Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2024ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2266

AGINDUA, 2024ko apirilaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zientzietako espezialitateetan egoiliarren prestakuntza-aldian dauden profesionalen 2024ko ekitaldiko kanpoko errotazioetarako laguntzen oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.

Osasun Sailaren eskumenen artean, Euskadiko osasun-sistemaren plangintza profesionala egitea dago, Euskal Autonomia Erkidegoko egungo zein etorkizuneko osasun-sistemak behar dituen lanbideak modu egokian erabiltzeko aukera izateko asmoz.

Horretarako, osasunaren arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzendu, planifikatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.

183/2008 eta 1146/2006 errege-dekretuek espezialisten egoitza-sistemaren bidezko prestakuntzari buruzko erreferentzia-esparrua errazten dute (183/2008 Errege Dekretua, otsailaren 8koa, Osasun Zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituena eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren zenbait alderdi garatzen dituena, eta 1146/2006 Errege Dekretua, urriaren 6koa, Osasun Zientzietako espezialistak prestatzeko egoiliarren lan-harreman berezia arautzen duena).

Arlo horretan, laguntza-programa honen bidez, Osasun Sailak bi helburu lortu nahi ditu:

1.– EAEko egoiliarren prestakuntza-programan laguntzea, esperientzia eta gaitasun berriak eskura ditzaten estatuko eta nazioarteko osasun-zentroetan, jasotako prestakuntza osatzeko, egoitza-aldian ezarritako prestakuntza-ibilbidearen arabera.

2.– Talentua erakartzea eta atxikitzea euskal osasun-sisteman nekez bete daitezkeen plazetarako.

Dirulaguntza lerro hori Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduan jasota dago, zeinaren bidez onartzen baitira Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2024ko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Plana, Euskadi.eus webgunean argitaratua, Euskal Administrazioaren Interneteko Euskadi.eus atarian, url honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/beste_iragarkia/agindua-2024ko-otsailaren-7koa-osasuneko-sailburuarena-zeinaren-bidez-onartzen-baitira-osasun-sailaren-2024-2028-aldirako-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-eta-2024ko-ekitaldirako-dirulaguntzen-urteko-plana/

Agindu honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2024rako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zientzietako espezialitateetako egoiliarren prestakuntza-aldian dauden profesionalen kanpoko errotazioetarako, agindu honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 24a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

Agindu honen xedea da EAEko egoiliarrentzat 2024an hasitako kanpoko errotazioak egiteko laguntzen deialdia egitea.

Kanpoko errotazioek Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren baimena izan beharko dute, osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituen eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren alderdi jakin batzuk garatzen dituen otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuaren arabera.

Laguntzen helburua da EAEko edozein zentro akreditatutan egoiliarren mugikortasuna erraztea eta sustatzea, zentro horien prestakuntza hobetzen laguntzen duten Espainiako zentroetara edo egiaztatutako edo ospe handiko atzerriko zentroetara joan daitezen.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako aldi baterako lekualdatzeei eta egonaldi laburrei lotutako gastuen zati bat finantzatzen lagunduko dute.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta organo kudeatzailea.

1.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa 100.000,00 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz. Zenbateko horretatik, 50.000,00 euro 2024ko ekitaldiari dagozkio, eta 50.000,00 euro 2025eko ekitaldiari.

2.– Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak kudeatuko du laguntzak emateko prozedura.

3. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.

Laguntza hauek jasotzeko, baldintza hauek bete behar dira eskabidea aurkezten den unean:

1.– Osasun-zientzietako espezialista izateko prestakuntza jasotzen aritzea, zentro akreditatuetako egoitza-sistemaren bidez, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 20.3.f) artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.

2.– Urteko azken ebaluazioan kalifikazio positiboa lortu izana.

3.– Kanpoko errotazioa 2024an hastea.

4.– Aurten beste kanpoko errotazio baterako laguntza eskatu ez izana.

5.– Egoitza-aldian Osasun Sailak proposatutako gogobetetze-inkesta guztiak bete izana.

6.– Ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gorabeheraren bat dutenak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Argi eta garbi deialdiaren xedearekin bat datozen gastuak lagundu ahal izango dira diruz. Zehazki, joan-etorrien gastuak, ostatua eta izena emateko edo prestakuntza jasotzeko destinoko zentroari ordaindutako zenbatekoak.

Errotazio osoa prestakuntza-programaren indarraldian egin beharko da.

Laguntza ematen bada eta errotazioa laguntzen emakida argitaratu baino lehenagoko data baterako eskatu bada, betiere errotazioa 2024an hasi bada, errotazioak ondorio ekonomiko-administratiboak izan ditzake atzeraeraginezko ondorioekin, baldin eta onuradunek behar bezala egiaztatzen badute eskatutako aldian hasi direla edo bertan egon direla.

Kanpoko errotazioa baimendutakoa ez den beste aldi batean egiteak laguntza jasotzeko eskubidea emango du, baldin eta emandako aldiaren aldaketa aldez aurretik eskatu bada eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak onartu badu.

Errotazioa hasita gerora sortutako zirkunstantziengatik eteten bada eta destinoko zentroko jardueren etenaldia amaitu ondoren berrabiarazten bada, etete hori justifikatu egin beharko da. Egonaldia hasitakoan aparteko neurrien ondorioz eten egiten bada eta etenaldiak amaitu ondoren egonaldia berriz hastea ezinezkoa bada, egonaldia ez egitea justifikatutzat joko da.

Laguntzaren zenbatekoa eskatutako eta baimendutako kanpoko errotazioaren iraupenarekiko proportzionala izango da. Kanpoko errotazioa luzatzeak ez du eskubiderik emango emandako zenbatekoa handitzeko.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus/servicios/1448401), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.c) artikuluan eta Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ditzakete eskabidea eta eskatzen zaien gainerako dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatzen den bezala.

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikotik egin beharrekoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Interesduna ez bada jakinarazpenaren edukira sartzen hura argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, jakinarazpena ezetsi egin dela iritziko zaio, indarrean dagoen araudian aurreikusitako ondorioekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

3.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

3.1.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren ebazpenaren kopia, laguntzaren xede den kanpo-errotazioa baimentzen duena.

Oraindik ebazpen hori ez baduzu, honako hau aurkeztu behar duzu:

a. Egoiliarraren tutore nagusiaren proposamena, helburuak eta errotazioaren iraupena zehaztuta. Proposamena jatorrizko zentroko irakaskuntza-batzordeari aurkeztuko zaio, eta memoria bat izango du, honako atal hauekin:

– Lortu nahi diren gaitasunak.

– Zentroa aukeratu izanaren justifikazioa.

– Aurreikusitako lan-plana.

– Errotazioaren hasiera- eta amaiera-datak.

b. Jatorrizko zentroko irakaskuntza-batzordearen aldeko txostena, ikasketaburuak sinatua.

c. Jatorrizko zentroko gerentziak ordainsari guztiak –kanpoko errotazioan etengabeko arretatik eratorritakoak barne– ordaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela zehazten duen dokumentua.

d. Destinoko zentroko irakaskuntza-batzordearen aldeko txostena, ikasketaburuak sinatuta. Eskatutako errotazioa irakaskuntzarako akreditatu gabeko zentro batean egiten bada, ikastetxeko zuzendaritzak sinatu beharko du onarpen-gutuna.

Ez dute balio izango mezu elektronikoek, faxek eta erakundeen jatorrizko sinadura, logotipoa eta zigilua ez dituzten bestelako dokumentuek.

3.2.– Egindako kanpoko errotazioaren gastuen egiaztagiriak. Errotazioa oraindik egin ez bada, lekualdatze- eta ostatu-gastuetarako erreserben aurrekontu banakatua aurkeztu beharko da, bai eta destinoko zentroak eskatutako eta ordaindu beharreko zenbatekoak ere.

3.3.– Errotazioaren ebaluazio-txostena, ordurako halakorik badu.

Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak eskabidea aztertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du.

4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazio guztia aurkezten, eskatzaileari hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egiten badu eskaerari uko egin diola iritziko zaiola.

6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira.

2.– Ebaluazio negatiboa duten kanpoko errotazioak baztertu egingo dira.

3.– Eskabideak irizpide eta baremo hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Ebaluatutako egoitza-urteetako noten batezbestekoagatik: 10 puntura arte (batezbesteko altuena da puntuaziorik handiena emango duena).

Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak egiaztatuko du hori, Prestakuntzako Espezialisten Erregistro Nazionalaren bidez (SIREF).

b) 5 puntu emango dira, baldin eta eskatzailea espezialitate hauetako batean ari bada prestatzen: Familia eta Komunitateko Arreta; Osasun Mentala; Lan Osasuna; Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa; Medikuntza Fisikoa eta Errehabilitazioa; Barne Medikuntza eta Hematologia.

Gutxienez zazpi (7) puntu lortzen ez dituzten eskabideak ukatu egingo dira.

7. artikulua.– Zenbatekoak zehaztea.

Laguntza osagarriaren zenbatekoa destinoaren (Espainia, Europa eta Europatik kanpo) eta kanpoko errotazioaren iraupenaren araberakoa izango da. Gehieneko zenbatekoa 1.260,00 eurokoa izango da, Europatik kanpo egiten diren eta lau hilabete irauten duten errotazioetarako.

Eskuratu ahal izango den zenbatekoa progresibotasun-irizpidearen arabera kalkulatuko da, kanpoko errotazioaren iraupenaren eta hura egiteko lekuaren arabera. Portzentajezko igoera lehen hilerako adierazitako kopuruari aplikatzen zaio. Iraupena taulan adierazitakoa baino txikiagoa bada, zenbatekoa proportzioan doituko da. Laguntzak legediak ezartzen dituen PFEZ atxikipenen mende egongo dira.

Emandako laguntzaren zenbateko osoa globala da, diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzerako esleipenik gabe, eta onuradunak jaso dezakeen gehieneko muga da.

Aurreko artikuluan adierazitako irizpide eta baremoen arabera lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira laguntzak, handienetik txikienera, harik eta laguntza guztietarako ezarritako gehieneko kreditua erabat ahitu arte.

Taula. Progresibotasun-irizpidea, iraupenaren eta destinoko zentroaren kokapenaren arabera (portzentajezko igoera lehen hilerako adierazitako kopuruari aplikatzen zaio).

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntzak jasotzea bateragarria da errotazio bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin, baina guztizko zenbatekoak jarduerak sortzen dituen gastuak gainditzen baditu, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, soberakina den beste. Era berean, onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartu beharko du.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, eta haren ardura izango da prozesu osoaren funtzionamendu egokia zaintzea eta prozesu hori bultzatzea. Batzorde horri dagozkio espedienteak baloratzeari buruzko eginkizunak, bai eta prozeduran zehar sortzen diren zalantzak argitzeko behar diren neurri guztiak hartzea ere. Balorazio Batzordeari dagokio, halaber, sortzen diren gorabeherak kontuan hartzea eta aztertzea, eta horiei buruz erabaki arrazoituak hartzea oinarriak interpretatuz eta baliatuz, eta oinarri ordeztuz haietan aurreikusi gabeko guztian, objektibotasunean, inpartzialtasunean eta indarrean dagoen legedian oinarritutako irizpideen arabera.

2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

a) Batzordeburua: Miguel Sánchez Fernández jauna (Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria).

b) Kideak:

Antonia Daza Gutierrez (Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko arduraduna).

Virginia Eguren Egiguren (Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko kanpoko errotazioko espedienteen izapidegilea).

c) Idazkaritza:

Gixane Dañobeitia Olaeta (Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko teknikaria).

3.– Batzordeak, laguntzak emateko jarritako balorazio-irizpideak aplikatuz, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duena.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikulua), eta honako hauek zehaztu beharko ditu eskabide bakoitzari dagokionez:

a) Ematea: onuradunaren izena, diruz lagundutako kanpoko errotazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

b) Ez ematea: eskatzailearen izena, diruz laguntzea nahi zuen kanpoko errotazioa eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

c) Eskabideak artxibatzea, eskatzaileek atzera egin dutelako edo bikoiztutako edo oker aurkeztutako eskabideak direlako: eskatzailearen izena, diruz laguntzea nahi zuen kanpoko errotazioa eta artxibatzeko arrazoia.

Organo horrek, gainera, proposamenarekin batera txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan jasoko da bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako entitateek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikulua).

4.– Dirulaguntzen prozeduran, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen dutenak interes-gatazkarik ez dutenak izateko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikulua).

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura. Ebazpen horretan, gutxienez, 9.3 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko dira, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

2.– Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea hiru (3) hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpena argitaratu ez bada, interesdunek pentsatu behar dute beren eskaera ezetsi egin dela.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete (1) igaro baino lehen.

4.– Laguntza emateko ebazpena kanpoko errotazioaren ebaluazio positiboaren baitan dago, eta ebaluazioa negatiboa bada, laguntza ezeztatuko da eta laguntza itzuli beharko da.

11. artikulua.– Uko egitea.

Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek idazki bat aurkeztu beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, 5.2 artikuluan aurreikusitako moduan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hamar (10) egun igaro baino lehen.

Dirulaguntzari epe barruan uko egiten ez bazaio, onuradunak dirulaguntza onartu duela esan nahiko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluaren arabera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza hauen onuradunak behartuta daude Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena ematera eta erakunde horrek eskaintzen dien kontratazioa onartzera, egoiliarrak fidelizatzeko programa baten barruan, osasun-prestakuntza espezializatua egoitza-sistemaren bidez amaitzen dutenean eta osasun-zientzietako espezialista direla egiaztatzen duen titulazioa lortu dutenean.

2.– Onuradunek, era berean, indarrean dauden legezko eta erregelamenduzko arauek eta agindu honetako edozein artikuluk ezartzen dituzten betebeharrak bete beharko dituzte, eta konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egitearen ondoriozko hedapen-dokumentu edo -ekintza orotan laguntza jaso izana adieraztea.

b) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari baimena ematea diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabil ditzan hedapen eta komunikazio korporatiboko planak egiteko, eta ondorioak zabaltzeko antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea.

3.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte, eta, zehazki, hauek:

a) Laguntza emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egiteko, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren baimena beharko da.

b) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, eta Osasun Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

c) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

e) Helburu bererako jasotako edozein motatako laguntza deklaratzea.

f) Eranskin honetako 3. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Jarduera egin dela eta hura finantzatzeko funtsak aplikatu direla justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko zaizkio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari:

a) Gastuen zerrenda, dagozkien faktura eta ordainagiriekin batera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, gastuak jatorrizko fakturen bidez eta froga-balio baliokidea duten eta merkataritza-trafikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatu behar dira, eta faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu daitezke. Gainera, kanpoko errotazioak dirulaguntzarekin finantzatzeaz gain funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu badira, justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira, eta diruz lagundutako jarduerarako erabili direla.

b) Egindako errotazioaren ebaluazio-txostena.

2.– Justifikazio-dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztu behar da, errotazioa amaitzen denetik zenbatzen hasita (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.4 artikulua).

Epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta onuradunek epea amaitu baino lehen eskatzen badute. Osasun Sailburuordetzak onartu ahal izango du justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatzea, baldin eta luzapenak epearen erdia gainditzen ez badu eta horrekin hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari dokumentazioa aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun baino lehen aurkez dezala, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, eta epe hori ezin izango da luzatu.

Justifikazioa atal honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, dirua itzultzeko eskatuko da eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako gainerako erantzukizunak eskatuko dira.

Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du salbuetsiko onuraduna dagozkion zehapenetatik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera.

14. artikulua.– Ordainketa.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan agertu beharko du.

Onuradunek esteka honetan kontsultatu, aldatu eta sartu ditzakete banku-datuak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) 11. artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.j) artikuluari jarraituz, laguntzaren % 50 aldez aurretik ordaintzeko salbuespena egin ahal izango da, eta hori justifikatuta dago onuradunek kanpoko errotazioa hasi aurreko gastuei aurre egin behar izaten dietelako maiz.

b) Gainerako zenbatekoa (% 50) 13.1 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da.

Ordaindutako zenbatekoei, hala dagokienean, indarrean dagoen zerga-araudiak ezarritako atxikipena aplikatuko zaie.

Eskabidea egiteko unean kanpoko errotazioa egin izana justifikatu ezin izan duten onuradunek egindako errotazioaren ebaluazio-txostena aurkeztu beharko dute. Errotazioa egokia ez bada edo eskatutakoa baino iraupen laburragoa badu, itzuli egin beharko da bidegabe jasotako zenbatekoa eta ordaindu dagozkion interesak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Laguntza hauek jaso dituzten egoiliarrek, osasun-prestakuntza espezializatuko plazari uko eginez gero, diziplina-erantzukizuna dakarten hutsegiteak eginez gero –Osasun-zientzietako espezialistak prestatzeko egoitzako lan-harreman berezia arautzen duen urriaren 6ko 1146/2006 Errege Dekretuaren 12.etik 16.era bitarteko artikuluen arabera– eta agindu honen 12.1 artikuluan ezarritako betebeharra betetzen ez badute, sail honek egoitza-aldi osoan kanpoko errotazioak egiteko eman dizkien zenbateko guztiak itzuli beharko dituzte.

Dirua itzultzeko arrazoiei, horretara behartuta dauden pertsonei, itzulketa-prozedurari eta preskripzio-epeari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko III. tituluan xedatutakoa beteko da, 35. artikulutik 43.era bitartekoetan ezarritakoa, dirulaguntzak emateko egintzen berrikuspenari buruzko guztia jasotzen baitu.

16. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

(EB) 2016/679 Erregelamendua, 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez ([EB] 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa [Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra]; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa), jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, eta tratamendu-jarduera horrek ezaugarri hauek dituela:

Arduraduna: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza; Osasun Saila.

Helburua: eskaerak kudeatzea eta irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena egitea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean misio bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dago, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurkaratzeko eskubidea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala