60. zk., 2023ko martxoaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1308 KB - 81 orri.)
- EPUB (2039 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1478
AGINDUA, 2023ko martxoaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez oinarriak ezarri eta deialdi publikoa egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza modernizatzeko laguntza-programaren laguntzetarako (Funts Teknologikoa), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Europar Batasunak finantzatua – Next GenerationEU).
I
Merkataritza-jarduera gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat da, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du. Gaur egungo datuak kontuan hartuta, barne-merkataritzaren sektoreak du pisurik handiena EAEko jarduera ekonomikoan; izan ere, enplegu guztiaren % 15,6 da, eta EAEko BPGd-ari 7.373 milioi euroko ekarpena egiten dio, hau da, BPGd-aren ia % 11. Beraz, oinarrizko sektorea da EAEko ekonomiarentzat.
EAEko 2021eko Jarduera Ekonomikoen azken Direktorioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 36.679 merkataritza-establezimendu daude; horietatik, 10.349 handizkako saltokiak dira, 3.227 automobilgintzaren sektorekoak, eta 22.103, txikizkako saltokiak, hots, guztizkoaren % 63. Une honetan 135.384 lanpostu dituzte establezimendu horiek: 12.789 automobilen salmenta eta konponketan (% 9,45); 39.849 handizkako merkataritzan (% 29,43), eta 82.746 txikizkako merkataritzan (merkataritza-sektore osoaren % 61,12).
Mikroenpresen eta enpresa txikien sarean eta autonomoen kolektibo handian oinarritzen da enpresa-egitura hori: merkataritza-enpresen % 72,23 inguru bi langile baino gutxiagokoak dira, eta % 90,89 inguru, berriz, bost langile baino gutxiagoko plantillak dituztenak, eta autonomoen kolektiboa txikizkako merkataritza-sektorean sortutako enpleguaren % 34 da.
Merkataritza-sektoreak ekonomiari ekarpen nabarmena egiten dion arren, sektorean alde handiak daude teknologia berrien erabileran, egungo kontsumo-ohituretara egokitzeari edo bezeroekin elkarreragiteko moduari dagokienez, bai azpisektoreen artean bai azpisektore bereko enpresen artean.
Merkataritza-sektoreak egiturazko aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta ez EAEn bakarrik. Izan ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erosketa-ohitura berrietara egokitu behar da. Sektoreak irmo eta lehenbailehen egin behar dio aurre eraldaketa digital sakonari, lehiakortasunari bultzada emanez, kudeaketa-eredu berriak abian jarriz, talentua eta berrikuntza komertziala txertatuz eta gure gizartearen etorkizuneko eskariei erantzungo dieten jasangarritasun-estrategiak hedatuz. Merkataritza hiri-diseinuan integratzea, mugikortasunarekin, jasangarritasunarekin, aisialdiarekin eta gure herri eta hirien segurtasunarekin integratuta, funtsezko faktorea da gure etorkizunerako eta gure lurraldearen kohesio sozialerako..
Merkataritzaren atomizazioak, bereziki txikizkako saltokienak, egora ahulagoan uzten ditu haiek krisien aurrean, dela COVID-19aren ondoriozkoa, dela Ukrainako gerrak eragindako egungo energia- eta hornidura-krisia, eta, horren ondorioz, lehiakortasuna handitzeko eta digitalizazioa bizkortzeko helburua duten proiektuak bultzatu behar ditugu, denboran iraungo duen, kontsumitzailearen konfiantza berreskuratuko duen eta sektorea banaketa-kanal berrietara irekitzeko erraztasunak jarriko dituen eredu erresiliente baterantz doazenak. Horretarako, aldaketak egin behar dira, salmenta-eremu tradizionaletik kanpoko lurraldeetara iristeko eta jasangarriago izateko.
II
COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemiak eta gaixotasunaren hedapen azkarrak krisi sanitario larri batera eraman gaituzte, eta horrek eragin sozial eta ekonomiko handia izan du, bereziki merkataritza-sektorean. Hain zuzen ere, hura izan da COVID-19aren kontrol-neurriek modu larrienean eragin dieten sektoreetako bat.
2020ko uztailaren 21eko Europako Kontseiluak, une historiko honetan Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatuko duten ahalegin berezi baten eta planteamendu berritzaile baten beharraz jabetuta, erabaki garrantzitsuak hartu zituen 2021-2027ko Urte Anitzeko Finantza Esparruari eta Europar Batasunaren Suspertze Tresna (Next Generation EU) deritzon irismen handiko neurri sortari dagokienez, 750.000 milioi euro eskatzen zituztenak.
Tresna hori Kontseiluaren 2020/2094 (EB) Erregelamenduaren bidez onartu zen (2020ko abenduaren 14koa, Europar Batasunaren Suspertze Tresna ezartzen duena, COVID-19aren krisiaren ondorengo susperraldian laguntzeko). Era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua onartu zen, 2021eko otsailaren 12koa, trantsizio ekologikoari, eraldaketa digitalari eta gizarte- eta lurralde-kohesioari buruzkoa, suspertze- eta erresilientzia-mekanismoa ezartzen duena. Mekanismo hori da Europar Batasunaren suspertzeko ezohiko neurrien ardatz nagusia, eta aukera emango dio Espainiari inoiz ez bezalako inbertsio-bolumen bat mobilizatzeko, autonomia-erkidegoek kudeatuko dutena.
Horrela definitutako finantzaketak estatu kideei lagundu behar die COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiten, eta bermatu behar du, era berean, haien ekonomiek trantsizio ekologiko eta digitalei ekingo dietela jasangarriagoak eta erresilienteagoak izateko, susperraldia azkartuko duten eta epe luzerako hazkundea indartuko duten inbertsioak eginez, barne-merkatuak behar bezala funtziona dezan erantzuteko gaitasuna handitu dezaketen eta beste erronka batzuei aurre egin diezaieketen enpresa txiki eta ertain (ETE) sendoekin.
III
Aurrekoa oinarri hartuta, Espainiako Gobernuak «Espańa Puede» Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana prestatu du. Suspertze Plana 2021eko uztailaren 13an onartu zuen Kontseiluak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 18. eta 20. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak eskatzen du eragile sozioekonomiko guztiek, gobernu-maila guztiek eta administrazio publikoaren baliabide guztiek parte hartzea. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana osatzen duten proiektuek aukera emango dute egiturazko erreformak egiteko datozen urteetan, arau-aldaketen eta inbertsioen bidez, eta, beraz, aukera emango dute ekoizpen-eredua aldatzeko, COVID-19ak sorrarazitako pandemiaren ondoren ekonomia suspertu dadin; aukera emango dute, gainera, egitura erresilienteago eta inklusiboago baterako transformazioa egiteko. Garrantzi berezia du horrek guztiak onura publiko, sozial eta ekonomikorako.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko laguntza-jarduera gehienak epe laburrean egingo dira, 2021etik 2023ra, pandemiak eragindako egoera kritikoari aurre egiteko premiagatik, eta, gainera, aldaketa horiek egiteko abagune estrategikoa delako.
Europako funtsekin finantzatu daitezkeen proiektuen diseinua eta exekuzioa errazteko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana ezartzen laguntzeko, Espainiako Gobernuak abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua eman zuen, zeinaren bidez presako neurriak onartu baitziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko; halaber, HFP/1030/2021 Agindua ere eman zuen, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen zuena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko erakundeek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarrien eta helburuen betetze-mailaren eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko.
Plana hamar trakzio-politikatan edo palankatan banatuta dago. Politika horiek zuzeneko eragina izango dute ehun ekonomiko eta soziala eraldatzeko gaitasun handiena duten ekoizpen-sektoreetan, eta 30 osagai biltzen dituzte, hainbat ministerio-sailek beren eskumenak betez esku hartzen duten jarduketa-ardatzen arabera.
Hamar trakzio-politiketatik, bosgarrena, hau da, «Industria-sarearen eta ETE-en modernizazioa eta digitalizazioa, turismoa suspertzea eta Espainia nazio ekintzaile izatera bultzatzea», industriaren eta ETE-en lehiakortasunean oinarritzen da funtsean.
Herrialdea modernizatzeko inbertsioen eta erreformen proiektu koherenteak artikulatzen dituzten 30 osagaien artean, 13. osagaiak, «ETEak bultzatzea» deiturikoak, hainbat kontutara bideratutako erreformak eta inbertsioak biltzen ditu: ekintzailetza, enpresa-hazkundea eta merkataritza-sektorea bultzatzea, trantsizio digitala erraztea eta enpresa-berrikuntza bultzatzea, nazioartekotzea sustatzea eta emisioak murrizten laguntzea, baliabideak efizienteki erabiltzea eta klima-erresilientzia indartzea.
Merkataritza-sektoreari dagokionez, helburu horiek eta haiek lortzeko beharrezkoak diren jarduerak C13.I4 osagaiaren barruan sartzen dira («Merkataritzari laguntzea»), hor sartzen baita, 1.2 jarduketa gisa, «Merkataritza modernizatzeko programa: funts teknologikoa», merkatari txiki eta ertainei banaka edo elkarteen bidez laguntzeko ildoa, sektorean teknologia berriak txertatzeko proiektuak finantzatzea helburu duena, tokiko merkataritzak kontsumo-ohitura berriei erantzun diezaien eta teknologia berri horiek establezimenduaren beraren eraldaketa digitalean, jasangarritasunean eta negozio-ereduan eragina izan dezaten.
Horrela, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan eta Suspertze Planean ezarritako helburuekin bat etorriz, laguntza-lerro horren helburu espezifikoa da merkataritza-sektorea eguneratzeko eta modernizatzeko jarduketak garatzen dituzten proiektuak diruz laguntzea, sektorea kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko, eta teknologia berrien inplementazioa sustatzeko, bai eta merkataritza-establezimenduetan jasangarritasuna, efizientzia, hondakinen birziklapena eta berrerabilera hobetzen lagunduko duten konponbideen inplementazioa ere.
IV
Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpenak, zeinak Merkataritza Arloko Biltzarrak 2022ko maiatzaren 9ko Arloko Biltzarraren osoko bilkuran hartutako Erabakia argitaratzen baitu, Merkataritza Modernizatzeko Programara (Funts Teknologikoa) bideratutako kreditua banatzeko irizpideak ezarri zituen, bai eta kreditu hori autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoei nola banatu ere. Guztira, 100 milioi euro 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 13. osagaiaren I4.1.2 inbertsioaren esparruan.
Erabaki horretan, autonomia-erkidegoek parte hartzeko baldintzak, aplikazio-eremuak, proposamenak aurkezteko prozedura eta horiek onartzeko, gauzatzeko eta justifikatzeko arauak ezartzen dira.
Erabakiak ezartzen duen bezala, laguntzen helburua teknologia berriak sartzea da, tokiko merkataritzako ETE-ek aukera izan dezaten, banaka edo sektoreko elkarteen bidez, kontsumo-ohitura berriei erantzuteko, eta establezimenduaren beraren eraldaketa digitalean, jasangarritasunean eta negozio-ereduan eragina izan dezaten.
Proiektuek, digitalizazioaren bidez, azpiegitura digitalen eta datuen eta berrikuntza digitaleko elkarteen eta zentroen garapena sustatuko dute, baita soluzio digital irekiak abian jartzea ere. Horretan, aukera-berdintasuna bermatuko zaie eskualde bakoitzeko jarduera ekonomikoan zuzeneko eragina duten autonomia-erkidego bakoitzeko hartzaile potentzialei.
Finantzaketa-lerro horren onuradunak autonomia-erkidegoak eta hiri autonomoak izango dira, baina horien azken hartzaileak merkataritza-sektoreko irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta merkataritza-sektoreko enpresak izango dira, baldin eta ETEtzat jotzen badira, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako definizioaren arabera, eta zehaztutako EJSNen barruan badaude (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz –kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra–).
Euskal Autonomia Erkidegoan, Merkataritza Modernizatzeko Programa (Merkataritzako Funts Teknologikoa) betetzeko esleitutako zenbatekoa 2.075.884 euro da (bi milioi, hirurogeita hamabost mila, zortziehun eta laurogeita lau euro), 2022ko eta 2023ko aurrekontu-ekitaldietako bakoitzean emandako zenbatekoak autonomia-erkidegoen arabera nola banatu finkatzen duen ebazpenaren 1. taulan ezarritakoaren arabera:
(Ikus .PDF)
Autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen ardura izango da, zuzeneko onuradun gisa eta «erakunde betearazle» gisa, dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak prestatzea, egoki iritzitako irizpide, betekizun eta betebeharren arabera, betiere Merkataritza Arloko Biltzarraren Erabakian xedatutakora egokitzen badira.
V
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboak ematen dizkio barne-merkataritzan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko ere, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.
Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legeak eta ondorengo aldaketek Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-jarduera arautu eta merkataritza-egituraren antolamendua eta hobekuntza ezarri zuten.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren arabera, Merkataritza Zuzendaritzari dagokio autonomia-erkidegoko merkataritza-banaketako egiturak eta prozesuak hobetzea eta modernizatzea.
Horri erantzuteko, agindu bat prestatu da, 2023ko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak biltzen dituena, merkataritza modernizatzeko programa finantzatzeko inbertsio-proiektuak finantzatuko dituzten dirulaguntzak emateko lehiarik gabeko konkurrentziaren erregimenean: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargurako Funts Teknologikoa, honako alderdi hauei buruzkoa: helburu orokorrak, finantzatu daitezkeen proiektu motak, onuradunak eta finantzaketaren ezaugarriak eta mugak.
Europako Next Generation EU funtsen esparruan laguntzak emateko premia larria kontuan hartuta, oinarri arautzaile horiek norgehiagokarik gabeko dirulaguntza gisa izapidetu ahal izango dira, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62. artikuluan ezartzen den bezala, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko. Haren bidez, proiektuak beste proposamen batzuekin konparaziozko baloraziorik egin gabe finantzatzea onartzen da, bai eta laguntzak emateko ebazpenak ematea ere, eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera, diruz lagundu daitekeen egoera edo proiektua eta eskatutako gainerako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua amaitu arte.
Bestalde, errespetatu beharra dago ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (ingelesezko sigletan, DNSH printzipioa, «Do No Significant Harm»), proiektuak diseinatzeko eta gauzatzeko fase guztietan, eta agindu hau betez gauzatzen den jarduketa bakoitzean, honako hauetan xedatutakoari jarraituz: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia; eta, bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioaren aplikazioari buruzko Batzordearen gida teknikoaren komunikazioa, bai eta Espainiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren betearazpen-erabakia ere. Horren barruan sartzen da 13. osagaian (4.1.2 inbertsioa) aurreikusitako baldintza espezifikoak betetzea, DNSH printzipioari dagokionez, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuaren 3., 6., 7. eta 8. apartatuetan jasotakoak. Nolanahi ere, ingurumen-ebaluazioko prozedurak bete behar dira, aplikatzekoak direnean, indarrean dagoen legediarekin bat etorriz, baita ingurumen-legedia dela bide aplikatzekoak izan daitezkeen bestelako ondorioen beste ebaluazio batzuk ere.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiak, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren bidez argitaratuak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako baldintzak, interes-gatazkaren, finantzaketa bikoitzaren eta estatu-laguntzen arloko baldintzak eta ingurumen-kalte handirik ez egitekoak betetzeko neurrien plana onartzen du.
Aginduaren esparruan emandako laguntzak de minimis araudiak estalitako estatu-laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Hala, onuradunek ezin izango dute araubide horri atxikitako laguntzarik jaso, baldin eta hiru zerga-ekitalditan metatutako zenbatekoak 1407/2013 Erregelamenduaren 3.2 artikuluko muga gainditzen badu. Artikulu horrek ezartzen duenez, estatu kide batek enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago laguntza hori; plana Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2023ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez onartu zen.
Azaldutakoan oinarrituta, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da merkataritza-sektorearen eraldaketa digital eta jasangarriaren bidez lehiakortasuna eta modernizazioa sustatu eta bultzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzea Funts Teknologikoa Merkataritza Modernizatzeko Programaren esparruan, bai eta 2023ko deialdia egitea ere.
2.– Laguntza horien helburua da eduki teknologiko, berritzaile eta jasangarria duten proiektuen garapena finantzatzea. Plan eta proiektu horiek merkataritzako mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek aurkeztuko dituzte, banaka edo elkarteen bidez. Plan eta proiektuok merkataritza-jardueraren kudeaketan eta negozio-ereduan eragingo dute, enpresak kontsumo-ohitura berrietara, salmenta-modalitateetara, posizionamenduetara eta banaketara egokitzen direla bermatuz, eta lehiakorrago eta erresilienteago bihurtuz. Aurkez daitezkeen proiektuek ingurumen-helburuei «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa bete beharko dute, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera.
3.– Bi laguntza-lerro ezarri dira, entitate onuradunen tipologiaren arabera:
a) Merkataritza-sektoreko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (aurrerantzean, ETEak) zuzendutako lerroa.
b) Irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta hainbat merkatari elkarte osatzen dituzten elkarte-entitateei edo legez eratutako federazio eta konfederazioei (aurrerantzean, elkarteak) zuzendutako lerroa.
4.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duenak, ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeari eta emateari abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko zaie (Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzen dituena), aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.
5.– Agindu honen arabera finantzatzen diren laguntzak Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 13. osagaiaren barruan sartzen dira («ETEak bultzatzea»), 4. inbertsioan («Saltokiei laguntzea»), 1.2 jardueran («Merkataritza modernizatzeko programa: Funts Teknologikoa»), eta 210. helburua betetzen lagunduko dute: Funts Teknologikoaren dirulaguntzak jaso dituzten ETEak edo enpresa-elkarteak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudiaren arabera, eta Europako eta estatuko Suspertze Planari jarraituz.
Helburua honela definitzen da: «Gutxienez 200 ETEk edo merkataritza-sektoreko enpresa elkartek Funts Teknologikoaren dirulaguntzak jaso beharko dituzte, kalte nabarmenik ez eragitearen printzipioaren aplikazioari buruzko gida teknikoan xedatutakoaren arabera (DO C 58, 2021-02-18koa, 1. or.), bazterketa-zerrenda bat erabiliz eta EBko eta estatuko ingurumen-legeria betetzeko betekizunaren bidez».
Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez, Merkataritza Arloko Biltzarrak 2022ko maiatzaren 9ko Arloko Biltzarraren osoko bilkuran hartutako Erabakia argitaratu zen. Eta erabaki horren bidez, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei aipatu 210. helburu hori betetzeko zuzeneko laguntzak ematea onartu zen. Hala, Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren ebazpen horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gutxienez 8 ETE edo enpresa elkarte lagundu beharko ditu diruz.
2. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Oinarri arautzaileotan ezartzen diren dirulaguntzek, haietan xedatutakoaz gain, kasuan kasuko deialdia eta emakida-ebazpena eta hauetan xedatutakoa izango dituzte arau:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
b) 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onesten baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko.
c) HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena.
d) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarriak eta helburuak betetzen ote diren kontrolatzeko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko.
e) Diruz lagundutako jarduerak egikaritzeko, aplikatu beharreko ingurumen-araudia bete beharko da (DNSH), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen V. kapitulua.
g) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
h) 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
i) 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
j) 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
k) HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazken arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa.
2.– Hauek ere aplikatuko dira:
a) Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko otsailaren 8koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa, zeina argitara eman baitzen Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren martxoaren 1eko 30/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko martxoaren 4ko EHAA, 46. zk.).
b) Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakia, «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien Plana» onartzen duena, zeina argitara eman baitzen Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk.).
3.– Era berean, entitate onuradunek nahitaez bete beharko dituzte laguntza ematen duen administrazioak, estatuko eta Europako gainerako agintari eskudunek xede horretarako ezarritako arauak, bai eta laguntza hauen onuradun izateagatik ezarritako betebehar guztiak ere.
3. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
1.– Deialdi honetara 2.075.884 euro bideratuko dira, guztira, 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez argitaratutako Merkataritza Arloko Biltzarraren Erabakiari jarraituz, honela banakatuta:
a) Merkataritza-sektoreko ETE-entzako laguntza-lerroa: 1.660.707,20 euro
b) Elkarteentzako laguntza-lerroa: 415.176,80 euro.
2.– Ematen den laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaren ekitaldi bakoitzerako Aurrekontu Orokorrei egotziko zaie, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorrita.
3.– Deialdi hau Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du. Mekanismo hori Kontseiluaren 2020/2094 (EB) Erregelamenduak, 2020ko abenduaren 14koak, ezartzen du, zeinaren bidez COVID-19aren krisiaren ondorengo susperraldian laguntzeko Europar Batasunaren Suspertze Tresna bat ezartzen baita. Horrez gain, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren arabera arautzen da.
Abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 7. artikuluan eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza horiei dagokien finantzaketa legez bideratuta dago NextGenerationEU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren –Europar Batasunak finantzatua– barruan sartzen diren proiektuak edo ekintza-ildoak finantzatzera, 13. osagaiaren I4.1.2 inbertsioaren kargura.
4.– Artikulu honetan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, 19.3 artikuluaren arabera.
5.– Aurkeztutako eskabideak ebatzi ondoren ETE-en lerrorako edo elkarteen lerrorako aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu ez badira, soberako saldoa, beharrezkoa izanez gero, beste lerroaren gabezia finantzatzeko erabili ahal izango da.
4. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira edozein administraziok edo entitate publiko edo pribatuk xede berarekin ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuetatik jaso dezakete laguntza, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak dagoeneko finantzatu zuen kostu bera.
Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezingo du inola ere gainditu diruz lagundutako proiektuaren kostua, hala adierazita baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluan. Kasu horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emandako laguntzari geldikina kenduko zaio.
2.– Administrazioei edo entitate batzuei xede eta helburu bererako eskatu dizkieten, edo haiengandik jaso dituzten, laguntzak aitortu beharko dituzte entitate onuradunek.
3.– Aginduaren esparruan emandako laguntzak de minimis araudiak estalitako estatu-laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Hala, onuradunek ezin izango dute araubide horri atxikitako laguntzarik jaso, baldin eta hiru zerga-ekitalditan metatutako zenbatekoak 1407/2013 Erregelamenduaren 3.2 artikuluko muga gainditzen badu. Artikulu horrek ezartzen duenez, estatu kide batek enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Honako hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak:
1.1.– Merkataritza-sektoreko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-lerroan, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Merkataritza-sektoreko enpresak, baldin eta ETEak badira, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (Kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) Honako kategoria hauek izango dira:
– Mikroenpresa: 10 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.
– Enpresa txikia: 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.
– Enpresa ertaina: 250 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko zenbatekoa edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.
Enpresa batek, kontuak ixteko egunean, urteko muga horiek modu batera edo bestera gainditu dituela egiaztatzen badu, egoera horrek enpresa ertain edo txikiaren edo mikroenpresaren izaera eskuratzea edo galtzea eragingo dio, baldin eta ondoz ondoko bi ekitalditan gertatzen bada hori.
b) ETEak Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du sozietate- eta zerga-egoitza.
c) Negozioaren jarduera nagusiak bat etorri beharko du 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 45., 46. edo 47. kodeetan jasotako jardueretako batekin, Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpenean ezarritakoaren arabera, zeinaren bidez argitara ematen baita Merkataritza Arloko Biltzarraren Erabakia. Sailkapen hori 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN-2009) onartzen duen apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen. EJSN-n benetan alta emateko datak eskaera aurkezteko bera edo lehenagokoa izan beharko du.
d) Merkataritza-jarduerak eta halakotzat hartzen ez diren beste batzuk aldi berean egiten badira, proiektua diruz lagundu ahal izango da, baldin eta jarduera nagusia merkataritzakoa bada, fakturazio-ehunekoaren arabera.
a) eta d) apartatuetako baldintzak egiaztatzeko, agindu honen I. eranskinean agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eskatzaileak.
Hala ere, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatu ahal izango du egiaztapena egiteko.
1.2.– Elkarteentzako laguntza-lerroan, honako betekizun hauek betetzen dituztenak:
a) Estatutuetako eta jarduketa-programetako helburuen artean jasota egotea merkataritza-sektorearen interesen defentsa eta merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta sustatzeko jarduerak egitea.
b) Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du sozietate- eta zerga-egoitza.
c) Oinarri arautzaile hauek onartzeko agindua argitaratu aurretik legez eratuta egotea.
d) 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 45., 46. edo 47. kodeetan jasotako jardueraren bat duten bazkideen % 40 taldekatzea gutxienez. Sailkapen hori 2009ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (EJSN-2009) onartzen duen apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen.
Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, elkarteak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dekretu honen III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera, edo, bestela, dagokion Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbera Ofizialaren ziurtagiria, Merkatarien Elkarteen Erroldan agertzen diren entitate eskatzailearen datuak jasotzen dituena, eta, gutxienez, eranskin horretan eskatzen den informazioa.
2.– Ezingo dira laguntzen onuradun izan armak ekoiztera, merkaturatzera edo finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.
6. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako baldintzez gain, onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdia egin duen erakundearen aurrean, bere gain hartuko ditu laguntzaren onuraduna izateari dagozkion eskubide eta betebehar guztiak, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen eta hura garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduaren ondoriozkoak.
b) Onuradunen ekintzek oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa bete beharko dute.
c) Ezingo dira laguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeraren batean dauden entitateak edo enpresak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 5. eta 6. apartatuak.
Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte ezarritako eskakizunak eta baldintzak.
d) Ez hartzea krisian dagoen enpresatzat, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatutakoaren arabera.
e) Ez egotea berreskuratze-agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
f) Ez gainditzea de minimis laguntzen muga, agindu honen 4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
g) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak Ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira soilik, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen ez duten enpresak.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, agindu honen I. eranskinean agertzen den adierazpenaren bidez.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateek ordaintzeko legezko ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko edozein finantzaketa alde batera utzita.
Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak XIV. eranskinean jasota daude.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Arau orokor gisa, SEMak egiturazko aldaketa dakarten, erresilientzia ekonomiko eta sozialean, epe luzeko lehiakortasunean, jasangarritasunean eta digitalizazioan eta enpleguan eragin iraunkorra duten eta behin eta berriro egiten ez diren gastuak baino ez ditu finantzatuko.
2.– Agindu honetan araututako laguntzek abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37. artikuluaren arabera finantzatuko dituzte jarduketak, SEEPen arau-esparruaren arabera hautatzeko modukoak diren jarduketak finantzatzeko.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira laguntzaren xede den jarduerarekin zalantzarik gabe zerikusia duten, gauzatzeko beharrezkoak diren, proiektu onuradun bakoitzerako onartutako egikaritze-aldian egin diren eta justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordainduta dauden horiek. Gastuek merkatuko prezioen araberakoak izan beharko dute.
4.– Mikroenpresentzako, enpresa txikientzako eta ertainentzako laguntza-lerroaren barruan, honako hauek lagunduko dira diruz:
a) Eraldaketa digitalera bideratutako gastuak: online merkataritza-estrategiaren eta komunikazio-estrategiaren, negozio-ereduaren eta erosketa-esperientziaren hainbat eremu hobetzeko teknologia berrien proiektuak izango dira:
1) Bezero-arreta, harekiko harremana eta haren gaineko ezagutza hobetzea, eta fidelizatzea, teknologia berriak eta analitika aurreratuko teknikak erabiliz.
2) Merkataritza-establezimenduen eraldaketa digitalean inbertitzea, salmenta-funtzionaltasunak txertatu, mantendu edo hobetzeko, negozio-ereduen omnikanalitatea sustatzen duten eta bezeroen ingurune digitaleko erosketa-esperientzia hobetzen duten kanal digitalen bidez.
3) Zibersegurtasuneko soluzioak.
4) Negozio baten barruan barne-komunikazioa hobetzeko plataformak, edo negozioen artean edo intereseko beste figura batzuen artean, elkarrekiko ekintzak abiarazteko, elkarren mesedetan eta lan egiteko modua hobetzeko, bai eta bezero-arreta hobetzeko eta kopurua handitzeko ere.
5) Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.
6) Aplikazio informatikoak garatzea, telefono mugikor adimendunetarako edo produktuak eta zerbitzuak sustatzeko balio duten bestelako gailu edo bitarteko digitaletarako.
b) Salmenta-puntua eraldatzeko gastuak: salmenta-espazio fisikoa kontsumitzaileen behar eta ohitura berrietara nahiz kudeaketa-eredu berrietara egokitzeko teknologia berrien proiektuak izango dira:
1) Saltokiko kudeaketa digitalizatzea, negozioaren barne-kudeaketako eragiketa bat edo batzuk optimizatuz, integratuz edo automatizatuz, hornitzaileekiko eta azken bezeroarekiko harremana barne.
2) Negozioaren bideragarritasunari, erabakiak hartzeari, transmisio potentzialari edo belaunaldi-erreleboari buruzko autodiagnostikoak egiteko tresna teknologikoak eskuratzea.
3) Merkataritza ibiltariaren eraldaketa digitala eta merkaturatzeko bide laburrak.
4) Salmenta-prozesua hobetzea, establezimenduan edo merkataritza-eremuan formula omnikanalen bidez eskaerak jasotzea erraztuko duten teknologia berriak txertatuz.
5) Teknologia berriak aplikatzea salmenta-puntuan, erositako produktuen ordainketa-prozesua hobetzeko eta eguneratzeko, bai eta merkataritza-establezimenduetan ilarak eta pilaketak saihesteko, txanden kudeaketa hobetzeko eta aldez aurreko bisita erreserbatzeko ere.
6) Establezimendu fisikoan erosketa-esperientzia hobetuko duten altzari teknologikoak erostea.
7) Bezeroekiko harremanetan marketin erlazionaleko edo harreman-hobekuntzako teknikak txertatzea.
c) Jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari lotutako gastuak: energiaren eta baliabideen kontsumoaren efizientzia hobetzeko irtenbide teknologikoak aplikatzeko proiektuak izango dira:
1) Saltokiek eta kontsumitzaileek beren establezimenduetan sargaien kontsumoa murrizteko inbertsioak, eta horien ordez ingurumena gehiago errespetatzen duten beste aukera batzuk ezartzea.
2) Produktuak edo, hala dagokionean, hondakinak banatzeko, entregatzeko eta itzultzeko eragiketak optimizatzea, kostuak eta ingurumen-inpaktua murriztuko dituzten teknologia eta lankidetza-ekosistema berriak erabiliz, eta, horretarako, azken miliari arreta berezia eskainiz.
3) Merkataritza-establezimenduetan energia-kontsumoaren eta bestelako horniduren efizientzia hobetzeko irtenbide teknologikoak, oinarri teknologikoko prozesuak, ekoefizienteak edo hondakinak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira, etab.) behar bezala bereizteko prozesuak ezartzea, ondoren birziklatzeko eta balorizatzeko.
4) Entrega-puntu adimendunak instalatzea.
5) Energia-iturri berriztagarriak instalatzea eta berotzeko potentzial handiko gas hozgarri fluordunak erabiltzen dituzten teknologiak atmosfera berotzeko ahalmen gutxiko edo txikiko teknologiekin ordeztea merkataritza-erabilerako establezimenduen klimatizazioan.
6) Jasangarritasuna, klima-aldaketara egokitzea eta efizientzia areagotzera bideratutako beste proiektu eta irtenbide batzuk, ekonomia erresiliente eta karbono gutxikorantz bideratuak, baita hondakin-ekoizpena murriztera eta produktu-berrerabilpena, ekonomia zirkularra eta hondakinak zero izatea sustatzera bideratuak ere.
d) Hornidura-kateari eta trazabilitateari dagozkien gastuak: konponbide teknologikoen proiektuak izango dira, hornidura-katean, trazabilitatean eta ekonomia zirkularrean azken miliako entregaren efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko eginak:
1) Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETE-en eta banatzaileen arteko elkarreragina eta elkarlana bermatzeko lankidetza-plataformak.
2) Banatzaileen merkataritza elektronikoko webguneetan tokiko edo zero kilometroko hornitzaileak integratzea bultzatzeko gastuak.
3) Teknologia berrietan egindako inbertsioak, banaketa-kanal osoan –bai linealean, bai bidalketan eta banaketan– produktuaren trazabilitatea edo beste ezaugarri batzuk ezagutzeko.
4) Lineal fisikoan eta online linealean eskainitako aukera optimizatzea.
5.– Elkarteentzako laguntza-lerroaren barruan, honako hauek lagundu ahalko dira diruz:
a) Bazkideen kolektiboaren eraldaketa digitalera bideratutako gastuak: online merkataritza-estrategiaren eta komunikazio-estrategiaren, negozio-ereduaren eta erosketa-esperientziaren hainbat eremu hobetzeko teknologia berrien proiektuak izango dira:
1) Kontsumitzaile-arreta, harekiko harremana eta haren gaineko ezagutza hobetzea, eta fidelizatzea, teknologia berriak eta analitika aurreratuko teknikak erabiliz.
2) Elkarteen eraldaketa digitalean inbertitzea, salmenta-funtzionaltasunak txertatu, mantendu edo hobetzeko, omnikanalitatea sustatzen duten eta bezeroen ingurune digitaleko erosketa-esperientzia hobetzen duten kanal digitalen bidez.
3) Komunikazioa eta ikusgarritasuna hainbat bitarteko edo euskarri digitaletan, teknologia berriak erabiliz.
4) Merkatuari, lehiari edo SEOri buruzko metrikak eta analisiak.
5) Zibersegurtasuneko soluzioak.
6) Barne-komunikazioa hobetzeko plataformak, edo negozioen artean edo intereseko beste figura batzuen artean, elkarrekiko ekintzak abiarazteko, elkarren mesedetan eta lan egiteko modua hobetzeko, bai eta bezero-arreta hobetzeko eta kopurua handitzeko ere.
7) Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.
8) Aplikazio informatikoak garatzea, telefono mugikor adimendunetarako edo produktu eta zerbitzu kolektiboak sustatzeko balio duten bestelako gailuetarako.
b) Salmenta-puntua modu kolektiboan eraldatzeko gastuak.
1) Merkataritza ibiltariaren eraldaketa digitala eta merkaturatzeko bide laburrak modu kolektiboan.
2) Salmenta-prozesua hobetzea, establezimenduan edo merkataritza-eremuan formula omnikanalen bidez eskaerak jasotzea erraztuko duten teknologia berriak txertatuz.
c) Jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari lotutako gastuak: energiaren eta baliabideen kontsumoaren efizientzia hobetzeko irtenbide teknologikoak aplikatzeko proiektuak izango dira:
1) Saltokiek eta kontsumitzaileek sargaien kontsumoa murrizteko inbertsioak, eta horien ordez ingurumena gehiago errespetatzen duten beste aukera batzuk ezartzea.
2) Produktuak edo, hala dagokionean, hondakinak banatzeko, entregatzeko eta itzultzeko eragiketak optimizatzea, kostuak eta ingurumen-inpaktua murriztuko dituzten teknologia eta lankidetza-ekosistema berriak erabiliz, eta, horretarako, azken miliari arreta berezia eskainiz.
3) Merkataritza-establezimenduetan energia-kontsumoaren eta bestelako horniduren efizientzia hobetzeko irtenbide teknologiko kolektiboak, oinarri teknologikoko prozesuak, ekoefizienteak edo hondakinak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira, etab.) behar bezala bereizteko prozesuak ezartzea, ondoren birziklatzeko eta balorizatzeko.
4) Jasangarritasuna, klima-aldaketara egokitzea eta efizientzia areagotzera bideratutako beste proiektu eta irtenbide kolektibo batzuk, ekonomia erresiliente eta karbono gutxikorantz bideratuak, baita hondakin-ekoizpena murriztera eta produktu-berrerabilpena, ekonomia zirkularra eta hondakinak zero izatea sustatzera bideratuak ere.
d) Hornidura-katea eta trazabilitateari dagozkion gastuak: azken miliako entregaren efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko konponbide teknologikoen proiektuak izango dira:
1) Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETE-en eta banatzaileen arteko elkarreragina eta elkarlana bermatzeko lankidetza-plataformak.
2) Banatzaileen merkataritza elektronikoko webguneetan tokiko edo zero kilometroko hornitzaileak integratzea bultzatzeko gastuak.
3) Teknologia berrietan egindako inbertsioak, banaketa-kanal osoan produktuaren trazabilitatea edo beste ezaugarri batzuk ezagutzeko, bai linealean, bai bidalketan eta banaketan.
e) Diruz lagundu daitezkeen bestelako gastuak.
1) Merkataritza-guneetan WiFi sareak ezartzea.
2) Merkataritza-eskaintzari buruzko informazioa ematen duten aplikazioak, baita tokitik hurbil dauden arkitektura-, historia- edo kultura-ondareko elementuena edo kultura- edo arte-ekitaldietarako deialdiena, turismoa hainbat esparrutan sustatzeko: gastronomian, kulturan eta erosketetan.
6.– Artikulu honetan zerrendatutako edozein gastutarako, soluzio teknologikoak behar bezala ezartzeko ezinbestekotzat jotzen diren inbertsioak lagunduko dira, eta, horrela, honako hauek ezagutu ahal izango dira: abiapuntuko egoera, merkataritza-sektorearen proiektuen eta beharren egokitasuna, emaitzak eta kualitatiboki eta kuantitatiboki espero den inpaktua.
7.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez hiru hornitzailerenak, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez den aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dagokion deialdia argitaratu aurretik ez den egin gastua. Berariaz justifikatu beharko da, memoria batean eta IV B eranskinaren arabera, gutxienez hiru eskaintza aurkezteko ezintasuna
Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, kontratu txikiak 40.000 eurotik beherako balio zenbatetsia dutenak dira, baldin eta obra-kontratuak badira, edo 15.000 eurotik beherakoak, baldin eta hornidura- edo zerbitzu-kontratuak badira, alde batera utzi gabe estatu-mailan zentralizatutako obrei, zerbitzuei eta horniketei buruz 229. artikuluan ezarritakoa.
Eskaintzak dirulaguntza eskatzean aurkeztu behar dituzte, eta, haien artean, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz egingo da hautaketa. Eskaintza ekonomikoena hautatzen ez badute, memoria batean berariaz justifikatu beharko dute hori, lV B eranskineko ereduaren arabera.
8.– Gastuaren kontzeptuak, finantzagarritzat jotzeko, banan-banan zehaztu beharko dira eskabide-galdetegian eta memorian, II. eranskineko ereduari jarraituz, eta eskatzailearen lerroaren arabera: A) ETEak eta B) Elkarteak. Bestela, ez dira kontuan hartuko gastu finantzagarriaren konfigurazioan.
9.– Entitate onuradunek Europar Batasunaren autonomia estrategiko eta digitalaren helburua lortzen lagundu beharko dute, bai eta hornidura-katearen segurtasuna bermatu ere, kontuan hartuta nazioarteko testuingurua eta konponbidearen parte izan daitekeen edozein osagai edo azpisistema teknologiko sentikor eskuragarri dagoela, Europar Batasunean kokatutako hornitzaileei lotutako ekipoak, osagaiak, sistemen integrazioak eta softwarea eskuratuta.
10.– Neurri horrek ez du etiketa berde edo digitalik Suspertze eta Erresilientzia mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eta VII. eranskinetan aurreikusitako baldintzetan.
8. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
1.– Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza eskatu duen enpresak berak edo elkarteak egindako lanak, ez eta proiektuak ere, baldin eta aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea enpresa edo elkarte eskatzailea bera bada, edo autofakturazioa erator daitekeen antzeko kasuren bat badago.
2.– Zeharkako zergetatik eratorritako gastuak ez dira inola ere diruz lagunduko, eta, zehazkiago, balio erantsiaren gaineko zergarenak (BEZ).
3.– Inola ere ez dira diruz lagunduko hornidurak, jarraipena, mantentze-lanak edo soluzio teknologiko baten ezarri ondorengo funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin lotutako beste edozein gastu, ezta softwarearen edo ekipoen eguneratzeak eta berme-zabalkuntzak ere.
4.– Ez dira diruz lagunduko ETE-en eta elkarteen jardueren funtzionamendurako gastu arruntak, hala nola establezimenduen errentamenduak, materiala eta hornidurak eskuratzea, edo gastu arruntak, oro har.
5.– Ez da diruz lagunduko ETE-en edo elkarteen administrazioaren berezko proiektuen edo gastuen eragiketa- eta mantentze-gasturik.
6.– Ez dira diruz lagunduko administrazio-baimenak, lizentziak, baimenak, abalen eta/edo fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo tributuak.
7.– Ez da diruz lagunduko administrazioko izapideei, kontsultei, kontratazioei edota kudeaketei lotutako edozein gastu, baimenak edo lizentziak lortzeko beharrezkoak izan arren.
8.– Ez dira diruz lagunduko eskatzaileak sinatutako aseguruak.
9.– Ez dira diruz lagunduko ekipo erabilietan egindako inbertsioak.
10.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, pasiboaren berregituraketak edo birfinantzaketak, zirkulatzailea eta beste zerga edo tasa batzuk. Era berean, ez dira diruz lagunduko edozein motatako eragiketen banku-gastuak.
11.– Ez dira diruz lagunduko gerora jendeari saldu ahal izango zaizkion higiezinak eta erakusketa- eta proba-artikuluak, ez eta aldi baterako erakusmahaiak jartzea ere.
12.– Ez dira diruz lagunduko garraio-elementuak.
13.– Ez dira diruz lagunduko telefono mugikorrak, smartphoneak, ordenagailu pertsonalak edo tabletak, salbu eta programa honi dagokionez diruz lagundutako soluzio teknologikoarekin zuzenean lotuta badaude.
14.– Ez dira diruz lagunduko zigor penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
15.– Ez dira diruz lagunduko proiektuari lotuta ez dauden zeharkako kostuak.
16.– Ez dira diruz lagunduko merkataritza-jarduera COVID-19ra egokitzearekin zerikusia duten proiektuak.
17.– Ez dira diruz lagunduko Europar Batasunak klimaren eta ingurumenaren arloan dituen arauak eta lehentasunak erabat betetzen ez dituzten eta «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren ildotik erabat betetzen ez dituzten proiektuak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du). Entitate onuradunek bermatu behar dute betetzen direla.
Nolanahi ere, ezin izango dira finantzatu inbertsio horretarako Kontseiluaren Betearazpen Erabakian ezarritako baztertze zerrendan jasotako jarduerak:
a) Erregai fosilekin lotutako inbertsioak, horien ondorengo erabilera barne.
b) EBko isurketa-eskubideen salerosketa-erregimenaren esparruko jarduerak, baldin eta aurreikusten bada jarduera horiek eragindako berotegi-efektuko gasen emisioak ez direla dagokien erreferentzia-parametroen azpitik egongo.
c) Sortutako hondakinak tratamendu mekaniko-biologikoaren (TMB), errausketaren edo isurketaren bidez tratatzeari lotutako jarduerak.
d) Hondakinak epe luzera ezabatzeak epe luzean ingurumen-kalteak eragiteko arriskua ekar dezaketen jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak sortzen dituztenak).
Baldintza-agiriak eskatuko du estatuko eta EBko ingurumen-legedia betetzen dituzten jarduerak soilik aukeratu ahal izango direla.
Gainera, eskatuko du estatuko eta Europako ingurumen-legedia betetzen dituzten jarduerak soilik aukeratu ahal izango direla.
9. artikulua.– Proiektuaren gutxieneko inbertsioa eta mugak.
1.– Finantzaketa jasotzeko aurkezten diren inbertsio-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu beharko dira, eta agindu honen 7. artikuluan jasotako gastu-kategorietako batean kokatu beharko dira, gutxienez.
2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuei dagokien gutxieneko inbertsioak, zerga guztiak kenduta, honako zenbateko hauek izan beharko ditu:
a) ETE-entzat, gutxieneko inbertsioa 1.500 eurokoa izango da (BEZik gabe).
b) Elkarteen edo elkarteen batasunen kasuan, gutxieneko inbertsioa 50.000 eurokoa izango da (BEZik gabe).
3.– Bakar-bakarrik onartuko dira 500 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagundu daitezkeen azalpenen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.
4.– Ez da onartuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko azaroaren 29ko Aginduaren bidez dagoeneko diruz lagundu diren gastuen fakturarik; agindu hori EHAAren 240. zenbakian argitaratua da, 2022ko abenduaren 19an, eta, haren bidez, oinarriak ezarri eta deialdi publikoa egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza modernizatzeko programaren laguntzetarako (Funts Teknologikoa), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Europar Batasunak finantzatua-Next GenerationEU).
10. artikulua.– Laguntzen mugak.
1.– Dirulaguntza osoaren gehieneko zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen % 100era artekoa izan daiteke.
2.– Entitate eskatzaileak emandako dirulaguntza ezin izango da 50.000 eurotik gorakoa izan ETE-en kasuan, eta 100.000 eurotik gorakoa elkarteen kasuan.
3.– Nolanahi ere, finantzaketaren zenbatekoak ezin izango du proiektuaren kostua gainditu.
4.– Laguntzak eman ahal izateko, kreditu egokia eta behar adinakoa egon behar da laguntzaren ebazpena ematen den unean.
11. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Onuradunak proiektuaren % 100 azpikontratatu ahal izango du, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote eta ez badira merkatuko baldintza normaletan egiten.
Entitate onuradunak, betiere, azpikontratistei buruzko informazioa eman behar dio dirulaguntza ematen duen organoari, idatziz, eta bere kontraten eta azpikontraten interes-gatazkarik ezaren adierazpenak (IGEA) aurkeztu.
2.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak dirulaguntzaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea. Eskatzaileak kontratua emakida-ebazpena eman aurretik aurkeztu beharko du baimena emateko; kasu horretan, baimena eman zaiola ulertuko da ebazpen horretan onuradun deklaratzen bada.
Kontratua ezin bada aurkeztu emakida-ebazpena eman aurretik, onuradunak aldez aurreko baimena eskatuko dio organo emaileari, eta organo horrek ebazpena emango du hogeita hamar egun naturaleko epean. Organo emaileak ez badu epe horretan ematen ebazpena, eskabidea ezetsitzat joko da.
3.– Baldin eta onuradunak osorik edo zati batean hitzartu badu diruz lagundutako jarduerak gauzatzea berarekin lotutako pertsona edo entitateekin, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo du hori.
4.– Azpikontratazioa deialdia argitaratu aurretik egin bada, baimen-eskaera laguntza-eskabidearekin batera aurkeztea onartuko da, baina horrek ez du ebazpenaren zentzua baldintzatuko.
5.– Azpikontratazioa hitzartzeko sinatutako kontratuan egiaztatu beharko da datu pertsonalak tratatzeko behar diren bermeak jasotzen direla, eta horiek betetzeko behar diren klausulak jaso beharko dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
12. artikulua.– Lotutako pertsonak edo entitateak kontratatzea edo azpikontratatzea.
1.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29.7.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da inola ere onartuko onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren exekuzioa onuradunarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku uzteko, osorik edo zati batean, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:
1) Erakunde emailearen berariazko baimena aldez aurretik lortzea.
2) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitatearen pean eroritako kostua, eta merkatuko baldintza arrunten arabera egitea. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan.
Baldintza horiek betetzeko, dagokion baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari jarduera gauzatu aurretik, eta hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko dira gutxienez.
2.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29.7.d) artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, lotura dagoela ulertuko da Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako inguruabarren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin:
a) Ezkontza-harremanaren bidez lotutako pertsona fisikoak edo antzeko afektibitate-harremanarekin, laugarren mailarainoko odol-ahaidetasunarekin edo bigarren mailarainoko ezkontza-ahaidetasunarekin lotutako pertsonak.
b) Aldizkako ordainketen bidez ordaindutako lan-harremana duten pertsona fisiko eta juridikoak.
c) 2. apartatuan aipatzen den onuradunaren kide elkartuak izatea, eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 11. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko entitateetako kide edo partaideak izatea.
d) Sozietate bat eta haren bazkide nagusiak edo haren kontseilari edo administratzaileak, bai eta ezkontideak edo antzeko harreman afektiboa duten pertsonak eta laugarren mailarainoko odol-ahaidetasun edo bigarren mailara arteko ezkontza-ahaidetasuneko senideak ere.
e) Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 4. artikuluaren arabera, talde berean sartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten sozietateak.
f) Nortasunik gabeko pertsona juridikoak edo taldeak eta horien legezko ordezkariak, ugazabak edo administrazioa gauzatzen dutenak, bai eta ezkontideak edo antzeko harreman afektiboa duten pertsonak eta laugarren mailarainoko odol-ahaidetasun edo bigarren mailara arteko ezkontza-ahaidetasuneko senideak ere.
g) Pertsona juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak, eta pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak, baldin eta, lege- eta estatutu-arauen edo kontratu-akordioen arabera, % 50etik gora parte hartzeko eskubidea badute lehenengoen onuran.
13. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, izapidetze elektronikoa nahitaezkoa izango da prozeduraren fase guztietan.
Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
2.– Eskatzaileak, eskabidea aurkezteko erabili zuen ziurtagiriarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikora jo ahal izango du. Bertan, aurkeztutako dokumentuak eta espedientearen izapidetze-egoera kontsultatu ahal izango ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri, izapideak bide elektronikoaren bidez egiteko zehaztapenak, bai eta eskabideen formularioak, erantzukizunpeko adierazpenak eta prozeduraren faseetan bete beharreko gainerako ereduak ere, eta, hala dagokionean, nahitaez erabili beharko dira. Era berean, eredu horien edukiak agindu honen eranskinetan daude jasota.
4.– Jakinarazpen elektronikoak urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo dira.
Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zer ordutan jarri den interesdunaren eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Jakinarazpena ez-onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan; izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.
5.– Horrez gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuen sistema osagarri bat bidaliko die entitate interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Egoitza elektronikoan, interesdunek, elektronikoki modu seguruan identifikatu ondoren, jakinarazi zaizkien prozedura-egintzak kontsultatu ahal izango dituzte, eta organo jarduleak eska ditzakeen agiri osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte.
7.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitearen ondoreetarako, eskatzaileek entitatearen ordezkaritzan izandako aldaketen berri eman beharko diete organo jarduleei, aldaketak izan bezain laster. Entitatearen ordezkariaren aldaketaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetan gauzatuko da aldaketa. Data horren aurretik espedientean agertzen den ordezkariari zuzendutako jakinarazpenak behar bezala egindakotzat joko dira.
14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.
1.– Eskabide bakarra aurkeztuko du 5. artikuluko baldintzak betetzen dituen ETE edo elkarte bakoitzak, egin asmo dituen proiektu guztietarako. Eskabidea osotzat jotzeko, I. eranskineko inprimakia osorik bete behar da, eta, horrez gain, agindu honen 15. artikuluan zerrendatutako dokumentazioa ere aurkeztu behar da.
Eskabidea eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikora jotzea izango da. Helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1026909.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
3.– Ez dira onartuko 2. apartatuan ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.
4.– Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
5.– Ordezkariarekin jardun nahi izanez gero, agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.
6.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko proiektuetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, entitate eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.
15. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.
1.– Eskabide bakoitzean, elektronikoki sinatutako eskabide-inprimakiaz gain, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa, onuradun mota edozein dela ere:
1) Zerga-egoitza egiaztatzea.
2) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada. Eskabidea izenpetzen duenaren ahalordearen egiaztapen balioduna. Ahalordea egiaztatzeko, zuzenbidean baliozkoa den eta ahalordea badela fidagarritasunez erakusten duen edozein bitarteko erabiliko da, ordezkaritzari buruzko agindu honen 16. artikuluaren arabera.
3) Memoria deskribatzailea, elektronikoki sinatua, gutxienez honako hauek jasoko dituena: egin behar diren proiektuak eta inbertsioak, diruz lagundu daitekeen proiektu bakoitzari dagozkion partidak banakatu eta kuantifikatuko dituena (BEZik gabe); dirulaguntzaren xedea, eta emaitzei buruzko aurreikuspena, harekin lortu nahi diren adierazleetan oinarritua. Memoria hori II A eranskinean eta II B eranskinean ezarritako ereduetara egokituko da, laguntza eskatzen duen onuradun motaren arabera.
Memoriak aukera eman beharko du jakiteko zein den abiapuntuko egoera, proiektuen egokitasuna eta merkataritza-sektorearen beharrak, emaitzak eta zer inpaktu espero den kualitatiboki eta kuantitatiboki.
4) Aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, non argi eta garbi zehaztuko baitira dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak eta inbertsioak.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak agindu honen 7.7 artikuluan ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, eskatzaileak gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, elkarren artean alderagarriak direnak, IV A eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
Eskatzaileak, proposatzen duen aukera ez bada aurkeztutakoen artean ekonomikoena, edo ezin badaitezke aurkeztu aurreko paragrafoan aipatutako hiru eskaintzak, gainera, memoria bat aurkeztu beharko du, lV B eranskinaren arabera, egin duen aukera hori berariaz justifikatzeko.
5) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
6) Berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen duen dokumentazioa, Estatuaren legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
7) Bestela egiaztatzerik ez dagoenean, Administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzultzeagatik zorrik ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena, eta Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren berreskuratze-agindu baten mende ez egotearen erantzukizunpeko adierazpena.
8) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarrien agindu honen V. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa, zeinaz aditzera ematen baita «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipiora egokitzen dela («Do not significant harm – DNSH» printzipioa) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6. apartatuan ezarritakoaren arabera, Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitakoarekin bat.
9) Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA), agindu honen VI. eranskinean adierazitako moduan.
10) Iruzurraren aurkako politikara atxikitzeko eta hura ezagutzeko erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen VII. eranskinean ezarritakoaren araberakoa.
11) Finantzaketa bikoitzik ez duelako erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen VIII. eranskinean ezarritakoaren araberakoa.
12) SEEPeko jarduketak betearazteari dagokionez administrazio publiko inplikatuen artean datuak auditoriak egiteko eta funtsen erabilera kontrolatzeko asmoz lagatzea eta tratatzea onartzeko adierazpena, indarrean dagoen araudiaren eta IX. eranskinean ezarritakoaren araberakoa.
13) SEEP-NextGenerationEUren jarduketak egiteko ezarri diren eta kudeatu beharreko esparruari eragiten dioten zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen X. eranskinean ezarritakoaren araberakoa.
14) Berariazko baimena, Xl. Eranskinean ezarritakoaren araberakoa, Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintaritza eskudunek beren eskumenak balia ditzaten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Finantza-Erregelamenduaren 129. artikuluan xedatutakoari dagokionez.
15) Onuradunaren benetako titulartasuna identifikatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Xll. eranskinaren arabera. Identifikatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/849 (EB) Zuzentarauaren 3. artikuluaren 6. puntuan xedatutakoa beteko da, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluan ezartzen denari jarraikiz betiere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluari lotuta.
Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan aipatzen den egiaztapena eginda daturik ez badago eskatzaileren baten benetako titulartasunari buruz, Administrazioak eskatzen dizkion datuak bost egun baliodun igaro baino lehen aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari. Informazio hori epearen barruan ez aurkezteak eskatzailea prozeduratik baztertzea dakar.
16) Jarduera ekonomikoak dituzten entitate onuradunek, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluaren arabera, egiaztatu behar dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Foru Zerga Administrazioaren errolda baliokidean inskribatuta daudela, eta inskripzio horrek laguntza eskatzen den egunean benetan duten jarduera ekonomikoa azaldu behar du.
17) Azpikontratazioa baliatuz gero, agindu honen 11. artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.
18) Loturaren bat duten pertsonak kontratatuz edo azpikontratatuz gero, agindu honen 12. artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.
19) Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurka Borrokatzeko Neurriak Ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko, kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateek legezko ordainketa-epeak bete dituztela egiaztatu beharko dute, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinean kontuan hartuko baita enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko duen edozein finantzaketa alde batera utzita.
20) Beste erantzukizunpeko adierazpen batzuk, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eska daitezkeen betebeharrak betetzeko agintari eskudunek estatuko eta Europako araudiaren arabera onartutako ereduei jarraituz eginak.
1), 2) eta 5) apartatuen betekizuna automatikoki egiaztatuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, dirulaguntza emateko ebazpena eta, hala badagokio, likidatzekoa eta ordaintzekoa eman aurretik. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.
b) Dokumentazio orokorrarekin batera, oinarri-agindu honetako 5. artikuluko 1.1 apartatuan adierazitako ETE-ek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1) Laguntza ematen duen organoak egiaztapen hori lortzeko baimenaren aurka eginez gero, enpresaren titularraren NANa, pertsona fisikoa bada, eta enpresaren IFZ, pertsona juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko entitateak badira (ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak).
2) Enpresaren jarduera nagusia egiaztatzen duen dokumentazioa. Jarduera horrek 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalean (EJSN-2009) 45, 46 edo 47 kodeetan sartuta egon behar du, eta honela egiaztatu behar da: notario-agiriaren bidez (sozietatearen eskriturak), Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiri eguneratuaren bidez (enpresaren kotizazio-kontuaren kodearen txostena, alta emanda dauden langileen txostena), edo, autonomoen kasuan, lan-bizitzaren bidez. Enpresak berak aurkeztu beharko du dokumentazio hori, bai eta, hala badagokio, enpresa elkartuek edo hari lotutakoek ere.
c) Dokumentazio orokorrarekin batera, 5. artikuluko 1.2 apartatuan adierazitako elkarteek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1) Laguntza ematen duen organoak egiaztapen hori lortzeko baimenaren aurka eginez gero, elkartearen IFKren fotokopia eta ordezkariaren NANa, hala badagokio.
2) Entitate eskatzailearen estatutuak eta haien aldaketak, halakorik bada, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta, edo, hala badagokio, eratu berri diren elkarteen kasuan, erregistroan inskribatzeko eskabidea.
3) Elkarteko organo eskudunen erabakia, laguntza eskatzea erabakitzen duena.
4) Presidenteak edo entitate eskatzailearen ordezkaritza duen pertsonak elektronikoki sinatutako erantzukizunpeko adierazpena. Bertan, bazkide guztien zerrenda adierazi beharko da, eta, bazkide bakoitzari dagokionez, honako hauek zehaztu beharko dira: bazkidearen izena, garatzen duen jarduera, EJSNren sailkapenaren araberako kodea eta EJSNren 45., 46. edo 47. kodeetan sartzen den jarduera duten bazkideen ehunekoa, III. eranskineko ereduaren arabera.
16. artikulua.– Ordezkaritza.
1.– Entitate eskatzaileen edo onuradunen izenean dokumentuen sinadura edo aurkezpen elektronikoa egiten duten pertsona fisikoek jarduketa bakoitzerako behar den ordezkaritza izan beharko dute, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Eskabidea izenpetzen duenak egiaztatu beharko du eskabidea aurkezten duen unean zuzenbidean jasota dagoen ahala duela pertsona juridiko eskatzailearen izenean eta haren ordezkari gisa jarduteko. Betebehar hori betetzen ez bada, eta zuzentzen ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:
– Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/); edo hau:
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.
Ordezkariak identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Ondasun-erkidegoei eta sozietate zibilei dagokienez, eskaeran berariaz jaso behar dituzte taldeko kide bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahal duena.
17. artikulua.– Zuzenketak.
Baldin eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak ohartarazten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen eskatutako betekizunak, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, akatsa zuzen dezan edo eskatzen zaizkion nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrez gain, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, betiere 39/2015 Legearen 21. artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 23.5 artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman beharko den ebazpenaren ondoren.
18. artikulua.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritza izango da prozedura kudeatu, izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.
19. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.
1.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagoka gabeko prozeduraren arabera izapidetuko dira, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62. artikuluaren arabera.
2.– Onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla kontuan hartuta emango dira dirulaguntzak, deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte, onuradun izateko diruz lagundu daitekeen egoera edo proiektua betetzen dela egiaztatu ondoren, dokumentazioa bete ondoren eta 3. eta 10. artikuluetan ezarritakoari jarraituz; ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea.
3.– 3. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, ez da beste laguntzarik emango, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, 21.4 artikuluaren arabera.
Nolanahi ere, laguntzak emateko kontsignatutako kreditua amaituz gero, merkataritzaren arloan eskudun den Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren titularrak administrazio-ebazpen bat emango du, gertaera horren berri emateko, eta bertan adieraziko du zer egunetan amaitu den kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den laguntza-eskaerarik.
Lehendik aurkeztuta egonik deialdiaren zuzkidura agortzen den unean ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira, aipatutako arrazoiarengatik ezetsi ere, eta, horretarako, dagokion ebazpen-egintza emango da.
20. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztu diren eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuz; gainera, eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango diote entitate eskatzaileari, 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2.– Dirulaguntza-eskaerei erantzuteko, erreferentzia gisa hartuko dira eskaerari txertatutako azken dokumentuaren erregistro elektronikoaren data eta ordua. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, kasu guztietan ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.
3.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek txostena egin beharko dute, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz.
21. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ordenan ebatziko du eskabideen gainean, espedienteko dokumentazioa osatzen den unetik aurrera.
2.– Merkataritza Zuzendaritzak sei hilabete baino lehen eman eta jakinaraziko du emakidaren ebazpena, laguntza-eskabide osoa (20.2 artikuluan ezarritakoaren arabera) aurkezten den egunetik aurrera.
Ezarritako eguna igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, pertsona edo entitate interesdunak eskabidea ezetsitzat jo ahal izango du, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.
3.– Eskatutako laguntza eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak entitate onuradunaren nortasuna jasoko du, emandako laguntzaren zenbatekoa finkatuko du berariaz, diruz lagundutako proiektu bakoitzerako agindu honetan ezarritakoaren arabera, onartutako gastuarekin, eta onuradunak bete beharko dituen baldintzak, betebeharrak eta epeak zehaztuko ditu, edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak. Horretaz gain, emandako laguntza de minimis-laguntza dela jasoko du, Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua berariaz aipatuta, eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu dela adieraziko du.
4.– Aipatu laguntzei aurre egin behar dien aurrekontuak ez badu kreditu egoki eta nahikorik lortu nahi den helbururako, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpen bitartez. Era berean, laguntzak emateko kontsignatutako kreditua agortuz gero, merkataritzaren arloan eskudun den Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren titularrak administrazio-ebazpen bat emango du, gertaera horren berri emateko, eta bertan adieraziko du zer egunetan agortu den kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den laguntza-eskaerarik.
5.– Administrazioak laguntza ematen badu, hura ordaintzeko, pertsona edo entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman beharko du edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota.
Horretarako, eskaera egitean, alta eman beharko du edo aldatu egin beharko du, telematikoki, aurretik gehitutako informazioa (besteak beste, bankuko datuak), kasuan-kasuan, helbide honetan jasotako jarraibideen arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak-argibideak
Bankuaren datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagokio, laguntza osorik ordaindu arte.
6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
7.– Ebazpenak elektronikoki eta banaka jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte jakinarazpen-ondorioak.
Osagarri gisa eta soilik informazio-ondoreekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
8.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, pertsona eta entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik izapidetu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/.
22. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.
Halaber, betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dela ulertuko da, eta ordaindu egingo da.
b) Laguntza eman zitzaion proiektua egin ezin bada, eskatutako espedienteari uko egin zaiola jakinaraztea, proiektua ez dela gauzatu ziurra denean, eta laguntza borondatez itzultzea, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 90. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 38. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatutako berandutze-interesak ordainduta.
c) Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.
d) Onuradunak dirulaguntzaren xede izan diren ondasunen xedeari eutsi beharko dio, eta emakida-eskabidean aurreikusitako helburuari aplikatu beharko dizkio, gutxienez hiru urtez, proiektua gauzatzen denetik zenbatzen hasita, edo, bestela, proiektuaren bizitza baliagarria amaitu arte, bizitza hori laburragoa bada.
Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, betiere jarduera ekonomikoa dagokion eremuan mantentzen bada aplikatzekoa den gutxieneko epean. Hori guztia, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.4 eta 31.5 artikuluetan ezarritakoaren arabera. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoaren irizpideari jarraituko zaio.
e) Jarduera egin izana justifikatzea, bai eta dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak bete izana ere.
f) Dirulaguntzaren xede den proiektuari dagokionez, kontabilitate-sistema bereizi eta espezifiko bat izatea, edo kontabilitate-kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
g) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala egiaztatuta edukitzea onuradunari kasuan-kasuan aplikatu behar zaizkion merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan. Dokumentuak formatu elektronikoan gordetzea, eragiketa egin eta bost urteko epean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluaren arabera. Erregelamendu hori 2018ko uztailaren 18koa da, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzkoa, 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua indargabetzen du, eta honako Erregelamendu hauek aldatzen ditu: 1296/2013 (EB), 1301/2013 (EB), 1303/2013 (EB), 1304/2013 (EB), 1309/2013 (EB), 1316/2013 (EB), 223/2014 (EB) eta 283/2014 (EB), baita 541/2014/EB Erabakia ere.
h) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea.
i) Administrazio edo entitate publikoei helburu eta xede bererako laguntzak eskatu izana edo horiek jaso izana jakinaraztea organo emaileari, bai eskabidea aurkezteko unean, bai prozedura izapidetzen ari den bitartean.
j) Laguntza eman duen organoari deklaratzea aurreko bi zerga-ekitaldietan eta aribidekoan jasotako de minimis laguntza guztiak.
k) Merkataritza Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
l) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako proiektuen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
m) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, saldoa ordaintzen denetik aurrera.
n) Kontrol-organo eskudunek egindako egiaztapen-jarduketen ondorioz bidegabeki jasotako funtsak itzultzea, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. tituluan ezarritakoaren arabera.
o) Martxoaren 3ko 1/2022 Legean –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea bigarren aldiz aldatu zuen hartan– eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta aipatutako 1/2022 Legeak administrazioarekin kontratuak egiten dituzten entitateei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea.
p) Tartean diren administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzea, aplikatzekoa den Europako araudia betetzeko, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV.B eranskinean ezarritako ereduari jarraituz.
q) Ez egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako egoeraren batean.
r) Garraioaren arloko iraunkortasun ekonomikoko neurriei buruzko abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa betetzea, ikasteko beken eta laguntzen arloan, bai eta energia aurrezteko, efizientziarako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurrien arloan ere.
2.– Gainera, onuradunek Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko estatu eta Europa mailako betebehar hauek bete beharko dituzte. Horretarako, betebehar hauek dituzte:
a) DNSH – Do Not Significant Harm Printzipioa (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Betearazpen Erabakia, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decisión – CID); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (aginduak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eta hura garatzeko araudia eratzen ditu, proiektuen diseinuaren eta exekuzioaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka). Nolanahi ere, entitate onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta ezarpena ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.
Gainera, informazio-teknologien ekipoak erosiz gero, horiek otsailaren 18ko 187/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera energiarekin lotutako baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute. Errege-dekretu horren bidez, zerbitzarientzako eta datuen biltegietarako, edo konputagailu eta konputagailu-zerbitzari edo pantaila elektronikoentzako energiarekin lotutako produktuei aplikatzekoak diren diseinu ekologikoko baldintzak ezartzen dira. Erosketa horietan, Europako Batzordearen IKTetarako Jokabide Kodea erabat errespetatzen duten energetikoki efizienteak diren ekipoak erosten direla ziurtatzeko neurriak aktibatuko dira, eta ezarritako tresna elektriko eta elektronikoen iraunkortasuna, konpontzeko, eguneratzeko eta berrerabiltzeko aukera handitzeko neurriak hartuko dira.
b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, bai eta dirulaguntzaren administrazio-emaileak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk.; Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren arabera) baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzea ere. Plan horren xedapenak bete beharko dituzte erabat, autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia zeharo errespetatuz, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, antzemateari eta zuzentzeari dagokienez, eta Europar Batasunaren finantza-interesen babesaz bertako erakundeek har ditzaketen erabakiekin bat.
c) Dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinaraztea helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.
d) Espainiako erakundeek, Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, organo horiei emango zaie dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Entitateak bermatu behar du badakiela laguntza horren finantzaketa Europar Batasuneko SEMetik datorrela, eta, beraz, bere gain hartzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendutik (hau da, SEMa ezartzen duen erregelamendutik) eta finantzaketa horri aplikatu beharreko gainerako Europar Batasuneko arauetatik edo estatu-arauetatik eratorritako betebehar guztiak. Hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu behar da.
f) Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari Finantza Erregelamenduko 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko baimena ematea, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak behartzea, edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo entitate guztiak, eta berariaz baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduko 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko eta antzeko betebeharrak ezartzeko funtsen azken hartzaile guztiei.
g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak eta dokumentu elektronikoak bost urtez zaintzea eta gordetzea saldoa ordaintzen denetik, edo hiru urtez, baldin eta finantzaketaren zenbatekoa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izan daitezen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
h) Beren identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
i) Diruz lagunduta egiten diren jarduketen fidagarritasunaren eta jarraipenaren erantzule izatea, une oro jakin ahal izateko jarduketa bakoitza zenbateraino bete den. Hirugarrenek egin beharreko jarduketen kasuan, mekanismoak ezartzea hirugarren horiek aurreikusi diren jarduketak aurrera eramaten laguntzen dutela ziurtatzeko eta –hala badagokio– behar diren suspertze-planaren adierazle, mugarri eta helburuen balioa zehazteko beharrezkoa den informazioa ematen dutela ziurtatzeko.
j) Tartean diren administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzea, aplikatzekoa den Europako araudia betetzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta funtsen azken hartzailearen identifikazioa arautzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. Artikulu osoarekin bat etorriz. Informazio horrek eskuragarri egon behar du irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluaren arabera, eta hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua garatzeko.
3.– Era berean, 23. artikuluan adierazitako informazio- eta publizitate-betebeharrak bete beharko dituzte.
23. artikulua.– Publizitatea eta informazioa.
1.– Laguntzen onuradunek publiko egin beharko dute diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoa, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
2.– Dirulaguntza hauen entitate onuradunek finantzaketa horren jatorria aipatu behar dute, eta ikusgarritasuna eman behar diote. Horrez gain, honako hauek gehituko dituzte: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren identifikazio grafikoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa, Batasunaren ikurra eta «Europar Batasunak finantzatua – NextGeneration EU» jartzen duen finantzaketa-adierazpen egoki bat. Esteka honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1221401
Ikusgarritasun hori, bereziki, inbertsioek garatutako proiektuen informazio- eta komunikazio-neurri guztietan gauzatuko da (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsan txertatutako argitalpenak eta iragarkiak, ziurtagiriak, etab.).
3.– Hala badagokio, agindu hau betetzeko garatzen diren proiektu guztietan, ondo ikusteko moduan eta jendearentzat eskuragarri egongo den leku batean jarri beharko dira informazio-kartel, plaka, argitalpen inprimatu eta elektroniko, ikus-entzunezko material, webgune, prentsan txertatutako argitalpen eta iragarki, ziurtagiri eta abar guztiak, eta testua Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko da.
Aurreko apartatuan aipatutako bereizgarri instituzionalak dirulaguntzaren xede diren proiektuak egiteko, informatzeko eta zabaltzeko erabiltzen diren materialetan bakarrik erabili ahal izango dira, eta ez dirulaguntzaren xede ez diren beste publizitate-helburu batzuetarako.
4.– Betebehar hori betetzen ez bada, itzulketa gauzatuko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1.d) artikuluan eta hura garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduaren 93. artikuluan ezarritakoaren arabera.
24. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Honela ordainduko dira laguntzak:
Emandako dirulaguntzaren % 50 emakida-ebazpena eman ondoren ordainduko da, 22.1.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.
Gainerako zenbatekoa agindu honen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da.
Ordainketa horiek egiteko, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu.
2.– Inola ere ezin izango zaie ordainketa aurreraturik egin konkurtso-deklarazioa eskatu duten onuradunei, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnei edo konkurtsoan deklaratuta daudenei, salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen badu, esku-hartze judizialaren pean badaude edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan badira, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
3.– Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 61.3 artikuluaren arabera, onuradunek egiaztatu beharko dute ordainduta dituztela funts horiek kudeatzeko berariaz esleitutako kredituen kontura lehendik emandako beste edozein mailegu edo aurrerakinen itzulketa-betebeharrak. Merkataritza Zuzendaritzari dagokio baldintza horiek ordainketa egin aurretik betetzen direla egiaztatzea, eta, horretarako, onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena eskatuko du, bestela egiaztatu ezin denean.
4.– 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129. artikuluan ezarritakoaren arabera, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsak jasotzeko, ezinbestekoa izango da idatzizko konpromisoa aurkeztea, beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Europako Kontu Auzitegiari, Europako Fiskaltzari eta agintari nazional eskudunei beren kontrol-eskumenak gauzatzea bermatzeko.
25. artikulua.– Uko egitea.
Onuradunek beren borondatez uko egin ahal izango diote dirulaguntzari.
Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.
26. artikulua.– Inbertsioak gauzatzeko eta justifikatzeko epea.
1.– Emakida-ebazpenak epe bat ezarriko du inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko, onuradunak laguntza-eskabidean aurkeztutako betearazpen-kronogramaren arabera.
2.– Gauzatzeko epea 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko irailaren 30era artekoa izango da, bi egun horiek barnean direla. Finantzaketarako aurkeztutako proiektua egun horretan burutu beharko da.
3.– Egindako gastuen justifikazioa aurkezteko, hilabeteko epea ezartzen da, diruz lagundutako proiektuak amaitzen direnetik, eskabidean aurkeztutako kronogramaren arabera. Nolanahi ere, 2023ko urriaren 31 baino lehen justifikatu behar dira.
4.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskaturik, luza dezake ezarritako epea, manuren batek kontrakoa ez badio, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epearen erdia izan daiteke luzapena, gehienez ere. Luzapen hori ez da inola ere joango 2023ko irailaren 30etik harago. Epea luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie.
Edonola ere, interesdunek dagokion epemuga amaitu aurretik egin behar dute eskaera, eta epea luzatzeari buruzko erabakia ere epemuga amaitu aurretik hartu beharko da. Inoiz ez da luzatuko amaituta dagoen epe bat. Epeak luzatzeari edo hori ukatzeari buruzko erabakien kontra ezin daiteke errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duen ebazpenaren kontra dagokiona jartzeko aukera.
27. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Justifikaziora sartzea eta hura betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
2.– Finantzatutako proiektuak egin direla justifikatzeko agiriak justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera egingo dira, gastuen egiaztagiriak eta ordainagiriak aurkeztuta, bai eta agindu honen 28. artikuluan jasotako dokumentazioa ere.
3.– 26.3 artikuluan ezarritako justifikazio-epea igaro eta hura aurkeztu ez bada, entitate onuradunari hamabost egun luzaezineko epea emango zaio justifikazioa aurkezteko. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.
4.– Dirulaguntza eman duen organoak, hura likidatzeko, honako hauek egiaztatuko ditu: dirulaguntzaren justifikazio egokia, laguntzaren xede diren proiektuak behar bezala gauzatu direla eta emakidaren helburua bete dela.
5.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.
6.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio entitate interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.
7.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.
8.– Europar Batasuneko eta Estatuko araudiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz ezarritako eskakizunetara ere egokituko da justifikazioa.
9.– Aurkezpen elektronikoak ez ditu onuradunak salbuesten jatorrizko gastu- eta ordainketa-egiaztagiriak, auditoretza-txostenak edo bestelakoak gordetzetik, badaezpada jarraipenaren organo instruktore eta arduradunak edo, legez aurreikusitako kontrol-jarduerak egitean, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak, Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontu Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, gerora eskatzen badizkiete ere.
28. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Laguntzen justifikazioak, egindako proiektua edozein dela ere, justifikazioaren Xlll. eranskinean jasotako inprimakia jaso behar du, elektronikoki sinatuta, eta honako dokumentazio hau, beti:
a) Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuak edota administrazio-eraginkortasuna dutenak, gastuen zerrenda sailkatuan erantsita.
Fakturek proiektuaren betearazpen-epearen barruko data izango dute, eta soilik onartuko dira 500 euro edo gehiagokoak badira, BEZik gabe, eta diruz lagundu daitezkeen azalpenen deskribapena ondo identifikatuta badute; ez dira kodetutako kontzeptuak onartuko.
Ez da onartuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko azaroaren 29ko Aginduaren bidez dagoeneko diruz lagundu diren gastuen fakturarik; agindu hori EHAAren 240. zenbakian argitaratua da, 2022ko abenduaren 19an, eta, haren bidez, oinarriak ezarri eta deialdi publikoa egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza modernizatzeko programaren laguntzetarako (Funts Teknologikoa), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Europar Batasunak finantzatua-Next GenerationEU).
Laguntza horiei dagozkien faktura guztiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin lotzen dituen eremu espezifiko bat hartuko dute barne.
b) Banku-kontuaren laburpen bat, dirulaguntzaren xedearekin lotutako oharrak jasotzen dituena.
c) Organo emaileak berrikusteko baimenik eman ez badu, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
Entitate eskatzailea ondasun-erkidego edo sozietate zibil bat bada, apartatu honetan ezarritako baldintza betetzen dela egiaztatuko dute horietan parte hartzen duten partaide guztiek.
d) Inbertsioa egin dela egiaztatzen duten argazkiak edo agiriak.
e) Publizitateari eta informazioari buruzko 23. artikulua betetzen dela egiaztatzen duen agiria, eta dagokion justifikazioa (argazkiak, audioak eta abar).
f) Justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira egindako gastua justifikatzeko, bai eta estatuko edo Europako araudiaren arabera Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eska daitezkeen beste edozein egiaztagiri edo txosten ere.
29. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatzen badira, gerta liteke horren ondorioz emakida-ebazpena ere aldatzea.
2.– Emakida aldatzeko eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
3.– Honako hauek dira emakida-ebazpena aldatzea eragin dezaketen berariazko inguruabarrak:
a) Eskabidea egin zen unean aurreikusi ezin izan ziren gerora sortutako arrazoiak, aurrez aurreikusi ezin zirenak.
b) Jarduera egokitu beharra, laguntza esleitu ondoren onartutako teknika-, osasun-, ingurumen-, hirigintza-, segurtasun- edo irisgarritasun-zehaztapenetara.
c) Diruz lagundutako zenbateko osoaren banakapena aldatzea gastu-kategoria desberdinetan, betiere aurrekontuari dagokionez posible bada, hasieran emandako zenbatekoa handitzea ez badakar eta behar bezala arrazoituta badago.
4.– Inola ere ezin izango da aldatu dirulaguntzaren helburua edo xedea, ez eta emandako laguntzarekin lortu nahi diren helburuak ere, eta ezin izango da aldatu jarduera, programa, proiektua edo jokabidea, ezta emakida-ebazpenean agertzen den dirulaguntzaren zenbatekoa handitu ere. Aldaketak ezingo die eragin, ezta ere, onuradunak proposatu edo eskainitako alderdiei, hain zuzen ere, dirulaguntza emateko arrazoi izan zirenei.
Luza daiteke proiektua gauzatzeko epea, horretarako arrazoiak egonez gero, eta horrek ez badio eragiten suspertze-planean proiektu honi jarritako helburuak betetzeari, ez eta hirugarrenen eskubideei ere.
5.– Edozein aldaketa egiteko, interesdunak aldez aurretik eskatu beharko du. Aldaketa-eskaerak aurkezteko epea hasieran aurreikusitako gastuak gauzatzeko epea amaitu baino hamabost egun baliodun lehenago amaituko da, eta emakida-ebazpena eman zuen organoak berariaz onartu beharko du, interesdunari jakinarazita. Emakida-ebazpena eman zuen organoak hamar eguneko epean onarpenaren jakinarazpenik ematen ez badu, aldaketa ezetsitzat joko da.
6.– Aurrekontu finantzagarriaren elementuen ordez funtzionaltasun eta helburu baliokidea duten beste batzuk erabili ahal izateko, ez da emakida-ebazpena aldatzeko eskabiderik egin beharko, betiere ondoren zehazten diren baldintzak betetzen badira:
a) Soluzio teknologiko eta jasangarriak ezartzearekin lotutako gastuen kasuan, ordeztutakoek funtzio bera bete beharko dute proiektuaren barruan, eta ezaugarri teknikoak desberdinak izan ahalko dira.
b) Hornitzailea aldatuz gero, hasieran aurreikusitakoa beste batekin ordezkatu ahal izango da, betiere hasieran planteatutako konponbideari eusten bazaio.
c) Kasu guztietan, aintzat hartutako gastu-kategorian finantzatu daitekeen zenbatekoa eta emakida-ebazpenean jasotako zenbatekoa berdinak izan beharko dira.
Justifikazio-dokumentazioan behar bezala justifikatu beharko dira emakida-ebazpenean onartutako proiektuari dagokionez egindako ordezkapen guztiak.
7.– Baldin eta, emakida-ebazpena aldatzearen ondorioz, hasieran emandako laguntza gehiegizkoa bada, berehala hasiko da aurrez egindako ordainketa itzultzeko prozedura, eta horrekin batera, ordainketa egiten denetik itzulketa egitea adosten den egunera arte sortutako berandutze-interesak ere itzuli beharko dira, soberakin horren zenbatekoa oinarri hartuta.
30. artikulua.– Jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko egintzan ezarritako baldintzak bete direla eta aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta hura garatzen duen Erregelamenduaren 72. eta 75. artikuluetan ezarritako prozedurak erabiliko dira, eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluan aurreikusitako neurri bereziak aplikatuko dira, eta, hala badagokio, Europar Batasuneko araudi aplikagarria.
2.– Entitate onuradunek men egin behar diete administrazio emailearen egiaztapen-jarduketei, Kontu Hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei eta Kontuen Auzitegiaren legedian aurreikusitako jarduketei, bai eta Batzordeak eta Europako Erkidegoetako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak, Auditoretzako Bulego Nazionalak eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzak egiten dituztenei ere.
3.– Edonola ere, oinarriotan arautzen diren dirulaguntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo dira, eta barneko araudian eta Europar Batasunekoan EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako informazio eta publikotasunari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerakoari buruz ezarritako betebehar espezifikoak izango dituzte, nahitaez aplikatzekoak badira.
4.– Bereziki, administrazio emaileek datu-kategoria harmonizatuak bilduko dituzte, formatu elektronikoan, funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.
5.– Entitate onuradunek finantzaketari buruzko egiaztagiriak eta gainerako agiriak formatu elektronikoan gorde behar dituzte saldoa ordaindu eta bost urte igaro arte, edo hiru urte igaro arte, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa denean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako moduan (Finantza Erregelamendua).
6.– Onuradunek konpromisoa hartzen dute ikuskapenak eta egiaztapenak errazteko, halakorik egiten bada behintzat. Egiaztapen eta ikuskapen horiek egitearen aurka agertzea laguntza itzultzeko arrazoi izan daiteke, dagokion zehapen-prozedura izapidetzearen kalterik gabe.
7.– Laguntzen berri emateko eta kontrolatzeko, informazioa lagako da dirulaguntza horiek Europako funtsen sistemen bidez kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.
8.– Dirulaguntza ematen duen organoak neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitzeko, detektatzeko, jakinarazteko eta zuzentzeko eta interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.
31. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Kasu hauetan hartutako diru kopuruak itzuli beharko dira, baita dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte edo zordunak itzulketa ordaintzen duen egunera arte –data hori lehenagokoa bada– sortutako berandutze-interesak ere:
a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, ez justifikatzea, behar bezala ez justifikatzea edo ezarritako epetik kanpo justifikatzea.
b) Onuradunak emandako eta laguntza emateko oinarritzat hartutako datuak faltsutzea, datu horiek zehaztugabeak izatea edo isilean gordetzea, edo laguntza ematea eragotziko zuketenak ezkutatzea.
c) Ez betetzea dirulaguntza emateko arrazoi izan zen helburua.
d) Emakida-ebazpenean onuradunei ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Agindu honen 23. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.
f) Ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 53 artikuluan aurreikusitako betebeharrak.
g) Laguntzaren entitate onuradunek ez betetzea DNSH printzipioari lotutako baldintzak (ekonomia zirkularraren printzipioak eta ingurumenean eragin negatibo esanguratsuak saihestea).
h) Ikuskatze-lana ez erraztea.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoari begira, izan daitezkeen ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek ezartzen dira:
a) Erabateko ez-betetzea: finantza daitekeen inbertsioa ehuneko 60an baino gutxiagoan egitea.
Erabateko ez-betetzea gertatuz gero, laguntzaren ordainketa aurreratua itzuli beharko da, laguntza jaso denetik itzultzea erabakitzen den arteko berandutze-interesak eta guzti.
b) Ez-betetze partziala: finantza daitekeen inbertsioa ehuneko 60an edo gehiagoan egitea.
Ez-betetze partzialak laguntzaren ordainketa aurreratua itzultzea eta berandutze-interesak ordaintzea ekarriko du, egin ez den edo justifikatu ez den inbertsio zatiari dagokionez.
Aurreko ehunekoak kalkulatzeko, egin gabeko inbertsiotzat hauek hartuko dira: agiri bidez egiaztatuta ez dagoena, finantzagarriak ez diren kontzeptuak egiaztatzen dituena, emakida-ebazpenaren partiden banakatzea betetzen ez duena eta fakturatu edo ordaindu ez dena.
32. artikulua.– Ez-betetzeengatik dirua itzultzeko prozedura.
1.– Enpresa onuraduna aurreko artikuluko kasuetako batean jausiz gero, Merkataritza Zuzendaritzak erabakiko du dirulaguntzak itzultzeko prozedura hastea. Prozedura horretan, prozedura hasteko arrazoia, bete ez diren betebeharrak eta prozedurak eragiten dion laguntzaren zenbatekoa adierazi behar dira. Itzulketa-prozeduraren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango ditu, hamabost egun balioduneko epean, jakinarazpen hori egiten denetik zenbatzen hasita.
2.– Merkataritza Zuzendaritzak, itzulketa-ebazpen baten bidez, dirulaguntza guztia edo haren zati bat jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar zaizkiola eta dagozkien berandutze-interesak ordaindu Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, atzemandako ez-betetzearen neurriaren proportzioan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondoreetarako. Hasteko erabakia hartzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen jakinarazi behar zaio ebazpena interesdunari.
3.– Erreklamatutako zenbatekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu-bidez kobratuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
4.– Jasotako zenbatekoak itzuli behar dira, halaber, mugarriak, helburuak edo egutegia betetzen ez direnean, interes-gatazken adierazpenak izaten direnean edo SEEP-NextGenerationEU arautegiarekin lotutako beste edozein alderdi betetzen ez denean, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 7. artikuluaren zazpigarren arauan eta Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua ere kontuan hartu behar da, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
33. artikulua.– Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak izateko arriskua prebenitzea.
1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta erreserbarik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiaren bidez onartutako «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plan»aren baldintzak.
Hauek ezagutu eta onartu behar dute, betiere, iruzurraren aurkako neurrien plana: dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak edo deialdia idazten dituzten langileek, bai eta eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek ere, tartean direla jarduera horietan Administrazioari laguntza eta aholkuak ematen dizkioten entitate pribatuetako pertsona fisiko guztiak.
2.– Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan adierazitako ondorioetarako, agindu horretan ezarritako prozedurak aplikatuko dira.
Gainera, agindu hori betetzeko, dirulaguntzak emateko organo eskudunak eta eskaerak aztertzeko kide anitzeko organoetako kideek interes-gatazkarik ez dagoelako adierazpena sinatu behar dute, agindu horretan bereziki arautua, eskabideak aztertzeko eta erabakia hartzeko fasean. Eragiketaren arduradunak, gainera, HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera bete behar du interes-gatazka izan daitekeena egiaztatzeko prozesua. Prozesu horretan bandera beltz bat edo batzuk detektatzen badira, HFP/55/2023 Aginduaren 7. artikuluan xedatutako prozedurari jarraitu behar diote. Horretarako, eskatzaileei benetako titulartasunari buruzko informazioa bost egun baliodun igaro baino lehen aurkezteko eskatu behar diete, eta, epe horretan aurkeztu ezean, prozeduratik kanpo utziko dituzte.
3.– Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes-gatazkarik Ezaren Adierazpena ere beteko dute, oinarri hauen VI. eranskinean jasotako ereduarekin bat etorriz, hala egin behar dela ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduko 61.3 artikuluan (Finantza Erregelamendua) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluan.
4.– Prozeduraren batean interes-gatazkak eragiteko arriskua dakarren kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute esku hartuko dena delako prozedura horretan. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da. Horrek ez du eragozten HFP/55/2023 Aginduan ezarritako kasu zehatzetarako ezartzen den prozedura berezia betetzea.
5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan arituz (III. maila), auditoria espezifikoak egin ditzake interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurri egokirik ote dagoen ikusteko.
6.– Behin interes-gatazka bat hautematen denean, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren legezko arauen eta barne-erregelamenduen araberako neurriak hartuko dira. Era berean, edozein kasutan, interes-gatazkako egoera argitaratu beharko da gardentasun-printzipioa betetzeko.
34. artikulua.– Emandako laguntzak argitara ematea.
1.– Entitate eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, entitate onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
2.– Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, emandako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren gardentasun-orrian argitaratuko dira, zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak adierazita.
35. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Datu pertsonalen tratamendu guztiek beteko dituzte datu pertsonalen babesari buruzko araudian xedatutako eskakizunak, 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datu pertsonalak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzaren ardurapeko «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua da «Turismo, Kontsumo eta Merkataritza Sailak iragarritako merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea».
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bakarra. Aplikatu behar den araubide juridikoa.
Oinarrietan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) aplikatuko dira.
Halaber, laguntza horiei aplikagarriak zaizkie Kontseiluaren 2020/2094 (EB) Erregelamendua, 2020ko abenduaren 14koa, COVID-19aren krisiaren ondorengo susperraldian laguntzeko Europar Batasunaren Suspertze Tresna ezartzen duena, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena, bai eta Europar Batasunak gaiari buruz eta horiek garatzeko edo transposizionatzeko estatuko gainerako arauak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 21a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.