109. zk., 2023ko ekainaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (1284 KB - 94 orri.)
- EPUB (1568 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2740
AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, osasunaren alorreko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2023ko deialdia arautzen duena.
Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien arloan ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea, Euskadiko sistema sanitarioa etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori. Horri dagokionez, Euskadiko sistema sanitariotzat hartuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan zehazten dena.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Esparru horretan, Osasun Sailak, 2021-2024 Esparru Estrategikoan eta 2022-2025 Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Estrategiari esker, bi esparru estrategikoen bitartez sustatzen du ikerketa eta berrikuntza, eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan (ZTBP 2030) berriari lagundu dio, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian oinarrituta, non osasun pertsonalizatua lehentasunezko hiru arloetako bat baita. Azken helburua euskal gizartearen bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea da. Horretarako, 2030. urtean Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen berrikuntza-politika bat baliatuko da, eta bikaintasun zientifikoa eta talentua izango dira oinarri estrategikoetako bi.
Deialdi hau aipatutako ZTBP 2030-RIS3 Euskadi estrategiaren barruan sartzen da, eta, hor, osasun pertsonalizatuaren esparrua lehentasunezkoa da. Agindu honetan jasotzen diren jarduerek helburu hauek dituzte: batetik, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea, arlo sanitarioan jakintza sortzen, zabaltzen edo aplikatzen lagunduz, translazio- eta lankidetza-ikuspegia duten ikerketa-proiektuen bidez, eta ikerketa sanitarioaren arloan txertatzen diren profesional-nodo berriak sustatuz.
Laguntza-deialdi honen xede diren lehentasunezko arloak prozesu patologikoei eta prozesu horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzko jakintzaren eta jakintza horren aplikazioaren esparruan daude; horretarako, besteak beste, doitasuneko terapia aurreratuak eta medikuntza pertsonalizatua erabiliko dira, bai eta teknologia, produktu, zerbitzu eta prozesu berrien garapena eta aplikazioa ere, ikuspegi translazional batetik, ikerketako emaitzak pazienteengan aplikatu ahal izateko. Osasuna hobetzeko helburuaren barruan sartzen dira, besteak beste, ikerketa osasun digitalean, neurozientzietan, osasun-zerbitzuetan, osasun publikoan (osasuna sustatzea barne), eta kontuan hartzen ditu gizarte- eta osasun-intereseko gaixotasun garrantzitsuak, bai eta osasuna eta generoa lotzen dituen ikerketa eta pandemiatik eratorritakoa ere (COVID 19aren inpaktua eta COVID iraunkorra).
Ildo horiekin, deialdi berri hau konfiguratu da, eta lau laguntza-lerro ezberdin uztartu ditu arau bakarrean:
– Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez, sistema sanitarioaren ahalmena indartzeko xedez, eta proiektu horiek sistema sanitarioaren eta gizartearen eskakizunak hobeto asetzeko behar den ezagutza sortzen eta osatzen ematen duten laguntza sendotzeko asmoz.
– Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+G proiektuen edo jardueren bidez, I+G jardueretara ahalegin handiagoa bideratzeko eta EAEko sistema sanitarioan ikerketaren kultura indartzeko.
– Osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzea, lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta EAEko gaitasun zientifiko-teknologikoetatik sortutako I+G proiektuen bidez; proiektu horiek produktu, prozesu eta zerbitzu berrien balorizazio eta garapenean aurreratzea ahalbidetuko dute, ZTBP 2030-RIS3 Euskadi estrategiarekin batera.
– Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3 Euskadiren helburuekin bat etorrita, osasun pertsonalizatuaren eremuan, RIS3ren dinamika eta lankidetza sendotzen duten eta proiektuak gauzatzea eta emaitzak ustiatzea errazten duten ekintzetan laguntza emanda.
Deialdi hau 2023o Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago; plan hori Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.
Deialdian xedatzen da Osasun Sailak erakunde kolaboratzaile baten laguntza izango duela deialdiaren kudeaketan (BIOEF - Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa), Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 52. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera.
Kontuan hartu da hori guztia, bai eta honako arau hauek ere: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua (DEO), aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1998ko urtarrilaren 19koa); Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak. Beraz, hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da osasun-arloko ikerketa eta garapenerako laguntzen 2023ko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioei jarraikiz, bai eta laguntzok ematen dituen Administrazioak finkatutako helburuak betetzeko efikaziari eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientziari erreparatuta ere.
Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egingo ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak. Zuzendaritzak Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren laguntza izango du laguntzen kudeaketan, erakunde kolaboratzailea denez (aurrerantzean, BIOEF, edo «erakunde kolaboratzailea»).
Deialdi honen ondoreetarako, ikerketa eta garapena ez dira jarduera ekonomikotzat hartuko; beraz, bete egin beharko dira Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europar Batasuneko esparruan Europako Batzordeak ezarritako baldintzak (2022-10-19ko EBAO, C(2022) amaierako 7388), 20. puntukoak (ikerketa-erakundeen eta -azpiegituren jarduera primarioak eta ezagutzen transferentzia-jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:
1.– I+G zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G.
2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.
3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-19ko EBAO, C (2022) amaierako 7388).
Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Agindu honetan adierazitako jarduketen azken helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduera hobetzea, bai eta garapen sozioekonomikoari laguntzea ere, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktuak, zerbitzuak eta prozesuak garatzearen bidez. Helburu horiek lortzeko, deialdi honen bitartez hau lortu nahi da:
a) Orokorrean, EAEko osasun-sistemaren ikerketarako gaitasuna sustatzea, eta, bereziki, ikertzaile berrien parte-hartzea bultzatzea, eta, horretarako, ikertzaile nagusi gisa egiten dituzten eta egiaztatutako kalitatea daukaten lehenengo ikerketa-proiektuak finantzatzea.
b) Asistentzia-jarduerak egiten dituzten langileek I+G jardueretan parte har dezaten sustatzea, pazienteei ezagutza helarazteko eta asistentzia-praktikatik hipotesiak sortzeko gaitasuna indartzeko, bai eta EAEko osasun-sistemako langileen ibilbide profesionalean ikerketaren alderdia bermatzeko ere.
c) EAEko osasun-sistemaren arloan ikerketa-gaitasunen koordinazioa bultzatzea, eta ikerketa-taldeen arteko sinergiak sustatzea; hala, masa kritikoak izatea eragozten duen zatikatzea gutxituko da, eta ikertzaileen jarduera helburu komunetara bideratuko da, jardun klinikora eraman daitezkeen emaitzak lortzeko.
d) Askotariko arlo eta agenteetako ikerketa-taldeen arteko elkarlana (sektore, ardatz eta diziplina anitzekoa) bultzatzea, beste modu batera lortzen zaila den ezagutza eskuratzeko eta emaitzak hobeto transferitzeko.
e) Sustatzea, batetik, ikerketa translazionala, eta, bestetik, gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko behar den ezagutza zientifiko-teknikoa garatzeko, transferitzeko eta aplikatzeko jarduerak, bai eta osasun publikoaren eta osasun-zerbitzuen sustapen-jarduerak hobetzen dituztenak ere.
2.– Deialdi honetan, ikerketa biomedikorako proiektuak (oinarrizkoa, klinikoa, epidemiologikoa eta osasun publikokoa) eta osasun-zerbitzuetako ikerketarako proiektuak eta ekintza osagarriak finantzatuko dira. Proiektuetarako gai-arloak I-A eranskinean daude jasota, baina hori ez da eragozpen izango 6. artikuluan modu espezifikoan adierazitakorako.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratutako agenteek soilik eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak, baldin eta kategoria hauetan egiaztatuta badaude: Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zabaltzeko Agenteak, Ikerketa Sanitarioko Zentroak, I+G Sanitarioko Erakundeak, Zentro Teknologikoak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ), Enpresetako I+G Unitateak, eta Eskaintza eta Eskari arteko Bitartekaritza Agenteak.
Laguntzen eskabidea aurkezteko egunean, agenteek horretarako akreditatuta egon beharko dute, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoarekin) eta haren aldaketekin –aldaketarik berriena urtarrilaren 26ko 21/2021 Dekretuaren bidez egin zen; zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko dekretua– eta xedapen iragankorrekin bat etorriz.
2.– Publikotasunaren ondorioetarako, agente horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Agenteen Erregistro Publikoan identifikatuta daude, honako helbide hauetan:
– Euskaraz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu
– Gaztelaniaz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es
3.– Agindu honen 6. artikuluan dago zehaztua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zer agente-kategoria zehatzek har dezakeen dirulaguntza proiektu-modalitate bakoitzean.
4.– Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, erakunde talde batek egindako proiektuak izan daitezke, erakunde horiek onuradunak izan zein ez (3. artikulu honetan azaldu bezala), baina erakunde horiek beharrezkoak badira proiektua garatzeko eta hura garatzeko gaitasuna ere badaukate, DLOaren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako erakundeak onuradun izan daitezke, baldin eta deialdi honetan jasotako betekizunak betetzen badituzte.
2.– Agenteek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) akreditatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.
3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, agenteek agindu honetako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute.
4.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan honako egoera hauetariko batean dauden agenteak:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragitea, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten dutenak.
g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
i) DLOaren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradunak izan, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.
j) Dirulaguntzak jasotzeko galerazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo zirkunstantzia haiek izan badira.
5.– Halaber, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. apartatuarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak ezarritako epean. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.
6.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, DLOaren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea da eta.
7.– Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, agente eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.
Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.
5. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.
1.– Talde eskatzailetzat hartuko da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agenteek osatutako taldea (3. artikuluaren arabera onuradun diren agenteak, hain zuzen) eta, hala badagokio, baita onuradun ez diren beste erakunde batzuek osatutako taldeak ere, baldin eta ikerketa-proiektua proposatzen badute eta bera gauzatzen parte hartzen badute, horretarako, erakunde bakoitzak proiektuko lan-plangintzaren arabera hartzen dituen atazak garatuta.
2.– Finantzaketa zenbait agentek eskatzen badute, proiektu edo jarduera bakoitzean parte hartzen duten agenteetako ikertzaile nagusietako (IN) batek hartuko du bere gain proiektuaren koordinatzailearen izaera. Proiektuaren koordinatzailea den agentea arduratuko da Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeaz, jarraipena eta justifikazioa egiteaz eta informazio orokorra emateaz.
3.– Eskabidea aurkeztu den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian behintzat, talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai onuradun den ZTBESko agentearekin, bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste erakunde batzuekin, baldin eta agenteak indarreko hitzarmen bat badauka beste erakunde horiekin ikertzailearen lotura babesteko.
4.– Ikertzaile nagusi koordinatzaileak, eginkizun horren pean, gehienez bi proiektutan hartu ahal izango dute parte, hartara eragotzi gabe 6. artikuluan xedatutakoa. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu desberdinetan parte hartzeko.
5.– Agindu honen 6. artikuluan zehazten dira ezaugarriak, eta, beharrezkoak direnean, betekizunak, diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoetan.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
1.– Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzea: ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, onuradunak Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorietan akreditatutako ZTBESko agenteak bakarrik izango dira, eta horiexek aurkeztu ahal izango dituzte 2023an hasi eta gehienez 36 hilean garatzen diren proiektuak. Ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, ezin izango dute ikertzaile nagusi koordinatzaile gisa parte hartu Osasun Sailaren 2021eko eta 2022ko deialdietako aribideko beste proiektu batzuetarako eginkizun horretan daudenek.
Lau proiektu modalitate daude:
a) Ikertzailehasiberriak sustatzea: ikertzaile nagusia, 1977an edo geroago jaioa izaki, lehenago ikertzaile nagusi (IN) koordinatzaile gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartutakoa ez den taldeen proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:
– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean babestutakoekin bat. Seme-alaba bakoitzeko urtebete zabalduko da.
– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete zabalduko da.
– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hileko tarte batekoa gutxienez, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebete zabalduko da.
Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza.
b) Osasun-zerbitzuetako ikerketa-proiektuak: osasun-politiken ebaluazio-arloetako proiektuak; prozesu eta emaitzen ebaluazioa; erabakiak hartzeko laguntza; antolamendu-ereduen garapena eta ebaluazioa. Modalitate honetan, zerbitzu sanitarioetako ikerketaren d) puntuan azaldutako azpiarloetako edozeinetan (I-A eranskina) garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza. Honako hauek interes berezia dute: osasun komunitarioaren ereduekin eta lehen mailako arretarekin lotutako ikerketa, erizaintza eta zainketa aringarriekin lotutako ikerketa. Modalitate honetan, EAEko sistema sanitarioaren zenbait alderdi inplikatu nahi dira, errazteko, hala badagokio, emaitzen eskalabilitatea eta hedapena, edo sistemako erabakiak hartzean duten erabilera.
c) Proiektu biomedikoak: osasunari buruzko oinarrizko ikerketa-proiektuak, osasun-sistemaren barruan elkarlanean eginak. Proiektu hauek helburu nagusi hau izan behar dute: behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzea, badauden gaitasun sanitarioak gehituta; edo osasuneko garapen teknologikoa, translazio-gaitasuna duten proiektuetarako kontzeptu-probak egiteko helburuarekin.
Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (d puntua).
d) Proiektu sanitario integratua: hiru ikerketa sanitarioko institutuek elkarlanean egindako gehienez 2 ikerketa-proiektu finantzatuko dira; proiektu hori interes komuneko arlo estrategikoetan egindakoa izango da, politika sanitarioekin bat etorri behar du, eta institutu bakoitzaren ekarpena behar dela argi justifikatuta izan behar du. Horrez gain, masa kritiko baten edo indar diferentzialen sorreraren edo sendotzearen emaitza izan behar du, EAEko sistema sanitario publikoaren barruko gaitasunak hobeto kohesionatze aldera.
Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (hala ere, modalitate horretan institutuarteko elkarlaneko proiektuak ere espero dira). Gehienez 300.000 euroko finantzaketa emango da proiektuko.
2.– Ikerketa sanitarioaren jarduera areagotzea: laguntza-lerro horretan, Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dauden ZTBESaren agenteak bakarrik izan ahalko dira onuradunak. Fakultatibo espezialistak eta erizaintzako edo fisioterapiako unibertsitate-diplomadunak finantzatuko dira, aldi berean ikerketa-jarduerak eta jarduera kliniko-asistentzialak egiten dituzten profesionalen jardueren zati batez arduratzeko. Hauek dira laguntzaren ezaugarriak:
Ikerketa-jarduera hauetara ahalegin handiagoa bideratzea eskatu ahalko da: kanpo-finantzaketa duen I+G proiektu bat amaitzeko jarduerak; erakunde sanitarioan ikerketa sustatzeko sareak, proiektuak, plataformak eta beste jarduera batzuk sortzera bideratutako jarduerak; ikerketa-jarduera izango duten etorkizuneko profesionalen prestakuntza, eta kultura-aldaketara eta sistema sanitarioan ikerketa ezartzera bideratutako jarduerak.
Agenteek jarduera kliniko-asistentziala duten profesionalak proposatu ahal izango dituzte laguntza jasotzeko, baldin eta:
– Autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko kanpo-finantzaketa duten proiektuetako ikertzaile nagusiak badira (proiektu horiek, 2023an edo 2024an, gutxienez, aribidean egon behar dute);
– 2023an edo 2024an aribidean dauden Europako proiektuetako lan-paketeen, plataformen, sareen edo programen arduradunak badira edo plataforma, sare, programa, proiektu edo talde horiek sortzearen arduradunak badira;
– Atxikita dauden institutuari edo institutuaren zientzia-arloei laguntzeko lana sustatzeaz arduratzen badira.
Ezingo dira hautagai izan Osasun Sailak 2021eko eta 2022ko deialdietan finantzatutako proiektu baten ikertzaile nagusi izandakoak, langileak liberatu behar izan badira proiektu horretan. Era berean, ezingo dira hautagai izan zuzendariak nahiz zerbitzuburuak, horien jardueraren zatirik handiena ezin baitaiteke eskuordetu.
Gehienez 24 hilabeterako eskatu ahalko da ahaleginak areagotzea, eskaeraren oinarri den proiektu aktiboa edo jarduera egiteko behar diren urteen arabera. Laguntza horiek beharrezko diren langileen kostuak finantzatuko dituzte 2023an, 2024an eta, behar izanez gero, 2025ean, hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako.
Ordaintzen den diru-zuzkidura jarduera kliniko-asistentziala bere gain hartuko duen langilearen estaldurari dagokiona izango da.
Gehienez bost eskaera egin ahal izango dira, eta hiru eman, ikerketa sanitarioko zentro bakoitzeko.
3.– Izaera estrategikoko osasun-ikerketa sustatzea: laguntza-lerro hau irekita dago 3.1 artikuluan adierazitako kategorietan akreditatuta dauden ZTBESko agenteentzat, eta ezinbesteko baldintza izango da Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dagoen ZTBESko agente batek, gutxienez, parte hartzea.
Honako arlo hauetan aurkeztutako proiektuak finantzatu ahal izango dira: medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak, osasun digitala eta big data, gailu eta teknologia medikoak, neurozientziak eta osasun mentala, eta COVID-19. Proiektuak urtebete eta hiru urte arteko epean garatu ahal izango dira, baina laguntza urterokoa izango da eta 2023n egindako jardueretarako emango da.
Heldutasun teknologikoko hainbat fasetan dauden proiektuei laguntzea aurreikusten da; bai behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko sortutako proiektuak –ezagutza-oinarria handitzeko eragileen arteko lankidetza behar dutenak– baita aurretik egiaztatutako eta balio-katean aurrera egitera bideratutako aurretiazko esperientzietan oinarritzen diren garapen teknologikoko proiektuak ere, baldin eta transferentzia-ahalmena erakusten badute. Ildo horretan, eragile sanitarioen eta ez-sanitarioen arteko lankidetza sustatu nahi da, premia biomediko-sanitarioari erantzuteko, eta sistema sanitarioan sortutako ezagutzaren balioa indartu, ondoren hirugarrenekin edo hirugarrenen bitartez garatuta.
4.– Interes bereziko ekintza osagarriak: laguntza-lerro hau irekita dago Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteentzat, 3.1 artikuluan adierazitako kategorietan akreditatuta badaude, eta ezinbesteko baldintza izango da BIOEFen adostasun-ziurtagiri bat aurkeztea, Osasun Pertsonalizatuko RIS3ren Idazkaritza Tekniko gisa (II-G eranskina), proposamena BIOEFi aurkeztu zaiola eta adostasuna lortu duela egiaztatzeko.
Lerro honek osasun arloko interes orokorreko ikerketa eta garapenari laguntzeko ekintzak finantzatuko ditu, betiere Osasun Pertsonalizatuko RIS3ko gaikako arloetan sartutako jarduera eta helburuei lotuta. Ekintzen helburua lankidetza zientifiko-teknologikoa eta enpresa-lankidetza bultzatzea izango da, eta/edo I+G+Bko baterako ekimen estrategikoak diseinatzeko eta prestatzeko aholkularitza ematea. Kanpoan geratzen dira ikerketa-proiektuak.
Laguntza urterokoa izango da, eta 2023n egindako jardueretarako emango da.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Finantzatu daitezkeen gastuek zuzenean egon behar dute lotuta proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik sartuta egongo dira eskabidearen memorian.
2.– Honako hauek hartuko dira finantzatu daitezkeen gastutzat:
a) Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Proiektua gauzatzeko behar diren eta dedikazio espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta erakunde onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.
Halaber, ikertaldeko partaide den langile sanitarioa jarduera asistentzialetik liberatzeak dakartzan kostuak apartatu honetan daude sartuta, baldin eta proiektuan jarduteko liberatzen bada (lanaldiaren % 50 gehienez ere).
Ikerketa sanitarioaren jarduera areagotzeko lerroan (6.2 artikulua), behar diren langileen kostuak finantzatu ahal izango dira, jarduera hori areagotzeko hautagaia ordeztuko duen langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren liberazio-aldirako (% 50 gehienez).
Ezingo dira finantzatu ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.
b) Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Hauek sartzen dira: proiektua egiteko erabilitako material inbentariagarria, material suntsigarria eta gastu osagarriak, material bibliografikoa, proiektuen emaitzak zabaldu eta transferitzeko gastuak, eta erakunde onuradunaren ikerketa laguntzeko zerbitzu zentral eta orokor batzuk erabiltzeko kostuak, behar bezala justifikatuta badaude eta proiektua behar bezala burutzeko beharrezkoak badira.
Eta hauek kanpoan daude: altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipamendu informatikoak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak).
Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua.
Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko jarduerak, dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den agenteak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori proiektuaren memorian). Onuradunak azpikontratatutako jardueraren kostu osoa ezin izango da izan onuradun beraren aurrekontu finantzagarriaren % 50etik gorakoa, salbu eta 4. lerrora aurkeztutako proiektuetarako (Interes bereziko ekintza osagarriak); izan ere, azken horiek % 90eko muga izango dute, baldin eta argi justifikatzen bada azpikontratatu beharra.
Hirugarren batzuekin itundutako jardueretarako, jardueraren kostua dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada, eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, agente onuradunak, kontratu hori egin aurretik, baimena eskatu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek 10 egun balioduneko gehieneko epean erantzungo du; bestela, eskaera ezetsitzat hartuko da, administrazio-isiltasunaren ondorioz.
Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, agente onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Justifikazioa eta memoria batera aurkeztu beharko dira.
c) Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.
d) Zeharkako kostuak: deialdi honen kargura kontzeptu honetan finantzatu ahal izango dira proiektua gauzatzeko zuzeneko kostuen % 21 gehienez ere.
3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira helburu bererako lortzen den beste edozein motatako laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
4.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOaren 29. eta 31. artikuluak eta DEOaren 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira.
8. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 6.000.000 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik datoz. Honela banatzen dira:
– 3.150.000 euro bideratuko dira Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko (6.1 artikulua) eta Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzeko (6.2 artikulua) lerroetako proiektuak finantzatzera. Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzeko laguntzetara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, gerakina Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerrora bideratuko da. Ikerlari hasiberrien sustapenaren modalitaterako aurrekontua, gutxienez, 520.000 eurokoa izango da, eta ebazpen bidez handitu ahal izango da, lagundutako proiektuak zenbat diren.
– 2.850.000 euro bideratuko dira Osasunari buruzko ikerketa estrategikoa sendotzeko (6.3 artikulua) eta Interes bereziko ekintza osagarrien (6.4 artikulua) lerroetako proiektuetara. Interes bereziko ekintza osagarrietara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, gerakina Osasunari buruzko ikerketa estrategikoa sendotzeko lerrora bideratuko da.
Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean geratzen diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legeriak kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.
9. artikulua.– Emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko orduan, 6. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, euren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera, laguntzak emango dira harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.
II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Proiektuan agente batek baino gehiagok parte hartzen badu, koordinatzaile gisa jarduten duen agenteak aurkeztuko du eskabidea.
2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzentze, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/representantes
3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, helbide hauetara:
Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104722
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104722
Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104723
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104723
Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104724
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/01047124
Interes bereziko ekintza osagarriak:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104725
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104725
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Eskabidea egin ondoren, espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/micarpeta/
4.– Eskabidea betetzeko, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartuaz gain, artikulu honek aipatzen dituen dokumentuak ere gehitu behar dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.
5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.
6.– Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da (laguntza-eskabidea osatzen du):
a) Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerroa (6.1 artikulua)
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.1 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.1 eranskinak).
– Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae normalizatuaren ereduetan.
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
– Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:
– Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Betiere, kasuan kasuko kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.
– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.
b) Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):
– Ikerketa-jardueraren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.2 eranskina), informazio ekonomikoarekin batera (II-C.2 eranskina).
– Areagotzeren onuradun izan daitekeen hautagaiaren curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.
– Adostasun-adierazpena, eredu normalizatuaren arabera egina (II-E eranskina).
– Jarduera areagotzearen kostu ekonomikoaren ziurtagiria (II-F eranskina)
– Erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
c) Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (6.3 artikulua):
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.3 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.3 eranskinak).
– Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae normalizatuaren ereduetan.
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
– Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:
i) Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Betiere, kasuan kasuko kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.
ii) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.
d) Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.4 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.4 eranskinak).
– BIOEFen adostasun-adierazpena, Osasun Pertsonalizatuko RIS3ren Idazkaritza Tekniko gisa, zeinak egiaztatuko baitu agente koordinatzailea BIOEFekin harremanetan jarri dela, deialdi honetan eskatzen duen proposamena aurkezteko (II-G eranskina).
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidean oinarri hauetako betekizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaile interesdunari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz iritsi den haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
4.– Elkarlanean garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzailea den agentearekin egingo da jarduketa hori.
12. artikulua.– Eskabideak ebaluatu eta hautatzea.
1.– Balorazio-batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideak, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat. Hauek osatuko dute balorazio-batzordea:
a) Batzordeburua: Osasun Sailaren Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.
b) Bokalak:
– Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.
– Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendaria.
– BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioko koordinazio zientifikoaren arduraduna.
c) Idazkaria: Osasun Sailaren I+G laguntzen ardura duen teknikaria.
2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna argitaratu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, 10.3 artikuluan adierazitako helbideetan; izan ere, interesdunei bermatu behar zaie batzordeko kideak errekusatzeko eskubidea, eta eskubide hori eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluekin bat etorriz.
3.– Balorazio Batzordeak une oro izango du erakunde kolaboratzailearen laguntza. Aipatu erakundeak aztertuko ditu eskabideak, eta behar diren txostenak egingo ditu, Balorazio Batzordeari lana errazteko. Gainera, Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du kalitate zientifiko-teknikoaren parekako ebaluazioa egiteko ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerroan (6.1 artikulua) eta osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzeko lerroan (6.3 artikulua) aurkeztutako proiektuetan, artikulu honen 5.I eta 5.III apartatuetan ezarritako irizpideekin bat. Balorazio Batzordeak, bere eginkizunak gauzatzeko, aholkua eskatu ahal izango die adituei ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzeari (6.2 artikulua) eta interes bereziko ekintza osagarrien lerroari buruzko gaiei buruz (6.4 artikulua).
4.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:
I.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroa (6.1 artikulua):
1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 60 puntu).
a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 30 puntu):
– Planteatutako helburuak egokiak dira proposatutako metodologiarako (gehienez 5 puntu)
– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu)
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu)
– Genero-ikuspegia (gehienez, 5 puntu): genero-ikuspegidun osasun-ikerketa bat egitea baloratuko da, bai eta genero-analisia ikerketan txertatzea ere ikerketaren ziklo osoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ekitatea sustatzeko; izan ere, horrela, batzuek zein besteek ikerketaren emaitzen onura jasoko dute.
b) Proiektuan parte hartzen duen giza taldearen kalitatea, fidagarritasuna eta osagarritasuna: ikerketa-proiektuen, azterlan klinikoen, argitalpenen, patenteen eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuen balorazioa; horrez gain, ikerketa-jardueraren ekarpenak osasun-sistemaren garapen-teknologikoan edo garapen kliniko eta asistentzialean, ikertzaile nagusiari eta ikerketa-taldeari dagokienez, proiektuaren gaiarekin lotuta (gehienez 15 puntu).
c) Proiektuaren emaitzen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta ekarpena osasun-arloan, eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 15 puntu).
Txosten zientifiko-teknikoan 30 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.
Modalitate bakoitzerako, finantzagarritzat jotzen diren eskabideen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, lortutako puntuazioaren arabera.
2) Interes sanitario eta estrategikoa (40 puntu gehienez):
a) Osasun-politiketara egokitzea eta osasun-arloko I+G+B sustatzea: (20 puntu, gehienez):
– Proposamena egokitzea lan-ildo, plan, estrategia, programa edo ekimen sanitarioetara, eta, hala badagokio, Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara, zeina 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean jasota baitago (gehienez 5 puntu).
– Proposamenaren egokitasuna, heldu nahi dien osasun-premia zehatzen garrantziagatik (patologia, eremu asistentziala, antolaketa-alderdia, kalitatea, jasangarritasuna, segurtasuna, etab.) (5 puntu gehienez).
– Ikerketa sanitarioko zentroen arteko lankidetza edo elkarlana, bai osagarritasunagatik eta eskalagatik (tamaina edota arlo zientifiko eta teknologikoetako gaitasunen batura) bai diziplinartekotasunagatik (gaitasun desberdinak), jardueraren inpaktua handitzeko (5 puntu gehienez).
– Ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen parte-hartzea, asistentzia-lana eta I+G+B txertatzen laguntzeko (5 puntu gehienez).
b) Espero diren emaitzek egin dezaketen ekarpena eta eraginaren proiekzioa EAEko osasun-sisteman eta garapen sozioekonomikoan (20 puntu gehienez):
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina pazienteentzat eta osasun-sistema osoarentzat (10 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina EAEko egitura ekonomikoan, soziosanitarioan eta osasun publikokoan (10 puntu gehienez).
Guztizko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.
II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):
1) Jarduera areagotzeko hautagaiaren merezimenduak baloratzea, 2018ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen amaiera bitartean (gehienez 50 puntu):
a) CVan jasota dauden argitalpenak. Gehienez hamar argitalpen puntuatuko dira, eta egile senior edo korrespondentzia-egile gisa ageri den argitalpenak adierazi beharko dira, balorazio berezia egiteko (gehienez 25 puntu)
b) Bestelako merezimendu batzuk, esaterako, kanpo-finantzaketa (lehiazkoa eta lehia gabekoa, publikoa nahiz pribatua), saiakuntza klinikoetan parte hartzea, estatuko eta nazioarteko kongresuetan eginiko aurkezpenak, patenteak eta jabetza intelektual nahiz industrialeko beste aktibo batzuk, gidak edo protokoloak, estatuko eta nazioarteko ikerketa-sareetan parte hartzea, nazioarteko lankidetzak, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste agente batzuekin eginikoak ere, eta ikerketa nahiz ikerketa-kultura euskal osasun-sisteman txertatzeari loturiko beste ekarpen batzuk (gehienez 25 puntu).
2) Proposamenaren balorazioa (gehienez 50 puntu):
a) Zer neurritan den egokia, egin beharreko ikerketa-jarduera kontuan hartuta, eta Euskadiko osasun-sistemako ikerkuntza-azpiegiturak zer-nola indartzen dituen. Baloratuko da I+G jardueretan aritzeak nola indartuko dituen hautagaia atxikita dagoen ikerketa sanitarioko zentroaren eta, oro har, Euskal Osasun Zerbitzuko institutu guztien plan, ildo eta helburu estrategikoak (gehienez 20 puntu).
b) Euskal osasun-sistemarentzako interes estrategikoa: espezialitateak, arloak, zerbitzuak, taldeak eta abar indartzea, espero baino arduraldi edo ordezkapen txikiagoa badute epe labur, ertain eta luzeko beharrei dagokienez; joeren aurrean sistema prestatzeari dagokionez eta belaunaldi-erreleboari dagokionez, besteak beste (gehienez 30 puntu).
Guztizko puntuazioa lortzeko, hautagaiaren merezimendu-balorazioaren eta proposameneko balorazioaren puntuazioak batuko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 izango da.
III. Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (6.3 artikulua):
1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 60 puntu).
a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 30 puntu):
– Planteatutako helburuak egokiak dira proposatutako metodologiarako (gehienez 5 puntu)
– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu)
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu)
– Genero-ikuspegia (gehienez, 5 puntu): genero-ikuspegidun osasun-ikerketa bat egitea baloratuko da, bai eta genero-analisia ikerketan txertatzea ere ikerketaren ziklo osoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ekitatea sustatzeko; izan ere, horrela, batzuek zein besteek ikerketaren emaitzen onura jasoko dute.
b) Proiektuan parte hartzen duen giza taldearen kalitatea, fidagarritasuna eta osagarritasuna: ikerketa-proiektuen, azterlan klinikoen, argitalpenen, patenteen eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuen balorazioa; horrez gain, ikerketa-jardueraren ekarpenak osasun-sistemaren garapen-teknologikoan edo garapen kliniko eta asistentzialean, ikertzaile nagusiari eta ikerketa-taldeari dagokienez, proiektuaren gaiarekin lotuta (gehienez 15 puntu).
c) Proiektuaren emaitzen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta ekarpena osasun-arloan, eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 15 puntu).
Txosten zientifiko-teknikoan 30 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.
2) Interes estrategiko eta sanitarioa (gehienez 40 puntu):
a) Osasun-politiketara eta Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara egokitzea (gehienez 15 puntu):
– Proposamena egokitzea lan-ildo, plan, estrategia, programa edo ekimen sanitarioetara, eta, bereziki, Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara, zeina 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean jasota baitago (gehienez 5 puntu).
– Proposamenaren egokitasuna, osasun-premia zehatz bati erantzuteko (patologia, eremu asistentziala, antolaketa-alderdia, kalitatea, jasangarritasuna, segurtasuna, etab.) (5 puntu gehienez).
– Ikerketa Sanitarioko Zentroen eta ZTBESko beste agente batzuen arteko lankidetza, eta ondoriozko gaitasun-baturaren egokitasuna (gehienez 5 puntu).
b) Espero diren emaitzek egin dezaketen ekarpena eta eraginaren proiekzioa EAEko osasun-sisteman eta garapen sozioekonomikoan (25 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina pazienteentzat eta osasun-sistema osoarentzat (10 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina EAEko egitura ekonomikoan, soziosanitarioan eta osasun publikokoan (15 puntu gehienez).
Guztizko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.
IV. Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):
1) RIS3 politiketara egokitzea (gehienez 5 puntu): Proposamena egokitzea 2030eko ZTBPn adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiaren lan-ildoetara, osasun pertsonalizatuaren eremuan.
2) Ekintzaren egokitasuna (gehienez 20 puntu): RIS3 Osasun pertsonalizatuko gaikako arloek lortu nahi dituzten helburu eta erronkei egindako ekarpena, eta proposamena horietara egokitzea.
3) Proposamenaren kalitatea eta espero diren emaitzak (gehienez 25 puntu).
a) Planteamenduaren argitasuna, lan-planaren koherentzia eta efikazia, eta aurrekontuaren egokitasuna proposatutako atazen eta helburuen arabera (gehienez 10 puntu).
b) Proposatutako jardueren bitartez espero diren emaitzen garrantzia (gehienez 5 puntu).
c) Emaitzen aprobetxamendua RIS3ren estrategiaren esparruan (gehienez 10 puntu).
Gehienez 50 puntu lor daitezke.
6.– Balorazio-batzordeak lortu diren azken puntuazioen araberako lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du, 6. artikuluan azaldutako modalitate bakoitzerako, 12. artikulu honen 5. puntuan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraikiz.
7.– Lerro eta modalitate bakoitzean, haietariko bakoitzerako banatuta, balorazio-batzordeak honako hauek ezarriko ditu: zenbateko dirulaguntza eman behar den, proposamen bakoitzak lortu duen orotariko puntuazioaren arabera ordenatutako proiektu-zerrenda kontuan hartuta; finantzaketako zer ehuneko aplikatu behar den lortutako puntuazioaren (areagotze-lerroan izan ezik, zeinetan ordezkapen-kostu ziurtatuaren % 100a aplikatuko baita) eta dauden baliabide ekonomikoen arabera. Batzordeak kontuan hartuko ditu deialdi honen 8. artikuluan adierazitako murrizketak.
8.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.
13. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.
1.– Aurkeztu diren eskabideak lerro bakoitzerako prozedura desberdin bat hartuta izapidetuko dira (6. artikuluan adierazitakoarekin bat), eta bakoitza bere ebazpenarekin amaituko da. Osasuneko sailburuordeari dagokio agente eskatzaileek proposatutako gai guztiak erabakitzeko ebazpenak ematea, Balorazio Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko dira; horretarako epea, gehienez ere, sei hilekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, agente eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, DLOaren 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan.
3.– Ebazpenetan zehaztuko da eskatu diren dirulaguntzak emango diren ala ez; emanez gero, diruz lagundutako proiektua adierazi beharko da, baita agente onuradunak, dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikazioa ere, agindu honen 15. artikuluan xedatzen denaren arabera. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean, agenteek espresuki uko egin ahal izango diote laguntzari. Aipatutako epean uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.
5.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen. Aurka egin nahi izatera, agente onuradunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluarekin bat etorriz.
14. artikulua.– Agente onuradunen betebeharrak.
1.– Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek dituzte:
a) Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, euren egitekoak betetzeko, deialdi honetako dirulaguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.
c) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.
d) Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, ahal bezain laster, xede berarako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk lortu dituztela, hala badagokio.
e) Proiektuen emaitzen zabalkundea egitea.
2.– Eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, 16. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
3.– Halaber, onuradunek neurriak hartu beharko dituzte diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoaren zabalkundea egiteko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, eginbidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak –behar bezala ikuskatuak– eramateari dagokionez, bat etorriz merkataritzako eta, hala badagokio, sektoreko legeek eskatutako zehaztapenekin, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18.4 eta 37.1 artikuluetan ezarritako gainerako betekizunekin ere; izan ere, lege hori oinarrizkoa da.
15. artikulua.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazioa
1.– Dirulaguntzak urtebetekoak edo urte bat baino gehiagokoak izango dira, onartutako proiektuak duen iraupenaren arabera eta aurkeztutako laguntza-lerroak dituen ezaugarrien arabera, deialdi honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat. Diruz lagunduko diren jarduketak 2023 aurrekontu-ekitaldian hasiko dira.
2.– Urte anitzeko proiektuen kasuan, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuen betetze-mailaren urteko jarraipena egingo du, proiektuaren koordinatzaileak aurkeztu dion dokumentazioa oinarri hartuta.
Dokumentazio hori memoria zientifiko bat izango da, IV-S eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz egindakoa. Memoria zientifiko horretan, proiektua nola dagoen deskribatuko da, egindako jardueren azalpena egingo da, baita betearazpen ekonomikoari buruzko laburpena ere, eragile onuradun bakoitzeko.
Memoria zientifikoak jarraipenaren urte naturalean (urtarriletik abendura) egindako jarduerak jasoko ditu, eta hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da. Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez, amaierako justifikazioa egingo baita.
Memoria proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du.
3.– Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.6 artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.
Proiektua amaitzean, artikulu honen 4. puntuan xedatzen diren epeen arabera, agente onuradunek justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Justifikazio-memoria zientifiko global bakar bat, proiektu bakoitzeko, IV-A eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak hauek zehaztuko ditu: eginiko jarduerak, planteatutako helburuen lorpen-maila edo aurrerapena, eta lortutako emaitzak. Memoria proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du.
b) Parte hartzen duen agente bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), agente onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV-B eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, fakturen kopiak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, ikertzaileek proiektuan sartutako orduen kostuaren ziurtagiria, justifikazio-epealdiko gastuak agiri bidez egiaztatzeko. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Jatorrizko fakturak agente onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtez, justifikazio-epealditik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenerako.
4.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie agente onuradunei, honela:
1) Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzea:
a) Lehenengo urteari (2023) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.
b) 2024., 2025. eta 2026. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Koordinatzaile diharduen agenteak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.
c) Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.
2) Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea.
a) Lehenengo urteari (2023) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaio agente onuradunari, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.
b) 2024. eta 2025. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Agente onuradunak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.
c) Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.
3) Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea:
a) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.
b) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2023ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2024ko urtarrilaren 16a izango da.
4) Interes bereziko ekintza osagarriak:
a) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.
b) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2023ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2024ko urtarrilaren 16a izango da.
Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, hauen kopia bana aurkeztuko da: proiektua burutzearen ondorioz sortu diren argitalpenak, tesiak, karrera amaierako proiektuak, kongresuetan eginiko komunikazioak eta bestelako dokumentuak. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzaile gehienek ezagut ditzaten, Osasun Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta, horretarako, sarbide libreko aldizkariak erabiliko dira, bai eta argitaratu eta urtebetera eskuratzeko moduan egongo direla bermatzen dutenak ere.
6.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazio-kontrola egiteko, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak erakunde kolaboratzailearen laguntza izango du, zeina gutxienez hauez arduratuko baita:
– Proiektuak betetzearen egiaztagiriak ikuskatzea, eragile onuradunei laguntza ordaindu aurretik.
– Diruz lagundutako jarduketa egin dela egiaztatzea, eta emaitzak ebaluatzea, bai eta laguntza emateko erabakigarria izan den helburua bete den ere.
– Laguntzak emateko eskakizunak mantendu direla egiaztatzea.
– Ordainketa-proposamena egitea artikulu honetan xedatuari jarraikiz.
Betiere jakinaraziko zaio aurreko lanen emaitza Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.
7.– Halaber, amaierako memoriekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, jardueren egikaritzea dokumentatzen duten bestelako entregagaien kopia bat, zehazki interes bereziko ekintza osagarriei buruzkoak.
8.– Agente onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
9.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.
10.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbateko-murrizketaren espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta agente onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin. Deialdi honen ondorioetarako, 14. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badu. Era berean, idatziz eskatu beharko da, aldez aurretik eta behar bezala arrazoituta, metodologian, lan-plangintzan edo ikertaldearen osaeran aldaketak egitea.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.
3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada agente onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Luzapen hori ez da izango proiektua egiteko hasieran aurreikusi zen epearen iraupenaren erdia baino handiagoa, eta galdutako denborarekiko proportzionala izango da. Argitalpenei buruzko gastuak egikaritzeko luzapen-eskabideak ez dira aintzat hartuko.
17. artikulua.– Erakunde onuraduna aldatzea.
1.– Erakunde onuradunean aldaketak egiteko, organo laguntza-emailearen baimena beharko da, baldintza hauek betez:
a) Erakunde onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete behar diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.
b) Erakundea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:
– Ikertzaile nagusiaren, erakunde onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen erakundearen eta erakunde onuradun berriaren legezko arduradunen aldaketa-onarpena;
– Eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta
– Erabili ez diren funtsak erakunde onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.
c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza ordainduko zaio erakunde onuradun berriari.
d) Jatorrizko erakunde onuradunak eta erakunde onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.
2.– Erakunde onuraduna aldatzeko baimena eman ahalko da ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroan soilik (6.1 artikulua).
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Jasotako dirulaguntzak itzuli beharra ekarriko duten ez-betetzearen kausak honako hauek izango dira:
a) Emateko ebazpenaren baliorik eza, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
c) Osorik edo partez ez betetzea ez helburua, ez jarduera ezta proiektua ere, edo ez hartzea dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera.
d) Honako hauetan ezarritako bestelako kausak: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 91., 92. eta 93. artikuluak.
2.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan –lege horren oinarrizko izaera dela-eta– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.
Aipatutako diru kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira, ondorio guztietarako. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzearen espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, hura ebaztekoa.
3.– Ez-betetzea dela-eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen agente onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian aipatzen diren lege-testuetan xedatutakoaren araberakoak dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.