Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2024ko maiatzaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2145

AGINDUA, 2024ko apirilaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita, 2024. urterako, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzetarako, de minimis araubidean.

Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeak 3. artikuluan ezartzen duenez, gizarte-zerbitzuen sistema botere publikoen ardura da, eta, beraz, botere publikoek sustatu beharko dituzte zerbitzu horiek bultzatzeko baliabideak (giza baliabideak, finantzarioak eta teknikoak). Halaber, artikulu horren arabera, gizarte-zerbitzuak emateko, botere publikoek kontuan hartu behar dute ekimen pribatua, ekimen publikoari laguntzeko. Horregatik, botere publikoei dagokie irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatzea gizarte-zerbitzuen arloan. Legeak adierazten duenez, gizarte-zerbitzuek, lehentasunez, prebenituko dituzte bazterkeria sortzen duten edo bizimodu autonomoaren garapena mugatzen duten kausak.

Agindu hori betez, Sasoikako Lanaren Arretarako I. Plan Integrala (2004-2007) onartu zen, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila buru zuen Sasoikako Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak onetsia, eta plan hori egikaritzeko esparru juridiko egokia egin zen, zeinak zehazten baitzituen landa-udalerrietan garatu beharreko ekintzak, bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuekin lotuta. Garrantzi berezia eman zitzaion aldi baterako biztanleria honen bizi-kalitatea –Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzte– eta udalerrietako biztanleriak duen bizi-kalitatea berdintzeko beharrari, bai eta landa-eremuaren birgaitze sozial eta ekonomikoa lortzeari ere, eta, zehazki, bizi-kalitatea hobetzeari.

Planaren helburuak, besteak beste, hauek ziren: jarduerak hastea sasoikako langileen ostatu-sarea handitu eta hobetzeko eta lan- eta ostatu-baldintza duinak bermatzeko, sasoikako langileak gurean dauden artean errazago integra daitezen, eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko aukera ezartzea sasoikako langileentzako ostatuak sortzeko arloan.

Testuinguru horretan argitaratu zen 62/2007 Dekretua, apirilaren 17koa, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituena. Dekretu horrek arautzen du EAEko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzten langileentzako ostatuak eraiki, egokitu edo hobetzeko dirulaguntzen programa, ostatu-baldintza duinak lortzeko, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen.

I. plan horren ostean, honako hauek etorri ziren: Sasoikako Lanaren Arretarako II. Plan Integrala, 2008-2012 aldirako, 2007ko abenduaren 19an onetsia, eta 2013-2016 aldirako III. Plana, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila buru zuen Erakunde Arteko Mahaiak 2013ko apirilaren 17an prestatu eta onetsia.

III. Planaren indarraldia bukatuta eta gauzatutako ekintzei buruzko ebaluazioa eginda, Plan horretan jasotako ekintza askori jarraipena emateko, egiteko geratu ziren ekintza batzuei ekiteko eta ekimen berriak sartzeko beharrizana ikusi zen.

Testuinguru horretan, Sasoikako Lanaren Arretarako IV. Plan Integrala (2017-2020) onetsi zen 2017ko uztailaren 10ean. Horren helburu nagusia da modu koherente eta koordinatuan planifikatzea sasoikako lanaren inguruan sortu diren beharrizanei erantzuteko ekintzak; adibidez: erabilitako higiezinek eskatzen diren gutxieneko betekizunak betetzea, eta plaza-kopuru nahikoa izatea bizigarritasun- eta duintasun-baldintza egokiekin.

Horrez gain, IV. Planean planteatu zen nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko zerbitzuak ematen dituzten langileentzako ostatuetarako laguntza-deialdiarekin jarraitzeko beharra, eskainitako ostatuen bizigarritasun-baldintzak hobetzeko; era horretan, erraztu egingo da EAEko higiezinen eta ekipamenduen erregistroan inskribatzea, eta eskumena duen agintaritzak kontrolatu ahal izango ditu.

Halaber, 2022-2024 aldirako EAEko Sasoikako Lanaren Arreta Integralerako V. Planak, 2022ko otsailaren 3an onartutakoak, egokitzat jotzen du ostatuetarako laguntza-lerroari eustea.

I. planetik gaur egungora arte, jasota dago Eusko Jaurlaritzak bermatu egin behar dituela Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten sasoikako langileen bizi- eta ostatu-baldintzak. Horrez gain, beste behar hauek ere mantentzen dira: jarduerak egiten jarraitzea sasoikako langileen ostatu-sarea –ostatu kolektibo publiko eta pribatuak– handitu eta hobetzeko, eta lan- eta ostatu-baldintza duinak bermatzeko, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen. Horretarako, beharrezkoa da ostatu horiei laguntzak ematen jarraitzea.

Horrela, bada, agindu honen xedea da 2024. urterako laguntzen deialdia egitea, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortu, egokitu edo ekipatzeko. Laguntza-programa hori 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuko da, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen –horren bitartez onartu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa–.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Bestalde, aurtengo ekitaldiko laguntza-deialdia egitea ahalbidetzen dute 1/2011 Legegintzako Dekretuak (maiatzaren 24koa, zeinaren bitartez, batetik, onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina, eta, bestetik, arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena) eta 21/2023 Legeak (abenduaren 22koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak).

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2024. urterako, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak, de minimis araubideari atxikita. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 23a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzen deialdia egitea 2024. urterako.

2.– Laguntza hauek «de minimis laguntzak» dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Hauek izan daitezke agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunak:

A) Pertsona fisiko edo juridikoak, horien forma juridikoa edozein dela ere –publikoak edo pribatuak–. Pertsona fisiko edo juridiko pribatuen kasuan, betiere nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak badira.

B) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak, baldin eta nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak badira. Bertan parte hartzen duten pertsona guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak.

Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dena den, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, elkarteari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok elkarteko gainerako kideei. Elkartea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 43. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluari dagokionez.

2.– Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira eskabidea egiteko unean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak eta honako betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere, zeina egiaztatuko baita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz horren aurka agertzen direnean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitute datu hori. Bestalde, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.

b) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, laguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat aurkeztu beharko da uneko ekitaldiaren aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako gainerako de minimis laguntzei dagokienez.

c) Pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagokion Erregistroan inskribatuta egotea.

d) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen edo bestelakoen elkarte edo erakundeen kasuan, emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea zuzendaritza-organoetan.

3.– Honako hauek ezin izango dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan debekutzat jotako egoeraren batean daudenak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean daudenak.

b) Krisialdian dauden enpresak, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

c) Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta ezin dela barne-merkatuarekin bateratu.

4.– Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira honako helburu hauek dituzten proiektu edo jarduerak: sasoikako langileentzako ostatu-sarea handitu eta hobetzea, eta ostatu-baldintza duinak bermatzea, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen. Horrek barnean har dezake ostatuak eraikitzea edo, hala badagokio, eskuratzea, eta horiek gaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea eta ekipatzea, erregistratutako ostatua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko.

2.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagundu daitezkeen kostuak, bai eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren mende ere.

Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira kontzeptu hauei dagozkien inbertsioak edo gastuak:

a) Sasoikako langileentzako ostatu izateko higiezinak eraiki edo, hala badagokio, eskuratzea. Azken kasu horretan, higiezinak ezin dira egon inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoan sasoikako langileak hartzeko higiezinen eta ekipamenduen erregistroan, ezta laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko bost urteetan inskribatuta egon ere.

b) Ondasun higiezinak birgaitzea, eraberritzea edo egokitzea sasoikako langileentzako ostatu gisa erabiltzeko, eta ondasun higiezinak birgaitzea, eraberritzea edo egokitzea, baldin eta dagoeneko sasoikako langileei ostatu emateko badira eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude.

c) Arkitekturako, ingeniaritzako edo beste adar tekniko bateko profesionalen zerbitzu-sarien gastuak, aurreko paragrafoan adierazitako inbertsio edo gastuekin lotutakoak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eraino.

d) Altzariak eta ekipamendua.

3.– Inolaz ere ez dira diruz laguntzeko moduko gastuak izango inbertsioak edo kapital-gastuak, ezta jarduerari lotutako beste zerga edo tributu batzuk ere, aurreko apartatuan aipatutako BEZ berreskuraezina izan ezik.

4.– Gastu diruz lagungarriei dagokienez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa 40.000 euro edo handiagoa bada obretan, edo 15.000 euro edo handiagoa gainerakoan, onuradunak ez badira sektore publikoko kontratazio-organo, gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Halako kasuetan, kostuen moderazioa egiaztatu beharko da, justifikazio-memoria baten bidez.

Eskaintzek benetakoak eta ez-fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Aurkeztutako hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez bada, memoria batean beren-beregi justifikatu beharko da horren arrazoia.

5.– Ez dira diruz lagunduko merkatukoak baino balio handiagoa duten gastuak, ez eta diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak edo jarduera garatzeko behar-beharrezkoak ez direnak ere. Sasoikako langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintzak arautzen dituen azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuan xedatutakoa beteko da betiere.

4. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. Diruz lagundu daitezkeen jarduerek 2024. urtean hasi beharko dute.

2.– Urteko proiektuak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, epe hori luzatu egin ahal izango da, agindu honen 14. oinarriaren 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Betiere, luzatutako urteko proiektuak gauzatzeko gehieneko muga 2025eko abenduaren 31 izango da.

Urte anitzeko proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, epe hori luzatu egin ahal izango da, agindu honen 14. oinarriaren 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Luzapena, gehienez ere, 2026ko abenduaren 31n amaituko da.

5. oinarria.– Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioa diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.

2.– Baldin eta hirugarrenekin itundutako jardueraren ordainketak dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, landa-garapenaren arloko sail eskudunaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan aurreikusitakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da hirugarrenekin itundutako jarduera diruz lagungarria egikaritzean diruz lagungarri diren gastuen izaera eta zenbatekoari dagozkion mugak eta 8. oinarrian ezarritako betebeharrak errespetatzen direla zaintzea.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharra bete beharko dute kontratistek, muga horiek betetzen direla behar bezala egiaztatu ahal izateko.

7.– Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) 2. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, inguruabar hauek betetzen direnean izan ezik:

1) Dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimena eskuratu izana, aldez aurretik.

2) Diruz lagundutako zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak izandako kostua. Kostua egiaztatzeko, pertsona onuradunaren gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

6. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa, gehienekoa eta bateragarritasuna.

1.– Onuradunei eman beharreko laguntzaren zenbatekoa ezin izango da izan, oro har, diruz lagundu daitekeen inbertsio edo gastuaren % 60 baino handiagoa. Halere, kasu hauetan ehuneko hori handitu egingo da:

a) Onuraduna nekazari gaztea bada instalatu eta hurrengo bost urteetan, ehuneko hori % 10 gehiago handituko da.

b) Kasu hauetan, ehuneko hori % 15 gehiago handituko da: onuraduna emakume nekazaria izatea, edo, onuraduna pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua izatea, gainerako kasuetan.

c) Erakunde publikoak direnean, aipatutako ehunekoa % 20 gehiago handituko da.

2.– Laguntza bakoitzaren zenbateko indibidualizatua 7. oinarrian ezarritako balorazio-irizpide orokorren arabera zehaztuko da.

3.– 20.000 eurokoa izango da sasoikako langileentzako ostaturako higiezinak eraikitzeko edo, hala badagokio, eskuratzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

4.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

5.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, baldin eta guztien artean ez bada gainfinantzaketarik gertatzen diruz lagundutako jardueran. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu beharko da, soilik jarduera horren guztizko kostua gainditzen duen zenbatekoan.

6.– Era berean, laguntza hauek batu ahal izango zaizkie beste administrazio publiko batzuek, agindu honetakoak ez diren xedeekin, onuradun berdinei emandako de minimis laguntzei; halere, guztien artean ez dute 300.000 euroko laguntza gaindituko, onuradun bakoitzeko eta 2021eko, 2022ko eta 2023ko zerga-ekitaldietan, erregelamendu honek xedatutakoaren arabera: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua. Kasu horretan, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira gehieneneko atalase horretara egokitu arte.

7.– Gainera, «de minimis laguntza» ezingo zaio pilatu diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokien laguntzari, pilaketa horrek kategoriakako salbuespen-erregelamenduan edo Batzordeak hartutako ebazpenean kasu bakoitzaren inguruabar zehatzetarako ezarritakotik gorako laguntza-pilaketa badakar.

7. oinarria.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2024ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 80.000 eurokoa da.

2.– Laguntza horiek emateko prozedura segidako konkurrentzia bidezkoa izango da eta, beraz, espedienteak eskabideen aurkezte-ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira, eta behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira.

3.– Laguntza horietara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ukatu egingo dira arrazoi hori dela eta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

4.– Aurkeztutako jarduera bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko orduan, aurkeztutako eskaerak baloratuko dira. Kokapenari, sustatzaileari eta proiektuari buruzko irizpideak aplikatuko zaizkie horiei. Hauek dira azpi-irizpideen banakapena eta bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioa:

1) Gehienez ere 100 puntu emango dira.

2) Honela emango dirua puntuak:

A) Kokapena: ostatuaren kokapena, eremuko ostatu-beharrizanekin lotuta: gehienez ere 20 puntu.

1) Kalteberatasun-maila, agindu honen V. eranskinean jasotakoaren arabera: gehienez ere 10 puntu.

a) Kalteberatasun-maila KM1 edo ABE (arreta bereziko eremua): 10 puntu.

b) Kalteberatasun-maila KM2: 7 puntu.

c) Kalteberatasun-maila KM3: 5 puntu.

d) Kalteberatasun-maila KM4: 3 puntu.

e) Hirigunea: 0 puntu.

2) Lehentasunezko eskualdeak. Gehienez ere 10 puntu.

a) Arabako Errioxa: 10 puntu.

b) Arabako Lautada eta Mendialdea: 8 puntu.

c) Beste eskualde batzuk: 5 puntu.

B) Sustatzailea:

1) Entitate publikoak:

a) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea. Bai: 40 puntu / Ez: 0 puntu.

2) Entitate pribatuak:

a) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea. Bai: 20 puntu / Ez: 0 puntu.

b) Jarduera nagusia nekazaritza izatea. Bai: 5 puntu / Ez: 0 puntu.

c) Nekazaritzako ustiategi bateko emakume nekazari titularra edo titularkidea izatea, edo, pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan. Bai: 15 puntu / Ez: 0 puntu.

C) Proiektua: gehienez ere 40 puntu.

1) Ostatu hartzeko plaza-kopurua. Gehienez ere 20 puntu.

a) 8 plaza artekoak: 10 puntu.

b) 9 eta 16 plaza bitartekoak: 15 puntu.

c) 16 plaza baino gehiagokoak: 20 puntu.

2) Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena: gehienez ere 20 puntu.

a) 7.000 euro baino gehiago plaza bakoitzeko: 5 puntu.

b) 3.000 eta 7.000 euro artean plaza bakoitzeko: 15 puntu.

c) 3.000 euro baino gutxiago plaza bakoitzeko: 20 puntu.

5.– Aurreko irizpideak aplikatuz proiektuak lortu duen puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari emango zaion laguntza honela zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

6.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 60 puntu lortu behar dituzte.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek betebehar hauek izango dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoak ere:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean ez badiote beren-beregi eta idatziz uko egiten.

b) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea. Horretarako, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin beharko du diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar dira inbertsioa edo gastua.

c) Ondasun higiezinak eraiki edo birgaitzeari dagokionez, gutxienez 5 urtez eutsi beharko zaie dirulaguntzaren helburu diren inbertsioei, bai eta gainerako ondasunei dagokienez ere; epe horretan, ezin izango dira besterendu, ezta amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu baterako erabili. Sasoikako langileentzako ostaturako erabiltzeaz gain, higiezinak beste xede batzuetarako ere erabiltzen badira, nekazaritza-kanpainetan lehentasuna emango zaio sasoikako langileentzako ostatuaren erabilerari.

d) Higiezina sasoikako langileei ostatu emateko egokitzat jotzen duen baimena lortzea, azaroaren 28ko 248/2006 Dekretua aplikatuta –248/2006 Dekretua, azaroaren 28koa, sasoikako langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak eta haien baimentzea, erregistroa eta egiaztapena arautzen dituena–, bai eta dagokion erregistroan inskribatzea ere.

e) Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari jakinarazi behar diote proiektu osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte proiektuak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzari, idatziz. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

g) Landa-garapenaren arloko sail eskudunari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

h) Landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribatu batzuk jaso izana eta 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan beste de minimis laguntza batzuk jaso izana. Horren berri izan eta hurrengo hamabost egunen barruan egin beharko da jakinarazpen hori. Era berean, onuradunak gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartu behar du.

i) Diruz lagundutako proiektuei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla proiektuok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

j) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

k) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke; bost urtez gorde beharko dira, inbertsioen amaiera-datatik aurrera.

l) Onuradunak, halakorik eskatzen bazaio, informazio osagarria bidali beharko du landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzara, diruz lagundutako jardueren garapenaz eta burutzapenaz egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ahal izateko hark.

m) Jarduerarekin lotutako jakinarazpen guztietan, hizkuntza inklusiboa erabiliko da irudietan zein testuetan. Ekitaldiaren publizitatean, euskarria edozein dela ere, ez da erabiliko hizkuntza edo irudi sexistarik.

n) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean mantentzea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; beren-beregi uko egiten zaionean salbu, kasu horretan, egiaztatu egin beharko baitu kontu hori.

9. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak, oinarri honen 7. apartatuan aurreikusitako agiriekin batera, landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio.

Aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko. Kasu horretan, 7. oinarriaren 3. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da. Betiere, eta aurrekontu erabilgarria izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 15ean amaituko da.

2.– Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren 1. paragrafoko a), b), c) eta d) apartatuetan aurreikusitako gainerako subjektuek eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan jasotakoek modu elektronikoan aurkeztu beharko dute eskaera, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bitartez (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko moduak (elektronikoa zein aurrez aurrekoa) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, eta noiznahi aldatu ahal izango da.

– Aurrez aurre: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

– Bide elektronikoa: 3. apartatuan adierazitakoaren arabera.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eskaeretarako inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da. Eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013811

4.– Kanal elektronikoaren bidez eskaera egin ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Izapideak elektronikoki egiteko, helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen eskatzaileek:

a) Hirugarrenen alta. Egoitza elektronikoan izapidetu ahal izango da, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

b) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita).

c) Pertsona juridikoa izanez gero, zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Erakunde publikoen kasuan izan ezik, nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea izatearen egiaztagiria.

e) Ondasun higiezina ostatu gisa egokitzeko erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.

f) Pertsona fisikoen edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko pribatuen elkarteak edo ondasun-erkidegoak direnean, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte, eskaerari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, eta bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Nolanahi ere, elkarteek ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko dute, eta behar besteko ahalmena eman betearaz ditzan elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak. Elkartea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

g) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako egikaritze-epeak, kokalekua, finantzaketa nahiz aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta, edo proformako fakturak.

h) Nahitaezko kasuetan, ostatuei buruz indarrean dauden xedapen espezifikoetara egokitzen den proiektu teknikoa, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, haiek eskuratzeko eskabidea.

i) Hala badagokio, Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita dagoela adierazten duen «konpromisoaren» kopia.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizunak betetzen dituela, aurkezten dituen agiriak egiazkoak direla eta betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen dionean haren esku utziko duela.

k) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean jasotako gainerako de minimis laguntza guztiei dagokien enpresa-adierazpena, baldin eta laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

l) Azken bi urteetako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.

m) Jarduerari emandako laguntza publikoari edo pribatuari dagozkion beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen ziurtagiria (adibidez: Udala / Foru Aldundia / Eusko Jaurlaritza / beste batzuk).

n) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria eta NAN/IFK identitatea, eskatzaileak informazio hori Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatzearen aurka berariaz egin duen kasuetan.

o) Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. paragrafotik 4.era bitartean aipatzen dira debekuak–, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa. Agiri hori agintaritza eskudunak egiterik ez badu, haren ordez oinarri honen 7.b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.

Dirulaguntza baloratzeko eta kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko eskabidean jasotako datu edo merezimenduak, agiri bidez justifikatu ez badira.

Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.

8.– Oinarri honetako 7. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

9.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Gainera, laguntzen eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

10.– Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11.– Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak, edonola ere, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

12.– Agindu honen 2. oinarriaren 1.B paragrafoan zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde guzti-guztiei buruzkoak izango dira oinarri honen 7. apartatuan adierazitako agiriak.

10. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla. Era berean, egin beharreko inbertsioaren edo gastuen deskribapen-memoria aztertuko dute, 7. oinarrian ezarritako irizpideak zenbateraino bete diren ebaluatuko dute, eta, horiek oinarri hartuta, txosten bat egingo dute, eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren haztapena eta kalkulua adierazita.

3.– Txosten hori kontuan hartuta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren titularrak ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira, edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, 10 eguneko epea emanda, alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena emango du, eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko eskatzaileari.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena.

2) Diruz lagundutako proiektuaren izena eta kokapena.

3) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioa eta gastuak, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.

4) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5) Proiektua egikaritzeko gehieneko epea.

6) Laguntzaren de minimis izaera adieraztea eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren aipamen zehatza egitea (2023ko abenduaren 15eko EBAO, 2831. zenbakia).

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo sozietate-izena.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta;

4.– Ebazpena banaka eman eta jakinaraziko da, gehienez ere lau hileko epean eskabidea eta dokumentazio osoa aurkezten direnetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko edo landa-garapenaren arloko eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, bai eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

12. oinarria.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeari dagokionez, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak egiaztatuko du automatikoki eta ofizioz. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duten zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskabide horrek arrazoituta egon beharko du.

4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Kudeaketa egokia eta laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioa edo gastua amaitzeko azken egunetik edo luzapenaren azken egunetik aurrera.

13. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

a) Aurreko artikuluan ezarritako baldintzetan laguntza justifikatu ondoren egingo dira ordainketak, eta landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko langile teknikoek ziurtatu ostean; azken ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunak aurkeztu beharko ditu higiezina sasoikako langileentzako ostatu izan dadin beharrezkoa den baimena eta dagokion erregistroa, azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuaren arabera.

b) Inbertsioa partzialki edo osorik egin dela jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean egin beharko da ordainketa.

c) Ekitaldi bakoitzeko bi ordainketa partzial egin ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuan aipatzen diren ziurtagiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoak, aurkeztu ondoren. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 16. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

3.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-base egokian egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– Betiere, onuradunari ez zaio inolako ordainketarik egingo, baldin eta egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada. Debeku horrek bere horretan iraungo du aipatutako zirkunstantziak gertatzen diren bitartean, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.4 artikulua aplikatuz.

14. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat (edo bestelako diru-sarrera edo baliabideren bat) jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, landa-garapenaren arloko sailburuordetza eskudunaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten diren funtsezko aldaketak onartu egin beharko dira, landa-garapenaren arloko sailburuordetza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez. Honako hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:

a) Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

b) Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.

c) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

d) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

e) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik bateren bat ordeztu edo kentzea.

Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea. Aldaketak funtsezkoak ez direnean, aldaketa horiek ez dira onartu beharko landa-garapenaren arloko sailburuordetza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez.

3.– Baldin eta eginiko gastu edo inbertsioaren behin betiko kostu erreala txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloko sailburuordetza eskuduneko titularraren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailburuordetzako titularrak, ebazpen baten bidez, proiektua gauzatzeko epea atzeratu ahal izango du. Horretarako, onuradunak eskatu eta justifikatu egin beharko du, proiektu-gauzatzea bukatu behar den eguna baino 30 egun lehenago, beranduenez. Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango 4. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.

15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren titularrari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 15. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa edo gastua amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrari, zeinak, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko baitu uko-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Gutxienez, honako hauek izango dira ez-betetzeen kausak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak ez betetzea, laguntza emateko helburua erabat hutsalduz.

c) Laguntza emateko helburua ez betetzea.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean erortzea.

2.– Onuradunak aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeetakoren bat egingo balu, laguntza emateko organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, 15 eguneko epea eman eta gero egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko, ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola jasotako laguntzak eta dagozkion berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzak. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Ezarritako baldintzak eta betebeharrak partez betetzeak, baldin eta, betiere, osorik betetzetik hurbiltzen bada modu esanguratsuan eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordaintzea ekarriko du, edo, hala badagokio, zati bat itzultzea, zeina zehaztuko baita egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta. Betiere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

4.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

17. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, DIRULAGUNTZAREN ONURADUN IZATEKO BETEKIZUNAK BETETZEARI ETA DEBEKURIK EZ IZATEARI BURUZKOA

Nik, ______________________________________ jaunak/andreak (NAN/AIZ: ___________; helbidea:_____________________________________________________),

nire erantzukizunpean, hau adierazten dut:

– Honako laguntza hauek emateko oinarri arautzaileetan eskatutako betekizunak betetzen ditut: nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzak, de minimis araubidean, 2024. urterako.

– Ez nago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez dut eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez naute ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo, ez naiz konkurtsoan deklaratua izan –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez nago esku-hartze judizialaren pean edota ez naute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Ez dut eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik.

– Ez nago honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez naiz Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargua, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Ez dut egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako ezein herrialde edo lurraldetan.

– Ez dut zehapen-ebazpen irmorik jaso, dirulaguntzak jasotzea galarazten didanik, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ez naute zehatu –zigor- edo administrazio-bidean– sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

– Ez dut zehapenik jaso Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean, ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

– Bete dut, hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

– Egunean dut dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluarekin bat etorriz, enpresen deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen dut, aipatutako legearen 49. artikuluaren arabera.

Konpromisoa hartzen dut aurretik adierazi dudana betetzeko, adierazpen hau aurkezten dudanetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.

Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzen dut.

Konpromisoa hartzen dut adierazitako inguruabarretan gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

xxxx, Sin.:

III. ERANSKINA
ORDAINKETA-EPEAK BETETZEA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua

(eranskin honen ondorioz aurkeztu beharreko dokumentazioa ez zaie eskatuko irabazi-asmorik ez duten erakundeei. 30.000,00 euro edo gutxiagoko dirulaguntza eskatzen bada ere ez da eskatuko).

Onuradunaren edo erakunde laguntzailearen izaera lortzeko, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute betetzen dituztela lege horretan ezartzen diren ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis apartatuan xedatutakoaren arabera.

Betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

A) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.

Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudiari jarraituz.

B) Kontabilitateko araudiaren arabera pertsona juridikoek ezin badute aurkeztu galeren eta irabazien kontu laburtua, honako agirietako bat aurkeztu ahal izango dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa ziurtagiri hori.

2. Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri bati egin zaien berrikusketa bat, ondorioztatzen duena inolako salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik antzemanez gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Lege honen ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean.

IV. ERANSKINA
DE MINIMIS LAGUNTZEI BURUZKO ADIERAZPENA

Eskatu ditu/Ez ditu eskatu eta Lortu ditu/Ez ditu lortu diruz laguntzekoa den gastu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikoak –de minimis araubidean– administrazio publiko edo entitate publiko nahiz pribaturen baten eskutik 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan. Lortu baditu,

2021: lortutako zenbatekoa: eta entitate deitzailea: 2022: lortutako zenbatekoa: eta entitate deitzailea: 2023: lortutako zenbatekoa: eta entitate deitzailea:

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala