Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2023ko maiatzaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2122

AGINDUA, 2023ko apirilaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, 2023ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzak arautu eta haietarako deialdia egiten duena.

Gaixoen irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteak patologia bera nozitzen duten pertsona fisikoen elkarteak dira. Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira, bai gaixotasunak erasandako pertsonentzat, bai haien familientzat.

Osasun Sailak bereziki aintzat hartzen du nolako ekarpena egiten duten elkarte horiek gaixotasunen bat dutenen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde, hainbat alorretan: hor dira, adibidez, gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzuen eta autolaguntza-programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Osasun Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, zeina Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onetsi baitzen, «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko dirulaguntza» jasotzen du «Osasunaren sustapena eta gaixotasunen prebentzioa» arloaren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Deialdi honek eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek honako esparru juridiko hau betetzen dute:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek eratutako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.

2.– Laguntza hauen helburua da elkarte horiei laguntza ematea, haien proiektuak finantzatuta. Proiektuok jarduera bat edo gehiago izango dituzte, eta 2023ko urtarriletik abendura gauzatuko dira, xede hauek betetzeko:

a) Trebetasunen eta baliabideen garapena babestea, gaixoen autozaintza-gaitasuna maximizatzeko eta autonomia handitzeko.

b) Gaixoen behar soziosanitarioak babestea eta bideratzea, osasunaren sustapenaren ikuspegitik.

c) Gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa handitzea.

d) Erasandako pertsonek osasun aldetik dituzten desberdinkeriak gutxitzea.

e) Generoaren ikuspegia barnean hartzea.

3.– Jarduera hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza:

– Gaixotasunari buruzko aholkua eta informazioa.

– Errehabilitazio logopedikoa, fisioterapeutikoa eta kognitiboa eta taldearen bizi-kalitatea hobetzen duten beste prozedura batzuk.

– Laguntza psikologikoa.

– Terapia okupazionala.

– Autolaguntza-taldeak.

– Erasandako pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko tailerrak.

– Erasandako pertsonen familientzako laguntza.

– Gaixotasunari buruzko informazio- edo sentsibilizazio-jardunaldiak, gaixotasunari buruzko informazio-standak eta abar.

– Gaixotasunarekin lotutako publizitate-kanpainak.

– Gaixotasunaz informatzeko eta sentsibilizatzeko beste jarduera batzuk.

4.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egindako jarduketak bikoizten dituzten jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.

c) Osasun Sailetik jasotako bestelako laguntzen bidez, izendunak izan zein ez, finantzatutako proiektuak.

d) Sexu-diskriminazioa eragiten duten jarduerak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta haien familien kolektiboez osatuta egotea.

b) Legez eratuta egotea, eta behar bezala izena emanda egotea elkartearen egoitza sozialari dagokion lurraldeko erregistro administratibo ofizialean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erasandako pertsonen edo haien familien bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzea, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.

e) Beteta izatea, bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa berau–.

f) Ez egotea 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako inolako egoeratan.

2.– Sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak ezin izango dira dirulaguntzak jasotzeko aurkeztu, dagokien zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

3.– Erakundeek prozesu osoan bete beharko dituzte eskakizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa 300.000 eurokoa da (hirurehun mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarduera batez edo batzuez osatutako proiektuak diruz laguntzeko dira laguntza hauek, eta ez dira erabiliko langile-egiturak modu egonkorrean mantentzeko, ezta elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko ere.

2.– Gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Langileak (nominak eta gizarte-segurantzako gastuak).

b) Profesional independenteen zerbitzuak.

c) Ekipamenduak eta materialak.

d) Argitalpenak eta komunikazio-jarduerak.

e) Eskatutako zenbateko osoaren % 15, gehienez, zeharkako kostuengatik, halakotzat hartuta:

1) Erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne.

2) Dieten eta joan-etorrien gastuak.

3) Jarduera jakin batekin zuzenean lotuta ez dauden baina diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak.

3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Gastu finantzarioek.

b) Inbertsio-gastuek.

c) Administrazio-lizentziek.

d) Berandutze-errekarguek eta zehapen administratibo eta penalek, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.

e) Oro har, elkarteak egindako edo antolatzaileek parte-hartzaileei eskainitako aperitibo, hamaiketako, catering, bazkari edo afariekin lotutako gastuak. Jarduera dela-eta eskainitako opariak ere ez dira finantzatuko.

4.– Egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.

5.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratatu.

6.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hau bateragarria izango da helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntzari.

3.– Laguntza horiek bateraezinak dira Osasun Sailak osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko edo gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak garatzera bideratuta emandako dirulaguntza izendunekin.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izango da gehienez:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100.

c) 10.000 euro elkarte bakoitzeko.

d) 15.000 euro elkarteen federazio bakoitzeko.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira, 20.4 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Erakunde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

3.– I. eranskinean zehazten dira eskabideetan adierazi beharreko datuak. Datuak egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira, agindu honen 20.4 artikuluan xedatutakoaren araberako sarbidearekin.

4.– Eskabidearekin batera, behar denean, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidean administrazio publiko eskudunen aurrean egiaztapena zuzenean lortzeari uko egiten zaionean bakarrik:

– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izanaren egiaztagiriaren kopia.

– Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

b) Erakundeak proiektua hobeto azaltzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein dokumentazio.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).

3.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20.2 artikuluan aipatutako ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.

4.– Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar du. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, administrazioak 10 egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskabidean atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan (zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin).

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskabidearen bitartez, aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan erakundearen nortasun-datuak kontsultatu edo biltzeari, eta, halaber, eskakizunak betetzen diren egiaztatzeari. Horrelakoetan, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

2.– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

3.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan izapidetzen hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.

Organo kudeatzaileak egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela –hala badagokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin dela aurkeztu xede bereko beste prozedura batera; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta horiek erabiliko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.

a) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren bidez zer helburu lortu nahi diren: 10 puntu, gehienez.

1) Helburu orokorra: 3 puntu gehienez.

2) Helburu zehatzak: 7 puntu gehienez.

c) Proiektuak zer garapen izatea aurreikusten den (garapenaren deskribapena): 28 puntu, gehienez.

1) Jardueren eremua: 7 puntu, gehienez.

a) EAE: 7 puntu.

b) Lurralde historikoa: 5 puntu.

c) Eskualdea: 4 puntu.

d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.

2) Faseen, lan-egutegiaren eta zereginen deskribapena: 11 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren faseen deskribapena: 6 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren zereginen deskribapena: 1 puntu, gehienez.

3) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 10 puntu, gehienez.

d) Proiektuak zer ebaluazio izatea aurreikusten den: 8 puntu, gehienez.

1) Adina, sexua, bizilekua, jatorria edo etnia kontuan hartuta zehazten ditu jardueraren onuradunak: 3 puntu, gehienez.

2) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.

3) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

e) Proiektuan berdintasun-ikuspegia kontuan hartzen den: 25 puntu, gehienez.

1) Gaixotasunaren prozesuan sor daitezkeen genero-desberdinkeriei aurre egiteko estrategiak: 8 puntu, gehienez.

2) Gizarte-egoera ahulean dauden pertsonek edo taldeek proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak, aldagai hauek aintzat hartuta: adina (haurrak edo pertsona nagusiak), migratzaileak, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak edo bestelako gizarte-kalteberatasuna pairatzen dutenak, bai, halaber, zerbitzu-zuzkidura apaleko guneetan bizi diren pertsonak ere: 8 puntu, gehienez.

3) Erasandako pertsonek edota haien senideek proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen parte har dezaten sustatzeko estrategiak: 9 puntu, gehienez.

f) Proiektuaren jarduerak beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea, elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzeko: 15 puntu, gehienez.

1) Gaixoen beste elkarte batzuekin koordinatzea: 8 puntu, gehienez.

2) Komunitate-eremuko beste erakunde batzuekin koordinatzea: 7 puntu, gehienez.

2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) letretan adierazitako puntuazioaren gutxienez erdia lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Eskabideak baloratuko dituen Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.

– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).

2.– Kide anitzeko organoaren idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artean.

3.– Garaiz eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskabideak Balorazio Batzordeak.

4.– Balorazio Batzordeak zehaztuko du, proiektu bakoitzerako, lortutako puntuazioa eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balorazio Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.

6.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat esleituko zaio, eta formula honen bidez kalkulatuko da:

PB = AZ/PO.

PB = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

PO = Dirulaguntza merezi duten proiektu guztiei emandako puntuazioaren batura.

Hasierako banaketa egiteko, balorazio-fasean lortutako puntuak puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoarekin (PB) biderkatuko dira.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen den guztietan edo diruz lagundutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekora iristen diren arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkion zenbatekoak zehaztu ondoren, Balorazio Batzordeak ebazpen bat proposatuko dio Osasuneko sailburuordeari. Ebazpen horretan, erakunde onuradunak eta proposatutako zenbatekoak adieraziko dira, finantzatu beharreko proiektuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, laguntza ukatu zaien erakundeak eta ukatze-arrazoiak ere jasoko dira.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Eman direnetan, elkarteen identitatea eta horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ematen ez direnetan, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 4 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondoreetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte onuradunei esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedura guztiek.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek beren proiektuak egin izana justifikatu beharko dute.

2.– II. eranskinean, justifikazioek jaso beharko dituzten datuak zehazten dira.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hau aurkeztuko da:

a) Eskatutako zenbatekotik eman den dirulaguntzaren zenbateko osoaren gastua justifikatzen duten fakturen, nominen edo bestelako ordainketa-egiaztagirien kopia sinplea. Egiaztagiri horiek erakundearen arduradunaren sinadura izan beharko dute, eta benetakoak direla ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaie.

b) Proiektuan boluntarioek egiten duten lana justifikatzeko, boluntario bakoitzaren ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu behar da. Erakundearen legezko ordezkariaren sinadura behar du kopiak, eta datu hauek jaso behar ditu: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa eta boluntarioaren sinadura.

Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren zenbatespen ekonomikoa egingo da. Zenbateko hori elkartearen ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da hartuko aintzat, eta orduko 20 euroko gehieneko muga izango du.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari zatiak edo proiektuko funtsen kontura egin eta zabaldutako materiala. Agiri horiek esteka elektronikoen bidez ere egiazta daitezke.

d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (17.10 artikuluaren arabera).

e) Proiektuaren funtsekin antolatutako jardueretara joan izanaren laburpena: pertsona kopurua adierazi behar da, adinaren eta sexuaren arabera bereizita.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat, honako gastu hauek joko dira:

a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2023an egindakoak izan beharko dute.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta erakundearen ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «jasotze-agiria» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Boluntarioen kasuan, euren aseguruaren bidez justifikatutako gastuak bakarrik. Boluntarioen aseguruak bi kontingentzia estali beharko ditu: istripuak eta erantzukizun zibila. Erantzukizun zibilaren kasuan, gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, erakunde aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako laguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2023. urtean sortutakoak badira.

6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2024ko martxoaren 1a da.

15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, erakundeari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita.

Eskatutakoa adierazitako epean zuzentzen ez bada, agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 70, laguntza onartutakoan, ebazpena argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ostean, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, proiektua egin izana eta izandako gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak adierazitako beste batzuk alde batera utzi gabe, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote 10 egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea inprimakia betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira inprimakiok. Behar den inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Jasotako laguntza guztia diruz lagundutako proiektua gauzatzeko erabiltzea.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.

7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatutako informazioa ematea laguntzen zertarakoa kontrolatzeko.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

10.– Publizitatean edo egiten diren dokumentuetan Osasun Sailaren babesari buruzko aipamen bat sartzea. Aipamen hori, Sailak gainbegiratu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera txertatuko da. Eskuliburua hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

11.– Euskadi Aktiboa plataforman, baliabide komunitario gisa ikusaraztea elkartea, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduerak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Erakunde bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko aldea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko aldea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza-eskubidea galdu egingo da.

Bi kasuetan, sobera jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira elkarte onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak egoki deritzen gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arauak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz soilik eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskabide-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0088710

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu delako adierazpenak berekin dakar jasotako zenbatekoak gehi dirulaguntza-arloan aplikatzeko den berandutze-interesa (ordainketaren egunetik itzulketa-ebazpena eman den datara artekoa) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, soberan jasotakoa eta dagokion berandutze-interesa soilik itzuli beharko da.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, baldintzak guztiz bete ez arren nabarmen bete badira eta erakundeak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du sekula eragin jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere.

Dirulaguntza emateko baldintzak aldatuz gero, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, behar diren izapide prozesalak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

6.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Aplikatzekoa zaie, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, 2 hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira aipatu epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 18a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala