Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2023ko azaroaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5123

AGINDUA, 2023ko urriaren 31koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Call for transnational proposals 2023-«Healthcare of the future» nazioarteko lehia-deialdian hautatutako EAEren partaidetza duten I+G proiektuetarako laguntzen deialdia, Bioef – Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioarena. Nazioarteko lehia-deialdi hori Horizonte Europa Esparru Programaren barruan Europar Batasunak sustatutako «European Partnership on Transforming Heatlh and Care System (THCS)» osasun-sistemak eraldatzeko Europako lankidetzaren esparrukoa da (101095654 zenbakiko dirulaguntza-akordioa).

Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa –Bioef– Osasun Sailak sortutako tresna da, EAEko sistema sanitarioan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko. Fundazioa, halaber, ikerkuntza eta berrikuntza sanitarioan diharduten sektoreen arteko erkidego-, estatu-, nazioarte-mailako elkarlan, lankidetza eta komunikazio-esparru bat da. Gainera, programa eta politika sanitarioak eta sektoreartekoak funtsatzen laguntzen du Bioefek, sistema sanitarioak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuari jarraikiz, Bioef sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzen dio zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta, halaber, era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun Sailak 2021-2024 aldirako esparru estrategiko berri bat ezarri du, osasun-politikak barne hartuta, EAEko osasun-sistema publikoa, kalitatezkoa, unibertsala eta bikaina sendotzeko; Lehen Mailako Arreta bultzatu eta indartzearen alde egiten du; osasun publikoaren sistema sustatu eta sendotzearen alde; koordinazio soziosanitarioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzearen alde, eta osasunaren arloko berezko ikerketa- eta berrikuntza-ekosistema garatzen jarraitzearen alde. Ildo horretan, 2022-2025 aldirako Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiak xede hau definitzen du: «Modu aktiboan laguntzea Euskadin osasunari buruzko ezagutza sortzen, garrantzitsua baita nazioartean, pertsona erdigunean jarriz, gizabanako gisa eta gizarteko kide gisa. Inplikatutako eragile guztiei eragitea, Euskadiko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako Sistemaren garapen koordinatua lortzeko». Ardatz estrategikoen artean dago I+Gren nazioartekotzea, eta haren jarduera-eremuan sartzen da nola hobetu posizionamendua, nazioarteko lankidetzak eta nazioarteko funtsen erakarpena, nazioartean aintzatespena duten ezagutzak sortzeko eta horien bidez Europako proiektuak gidatzeko. Horretarako, Horizonte Europa programaren programazio bateratuko deialdietan EAEren parte-hartzea finantzatzera bideratutako laguntzak bultzatuko dira, programa horietan parte hartu ahal izateko Estatuaren kofinantzaketa behar badute.

Emateko prozedura honen xedea hau da: «European partnership on Transforming Health and Care Systems –THCS–» (aurrerantzean, THCS) osasun-sistemak eraldatzeko Europako lankidetzak egindako lehiaketa-deialdietan arrakastaz parte hartu duten EAEko entitateak finantzatzea. Osasun Sailak, Bioefen laguntzarekin, finantzaketa-agentzia gisa esku hartzen du, deialdi horiek kofinantzatuz.

THCS lankidetzak 26 herrialdetako 64 bazkide biltzen ditu, Europar Batasunak kofinantzatzen du Horizonte Europa Esparru Programaren barruan, eta helburu hauxe du: pertsonak erdigunean jartzen dituzten osasun- eta asistentzia-sistema jasangarriago, erresiliente, berritzaile eta kalitate handikoak lortzeko trantsizioa bermatzea. 2023ko «Healthcare of the Future» deialdiak ospitaleetan edo beste osasun-zentro batzuetan gero eta paziente gehiago tratatu beharrak jartzen duen erronkari heltzen dio, bai eta asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko eta ospitale-zerbitzuak arreta anbulatorioarekin hobeto integratzeko premiari ere. Etorkizuneko osasuna eta zainketak taxutzeko behar diren ezagutzak eman nahi ditu, eta konponbide berritzaileak eskala handiagoan aplikatzen lagundu.

Agindu honetan aurreikusten den laguntzak emateko araubidea zuzeneko dirulaguntzena da, honako hauei jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 66. artikulua, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak emandako gaikuntzaren arabera, zeinak Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen baitu.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoarekin, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartzen da Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Osasun Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioari buruzkoetan. Agindu hori Osasun Sailaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (azken xedapenetako zazpigarrena, bi) aldatu zuen xedapen hori–, sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute.

Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean eta, haren barruan, Bioefen ustiapen-aurrekontuan jasotakoaren arabera.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia eta objektibotasuna–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat baztertzen du estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+G+Bko Europar Batasuneko Esparruaren babespean.

Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan ezarritakoa betez, martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da geroago aipatzen den lehia-deialdian hautatutako proiektuetan EAEren parte-hartzea finantzatzeko laguntzak zuzenean emateko deialdiaren oinarriak ezartzea. Deialdi horretan, Osasun Sailak erakunde finantzatzaile gisa esku hartzen du, Bioefen laguntzarekin. Honako hau da lehia-deialdia: 2023ko «Healthcare of the future» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratua.

2023ko «Healthcare of the Future» deialdiko kanpoko adituen taldeak hautatutako proiektuak finantzatuko dira. Deialdi hori 2023ko maiatzaren 23koa da, eta THCS lankidetzaren webgunean argitaratu zen (https://www.thcspartnership.eu/funding/announcement-of-the-joint-transnational-call-for-proposals-healthcare-of-the-future.kl).

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022/10/28ko EBAO, C 414), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

1.– I+G zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G.

2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.

3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022/10/28ko EBAO, C 414).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

Proiekturen batean beharrezkoa bada pertsonekin esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea, ikerketa egingo den erakundearen Ikerketarako Etika Batzordeak (indarrean dagoen araudiaren arabera eratua izan behar da) emandako nahitaezko baimena aurkeztu beharko da. Batzordearen baimen horri pazientearen baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria erantsiko zaizkio.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako egiaztatuta dauden eragileek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzeri eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan eta haren ondorengo eguneratzeetan ezarritakoarekin, eta, orobat, haren xedapen iragankorren edo laguntza-eskabidea aurkezten den egunean hura ordezkatzen duten xedapenen arabera.

2.– Ezinbesteko baldintza da Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian egiaztatutako ZTBESko eragile batek, gutxienez, parte hartzea 2023ko «Healthcare of the future» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratuan aurkeztutako proiektuaren partzuergo onuradunean.

3.– Eragileek ZTBESn egiaztatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezin izango dira onuradun izan. Nolanahi ere, entitate onuradunak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

Entitate onuraduna izatea debekatzen duten inguruabarretako batean ere ez dagoela justifikatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.7 artikuluan aurreikusitako bitartekoak erabili ahal izango dira.

Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, eragile eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak betetzea) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.

Hala ere, eragile eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

Gainera, EONALTBren 50.5 artikuluaren arabera, ezingo dute inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerek, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoek eta juridikoek ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, laguntza nahiz dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, alde batetik, estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak; eta, bestetik, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso ingurumen-arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik zehatutako pertsona juridikoek, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoaren, 109.4 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dirulaguntza ezingo da ordaindu, entitate onuradunak ez baditu egunean aurreko betebeharrak.

5.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraztea dakar berekin, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da ZTBESko eragileak osatutako taldea (2. artikuluaren arabera onuradun direnak, zehazki), 4. artikuluan ezarritako modalitatean ikerketarako laguntza eskatzen duena. Taldeko kideek kasuan kasuko jarduera gauzatzen parte hartuko dute, zein bere zereginez arduratuta, proposatutako lan-planari jarraikiz.

2.– Ezinbesteko betekizuna da osasun-ikerketako zentroen kategorian egiaztatutako ZTBESko eragile batek, gutxienez, parte hartzea 2023ko «Healthcare of the future» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratuan aurkeztutako proiektuaren partzuergo onuradunean.

3.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo lan-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai ZTBESko eragile onuradunarekin, bai proiektua gauzatzeko zentroarekin, bai beste erakunde batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste erakunde horiekin ikertzailearen lotura babesteko. Lotura proiektuaren egikaritze-aldi osorako ez bada, entitate horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du. Adierazpen horren bidez, proiektuan ikertzaile nagusi (IN) edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena emango zaio eta loturari eusteko konpromisoa hartuko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte.

4.– Ikertzaile nagusiek eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen laguntzen ezaugarriak eta emateko araubide juridikoa.

1.– Agindu honen xede diren laguntzak zuzeneko dirulaguntzen modalitatean emango dira, honako hauei jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 66. artikulua, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak emandako gaikuntzaren arabera, zeinak Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen baitu.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen du, eta, hartara, aukera ematen du zuzeneko dirulaguntzak emateko ikerketa zientifikoko, teknikoko eta berrikuntzako proiektuak egiteko, baldin eta proiektu horiek zenbait estatu kidek Europar Batasunaren urte anitzeko esparru-programa gauzatzeko sortutako egiturek egindako deialdi publikoen ondorio badira –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (aurrerantzean, EBFT) 182., 185., 186. eta 187. artikuluetan xedatutakoaren babesean–, eta, halaber, Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren babesean sortutako elkarteen esparruan egiten diren deialdien ondorio badira.

2.– Dirulaguntzak emateko, publikotasunaren, gardentasunaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituko zaie, eraginkortasunaren eta efizientziaren mesedetan. Printzipio horiek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluan eta haren Erregelamenduan ezarrita daude.

3.– Diruz lagundutako jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikerketa-taldeek gauzatuko dituzte. Ikerketa-talde horiek ikertzaile nagusi (IN) batek zuzenduko ditu, eta ikertzaile hori arduratuko da inskribatzen den nazioarteko proiektuaren barruan aurkeztutako proposamenaren jarduerak garatzeaz.

4.– Agindu honen babesean finantzatutako proiektuak banakakoak izango dira; izan ere, 2.1 artikuluan aipatutako onuradunetako batek bakarrik esku hartzen du proiektu horien garapenean. Laguntza honen onuradun izateko eskakizunak betetzen dituen entitate batek baino gehiagok esku hartzen badu nazioarteko proiektuan, haietako bakoitzak bere eskabidea aurkeztuko du.

5. artikulua.– Gastu finantzagarriak.

1.– Egoeran egoerako laguntzaren bidez, ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, betiere proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztuta. Laguntza-eskabidea urterokoka banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.

2.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak jasotzea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideok bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

3.– Langile-gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren heinean. Proiektua gauzatzeko behar diren eta hartan berariaz aritzen diren langileen kostuak, baldin eta erakunde onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.

Ezingo dira finantzatu ZTBESko eragileei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi duten eta inongo administraziotako sektore publikoan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

4.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko ezinbestekoa den material inbentariagarria sartzen da, eta espresuki kanpoan uzten dira altzariak eta instalazioak.

Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, baita erakunde onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuen erabilera-kostuak ere, betiere proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen badira eta beharrezkoak badira.

Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak eta abar).

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskabidearen memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua. Proiektuko jarduera batzuk azpikontratatu ahal izango dira, hain zuzen dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den eragileak egin ezin baditu (dena dela, hori proiektuaren memorian egiaztatu beharko da). Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa. Ezingo da ez jarduera zientifikorik, ez kudeaketa-jarduerarik azpikontratatu.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, eragile onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, eta, proposamen ekonomikoki onuragarriena hautatzen ez bada, espresuki justifikatu beharko da horren arrazoia, memoria batean. Memoria hori justifikazioan aurkeztu beharko da.

5.– Bidaiei eta joan-etorriei dagozkien gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresu, hitzaldi eta kidekoetan parte hartzeak eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

6.– Deialdi honen kontura finantzatu daitezkeen gastuak izango dira, halaber, proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 21); halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den entitatearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta, proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

7.– Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua gauzatu duen erakundearentzat izango da, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.

8.– Nolanahi ere, ondore horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.

9.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen entitate onuradun bakoitzaren proiektuaren aurrekontu finantzagarriaren zenbateko osoak ezingo du gainditu parte-hartzaile horrek nazioarteko deialdian aurkeztutako proiektuan duen aurrekontuaren guztizko zenbatekoa.

10.– Finantzatuko den gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da entitateek koordinatzaile-rola badute Europako proposamenean, eta 150.000 eurokoa entitateek parte-hartzailearen rola baldin badute. Entitate koordinatzailetzat hartuko da Europako partzuergoan halakotzat definitzen dena eta, halaber, partzuergoaren ordezkari eta haren barne-kudeaketaren arduradun dena. Entitate parte-hartzaileak dira, berriz, Europako partzuergoan esku hartzen duten gainerako entitateak.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa hirurehun mila (300.000) eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta honela banatzen dira: 165.000 euro (% 55) 2023an; 75.000 euro (% 25) 2024an; 60.000 euro (% 20) 2025ean.

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legerian kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta ebazpena eman baino lehen. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Agindu honen babesean finantzatutako proiektuak banakakoak izango dira; izan ere, 2. artikuluan aipatutako onuradunetako batek bakarrik esku hartzen du proiektu horien garapenean. Laguntza honen onuradun izateko eskakizunak betetzen dituen entitate batek baino gehiagok esku hartzen badu nazioarteko proiektuan, haietako bakoitzak bere eskabidea aurkeztuko du.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, honako hauekin bat etorriz: Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikulua (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluak eta, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide hauetara:

Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1048908

Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048908

4.– Eskabidea betetzeko, entitate eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 8.6 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Entitateek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabide-inprimakia.

b) Nazioarteko deialdian aurkeztutako ikerketa-proiektuaren memoria osoaren kopia: 2023ko «Healthcare of the future» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratua.

c) Bioefen dirulaguntza jaso duen laguntzaren aurrekontu-memoria (I. eranskina).

d) Entitate eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (II. eranskina).

e) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

e.1.– Ikertzaile nagusia kide den entitatearen Ikerketako Batzorde Etikoaren txostena, hala behar denean.

e.2.– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo/eta lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak entitate onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

7.– Apartatu honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

8.– Laguntzak eskatzeko epea 2023ko abenduaren 10ean amaituko da.

8. artikulua.– Eskabidearen hutsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzendu ditzan edo falta diren agiriak erants ditzan, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian ere bai; une horretatik aurrera, egintzat joko da jakinarazpena. Baldin eta egiaztatuta badago jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko da jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

9. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritza da deialdi honen xede diren laguntzak emateko prozedura bideratzeko organo eskuduna.

2.– Aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala jaso ondoren, instrukzio-organoak laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta aurkeztutako proposamenak eta aurrekontuak aztertuko ditu. Instrukzio-organoak ofizioz egin ahal izango ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero, horietan oinarrituz, ebazpen-proposamenak egiteko.

3.– Instrukzio-organoak organo eskudunari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan adieraziko dira, aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta, proposatutako finantzaketaren zenbatekoa eta banaketa, bai eta ikerketa-proiektua egiteko baldintzak eta epeak ere, nazioarteko deialdiaren modalitatearen arabera.

4.– Osasun Sailburuordetza da laguntzak emateko ebazpena emateko organo eskuduna.

5.– Laguntza emateko ebazpenean espresuki adieraziko dira laguntzaren entitate onuraduna, dirulaguntzaren zenbatekoa, proiektuaren izenburua eta proiektua gauzatzeko aldiaren urte anitzeko banakapena.

6.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, euren eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute entitate eskatzaileek, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin.

7.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

8.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, entitateek espresuki uko egin ahal izango diote. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

10. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren entitate onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

1.– Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

2.– Deialdia kudeatzen duen organoari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen zaion informazioa ematea.

3.– Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta gehienez hilabeteko epean.

4.– Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

5.– Halaber, entitate onuradunek neurriak hartu beharko dituzte proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko.

Onuradunak, laguntzaren xede diren proiektuei buruzko komunikazio edo argitalpen orotan, honako informazio hau eman beharko du:

a) Europar Batasunaren eta BIOEF/OSASUN SAILAren babesa jaso izana esplizituki adieraztea, bai eta lortutako finantzaketaren aipamena ere.

b) Europar Batasunaren eta BIOEF/OSASUN SAILAren logotipoa, bata bestea baino nabarmenago ez uzteko moduan. Europar Batasunaren ikurrarekin batera, «Co-funded by the European Union» testua erantsiko da.

6.– Entitate eskatzaileek eskura izan beharko dituzte kasuan-kasuan onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion merkataritza- eta sektore-legerian eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatze aldera.

7.– Erakunde onuradunek DLOren 14. artikuluan ezarritako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte, oinarrizkoak baitira.

8.– Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak, 5 urtez.

9.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten funtzioak betetzen ari direla, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro eman beharko dute entitate onuradunek.

11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.

1.– Bioef da laguntza kudeatzen duen organoa da.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.

3.– Urte-sarien gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:

(Ikus .PDF)

4.– Ikerketa sanitarioaren arloan eskumena duen zuzendaritzak memoria zientifikoa eta proiektuak eragindako gastuen agiri bidezko justifikazioa (III. eta IV. eranskinak) onartu ondoren ordainduko dira hurrengo urteei dagozkien zenbatekoak.

5.– Entitate onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, ikerketa sanitarioaren arloan eskumena duen zuzendaritzak haiek onartu ondoren, gainerako urtekoetarako finantzaketa erabilgarria gaituko du.

6.– Entitate onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio laguntza kudeatzen duen organoari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehaztu dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

7.– Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

12. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Laguntzaren entitate onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera; horretarako, organo kudeatzaileari honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, III. eranskinean ageri den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduerei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ekonomia-betearazpenaren laburpen bat aurkeztu. Memoria ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du, koordinazio-proiektuak baldin badira.

b) Parte hartzen duen entitate bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen benetako kopiak aurkeztuko dira. Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak erakunde onuradunetan artxibatuta egon beharko dira gehienez bost urtez, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.

Amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.

3.– Amaierako memoriarekin batera, hala behar bada, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, haiek aurkezteko eskatu baldin bada.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere laguntzaren xedea betetzen dela ulertzen bada–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat jasotzen bada aldi berean, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondore horietarako, laguntza kudeatzen duen organoak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, berriz, haren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, entitate onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin, eta gainerako entitate parte-hartzaileen adostasunarekin.

Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du.

Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 10. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da–.

3.– Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, kasu honetan ere itzuli beharko da dirulaguntza: emandako zenbatekoa, bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (13. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du entitate onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Kasu horretan, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera laguntzaren zenbatekotik gora jasotako kopurua itzuli beharko da.

5.– Osasuneko sailburuordeak emango dizkio hasiera eta ebazpena itzulketa-prozedurari, beharrezko prozesu-izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautu, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondorioetarako (2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak Bioef Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioak tratatuko ditu:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Datu pertsonalak tratatzeko arrazoia da proiektuak deialdi honen oinarrien arabera parte hartu, balioetsi, kudeatu, administratu eta kontrolatzea.

3.– Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte tratatuko dira. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez zaie eutsiko.

4.– Datuak babesteko ordezkaria. Bioefek datuak babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus

5.– Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: Era berean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean (https://www.avpd.euskadi.eus/s04-5213/eu/), tratamendua indarreko legediaren aurkakotzat joz gero.

6.– Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute Bioefek beraien zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkien eskubideak erabiliz, helbide honetan: Bioef – Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa BEC dorrea (Bilbao Exhibition Centre) Azkue kalea 1, 48902 Barakaldo, edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzakete:

a) Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren beren datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.

b) Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzendu daitezke, edo zehatzak ez direnak aldatu eta gabetasunen bat dutenak osatu, tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzeko.

c) Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eska daiteke, baldin eta jada beharrezkoak ez badira kontratua betetzeko.

d) Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Horrelakoetan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.

e) Tratamendua mugatzeko eskubidea: Kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egin edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.

f) Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko haien gainean, interesdunei nabarmen eragiten badie.

g) Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan, eta teknikoki posible bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 31.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala