Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2023ko apirilaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
1727

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 29koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena bigarren aldiz aldatzekoa.

Otsailaren 25eko 2/2004 Legearen bidez Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (DBEB) sortu zen. Zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa ditu, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe betetzen ditu bere eginkizunak. Lege horren 14. artikuluaren arabera, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren gobernu-organoak dira zuzendaria, Kontseilu Aholku-emailea eta bere estatutuan ezartzen diren besteak.

Urriaren 18ko 309/2005 Dekretuaren bidez onartutako Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren III. kapituluan Bulegoaren oinarrizko diseinua garatzen da antolakuntzaren aldetik; aldi berean, tarte bat uzten da Bulegoak bere egitura organikoa osatu ahal izan dezan, Bulegoak bere funtzionamendu egokirako beharrezkoak dituen autoantolaketa ahalak gauzatu ahal izateko.

Dekretu horren 10. artikuluaren arabera, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpenaren bidez, DBEBren egitura organikoa garatu zen. Hierarkikoki Zuzendaritzaren mendean dauden administrazio-unitateak ezarri ziren, zehazki Idazkaritza Nagusia, Aholkularitza Juridikoa eta Ikuskaritza, eta Datuak Babesteko Erregistroa eta Teknologia Berriak.

Geroago, 2013ko ekainaren 17ko Ebazpenaren bidez, azken unitate horren izena aldatu zen eta aurrerantzean «Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria» izena izango zuen. Helburua, berriz, datuak babesteko agintaritzek segurtasun-neurriak gainbegiratzeari lotuta legearen arabera dauzkaten eginkizunak biltzea zen.

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra (DBEO) osorik aplikatu behar izateagatik, eta gerora 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (DPBEDBLO) onartzearen ondorioz, fitxategiak datuak babesteko agintaritzei jakinarazteko eginbeharra ez da agertzen jada ordenamendu juridikoan. Horrenbestez, Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Unitatearen eginkizunetako asko ondoriorik gabe geratu dira. Aldi berean, DBEOk paradigma aldaketa ekarri du hainbat alderditan. Alderdi horietako batzuk dira «erantzukizun proaktiboaren» kontzeptua eta kontzeptu horrek besteak beste datuak babesteko ordezkarien zereginean dauzkan ondorioak, eta arriskuen kudeaketa eta datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioak helburu izatea. Aldaketa horien bidetik eginkizun berriak sortu dira, eta horiek Bulegoaren egitura organikoan agerrarazi behar dira.

Bestalde, duela gutxi 2016/680 (EB) Zuzentaraua gure ordenamendu juridikoan txertatu da eta, ondorioz, 7/2021 Lege Organikoa, arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa (zigor-arloko DBLO) onartu da.

Arau-esparru berri horretan Datuak Babesteko Euskal Bulegoari ahal eta eginkizun berriak esleitzen zaizkio kontrol-agintaritza gisa, eta ahal eta eginkizun berri horiek eragin berezia dute bereziki Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatean. Unitate horren eginkizunak eta jarduera areagotu egin direnez, barneko antolakuntza eta langileen esleipena aztertu behar dira, baita eginkizunak bereizi ere, unitate horren zereginak hobeto antolatu, koordinatu eta espezializatzeko.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emaileak, bere Erregelamenduaren 3.1.d) artikuluak esleitzen dizkion eginkizunen arabera, ebazpen honen proiektuari buruzko informazioa jaso zuen 2022ko abenduaren 2an egindako bileran.

Horregatik guztiarengatik, Otsailaren 25eko 2/2004 Legearen, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoaren 14. artikuluan eta urriaren 18ko 309/2005 Dekretuaren bidez onartutako Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren 10. artikuluan xedatuta dagoenez, eta Kontseilu Aholku-emaileak aldeko txostena eman duenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzen da 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzen duena, bere garaian 2013ko ekainaren 17ko Ebazpenaren bidez aldatu zena. Hona hemen aldaketak:

Bat.– Aldatzen da bigarren puntuko 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«2.– Hierarkikoki zuzendariaren mende dauden administrazio-unitateak honako hauek dira:

a) Idazkaritza Nagusiaren Unitatea.

b) Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea.

c) Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea.»

Bi.– Laugarren puntua aldatzen da eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarrena.– Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea.

Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitateari honako eginkizun hauek dagozkio:

1.– Teknologiek datuen babesean duten eragina ebaluatzearekin eta aztertzearekin zerikusia duten eginkizunak.

a) DBEBko Zuzendaritzari eta gainerako unitateei aholkua ematea teknologiaren "artearen egoerari" buruz, baita teknologia hori datuen babesean aplikatzearen eraginari buruz ere, eta ondorio horiei aurrea hartzeko beharrezkoa den ezagutza sortzea.

b) Prospekzio teknologikoko azterlanak eta bestelako jarduketa batzuk sustatzea, teknologiaren garapena datuen babesarekin eta ukituen eskubideekin uztartzea erraztu ahal izateko.

2.– Segurtasun-arriskuen kudeaketarekin eta eragin-ebaluazioen aurretiko kontsultarekin zerikusia duten eginkizunak.

a) Segurtasun Arrakalen Erregistroa kudeatzea, arrakala horien bilakaeraren eta ebazpenaren jarraipena egitea eta, hala badagokio, Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritzari ondorioen berri ematea, arau-hausteen zantzuak ikusten dituenean.

b) Tratamenduen arduradunek aurretiko kontsultarako aurkezten dituzten eragin-ebaluazioak gainbegiratzea; zeregin hori betetzeko, irizpena eta gomendioak koordinatzea Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatearekin, DBEOren 36. artikuluaren arabera.

c) Laguntza ematea arrisku-azterketak gainbegiratzen, datuak babesteko ordezkariek hala eskatzen dutenean, metodologiari, norainokoari eta ondorio gisa hartu beharreko neurriei buruz.

3.– Datuak babesteko ordezkariekin zerikusia duten eginkizunak.

a) Tratamenduaren arduradunek komunikatutako datuak babesteko ordezkariak erregistratzea eta haien publizitatea egitea.

b) Datuak babesteko ordezkariak eta tratamenduen arduradunak sentsibilizatzea erantzukizun proaktiboaren printzipioa betetzeari buruz, bereziki diseinutik abiatutako eta lehenetsitako datu-babesari buruzko printzipioa aplikatzeari eta arrisku-azterketak eta datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioak egiteari dagokionez.

4.– Ikertzeko ahalarekin zerikusia duten eginkizunak.

a) Prebentziozko auditoriako programak planifikatu eta kudeatzea, programa horiek tratamenduaren arduradun edo eragileen esparru jakin bati buruzkoak edo tratamendu-jardueraren mota zehatz bati edo datuen babesaren arloko araudia betetzearekin lotutako alderdi jakin batzuei buruzkoak direla ere. Horretarako, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren 11. artikuluan ezartzen diren jarduketak egin ahalko dira.

b) Ikuskaritzako eta Aholkularitza Juridikoko Unitateari laguntza eta babesa ematea ikuskaritza-lan zirkunstantzialetan eta aurretiazko ikerketa-jarduketetan, ekipoen azterketekin, datuak transmititzeko eta datuetara irispidea izateko sistemekin eta segurtasun-neurriak arrisku-azterketetara egokitzen direla egiaztatzearekin zerikusia duten jarduerak eta eskatzen zaizkion bestelakoak burutzeko.

5.– Bulegoaren barneko kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunak.

a) Idazkaritza Nagusiko Unitateari laguntza ematea DBEBren zerbitzurako informazio-sistemak planifikatzen, garatzen eta kudeatzen».

Hiru.– Bosgarren puntuko 2 b) apartatua aldatzen da Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitateari dagokionez, eta honela idatzita geratzen da:

«b) Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitateari laguntza ematea, lege- eta prozedura-arloko jarduerekin zerikusia duten prebentziozko auditoriako planetan.»

Lau.– 4. apartatua eransten zaio bosgarren puntuari, eta honela idatzita geratzen da:

«4.– Beste eginkizun batzuk.

a) DBEBren Zuzendaritzari laguntzea kanpo harremanetan, eta lankidetza eta koherentzia mekanismoak aplikatzea mugaz gaindiko tratamenduetan.

b) DBEBren Zuzendaritzari laguntzea datuen nazioarteko transferentzietan.

c) Europar Batasuneko erakundeek emandako gidalerroen, gomendioen eta jardunbide onen jarraipena egitea.

d) Bulegoko gainerako administrazio-unitateei komunikatzea Europar Batasuneko erakundeen gidalerroek, gomendioek eta jardunbideek beren eginkizunetan izango duten eragina.

e) DBEBren Zuzendaritzari laguntzea interpretazioa xede duten zirkularrak eta gidalerroak onartzen.

f) DBEBren Zuzendaritzari laguntzea jokabide-kodeak sustatzen eta onartzen.

g) Zuzendaritzari laguntzea jokabide-kodeak gainbegiratu behar dituzten erakundeen egiaztapenerako irizpideak prestatzen.

h) Zuzendaritzari laguntzea ziurtapenak egiten, ziurtapenerako irizpideak onartzen eta ziurtapen-erakunde eta -entitateen egiaztapena egiten.

i) Datuen babesaren arloko lantaldeetan, bileretan eta estatuko eta nazioarteko foroetan parte hartzea.

j) Tratamenduaren arduradunentzat egindako prestakuntza-jarduerak eta herritarrak sentsibilizatzekoak diseinatzea eta beraietan parte hartzea.»

Bost.– Seigarren puntuko b.2) apartatua aldatzen da, Idazkaritza Nagusiaren Unitateari dagokionez, eta honela idatzita geratzen da:

«b.2.– Datuen babesari buruzko ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak eta bestelako prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerak antolatu eta koordinatzea, eta horretarako DBEBko gainerako unitateek aktiboki parte hartzea.»

Bigarrena.– DBEBren lanpostu-zerrenda eguneratuko da, arestian azaldu diren egitura organikoaren aldaketak agerrarazteko, monografien berrikuspenerako eta lanpostuen baloraziorako ezarrita dagoen prozeduraren bitartez.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 29a.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria,

MARGARITA URÍA ETXEBARRIA.


Azterketa dokumentala