Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3613

AGINDUA, 2023ko uztailaren 4koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntza ekonomikoak emateko deialdia egiten baita talde teknikoak sortu eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitariorako programak garatzeko, arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko, bai eta 2023ko ekitaldian jarduera-eremu hauetan ohitura osasungarriak sustatzeko ere.

Osasun Sailak du osasun publikoaren eta adikzioen arloko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2020ko azaroaren 7ko EHAA, 176. zk.). Dekretu hori abenduaren 28ko 48/2020 Dekretuak aldatu zuen (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.).

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren arabera, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, adikzioen arloko euskal politika integrala definitzea, ekintza komunitarioa indartzea komunitateek prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen aktiboki parte hartuz, eta droga-mendekotasunak eta jokabide-adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatzea eta mantentzea.

Agindu honek, 2023ko ekitaldirako, adikzioen arloko ohiko laguntza-ildoak izango ditu oinarri. Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.

Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei erantzuteko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeakarlo hauek garatzen ditu: osasuna sustatzea, prebentzioa, eskaintza-murrizketa, asistentzia, gizarteratzea eta prestakuntza eta ikerkuntza. Lege honen helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak lortzeko, eta osasun-kultura indartzea; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.

Aipatutako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak hainbat titulu ditu, baina argi eta garbi lehentasunezkoa da Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aitortzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen baitio barne-osasunaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, bai eta farmazia-produktuen arlokoak eta gizarte-laguntzarekin erlazionatutakoak betearaztea ere, autonomia erkidegoaren eskumen esklusibokoak baitira (Autonomia Estatutuaren 10.12 artikulua). Lege horrek, 66.b) artikuluaren bidez, Eusko Jaurlaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Plana, urteroko betetze-memoria eta azken ebaluazio-memoria onartu eta garatzea.

Euskadin dagoen adikzioen prebentzio-eredua eredu komunitario bat da, eta bertan dauden baliabideak optimizatzea du helburu esku-hartzearen xede diren herritarrengana iristeko. Zentzu horretan, agindu honen asmoa da komunitateko prebentziorako talde teknikoak sortzen eta mantentzen jarraitzea, bai eta adikzioen esparruan udalerriek EAEko Adikzioen Planaren arloan, beren toki- edo, dagokionean, foru-planetan gauzatzen dituzten programak eta jarduketak sortzen eta mantentzen jarraitzea ere, haien eskumena baita horiek egin, garatu eta gauzatzea.

Bestalde, adikzioen esparruan nabarmendu beharrekoa da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeen lana, apirilaren 7ko 1/2016 Legeak berak aitortutakoa, eta laguntza-lerro bat erakunde horiek alor horretan egiten dituzten proiektuak sustatzera bideratuko da.

Gainera, dirulaguntzaren xede diren jarduerek bat etorri behar dute gaur egun luzatuta dagoen Euskadiko Adikzioen VII. Planaren (2017-2021) edukiekin. Plan hori euskal administrazio publikoen estrategiak eta jarduerak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna estrategikoa da, eta erakunde onuradunek diseinatutako proiektuak kokatzeko eta orientatzeko balio du.

Era berean, laguntzen agindu hau bat dator 2013-2020ko Osasun Planarekin, zeina luzatuta baitago gaur egun; plan hori da osasun-sistema planifikatzeko eta programatzeko goi-mailako tresna. Osasun Planak Euskadiko administrazioek hartutako konpromisoak jasotzen ditu, eta funtsezko tresna da euskal herritarren osasuna hobetzeko, haien bizi-kalitatea handitzen jarraitzeko eta desberdintasunak murrizteko. Hala, 5. lehentasunezko arloan, ingurune eta jokabide osasungarriei dagokienez, osasuna, inguruneak eta bizimodu osasungarriak sustatzea da helburua, tokiko eta komunitateko eremuetako sektoreen arteko lankidetzaren bidez.

Jarduera-eremu horretan, Eusko Jaurlaritzak legez aitortutako eskumena baliatuz jarduten du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17. artikuluaren 1. paragrafoaren 10. apartatuaren arabera «osasun publikoa sustatu, kudeatu, defendatu eta babestea» esleituta duten udalerriekin batera.

Deialdi honi aplikatzekoa den administrazio-prozeduran bide elektronikoa baino ez da onartzen; izan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuz, pertsona juridikoak, haiek direnez deialdi honetako erakunde interesdunak, behartuta daude administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko.

Deialdi honek aurreko ekitaldiko edukiei eusten die, eta arau hauek osatutako esparru juridikoa betetzen du: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezartzen duenez, aldez aurretik dirulaguntzen plan estrategikoa egin behar da, eta plan estrategiko horretan, kasu bakoitzean deitu nahi diren dirulaguntzak jaso behar dira. Plan estrategiko horrek eduki bat izan behar du nahitaez.

Dirulaguntzen agindu honek bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko aginduaren bidez onetsi ziren 2023ko ekitaldiko Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritako jarraibideak, zeinak 2023ko martxoaren 7an jakinarazi baizitzaizkion Gobernu Kontseiluari. Plan hori Osasun Sailaren politika planifikatzeko tresna bat da, eta helburu du dirulaguntzak emanez osasuna sustatzea. Horrenbestez, I. eranskineko 3. puntuak, ardatz estrategikoei eta dirulaguntzen lerroei buruzkoak, adikzioak prebenitzeko eta haiei erantzuteko eta arriskuak eta kalteak murrizteko ildoaren barruan, agindu honek 2023. urterako arautzen dituen laguntza ekonomikoen hiru ildoak jasotzen ditu, honako helburu hauekin:

– Tokiko talde teknikoak sortu eta mantentzea, esku hartzeko oinarrizko antolamendu-egitura gisa, adikzioen prebentzio komunitarioarekin erlazionatutako politika eraginkortasunez gauzatzea lortzeko.

– Arriskuak eta kalteak prebenitu eta murrizteko eta jokabide osasungarriak sustatzeko programak eta esku-hartzeak egitea eta garatzea, programa horiek adikzioen edo droga-mendekotasunen tokiko planetan egon behar dute (udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatzen dituzte), eta jarduketa egituratu eta koordinatuen multzo ordenatua dira.

– Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek proiektuak egitea eta garatzea, adikzioen arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko, bai eta jarduketa-eremu horretan ohitura osasungarriak sustatzeko ere.

Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Hori guztia dela eta, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen eremuan 2023. urtean emango diren dirulaguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek, hain zuzen ere, adikzioen prebentziorako udal-taldeak sortzeko eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitariorako udal-programa espezifikoak garatzeko, eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko dira, bai eta jarduera-esparru horietan jarrera osasungarriak sustatzeko ere.

2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:

a) Pertsonen ongizatea, arrisku-faktorerik eza eta osasun arloko ekitatea sustatzeko sektore eta erakunde arteko ekintzak mantendu eta sustatzea.

b) Gaur egun luzatuta dagoen 2017-2021 Adikzioen VII. Planaren jarduera-ardatzetan hobekien txertatuta dauden programak eta proiektuak mantentzea.

c) Premia berriak azalaraztea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.

d) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu- eta sistematizazio-prozedurei jarraitzea.

3.– Aginduak bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onetsi ziren 2023ko ekitaldiko Osasun Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoan ezarritako jarraibideak (euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarkien oholtzan argitaratu zen agindu hori): https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

2. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturrien (edo halakorik ez izatearen) eta iturri horien eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da.

3.– Jasotako laguntzaren eta dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, onartutako jardueraren aurrekontua baino gehiago bada, gehiegi emandako kopuru hori kendu egingo zaio eman beharreko dirulaguntzari.

3. artikulua.– Laguntzen izapideak elektronikoki aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren erakunde interesdunari edo, dagokionean, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari, eta noiz sartu den hura jakinarazpenaren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago interesdunaren eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukian sartu gabe, jakinarazpenari uko egin diola ulertuko da eta, prozedurari jarraituz, izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenean sartzea.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzea honako lege hauen bidez arautuko da: 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

4.– Izapidetze telematikoa eta baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskad.eus helbidean:

Ekipo teknikoak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak 2023:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032114

Adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko laguntzak 2023:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032116

Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuetarako laguntzak 2023:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032115

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 15ean amaituko da.

2.– Laguntza-eskabideen eta gainerako agirien aurkezpena, informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, agindu honen 3. artikuluan izapidetze elektronikoaren prozeduraren eta jarraitutako jarduketen arabera.

Prozedura honetako izapidetze guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsulta daitezke: https://www.euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

4.– Erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, euskadi.eus-en. Eskaerak, horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.

5.– Erakunde eskatzaileek beren hautazko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legeak) ezartzen duen moduan.

6.– Erakunde kudeatzaileak behar hainbeste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza eskatzen duten toki-erakundeek nahiz hirugarren sektoreko eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, erakunde horiek baimenik eman beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko orduan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko da.

7.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duen erakundeak aurka egin ahal izango die datuak edo dokumentuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak lortu edo egiaztatzeari.

Aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen nortasunari dagokionez, ez da beharrezko izango inolako agiririk aurkeztea.

Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan:https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8.– Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak, eta ez dute egon beharko artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan zerrendatzen diren inguruabarretako batean ere. Halaber, bete beharko dituzte azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua betez, eskabidearen eginbide normalizatuan honako betebehar hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste administrazio edo erakunde batek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri emango duela.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren eta amaitu gabe dauden itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein zehapen-prozedura, antzeko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izanaren inguruan hasitakoak.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso, dagokion epaiak edo ebazpen irmoak ezartzen duen epean laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen diona, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Legez eratutako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren dagokion erregistroan izena emandako erakundea izatea.

10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute beren burua onuradun izateko aurkezten dutenek, ordeztutako agiriak aurkeztuz edo erakunde kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

11.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak, aplikatzekoak diren heinean, alde batera utzi gabe, laguntzen onura jaso duten instituzio eta erakundeek hauek bete beharko dituzte, Aginduaren beste artikuluetan ezarritakoez gain:

a) Agindu honetan aurreikusitako ereduak erabiltzea eskabideak aurkezteko eta emandako laguntzak justifikatzeko.

b) Dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek dirulaguntza horri beren-beregi uko egiten ez badiote.

c) Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea.

d) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, segimendua egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.

e) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.

f) EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. planean jasotako konpromisoak betez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan adierazitakoarekin bat eginez, agindu honetako jardueren ondoriozko memoria, proiektu eta gainerako testuak idaztean hizkuntza ez sexista erabiliko da.

g) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea aurreko dirulaguntzetara aurkeztu ez denean edo aldaketak izan direnean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

6. artikulua.– Eskaeraren hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, errekerimendua egingo zaio telematikoki interesdunari, hamar eguneko epean zuzendu ditzan akatsak edo aginduzko dokumentuak aurkeztu. Hauxe ere jakinaraziko zaio: hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira zalantzarik gabe bat datozenak diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, hertsiki beharrezkoak direnak, eta dirulaguntza eman den urte naturala amaitu baino lehen egiten direnak.

Ondasun higiezinak eskuratzea ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko, deialdi honen bidez araututako ezein laguntza-modalitateetan.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste dirulaguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emana izan–, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten instituzioek eta erakundeek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, artikulu honetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuta ere emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

9. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun Publikoaren eta Adikzioen alorreko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendurako erabiliko direla. Hauek dira fitxategi horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

Helburua: Talde teknikoak sortu eta mantentzeko laguntza-eskaerak eta horiei egin beharreko jarraipena kudeatzea, adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko, bai eta jarduera-esparru horietan jarrera osasungarriak sustatzeko ere.

Legitimazioa: Tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko edo interes publikoko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

Hartzaileak: Arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: Webgune honetan eskura daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da; hauek osatuko dute batzordea: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak –batzordeko presidente izango da–, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeek. Kide hauek osatuko dute balioespen-batzordea:

– Itziar Larizgoitia Jauregui: batzordeburua izango da; haren ordezkoa: Koldo Cambra Contin, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea.

– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck; haren ordezkoa Patxi Cirarda Larrea, Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.

– Elena Albisua Cortazar; haren ordezkoa Blas Borde Lecona, Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.

– Juan Carlos Fernández Crespo; haren ordezkoa Iosune Egaña Txurruka, Osasuna Sustatzeko burua.

Kide anitzeko organoko Idazkaritza beteko du batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak.

Balioespen-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian beteko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan jasota daudenak.

3.– II. Kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute eskaerek, behar den epean eta moduan aurkezturik, agindu honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura ez bada iristen eskaerei erantzuteko –18. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbateko ordaintzeko edo eskatutakoa ordaintzeko, zenbatekoa txikiagoa bada–, laguntza-eskabideen artean banatuko da dagoen zuzkidura, funts nahikorik balego legokiekeen kopuruaren arabera.

4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du.

5.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balioespen-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, bai eta erantsitako datuak erkatzeko eta beharrezko diren egiaztapenak egiteko ere, dirulaguntzak behar bezala esleitzeko.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena (III. eta IV. kapituluak) aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta Osasuneko sailburuordeari igorriko dio, onar dezan. Behin onartuta, interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

Alegazioak aztertu eta aipaturiko epea iraganda, Osasuneko sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, betiere egin beharreko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren.

2023ko azaroaren 30a baino lehen ebatzi behar dira agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak.

6.– Laguntzak emateko ebazpenek erakunde onuradunek zer betebehar dituzten adieraziko dute –agindu honen 5. artikuluan datoz jasota–, eta espresuki aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazi behar direla ahaztu gabe, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

8.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraiki ematen dituen laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, dena delako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Isilbidez ezestea.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu ebazpena espresuki emateko betebeharra.

12. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu hau betetzeko, gehienez ere, 2.854.400 euro erabiliko dira. Adierazitako zenbatekoa honela zatikatuko da II-IV. kapituluetako lerroen artean:

a) Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortu eta mantentzeko (II. kapitulua): 1.174.135 euro.

b) Tokiko planei eta ohitura osasungarriak sustatzeko planei lotutako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, jarduera-eremu horretan (III. kapitulua): 561.765 euro.

c) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko (IV. kapitulua): 1.118.500 euro. Kopuru horretatik, 236.000 euro ausazko jokoen adikzioak eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira.

2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura ez bada iristen eskaerei erantzuteko –18. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbateko ordaintzeko edo eskatutakoa ordaintzeko, zenbatekoa txikiagoa bada–, laguntza-eskabideen artean banatuko da dagoen zuzkidura, funts nahikorik balego legokiekeen kopuruaren arabera.

3.– II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzetan uko egiterik gertatuz gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da, zeinak, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko baitu.

13. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 5. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan jasotzen ez denerako, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91-93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.

4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 7. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

6.– Aipatutako zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala badagokio, oraindik egiteko dauden ordainketak.

Osasuneko sailburuordeak itzultzeko prozeduraren hasiera eta horren funtsezko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari. Halaber, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

Alegazioak jaso eta gero, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

Itzultzeko prozeduraren gehienezko epea hamabi hilabetekoa izango da.

Ez-betetzeren bat egon dela erabakiz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du. Hala badagokio, dagokion zenbatekoak Euskal Herriko Altxortegi Orokorrari itzultzeko beharra dagoela ere adieraziko du. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, gehienez ere. Ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da epea. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

15. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan jasotako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Horretaz gain, beste arau hauek ere aplikatzekoak dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

II. KAPITULUA
TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak 8.000 biztanletik gorako EAEko toki-erakundeek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta EAEko Adikzioen Planari lotutako adikzioei buruzko toki-plan bat onartuta badute edo lantzen ari badira eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak egiten badituzte.

Halaber, adikzio-gaien arloko talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, erakunde hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:

a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta toki-erakundeen multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta arreta ematen dieten herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.

b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten EAEko udalek, baldin eta arreta ematen zaien herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.

2.– Agindu honen 16.2 artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, adikzioen prebentzio komunitariorako eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko talde teknikoek funtzio nagusitzat izango dute EAEko Adikzioen Planari lotutako foru- edo toki-planetan ezarritako helburuak betetzea. Plan hori Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 67.1 a) eta 68.1 a) artikuluetan aipatzen da.

17. artikulua.– Talde teknikoen baldintzak, funtzioak eta osaera.

Talde teknikoek, kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasoko badituzte, ezinbesteko baldintza izango dute paragrafo hauetan xedatutakoari egokitzea, betekizunei, eginkizunei eta osaerari dagokienez:

1.– Talde teknikoek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioen prebentzio komunitarioari eta esparru horretan ohitura osasungarriak garatzeari lotutako politika eraginkortasunez gauzatzeko lanbide-trebakuntza egokia izatea. Taldeko teknikari bakoitzak gutxienez adikzioen prebentzioaren arloko 60 orduko prestakuntza duela egiaztatu beharko du (agindu hau argitaratu aurreko ekitaldian egindako prestakuntzari buruzko informazioa aurkeztu beharko du edo aurreko ekitaldietan bidali gabekoena).

b) Talde teknikoak toki-erakunde eskatzailearen jarraibideen arabera jardungo du.

2.– Talde teknikoek, agindu honen 15.2 artikuluan xedatutakoaz gain, eginkizun hauek izango dituzte:

a) Adikzioen fenomenoak komunitatean duen garrantzia behar bezala ezagutzeko nahitaezkoak diren ekintzak garatzea eta osasunarentzat onuragarriak diren bizitza-ohiturak sustatzea, adikzioen esparruan ohitura osasungarriak eta osasuna lortzeko hezkuntza sustatuz.

b) Udal-arloei eta erakunde laguntzaileei aholkularitza ematea adikzioen esparruko jardueren plangintzak eta adikzioen inguruko tokiko planak egikaritzeko, bai eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko, esku-hartze integrala eta koordinatua lor dadin.

c) Pertsonak, familiak eta kolektiboak komunitatean eskuragarri dauden gizarte-baliabideei buruz informatzea eta gai horretan aholkatzea eta, hala badagokio, ohiko gizarte-laguntzara edo zerbitzu espezializatuetara bidaltzea edo bideratzea (hala eskatzen duten kasuetan).

d) Beren funtzioak garatzean osasun- eta hezkuntza-zerbitzuekin eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta esparru horretan osasuna sustatzeko zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

e) Administrazio publikoei laguntzea eta irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuak sustatzea. Batik bat, Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalez gaindiko esparruko proiektuak gauzatzen lagunduko dute.

f) EAEko Adikzioen Planean jasotako arriskuak prebenitzeko eta gutxitzeko berariazko jardun-programak garatzeko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko aurreikusten diren jarduerak.

3.– Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoek langile hauek eduki behar dituzte:

a) 8.001 biztanletik 20.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan.

b) 20.001 biztanletik 45.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan, eta administrari laguntzaile bat, lanaldi erdian.

c) 45.000 biztanletik gorako populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duten bi pertsona eta administrari laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.

d) Foru-aldundientzako eta hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten udalentzako laguntzei dagokienez, gainerako toki-erakundeen baldintza berberetan finantzatuko dira taldeak, alegia, kontuan harturik zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.

18. artikulua.– Eskabideek bildu beharko dituzten datuak.

1.– Talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: euskadi.eus webgunean.

2.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Talde teknikoen deskribapena; helburuak, aurreikusitako proiektuak, eta zerbitzua emateko modua jasoko dira bertan.

b) Talde teknikoak osatuko dituzten pertsonen kopurua: izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi mota (osoa edo erdia, ehunekoa adieraziz), droga-mendekotasunei eskainitako lanaldiaren ehunekoa (lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera eta amaiera eguna eta taldekide bakoitzaren lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

c) Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.

3.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori lantzen ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

4.– Zerbitzua kontratatuta duten toki-erakundeek kontratatuta duten erakundearekin hitzartutako kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:

a) Kontratatutako langileen prestakuntzari dagokion jatorrizko titulua edo fotokopia.

b) Kontratatuek adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).

c) Kontratatutako pertsona bakoitzaren soldata-kostua (soldata gordina eta Gizarte Segurantzako kuota eta bestelakoak).

19. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

1.– Osasun Sailak, 2023. urteari dagokion aipatutako talde teknikoetako langileen kostuaren % 75 finantza dezake. Ehuneko hori aplikatuko zaion oinarria ez da ezein kasutan hauek baino handiagoa izango:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administraria lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditzen badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2024ko martxoaren 1a baino lehenago bidali beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara txosten bat bidali beharko da, talde teknikoak egindako jarduera eta programa balioesteko, eta zenbateraino bete den adierazteko. Ez du horrelakorik aurkeztu beharko agindu honen III. kapituluko laguntzak ere eskatu dituen erakundeak; azken kasu horretan, 22. artikuluan adierazitako justifikazio-memoria besterik ez du aurkeztu beharko.

Justifikazioa aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Justifikazio-ziurtagiria, informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

Eskatutako informazioa jasotzen duen ziurtagiria dagokion erakundean fede publikoa duen pertsonak sinatu beharko du, zeina, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluak xedatzen duenaren arabera, idazkaria baita.

Zerbitzua kontratatuta duten udalerrien kasuan, langileen gastua agiri hauen bidez justifikatu beharko da:

Ordainsariak: 190 eredua (dagokion foru aldundiarena), kontratuak eta nominak.

Gizarte Segurantzaren kuotak: GSDNren TC1 eta TC2 ereduak.

Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki erakunde onuradunari.

III. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA JARDUERA-EREMU HORRETAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

20. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honen xedea da: 2023an zehar EAEko toki-erakundeei arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko, bai eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko emango zaizkien dirulaguntzak arautzea, zeinak EAEko Adikzioen Planari lotutako adikzioen edo droga-mendekotasunen toki-planetan jasota egon behar baitute –plan horiek onartuta edo lantze-prozesuan egon behar dute–. Udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatu behar dituzte planak, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.

2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan, haien lurralde-esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek. Halako programatzat hartuko dira gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak, adikzioen fenomenoari heltzeko jarduerak garatzen dituztenak, eta esparru horretan ohitura osasungarriak bultzatu zein osasunerako hezkuntza sustatzen dutenak.

21. artikulua.– Eskabideetan eta dokumentazio osagarrian bildu behar diren datuak.

1.– Eskaera egin duen erakunde bakoitzak dirulaguntzarako eskabide bakarra aurkeztu behar du, garatu beharreko jarduerak finantzatzen laguntzeko; horrenbestez, egin nahi dituzten proiektuak programa bakar batean bildu behar dituzte. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, euskadi.eus-en

Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Programa aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa etab.

b) Programaren izena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Programa Euskal Autonomia Erkidegoko 2017-2021eko Adikzioen VII. Planean nola txertatzen den, zehaztuta zer jarduera-ardatz, helburu eta eremutan sartzen den, zeinak 2013-2020ko Osasun Planean jasotzen baitira, bai eta programa osatzen duten proiektu bakoitzak zer kostu duen ere.

f) Programa adikzioen tokiko planean nola txertatzen den edo tokiko planaren ildo estrategikoetan, bestela, lantze-fasean baldin badago.

g) Programa nola garatuko den (deskribapena).

h) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

i) Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen historia laburra.

j) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

k) Programaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

l) Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

m) Programaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

n) Programaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.

2.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori lantzen ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

22. artikulua.– Esleitzeko irizpideak eta haien ponderazioa.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jarduerak zenbat biztanleri erantzungo dion: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jardueraren izaera berritzailea, edo hobekuntza berritzaileak txertatzea proiektu batean aurreko urtearekin alderatuta, batik bat jokabide-adikzioei dagokienez: 3 puntu gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraipenari dagokionez: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiek zehatz bete eta justifikatu izana lehendik diruz lagundutako programak/proiektuak: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa ulertuta: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko proiektuaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa, hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeen kasuan: 10 puntu, gehienez.

j) Programaren eraginkortasuna: programaren kostuaren, onuradun-kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; droga-mendekotasunaren arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen duela ulertuko da diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

23. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 finantza dezake, gehienez ere. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatu eta programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak baino ez dira onartuko.

Programa bakar batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 10 baino gehiago.

2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditzen badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2024ko martxoaren 1a baino lehenago bidali beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

4.– Justifikazio-memoriak eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontu sinplifikatua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor jasoko dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.

Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki erakunde onuradunari.

Erakunde kudeatzaileak egoki iritzitako egiaztagirien ausazko lagin teknikoaren bidez egiaztatuko du justifikatutakoa, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko eta horretarako pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

5.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

IV. KAPITULUA
ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO ETA ADIKZIOEN ESPARRUAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

24. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 2023. urtean adikzioen eremuko arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta jarduera-esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek, baldin eta baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute dirulaguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatu behar dute.

c) Bere jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dute.

d) Administrazioaren arauei eta programazioari egokitu behar zaie.

e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jarri behar dituzte.

2.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak garatzeko proiektuak izango dira helburu hauek dituzten ekintzak bideratzen dituztenak:

a) Osasunerako hezkuntza sustatzea.

b) Adikzioei lotutako kalteak gutxitzea.

c) Drogen gehiegizko kontsumoa eta adikzio-jokabideak murriztea.

d) Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantzia batek eragin gabe ere adikzioren bat dutenei ahalik eta informazio eta gaikuntza gehien ematea.

e) Gizartea sentsibilizatzea eta laguntza ematea, hala nola baliabideen koordinazioa, planifikazioa, diseinua eta agente komunitarioen parte hartzea sustatzea.

3.– Laguntza-lerro honetatik kanpo geratuko dira eta dagokien aginduaren bitartez arautuko dira hauek:

a) GIB/HIESaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzea xede duten proiektuak.

b) GIB/HIESa duten pertsonentzako proiektuak.

c) Arrisku txikiagoko kontsumorako materiala banatzea (xiringak trukatzea...) helburu duten kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzeko proiektuak.

25. artikulua.– Eskabideek bildu beharko dituzten datuak.

Proiektu bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus).

Eskabideetan honako datu hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa etab.

b) Proiektuaren izena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Proiektuko harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko 2017-2021eko Adikzioen VII. Planean txertatzea, eta zehaztea, halaber, plan horretako zer ildo, helburu eta eremu ukitzen dituen, zeinak 2013-2020ko Osasun Planean jasota baitaude, eta, era berean, proiektu bakoitzaren kostua adieraztea.

f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).

g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.

i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

k) Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.

26. artikulua.– Esleitzeko irizpideak eta haien ponderazioa.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jarduerak zenbat biztanleri erantzungo dion: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jardueraren izaera berritzailea, edo hobekuntza berritzaileak txertatzea proiektu batean aurreko urtearekin alderatuta, batik bat jokabide-adikzioei dagokienez: 3 puntu gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraipenari dagokionez: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa ulertuta: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko proiektuaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa gisa ulertuta; hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeak direnean: 10 puntu, gehienez.

j) Proiektuaren eraginkortasuna: alegia, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta proiektua aplikatzeak eragiten dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; izan ere, adikzioen arloko prebentzio-proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen du, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

27. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 arte finantzatu ahal izango du. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, zeinak eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar duen.

Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuarekin zuzenean eta modu objektiboan zerikusia duten jarduerei dagozkien gastuek jasoko dute dirulaguntza. Erakundearen berezko langileen zuzeneko gastuen barruan, dirulaguntzadun proiektua zuzenean egikaritzeko beharrezkoak direnak, langileen dedikazioa eta lanpostu-maila adierazi beharko dira. Langileen zuzeneko gastu horiek ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administraria lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, betiere dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira formulazioa, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko) ezin dira proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.

Proiektu batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6 baino gehiago.

2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditzen badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2024ko martxoaren 1a baino lehenago bidali beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

4.– Justifikazio-memoriak eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizun-deklarazio bat da; hor jaso behar dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egozteko ehunekoa. Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki erakunde onuradunari.

Erakunde kudeatzaileak egoki iritzitako egiaztagirien ausazko lagin teknikoaren bidez egiaztatuko du justifikatutakoa, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko eta horretarako pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

Gainera, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko, diruz lagundutako jardueraren gastuen ordainagiriak egiaztatuko ditu, lagin adierazgarri baten gainean, dirulaguntza eman denetik hurrengo bost urtean, Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak dagozkion gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzei kalterik egin gabe. Beraz, erakunde onuradunek gorde beharko dituzte eta eskuragarri izan, laguntza jaso eta bost urtean gutxienez, jaso den dirulaguntzari dagozkion gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.

5.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatu beharreko araudia.

Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak:

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala