62. zk., 2024ko martxoaren 26a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (408 KB - 12 orri.)
- EPUB (370 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
1504
AGINDUA, 2024ko martxoaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2023ko eta 2024ko laguntzak emateko errazteko bete daitezen agindutako tratamendu medikoak.
Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak erregulatzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan erregulatzen dira gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak bete ditzaten; betiere, tratamenduok finantzaketa publikoaren xede direnean.
Dekretu hori aldatu egin da; lehenik, azaroaren 14ko 247/2017 Dekretuaren bidez (azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.), dekretu horren 3. artikuluan ezartzen diren laguntzen onuradunen kolektiboa handitzeko, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren zenbait apartatu aldatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen arazoaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari egokitu dadin, eta Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak jarrai dezan aipatu laguntzak kudeatzeko eskumenak izaten.
Eta, bigarrenik, 2019ko otsailaren 5eko 16/2019 Dekretuaren bidez (otsailaren 11ko EHAA, 29. zk.), Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzko uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretura egokitzeko. 7/2018 Errege Lege Dekretuak Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.1 eta 3 ter artikuluak aldatzen ditu, eta ezartzen du osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titular direla, batetik, espainiar nazionalitatea dutenak eta Espainian bizilekua duten atzerritarrak, eta bestetik, Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, espainiar nazionalitatea dutenen baldintza berberetan osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea dutenak.
Aipatutako 447/2013 Dekretuak dioenez, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntza horien deialdia egitea. Zehatz esanda, 2.2 artikuluaren arabera, «Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea, honako hauek adieraziko dituen agindua emanez: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei –zuzenekoei zein elektronikoei– buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatuz eta aplikatuz».
Aipatu artikulua betetzearren, 2013ko abenduaren 23ko Agindua onartu zen (2013ko abenduaren 31ko EHAA, 248. zk.), zeinarekin deialdia egiten baitzen agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013. eta 2014. urteetarako laguntzak emateko. Aipatutako deialdian, 2013ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra eta 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egindako gastuetarako laguntzak ematea erregulatzen da.
Urtero argitaratu dira laguntzak arautzeko aginduak, eta azkena Osasun sailburuaren 2023ko apirilaren 19ko Agindua da (2023ko apirilaren 27ko EHAA, 80. zk.), agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2022ko eta 2023ko ekitaldiei dagozkien laguntzetarako deialdia egiten duena. Deialdi horretan, arautzen da nola eman laguntzak 2022ko abenduaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra eta 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatik.
Aurrekoa kontuan hartuta, agindu honen bidez beste deialdi bat egiten da 2023-2024 aldirako.
Deialdi hau sartuta dago Osasun Sailaren 2024-2028 ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoan eta 2024ko ekitaldiko dirulaguntzen urteko planean. Bi plan horiek Osasun-sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren, eta argitara eman dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Zehazki, laguntza horiek laguntzen dute gaixotasun- eta premia-egoera objektiboan dauden pertsonak atxiki daitezen Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako eta finantzaketa publikoa behar duten tratamendu medikoetara.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.
Agindu honen xedea da laguntza-deialdia egitea errazteko bete daitezela Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak. Laguntza horiek aldi hauetarako dira: 2023ko ekitaldian, 2023ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra arte, eta, 2024ko ekitaldian, 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa bi milioi eta bostehun mila (2.500.000) eurokoa da. Baliabide horiek, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.
2.– Deialdi honetan guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du gaindituko diru-izendapen hori, edo, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera aurrekontuetan aldaketarik onartzen bada, ez da gaindituko zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza.
3.– Halaber, agortzen bada deialdi honetarako izendatutako kreditua eta hura eguneratzearen ondoriozkoa, zirkunstantzia horri publizitatea ematearren, Osasun-sailburuordeak ebazpen bat emango du, zeinetan zehaztuko baita zein egunetan agortu zen kreditua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; guztia ere, azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuko 11. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, betiere betetzen badituzte laguntza horien onuraduna izateko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako baldintzak (dekretu horren bidez, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira), eta laguntza horien xede den gastua deialdi honetan zehaztutako aldian egin badute. Zehatz esanda, hauxe da gastu hori:
a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta Gizarte Segurantzan pentsiodunak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
b) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta legezko langabezia-egoeran badaude, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
c) Osasun-babeserako eta arreta sanitariorako eskubidearen titularrak, baldin eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute beren laneko errentak osatzeko, eta EAEko sistema sanitarioak eman eta bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.
d) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta aurreko hiru apartatuetan aipatutako aseguratuen onuradunak badira eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
e) Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.
2.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek, berriz, ezin izango dute lehiaketan parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek, horretan barne direlarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzearen ondoriozkoa.
3.– Organo kudeatzaileak erabaki ahal izango du eten daitezela onuradunari ordaintzeko dauden zenbatekoak, Administrazioak berak kautelazko neurri gisa emandako beste dirulaguntza batzuen ondorioz, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoarekin.
4.– Bai bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, eskatu ahal izango da egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Automatikoki egiaztatuko da ea betetzen diren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.6 artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluarekin eta haren Erregelamenduaren 22.4 artikuluarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).
Hala ere, eskatzaileak espresuki aurka egin ahal izango dio egiaztapen horri; orduan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu ziurtagiri eguneratuak, egiaztapen hori egiaztatzen dutenak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko, onuradunei itzuli egingo zaizkie 2023ko abenduaren 1etik abenduaren 31rako eta 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetan ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak; betiere, finantzaketa publikoa jaso dezaketen tratamendu farmakologikoei, eta efektu eta osagarriei dagokienez.
2.– Halaber, ordaindu ahal izango dira 2024ko epealdi berean ordaindu behar diren zenbatekoak, hain justu ere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzearen ondoriozkoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketen produktu dietetikoei dagokienez.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
11.– Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko; horretarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemak erabili beharko dituzte nork bere burua identifikatzeko.
2.– Honako hauek arautzen dute izapidetze elektronikoa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6. artikulua.– Izapidetze sinplifikatua.
1.– Oro har, izapidetze erraztuaren bitartez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak; betiere, organo kudeatzaileak eskabideak ebazteko behar besteko informazio badu, bai pertsona onuradun izatearen kondizioaz, bai laguntzaren xede den gastua egiteaz, eta eskatzaileek baimena eman badute berariaz aipatutako datu horiek egiaztatzeko.
2.– Beraz, honako pertsona hauek erabili ahal izango dute izapidetze erraztua:
a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak eta beren onuradunak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan araututa dagoena.
b) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, langabeziaren legezko egoeran daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak eta beren onuradunak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan erregulatuta dagoena.
c) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan erregulatuta dagoena.
d) Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.
3.– Egoera horretan dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio ordainketa egiteko eskatzaileak adierazten duen kontuan. Horretarako, lehenago egiaztatu beharko da, batetik, nor den onuraduna, eta, bestetik, laguntzaren helbururako gastua egin dela. Eskaera hori eskuragarri egongo da, halaber, Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, soilik aurretik hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidearen bidez.
4.– Helbide honetan eskura daiteke izapidetze erraztuko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336322
7. artikulua.– Ohiko izapidetzea.
– Izapidetze erraztua egiterik ez badago, ohiko izapidetzearen bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, bat etorriz aurreko artikuluan ezarritakoarekin. Hau da:
a) Pertsona eskatzaileak Administrazioari baimen espresurik ematen ez badio gastuari buruzko datuak egiaztatzeko.
b) Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada dirulaguntzaren xedea den gastua.
c) Baldin eta agindu honetako bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako pertsonen arlokoa bada eskabideak izapidetzea.
2.– Kasu horretan, interesdunek, banako osasun-txartelaren bidez edo Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak jasotzeko bidea ematen duen dokumentu identifikatzailearen bidez nortzuk diren egiaztatu ondoren, eskabidea aurkeztuko dute, agindu honetako II. eranskineko eredua behar bezala betez. Eredu horri honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:
a) Onuraduna nor den egiaztatzen duen dokumentazioa.
b) Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak jasotzen dituena.
c) Eskuratutako produktua pagatu izana justifikatzeko agiriak, non jasotzen baitira jaso dituzten produktuen identifikazio-datuak eta eskatzaileak egindako ekarpenak, tokatzen den epealdian diruz lagundutako gastuei dagokienez.
Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (pdf formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.
3.– Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.
4.– Izapidetze arrunteko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336321
8. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Dirulaguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresu bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
9. artikulua.– Izapidetze-hizkuntza.
Pertsona eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta eskatutako gainontzeko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozeduran zehar, pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, horixe baitago ezarria Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan.
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Deialdi osorako izapidetze erraztuko eskabide bat aurkeztea aski izango dute pertsona interesdunek, eta hori egin ahal izango dute edozein unetan, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik 2024ko abenduaren 10era arte.
2.– Izapidetze ohikoari dagokionez, deialdi honetan pertsona interesdunek bi eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez ere; lehena, 2024ko ekainaren 10era arte, eta bigarrena, 2024ko abenduaren 10era arte, lehenengoan justifikatu gabeko gastuei dagokienez.
3.– Eskabideak aurkeztu ahal izango dira hala Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan nola Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, soilik aurretik hitzordua eskatuta, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.
Era berean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan eta honako helbide hauetan: izapidetze errazturako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336322 eta izapidetze ohikorako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336321
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bidez eman edo ukatuko zaizkie laguntzak onuradunei, organo kudeatzaileak proposatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa argitaratuz jakinaraziko da, bai eta Osasun Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzan, osasun-zentroetan eta helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336322 eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336321)
2.– Planteatzen den izapidetze-era edozein delarik ere, laguntzaren helburuari dagokion gastua zehaztu ostean, laguntzak esleitzeko ebazpenak emango dira, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bidez, bat 2024ko hirugarren hiruhilekoan, eta bestea 2025eko lehen hiruhilekoan, hurrenez hurren, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako, eta 2024ko ekainaren 1etik azaroaren 30era bitartean, berriz, egindako gastuengatiko laguntzetarako. Edozelan ere, izapidetze arruntean formulatutako eskabideen gaineko ebazpenek beharko dute izan koherenteak eskabideotan jasotako eskaera zehatzarekiko. Edozelan ere, izapidetze arruntean formulatutako eskabideen gaineko ebazpenek beharko dute izan koherenteak eskabideotan jasotako eskaera zehatzarekiko.
3.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, izapidetze-era edozein delarik ere, 2024ko ekainaren 10az geroztik egiten bada eskabidea, laguntzak emateko ebazpen bakarra emango da 2025eko lehen hiruhilekoan, dirulaguntzari dagokin aldian zehar pertsona onuradunek egindako gastuei dagokienez.
4.– Laguntzen onuradun-izaera aitortzeko eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da, berariazko ebazpenik ematen ez bada, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
12. artikulua.– Ordaintzeko era.
Laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik harako bi hilabeteko epean ordainduko zaizkie emandako laguntzak pertsona onuradunei.
13. artikulua.– Errekurtsoak.
Laguntzak baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako era eta epeetan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Honako kopuru hauen arabera neurtuko da deialdi honetan 18.000 eurotik beherako urteko errentetako ezartzen den diru-sarreren muga: 2023ko abenduan egindako gastuei dagokienez, 2022ko ekitaldian likidatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa; 2024ko ekitaldian egindako gastuei dagokienez, 2023ko ekitaldian likidatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek II. eranskineko eredua bete beharko dute bere eskabidea izapidetzeko, ohiko izapidetzeari jarraikiz. Horretarako, MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titular eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak izan beharko dute (klase pasiboak); betiere, haien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; beren onuradunak ere bete beharko dute eredu hori, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, eta onartuta badaude Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 47/2013 Dekretuaren xedapen gehigarrietako bigarrenaren 1. eta 2. apartatuetan.
2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:
a) MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietan afiliaturik egotea eta pentsiodun-izaera (Klase Pasiboak eta Erregimen Orokorra) edo haietako pentsiodunen baten onuradun izatea egiaztatzen duen dokumentu ofizialaren kopia.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.
c) Hartzen ari den tratamenduaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.
d) Erositako produktuak ordaindu izana justifikatzeko agiriak, non adierazita dauden eskatzaileak dagokion aldian erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindu dituzten gastuei –diruz lagun daitezkeenei– dagokienez.
3.– Organo kudeatzaileak ofizioz kontsultatuko ditu diru-sarrerei buruzko datuak (PFEZ aitorpena edo diru-sarrera nahikorik ez egoteagatik horiek egitera behartuta ez egotearen ziurtagiria), salbu eta interesdunak aurka egiteko eskubide arrazoitua baliatzen badu; kasu horretan, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan likidatutako PFEZaren aitorpena aurkeztu beharko du.
Diru-sarrerak agindu honetan ezarritako baldintzetan egiaztatzeko soilik, Osasun Sailak behar-beharrezkoa den informazioa eskatuko die foru-ogasunei, NISAE Elkarreragingarritasun noko PFEZ-Errenta Maila Zerbitzuaren bidez.
4.– Kasu horietan, eskabideak 10. artikuluan aipatutako epean eta tokietan aurkeztuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusten ez denari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, eta berorren erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuz onartua; Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean; 447/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.