85. zk., 2023ko maiatzaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (427 KB - 25 orri.)
- EPUB (449 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2123
AGINDUA, 2023ko apirilaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan GIBa/hiesa, C hepatitisa (CH) eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak gauzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak.
GIBaren/hiesaren, CHren eta STIen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoan programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek gauzatutako jarduerak, Administrazio Publikoek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko elkarlanean.
«Euskadirako Osasun Politikak. 2013-2020» dokumentuaren 2.11 helburua da transmisio bidezko infekzioak eta GIBaren diagnostiko berantiarra murriztea, eta, horretarako, prebentzioaren garrantzia nabarmentzen da.
Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartutako Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak Sailaren dirulaguntzen lerroen artean hartzen du osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Agindu hori euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu zen. Lan-ildo horretan kokatzen da GIBaren/hiesaren alorreko dirulaguntza, eta horren xede nagusia da GIBaren, C hepatitisaren eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioen transmisioa prebenitzea biztanle guztien artean, bereziki, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboaren artean.
Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko Aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2. estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (CHB) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «CHBaren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».
Gauzatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin elkarlanean jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin».
CHak eta GIBak, hain zuzen, transmisio-bideak partekatzen dituzte hein batean (injektatutako drogen erabilera, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa), eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere partekatzen dituzte. Hori dela eta, egoki ikusten da agindu honen xede nagusia zabaltzea, CHaren prebentzioa ere barnean hartuta.
Testuinguru horretan, agindu honen helburua da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2023ko ekitaldian aurkeztutako eta egindako proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzea, hain zuzen, GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko programak gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.
Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.
Agindu honek behar besteko aurrekontu-kreditua dauka EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.
1.– Laguntzak iragartzen dira 2023an GIBa/hiesa, C hepatitisa edo sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzat. Lehentasuna emango zaie maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboei zuzendutako jarduerei, biztanleria orokorra xede duten jarduerak baztertu gabe, agindu honen 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen arabera.
Deialdi honen ondorioetarako, kolektibo kalteberatzat hartzen dira GIBa, C hepatitisaren birusaren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin- eta prebalentzia-maila handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.
2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren honako proiektu mota hauek:
a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboarekin esku hartzeko proiektuak, ikusirik nolako intzidentzia epidemiologikoa duten GIBak, C hepatitisak eta STIek kolektibo horretan.
b) GIBari, C hepatitisari eta STIei dagokienez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan aritzen direnak, eta, oro har, gizarte-bazterkeria pairatzeko egoeran dauden pertsonak.
c) C hepatitisaren, GIBaren eta sexu-transmisiozko infekzioen diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.
d) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.
3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak gauzatutako jardueren parekoak diren ekintzak. Horien artean, aipatu beharra dago ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa, hain zuzen ere sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak gauzatzekoa eta GIBa, STIak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzekoa.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdian parte hartzeko interesa duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Legez eratuta egotea, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (fundazioa, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.
d) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean ere, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluak erakunde onuradun izateko ezartzen duen debekuren baten eraginpean.
2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dituzte eskakizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.
3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute onuradun izateko ezgaitzen dituen debekurik ez dutela egiaztatzeko, betiere alde batera utzi gabe organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen-jarduketak.
3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo erakundeen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira erakundeak aurkeztutako proiektuan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatzen badira. Aipatutako gastuak dirulaguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2023an eginak.
3.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke erakundeko soldatako langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta, gehienez ere, zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.
4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein penalak (zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak, esaterako), ezta prozedura judizialen gastuak ere.
5.– Diruz lagunduko dira ezarritako epean egindako gastuak, hau da, egiazki ordaindu direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriko dira.
6.– Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, hirugarren pertsonak kontratatu behar izanez gero, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa.
7.– Halaber, erakunde onuradunak, dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko egin beharreko gastuak kontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du, baldin eta diruz lagundu daiteken gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioa arautzeko legerian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino.
5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio honek berak edo beste batzuek, erakunde publiko zein pribatuek, Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek jarduera bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomiko batzuekin. Dirulaguntzaren zenbatekoak, izan bakarrik zein bestelako finantzaketa-iturriekin batera, ezingo du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.
2.– Proiektu bera gauzatzeko bestelako finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, soberan jasotako zenbatekoan murriztuko zaio agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoari.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
Proiektu bat diruz lagun daitekeela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, bestelako finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ezta 25.000 eurotik gorako zenbatekoa ere proiektu bakoitzeko.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidea egiteko, agindu honen I. eranskinean jasota dagoen inprimaki elektronikoa beteko da. 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri inprimakia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikuluan xedatzen denari jarraituz, erantzukizunpeko adierazpen bat jaso behar du eskabideak, honako eskakizun hauek egiaztatzeko:
a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.
Erantzukizunpeko adierazpenean bildutako datuak benetakoak direla egiaztatu behar dute, kasuan kasuko prozedura ebatzi aurretik, eta, horretarako, dagozkion dokumentuak aurkeztu behar dute, kudeatzaileak egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaituta izatea. Baiezko kasuan, ordea, zehaztu beharko da zein den prozedura.
c) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.
d) Erakunde onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko du, eskumena duten Administrazio Publikoetatik, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatzen duen informazioa. Eskabidearen bidez, erakundeak espresuki kontra egiten badio jarduera horri, eskabideari gehitu beharko dizkio bi egiaztapen-ziurtagiriak, horretarako eskumena duen organoak egindakoak.
Era berean, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, erakundeak adieraziko du xede eta helburu bera duen bestelako laguntzaren bat eskatu dien edo ez administrazio publiko honi edo beste batzuei, erakunde publiko zein pribatuei, Espainiakoei, Europar Batasunekoei edo nazioarteko organismoei. Eskaerarik egin badu, laguntza eman dioten edo ebazteke dagoen adieraziko du, hori guztia agindu honen 17.5 artikuluan xedatzen den betebeharrari kalterik eragin gabe.
2.– Aurkeztutako egitasmoak GIBaren/hiesaren, CHaren edota STIen alorrean izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, nori zuzendua dagoen, genero-ikuspegia, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta erakunde eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duten oro.
3.– Diruz laguntzeko eskatu eta 2023an egingo diren egitasmo eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.
4.– Programa horiek finantzatzeko plana, finantzaketa-iturri guztiak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko zein pribatu batzuk eta abar) zein izango diren zehatz adierazita, eta bestelako finantzaketa-iturriren bat lortu izana jakinarazteko konpromisoa barne hartzen duena.
5.– Finantzaketaren xede den jarduera hobeto ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzenduko zaio eskabidea.
2.– Eskabide bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak aurkezten duen proiektu bakoitzeko.
3.– Bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
Izapidetze elektronikoari buruzko agindu honen 21. artikuluan zehazten den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da horretarako: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabidean, oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, erakunde eskatzaileari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.
10. artikulua.– Organo kudeatzaileak datuak egiaztatzea.
1.– Erakundeak, eskabidearen bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion Administrazio Publikotan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskabidean ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.
Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko egiaztapenak egingo dira.
2.– Erantzukizunpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen edo dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak erabaki dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.
1.– Jarraian zehazten dira balorazio-irizpideak, irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esanda. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.
a) Proiektuaren justifikazioa, deialdiaren xedeari nola egokitzen zaion, eta erantzun nahi den egoeraren deskribapena: 14 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren bidez zer helburu zehatz lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.
i) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.
ii) Erabiliko diren bitarteko egokiak: 7 puntu, gehienez.
c) Aurreikusi den proiektu-garapenaren deskribapena: 20 puntu, gehienez.
i) Jardueren eremua: 7 puntu, gehienez.
a) EAE: 7 puntu.
b) Lurralde historikoa: 5 puntu.
c) Eskualdea: 4 puntu.
d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.
ii) Faseen, lan-egutegiaren eta zereginen deskribapena: 8 puntu, gehienez.
a) Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.
c) Proiektuaren zereginen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
iii) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 5 puntu, gehienez.
d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 7 puntu, gehienez.
i) Jardueraren onuradunak adinaren eta sexuaren arabera zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.
ii) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.
iii) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.
e) Proiektuan ekitate-ikuspegia kontuan hartzea: 25 puntu, gehienez.
i) Genero-desberdinkeriei arreta jartzea: 8 puntu, gehienez.
ii) Proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak, edozein direla ere bizilekua, adina, desgaitasun funtzionala, hizkuntza edo kalteberatasun sozialeko egoera: 8 puntu, gehienez.
iii) Inguru euskaldunetan euskaraz komunikatzeko gaitasuna: 4 puntu, gehienez.
iv) Eragindako pertsonek edo haien senideek parte hartzea proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen: 5 puntu, gehienez.
f) Proiektuaren jarduerak beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea, elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzeko: 10 puntu, gehienez.
g) Proiektua bat etortzea eremu sanitario eta/edo soziosanitarioan abian diren beste jarduera eta politika publikoekin: 10 puntu, gehienez.
2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. Hortik behera lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) letretan adierazitako puntuazioaren gutxienez erdia lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.
12. artikulua.– Eskabideak baloratzea eta zenbatekoak zehaztea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui andrea), batzordeko lehendakaria izango dena; Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduraduna, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea eta Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsona izango da kide anitzeko idazkaria, eta haren zeregina izango da kide anitzeko organoaren jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea, baita Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan adierazten diren bestelako eginkizunak ere.
2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta baloratuko ditu eskabideak balorazio-batzordeak.
3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta balorazio-batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.
4.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, balorazio-batzordeak erabakiko ditu, programa bakoitzean, zein den bakoitzari eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza eta jasoko duen puntuazioa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera.
Agindu honetan deitutako dirulaguntzak lehiaketa-prozedura bidez emango dira.
Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da; haren arabera, 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuta balorazio-fasean lortzen den puntuazioarekiko proportzioan banatuko baita 3. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten hautatutako proiektuen artean. Birbanaketa hori errepikatuko da, betiere, banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen denean edo harik eta hautatutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
5.– Ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, bat etorriz agindu honetan horretarako ezarri denarekin, balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta, bertan, hau adieraziko dio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zeintzuk diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zeintzuk diren, eta zergatik ukatu zaien.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, balorazio-batzordeak proposatuta. Erakunde parte-hartzaileek prozeduran planteatutako gai guztiak erabakiko ditu ebazpenak.
2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakundeak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari, eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.
3.– Ebazpena EHAAn argitaratzeak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Halaber, jakinarazpen indibidualizatuak egingo dira egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bitartez. Prozedura ebatzi eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko epea gehienez lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman eta, hala badagokio, ordaindu izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
a) Txosten teknikoa, helburuak zer mailatan bete diren azaltzen eta ebaluatzen duena. Datuak sexuaren arabera egongo dira banakatuta, hala dagokionean.
b) 2023. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adieraziko baita zer dokumentu aurkezten diren eta zeintzuk diren horien zenbatekoak. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek, aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera, eta 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.
c) Dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako egiaztagiriak, erakunde onuradunaren ordezkariak izenpetuta, eta agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo dirulaguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen agiri oro.
Aurkeztutako dokumentuak jardunbide elektronikoen araubidera moldatu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.4 artikuluaren arabera, eta bereziki 27.3 artikuluari dagokionez. Horietan, interesdunek aurkeztutako dokumentuek zer eskakizun bete behar dituzten arautzen da. Halaber, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan eta horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa.
Dokumentuak aurkezteko azken eguna 2024ko urtarrilaren 15a da.
2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek hartuko dira behar bezala justifikatutako gastutzat:
a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren izenean igorritako ordainagiriaren bidez justifikatutakoak, ordainketa burutu dela egiaztatzen dutenak. Soilik onartuko dira 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuei dagozkien ordainagiriak, eta epe horretan emandakoak eta ordaindutakoak.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak; agiri horiek finantza-erakundeek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute).
d) Enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituzten (hartzaileak) eta Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunak idazki bat egingo du, eta erakunde horren ordezkariak sinatuko du. Idazki horrek honako hauek jaso behar ditu gutxienez: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren eta hartzailearen izen-abizenak edo sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «jaso dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena.
3.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2023. urtean sortutakoak badira.
15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero laguntza justifikatzeko aurkezten diren dokumentuetan, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentuak aurkez ditzan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, delako eskakizuna behar bezala egiaztatu gabe dagoela iritziko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako dirulaguntza:
1.– Dirulaguntzaren % 70 ebazpena onartu eta argitaratu eta gero ordainduko da, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako epean.
2.– Gainerakoa (emandakoaren % 30, gehienez) erakunde onuradunak dirulaguntza justifikatzen duen dokumentuak aurkezten dituenean ordainduko da, 14. artikuluan aipatzen den moduan.
Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunek laguntzari berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartu dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.
3.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia betetzea, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Aurkezteko epea aurreko puntuan adierazitako bera izango da (hau da, laguntza onartzeari edo laguntzari uko egiteari buruzko puntuan adierazitakoa).
Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan eskuragai dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta gehienez 5 egun balioduneko epean.
5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, jakinarazpena jaso eta gehienez 5 egun balioduneko epean.
6.– Dirulaguntza emango duen erakundearen aurrean egiaztatzea betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako arrazoia zen jarduna gauzatu dela ere.
7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende egotea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzak diren aldetik–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten dokumentuak 5 urtez gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.
9.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».
10.– Egitasmoak informazio materiala argitaratzea ere aurreikusten badu –idatzia zein ikus-entzunezkoa–, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu. Horretarako, helbide elektroniko honetara bidali beharko du materiala: secresida@osakidetza.eus
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
1.– Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.
2.– Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.
Bi kasuetan, erakunde onuradunak behartuta egongo dira soberan jasotako zenbatekoak itzultzera, bat etorriz 22. artikuluan xedatutakoarekin.
19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.
Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, une oro, emandako dirulaguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Tratamendu-jardueren erregistroak aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako (ID: 0876) Datuak Babesteko ordezkariak prestatutako klausulei jarraikiz (URL: Tratamendu-jardueren erregistroa – Datuak Babesteko ordezkaria – Euskadi.eus), xedatzen da datu pertsonalak tratatu eta Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran txertatuko direla.
Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
Xedea: Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea.
Hartzaileak: bankuak eta kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.
Eskubideak: datuak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea, baita informazio osagarrian jasotako bestelako eskubideak ere.
Informazio osagarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/073800-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz soilik eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapideak.
2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragai: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0027509
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berarekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, dirulaguntzei aplikatzen zaizkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Lege orokor hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, kostu horren gainean lortutako gehiegizkoa eta horri dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.
4.– Era berean, itzulketa egin beharko da gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.
Artikulu horren a) apartatuan aipatzen den kasuan, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera finkatutako laguntzaren zenbatekotik soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, zeina deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideen balorazio-irizpideei jarraituz bideratuko baita.
b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da, hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
6.– Itzulitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bitartez aurkeztutako deialdiak eta berau garatzeko jarduketek bete egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan oinarrizko araudi gisa erregulatzen dena. Halaber, honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 26a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.