. artikulua.– Akreditazio-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
1.– Erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko korporazioetan izan ezik, egiaztapena lehenengo aldiz eskatzen duten etengabeko prestakuntzako entitate hornitzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
– Entitatearen estatutuen kopia; han, berariaz jasota egon beharko du prestakuntza entitatearen helburuetako bat dela.
– Kasuan kasuko entitate motari dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia.
– Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen (IFK) kopia, edo norberaren konturako langilearen edo autonomoaren IFZ/AIZrena.
– Azken 5 urteetan egindako prestakuntza-jardueren zerrenda.
Entitate hornitzailearen irakaskuntza-zerbitzuak identifikatzen dituzten beste merkataritza-izen batzuk erabiltzen badira, eta egiaztatu nahi den irakaskuntza-jarduerarekin lotzen badira, zerbitzu horien jabetza eta erregistroa dokumentatu beharko dira.
2.– Kredituetarako eskubidea duten parte-hartzaileei emango zaien diploma- edo ziurtagiri-eredua.
10. artikulua.– Osasun-arloko lanbideetan etengabe prestaturik egoteko jarduera horiek egiaztatzeko eskaerak ebaztea.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak ebatziko ditu, bera baita lehendakari Etengabeko Formakuntzarako Euskal Kontseiluko Batzorde Iraunkorrean. Ebazpen horiek Estatuko Osasun Sistemako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak ezarritako irizpide orokor, erkide eta minimoen arabera emango dira, eta aipatutako Estatuko Osasun Sistemaren esparru osorako balioko dute, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuak, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortu eta prestakuntza hori egiaztatzeko sistema arautzen duenak, 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpena emateko gehienez egongo den epea sei hilabetekoa izango da, ebazpena izapidetzeko eskumena duen organoko erregistroan eskabideari sarrera eman eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskaera baietsi egin dela ulertu beharko da, betiere azaroaren 1eko 39/2015 Legearen 24.1 artikuluari jarraikiz.
Akreditazioa egiaztatzeko edo ukatzeko berariazko ebazpenaren aurka, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun Sailaren titularrari, hala xedaturik baitago abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaen 9. artikuluan (dekretu horren bidez sortu zen Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua eta arautu zen prestakuntza hori egiaztatzeko sistema).
11. artikulua.– Egiaztatzeko prozedura.
Egiaztatutako prestakuntza-jarduera amaitu eta hilabeteko epean, erakunde hornitzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute edizio bakoitzerako, "Nire karpeta" atalaren bidez, espediente horren "Justifikazioa" atalean:
1.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen dutenei buruzko taula bete beharko dute.
2.– Bertaratze-kontrolari buruzko dokumentua.
3.– Zenbat gogobetetze-inkesta bete dizkieten, eta emaitzen laburpen txiki bat.
4.– Beste ebaluazio-probarik egin bada, emaitzak zein izan diren.
5.– Merkataritza-babesa izanez gero, bertaratuei eman zaien materiala aurkeztu beharko da.
Frogagiriak aurkezten dituztenean (epe barruan), Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluko Idazkaritza Teknikoak aztertuko ditu, egiaztatzeko ezen akreditazio-eskaeran adierazita dagoen bezala egin dela jarduera, akreditazioak dioenetik aldaketa handirik gabe. Hori horrela bada, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren titularrak aldeko beste ebazpen bat emango du, zuzendari hori baita lehendakari Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluko Batzorde Iraunkorrean. Aitzitik, eskaeran adierazitakoa asko aldatu dela uste bada, kontrako ebazpena emango da. Ondorioz, emandako egiaztapena kendu egingo da, eta erakunde hornitzaileak edo haren arduradunak zuzentzen edo antolatzen dituen jarduerak ez dira izapidetuko, edozein dela ere eremua, ebazpen horren egunetik aurrera urtebetez.
Administrazio-isiltasunak esan nahi du egiaztapen-eskaera baietsi egin dela, hala jartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan.
Era berean, egiaztatutako prestakuntza-jarduera amaitzen denetik hilabeteko epea igaro bada eta erakundeak ez badu justifikazio-dokumentaziorik aurkeztu, beste ebazpen bat emango da. Ebazpen horren bidez, erakunde hornitzaileak edo haren arduradunak edozein eremutan zuzentzen edo antolatzen dituen jarduerak ez dira izapidetzeko onartuko, jarduera egiaztatzen den egunetik urtebete igaro arte.
Ebazpen horien aurka, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun Sailaren titularrari, hala xedaturik baitago abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren 9. artikuluan (dekretu horren bidez sortu zen Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua eta arautu zen prestakuntza hori egiaztatzeko sistema).
14. artikulua.– Publizitatea.
Erakunde hornitzailearen, hots, jarduera egiaztatzea eskatzen duenaren eta jardueraz arduratzen denaren logotipoa egiaztatutako jardueraren dokumentu, publizitate-euskarri eta irakaskuntza-material guztietan azalduko da.
Erakunde babesleen, hots, egiaztatu nahi den irakaskuntza-jarduera finantzatuz edo jarduerarako edozein motatako laguntza emanez erakunde hornitzaileari laguntzen diotenen logotipoak jardueraren publizitate-euskarrietan eta irakaskuntzaz kanpoko materialetan azaldu ahal izango dira (karpetak, bolalumak, koadernoak, etab.); kasu horietan, erakunde babesle gisa identifikatuko dira argi eta garbi.
Erakunde babeslearen izena eta/edo logotipoa ez da inoiz azalduko jardueraren irakaskuntza-edukietan, hots, irakasleak erabiltzen dituen eta/edo ikasleei ematen zaizkien testuetan, fitxetan, prestaketetan, diapositibetan, ikasgela birtualean eta antzekoetan.
Farmakoen, produktu dietetikoen, aparatuen, produktu sanitarioen edo beste edozein motatako produktuen marka komertziala ezin izango zaio lotu egiaztapen-logotipoari, ezta egiaztatutako jarduerari ere.
Prestakuntza-jarduera egiaztatzeko eskaera bateraezina da jarduera hori baimentzeko eskaerarekin, sendagaiaren publizitatea egiteko euskarri baliagarri gisa (1416/1994 Errege Dekretua).
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen logotipoa irakaskuntza-jarduera baten publizitatean eta ziurtagirietan soilik erabili ahal izango da, betiere jarduera horren egiaztapenaren inguruko behin betiko ebazpena jaso ondoren. Soilik kolore berdean edo beltzean erabiliko da eta ez du inolako orla edo apaingarri grafikorik izango; horrez gain, egiaztapena aipatzen duen testuarekin batera azalduko da: "Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistema Nazionaleko Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak egiaztatutako jarduera, XX krediturekin. XXXXXX erregistroa". Euskal Autonomia Erkidegoa erakunde egiaztatzaile gisa identifikatu behar da.
Publizitatea egiaztapen-eskaeraren emaitza jakin aurretik egiten bada, honako testu hau jarri ahal izango da: "Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeari eskatu zaio egiaztapena data honetan:". Kasu horretan, ez da inoiz erabiliko Batzordearen logotipoa, ezta lehendik egiaztatutako jarduera baten berredizio berdinen egiaztapena eskatzen bada ere.
Batzordearen logotipoa ezin izango da inoiz erabili egiaztatutako jarduera jakin bati zalantzarik gabe lotuta ez badago dokumentu batean, ziurtagiri batean, publizitate-euskarri batean, web-orri batean eta abar. Era berean, ezin izango da erabili jardueren zerrenda bati, etengabeko prestakuntzako hainbat jardueren programa bati edo erakunde babesleen eta hornitzaileen irudi korporatibo bati orokorrean lotuta.
Debekatuta dago bakoitza bere aldetik egiaztatutako jardueren kredituen batuketa egitea izen desberdina izango duen eta egiaztatutako jardueren kredituak elkartuko dituen "jarduera" berri bat eratzeko.
Ez da lotuta egongo masterreko titulazioari, adituaren titulazioari, diplomari edota Estatuko nahiz Unibertsitateko tituluekin nahas daitekeen beste edozein titulaziori.
Ezarritako arauak errespetatzen ez dituen publizitatea hedatu dela ikusten bada, publizitate hori konpontzeko eskakizun ofiziala egingo da, eta, erakunde hornitzaileak, akatsak zuzendu ondoren, derrigorrezko iragarki bat txertatu beharko du aldi berean. Iragarkiaren testua honako hau izango da:
(Ikus .PDF)
Iragarkia okerreko publizitatea zegoen leku beretan jarriko da.
15. artikulua.– Auditoretzak.
Prestakuntza-jarduera guztiak dokumentuen auditoretzaren menpe daude. Hori dela eta, entitate hornitzaileek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute Idazkaritzan.
Ikuskapenak in situ egin ahal izango dira, zuzeneko behaketaren bidez egiaztatzeko bat datorrela eskabideari buruzko informazioa eta haren garapena. Ikuskapen hori Osasun Sailari atxikitako funtzionarioek egingo dute.
Auditoretza aldekoa bada, artxibatu egiten da. Kontrakoa bada, emandako egiaztagiria kentzea eta jardueraren arduradunari idatziz ohartaraztea ekarriko du, eta erakunde hornitzaileari jakinaraztea.
Eskatutako irizpideak behin eta berriz betetzen ez badira, ikuskatutako jarduera egiaztatzen den egunetik hasi eta urtebeteko epean, jardueraren arduradunak zuzentzen edo antolatzen dituen jarduerak izapidetzea ez da onartuko.
Akreditazio bikoitzaren berri izanez gero (betiere, erakunde horrek kredituak emateko gure sistema egiaztatzailearen irizpide eta tresna berak erabiltzen baditu), emandako akreditazioa automatikoki erretiratuko da, eta ez da onartuko erakunde horrek aurkeztutako akreditazio-eskabide berririk, bi aldiz egiaztatuta dagoen jarduera egiaztatu eta urtebeteko epean».
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 25a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.