36. zk., 2024ko otsailaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 4 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
851
AGINDUA, 2024ko otsailaren 9koa, Osasuneko sailburuarena, Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordea sortzekoa.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitu zituen, 2002an, Zainketa Aringarriak: «Gaixoen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzen duen arreta-ikuspegia, gaixotasun hilgarriekin lotutako arazoei prebentzioaren eta sufrimendua arintzearen bidez egiten diena aurre. Hori guztia, minaren eta bestelako arazo fisikoen, psikosozialen eta espiritualen identifikazio azkarraren eta balorazio zein tratamendu egokiaren bidez».
Euskadik Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko uztailaren 8ko 11/2016 Legea du. Lege horrek pazienteen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, pertsonei beren bizitzaren azken fasean eman behar zaien asistentzia sanitario eta soziosanitarioari dagokionez, non zainketa aringarriek zentzu eta garrantzi osoa hartzen duten.
Arreta aringarria da 2030erako Euskadiko Osasun Planean eta, zehazkiago, 2023-2027 aldirako Zainketa Aringarrien Euskadiko Plan Estrategikoan aitortutako jarduketa sanitario eta soziosanitarioko eremuetako bat. Azken horretan, 1.1 helburuan zehazten da, honela: «Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzorde bat sortzea eta funtzioak, osaera eta lan-kronograma argi eta garbi definitzea. Kontseilu hori plan hau garatzeaz eta planaren jarraipena egiteaz arduratuko da, arreta berezia eskainiz egituraren hedapenari eta ESIetan eskuragarri dauden baliabide asistentzialen mapa egokitzeari, zainketa aringarrien premian diren pazienteen konplexutasun-mailari dagokionez»:
Arau honen bidez, zeina Osasun Saileko aholku-batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuak ezarritako araubidearen barruan sartzen baita, Osasun Sailari zainketa aringarrien arloan aholkularitza emateko organo bat sortzen da, aholkularitza teknikorako eta arreta aringarri integrala eta kalitatezkoa emateko.
Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak organo honi administrazio-xedapen orokorrak emateko esleitzen dizkioten eskumenez baliatuz, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta atxikipena.
1.– Agindu honen xedea da Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordea sortzea, zainketa aringarrien arloan Osasun Sailari aholku eta aholkularitza teknikoa emateko organo gisa, Osasun Saileko aholku batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuan xedatutakoaren esparruan.
2.– Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Osasun Sailera dago atxikita, baina ez du sailaren egitura hierarkikoan parte hartzen.
2. artikulua.– Funtzioak.
1.– Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordearen funtzio nagusia da Zainketa Aringarrien Euskadiko 2023-2027 Plan Estrategikoaren garapena eta jarraipena zaintzea, bai eta etorkizuneko plan estrategikoetan ere, hala badagokio, arreta berezia jarrita zainketa aringarrien premiak dituzten pazienteek aurkeztutako konplexutasun-mailari dagokionez ESIetan erabilgarri dauden laguntza-baliabideen egitura hedatzeari eta maparen egokitzapenari.
2.– Osasun Saileko aholku batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako funtzioez gain, Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordearen funtzioak izango dira, baita ere, honako hauek:
a) Esku-hartze sanitarioko programak proposatzea eta, hala behar izanez gero, programa horiek Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera lantzea, honako hauek zehaztuz: helburu operatiboak, zerbitzuetako premiak, baliabideak eta antolakuntza, Zainketa Aringarrien Euskadiko 2023-2027 Plan Estrategikoan aurreikusitako helburu orokor eta ekintza-lerroen eremuan.
b) Asistentzia-mailen eta -dispositiboen antolamenduari buruzko informazioa eta aholkuak ematea, arreta aringarriaren jarraitutasuna hobetzeko (24 ordu, 7 egun astean) eta baliabideak zentzuz aprobetxatzeko.
c) Zainketa aringarrietako zerbitzuen eta prestazioen informazio-, prestakuntza- eta ebaluazio-sistemei buruzko informazioa eta aholkuak ematea.
d) Asistentzia-prozesuen kalitatea monitorizatzeko eta arreta aringarriaren emaitzak neurtzeko beharrezkoak diren adierazleak definitzeko informazioa eta aholkuak ematea.
e) Abian jarritako edo abiarazi beharreko jarduerak aztertzea, horien eraginkortasunaren eta zainketa aringarrien premien bilakaeraren arabera.
f) Abian dauden edo etorkizunean aurreikusten diren ikerketa-ildoei buruz informatzea eta aholkatzea, eta zainketa aringarrietan teknologia eta gailu edo asistentzia-modalitate berrien berri ematea.
3. artikulua.– Osaera.
1.– Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordea batzordeburu batek, idazkari batek eta 17 batzordekidek osatuko dute. Osasuneko sailburuak izendatuko ditu guztiak.
Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordearen buru Osasuneko sailburuordea izango da.
Idazkari-lanak Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak egingo ditu.
Batzordekideak:
Osasuneko sailburuak izendatuko ditu kideak, agindu bidez, banaketa hau kontuan hartuta:
a) Hiru batzordekide, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa, eta horien artean egongo da Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.
b) Bi batzordekide, mediku bat eta erizain bat, Osakidetzako zainketa aringarrietako unitate eta talde espezifikoen ordezkari gisa.
c) Bi batzordekide, mediku bat eta erizain bat, Osakidetzako Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuen ordezkari gisa.
d) Batzordekide mediko bat, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Unitateen ordezkari gisa; Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteak proposatuta.
e) Bi batzordekide, Osakidetzako Barne Medikuntza, Onko-Hematologia, Kardiologia, Pneumologia edo Neurologiako espezialitateetako medikuen ordezkari gisa.
f) Batzordekide bat, Osakidetzako Osasun Kontseiluaren ordezkari gisa.
g) Batzordekide bat, Osakidetzako Larrialdietako edo Larrialdietako Zerbitzuen ordezkari gisa.
h) Bi batzordekide, bat medikua eta bestea erizaina, Pediatriako Zainketa Aringarrien Unitateen ordezkari gisa.
i) Batzordekide bat, Arreta Soziosanitarioko Zuzendariaren ordezkari gisa.
j) Batzordekide bat, Arinduz Euskadiko zainketa aringarrien sozietatearen ordezkari gisa.
k) Bidasoko ESIko erizain bat, Bidasoa Zurekin (Eskualde errukitsua) elkarteko kide dena.
2.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betetzeko, generoan aditua den pertsona baten parte-hartzea eta sexu bakoitzeko pertsonak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea bilatuko da.
3.– Batzordean ordezkariren bat duen erakunde edo organo bakoitzak ordezko pertsona bat proposatu ahal izango du titular bakoitzeko, tokia hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edo gaixo dagoenean haren tokia har dezan.
4. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Zainketa Aringarrien Euskadiko Aholku Batzordea Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoa da, zainketa aringarrien arloko kontsulta- eta partaidetza-funtzioak betetzeko.
2.– Batzordeak agindu honetan xedatutakoa izango du arau, eta, aipatutako arauetan aurreikusita ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan xedatutakoa.
5. artikulua.– Bileren maiztasuna eta gobernantza.
1.– Euskadiko Zainketa Aringarrien Aholku Batzordea urtean behin batuko da, baina, beharrezkoa izanez gero, bilerak maizago egitea proposatu ahalko da.
2.– Bilkuretara joateak ez die ordainsari ekonomikorik, kalte-ordainik edo dietarik jasotzeko eskubiderik emango Batzordeko kideei.
6. artikulua.– Euskararen erabilera.
1.– Zainketa Aringarrien Aholku Batzordeak euskara erabiltzeko aukera bermatuko du, euskararen erabilera normalizatzeko legeriaren arabera.
2.– Edonola ere, deialdiak, aktak eta ziurtagiriak ele bitan idatzi beharko dira.
7. artikulua.– Urteko memoria, publizitatea eta gardentasuna.
Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluaren arabera, urtero kudeaketa-memoria bat idatziko da, eta horren berri jendaurrean emango da Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmena.
Eusko Jaurlaritzako dagokion sailburuari –osasun-arloan eskumena duenari, hain zuzen ere– ahalmena ematen zaio agindu hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 9a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.