248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (1826 KB - 93 orri.)
- EPUB (184 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5728
14/2022 LEGEA, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena.
Eusko Legebiltzarrak 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
I
Europar Batasuneko ia herrialde guztiek dituzte diru-sarrerak bermatzeko sistemak, adin aktiboan izanik beren beharrei eta beren familienei erantzuteko behar besteko diru-sarrerarik jasotzen ez duten pertsonentzat. Sistema horiek dira Europar Batasuneko ongizate-estatuen ezaugarri bereizgarrietako bat, eta Europako eredu sozialaren muinaren parte ere. Izan ere, inklusiorako errenta garatzea izan zen Europar Batasunak estatu kideei egin zien gomendioetako bat, 2008ko finantza-krisiaren ondorioei aurre egiteko, inklusio aktiboaren paradigmaren esparruan. Hartara, Batzordearen 2008ko urriaren 3ko 2008/867/EE Gomendioaren bidez, Batzordeak estatu kideei eskatu zien aitortu eta aplika zezatela pertsonek baliabide eta gizarte-laguntza nahikoa izateko duten eskubidea, gizarte-bazterketari aurre egiteko baliabide global eta koherente baten parte gisa.
Gomendioa Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunarekin lotzen da. Bertan, gizarte-laguntza eta etxebizitza-laguntza jasotzeko eskubidea ezartzen da, baliabide nahikorik ez duten pertsona guztiei bizimodu duina bermatzeko. Halaber, Europako Gutun Sozialarekin ere lotzen da, 1996an berrikusia eta indarrean 2021eko uztailaren 1ean sartua. Gutunak 13. artikuluan ezartzen duenez, «baliabide nahikorik ez duen pertsona orok dauka gizarte- eta mediku-laguntza jasotzeko eskubidea». Zehatzago, Europako Gutun Sozialaren 13.1 artikuluak honako konpromiso hau ezartzen die alde sinatzaileei: «ardura hartzea, baliabide nahikorik ez duen eta bere ahaleginen bidez edo beste iturri batzuen bitartez –bereziki, gizarte-segurantzako araubideko prestazioen bitartez– baliabideok eskuratu ezin dituen pertsona orok laguntza egokia, eta, gaixotasunen kasuan, bere egoeraren araberako zaintza jaso ditzan».
Hala, Europako Batzordearen 2017ko apirilaren 26ko 2017/761 (EB) Gomendioak, Gizarte Eskubideen Europako Oinarriari buruzkoak, gizarte-babeseko eredu europarrari buruzko zenbait alderdiren artean honako hau ezartzen du, besteak beste: «baliabide nahikorik ez duen pertsona orok eskubidea dauka gutxieneko errentako prestazio egoki batzuk jasotzeko, bizimodu duina bermatu dakion bere bizitzako etapa guztietan; halaber, eskubidea dauka ondasunak eta trebakuntza-zerbitzuak eskuratzeko». Gomendioaren arabera, «lan egin dezaketen pertsonentzat, gutxieneko errentako prestazioak lan-merkatuan (berr)integratzeko pizgarriekin konbinatu behar dira».
Azkenik, aipatzekoa da Europako Parlamentuaren 2017ko urriaren 24ko Ebazpena, gutxieneko errenta pobreziaren kontra borrokatzeko tresna gisa bermatzeko politikei buruzkoa (2016/2270(INI)). Azken horrek estatu kide guztiei eskatzen die «gutxieneko errentako araubide egokiak sar ditzatela, eta, haiekin batera, lan egiteko gai diren pertsona guztiak lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurriak eta hezkuntza- eta prestakuntza-programak, onuradunaren eta haren familiaren egoerara egokituak, diru-sarrera nahikorik ez duten familiei laguntza eman eta bizimodu duina ahalbidetzeko».
Errenta bermatuak, beraz, Europako gizarte-babeseko ereduaren funtsezko zati bat dira, eta Europako herrialde gehienek horrelako neurriak dituzte. Ezin da esan errenta bermatuak gai izan direnik pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arazoa osorik desagerrarazteko Europan. Hala ere, ukaezina da eragin positiboa dutela, bai pobrezia murrizteko –batez ere pobrezia larria–, bai errenta bermatu horiek jasotzen dituzten familien bizi-baldintzak hobetzeko. Askorentzat azken segurtasun-sarea izateaz gainera, eta lan-inklusiorako eta gizarte-inklusiorako lorbidea izateaz gainera, errenta bermatuek inpaktu makroekonomiko handia dute, lagungarriak izan baitira krisialdiaren ondorioak arintzeko, ekonomia egonkortzeko eta hazkunde ekonomiko gehigarria sortzeko.
Izan ere, pobreziaren murrizketaren gainean duten inpaktuaz haratago edo ekonomiaren mekanismo egonkortzaile eta antizikliko gisa duten eraginaz haratago, adierazi beharra dago prestazio horiek ondorio positiboak dituztela onuradunen ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin lotutako beste alderdi askotan. Alde horretatik, zenbait azterlanek agerian utzi dute zuzeneko lotura dagoela prestazio horiek jasotzearen eta bizi-kalitatearen, gizarte-harremanen, osasun-egoeraren eta, are, hilkortasunaren adierazleen artean.
Testuinguru horretan, diru-sarrerak bermatzeko euskal eredua guztiz koherentea da Europako erakundeek emandako orientabideekin eta Europar Batasuneko herrialde nagusiek garatzen dituzten politikekin. Frantzian edo Erresuma Batuan pobreziaren aurka egiten ziren politiketan oinarrituta neurri batean, III. legegintzaldiaren amaieran sortu zen errenta bermatuen euskal sistema, Eusko Jaurlaritzak Pobreziaren aurka Borrokatzeko Plan Integrala onartzearekin batera. Plan horrek –lehen aldiz Espainian– gutxieneko baliabideak bermatzeko sistema bat ezarri zuen, garai hartan «gizarte-soldata» gisa ezagutu zenaren ezarpenean oinarrituta. Pobreziaren aurka Borrokatzeko Plana garatu zen, hasiera batean, Familiaren Gutxienezko Dirusarrera ematea araupetzen duen otsailaren 28ko 39/1989 Dekretuaren bidez eta Gizarteko Larrialdi-egoeretarako Dirulaguntzak arautu zituen martxoaren 21eko 64/1989 Dekretuaren bidez. Urtebete geroago, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko arlo horretako lehen legea onartu zuen: 2/1990 Legea, maiatzaren 3koa, Gizarteratzeko Gutxieneko Dirusarrerei buruzkoa.
Ibilbide hori Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bidez iritsi da gaur egungo prestazio publikoen sistemara, honako hauetan oinarrituta: diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria (EPO), gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) eta azaroaren 24ko 4/2011 Legeak egindako aldaketa –lege horren bidez, diru-sarreren bermearen kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku uzten da–.
II
Hogeita hamar urtetik gorako garapenaren ondoren, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema euskal autogobernuaren bereizgarri nagusietako bat bihurtu da, arrakasta kolektibo bat eta erreferente bat gure mugetatik kanpo. Gure inguruko herrialdeetan dauden horrelako sistemen gastu publikoaren eta babes-ahalmenaren antzekoekin, diru-sarrerak bermatzeko euskal prestazioek pobrezia larritik babesten dituzte haiek jasotzen dituzten pertsona gehien-gehienak, eta nabarmen murrizten dituzte pobreziaren eta gizarte-bazterketaren maila orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ildo horretatik, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioek eta analisiek funtsezko bi elementu uzten dituzte agerian.
Alde batetik, sistema osatzen duten prestazioek pobrezia murrizteko gaitasuna dute. Zehazki, pobrezia-tasa orokorrak % 35 eta % 40 artean murriztu dituzte aztertutako urte guztietan: DSBErik ez balego, 2020an, 182.000 lagun, EAEko biztanleriaren % 8,4, benetako pobrezia-egoeran egongo lirateke –beren diru-sarrera propioak eta Estatuko gizarte-babeseko sistemetatik lortzen direnak soilik kontuan hartzen badira–. DSBEa jaso ondoren, pobrezia-tasa horiek heren bat murrizten dira (benetako pobrezia-tasa % 33,3, aipatutako urtean), eta, batez ere, nabarmen murrizten da familia horiek jasaten duten pobreziaren intentsitatea, hau da, biztanleria onuradunaren benetako diru-sarreren eta pobrezia definitzen duten muga ekonomikoen arteko aldea (benetako pobreziaren intentsitatea % 76,2, aztertutako aldi berean).
Bestalde, ez dago ondorio kaltegarririk jarduerarik ezari pizgarriak emateari dagokionez. Egindako azterlanen arabera, DSBEak ez du atzeratzen edo geldiarazten hura jasotzen dutenek enplegua lortzea. Hain zuzen ere, kolektibo horri berariaz bideratutako aktibazio-neurriak eraginkorrak dira prestaziotik enplegurako trantsizioa bizkortzeko.
DSBEaren gainean egindako azterlanei jarraikiz, nahiz eta enplegu bat eskuratzeko batez besteko hileko tasa DSBEa jasotzen ari diren horien artean % 3 izan, langabezian dauden gainerako pertsonen % 9aren aldean, diferentzia horiek desagertu egiten dira DSBEa jasotzen duten pertsonen eta jasotzen ez duten pertsonen bilakaera alderatzen denean, betiere ezaugarri pertsonalak berdinak badira –adina, sexua, prestakuntza, langabeziaren iraupena, familia-zamak eta abar–. Hau da, hezkuntza-maila edo langabeziaren iraupen berdina izanda, enplegua eskuratzeko hileko batez besteko tasa berdina da langabezian dauden pertsona guztientzat, DSBEa jaso nahiz ez. Ondorioz, DSBEak, pobrezia murriztu, eta, beraz, gizarte-kohesioa sustatzeaz gain, ez du murrizten enplegu bat eskuratzeko aukeraren tasa.
Bestalde, azterlan berberek agerian uzten dute DSBEa jasotzen duten pertsonek aktibazio-programetan parte hartzeak enplegu bat lortzeko aukerak areagotzen dituela, haien ezaugarri pertsonalak kontuan hartuta. DSBE kolektiboari enplegua eskuratzeko aukera gehien areagotzen dion esku-hartze edo politika aktiboa, zalantzarik gabe, prestakuntza da. Prestakuntza-ikastaroetara joaten den pertsona batek hiru portzentaje-puntuan handitzen du enplegua eskuratzeko aukera, eta horrek enplegagarritasun-aukerak bikoiztea dakar.
Beraz, esan daiteke diru-sarrerak bermatzeko euskal eredua gai izan dela Euskal Autonomia Erkidegoan pobreziaren eta desberdinkeriaren hazkundea prebenitzeko eta geldiarazteko, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta premia-egoeran dagoen biztanleria erakartzeko ondorio gehigarririk sortu gabe. Alde horretatik, diru-sarrerak bermatzeko politikari esker, krisialdian zehar Euskal Autonomia Erkidegoan eragina izan duen beheranzko mugikortasun-prozesuak ez ditu nabarmen areagotu pobrezia-egoera larrienak. Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna arriskuan jartzetik urrun, prestazioen euskal sistema da euskal komunitatearen egoera sozioekonomiko konparatu hobea azaltzen duen faktoreetako bat, ongizaterako bidean aurrera egiten jarraitzeko gaitasunarekin batera.
Ildo horretatik, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestako datuek agerian uzten dute, krisiak Europa hegoaldeko herrialdeetan izandako eragin diferentzialaren ondorioz egoera sozioekonomikoak okerrera egin arren, EAEko pobrezia larriaren tasa Europar Batasunekoa eta euroaren 18 herrialdeetakoa baino txikiagoa izan dela 2020an (% 6,1, Europako % 7ren aldean).
Bazterketako egoerei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko bazterketaren eta garapen sozialaren inguruan Foessa fundazioak egindako azken txostenak agerian utzi du bazterketa-tasak baxuagoak direla Euskal Autonomia Erkidegoan Espainia osoan baino, EAEk duen gastu sozial handiagoarekin eta pobrezia-, langabezia- eta desberdinkeria-tasa txikiagoekin bat etorriz. Izan ere, Euskadi, erdialdeko iparreko eta Kantauri itsasoko ertzeko gainerako erkidegoekin batera, bazterketa-tasa txikienak dituzten erkidegoen artean dago (% 56, eta Espainian, aldiz, % 48,4, batez beste). Gainera, erabat gizarteratuta dagoen biztanleriaren ehunekoa nabarmen handiagoa da, eta, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoa da erabateko gizarteratze-tasarik handienak dituzten autonomia-erkidegoetako bat.
Hala ere, 2008ko finantza-krisiaren ondorengo hazkunde ekonomikoak ez du eragotzi pobreziak eta gizarte-bazterketak gora egitea Euskal Autonomia Erkidegoan. Pobreziak are oparoaldietan ere izaten duen hazkundea azaltzen duen efektua lotuta dago errenta-taldeen diru-sarreren hazkunde desberdinarekin eta horren ondoriozko pobrezia-atalaseen hazkundearekin. Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren (PGDI) azken txostenaren arabera, desberdintasun-adierazle guztiak igo dira Euskadin, errenta gutxiagoko taldeen diru-sarrerak gutxiago igo direlako. 2008 eta 2020 artean, euskal biztanlerian erosotasun handiena duen % 60ari igo egin zaizkio diru-sarrerak, euro konstanteei erreparatuz gero; zehazki, % 13. Aitzitik, % 10 pobreenari murriztu egin zaizkio diru-sarrerak; zehazki, % 9. Murrizketa hori % 21ekoa izango zen DSBErik gabe.
Hazkunde ekonomikoa bera –errenta-talde guztien artean modu uniformean banatzen ez denez– pobreziaren hazkundea eragiten ari da neurri batean, termino erlatibotan neurtuta.
Termino orokorragoetan, honako hauek dira babesa behar duten pertsona gehiago izatea ekarri duten faktoreen adibide batzuk: langabeziak gora egitea, iraupen luzeko langabeen kopurua igotzea, migranteek baliabiderik ez izatea, bazterketa-arriskua feminizatzea, desgaitasuna, edo baliabide ekonomiko urriak dituzten pentsiodunen egoera. Soldata txikiak dituzten pertsonei laguntzen saiatzen den sistema baten testuinguruan, errealitate hori areagotzen ari da enplegu-modu prekarioenak hazi direlako, bai aldi baterako kontratazioari dagokionez, bai denbora partzialeko kontratazioari dagokionez. Horiek nabarmen eragiten diote kualifikazio txikieneko biztanleriari.
III
Bestalde, deskribatu berri den egoera erabat aldatu da COVID-19aren pandemiak eragindako krisi soziosanitarioaren eta sozioekonomikoaren ondorioz. Hain zuzen ere, birusa ez transmititzeko hartutako neurriengatik jarduera ekonomikoak bat-batean behera egiteak berekin ekarri du langabezia-tasa orokorrak nabarmen igotzea, enpresa ugari desagertzea eta, zalantzarik gabe, pobrezia-tasak ere areagotzea.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak «Euskadin COVID-19aren eraginari buruzko hurbilketa» txostenean adierazitakoaren arabera, krisi honen ondorio ekonomikoek ez dute aurrekaririk. Krisi honek nazioarteko shock egoera bat sortu du, bai eskarian, bai eskaintzan, eta horrek ziurgabetasun handiko testuinguru bat ekarri du. Euskal Autonomia Erkidegoan, azterlanaren arabera, euskal BPGaren urtearteko uzkurdura, benetako balioetan, % 3,2 izan zen 2020ko lehen hiruhilekoan eta % 19,5 bigarrenean. Hala, enpresa-sarea nabarmen suntsitu zen, eta Gizarte Segurantzan erregistratutako 1.115 enpresa galdu ziren 2020ko otsailaren eta irailaren artean. Horrez gain, langabeziaren tasa orokorra % 10 izan zen 2020ko hirugarren hiruhilekoan. 2020ko irailean, zehazki, langabezian zeuden pertsonak % 29,7 ziren enplegu-eskari osoaren gainean.
Eragin handi hori zertxobait apaldu da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen ondorioz. Espediente horiek, izan ere, azterlanaren arabera, langileen babesari eusten lagundu dute, plantillak malgutzeko aukerak eman baitituzte ekonomia gelditzeak zekarren ziurgabetasunaren aurrean. Beharbada horrek azaltzen du, neurri batean bada ere, zergatik ez diren antzeman aldaketa nabarmenak Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren onuradun diren familien kopuruan.
Edonola ere, krisi soziosanitario eta sozioekonomikoaren ondoriozko ziurgabetasunari gehitu behar zaizkio maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretua onartzeari lotutako aldaketak. Errege lege-dekretu horrek bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen du. Diru-sarrera hori Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomiko gisa sortzen da, kotizazio gabeko modalitatean, helburu nagusi honekin: gutxieneko baldintza materialak betez, herritar guztiek bizitza sozialean eta ekonomikoan bete-betean parte har dezaten bermatzea, egiturazko baliabiderik ezaren eta pertsonen lan-, hezkuntza- edo gizarte-esparruetako aukerarik ezaren arteko lotura hautsiz.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGD) onartzeak nahitaez dakar Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema berriro planteatu eta diseinatu beharra, funtsezko bi arrazoirengatik.
Alde batetik, BGDa «zoru-prestazio» gisa planteatzen da, gutxieneko komun gisa, eta aukera ematen du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak bere babesa Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekua duten eta premia-egoeran dauden pertsona guztiei zabaltzeko.
Bestalde, BGDaren kudeaketari dagokionez, abenduaren 20ko 19/2021 Legeak, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duenak, bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru-ogasunak egoteak espezifikotasuna sortzen duenez, prestazio honi dagokionez, foru-araubideko autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dituzte, beren lurralde-eremuan, lege honetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari egozten zaizkion eginkizun eta zerbitzuak, bai eta, foru-ogasun horien finantzaketa-sistemari jarraikiz, ordainketa ere, adosten diren baldintzen arabera.
BGDaren kudeaketaren transferentziak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema osatzen duten prestazio ekonomikoen multzoaren kudeaketa integratua ahalbidetuko du eta, hala, hobeto erantzungo zaie herritarren beharrizanei. Transferentzia hitzarmen honen bitartez gauzatu da: Hitzarmena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen baitu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa. Hitzarmen hori 2022ko apirilaren 1ean sartu da indarrean.
Aldi berean, Autonomia Erkidegoak bi prestazioak kudeatzeak –eta prestazio horien onuradunek behar ditzaketen enplegu-politika aktiboak eta gizarte-zerbitzuak garatzen jarraitu beharrak– nahitaez dakar doikuntza garrantzitsu bat egitea araudi-, finantza- eta antolamendu-mailan. Hain zuzen ere, lege honetan jasotako xedapen asko bideratuta daude aipatutako sistemaren kudeaketa eraginkorragoa, arinagoa eta arrazionalagoa erraztera, sistema horretan biltzen baitira, alde batetik, estatu-mailako konfigurazioa duen prestazio bat eta, bestetik, benetan autonomikoa den beste bat, betekizun, betebehar eta sartzeko irizpide propioak dituena.
Lege honek, hain zuzen ere, aipatu berri dugun koiunturara egokitu nahi du.
IV
Horrenbestez, beharrezkoa da gizarte-babeserako, gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko eta inklusiorako neurriak egokitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera eta 10. artikuluaren babesean; izan ere, artikulu horrek Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio gizarte-laguntzaren arloko eskumen esklusiboa, eta eskumen-titulu horrek legitimatzen du lege hau onartzea, eta haren esparruan txertatzen dira legearen eduki guztiak.
Helburua da, alde batetik, hobetzea diru-sarrerak bermatzeko sistemak eskaintzen dituen prestazio ekonomikoen estaldura eta eskuragarritasuna, eta, bestetik, lan- eta gizarte-bizitzan moldatzeko zailtasunak dituzten euskal herritarrei eskurago jartzea kalitateko gizarte- eta enplegu-zerbitzuak. Horretarako, lege honen helburu nagusia da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema osoaren funtzionamendua eta, oso bereziki, sistema horretan jasotako prestazio ekonomikoen funtzionamendua egokitzea indarrean dagoen esparru arauemailea onartu zenetik gizartean izan diren aldaketa sakonetara.
Lege hau prestatzeko prozesua, neurri handi batean, aurreko legegintzaldian egindako lanean oinarritu da. Lan horren helburua zen Eusko Legebiltzarrean 2018an aurkeztea diru-sarrerak bermatzeko eta inklusiorako legearen proposamena. Ildo berean, lege honek lege-proposamen hartan sartu ziren elementu asko jasotzen ditu, baita erreforma-prozesu haren esparruan egindako dokumentu teknikoetan planteatutako irizpideak, argudioak eta proposamenak ere. Lege honek jaso egiten ditu DSBEa erreformatzeko Batzorde Teknikoak prestatutako txostenak –Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari 2016ko maiatzean aurkeztu zitzaion– eta sailak berak 2017ko maiatzean prestatutako DSBEa erreformatzeko Oinarrien Dokumentuak jasotako elementuetako batzuk.
Hortaz, aipatutako dokumentuetan planteatzen zenez, 80ko hamarkadako krisiaren ondoren Euskal Autonomia Erkidegoan abian jarritako eredua babestu eta hobetu behar da, haren legitimitate soziala bermatuta, bai eta datozen urteetarako jasangarritasun ekonomikoa ere. Abiapuntu horrekin, lege hau prestatzeko, oinarrizko irizpide hauei jarraitu zaie:
– Diru-sarrerak bermatzeko euskal politikaren haurtzaroarekiko ikuspegi familiarra eta lagunkoia sakonago aplikatzea, haurren pobreziari eta gizarte-bazterketaren belaunaldi arteko transmisioari aurre egiteko ahalmena areagotuta.
– Bizikidetza-unitatearen kontzeptua argitzea, egoitza berean bizi diren bizikidetza-unitate guztiek prestazioak jasotzeko aukera izatea bermatuta, eta, aldi berean, eskala-ekonomiak kontuan hartuko dituzten mekanismoak ezartzea.
– Prestazioa kalkulatzeko sistema doitzea, bermatutako zenbatekoen nahikotasuna eta arrazionalizazioa ziurtatuta, batez ere familia handien kasuan.
– Gaur egun estaldura egokia ez duten premiei eta taldeei ematen zaien arreta hobetzea, desberdintasunak saihestuta sistemara sartzeko garaian.
– Prestazioen kudeaketa eraginkorragoa erraztea: erabiltzaileek bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko duten eskubidea aitortzea, erantzukizunpeko adierazpenen bitartez sarbidea erraztea, zenbatekoak eguneratzeko prozedurak eta prestazioen kontrola arrazionalizatzea, eta onuradunen segurtasun juridiko handiagoa bermatzea.
– Lan arloko lagun egitea indartzea enplegu-zerbitzuetan, eta gizarte arloko lagun egitea gizarte-zerbitzuetan, diagnostiko-, estratifikazio- edo segmentazio-prozedurak sartuta. Prozedura horiek bidea eman behar dute onuradunen beharrak identifikatzeko eta premia horiek beharrezkoak dituzten laguntza-zerbitzuak agintzeko.
– Onuradunen lan-aktibazioa bultzatzea, euskal enpresak eta ekonomia solidarioa bazterketaren aurkako borrokan inplikatzea sustatuta.
– Enpleguaren hobari-sistema estrukturala finkatzea, pobreziaren tranpa saihesteko eta enpleguko pobreziari erantzuteko.
– Gizarte-inklusiorako eta diru-sarrerak bermatzeko sistema osoaren gobernantza hobetzea, administrazio eskudun guztiek eta Euskadiko hirugarren sektore sozialak kudeaketan parte har dezaten erraztuta.
– Diru-sarrerak bermatzeko eta inklusiorako politikak finkatzea, gaur egun egiten diren ikerketa, berrikuntza, ebaluazio, hedapen, analisi eta prestakuntzako jarduerak egonkortzea, artikulatzea eta bultzatzea ahalbidetuko duten mekanismoak indartuta, esparru horretako I+G+B arloko estrategia zabalago baten barruan.
V
Legea atal hauetan egituratzen da: bederatzi titulu, ehun eta berrogeita hamaika artikulu, zazpi xedapen gehigarri, zazpi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.
– I. titulua, xedapen orokorrei buruzkoa, arauaren xedea identifikatzearekin hasten da –Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea–, eta, era berean, haren helburua ezartzen du.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema 2. artikuluan definitzen da, eta, horrekin batera, haren antolamendu-egitura ezartzen da. Gizarte-zerbitzuen, etxebizitza-zerbitzuen, hezkuntza-zerbitzuen eta osasun-zerbitzuen arteko interakzioaren lehen adierazpena da, eta legearen testuan zehar islatuko da.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren printzipioak eta arreta-eredua zehazteaz gainera –horiek Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen nortasun-ezaugarriei eusten diete–, haren osagaiak identifikatzen dira, zeinek berritasun esanguratsuak baitituzte.
Alde batetik, 6. artikuluak kontzeptu hauek bereizten ditu: prestazio ekonomikoak (DSBE eta BGD) eta laguntzak (GLL). Izan ere, kontzeptu horiek araubide juridiko desberdina dakarte: lehenengoek eskubide subjektibo gisa kategorizatzeari lotutako araubide juridikoa dute, GLLen izaeraz bestelakoa, geroago, 10. artikuluan agertzen den bezala.
Artikulu berean, BGDa sartzen da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazio ekonomikoen zerrendan. Izan ere, sistema horren antolaketa-egiturek hartzen dute beren gain BGDaren kudeaketa euskal herritarrentzat. Azkenik, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari buruzko aipamena kentzen da, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen garapenari dagokio-eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa eta ordezko prestazio osagarria artikulatzea.
Bestetik, 7. artikuluak aldaketak egiten ditu aurreko legeari dagokionez, lan-inklusiora eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuetan. Lehenik eta behin, gehiago zehazten du zer tresna multzo jartzen den pertsonen eskura lan-inklusioa eta gizarte-inklusioa lortzeko. Bigarrenik, bereizi egiten ditu, alde batetik, lan-inklusioa lortzeko helburuan berariaz sartzen diren zerbitzuak, eta, bestetik, gizarte-inklusioa sustatzeko eta hobetzeko zerbitzuak. Garrantzi handiko urratsa da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren etorkizunerako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta gizarte-zerbitzuen arteko elkarlanaren eraginkortasunik eza gainditu nahi baitu. Eta, azkenik, inklusiorako hitzarmenaren ordez, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala (IPIP) ezartzen du. Aldaketa horrek, izendapen hutsetik haratago, pizgarri bat dakar Sistemaren onuradunek inklusiorako prozesuari aurre egiteko moduetan.
9. artikuluak –I. titulua ixten du– lehen aldiz sartzen du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio, laguntza eta zerbitzuen titularrei eta onuradunei dagozkien eskubideen zerrenda.
Lege honek ezarri nahi duen eraldaketaren adierazgarri da; euskal herritarrak Sistemaren erdigunean kokatzen ditu eta pertsona guztien berdintasuna bermatzen du administrazio eskudunekiko jarduketa juridikoan, ekainaren 2ko 8/2021 Legeak egindako erreformaren ildotik. Lege horrek legeria zibil eta prozesala aldatzen du, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko.
– II. titulua Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoei eta laguntzei buruzkoa da, eta haren arautze substantiboa jasotzen du, BGDa erregulatzen duen araudian xedatutakoa errespetatuz. Lau kapitulutan egituratuta dago.
I. kapituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, Sistemako prestazio eta laguntzen izaera definitzen du, eta, halaber, haien arteko harremanak antolatzen ditu.
II. kapituluak DSBEa arautzen du. Bost ataletan egituratzen da, eta atal horiek 14.– 50. artikuluak hartzen dituzte.
1. atalak prestazioaren definizioa eta ezaugarriak jasotzen ditu, bai eta titularrak eta onuradunak ere, eta aldaketa garrantzitsuak ditu Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearekin alderatuta:
1) DSBEari izaera mugagabea ematen dio, bai eta izaera osagarria, subsidiarioa eta besterenezina ere.
Legeak, Europako Gutun Sozialaren 13.1 artikuluarekin bat eginez, ex novo sartzen du prestazioa benetako eskubide gisa ulertzen duen kontzepzioa, eta, beraz, prestazioen titularrei beharrezkoak ez diren kargak ezabatzen dizkie, besteak beste aldian-aldian berritzeko betebeharra. Prestazioaren mugagabetasunaren ondorioak behar bezala kalibratuta daude, prestazioaren zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzeko mekanismo bat baitago, bai eta kontrol-prozedura bat ere, datuak eguneratuta eduki ahal izateko, eta, beraz, prestazioa eskuratzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.
2) DSBEaren modalitateak –gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta eta laneko diru-sarrerak osatzeko errenta– ezabatzen ditu prestazio bakarra egoteko. Prestazio horren zenbatekoa bizikidetza-unitatearen baliabide guztien eta kideen inguruabarren arabera aldatuko da. Hartara, prestazio-eredua errazagoa eta ulergarriagoa izango da hartzaileentzat.
3) Prestaziorako sarbidea bermatzen die adin nagusikoei, bat etorriz Europako Gutun Sozialarekin, bai eta 2022ko irailaren 28ko COM (2022) 490 azkena Kontseiluaren Gomendio Proposamenarekin ere. Gomendio Proposamen hori inklusio aktiboa ahalbidetzeko gutxieneko errenta egokiari buruzkoa da, eta hautagarritasun-irizpide gardenak eta ez-diskriminatzaileak ezartzearen alde egiten du, heldu gazteek gutxieneko errentarako benetako sarbidea izan dezaten zaintzeko.
4) Era berean, DSBEa eskuratzea errazten du, bi neurri hauek konbinatuta:
a) Alde batetik, kendu egin da bizikidetza-unitatea antzinatasun jakin batekin –orain arte, urtebete– eratuta egoteko eskakizuna. Eskakizun horren funtzionaltasuna eztabaidagarria da.
b) Bestetik, soilik pentsio eta prestazio publikoei lotutako eskubideak aldez aurretik egikaritzeko eskakizuna; hala, ezabatu egin da eskatzaileari edo bizikidetza-unitateko edozein kideri legokiokeen eduki ekonomikoko eskubide oro baliarazteko betebeharra, orain arte eskakizun-betebehar gisa indarrean egon dena.
Betebehar hori ezabatzearekin batera, amaiera ematen zaio emakumeak zeharka diskriminatzeko modu bati; izan ere, eskubide horiek baliatzea mantenu-pentsioen erreklamazioetan kontzentratzen da nabarmenki, eta emakumeak dira inguruabar hori gehienbat egokitzen zaien bizikidetza-unitateen titularrak.
Eskakizun-betebehar horri eusteak eragin negatiboa zuen emakumeak prestazioa jasotzeko garaian, beste gurasoari egotz dakiokeen ez-betetze baten ondorioz.
Bestalde, ez dago neurri honi lotutako ondorio maltzurrik. Ez-betetzea egin duen gurasoaren seme-alabek ez dute beren egoera larriagotuta ikusiko, hain zuzen ere, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoari esker. Gainera, ez da inolako galerarik izango diru-kutxa publikoetan, mekanismo zuzentzaile bat txertatzen baita etekinen kalkuluan, eskubide horiek baliatzean pasibotasun-arriskurik egon ez dadin.
5) 17., 18. eta 19. artikuluek identifikatzen dute zein kolektibok behar duten, kalteberatasun bereziagatik, sartzeko betekizun jakin batzuk arintzea –adina eta galdatzekoa den erroldatze-aldia eta benetako bizilekua, edo horietako bat bakarrik, kasuaren arabera–.
Horrela, bete egiten da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtsezko helburua, eta, aldi berean, kontuan hartzen da Eusko Legebiltzarraren 95/2016 Legez besteko Proposamena, gizarte-laguntzak erregulatzen dituen araudia aldatzeari buruzkoa, 2016ko abenduaren 15ean onartua, zeinak Eusko Jaurlaritzari eskatu baitzion adostasun zabaleko hitzarmen sozial bat bultzatzea, besteak beste, «krisiak eragindako pobrezia-egoera berriei erantzuteko; horretarako, bizikidetza-unitateak eta horietako kide bakoitzarena berrikusiko dira, euren babesa hobetzeko eta gizarte-larrialdiko egoerak kronifikatzea ekiditeko».
Hauek gehitu zaizkie bereziki babestutako kolektiboei: gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak, adingabeak babesteko sistemaren mende egon diren pertsonak, terrorismoaren biktimak –erreparazio historikoko keinu gisa–, eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua edo mendetasun-kalifikazioa duten pertsonak; eta, berritasun modura, aurreikusten da nola babestu ezustean sortutako premia larriko egoerak, Eusko Jaurlaritzak deklaratuak, Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren esku-hartzea beharrezkoa denean.
Halaber, errazago eskuratuko dute prestazioa % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua edo mendetasun-kalifikazioa duten adingabeen edo adin nagusikoen familiek, urtebetera jaisten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egoteko eta bertan benetako bizilekua izateko eskatzen den aldia. Egun, hiru urteko aldia da indarrean dagoena.
6) 21. artikuluak gero eta ohikoagoa den egoera bat jasotzen du, hau da, ezkontidearen edo bikotekidearen egoitzaz bestelakoan bizi diren ezkonduen edo ezkontzaren antzeko lotura dutenen egoera. Inguruabar horrek ez du eragozten prestazioa eskuratzea edo mantentzea, baina behar bezala justifikatutako arrazoiak beharko dira beste egoitza hori izateko. Horretarako, inguruabar justifikatzaileen zerrenda bat, azalpen hutsekoa, ezartzen du legeak.
2. atalak bizikidetza-unitateak arautzen ditu. Horiek definitzeko, abiapuntutzat hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko familien errealitate soziologikoa eta haien ezaugarriei buruzko epe ertaineko analisi prospektiboak.
Euskal Estatistika Erakundeak familiei buruz egindako 2018ko otsailaren 28ko azterlanari erreparatuta –familia motaren eta batez besteko tamainaren araberakoa da–, Euskal Autonomia Erkidegoan, honako hauek dira familia-eredu ugarienak, ehunekoetan: seme-alabak dituen familia nuklearra (% 33,63), pertsona bakarreko familia (% 28,47) eta seme-alabarik gabeko familia nuklearra (% 29,96). Beste familia mota batzuk, hala nola konposatuak, zabalduak edo polinuklearrak, nabarmen atzean geratzen dira.
Bestalde, 2035erako proiekzioak, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuetan oinarrituta, adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoan behera egingo duela etxe bakoitzeko pertsonen batez besteko proportzioak: 2,38 pertsona/etxe gaur egun eta 2,27 pertsona/etxe 2035ean.
Datu horietan oinarrituta, 25.1 artikuluan definitzen da oinarrizko bizikidetza-unitatea, ahaidetasun-lotura, ezkontza-lotura edo horren antzeko lotura duen familiaren ingurukoa, baina kontuan hartutako odolkidetasunaren eta ezkontza-ahaidetasunaren maila murriztu eta bigarren graduan kokatzen da, euskal familien orainari eta etorkizunari hobeto egokitzen zaielako.
Bizikidetza-unitateen definizioari zor zaion malgutasuna emateko asmoz, egoitza berean bizi diren eta ahaidetasun-loturarik, ezkontza-loturarik edo horren antzeko loturarik ez duten pertsonei aukera ematen zaie askatasunez elkartzeko, bizikidetza-unitate bakarra osatze aldera, edo, bestela, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei eusteko. Baina, azken kasu horretan, prestazioaren zenbatekoa zehaztean adieraziko diren ondorio ekonomikoen mende jarri beharko dute.
Ezohiko unitateei dagokienez (26. artikulua), lehendik daudenei gehitu zaizkie gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak, eta pentsiodunak.
Bestalde, ezohiko unitateen gehieneko iraupena hiru urtera arte aldatzen da, BGDaren ildotik. Muga horretatik salbuetsita daude, jakina, pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateak, iraupen mugagabea izango baitute.
28. artikuluak egun dagoen hutsunea betetzen du, eta ezkontzaren antzeko lotura definitzen du lege honen ondorioetarako, Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearekin paralelismo egokian, baina, aldi berean, formalizatu gabeko bikoteen errealitatea aintzat hartuta, haien existentziaren iuris tantum presuntzioa ezartzen baitu, bizikidetza-modu bakoitzaren erregulartasuna, normaltasuna eta probabilitatea kontuan izanda. Hori aplikatzearen ondorioz, saihestu egingo da bizi-komunitate egonkorrak modu artifizialean banatzea prestazioaren ondorioetarako soilik, eta, gainera, mesedegarria izango da prestazioa kudeatu eta izapidetzeko.
Azkenik, ezabatu egiten da orain arte erregelamenduz ezarritako muga, egoitza bakoitzeko aitortutako DSBEen gehieneko kopuruari dagokionez. Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektore sozialeko erakundeen aldarrikapen historiko bat da hori, Arartekoak ere proposatua 2021eko martxoaren 18ko azterlan honetan: «Familia-erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin. Diagnostikoa eta jarduteko proposamenak».
3. atalak titularren eta onuradunen betebeharrak arautzen ditu, eta aldaketa garrantzitsuak sartzen ditu, betebeharren katalogoa objektibatzera bideratuak, zuzeneko lotura baitute prestazioaren xedearekin. Hala, ezabatu egiten dira funtzionaltasunik gabeko betebeharrak edota, egiaztatu ahal izateko, titularren eta onuradunen esparru pribatuan sartzea eskatzen dutenak, halabeharrez hautazkoa den azterketa batetik zenbait jokabide edo gastu kontrolatzeko justifikazio bakarrarekin.
30. artikuluak, berriz, agertzeko betebeharra ezartzen du. Lege-mailako arau batean jasota egon behar du betebehar horrek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 19. artikuluak xedatutakoaren arabera. Neurri proportzionatua da, eta justifikatuta dago titular eta onuradunek laguntzeko duten betebeharrean eta mekanismo eraginkor bat ezartzeko premian. Mekanismo horrek bidea eman behar du, beste batzuekin batera, benetako bizilekuaren betekizuna egiaztatzeko, hori bereziki garrantzitsua baita prestazioa bidegabe edo iruzur bidez jaso izanaren zantzu sendoak dauden kasuetan.
Azken finean, prestazioaren kudeaketa egokia bermatzeko betebeharrak sartu dira, beharraren existentzia eta nondik norakoa behar bezala aztertzea ahalbidetzeko, bai eta beste batzuk ere –premien balorazioan laguntzea, gizarte- eta lan-diagnostikoa egitea, edo enplegurako prest egotea–, prestazioaren eta inklusiorako ibilbide baten garapenaren arteko loturatik sortuak; helburua da pertsonaren zailtasunak gainditzen saiatzea, Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak bermatu duen bezala (Digest of the case law, 2018ko abendua).
31. artikulua obligazioen salbuespenari buruzkoa da, eta, atal hau ixteko, bereizi egiten ditu prestazio ekonomikorako eskubidea eta inklusio-prozesuaren bilakaera behar bezala objektibatuta eta kalibratuta dauden kasuak; izan ere, inklusioarekiko banakako konpromisoa behar bezala egiaztatuta dago kasu horietan: baldintza pertsonalek edo teknikariek egindako balorazioak pentsarazten dute ez dela beharrezkoa betebehar jakin batzuk eskatzea, eta eskakizun formal hutsa edo alferrikakoa dela.
4. atala zenbatekoa zehazteari buruzkoa da, eta aldaketa esanguratsuak sartzen ditu.
1) Alde batetik, bizikidetza-unitate bati dagokion gehieneko errenta bermatua zehazteko, 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, zenbateko jakin batzuen batura egiten da, eta zenbateko horiek orain arte existitzen ez ziren kontzeptuetan sartzen dira:
a) Oinarrizko zenbatekoa, 33. artikuluan arautua: Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona bakarreko egoitza batean oinarrizko premiak asetzera bideratzen den gutxieneko gastuaren adierazpena. Haren zenbatekoa, hilero erreferentziatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak zehaztuko du. Dena den, legea indarrean jartzen den urtean, zenbateko hori bat etorriko da BGDaren onuradun indibidual bati dagokion hileko errenta bermatuaren zenbatekoarekin. BGDa «zoru-prestazio» gisa, gutxieneko komun gisa, hartzearen ondorio logikoa da hori.
Legeak bermatu egiten du prestazioa Europako estandarretara egokitzen dela, bai eta EAEn egon litezkeen berezitasunetara ere, gainditu ezinezko muga bat ezarriz: banakako onuradun bati dagokion gehieneko errenta bermatua ezin izango da izan pobrezia-arriskuaren tasaren ondoriozko gehieneko zenbatekoa baino txikiagoa; hau da, Estatu osoari dagokion tarteko errenta baliokidearen % 60 baino txikiagoa, aintzat hartuta Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen dituen datuak, edo Pobreziari eta Giza Desberdintasunei buruzko Inkestak ezarritako diru-sarreren pobrezia-atalaseen (mantentzea) batezbesteko haztatua baino txikiagoa, etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak kenduta, eskuragarri dagoen azken urtea erreferentziatzat hartuta.
Horrela, diru-sarrerak bermatzeko errenta bihurtzen da segurtasun-sare sendo, bizimodu duin baterako helduleku, eta herritarrentzako ezinbesteko babes, pobrezia-arriskuaren tranparen aurrean.
b) Osagarri indibidualek –34.1 artikuluan arautzen dira– bizikidetza-unitatearen gastuen banaketa kuantifikatzen dute, kontuan izanda hura osatzen duten pertsonen kopurua, familia-unitatearen baliokidetasun-koefizienteak erreferentziatzat hartuz –familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 6. artikulutik ateratzen dira koefiziente horiek–. Hain zuzen, horregatik kuantifikatzen da titularraren eta bizikidetza-unitatean integratutako bigarren helduaren osagarria oinarrizko zenbatekoaren % 50ean, eta bizikidetza-unitatea osatzen duten gainerako pertsonen osagarria oinarrizko zenbatekoaren % 30ean.
c) Bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak 34.2 artikuluan arautzen dira, eta guraso bakarreko bizikidetza-unitateei aplikatuko zaizkie, bai eta honako hauek osatutako bizikidetza-unitateei ere: gizakien salerosketaren, genero-indarkeriaren, sexu-esplotazioaren edo etxeko indarkeriaren biktimek, pentsiodunek eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek, arrazoi horrengatik pentsiorik jasotzen ez badute. Osagarri horiei oinarrizko zenbatekoaren % 40ko balioa ematen zaie pentsiodunek osatutako unitateetan, eta % 25ekoa gainerakoetan.
2) 35. artikuluak arautzen du prestazioa eskuratzea dakarten baliabideak kalkulatzeko aldi konputagarrien zehaztapena, eta eskabidea egiten den hilabetera mugatzen du epe hori. Gainera, zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzea aurreikusten du. Eguneratze horietan, kontuan hartutako hiruhilekoan eskuragarri dauden errenta eta diru-sarrera guztiei erreparatuko zaie.
Formula horri lotutako onurak garrantzizkoak dira, bai kudeaketa arintzearen ikuspegitik, bai bidegabe jasotako diru-sarrerak desagerraraztearen ikuspegitik –hori da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketak duen arazorik larrienetako bat–, baita prestazioaren onuradunak babestearen ikuspegitik ere, ez baitzaie DSBEaren babes-ekintza murriztuko.
3) 36. artikuluan indize zuzentzaile bat ezartzen da, prestazioaren azken zenbatekoa kalkulatzeko egoitza berean bizi den bizikidetza-unitate bat baino gehiago dagoen kasuetan. Indize horrek egoera horretan sortzen diren eskala-ekonomiak islatzen ditu, gastu partekatuak egongo baitira ezinbestean, nahiz eta prestazioaren kuantifikazioan intzidentzia neurtua izango duten.
4) Azkenik, 40. artikuluak, programatikoagoa baita, enplegurako pizgarriak arautzen ditu, eta errotiko aldaketa iragartzen du pizgarri horien kontzepzioan; izan ere, izaera mugagabea dute, eta horri esker ezabatu egiten da lan-merkatuan mantentzeko pizgarririk eza, aldi baterako iraupenaren ondoriozkoa.
5. atalak prestazioa etetea eta azkentzea arautzen du.
Legeak eutsi egiten dio prestazioa eteteko eta azkentzeko araubide klasikoari, zeina bereizita baitago zehatzeko ahala baliatzetik, eta horrek jurisprudentziaren abala du.
Kategoria kontzeptual haiei eustearekin batera, aldaketak ezartzen dira haien araubide juridikoan:
1) 43. eta 44. artikuluek familiak babesteko mekanismo berri bat sartu dute.
Prestazioaren ordainketaren etendura partziala da, baldin eta denbora-tarte jakin batean autonomia-erkidegotik kanpo izan badu benetako bizilekua, izaera sozial, sanitario edo soziosanitarioko egoitza-zerbitzu bateko aldi baterako plaza bat okupatzen bada, osorik funts publikoekin finantzatuta, edo betebehar jakin batzuk betetzen ez badira. Horrela, eteteak banakako osagarriei soilik eragingo die, eta horiei bizikidetza-unitatearen ezaugarriei loturikoak gehitu ahal izango zaizkie, kasuaren arabera.
2) 45. artikuluak, betebeharrak ez betetzeagatiko etetea jorratzeaz gain, lehen aldiz arautzen du zer kasutan joko diren justifikatutzat lanaldi-murrizketa edo borondatezko eszedentzia, edo enplegurako prestakuntza-ikastaro batean edo enplegurako hautaketa-prozesu batean parte hartzea errefusatzea, uztea edo bertara ez joatea. 48. artikuluak, paraleloki, identifikatu egiten du zer kasutan jotzen diren justifikatutzat enplegu-eskaintza bati uko egitea edo lan-jarduera borondatez uztea.
Arautze horretan, izaera tekniko eta kasuistikoa duenez, bereziki egokia da erregelamenduzko esku-hartzea, azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusi bezala; hala ere, legean aurreikusitakoak segurtasuna ematen du eta, aldi berean, bermatu egiten du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren eta erakunde-maila desberdinetatik bultzatzen ari diren familia eta lana bateragarri egiteko politiken arteko beharrezko koherentzia.
3) 46. artikulua prestazioa etetearen ondorioei buruzkoa da, eta etetearen iraupena, ondorio-data eta amaiera-data zehazten ditu.
4) 47. artikuluak, prestazioa kautelaz eteteari buruzkoak, lehenengo aldiz aurreikusten du prestazioak ezin izango diola eragin prestazioaren oinarrizko zenbatekoari, baliabiderik ez dagoenean, edo, halakorik dagoenean, oinarrizko zenbatekoari kide guztien errenta eta diru-sarrera erabilgarri guztiak kentzearen ondoriozko kopuruari, kautela-neurriaren eraginpean dagoen bizikidetza-unitateak adingabeak dituenean.
Horrela, adingabearen interes gorena hartzen da kontuan, legea egituratzen duen printzipioa baita, eta bereziki nabarmena da adingabeei eragin diezaieketen kargak ezartzen dituzten egintzen ondorioak leuntzen saiatzen diren neurriak definitzeko orduan.
5) 48. eta 49. artikuluek prestazioa jasotzeko eskubidea azkentzeko erabakigarriak diren kasuak eta horien ondorioak zerrendatzen dituzte.
Azkentzeak berez dakarren prestazio-galeraz gain, prestazioaren titularrak ezin izango du prestazioa eskatu urtebeteko epean, DSBEa azkentzea eragiten duten ez-betetze orokorren kasuan, eta bi urtean, azkentzea honako hauen ondorio bada: funtsezko zehaztugabetasunak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizunpeko adierazpenean eta horiekin lotutako beste inguruabar batzuk, aitortutako prestazioa bidegabea dela agerian uzten badute.
Aurreikuspen horrek proportzionaltasun hertsiko parametroetatik abiatuta lotzen ditu, batetik, Administrazioak eskatzaileen adierazpenetan jartzen duen konfiantza eta, bestetik, prestazioaren titularrei edo onuradunei egotz dakiekeen arrazoiren batengatik konfiantza galtzearen ondorioak.
6) Azkenik, 50. artikuluak, atala ixteko, prestazioa azkentzearen ondorioak arautzen ditu bizikidetza-unitatean adingabeak daudenean. Hemen dago xedapen horren oinarria: 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituena. Izan ere, lege horren 2. artikuluak erakunde publiko zein pribatuei, auzitegiei eta legegintza-organoei ezartzen die adingabearen interes gorena baloratzea eta aintzat hartzea, tartean izan daitekeen beste edozein interes legitimoren gainetik.
III. kapitulua GLLei buruzkoa da, eta, horren bidez, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren alde ekonomikoa osatzen da. Prestazio horiek dirulaguntza-izaerako laguntzak dira, eta pertsona hauek dituzte xede: baliabide nahikorik ez dutenak gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren berariazko gastuei –ohikoei edo ezohikoei– aurre egiteko.
Kapitulu horren arauketak ez du aldaketa esanguratsurik sartzen 18/2008 Legearekiko, hauek baino ez: lege honetan aurreikusitako bizikidetza-unitateen konfiguraziora egokitzeak eta onuradunen baliabide guztiak, DSBEarekiko amankomunak, kontuan hartzeak eskatzen dituztenak.
IV. kapituluak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazio eta laguntzen erregimen ekonomikoa arautzen du, Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritakoari jarraituz, baina hiru berritasun hauek sartzen ditu:
a) Bidegabe jasotako prestazioak eta laguntzak itzultzeko araubidearen erregulazioa, legearen 64. eta 65. artikuluetan jasotakoa. Horren arabera, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra exekutiboa da, zenbateko horiek itzuli beharra deklaratzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo denetik. Era berean, konpentsazio bidezko ordainketari ematen zaio lehentasuna, prestazioen titular edo onuradun izaten jarraitzen duten zordun askoren kalteberatasun ekonomikoko egoerara hobeto egokitzen delako.
Bi neurri horiek administrazio egokirako eskubidearen alde egiten dute.
b) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioen titularren eta onuradunen erantzukizun solidarioa aurreikustea, baita, egitate, omisio, negozio edo egintza juridikoen ondorioz, prestazio bat iruzurrez lortzen parte hartzen dutenen erantzukizun solidarioa ere.
c) Bidegabeki jasotako prestazioen preskripzio-araubidea definitu du 66. artikuluak, eta bi urtera murriztu du epea, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen hartzaileen egoera bereziari hobeto egokituta. Aurreikuspen honek, proportzionaltasunaren ikuspegitik erreparatuta, bateratu egin nahi du interes publikoaren babesa –Euskadiko Ogasun Nagusiaren osotasunari lotua– beste printzipio eta interes batzuen babesarekin, besteak beste segurtasun juridikoaren babesarekin, zeinaren arabera bidezkoa baita ziurgabetasuna ezabatzea, baldin eta ogasunaren eskubideak aitortu eta kobratzeko epe oso luzeak ezartzen badira eta gaiaren gaineko eskumena duten organoek betearazteko jarduerarik egiten ez badute. Interes hori bereziki babestu behar da zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen kasuan.
Izan ere, denbora luzez akzio batzuk ez egikaritzeak eragina izan dezake baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen egoera ekonomikoan, eta hori ekitatearen kontrakoa izango litzateke.
Preskripzio-epea bi urtera murriztuta, oreka egokia lor daiteke gatazkan dauden interesen babesean, Administrazioa kudeaketa eraginkorrera bultzatuz, Konstituzioaren 103. artikuluaren arabera eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 44. artikulua betez.
Bestalde, artikuluak preskripzio-epearen zenbaketaren dies a quo ezartzen du, bai eta preskripzio-epea eteten den kasuen zerrenda ere, segurtasun juridikoaren mesedetan, argi eta garbi.
– III. titulua prozedurei buruzkoa da eta lau kapituluk osatzen dute.
I. kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da. Honako hauek arautzen ditu: Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak eta laguntzak izapidetzeko eta aitortzeko eskumena, prozeduraren oinarrizko printzipioak, pertsonek zer eskubide dituzten lege honetan aurreikusitako prestazio eta laguntzei lotutako prozeduren esparruan, bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko eskubidea eta jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak.
Kapitulu honek erakusten du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren kudeaketari eman nahi zaion bilakaera eta aldaketa, prestazio eta laguntzen izapidetzea bizkortuta eta haren jarduera herritarren zerbitzura bideratuta.
Legeak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legetik eratorritako printzipioak eta eskubideak jasotzen ditu, eta administrazio onerako eskubidea aldarrikatzen du, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 41. artikuluan (2010/C 83/02) eta euskal sektore publikoaren araudian xedatutakoarekin bat etorriz.
Eskubide horrek protagonismo nabarmena hartu du azken urteotan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren jurisprudentzian, eta doktrina multzo bat sortu du haren inguruan. Horren arabera, berriz aztertu behar dira Administrazioaren jarduteko moduak, abiapuntutzat hartuta paradigma berri bat, behar bezalako ardura eta arreta defendatuta, kudeaketa zabarra baztertuta, eta prozeduraren eta izapideen betetze hutsetik harago joanda.
69. artikuluak administrazio onerako eskubidearen esanahia zehazten du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua gidatu beharko du bere eskumenak egikaritzean. Horretarako, hain zuzen ere, kontuan hartu da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioak aitortzeko prozedurak zer testuinguru berezitan garatzen diren.
70. artikuluak arautzen du harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubidea, zerbitzu elektronikoen irisgarritasuna bermatuta, bazterketa digitalean ez egoteko eskubidea babestuta, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektore sozialeko erakundeei beren zeregina aitortuta gero eta digitalagoa den ingurune bateranzko eraldaketan, eta Sistemako prestazioen titularren eta onuradunen alfabetatze digitalaren alde eginda, Europako Batzordeak Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Lantaldeari berriki helarazitako Komunikazioaren ildotik. Iparrorratz digitala 2030: hamarkadarako bide europarra. COM (2021) 118 azkena, 2021eko martxoaren 9koa.
II. kapitulua prestazioak aitortzeari buruzkoa da, eta bi ataletan egituratzen da. Lehen atalak prozeduraz dihardu. Hasiera, zuzenketa, instrukzioa eta ebazpena arautzen ditu, eta eskabide-eredu normalizatuen arauketa zehatza jasotzen du. Bigarren atala erantzukizunpeko adierazpenei buruzkoa da, eta berritasun garrantzitsua da lege honetan.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako hartzaileenganako konfiantzaren aitorpenik handiena erakusten du, bai eta hartzaile horiek erabateko erantzukizuna bereganatuko dutela ere, aitorpen horren ondorioen garrantziari lotuta.
Erantzukizunpeko adierazpenek prestazioa eskuratzea errazten diete premia-egoeran dauden pertsona guztiei, eta, aldi berean, interes publikoak babesten dituzte. Izan ere, adierazpen horien inguruan kontrol-dinamika garrantzitsuak sortzen dira, Sistemari kalterik etor ez dakion. Gainera, ondorio zorrotzak ezartzen zaizkie faltsutzeari, funtsezko zehaztasunik ezari edo erantzukizunpeko adierazpenarekin lotutako beste edozein inguruabarri, baldin eta agerian uzten badute prestazioa bidegabe aitortu dela.
Erantzukizunpeko adierazpenak ezinbesteko pieza dira Sistemaren garapen elektronikorako, beste administrazio publiko batzuekin informazioa trukatzea bezala. Hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenen funtzionaltasuna zabaltzen da, 79.3 artikuluak ezartzen duenez, eskabidea osatzeko behar diren dokumentuak telematikoki egiaztatu ezin direnean edo Administrazioaren esku ez daudenean.
Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak 80. artikuluan arautzen dira; hain zuzen ere, hura aurkeztu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrerako ondorioekin aitortuko da prestazioa, hargatik eragotzi gabe Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak balia ditzakeen kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak. Nolanahi ere, erantzukizunpeko adierazpenak ez du adierazitako ondoriorik izango, baldin eta, egiaztapena egin ondoren (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku dagoen dokumentazioarena, eskatzaileak aurkeztutakoarena edo informazioa trukatzeko sistemen bidez eskuratuarena), agerian geratzen bada ez dela bete prestaziorako eskubidea eskuratzeko betekizunen bat.
III. kapituluak prozedura hauek arautzen ditu: prestazioen zenbatekoa eguneratzea eta prestazioen kontrola.
Prozedura horietako lehenengoaren gauzarik esanguratsuena da DSBEaren aitorpen guztiak hiru hilean behin berrikusten direla, hurrengo hiruhilekoan egokituko den zenbatekoa finkatzeko. Kontuan hartutako aldiak haztatzeko prozedura zaintzen da, haiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-aukeren arabera behar bezala dimentsionatuta. Jarraian, administrazio-isiltasunaren ondorioak ezartzen dira.
Bestalde, kontrol-prozeduraren xedea da titularraren eta bizikidetza-unitatea osatzen dutenen betekizunak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzea, eta ez dakar berritasun esanguratsurik, kontrola zer maiztasunez egin beharko den ezartzeaz harago.
Legeak 86. artikuluan aurreikusi du adimen artifizialeko sistemak erabili ahal izango direla prestazioen kontrolean; izan ere, jakitun da sistema horiek, datozen urteetan, protagonismo handia hartuko dutela administrazio publiko guztien zereginetan. Dena den, sistema horiek etikoki erabiltzeko konpromiso aitortzen du.
Arauketaren abiapuntu dira honako hauetan jasotako kontsiderazioak: «Adimen artifizial fidagarrirako jarraibide etikoak» dokumentua, 2019ko apirilaren 8an argitaratua; Adimen Artifizialari buruzko Europako Batzordearen Liburu Zuria –bikaintasunera eta konfiantzara bideratutako Europako ikuspegi bat–, COM (2020) 65 azkena, 2020ko otsailaren 19koa; azterlan doktrinalak, adimen artifiziala Administrazio Zuzenbidean eta Administrazio publikoaren kontrolean aplikatzeari buruzkoak, edo adimen artifizialaren erabileraren aurreko bermeei buruzkoak (Alejandro Huergo, Susana de la Sierra edo Lorenzo Cotino irakasleek egindakoak, adibide batzuk jartzearren); eta gaiari buruzko erabaki judizial hasiberriak –Italiako Estatu Kontseiluaren 2270 zenbakiko epaia, 2019ko apirilaren 8koa, eta 8472 zenbakikoa, 2019ko abenduaren 13koa, eta Hagako Barruti Auzitegiaren berriena, 2020ko otsailaren 5ekoa–.
Berriki, Eskubide Digitalen Gutuna, 2021eko uztailaren 14an aurkeztua, baliagarria izan da, baita ere, irismena zehazteko bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko eskubideari, bai eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman adimen artifizialeko sistemak erabiltzeko parametroak finkatzeko ere.
IV. kapitulua datu pertsonalak babesteari eta informazioa emateari buruzkoa da. Errespetua aldarrikatzen du datuak babesteko legeriarekiko eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioak kudeatzeko espedienteetan ageri diren pertsona guztien datuen konfidentzialtasunarekiko. Halaber, informazio zehatza ematen du prestazio horiek behar bezala kudeatzeko, betiere gardentasun handienaren barruan eta, era berean, kontuan hartuta administrazio eta erakunde publiko guztiek erantzukizuna dutela elkarlanean aritzeko betebeharrean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dituen eskumenak behar bezala egikaritu ditzan.
Era berean, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek informazioa emateko betebeharra jorratzen da, eta eskatu ahal izango den informazio garrantzitsua identifikatzen da, baita eskaera horrek izan beharko dituen bermeak ere.
– IV. titulua ikuskatzeko eta zehatzeko ahalari buruzkoa da, eta itxi egiten du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazio ekonomikoei eta laguntzei egiten zaizkien kontrolen sorta. Titulua bi kapitulutan egituratzen da.
I. kapituluaren xedea ikuskatzeko ahala da, eta haren erregulazioak araudiaren zaintza- eta kontrol-parametro klasikoei jarraitzen die. Horrela, ekarpen erabakigarria egiten du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren oinarriak gordetzeko, titularren eta onuradunen eskubideak babesteko, prestazioen zuzentasuna ziurtatzeko eta prestazioak eskuratu eta mantentzeko parametro arauemaileetara egokitzeko.
Ikuskapena funtsezko zerbitzua da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman, eta buru ematen dio sistema horren iraunkortasuna eta legitimitatea bermatuko duten neurrien multzoari.
96. artikuluak laguntza-, ikuskaritza- eta kontrol-plana urtero onartzea aurreikusten du. Planaren helburua, zehazki, ez-betetzeak prebenitzea, ikertzea eta kontrolatzea da, bai eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioak aitortzeko eta jasotzeko betebeharrak borondatez bete daitezen sustatzea ere.
Gainerakoan, 93. eta 94. artikuluetan aipatzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Ikuskaritzaren funtzioak eta ahalmenak. Horiek beharrezkoak dira lege honetan eta lege hau garatuko duen araudian xedatutakoa betetzen dela bermatzeko.
Bestalde, II. kapitulua zehatzeko ahalari buruzkoa da. 99. artikuluak arautzen du legean aurreikusitako arau-hausteak egiteagatiko erantzukizuna, eta 16 urtetik gorakoen erantzukizuna ezartzen du, lana lortzeko aukerarekin behar bezala lotuta –aukera hori aurreikusita dago Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan–. Horretarako, enpleguaren funtzionaltasunari erreparatzen dio, lege honek pertsonen inklusioa antolatzeko hartzen dituen ardatzetako bat den heinean.
100-102 artikuluetan aurreikusitako arau-hausteak honela sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak. Sailkapen horrek zehazki islatzen ditu babestutako ondasun juridikoak eta haiek urratzearen eta haiei kalte egitearen ondoriozko gaitzesgarritasuna.
Zehapenek funtsezko hiru berritasun dituzte:
a) Lehenak zerikusia du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazio eta laguntzen titular edo onuradunek egindako arau-hauste astunenetarako isun-zehapenak kentzearekin. Hala ere, zehapen horiei atxikitzen zaizkie –arau-haustearen astuntasunaren proportzio egokian– honako neurri hauek: prestazioak azkentzea, gizarte-larrialdietarako laguntzen kobrantza azkentzea eta, hala badagokio, jasotako laguntzak itzuli behar izatea, baita horiek eskuratu ezin izatea ere urte eta erdi eta hiru urte bitarteko aldian –aldi hori bost urtera arte luzatu ahal izango da astuntasun bereziko inguruabarretan–.
Prestazioa azkentzeko zehapenari lotutako ondorioak zehazteko, era berean, adingabearen interes gorena hartu da kontuan, aipatutako urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Bigarren berritasuna da zehapenen katalogo bat aurreikusi dela Sistemako prestazioen titular edo onuradun ez diren erantzuleentzat.
c) Hirugarren berritasun gisa, aurreikusten da hamasei urtetik gorako eta hemezortzi urtetik beherako erantzuleek aukera izango dutela interes sozialeko prestazioak egiteko, 103. artikuluan ezarritako zehapenen ordez, haien berariazko baimenarekin betiere. Prestazio horiek adingabetasunera egokitutako aldietan luzatuko dira. Horrela, zehapen-arloko legezkotasun-printzipioa errespetatuko da.
Gizarte-intereseko prestazioak adingabeentzat bereziki egokiak direla jo da, heziketa-helburua baitute.
– V. tituluak gizarte- eta lan-inklusiorako tresnak eta zerbitzuak arautzen ditu. Titulua osatzen duten lau kapituluek gai hauek jorratzen dituzte, hurrenez hurren: zerbitzu horiei buruzko xedapen orokorrak; gizarte- eta lan-diagnostikorako ezarritako tresnak eta onuradunen beharren balorazioa; IPIP delakoa; eta lan- eta gizarte-inklusiorako programak eta zerbitzuak.
Xedapen orokorrei dagokienez, I. kapituluan jasotzen baitira, berritasun nagusia erreferentziazko profesionala esleitzean datza. Izan ere, profesional hori, laneratzeko zerbitzuen hartzaileen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esleituko du.
Dituzten beharren arabera gizarte-zerbitzuen hartzaile diren pertsonei dagokienez, gizarte-zerbitzuen legerian xedatutakoa beteko da. Orobat, aukera ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektore sozialeko erakundeak laguntzailetzat onartzeko onuradunen lan- eta gizarte-inklusiorako prozesuetan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoaren antzera.
II. kapituluak triaje-tresna baten berehalako aplikazioa sartzen du, onuradunen beharrak hautematera eta diagnostikoan esku hartu behar duten sistemak identifikatzera bideratua. Kasu bakoitzean egokitzen den gizarte-zerbitzuen zorroko zerbitzua, edo, hala badagokio, enplegua aktibatzeko programa ere sartu beharko dira.
IPIPak, titulu honetako III. kapituluan arautuak, ordezkatu egiten du orain arte indarrean zegoen araudiko inklusio aktiborako hitzarmena. Esku-hartze indibidualizatua ardazteko, diru-sarrerak bermatzeko prestazioaren titularrak eta onuradunak programa hori negoziatzera eta sinatzera behartuta egongo dira DSBEa eskuratu dutenetik urtebete igarotzean, hargatik eragotzi gabe inklusiorako tresna hori BGDa jasotzen duten pertsona guztiei eskaintzea.
Hortik aurrera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erreferentziazko profesional bat esleituko du, eta teknikari hori arduratuko da IPIParen bultzadaz, negoziazioaz, sinaduraz, jarraipenaz eta ebaluazioaz. IPIPa prestatzean agerian geratzen bada gizarte-zerbitzuen esku-hartzea lehenesteko beharra, erreferentziazko profesionala sistema horretakoa izango da.
Nolanahi ere, legeak berehalako esku-hartzearen aldeko apustua egiten du inklusioaren helburua lortzeko, zenbait tresnaren bitartez, eta tresna horiek, hala badagokio, IPIPean txertatuko dira.
IV. kapituluak lan- eta gizarte-inklusiorako programak eta zerbitzuak arautzen ditu, zeinen oinarri baitira enplegagarritasuna hobetzeko laguntza-programa indibidualizatuak –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintzen ditu eta bermatuta daude–, baita euskal administrazio publikoen beste programa eta zerbitzu batzuk ere, inklusiora bideratuak.
Nabarmentzekoa da 121.2.b) artikuluan jasotako aurreikuspena, zeinaren bitartez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromiso hau hartzen baitu, IPIParen barruan, eta, betiere, lan-diagnostikoaren argitan: hartzaileei lan-bitartekotza bermatzea lan-merkatu arruntean edo publikoki diruz lagundutako programen bidez, haien ezaugarrietara egokituta, eta, gutxienez, urteko prestakuntza-jarduera egoki bat, ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzea ahalbidetuko duena.
– VI. titulua Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema planifikatzeari eta garatzeari buruzkoa da, eta VII. titulua, berriz, Sistema horren eskumen-araubideari eta finantzaketari buruzkoa. Funtsean, orain arte indarrean zegoen arautzeari eusten diote biek.
Eusko Jaurlaritzari, foru-diputazioei eta udalei esleitzen zaizkien eskumenen sortak errespetatu egiten ditu Autonomia Estatutua, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea.
Azken horri dagokionez, esan behar da gaur egun udalerriei esleitutako ahalmenei eustea, funtsean, gizarte-zerbitzuei buruzko legerian oinarritzen dela. Bertan, inklusioarekin lotutako eskudantzia asko ezartzen dira, hala nola pertsonen informazioa, balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa, gizarte-diagnostikoa, arreta pertsonalizatuko plana eta abar egitea, eta lege honek ez du alor horretan eragiten, ez eta aldaketarik sartzen ere.
Gainerakoan, inklusioaren arloko plangintza-ahalmenak eta gizarte-larrialdietarako laguntzen arloko eskumen garrantzitsuak aitortzen zaizkie udalei, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzari arlo horretan dagokion zuzeneko ekintzaren eskumena; batez ere, prestazio horien finantzaketari dagozkion alderdietan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleitzen zaizkio diru-sarrerak bermatzeko errentaren aitorpena eta kudeaketa, subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioetatik ondorioztatzen den bezala; izan ere, erkidego-mailan soilik bermatu ahal izango da eduki ekonomikoko eskubidearen definizioan behar den homogeneotasuna, eta maila bereko kudeaketak bakarrik bermatuko du aitorpen eta kudeaketa uniformea egitea, bestela, ezinezkoa litzateke eta.
– VIII. titulua lankidetzari, koordinazioari eta parte-hartzeari buruzkoa da, eta Inklusiorako Erakundearteko Batzordea arautzen du, euskal administrazio publikoen arteko elkarlanerako erakunde gorena den heinean. Bestetik, Inklusiorako Euskal Kontseilua kontsultarako eta parte hartzeko organo gisa eratzen du.
– Azkenik, IX. tituluak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioa eta Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoa arautzen ditu, legeak gardentasunarekin eta kontuak ematearekin duen konpromisoaren erakusgarri gisa.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamendua, emaitzak, kalitatea eta kudeaketa-egituren eta osagaien eragina bi urtean behin ebaluatuko dira, 146. artikuluak ezartzen duenez.
Horretarako, ebaluazioa organo independente bati esleitzen zaio, eta II. kapituluan arautzen da.
Organo hori sortzean, ebaluazioaren kulturan sakontzen da, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman eragina duten jarduera-arlo anitzetan kalitatea hobetzeko bitarteko egokiena den aldetik, eta, aldi berean, gizarteari etengabe informazioa emateko fluxua lortzen eta bideratzen laguntzen da, Sistema horren errendimendua hobetuko duen gardentasun-esparru batean.
Aldi berean, Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak zerikusia duten botere publikoei lagunduko die beren eskumenak ahalik eta egokien planifikatzen eta garatzen, bai eta lankidetza- eta partaidetza-organoei ere, beren eginkizunak betetzean optimizazioa eta erantzukizuna izan dezaten; izan ere, organo horrek egiten duen ebaluazioaren emaitza kontuan hartu beharko dute, eta haren gomendioak baztertzeko arrazoiak eman beharko dituzte.
Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoa administrazio-organo espezializatua da, eta, bere funtzioak betetzean, objektibotasun eta independentzia funtzional osoz jardungo du, eta eskumen-esparrutzat du diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko ebaluazioa, eta berrikuntzaren eta ikerketaren sustapena.
Sistemari aplikatutako baliabide publikoen garrantziak eskatzen du kontuak etengabe ematea, baita hauek bermatzea ere: zabaldutako politikak eraginkorrak direla, eskatzekoak diren jasangarritasun-parametroetara egokitzen direla eta gizarte osoaren mesederako direla. Horretarako, organoa ezinbesteko tresna da euskal administrazio publikoek bazterketa prebenitzen eta desagerrarazten esku hartzeko gaitasunak garatu eta etengabe hobetu ditzaten.
Legeak, osagarri moduan, zazpi xedapen gehigarri, zazpi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen ditu.
Lehenengo xedapen gehigarriak legea indarrean jartzen den unean oinarrizko zenbatekoa ezartzeko araua zehazten du, horixe baita DSBEa zenbatesteko oinarrizko parametroa.
Bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriek manu batzuk sartzen dituzte, legearen V. tituluko aurreikuspenen eraginkortasuna bermatzeko. Hartara, aukera ematen da, alde batetik, diru-sarrerak bermatzeko sistemen eta gizarte-zerbitzuen arteko elkarreragingarritasunerako eta elkarren arteko konexiorako, eta, bestetik, triaje-tresna egiteko, egoeraren eta erabiltzaileen beharrizanen gaineko hasierako balorazioa gauzatze aldera. Hala, behar bezala bideratutako inklusio-ibilbidea garatu ahal izango da, lan- eta gizarte-arloko diagnostikoetatik abiatuta, beharrezkoak direnean.
Laugarren xedapen gehigarriak azterlan bat egiteko agintzen du, azterlan hori Finantzen Euskal Kontseilura bidaltzeko gero. Azterlan horretan, politika fiskalen eta diru-sarrerak bermatzeko politiken artean integrazio hobea lortzeko bideak sakondu behar dira. Azkenik, bosgarren eta seigarren xedapenek honako hauek dituzte hizpide, hurrenez hurren: Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren jardueraren hasiera, eta GLLetarako esleitutako zenbatekoak foru-diputazioei edo udalaz gaindiko erakundeei zuzenean eskualdatzea.
Bestalde, lehen xedapen iragankorrak zehazten du zer araubide aplikatu behar zaien lege hau indarrean jartzen denean izapidetze-fasean dauden DSBE eta GLL eskaerei.
Bigarren xedapen iragankorrak etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria aitortu eta jasotzeko eskubidea bermatzen du, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea garatzen duten arau-xedapenak onartzen ez diren bitartean, etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboarekin lotuta eta eskubide hori betetzeko prestazio ekonomikoen sistema subsidiarioa ezartzearekin lotuta, betiere prestazio batetik bestera igarotzeko modu arrazoizkoak bermatuta.
Hirugarren xedapen iragankorrak Lan, Justizia eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Agindua, oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzekoa, aplikatzea aurreikusten du, 40. artikuluan aurreikusitako araudia garatzen ez den bitartean, gehieneko iraupenik ezarri gabe.
Bestalde, laugarren eta bosgarren xedapen iragankorrek Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen eta Inklusiorako Euskal Kontseiluaren araubidea arautzen dute, 142. - 145. artikuluetan aurreikusten diren arauak behin betiko aplikatzen diren arte. Seigarren xedapen iragankorrak legea indarrean jartzean Gizarte Ongizateko Funtseko prestazio ekonomikoak aitortuta dituzten pertsonen egoera juridikoa arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ongizateko Funtsetik adinekoentzat eta lanerako ezinduentzat emango diren pentsioak arautzen dituen maiatzaren 26ko 129/1986 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Azkenik, zazpigarren xedapen iragankorrak 25.; 26.; 28.; 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluak arian-arian aplikatuko direla dio. Xedapen horiek legearen berrikuntza nagusietako biri buruzkoak dira: alde batetik, bizikidetza-unitateen osaerari buruzkoak, eta, bestetik, DSBEaren zenbatekoen aldizkako eguneraketari buruzkoak.
Xedapenak parametro objektiboen arabera antolatzen du legea indarrean jartzean aitortuta zeuden prestazioen zenbatekoa eguneratzeko egutegia, bai eta prestazioak bizikidetza-unitateen formulazio berrira egokitzeko modua ere. Halaber, aplikazio horren ondorioak ezartzen ditu, bereziki bizikidetza-unitate berriak agertzen direnerako. Hala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz jardutea aurreikusten da, aitortza horren alde, betiere legean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuz gero.
Aipatutako aginduak arian-arian aplikatzeko betebeharrak, zehazki, Konstituzioaren 103. artikuluko aginduari erantzuten dio. Horren arabera, eraginkortasuna administrazio publikoen jarduera antolatzen duen printzipioa da, eta, beraz, administrazio publikoek helburuak betetzeko ahalegina egin behar dute, haiek lortzeko duten gaitasunaren arabera.
Legea osorik aplikatzeko bidean, beraz, denbora-irizpide bat erabili da. Izan ere, parametro objektibo horrek bete egiten ditu berdintasunaren printzipioaren eskakizunak, gardena da pertsona interesdunentzat, eta kontrolatzeko aukera ematen du. Xedapena aplikatzean sor daitezkeen aldeak justifikatuta egongo dira berdintasunaren printzipioari buruzko konstituzio-doktrinaren arabera. Izan ere, legearen agindu batzuk arian-arian aplikatuta gerta daitezkeen kasuak berdinak izan daitezkeela onartu arren, lortu nahi den helburua zilegi da, atzerapenak saihestu nahi baititu prozedurak izapidetzeko orduan, baita zerbitzua kolapsatzea ere, halako egoerak sor baitaitezke legea aldi berean aplikatuz gero espediente guztietan –50.000 baino gehiago dira–; nolanahi ere, xedapenak gainditu egiten du proportzionaltasunaren irizpidea.
Azken batean, berariaz bermatu nahi da ukitutako zerbitzuek funtzionamendu egokia dutela DSBEaren titularrak eta onuradunak babesteko, legea osorik aplikatzen den arte, haien eskubide guztiak ziurtatuz.
Xedapen indargabetzaileak beren-beregi identifikatzen ditu lege honek indargabetzen dituen arauak.
Azken xedapenetako lehenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legea aldatzeari buruzkoak, erabiltzaileen identifikazio eta sinadurarako sistemak zehazten ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko harremanetarako, bai eta sistema horiek hautatzeko irizpideak ere. Azken xedapenetako bigarrenak eta hirugarrenak legearen zenbait artikulutan xedatutako erregelamenduzko garapena eta deslegeztatzea dituzte hizpide, hurrenez hurren. Azkenik, azken xedapenetako laugarrenak legea indarrean jartzeko epea ezartzen du.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Lege honen xedea da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea. Sistema hori bideratuta dago pertsonak baztertuta geratzeko arriskua prebenitzera, bazterketa pertsonal, sozial eta laboraleko egoerak arintzera, bizitza duina bermatzera eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak erabat gizarteratzera.
2. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren definizioa eta egitura.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema inklusio-politika sustatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren egitura, prestazio eta zerbitzuen multzoa da.
2.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren egiturak honako osagai hauek ditu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, gizarte-zerbitzuak eta, beharrezkoa denean, hezkuntza-, osasun- eta etxebizitza-zerbitzuak.
3. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren printzipioak.
Printzipio hauek arautzen dute Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema:
a) Eskubide bikoitza. Prestazio publiko ekonomikoak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortzen da, bizitzaren oinarrizko premiei behar bezala aurre egitea baitu xede, bai eta lan- eta gizarte-inklusiorako laguntza pertsonalizatua bermatzera bideratutako tresna eta zerbitzuetarakoa ere.
b) Unibertsaltasuna. Lege honetan eta lege honek adierazten dituen legeetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituen edonork eskuratu ahal izango ditu haietan araututako prestazioak.
c) Berdintasuna eta ekitatea. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, bermatu egingo dute lege honetan aurreikusitako prestazioak eta laguntzak berdintasun-baldintzetan eskuratzea, ekitate-irizpideen arabera, baldintza pertsonal edo sozialei lotutako inolako diskriminaziorik gabe, eta modu homogeneoan Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan.
d) Elkartasuna. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak herritar guztien elkarlana eta erantzunkidetasuna sustatuko ditu, helburu hauek erdiesteko: herritarren lan- eta gizarte-inklusioa, autonomia eta parte-hartze soziala.
e) Genero-ikuspegia sartzea. Euskal politika publikoen osotasunarekin koherentziaz, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak lagundu egingo du emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak desagerrarazi eta haien berdintasuna bultzatzeko helburu orokorrean, eta, bereziki, pobreziak eta bazterketak emakumezkoengan duen eragin handiagoa prebenitzen eta arintzen.
f) Haurrak babestea. Euskal politika publikoen osotasunarekiko koherentziaz, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak lagundu egingo du pobreziak haurrengan duen eragina prebenitzen eta arintzen.
g) Enplegua aitortzea. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak bermatuko du lan-merkatuan sartzeko aukera lehentasun handiagokoa izan dadin lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoak jasotze hutsa baino.
h) Inklusiorako politikaren zeharkakotasuna. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak, beharrezkoa denean, beste sistema sektorial batzuen esku-hartzea bermatuko du, hala nola gizarte-zerbitzuena, osasunarena, hezkuntzarena eta etxebizitzarena, titularren eta onuradunen benetako inklusio eraginkorra lortzeko helburuarekin.
i) Arreta pertsonalizatua, espezializatua, malgua, integratua eta etengabea.
j) Irisgarritasun unibertsala. Inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek bete beharreko baldintza da, bai eta objektuek, tresnek eta gailuek bete beharrekoa ere, pertsona guztiek ulertzeko, erabiltzeko eta praktikatzeko modukoak izan daitezen, segurtasun- eta erosotasun-baldintzetan eta ahalik eta modu autonomoenean eta naturalenean.
k) Kalitatea eta baliabideen optimizazioa. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamenduak irizpide hauei erantzun beharko die: kalitatea, baliabideen aprobetxamendu optimoa eta prozeduren etengabeko hobekuntza.
l) Euskal administrazio guztien koordinazioa eta inplikazioa. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren esparruan, euskal administrazio publikoek koordinazio- eta lankidetza-printzipioen arabera jardungo dute, elkarri laguntza emanez, baita lege honen aurreikuspenak eraginkortasunez aplikatzeko behar diren informazioa eta lankidetza elkarri erraztuz ere.
m) Parte-hartzea. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak sustatu egingo du erabiltzaileek, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta herritar guztiek gizarte- eta lan-inklusiorako prozesuetan parte hartzea.
n) Ebaluazioa. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamendua ebaluaziopean egongo da.
ń) Gardentasuna eta publikotasun aktiboa. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko informazio publikoa eskuragarri egongo da, eta eskubide eta interes legitimoak babesteko bakarrik mugatu ahal izango da, lege honen edo beste batzuen arabera. Era berean, sistema hori osatzen duten egiturek modu egiazkoan, eguneratuan, objektiboan, ulergarrian eta doan zabalduko dute eskura duten informazioa, hargatik eragotzi gabe beste eskubide batzuen babesetik datozen mugak.
4. artikulua.– Arreta-eredua.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak, aurreko artikuluan aipatutako printzipioekin bat etorriz, arreta pertsonalizatu, malgu, integratu, etengabe eta profesionaleko eredu bat bermatuko du, aurrerapen teknologikoez baliatuko dena, hala eskatzen zaionean aurrez aurreko arreta bermatuko duena, ikuspegi inklusibo, komunitario eta hurbiltasunezkoa eskainiko duena eta prebentzio-jarduerei eta ohiko inguruneko arretari lehentasuna emango diena, betiere posible eta komenigarri bada.
5. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren osagaiak.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak osagai hauek ditu:
a) Prestazio ekonomikoak eta gizarte-larrialdietarako laguntzak.
b) Lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuak.
6. artikulua.– Prestazio ekonomikoak eta gizarte-larrialdietarako laguntzak.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak honako hauek dira:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta.
b) Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, abenduaren 20ko 19/2021 Legeak, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duenak –edo lege hori ordezkatzen duenak–, eta hura garatzeko ezartzen den araudiak xedatutakoaren arabera.
2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzek pertsona hauek dituzte helburu: gizarte-bazterketa prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko aski baliabide ez dutenak.
7. artikulua.– Lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuak.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzu hauek ditu:
a) Egoera eta beharrak baloratzeko tresnak.
b) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala.
c) Enplegagarritasuna sustatzeko eta hobetzeko zerbitzuak.
d) Gizarte-inklusioa sustatzeko eta hobetzeko zerbitzuak.
e) Esku hartzeko beste neurri espezifiko batzuk, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren esparruan.
8. artikulua.– Titularrak, onuradunak eta jasotzaileak.
1.– Prestazio ekonomikoen eta gizarte-larrialdietarako laguntzen titular dira prestazio ekonomiko eta laguntza horiek aitortzen zaizkien pertsonak, lege honetan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreren araudian ezarritakoaren arabera aitortu ere.
Lan- eta gizarte-inklusiorako tresna eta zerbitzuen titular dira egoeraren eta beharren hasierako balorazioaren hartzaileak, baldin eta Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala sinatzen badute, eta enplegagarritasuna sustatzeko eta hobetzeko zerbitzuen, gizarte-inklusioa sustatzeko eta hobetzeko zerbitzuen edo esku hartzeko neurri espezifikoen hartzaileak badira.
2.– Onuradunak dira prestazio ekonomikoen titularraren bizikidetza-unitate bereko kideak. Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateen kasuan, titularra, era berean, prestazioen eta zerbitzuen onuradun izango da.
Lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuetan eta gizarte-larrialdietarako laguntzetan, pertsona bera izango da titular eta onuradun.
3.– Prestazio ekonomikoak eta gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzen zaizkien pertsonak dira jasotzaileak. Oro har, prestazioen eta laguntzen titulartasuna duenari egingo zaio ordainketa.
Erregelamenduz zehaztuko da zein kasutan egin ahal izango zaion ordainketa titularraz besteko pertsona bati. Nolanahi ere, hori bidezkoa izango da 25.2 artikuluan aipatzen diren bizikidetza-unitateetako kideek eskatzen dutenean eta organo eskudunak hala erabakitzen duenean.
9. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomiko, laguntza, tresna eta zerbitzuen titular eta onuradunen eskubideak.
1.– Honako eskubide hauek aitortzen zaizkie Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio, laguntza, tresna eta zerbitzuen titular eta onuradunei:
a) Errespetuz eta zuzentasunez tratatuak izatea, artatzen dituzten profesionalekiko segurtasun- eta konfiantza-giroan.
b) Informazio osoa, egiazkoa, jarraitua, ulergarria, eskuragarria eta nahikoa lortzea prestazio ekonomikoei, gizarte-larrialdietarako laguntzei eta lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuei buruz, diagnostikatutako premiei buruz eta inklusio-prozesuaren bilakaerari buruz.
c) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak, laguntzak eta zerbitzuak aitortzeko eta izapidetzeko administrazio eskudunen aurrean agertzen diren desgaitasundunek ulertzeko eta ulertuak izateko duten eskubidea bermatzea.
Zehazki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatu egingo du hizkera argia, erraza eta eskuragarria erabiliko dela desgaitasuna duten pertsonekin egiten diren komunikazio guztietan –ahozkoak zein idatzizkoak–, haien ezaugarri pertsonalak eta premiak kontuan hartuta, eta desgaitasuna duen pertsonari bere gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzen dion pertsonari egin ahal izango zaio komunikazioa. Administrazio-egintza baten eraginkortasuna jakinarazpenaren mende dagoenean, jakinarazpena administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legerian xedatutakoari lotuko zaio.
Desgaitasuna duten pertsonei behar besteko laguntza edo babesa emango zaie ulertuak izan daitezen, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
d) Arreta pertsonalizatu, espezializatu, integratua, goiztiarra eta malgua jasotzea, alderdi indibidualak, familiakoak eta komunitarioak kontuan hartuko dituena.
e) Prestazioak, laguntzak eta zerbitzuak pertsonaren konfidentzialtasuna, duintasuna, intimitatea eta datu pertsonalen babesa errespetatuz jasotzea, betiere haren oinarrizko eskubideak eta askatasunak bermatuta.
f) Inklusiorako zerbitzuen diseinuan eta programazioan parte hartzea lege honetan aurreikusitako moduan, eta askatasunez hautatzea erreferentziazko profesionalak azaltzen dizkion aukeren artean.
g) Erreferentziako profesional bat esleitzea, zeinak solaskide gisa jardungo baitu prestazioen titular eta onuradunekin eta inklusio-zerbitzuekin.
h) Erreferentziako profesionalaren ordezkapena eskatzea, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
i) Iradokizunak eta erreklamazioak egitea.
j) Harremanetarako hizkuntza ofiziala aukeratzea, eta hizkuntza hori erabiltzeak inolako diskriminaziorik ez eragitea, euskararen erabileraren normalizaziorako legeriaren arabera.
k) Administrazio publikoen eta euskal sektore publikoaren administrazio-prozedura erkidearen legerian aurreikusitako gainerakoak.
2.– Inklusio-politikaren zeharkakotasunaren esparruan, eta dagokion araudi sektorialak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustatu egingo dute Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio, laguntza eta zerbitzuen titular eta onuradunek honako eskubide hauek aitortuta izatea:
a) Etxebizitza, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea garatzen duen araudian ezarritako prozeduren esparruan.
b) Lana eta familia bateragarri egitea, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe publikoetan plazak eskuragarri egongo direla bermatuta, bai eta adinekoak eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko zentro soziokomunitarioetan ere.
c) Ikasketetarako laguntzak eta bekak hezkuntza-etapa guztietan.
d) Euskadiko Osasun Sistemako prestazioen katalogoan eta zerbitzuen zorroan jasotako prestazioak eta osasun-zerbitzuak.
e) Aisialdiko eta kiroletako udal-zerbitzuetarako sarbidea.
II. TITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN PRESTAZIO EKONOMIKOAK ETA LAGUNTZAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
10. artikulua.– Prestazio ekonomikoen eta gizarte-larrialdietarako laguntzen izaera.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubide subjektiboa da prestazioa eskuratzeko baldintzak, lege honetan arautuak, betetzen dituzten pertsona guztientzat. Ez du dirulaguntza-izaerarik.
2.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskubide subjektiboa da, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legeak edo hura ordezkatzen duen arauak aurreikusitako baldintzetan.
3.– Gizarte-larrialdietarako laguntzek dirulaguntza-izaera dute, eta, horregatik, ez dira onuradunen eskubide subjektibo.
11. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomiko eta laguntzen bateragarritasuna.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman jasotako prestazio ekonomikoak bateragarriak izango dira elkarren artean.
2.– Prestazio ekonomikoak honako irizpide hauen arabera aitortuko dira:
a) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa aitortzeko eta jasotzeko izapideen lehentasuna.
b) Diru-sarrerak bermatzeko errentaren subsidiariotasuna eta osagarritasuna. Horretarako, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbateko aitortua zenbatuko da, zeina eskabidea egin aurretik baliaraziko baita, edo, nolanahi ere, prestazio hura izapidetu bitartean, 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa ezingo da aldatu bizitzeko gutxieneko diru-sarreran izan litezkeen aldaketa, etete edo azkentzeen ondorioz, haien sorburu baldin badira azken prestazio horren titularrei eta onuradunei ezarritako betebeharren ez-betetzeak.
3.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta bateragarria izango da gizarte-larrialdietarako laguntzekin.
4.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak bateragarriak izango dira bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin.
12. artikulua.– Inklusiorako zerbitzuekin lotzea.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen aitorpena inklusiorako zerbitzuei lotuko zaie, V. tituluan aurreikusitako moduan, hargatik eragotzi gabe lege honek eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko araudiak xedatzen dutena prestazio bakoitza eskuratzeko betekizunekin eta prestazioaren betebeharrei, eteteari eta azkentzeari buruzko araubidearekin lotuta.
13. artikulua.– Egoitza.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen ondorioetarako, egoitzatzat hartuko dira etxebizitzari buruzko legeriaren arabera definitutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak, baita helburu bererako ostatu-zerbitzuak, egoitza-zentroak, ostatu-establezimenduak edo beste batzuk ere. Haien identifikazioa, betekizunak eta funtzionamendu-baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.
2.– Bizikidetza-unitate batek etxebizitza baten eremu jakin bat esklusiboki erabiltzea egoitzatzat jo ahal izango da, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
II. KAPITULUA
DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA
1. ATALA
DEFINIZIOA, TITULARRAK ETA ONURADUNAK
14. artikulua.– Definizioa.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta bizikidetza-unitate bateko kideari edo kideei aitortutako prestazio ekonomikoa da, baldin eta bizikidetza-unitate horrek diru-sarrera nahikorik ez badu oinarrizko premiei lotutako gastuei eta lan- eta gizarte-inklusiorako prozesu baten ondoriozko gastuei aurre egiteko.
15 artikulua. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren ezaugarriak.
Diru-sarrerak bermatzeko errentak ezaugarri hauek ditu:
a) Osagarria eta subsidiarioa da titularrak eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonek dituzten baliabide ekonomikoekiko, baita indarrean dagoen legerian aurreikusitako edozein prestazio ekonomiko publikorekiko ere. Prestazio horiek osorik baliarazi beharko dira eskabidea egin aurretik edo, nolanahi ere, izapidetzen den bitartean.
b) Besterenezina da, eta, horrenbestez, ezin izango da eskaini betebeharren berme gisa, osorik edo zati batean laga, konpentsatu edo deskontatu, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko izan ezik.
Ezin izango da atxiki edo bahitu, Estatuko legeria zibilean eta prozesalean aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.
c) Mugagabea da. Hortaz, errentaren iraupena luzatu egingo da hura ematea eragin zuten arrazoiek irauten duten bitartean eta errentari eusteko betekizunak eta betebeharrak betetzen diren bitartean.
16. artikulua.– Titular izateko betekizun orokorrak.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidearen titular izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) 18 urtetik gorakoa izatea.
b) 25. eta 26. artikuluetan aipatzen diren bizikidetza-unitateetako batean sartuta egotea.
c) 18 eta 29 urte bitartekoek, gainera, egiaztatu beharko dute modu independentean bizi direla eskabidea egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.
Pertsona bat modu independentean bizi dela ulertuko da egiaztatzen duenean bere egoitza ez dela bere guraso, tutore edo abegi-emaileena.
d) Halaber, eta hargatik eragotzi gabe hurrengo artikuluetan xedatutakoa, 18 eta 23 urte bitartekoek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:
1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda egotea eskaera egin aurreko urtean, enplegagarritasuna hobetzeko jarduerak eta prestakuntza-ekintzak egin izana, irakastorduak beteta izatea, gaitasun- eta trebetasun-ebaluazioak eginak izatea eta enplegu-eskaintza egokiak onartu izana, langabeen kasuan, enplegu-legeriaren arabera. Erregelamendu bidez zehaztuko da zer baldintza bete beharko diren enplegu-eskaintzak egokitzat jotzeko.
Ezin izango dute prestazioa eskuratu azken urtean 29.2 artikuluan xedatutakoa bete ez dutenek.
2. Aurreko ordinalean xedatutakoa ez da aplikatuko azken bi urteetan gutxienez 240 egunez Gizarte Segurantzaren sisteman jasotako araubideetako edozeinetan alta emanda egon diren pertsonen kasuan.
Orobat ez da aplikatuko baldin eta eskaera egiten den egunean aipatu araubideetako edozeinetan alta-egoeran badaude. Kasu horretan, aurreko urtean eta araubide horietan baja-egoeran izan diren aldietan, enplegu-zerbitzuen edo enplegu-aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, 1. ordinalean aurreikusitako baldintzetan.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan benetako bizilekua izatea modu jarraituan, gutxienez honako aldi hauetan:
1. Eskaera egin aurreko hiru urteetan, hargatik eragotzi gabe hurrengo artikuluetan aurreikusten diren salbuespenak.
2. Ez denean betetzen aurreko ordinalean jasotako epea, edo hurrengo artikuluetan berariaz zehazten direnak, bost urtez jarraian, eskaera egin aurreko hamar urteen barruan.
f) Premia ekonomikoan egotea, 37. artikuluan aurreikusitako moduan.
g) Eskubidez legozkiekeen pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatu izana.
Baldintza hori ez da aplikatuko baldin eta pentsioa edo prestazio publikoa eta diru-sarrerak bermatzeko errenta bateraezinak badira, edo haien zenbatekoa bizikidetza-unitateari diru-sarrerak bermatzeko errentarengatik hilero legokiokeena baino txikiagoa bada.
2.– Ezin izango dute diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratu espetxe batean erregimen arruntean edo itxian barneratuta dauden pertsonek, ez eta izaera sozial, sanitario edo soziosanitarioko egoitza-zerbitzu bateko plaza iraunkor baten erabiltzaileek ere, plaza hori oso-osorik funts publikoekin finantzatuta dagoenean.
Egoitza-zerbitzuaren plaza oso-osorik funts publikoekin finantzatzen dela ulertuko da, baldin eta funts publikoek ordaintzen badituzte emandako zerbitzu guztiak, propioak edo osagarriak, erabiltzailearen ostatua eta mantenua barne, alde batera utzita zerbitzua zuzenean administrazio eskudunak ematen duen edo kontratu, itun edo hitzarmen baten arabera erakunde pribatu baten bitartez ematen duen.
3.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, pertsona batek benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan duela ulertuko da baldin eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egindako egonaldiak ez badira laurogeita hamar egunetik gorakoak kontuan hartutako urte natural bakoitzaren barruan. Zenbaketa horretan ez dira kontuan hartuko behar bezala justifikatutako gaixotasunaren ondoriozko absentziak edo erregelamendu bidez zehazten diren kausen ondoriozko absentziak.
17. artikulua.– Titular izateko betekizunak: errefuxiatuak, gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren, genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak, eta adingabeak babesteko eta arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta emateko sistemaren mende egon direnak edo bizitza independenterako prestakuntza-programetan parte hartu dutenak.
1.– Errefuxiatuak diren pertsonak, babes subsidiariorako eskubidea aitortua dutenak, asilo-eskaera edo nazioarteko babesa izapidetzea onartu zaienak, eskaera ebatzi bitartean, aldi baterako babesaren onuradun diren pertsonak eta gizakien salerosketaren, sexu-esplotazioaren, genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimak diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izan daitezke, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak izatea.
b) Eskabidea egiten duten egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan benetako bizilekua izatea.
c) 16. artikuluan ezarritako gainerakoak, 1.c) eta d) apartatuetan ezarritakoa bete beharrik gabe.
2.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izan ahalko dira honako pertsona hauek: adin-nagusitasunera iritsi aurreko aldiren batean adingabeak babesteko edo arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta emateko sistemaren mende egon direnak edo adingabeak babesteko legerian bizitza independenterako aurreikusitako prestakuntza-programetan parte hartu dutenak. Horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adin nagusikoak izatea.
b) Babes-sistemaren mende egondako aldietan Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan benetako bizilekua izatea, eta eskaera egiten den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan benetako bizilekua izatea.
c) Gizarte-inklusiora bideratutako Gizarte Zerbitzuen Zorroko zerbitzuen erabiltzaile izatea, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.
d) 16. artikuluan ezarritako gainerakoak, 1.c) eta d) apartatuetan ezarritakoa bete beharrik gabe.
18. artikulua.– Titular izateko betekizunak: terrorismoaren biktimak eta euskal kolektibitateetako kideak.
Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izan ahalko dira pertsona hauek: terrorismoaren biktima izatea aitortuta duten adin nagusikoak, haiekin ezkonduak edo ezkontzaren antzeko harremana dutenak eta seme-alabak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegora itzultzen badira eta bertako udalerriren batean bizitzen jartzen badira, baita Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 11.1 artikuluan aipatzen diren pertsonak ere. Horretarako, 16. artikuluko baldintzak bete beharko dituzte, honako salbuespen hauekin:
a) Eskaera egiten den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea eta bertan benetako bizilekua izatea.
b) Ez da aplikatuko 16. artikuluaren 1.c) eta d) apartatuetan ezarritakoa.
19. artikulua.– Titular izateko betekizunak: erabateko zurtzak, ezohiko bizikidetza-unitateetako kideak, desgaitasuna duten pertsonak, ezkontza edo antzeko loturaren bidez lotutako pertsonak, eta premia larrian daudenak.
1.– Ondoren zehazten diren egoeretan dauden adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izan ahalko dira, baldin eta betetzen badituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, 1.c) eta d) apartatuetan ezarritakoa salbu, bai eta kasu bakoitzean zehazten direnak ere:
a) Erabateko zurztasuna eta erregelamendu bidez zehaztuko diren antzeko egoerak, baldin eta bizikideekin ez badute odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko loturarik.
b) 26.1 artikuluko c), d), e), f) eta g) letretan aurreikusitakoak.
c) Aitortua izatea % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna edo mendekotasun-kalifikazioa.
d) Beren kargura izatea adingabeak edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten adin nagusikoak edo mendekotasun-kalifikazioa dutenak. Kasu horretan, erroldaduta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean, eta bertan izan benetako bizilekua, modu jarraituan gutxienez eskaera egin baino urtebete lehenagotik.
e) Ezkontza edo antzeko loturaren bidez lotuta egotea beste pertsona batekin, gutxienez sei hilabete lehenagotik.
2.– Adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak, arau bidez zehaztuko diren premia larria dakarten egoeretan daudenak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izan ahalko dira, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldaduta egotea eta bertan izatea benetako bizilekua, modu jarraituan gutxienez eskaera egin baino urtebete lehenagotik.
b) 16. artikuluan ezarritako gainerakoak, 1.c) eta d) apartatuetan ezarritakoa bete beharrik gabe.
c) Betiere Jaurlaritzak ezarriko du zer baldintza diren eskatzekoak, Gizarte Zerbitzuen eta Enplegu Zerbitzuen Zorroari lotutakoen artetik.
20. artikulua.– Titular izateko betekizunak egiaztatzeko data eta modua.
1.– 16. - 19. artikuluetan aipatzen diren betekizunak eskabidea aurkezten den edo berrikusten den datan bete beharko dira, bai eta mantendu ere ebazpena ematen den datan eta prestazioa jasotzen den denboran.
Eskubidez egokituko litzaizkiekeen pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatzeko baldintza, dena den, prestazioa aitortzeko prozedura izapidetzen den bitartean egiaztatu ahal izango da.
2.– Erregelamendu bidez ezarriko da zer dokumentazio eska daitekeen diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izateko betekizunak egiaztatzeko.
21. artikulua.– Ezkontzaren edo ezkontzaren antzeko harremanaren bidez lotutako titularren egoitza.
1.– Kapitulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrek, ezkonduta badaude edo ezkontzaren antzeko lotura badute eta banantzeko edo dibortziatzeko izapiderik hasi ez badute, edo izatezko bikote edo elkartzeen dagokion erregistroko inskripzioa ezerezteko eskatu ez badute, edo genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima ez badira, ezkontideen edo bikotekideen egoitza berean bizi beharko dute, behar bezala justifikatutako arrazoirik izan ezean.
2.– Ulertuko da ezkontidearen edo bikotekidearen egoitzaz bestelako batean bizitzea justifikatzen duen kausa dagoela, besteak beste, inguruabar hauetako bat suertatzen denean:
a) Ezkontidearen edo bikotekidearen lantokia edo ikaslekua erregelamendu bidez ezarritako distantzia berera edo urrutiago egotea. Ezkontideak edo bikotekideak urrutitik lan egiten badu, ez da inola ere justifikatutzat joko ohiko egoitzaz bestelakoan bizitzea.
b) Ezkontidea edo bikotekidea Espainian ez bizitzea familia berrelkartzeko ezintasunagatik edo antzeko inguruabar batengatik.
c) Ezkontidea edo bikotekidea tratamendu medikoaren, errehabilitazioaren edo erregelamenduz ezarritako beste edozein inguruabarren pean izatea. Tratamendu horrek iragankorra izan beharko du nahitaez.
d) Ezkontidea edo bikotekidea 16.2 artikuluan aurreikusitako kasuren batean egotea.
22. artikulua.– Titularren konkurrentzia.
Bizikidetza-unitate berean titular izan daitekeen pertsona bat baino gehiago badago, haietako bati aitortuko zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta; lehentasunez, lehenengo eskatu duenari.
23. artikulua.– Titularrak aldatzea.
1.– Titularra hilko balitz edota sartuko balitz espetxe batean –erregimen arrunt nahiz itxian– edo izaera sozial, sanitario edo soziosanitarioko egoitza-zerbitzu batean –modu iraunkorrean–, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titulartasuna harekin ezkonduak edo ezkontzaren antzeko harremana duenak har dezake, edo, halakorik ezean, bizikidetza-unitate bereko onuradun adin nagusikoetako batek edo emantzipatutako adingabe batek.
Titularra aldatzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, aipatutako inguruabarrak gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Titulartasuna aldatzearen ondorioz sor daitezkeen ondorio ekonomikoak egoera hori eragin duen gertaeraren dataren hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera hasiko dira, betiere eskaera arauz ezarritako epearen barruan egin bada. Bestela, eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrera sortuko dira ondorioak.
24. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izan ahalko dira titularraren egoitza berean erroldatuta dauden eta bertan benetako bizilekua duten, haren bizikidetza-unitatean sartzen diren eta 16.1.f) eta g) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsonak.
2.– Hala ere, egoitza berean bizi beharra salbuetsita geratuko da ikasketa, lan, tratamendu mediko, errehabilitazio edo erregelamenduz ezarriko diren antzeko beste arrazoi batzuengatik, eta horien iraupena iragankorra izango da nahitaez.
3.– Hurrengo artikuluko 2. apartatuan aipatzen den bizikidetza-unitatearen kasuan, onuradunek adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak izan beharko dute.
4.– 16.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan daudenak ezin izango dira diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izan.
5.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunek bizikidetza-unitatean sartzen direnetik eta prestazioa jasotzen duten denboran bete beharko dituzte artikulu honetan ezarritako baldintzak, hargatik eragotzi gabe 20.1 artikuluan xedaturikoa, eskubidez egokituko litzaizkiekeen pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatzeari dagokionez.
2. ATALA
BIZIKIDETZA-UNITATEAK
25. artikulua.– Bizikidetza-unitateak.
1.– Bizikidetza-unitatea osatzen dute egoitza batean bizi diren pertsona batek edo gehiagok. Bat baino gehiago badira, elkarrekiko lotura izan behar dute: odolkidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna, bigarren mailarainokoa, adopzioa, familia-harrera iraunkorra edo adopzio aurreko harrera, bai eta ezkontza edo ezkontzaren antzekoa ere.
2.– Egoitza berean bizi badira aurreko apartatuan aipatutako loturarik ez duten pertsonak, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak edo egoiliar guztiak edo batzuk biltzen dituen bizikidetza-unitate bat eratu ahal izango dute. Halakoetan, bizikidetza-unitate hori osatzen duten pertsona guztien adostasuna eskatuko da, eta adostasun hori beren-beregi jasoko da eskaeran.
3.– Pertsona bera ezin izango da bi bizikidetza-unitatetan edo gehiagotan sartu.
26. artikulua.– Ezohiko bizikidetza-unitateak.
1.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren salbuespen gisa, bizikidetza-unitateak osatuko dituzte, egoitza berean bizi diren pertsonekin izan ditzaketen loturak gorabehera, inguruabar hauetako bat dutenek:
a) Gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima izatea.
b) Genero-indarkeriaren biktima edo etxeko indarkeriaren biktima izatea.
c) Pentsiodunak izatea, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.
d) Banantzeko edo dibortziatzeko izapideak hasi izana edo izatezko bikote edo elkartzeen erregistroko inskripzioa ezereztea eskatu izana.
e) Lehen seme-alaba eduki izana edo adoptatu izana, behin betiko harreran adingabe bat hartu izana, edo % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen adin nagusiko pertsona bat edo mendekotasun-kalifikazioa duen pertsona bat hartu izana.
f) Ohiko egoitza utzi izana, arrazoi hauek direla eta: errentak ez ordaintzeagatiko utzarazpena, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunak ekarria, hipoteka betearazteko prozedura, bertan bizitzeko egoki ez den egoitza edo etxebizitzako irisgarritasun-arazoak, behar bezala egiaztatuak.
g) Erregelamenduz zehazten direnak, honako egoera hauekin lotuak: kalteberatasun bereziko egoerak, bazterketa-egoerak edo nahitaezko bizikidetza egoitza berean.
2.– Ezohiko bizikidetza-unitateek ezin izango dute hiru urte baino gehiago iraun, eta urte horiek zenbatuko dira egoera hori eragin duen gertaeraren egunetik, erregelamenduz ezarritako moduan. Epe hori igarotakoan, aurreko artikuluan ezarritako arauen arabera osatuko dute bizikidetza-unitatea. Muga hori ez zaie aplikatuko pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateei.
Ezohiko bizikidetza-unitatearen iraunaldiak metatu ahal izango dira gertakari desberdinen ondorio direnean; horretarako, bizikidetza-unitatearen gehieneko iraunaldia zenbatzeko, azken gertaera eragilearen data hartuko da kontuan.
3.– Ezohiko bizikidetza-unitateak honako hauek osatuko dituzte: 1. apartatuan deskribatutako egoeretan dauden pertsonek eta, haiekin batera badaude, haien seme-alabek edo adopziorako edo familia-harrera iraunkorrerako zaintza-erregimenean dauden adingabeek, baita ekonomikoki haien kargura dauden pertsonek ere, baldin eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna edo mendekotasun-kalifikazioa badute, eta pentsiodunak ez badira, betiere.
Gainera, pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateetan sartuko dira, hala badagokio, haiekin ezkonduta dauden edo ezkontzaren antzeko lotura duten pertsonak, baita 1. apartatuko e) eta f) letretan aipatutakoak ere.
4.– 1. apartatuko b) eta d) letretan aipatutako bizikidetza-unitatea eratzeko, ohiko egoitza utzi beharko da, eta ezkontidearen egoitzaz edo ezkontzaren antzeko harremana duenaren egoitzaz bestelako batean bizi beharko da, eta, genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimen kasuan, indarkeria baliatu duenaren egoitzaz bestelako batean.
27. artikulua.– Pentsioduna.
Lege honen ondorioetarako, pentsioduntzat hartuko da honako egoera hauetako bati dagokion pentsioaren onuraduna: kotizaziopeko erretiroa, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna, zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko asegurua, kotizazio gabeko baliaezintasuna edo erretiroa eta zurztasuna –baldin eta onuraduna adin nagusikoa eta ezindua bada, ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko graduan–. Pentsioduntzat hartuko da, baita ere, adin nagusiko pertsona bat, baldin eta ardurapeko seme-alaba bakoitzeko familia-prestazio baten kausatzaile bada. Halaber, pentsioduntzat hartuko da Gizarte Ongizateko Funtsaren prestazio ekonomikoren bat, gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko subsidioa edo hirugarren pertsonaren laguntzaren subsidioa aitortuta duen pertsona, betiere kotizazio gabeko pentsio bat jasotzera igaro ez bada.
Era berean, halakotzat hartuko dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, kontingentzia berberak edo antzekoak estaltzen dituzten honako prestazio hauen onuradunak: Gizarte Segurantzako edozein araubidetako prestazioak, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateenak eta beste erakunde batzuenak.
28. artikulua.– Ezkontza-harremanaren antzekoa.
1.– 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, ezkontzaren antzeko harremantzat hartzen da adin nagusiko bi pertsonek edo adingabeko bi emantzipatuk duten lotura afektiboa, ahaidetasun-harremanik izan gabe lerro zuzenean edo alboko lerroan –bigarren mailaren barruan–, ezkonduta egon gabe edo, egotekotan, izatez bananduta egonda, egoitza berean modu egonkor eta nabarian bizi badira elkarrekin.
Izatezko bikote edo loturen legerian ezarritakoaren arabera izatezko bikoteen erregistroren batean izena emanda egotea, harremana agiri publiko batean formalizatuta edukitzea edo zuzenbidean onartutako bestelako bideen bitartez frogatzea aski arrazoi izango da ezkontza-harremanaren parekoa dagoela aitortzeko.
2.– Kontrakorik frogatu ezean, ezkontzaren antzeko harremana dagoela ulertuko da honako inguruabar hauetatik edozein suertatzen denean:
a) Azken lau urteetan gutxienez bi urtez elkarrekin bizitzea, etenik gabe edo etenekin.
b) Elkarrekin bizi direnek ondorengo komunak izatea.
3. ATALA
TITULARREN ETA ONURADUNEN BETEBEHARRAK
29. artikulua.– Titularren eta onuradunen betebeharrak.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrek eta onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte prestazioa jasotzen duten aldi osoan, kapitulu honetako 1. atalean aipatutako betekizunez gainera:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea hark diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioari buruz dituen eskumenak betetzean, eta, beraz, informazio zehatz eta egiazkoa ematea prestazioa aitortzeko, mantentzeko eta eguneratzeko betekizunak egiaztatzean eta zinpeko adierazpenak egitean.
Era berean, prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko eskatzen zaien dokumentazio garrantzitsua aurkeztu beharko dute, eta jakinarazpen eta komunikazioak jasotzen dituztela bermatu beharko dute.
b) Laguntza ematea 112. - 114. artikuluetan aipatzen diren egoeraren eta beharren hasierako balorazioan.
c) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala egiten laguntzea eta plan hori sinatzea, bai eta plan horretan jasotako konpromisoak eta betebeharrak betetzea ere.
d) Enplegurako edo enpleguaren aurreko zerbitzuetarako prest egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile, enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile edo zerbitzu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegagarritasuna hobetzeko abian jartzen dituen estrategietan parte hartzea.
e) Bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea.
f) Administrazioaren aurrean agertzea, hala eskatzen zaienean laguntzea eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrolak eta ikuskapenak eginez gero, haiek erraztea.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari komunikatzea titularraren eta onuradunen betekizun eta betebeharren betearazpenean eragina duten, prestaziorako eskubidea aldatzea, etetea edo azkentzea eragin dezaketen, edo zenbatekoa eguneratzeko esanguratsuak diren inguruabarrak, arauz ezartzen diren baldintzetan.
2.– Arrazoi justifikaturik ezean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular eta onuradunek ezin izango dute:
a) enplegu-eskaintza bati uko egin,
b) lan-jarduera borondatez utzi edo lanpostu batean borondatezko baja hartu,
c) borondatezko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu, edo.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaile batek emandako enplegurako prestakuntza-ikastaro bat borondatez utzi, horretara ez joan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proposatutako enplegurako hautaketa-prozesu batean parterik ez hartu.
30. artikulua.– Agertzeko betebeharra.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrei eta onuradunei dei egin ahalko zaie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan ager daitezen, berariaz egiaztatzeko benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dutela edo lege honetan ezarritako betekizunak edo betebeharrak betetzen dituztela, bai eta aurreko artikuluan aipatzen den lankidetzarako betebeharra betearazteko ere.
2.– Agerraldirako deian berariaz adieraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zein bulegotara joan behar den, zein egunetan, zein ordutan eta zergatik, eta, horrez gain, ez agertzearen ondorioak zeintzuk diren.
3.– Nolanahi ere, behartutako pertsona ez bada leku horretan agertzen aipatutako egun eta orduan, eta, betiere, behar bezala egiaztatutako eta justifikatutako arrazoirik ez badago, aipatutako datan edo aldian Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez dela ulertuko da, baldin eta bata bestearen ondorengo agertze-eskariak erantzunik gabe gelditzen badira.
Inguruabarrak kontuan hartuta baloratuko da agertu beharra bete ezina, honako hauek aintzat hartuta: lan-kontratuaren ondoriozko betebeharrak, ikasketetan aritzea, tratamendu medikoan, errehabilitazioan edo antzeko beste egoera batean egotea, zirkunstantzia fisiko, psikiko edo sentsorialak, edo betebehar hori normaltasunez betetzea eragozten duen beste edozein inguruabar.
4.– Erregelamenduz ezarriko dira agerraldia bitarteko elektronikoen bidez egin daitekeen kasuetarako betekizunak.
31. artikulua.– Betebeharrak salbuestea.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta onuradunak salbuetsita daude 29.1.b), c) eta d) artikuluan aurreikusitako betebeharretatik, baldin eta honako egoera hauetako batean badaude:
a) Enpleguarekin bateragarri ez diren ikasketa arautuak egiten aritzea. Erregelamendu bidez zehaztuko dira salbuespenaren onuradun izateko egin ahal izango den gehieneko egonaldia eta ikasketa-maila, goi-mailako hezkuntzako irakaskuntzak barne.
b) 27. artikuluan aipatutako pentsio edo prestazioren baten onuradun izatea, alargun-pentsioaren kasuan izan ezik.
c) Erretiro-adina beteta izatea.
d) % 65eko desgaitasuna edo handiagoa izatea, edo gutxienez II. graduko mendekotasun-egoera aitortuta izatea.
e) 113. eta 114. artikuluetan aipatutako balorazioak eta gizarte-diagnostikoak edo lan-diagnostikoak hala zehazten dutenean.
Balorazioak eta gizarte- edo lan-diagnostikoek zehaztuko dute salbuespenaren norainokoa.
2.– Era berean, agertzeko betebeharretik salbuetsita gera daitezke, baldin eta haien inguruabar fisiko, psikiko edo sentsorial behar bezala egiaztatuek betebeharra normaltasunez betetzea eragozten badute.
4. ATALA
ZENBATEKOA ZEHAZTEA
32. artikulua.– Gehieneko errenta bermatua.
Bizikidetza-unitate bati dagokion gehieneko errenta bermatua zehazteko, honako hauei dagozkien zenbatekoen batura egin behar da: oinarrizko zenbatekoa, bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko osagarri indibidualak eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak.
33. artikulua.– Oinarrizko zenbatekoa.
1.– Oinarrizko zenbatekoa kopuru finkoa da, eta pertsona bakarreko egoitza batean oinarrizko premiak asetzera bideratzen den gutxieneko gastua adierazten du.
Osagarri indibidualekin eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriekin batera, diru-sarrerak bermatzeko prestazioari aplikatu beharreko gehieneko errenta bermatua zehazteko balio du, baita gizarte-larrialdietarako laguntzen kopurua finkatzeko ere.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak finkatuko du oinarrizko zenbatekoaren hileko zenbatekoa, Euskadiko kontsumoko prezioen indize orokorraren arabera. Edonola ere, bermatuko da onuradun indibidual bati dagokion gehieneko errenta bermatua ez dela honako hauen ondoriozko zenbatekoetatik handiena baino txikiagoa:
a) EINen Bizi Baldintzei buruzko Inkestan argitaratutako Estatu osorako pobrezia-arriskuaren tasa, hain zuzen ere aipatu legea onetsi aurreko urteari dagokiona edo, argitaratu ez bada, eskuragarri dagoen azken urteari dagokiona.
b) Edo Pobreziari eta Giza Desberdintasunei buruzko Inkestari dagozkion diru-sarreren pobrezia-atalaseen (mantentzea) batezbesteko haztatua, etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak kenduta, eskuragarri dagoen azken urtea erreferentziatzat hartuta. Adierazle hori bi urtetik behin lortu eta argitaratuko da, gutxienez.
34. artikulua.– Osagarri indibidualak eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak.
1.– Osagarri indibidualek bizikidetza-unitatearen gastuen banaketa kuantifikatzen dute, unitatea osatzen duten pertsonen kopurua kontuan izanda. Honako hauen arabera aplikatuko dira:
a) Titularra eta bigarren pertsona heldua: oinarrizko zenbatekoaren % 50.
b) Gainerako onuradunak: oinarrizko zenbatekoaren % 30.
2.– Bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak honako hauei aplikatuko zaizkie: guraso bakarreko bizikidetza-unitateei, gizakien salerosketaren, genero-indarkeriaren, sexu-esplotazioaren edo etxeko indarkeriaren biktimek osatutakoei, pentsiodunek osatutakoei edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-kalifikazioa duten pertsona batek edo gehiagok osatutakoei, arrazoi horrengatik pentsiorik jasotzen ez badute.
Osagarriek oinarrizko zenbatekoaren % 40ko balioa izango dute pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateen kasuan, eta zenbateko horren % 25ekoa apartatu honetan aipatutako gainerako bizikidetza-unitateetan.
Batera aplikatu ahal izango dira, pentsiodunaren osagarria izan ezik. Osagarri hori bateraezina izango da desgaitasunaren ondoriozko osagarriarekin, baldin eta pentsiodunari baino ez bazaio aitortu desgaitasuna.
3.– Lege honen ondorioetarako, guraso bakarreko bizikidetza-unitatetzat hartzen da honako baldintza hauek betetzen dituen pertsona heldu batek osatutakoa: seme-alabekin bizitzea edo bigarren mailara arteko ondorengo adingabeekin bizitzea, horien gaineko zaintza eta jagoletza baldin badu edo horiek adopziorako edo familia-harrera iraunkorrerako zaintza-erregimenean badaude, betiere pertsona horrek zaintza eta jagoletza esklusiboa badu edo abegi-emaile edo zaintzaile bakarra bada.
Guraso bakarreko bizikidetza-unitatearen parekotzat jotzen da beste gurasoa, zaintzailea edo abegi-emailea 16.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarretan dagoenean, haiek dirauten bitartean, eta gurasoetako, abegi-emaileetako edo zaintzaileetako batek III. graduko mendekotasuna, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortuta duenean.
35. artikulua.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa zehaztea.
1.– Bizikidetza-unitate bati hilero dagokion diru-sarrerak bermatzeko errenta zehazteko, kontuan hartuko da, batetik, gehieneko errenta bermatuaren eta, bestetik, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztien errenta eta diru-sarrera eskuragarrien osotasunaren arteko aldea –horiek 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatuta–, enplegurako pizgarriak aplikatu ondoren. Horretarako, honako arau hauei jarraitu zaie:
a) Prestazioaren aitorpenean, honako hauek hartuko dira kontuan: eskabidea egiten den hilabetean eskuragarri dauden errenta eta diru-sarrera guztiak, baita data horretako gehieneko errenta bermatua ere.
b) Prestazioaren zenbatekoa hiru hilean behin eguneratuko da, 82. artikuluan aurreikusitako moduan. Eguneratzean, eskuragarri dauden errenta eta diru-sarrera guztiak hartuko dira kontuan, baita aldi berari dagokion gehieneko errenta bermatua ere. Aldea zati hiru egingo da, eta zatidura diru-sarrerak bermatzeko errentaren hileko zenbatekoa izango da dagokion hiruhilekoan.
Erregelamendu bidez, zenbatekoa zehazteko beste aldi batzuk ezarri ahal izango dira, gerora sortutako beharrizan-egoerei erantzuteko.
2.– Bizikidetza-unitate hau hartuko da kontuan diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa zehazteko: eskabidea egin eta prestazioaren zenbatekoa eguneratu zen datetan zegoena. Erregelamenduz zehaztutakoaren arabera egingo da hori.
3.– Sarrera konputagarrien aldaketak hurrengo eguneratzea egin behar den datatik aurrera izango ditu ondorioak.
Bizikidetza-unitatea osatzen dutenen inguruabar pertsonalak edo unitatearen osaera aldatzen badira, eta aldaketak diru-sarrerak bermatzeko errenta igotzea edo jaistea badakar, aldaketak prestazioaren zenbatekoaren hurrengo eguneraketa egin behar den datatik aurrera izango ditu ondorioak.
4.– Artikulu honetan xedatutakoa ulertuko da deusetan galarazi gabe diru-sarrerak bermatzeko errenta etetea edo azkentzea.
36. artikulua.– Indize zuzentzailea.
Egoitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago bizi bada, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izan zein ez, bizikidetza-unitate bakoitzari hilero dagokion prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko, % 15eko beheranzko indize zuzentzailea aplikatuko zaio aurreko artikuluan xedatutakoaren ondoriozko zenbatekoari.
37. artikulua.– Premia ekonomikoko egoera.
Premia ekonomikoko egoeratzat joko da bizikidetza-unitate batek oinarrizko premiei eta inklusio-prozesuari lotutako gastuei aurre egiteko dituen baliabide guztiek ez gainditzea muga hauetakoren bat:
a) Bizikidetza-unitatearen hileko etekinak handiagoak izatea haren osaeraren arabera legokiokeen gehieneko errenta bermatuaren zenbatekoa baino, alde batera utzita 36. artikuluan aurreikusitako koefiziente zuzentzailearen aplikazioa.
b) Ondasun higiezinak, higigarriak eta, oro har, beste edozein ondasun eskura izatea, balio honekin edo handiagoarekin: bizikidetza-unitateari urtebetean egokituko litzaiokeen gehieneko errenta bermatuaren zenbatekoa halako bost.
38. artikulua.– Etekinak zehaztea.
1.– Etekinen zenbaketan sartuko dira norberaren edo besteren konturako lanetik, ondaretik, pentsioetatik, prestazioetatik edo beste edozein titulutatik datozenak. Erregelamendu bidez finkatuko den moduan, zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, etekintzat hartuko dira:
a) eduki ekonomikoko eskubideen titularrek eskubide horiek baliarazita lortuko liratekeen zenbatekoak, baldin eta pentsio eta prestazio publikoekin lotutako eskubideak badira.
Beste eskubide batzuen kasuan, horiek baliarazita lortutakoak zenbatuko dira prestazioaren eskaera-datatik sei hilabete igaro ondoren,
b) zehazten diren kopuruak, jaraunspen, legatu edo dohaintza bidez ondare higiezina –diru bihurtzen zaila– edukiz gero, baldin eta premia ekonomikoko egoera zehazteko aurreko artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen bada,
c) bizikidetza-unitateko kideren baten ondarearen gainean justifikaziorik gabeko galera ekonomiko bat hautematen denean ezartzen diren zenbatekoak, eta
d) 21. artikuluan xedatutakoaren arabera egoitza berean bizi ez diren ezkontideen eta izatezko bikoteen diru-sarrerekin lotuta zehazten diren zenbatekoak.
2.– Ez dira etekintzat zenbatuko eskatzaileari eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideei dagozkien diru-sarrera eta gizarte-prestazio finalista jakin batzuk, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.
39. artikulua.– Ondarea zehaztea.
1.– Ondarea zenbatzean, jabetza edo gozamenaren tituluarekin edo kasuan kasuko ondarea erabili eta gozatzeko aukera ematen duen beste edozein titulurekin lotutako ondasun higiezin eta higigarri guztiak hartuko dira kontuan.
2.– Ondarearen baloraziotik salbuetsita geratuko dira ohiko egoitza diren etxebizitza edo bizitokia eta lan-jarduerarako erabiltzen den higiezina, salbu eta jabetzako etxebizitzak aparteko balioa badu, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
Era berean, ondarearen baloraziotik salbuetsita geratuko da etxeko ostilamendua, salbu eta horretan aparteko balioa duten ondasunak badaude. Erregelamendu bidez zehaztuko da hori.
3.– Jaraunspen, legatu edo dohaintza bidez jasotako ondarea egonez gero, 37.b) artikuluan ezarritako mugak gainditu arren, ondare hori diru bihurtzeko zaila dela jo ahal izango da, erregelamendu bidez zehazten diren moduan eta ondorioekin, baldin eta premia ekonomikoko egoera egiaztatzen bada 37.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
40. artikulua.– Enplegurako pizgarriak.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa aitortzea bateragarri izango da prestazioaren eskatzaileek eta onuradunek beren konturako jarduera ekonomikoaren edo lanaren bidez lortutako errentekin, erregelamendu bidez ezarritako mugekin.
2.– Enplegurako pizgarrien aplikazioa mugagabea izango da, eta ebaluatu egingo da, erregelamendu bidez zehaztutako epeetan eta irismenarekin.
5. ATALA
ESKUBIDEA ETETEA ETA AZKENTZEA
41. artikulua.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta etetea.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta eteteak eraginik gabe uzten du prestazio osorako edo horren zati baterako eskubidea, hurrengo artikuluetan aipatzen diren kasuetan.
2.– Eteteko ebazpenak zehaztuko ditu egitate eragilea, etetearen iraupena eta etendako prestazioaren zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko betebeharraren adierazpena ere.
42. artikulua.– Etetea, prestazioa aitortzeko eskatutako baldintzak aldi baterako galtzeagatik.
1.– Prestazioa jasotzeko eskubidea oso-osorik etengo da honako betekizun hauek aldi baterako betetzen ez diren kasuetan:
a) Premia ekonomikoko egoeran egotea 37. artikuluan aurreikusitako moduan.
b) Eskubidez egokitu daitezkeen pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatu izana, 16.1.g) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hala ere, pentsio eta prestazio publikoen zenbatekoa finkoa eta zehatza denean, gehieneko zenbatekoa zehaztuta dagoenean edo kontzeptu horrengatik legokiokeen edo aitortu beharko litzatekeen zenbatekoa modu frogagarrian jasota dagoenean, ez da etengo, baldin eta, 38.1.a) artikuluarekin bat etorriz, zenbateko horietakoren bat kontuan hartuta, premia ekonomikoan baldin badago.
2.– Aldi baterakotzat joko da hamabi hilabete jarraitu gainditzen ez dituen betekizun-galera.
3.– Prestazioa eteteko erabakia hartzeko esparrua diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa eguneratzeko prozedura izango da, 82. artikuluan aipatua, hargatik eragotzi gabe kontrol-prozeduratik ondorioztatzen dena.
43. artikulua.– Etetea, benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izateagatik.
1.– Urte naturalaren barruan, titularrak edo onuradunetako batek benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo badu hogeita hamar egun baino gehiagoz eta laurogeita hamar egun natural baino gutxiagoz –jarraituak edo ez–, eteteak bakarrik eragingo dio prestazioaren titular edo onuradun horri dagokion osagarri indibidualari.
Inguruabar horrek bizikidetza-unitateko kide guztiei eragiten badie, prestazioa jasotzeko eskubidea guztiz etengo da.
2.– Etetea erabaki ahal izango da, kasuaren arabera, 82. eta 83. artikuluetan, hurrenez hurren, aipatutako zenbatekoa eguneratzeko prozeduran eta kontrol-prozeduran.
44. artikulua.– Etetea, osorik funts publikoekin finantzatutako egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario bateko aldi baterako plaza bat okupatzeagatik.
1.– Titularrak edo onuradunak okupatzen badu osorik funts publikoekin finantzatutako egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario bateko aldi baterako plaza bat, eteteak bakarrik eragingo dio erabiltzailearen osagarri indibidualari.
2.– Osagarri indibiduala etetea erabakitzeko esparrua prestazioaren zenbatekoa eguneratzeko prozedura izango da, 82. artikuluan aipatua, hargatik eragotzi gabe kontrol-prozeduratik ondorioztatzen dena.
45. artikulua.– Etetea, betebeharrak ez betetzeagatik.
1.– Eten egingo dira prestazioaren titularrari dagokion osagarri indibiduala eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak, baldin eta justifikaziorik gabe betetzen ez badira artikulu honetan ezarritako betebeharrak: 29.1.a) bigarren paragrafoa, b), c), d), f) eta g) eta 29.2.c) eta d).
2.– Ez-betetze horiek prestazioaren onuradunetako bati egozteko modukoak badira, ez-betetzearen erantzule den onuradunari dagokion osagarri indibidualari eragingo dio eteteak.
3.– Justifikatutzat joko da enplegurako prestakuntza-ikastaro bat edo enplegurako hautaketa-prozesu bat errefusatzea, bertan behera uztea edo hartara ez joatea, eta direnak direlako osagarria edo osagarriak ez dira etengo, baldin eta gaixotasunagatik ezin badira egin, bai eta prestakuntza-jarduerak edo hautaketa-prozesuak baldintza hauetakoren bat betetzen ez badu ere:
a) Prestazioaren titularrak edo onuradunak adierazitako lehentasunekin bat etortzea edo, bestela, azken urtean garatutako lanbidearekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegurako orientazio-zerbitzuak proposatutako prestakuntzarekin, edo haren gaitasun fisikoekin eta prestakuntzakoekin bat etortzea.
b) Prestazioaren titularraren edo onuradunaren egoitzatik doan garraio publikoaren ordutegia bateragarria izatea prestakuntza-jarduerarenarekin edo hautaketa-prozesuarenarekin.
c) Prestakuntza edo hautaketa-prozesua erregelamendu bidez zehaztutako distantzia gainditzen ez duen eremu batean garatzea.
d) Prestakuntzara joateko egunean garraio publikoan emandako denbora ez izatea ikastaroaren eguneko iraupenaren % 25 baino handiagoa.
e) Garraio publikoan egindako joan-etorrien hileko kostua ez izatea prestazioaren oinarrizko zenbatekoaren % 20 baino handiagoa, edo, ikastaroaren iraupena hilabetea baino laburragoa bada, eguneko oinarrizko zenbatekoa kalkulatzetik ateratzen dena baino handiagoa.
f) Kontziliazioa, halako moldez non, bizikidetza-unitatearen inguruabarrak kontuan hartuta, honako hauek zaintzeko aukera emango duen: ardurapean dituen hamalau urtetik beherako pertsonak edo desgaitasuna dutenak, edo beren kabuz baliatu ezin diren odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko senitartekoak.
4.– Era berean, justifikatutzat joko da titularrek eta onuradunek lanaldi-murrizketa edo borondatezko eszedentzia hartzea, horretarako arrazoia denean seme-alaben jaiotza edo zaintza, edota ahaideak zaindu beharra, adinagatik, desgaitasunagatik, istripuagatik, ospitaleratzeagatik edo gaixotasunagatik, Langileen Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako moduan. Aurrekoaren aplikazioa honako hauei hedatuko zaie: prestazioaren titular edo onuradun diren adoptatzaileei, hartzaile iraunkorrei edo adopzio aurrekoei eta legezko zaintzaileei.
46. artikulua.– Etetearen ondorioak.
1.– Prestazioa osorik edo zati batean ordaintzea eten egingo da etetea deklaratzen duen ebazpena eman eta hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe prestazioaren zenbatekoa eguneratzeko prozedurari buruz xedatutakoa.
2.– Prestaziorako eskubidea etetearen iraupenak honako arau hauek beteko ditu:
a) Prestazioa etenda egongo da etendura eragin zuten inguruabarrek irauten duten bitartean, eta etendurak bere horretan iraungo du inguruabar horiek dirauten bitartean.
b) Prestazioaren ordainketa eteteko arrazoiak gertakari, ekintza edo ez-egite puntualak badira, eta haien ondorioak berez agortzen badira, etenaldiak hilabete iraungo du.
c) Prestazioa sei hilabetez etengo da kasu hauetan:
1. Prestazioaren titularrak edo onuradunak Inklusiorako Programa Integratua eta Pertsonala izenpetzeko edo hura egiten laguntzeko betebeharra betetzen ez duenean.
Ez-betetzea sei hilabete baino gehiago luzatzen bada, prestaziorako eskubidea azkenduko da.
2. Prestazioaren titularrak edo onuradunak justifikaziorik gabe uko egin badio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaile batek eskainitako enplegurako prestakuntza-ikastaro bati, borondatez utzi badu prestakuntza-jarduera bat, jarduera horretara joateari uko egin badio edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako proposatutako hautaketa-prozesu batean parte hartzeari uko egin badio, justifikatutako arrazoirik gabe.
3. Prestazioaren titularrak edo onuradunak justifikaziorik gabe hartu duenean lanaldi-murrizketa edo borondatezko eszedentzia.
3.– Prestazioa etetea eragin zuten arrazoiak desagertuta edo erabakitako etetearen epea amaituta, berriz ekingo zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubideari, alderdi-eskariz, betiere eskubide hori aitortzea eragin zuten baldintzei eusten bazaie. Bestela, eskubidea aldatu edo azkenduko da, dagokionaren arabera.
Hala ere, prestaziorako eskubidea ofizioz berrabiaraziko da etete-ebazpenak iraupen jakin bat finkatzen duen kasuetan, bai eta erregelamendu bidez zehazten direnetan ere.
Prestazioa sorraraziko da prestazioari berriz ekitea eskatzen den egunaren edo eteteko arrazoiak amaitzen diren egunaren hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe kontrol-prozedura bat hastea, prestazioari eusteko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
47. artikulua.– Prestazioa kautelaz etetea.
1.– III. eta IV. tituluetan aipatzen diren prozedurak hasitakoan, organo eskudunak kautelaz eten ahal izango du diru-sarrerak bermatzeko errentaren ordainketa osorik edo zati batean, arrazoituta, baldin eta beharrezkoa bada eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, bat etorriz proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kostu txikienaren printzipioekin.
Prestazioaren ordainketa kautelaz eteteko, bete egin beharko da administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahalari buruzko legerian xedatutakoa.
2.– Bereziki, eta aurreko apartatuan xedatutakoa bete ostean, prestazioa kautelaz etengo da:
a) Baldin eta nahikoa zantzurik bada titularra edo onuradunetako bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo joan dela urte naturalaren barruan laurogeita hamar egunetik gorako aldi batez, etenik gabe edo etenekin.
b) Baldin eta nahikoa zantzurik bada erantzukizunpeko adierazpen bati erantsitako edozein datu edo informaziotan faltsutasuna edo omisioa dagoela, funtsezkoa, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko behar den dokumentazioa aurkezten ez denean, aldez aurretik errekerimendu bat egin bada.
c) Baldin eta ezin bada zehaztu prestazioaren zenbatekoa, interesdunari egozteko moduko arrazoiren batengatik.
3.– Premia atzeraezina egonez gero, interes publikoaren babesak hala eskatzen badu, diru-sarrerak bermatzeko errentari dagokion prestazioaren ordainketa etetea erabaki ahal izango da, eta neurri hori berretsi, aldatu edo kendu egin beharko da 1. apartatuan aipatutako prozeduretako edozeini hasiera ematen dion egintzan.
4.– Kautelazko etetea interesdunari entzun ondoren erabakiko da, behar bezala arrazoitutako premia bereziko inguruabarrak daudenean izan ezik. Kasu horretan, etetea berrikusi edo berretsi egin beharko da, interesdunari entzuteko bost eguneko epea eman ondoren.
5.– Bizikidetza-unitatean adingabeak daudenean, prestazioaren ordainketa kautelaz eteteak ez du eraginik izango oinarrizko zenbatekoan, baliabiderik ez dagoen kasuetan, ez eta, halakorik badago, oinarrizko zenbatekoari kide guztien errenta eta diru-sarrera erabilgarri guztiak kentzearen ondoriozko kopuruan ere.
Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko kautelazko etetearen arrazoia bada prestazioa eskuratzeko eta mantentzeko baldintzak betetzen direla zehaztu ezina, edo prestazioaren zenbatekoa zehaztu ezina, titularrari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.
48. artikulua.– Prestazioa azkentzea.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa azkentzeko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Titularraren heriotza.
b) Prestazioa mantentzeko eskatutako betekizunen bat behin betiko galtzea edo prestazioa eskuratzeko eta mantentzeko betekizunak betetzen diren zehaztu ezina, titularrari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.
Betekizunen galera behin betikotzat joko da ondoz ondoko hamabi hilabete baino gehiago luzatzen bada, salbu eta titularrak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean duen benetako bizilekua galtzea; kasu horretan, prestazioa azkenduko da galera gertatzen den egunetik aurrera.
c) Titularrak eskubideari uko egitea.
d) Ezohiko bizikidetza-unitatearen gehieneko iraupen-epea igarotzea.
e) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala izenpetzeko betebeharra edo hura egiten laguntzeko betebeharra ez betetzea, sei hilabetetik gorako epean.
f) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren suntsiarazpena, hartzaileak uko egiteagatik.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaile batek egindako lan-eskaintza bati uko egitea, lan-jarduera borondatez uztea eta lanpostutik borondatez baja ematea, hori justifikatzen duen arrazoirik ez badago.
h) Zehapen-prozedura batean emandako ebazpen batek hori ezartzea.
i) Funtsezko okerrak, faltsutzeak edo omisioak, erantzukizunpeko adierazpenen kontrolean detektatuak.
Era berean, erantzukizunpeko adierazpenen kontrolaren esparruan, aurkeztutako dokumentazioak ez badu egiaztatzen prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen direla edo ez badu egiaztatzeko aukerarik ematen, eta interesdunak ez badio erantzuten agertzeko, dokumentazioa aurkezteko edo zuzentzeko errekerimenduari.
2.– Enplegu-eskaintza bati uko egitea justifikatutzat joko da honako kasu hauetan:
a) 45.3.a), b), c) eta f) artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.
b) Lanpostura joateko gutxieneko denborak eguneko lanaldiaren % 25 gainditzen duela egiaztatzen denean.
c) Garraio publikoan egindako joan-etorrien kostua eskainitako hileko soldataren % 20 baino gehiago denean.
d) Soldata ez denean egokia, eskainitako lanpostuaren baliokidea ez delako, enpresa-hitzarmenaren edo aplikatzekoa den sektoreko hitzarmenaren arabera.
3.– Lan-jarduera borondatez uztea justifikatutzat joko da arrazoi ekonomikoengatik edo kontziliazio arrazoiengatik gertatzen denean, baldin eta, bizikidetza-unitatearen inguruabarrak kontuan hartuta, ezin badira zaindu ardurapeko hamalau urtetik beherako pertsonak edo desgaitasuna dutenak, edo beren kabuz baliatu ezin diren bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko senideak.
4.– Era berean, justifikatutzat joko da lanpostua borondatez uztea baldin eta, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak xedatu duenaren arabera, bidezko arrazoirik bada langileak lan-kontratua azkentzea eskatu ahal izateko.
49. artikulua.– Prestazioa azkentzearen ondorioak.
1.– Prestaziorako eskubidearen azkentzeak horretarako arrazoiak gertatu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Prestazioari eusteko eskatutako baldintzaren bat behin betiko galtzen bada, ez da azkentzea deklaratuko, baldin eta ebazpena emateko unean prestazioa eskuratzeko eta mantentzeko baldintzak betetzen badira.
Era berean, prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoan benetako bizilekua izateko baldintza galtzeagatik azkentzen bada, azkentze hori ez da deklaratuko, baldin eta ebazpena emateko unean egiaztatuta geratzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela eta benetan bizi dela, 16.1.e) artikuluan aurreikusitako aldian zehar, bertatik kanpo egindako egonaldiak kenduta.
Apartatu honetan xedatutakoa honela ulertuko da: ezertan galarazi gabe bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra.
3.– 48.1.e), f) eta g) artikuluan azaltzen diren kasuetan, prestazioaren titularrak ezin izango du diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatu urtebeteko epean, azkentzeko ebazpena irmoa den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Erantzukizunpeko adierazpenean funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak direla-eta deklaratzen bada eskubidearen azkentzea, ezin izango da prestazioa eskatu bi urteko epean, ebazpena irmoa den egunetik aurrera zenbatzen hasita, hargatik eragotzi gabe zehapen-erantzukizuna, halakorik egokitzen bada.
Apartatu honetan aipatutako aldiak zenbatzeko, prestazioa osorik etenda egon den denbora hartuko da kontuan, baldin eta etetea gertatu bada azkentzea eragin duten egitate berberengatik.
4.– Prestazioa jasotzeko eskubidearen azkentzea deklaratzen duen ebazpena betearazlea izango da irmoa denean administrazio-bidean. Prestazioa azkentzeko arrazoia zehaztuko du, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra deklaratuko du.
5.– Aurreko apartatuak xedatu duena gorabehera, ebazpena berehala betearaztekoa izango da jarraian zerrendatzen diren kasuetan, hargatik eragotzi gabe prestazioaren titularra aldatzeko aukera, 23. artikuluan aurreikusitako moduan:
a) Titularraren heriotza.
b) Titularra funts publikoekin osorik finantzatutako egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario iraunkor batean sartzea, eta espetxe batean sartzea, erregimen arruntean edo itxian.
c) Diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubideari uko egitea eta Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala suntsiaraztea, hartzaileak uko egiteagatik.
d) Ezohiko bizikidetza-unitatearen iraupen-epea igarotzea.
50. artikulua.– Prestazioa azkentzearen ondorioak adingabeak barne hartzen dituzten bizikidetza-unitateetan.
1.– Lege honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak prestazioa azkentzea dakarrenean eta pertsona adingabeak barne hartzen dituzten bizikidetza-unitateei eragiten dienean, diru-sarrerak bermatzeko errenta salbuespenez aitortuko da urtebeterako, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Adingabearen legezko ordezkariaren eskaera.
b) Bizikidetza-unitatea osatzen dutenek eskubidez jaso ditzaketen pentsio eta prestazio publiko guztiak aldez aurretik eskatzea, salbuespenik gabe, 16.1.g) artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatu gabe.
c) Eskabidea egiten den unean, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean errolda eta benetako bizilekua izatea. Baldintza horri eutsi beharko zaio ebazpenaren datan eta prestazioa jasotzen den aldian.
2.– Aitortutako diru-sarrerak bermatzeko errenta honela kalkulatuko da: oinarrizko zenbatekoaren eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztien errenta eta diru-sarrera erabilgarri guztien arteko aldea, 35. artikuluan ezarritako erregelen arabera.
3.– Adingabeen legezko ordezkariek 29.1.a), f) eta g) artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzeko erantzukizuna izango dute; azken letra hori adingabeei eta, nolanahi ere, bizikidetza-unitatearen osaerari, haren egoitzari eta hura osatzen duten pertsonen baliabide ekonomikoei eragiten dieten inguruabarrak jakinarazteko betebeharrari dagokiola ulertu behar da.
4.– Aurreko apartatuan aipatutako betebeharrak ez betetzeak eragozten badu diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko eta hari eusteko baldintzak betetzea, prestazioa azkentzea erabakiko da, eta ezin izango da berriro eskatu artikulu honen babesean.
Prestazioaren azkentzea betearazlea izango da hura deklaratzen duen ebazpena irmoa denean.
III. KAPITULUA
GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK
51. artikulua.– Definizioa.
1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak pertsona hauei zuzentzen zaizkie: bizikidetza-unitate baten barruan egonik, gizarte-bazterketako arriskua edo egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren berariazko gastuei –ohikoei edo ezohikoei– aurre egiteko baliabide nahikorik ez dutenei.
2.– Edonola ere, honako gastu hauek ordaindu ahal izango dira gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez:
a) Ohiko etxebizitza edo bizitokia erabiltzeko eta mantentzeko beharrezkoak direnak, hala nola:
1. alokairu-gastuak,
2. kredituen interesek eta amortizazioek eragindako gastuak, gizarte-larrialdiko egoeraren aurretik eginak, etxebizitza edo bizitoki bat eskuratzearen ondoriozkoak. Erregelamendu bidez, egoera horren ondoren egindako gastuei aplikatzeko aukera ezarriko da,
3. energia-gastuak,
4. «linea zuriko» etxetresna elektrikoei eta altzariei lotutako gastuak,
5. etxebizitza egokitzeko, konpontzeko edo oinarrizko instalazioetarako gastuak,
6. ohiko etxebizitza edo bizitokia erabili eta mantentzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk. Kontzeptu horren barruan, honako hauen gastuak sartzen dira: ura, zaborra, estolderia, hiri- eta landa-izaerako ondasun higiezinen gaineko zerga, jabekideen erkidegoaren kuotaren ondoriozkoak eta etxebizitzaren segurtasunari eta eraikinen segurtatze eta ikuskapen teknikoari lotutakoak, eta
7. etxebizitza berri batean bizitzen jartzearekin lotutako ezohiko gastuak, hala nola fidantza, horniduretan alta ematea, egokitzea eta abar.
b) Pertsonen oinarrizko beharrei lotutako gastuak, hala nola arropa, hezkuntza eta prestakuntza, eta osasun-arreta, sistema publikoek estaltzen ez badituzte.
c) Zorpetze-gastuak, a) eta b) letretan aipatutako kontzeptuetakoren bati lotuak, edota bizitzako oinarrizko beharrei erantzuteko beharrezkoak diren gastuak egitearen ondoriozkoak.
52. artikulua.– Ezaugarriak eta etxebizitza-gastuetarako prestazio ekonomikoarekiko bateragarritasuna.
1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzek honako ezaugarri hauek dituzte:
a) Finalistak dira, eta ematen diren xedera bideratu behar dira.
b) Subsidiarioak eta, hala badagokio, osagarriak dira era guztietako gizarte-baliabide eta -prestazio ekonomikoekiko, halakorik egokitzen bazaie onuradunei, haien bizikidetza-unitateko kideei, eta, hala badagokie, etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren beste pertsona batzuei, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
c) Besterenezinak dira eta ezin izango dira obligazioen berme gisa eskaini, osorik edo zati batean laga, konpentsatu edo deskontatu, haiei lotuta bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko izan ezik. Ezin izango dira atxiki edo bahitu, Estatuko legeria zibilean eta prozesalean aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.
d) Dirulaguntza izaera dute, eta, emateko, helburu horretarako kredituak esleituta egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan. Edonola ere, euskal administrazio publikoek urtero esleituko dituzte laguntza horiei lotutako gastuei aurre egiteko nahikotzat hartzen dituzten zenbatekoak.
2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak bateragarriak izango dira etxebizitza-gastuetarako prestazio ekonomikoarekin, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan, alokairu-gastuak ordaintzera bideratzen direnean izan ezik, bateraezinak izango baitira prestazio horrekin.
53. artikulua.– Eskuratzeko betekizunak.
Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izan ahalko dira honako betekizun hauek betetzen dituztenak:
a) 18 urtetik gorakoa izatea. Gutxieneko adin-muga hori salbuetsita egongo da adin horretara iristen ez diren eta gainerako baldintzak betetzen dituzten pertsonentzat, betiere 26. artikuluan ezohiko bizikidetza-unitatetzat hartzeko ezarritako kasuren batean badaude.
b) 25. eta 26. artikuluetan aipatzen diren bizikidetza-unitateetako batean sartuta egotea.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean errolda eta benetako bizilekua izatea, modu jarraituan, eskaera egin aurre-aurreko gutxienez sei hilabeteetan.
Epe hori bete ezean, eskaera egin aurreko hamar urteetatik bost urtez jarraian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuak eta benetan bizi izanak beharko dute.
d) Beren bizikidetza-unitateko kideak eraginpean hartzen dituzten eta 51.2 artikuluan aurreikusita dauden gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez izatea; nolanahi ere, baliabide nahikorik ez dagoela ulertuko da honako baldintza hauek betetzen direnean:
– Azken urtean edo, prestazioak zer gastutarako eskatzen diren, gastu horiek lotzen zaizkion edo lotuko zaizkion aldian, etekin jakin batzuk ez izatea, 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera finkatuak: bizikidetza-unitateak dagokion aldian duen osaera kontuan hartuta, egokitu daitekeen gehieneko errenta bermatuaren balioaren % 150 baino handiagoak.
– Ezohiko bizikidetza-unitatea osatzen dutenak, 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza berean bizi badira beste batzuekin eta haiekin lotura badute –odolkidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna, bigarren mailarainokoa, adopzioa, familia-harrera iraunkorra edo adopzio aurreko harrera–, pertsona horiek guztiek dagokion aldirako ez izatea bizikidetza-unitatearen osaeraren arabera egokituko litzatekeen gehieneko errenta bermatuaren balioaren % 300etik gorako errendimendurik, pertsona horiek guztiak bizikidetza-unitate bereko kidetzat hartuz gero eta lotutako aldian.
e) Bizikidetza-unitateari urtebetean legokiokeen gehieneko errenta bermatuaren zenbatekoa halako bost baino ondare handiagoa ez izatea.
f) Etxebizitza-arloan eskumena duen sailaren Etxebide zerbitzuan etxebizitza-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, salbu eta halako inskripziorik behar ez denean, adina edo erregelamenduz ezarritako beste inguruabar batzuk direla eta, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuak ordaintzera bideratzen direnean.
g) Eskubidez legozkiekeen pentsio eta prestazio publikoak eskatu izana, 16.1.g) artikuluan, bigarren paragrafoan, ezarritako kasuetan izan ezik.
54. artikulua.– Prestazioen eta onuradunen konkurrentzia.
1.– Erregelamendu bidez ezarriko zaie gehieneko muga etxebizitza edo bizitoki berean jaso daitezkeen gizarte-larrialdietarako laguntzei. Halaber, konkurrentzia-kasuetan laguntza bakoitzerako eman daitezkeen gehieneko zenbatekoak ezarriko dira.
2.– Ostatu-zerbitzu edo -establezimenduetan, egoitza-zentroetan, edo helburu bererako beste batzuetan bizi diren pertsonei dagokienez, erregelamendu bidez ezarriko dira gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izateko baldintzak. Nolanahi ere, administrazio publiko eskudunek prestazioa bermatzen ez dieten gastu edo zerbitzuetarako jaso ahal izango dira laguntzak.
3.– Etxebizitza edo bizitoki berean onuradun-izaera izan dezaketen eta prestazioak gastu berari aurre egiteko eskatu dituzten zenbait pertsona bizi badira, haietako bati baino ezin izango zaizkio eman gizarte-larrialdietarako laguntzak.
55. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Jasotako prestazioak eman ziren helbururako erabiltzea.
b) Eskubidez legozkiekeen pentsio eta prestazio publikoak eskatu izana.
c) Hauen berri ematea, erregelamenduz ezartzen den epean: gerora gertatutakoak, prestazioak eskuratzea ekar dezaketen betekizunak betetzearekin zerikusia dutenean.
d) Hauen berri ematea, erregelamenduz ezartzen den epean: onuradunak ohiko bizilekua duen egoitzari lotutako edozein aldaketa.
e) Bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea.
f) Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hala eskatzen zaienean.
g) Gizarte-larrialdietarako laguntzen xede eta helburuaren ondoriozkoak diren eta erregelamendu bidez finkatzen diren guztiak.
56. artikulua.– Gehieneko errenta bermatua.
Gehieneko errenta bermatuak 32., 33. eta 34. artikuluetan ezarritako balio eta osagai berberak izango ditu.
57. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.
1.– Erregelamenduz ezarriko dira gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko zenbatekoak, 51.2 artikuluan aurreikusitako gastu bakoitzari dagozkionak.
2.– Nolanahi ere, eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaion zenbatekoa zehaztean, honako irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Eskatzailearen eta laguntzen gainerako onuradunen baliabideak, 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatuko direnak.
b) Egindako edo egin beharreko berariazko gastuen zenbatekoa.
c) 1. apartatuan aipatutako gehieneko zenbatekoak.
d) Helburu horretarako esleitutako kredituaren existentzia.
e) Gizarte-zerbitzuen balorazioa, ea gastua behar izateko egoera benetakoa eta premiazkoa den, eta ea laguntza horiek egokiak diren premia-egoera horri ekiteko.
3.– Erregelamenduz ezarriko da onuradunek ondoz ondoko aldietan zehar jaso ahal izango duten gehieneko zenbatekoa mugatzeko aukera. Aukera hori kasuaren balorazio teknikoari lotuko zaio, eta balorazio hori erreferentziazko oinarrizko gizarte-zerbitzuan egingo da.
Laguntzak ohiko etxebizitza edo bizitokia eskuratzeko kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuei aurre egitera bideratzen direnean, eta etxebizitza edo bizitokia ezohiko baliokotzat jotzen denean, laguntzek ezin izango dute gainditu erregelamendu bidez finkatutako zenbatekoa eta urte kopurua.
Nolanahi ere, muga horiek ez zaizkie aplikatuko bizikidetza-unitateei, kideetako batek 60 urte baino gehiago dituenean.
58. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Ebazpen-proposamen teknikoak barne hartuko du gizarte-zerbitzuen egiaztapena, benetako behar-egoera izateari buruzkoa, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.
2.– Emateko ebazpenak epe bat ezarriko du egindako gastuen egiaztagiriak aurkezteko.
59. artikulua.– Aldizkako berrikuspenak.
Erregelamendu bidez ezarriko denari jarraikiz, organo eskudunak egoki iritzi bezainbat berrikuspen periodiko egin ahalko du, laguntza ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko. Horretarako, Administrazioaren aurrean agertzeko eta harekin elkarlanean aritzeko eskatu ahal izango zaie laguntzen onuradunei.
IV. KAPITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN PRESTAZIO EKONOMIKOEN ETA LAGUNTZEN ARAUBIDE EKONOMIKOA
60. artikulua.– Prestazio ekonomikoetarako eskubidea eta prestazioen ordainketa.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubidea eskaeraren aurkezpen-dataren hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrera sortuko da.
2.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak hilean behin ordainduko dira, prestazioaren titularraren kontu baterako banku-transferentzia bidez edota behar bezala baimendutako beste ordainketa modalitate batzuen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko finantzen legerian xedatutakoari jarraikiz.
61. artikulua.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen ordainketa.
1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako moduan ordainduko dira laguntzok, eta ebazpena eman duen organoari dagokio ordaintzea.
2.– Gizarte-zerbitzuek zehazten dutenari jarraikiz, laguntzak zatika edo denak batera ordaindu ahal izango dira. Laguntzak emateko ebazpenak zehaztuko du ordaintzeko modua.
62. artikulua.– Iraungitzea.
1.– Prestazio ekonomikoak oroharreko prezioan eta behin bakarrik jasotzeko eskubidea urtebetera iraungiko da, prestazioaren aitorpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Aldizkako prestazioen kasuan, hileroko bakoitza jasotzeko eskubidea prestazioaren muga-egunetik urtebetera iraungiko da.
3.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubidea urtebetera iraungiko da, laguntzok eman direla jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
63. artikulua.– Prestazio eta laguntza ekonomikoen muga ekonomikoa.
1.– Urteko zenbatekoak kontuan hartuta, bizikidetza-unitatearen diru-sarrerei gehituz gero bizikidetza-unitate berari eman zaizkion Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntzak, batura horrek ezin izango du gainditu gehieneko errenta bermatu honen % 200: titularraren bizikidetza-unitatearen ezaugarri berdinak dituen bizikidetza-unitate bati urtean egokituko litzaiokeen diru-sarrerak bermatzeko errentari aplikatu beharrekoa.
2.– Ohiko etxebizitza edo bizitokia eskuratzeko hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuei aurre egiteari dagokionez, gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunek jaso ahalko duten gehienezko zenbatekoak ezin izango du erregelamendu bidez ezarritakoa gainditu.
64. artikulua.– Bidegabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzea.
1.– Bidegabe jasotako prestazio ekonomikoak itzuli beharra deklaratuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bai eta itzultzea exijitu ere, baldin eta halakorik ateratzen bada zehapen-prozedura batetik, zenbatekoa eguneratzeko prozedura batetik, prestazioak kontrolatzeko prozedura batetik, eskubideak deklaratzeko egintzak berrikusteko prozedura batetik eta bidegabe jasotako zenbatekoak daudela erakuts dezakeen beste edozein prozeduratik.
2.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistematik bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra betearazlea izango da betebehar hori deklaratzen duen ebazpena irmoa denean administrazio-bidean.
3.– Zor osoa behingoan eta borondatez ordaintzen denean izan ezik, prestazioak itzultzeko betebeharra konpentsazio bidez beteko da, zor den zenbatekoa aitortutako prestazioen zenbatekotik deskontatzearen bidez.
4.– Prestaziorako eskubiderik ez badago edo jaso beharreko zenbatekoa itzuli beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, bidegabe jasotako zenbateko bat itzultzeko betebeharra deklaratzen duen ebazpenaren irmotasunak edo ordaindu gabeko zorra erreklamatzeko egintzaren irmotasunak hasiera emango dio diru-bilketa prozedurari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuari jarraikiz; horren arabera, zorraren ordainketa geroratu edo zatikatu ahal izango da, borondatezko aldian zein betearazpenekoan, betebeharra duen pertsonak aldez aurretik hala eskatuta.
5.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen titularrek eta onuradunek, eta egitate, omisio, negozio edo egintza juridikoen bitartez prestazio bat iruzurrez lortzen parte hartzen dutenek erantzukizun solidarioa izango dute bidegabe jasotako prestazioak itzultzeari dagokionez.
6.– Erregelamenduz ezarriko da bidegabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzeko prozedura, zeina ez baita sei hilabetetik gora luzatuko. Ahal dela, espediente bateratuan izapidetuko da, 1. apartatuan aipatzen diren prozedurekin, administrazioa sinplifikatzearen printzipioari jarraikiz.
Halaber, zorraren konpentsazioa arautuko duten irizpideak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
65. artikulua.– Bidegabe jasotako gizarte-larrialdietarako laguntzak itzultzea.
1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketa bere gain hartzen duen udalak, foru-diputazioak edo udalaz gaindiko erakundeak hauek itzultzeko betebeharra ezarriko die onuradunei: justifikatu gabeko zenbatekoak eta bidegabe edo bidegabeko zenbatekoan jasotakoak, lege honetan aurreikusitako kasuetan.
2.– Udalak, foru-diputazioak edo udalaz gaindiko erakundeak ofizioz jo ahal izango du indarrean dauden gizarte-larrialdietarako laguntzak konpentsatzera, laguntzok onuradunaren bizikidetza-unitateko edozein kideri dagozkiola ere.
3.– Itzultzeko eta konpentsatzeko araubidea erregelamendu bidez finkatuko da.
66. artikulua.– Preskripzioa.
1.– Bidegabe jasotako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte-larrialdietarako laguntzak itzultzeko betebeharra bi urtera preskribatuko da, kobratu ziren datatik aurrera edo itzultzea eskatzeko akzioa egikaritu ahal izan den datatik aurrera, bidegabeko pertzepzioa eragin zuen arrazoia edozein dela ere.
2.– Preskripzio-epea honako kasu hauetan etengo da:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo toki-erakundeak, betebeharra duen pertsonak horren berri formala izanik, betebehar osoa edo zati bat aitortu, egiaztatu, berrikusi, ikuskatu, likidatu edo kobratzeko egiten duen edozein ekintzagatik,
b) artikulu honetan aipatzen diren eskubideei lotutako administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoak jartzeagatik,
c) betebeharra duen pertsonak bidegabe jasotako prestazioak aitortu, likidatu edo ordaintzeko egiten duen edozein jarduketagatik, eta
d) betebeharra duen pertsonari bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko errekerimendua egiteagatik, jasota geratzeko moduko edozein baliabideren bitartez, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomiko edo laguntzaren bat aitortzera bideratutako edozein izapide egitean.
3.– Preskripzioa ofizioz deklaratuko da itzulketa- edo bilketa-prozeduraren edozein unetan, ordainketaren arduradunak preskripzioa eskatu edo preskripzio-salbuespena aurkeztu beharrik izan gabe.
III. TITULUA
PROZEDURAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
67. artikulua.– Eskumena.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak aitortu eta kontrolatzeko eskumena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio.
2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak aitortu eta kontrolatzeko eskumena eskatzaileak errolda eta benetako bizilekua dituen udalerriko udalari dagokio.
68. artikulua.– Oinarrizko printzipioak.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari lotutako ahalak baliatzeko prozedurek honako printzipio hauek dituzte oinarri: inpartzialtasuna, pro actione, berdintasuna, proportzionaltasuna, fede ona, konfiantza legitimoa, sinplifikazioa, argitasuna, publikotasuna, gardentasuna, konfidentzialtasunaren errespetua eta informazioaren segurtasunaren bermea, bai eta administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko legeriaren ondoriozkoak ere.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak herritarrengana bideratuko du bere jarduketa, euskal sektore publikoaren arautegian xedatutakoari jarraikiz.
69. artikulua.– Pertsonen eskubideak.
1.– Bakoitzak bere eskumenak baliatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta udalek hauek bermatuko dituzte prozedurak izapidetzean: datu pertsonalen babesa eta pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko legeriak aitortuak, eraginkorrak izatea.
2.– Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatu egingo ditu, aurreko artikuluan xedatutakoaz gain, 9. artikuluan aitortutako eskubideak, aplikatu beharreko alderdietan, eta administrazio egokirako eskubidea, euskal sektore publikoaren arautegian xedatutakoari jarraikiz. Bereziki:
a) Administrazio-babes eraginkorrerako eskubidea bermatuko du, hau da, haren irizpidean jarritako gaiei buruzko erabaki bat lortzeko aukera, interesdunen eskubideak erabat errespetatuz, bat etorrita ordenamenduan eta legez ezarritako prozeduraren esparruan aurreikusitako helburuekin.
Bereziki, erabakiak interesdunaren inklusio-prozesuan edo bazterketa-egoeraren okerragotzean izan dezakeen eragina hartuko du kontuan; nolanahi ere, hori kontuan hartzeak ezin izango du ordenamenduaren aurkako erabakirik babestu.
b) Ardura-betebeharra betez eta behar bezalako arretarekin jardungo du, zerikusia duten interes eta egitate garrantzitsu guztiak haztatu eta kontuan hartuko ditu, eta interesdunei ezin izango zaizkie ezarri alferrikako zamak, ilogikoak edo neurriz kanpoak, ez eta jarduketak egin edo dokumentuak aurkeztu beharra ere, Administrazioak berak egin ditzakeen egiaztapenak edo izapideak egitera zuzenduta badaude.
c) Bere esku dagoen eta prozeduraren barruan azkenean hartuko den erabakian eragina izan dezakeen informazio juridiko garrantzitsua emango die interesdunei. Hori betetzeak ez du esan nahi informazio juridiko zehatza eman behar denik, eta ez du neurriz kanpoko kargarik eragingo.
d) Pertsona orok du entzuna izateko eskubidea, kalte egingo dion neurri indibidual bat erabaki aurretik. Eskubide hori aplikatuz, interesdunak espedientea eskuratzeko aukera bermatuko du Lanbidek, espedientean sartutako froga, txosten, dokumentu eta abarren berri emango dio, eta entzunaldia eskainiko dio, betiere haien ezagutza defentsa-eskubidea eraginkortasunez baliatzeko garrantzitsua izan badaiteke.
e) Pertsonen interesei eragiten dieten erabakiak arrazoitzeko eskubidea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ebazpenek argi eta hizkera ulergarrian adieraziko dituzte erabakiari eusten dioten egitate eta oinarri juridiko garrantzitsuak.
f) Erabakiak legez ezarritako epearen barruan hartzeaz gain, neurriz kanpoko atzerapen oro saihestuko du izapideak eta epeak betetzean, eta debekatuta geratuko dira prozedura bidegabe atzeratzen duten jokabide zabarrak eta luzagarriak.
g) Prozedurei buruzko ebazpenean, faktore garrantzitsuak hartuko ditu kontuan, eta baztertu egingo ditu garrantzitsuak ez direnak.
Era berean, lege honen helburuen aurkako egoerek irautea eragotziko du, betiere haien ondorioak ordenamenduan aurreikusitako ahalak baliatuz arindu badaitezke eta egoera horiek interesdunen ekintzaren edo omisioaren ondoriozkoak soilik ez badira.
h) Ordenamenduan aurreikusitako administrazio-errekurtsoen baliagarritasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko, orobat defentsa-eskubidearen zerbitzurako izatea, administrazio-bidean irmoak direnean baino ez ditu betearaziko kontrako administrazio-egintzak; nolanahi ere, nahitaezko zein aukerako administrazio-errekurtso bat ebazteko epea igarotze hutsak ez du ahalbidetuko errekurtsoaren xede den egintza betearaztea.
Apartatu honetan xedatutakoa ulertuko da deusetan galarazi gabe 46.1 eta 49.5 artikuluetan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko araudian xedatutakoa.
70. artikulua.– Harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubidea.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen eta laguntzen titular eta onuradun guztiek eskubidea izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin eta udal eskudunekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, eta beti bermatuko dira oinarrizko eskubideak, diskriminaziorik eza, eskubide-berdintasuna –erabilitako baliabidea edozein izanik ere– eta pertsona guztiek zerbitzuak bitarteko digital eta analogikoen bidez eskuratzeko aukera.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako eskubidea gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak honako hauek bermatuko dizkie Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen titular eta onuradun guztiei:
a) Eskuragarritasuna, prozedurak izapidetzeko zerbitzu elektroniko eta aplikazioena, batez ere desgaitasuna duten pertsonentzat eta adinekoentzat; nolanahi ere, eskainitako informazioa eskuragarria eta ulergarria dela ziurtatuko da, bai eta benetako parte-hartzea ere.
b) Arrakala digitalen mota guztiak desagerraraztea, bazterketa digitalik ez jasateko eskubidea babestuz.
Horretarako, gaitasun digitalei buruzko prestakuntza-ekintzen eskaintza sustatuko da, 127. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
c) Identifikazio digitaleko, autentifikazioko eta sinadura elektronikoko sistemen doako eskuragarritasuna –eska daitezkeen heinean– eta erabiltzaileentzako konektagarritasun-puntu seguru, doako eta kalitate handikoen instalazioa.
d) Lineako laguntza eta laguntza presentziala, baliabide elektronikoetarako irisgarritasun osoa bermatuko diena desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko zailtasunak dituztenei.
e) Tratatutako informazioaren osotasuna, konfidentzialtasuna eta egiazkotasuna bermatzen duten segurtasun-neurriak hartzea.
3.– Erregelamendu bidez, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak gaitu ahal izango dira, interesdunen ordezkari gisa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko.
71. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidezko izapidetzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko ditu Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari lotutako ahalak baliatzeko prozedurak, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legerian eta euskal sektore publikoaren araudian aurreikusitako moduan.
72. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak eta jakinarazpenak.
1.– Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak eta jakinarazpenak administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legeriari jarraikiz egingo dira, eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren administrazio elektronikoari buruzko araudian xedatutakoari jarraikiz.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestazioen titular edo onuradunei egiteko komunikazio batzuk –hain zuzen ere, enplegu-eskaintzei edo prestakuntzari buruzkoak, hautaketa-prozesuetan parte-hartzeari lotutakoak, egoeraren eta premien hasierako balorazioaren eta Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren inguruko izapideen betetzeari lotutakoak eta 30. artikuluan aipatzen diren agerraldietarako zitazioak–, pertsona horiek emandako datuen arabera, posta elektroniko bidez, telefono-kanal finko zein mugikor bidez, Internet bidez edo erregelamenduz finkatzen diren beste kanal batzuen bidez egingo dira.
Erabilitako bitartekoek bermatu egingo dute hauek jasota geratzea: komunikazioa bidali eta hartu izana interesdunak identifikatutako kanalean edo gailuan, bai eta komunikazioaren data eta eduki osoa ere. Kanal edo gailu horiek ez badaude martxan, aipatutako bermeak betetzen direla jasotzeko aukera ematen duen beste edozein bitarteko erabiliko da komunikaziorako, erregelamenduz zehazten diren baldintzen arabera.
3.– Jakinarazpenak egiteko erabiliko den baliabidea eragotzi gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurreko apartatuan aipatzen diren kanalak erabiltzea sustatuko du interesdunei erraztasunak emateko hauei buruzko informazioa eskura dezaten: prestazio ekonomikoak, izapideak egin eta betetzea, egiteko dauden jakinarazpenak edo lege honetan aurreikusitako prozedurei buruzko beste edozein gai. Haien omisioak ez du eraginik izango jakinarazpenaren baliozkotasunean.
II. KAPITULUA
PRESTAZIO EKONOMIKOEN AITORPENA
1. ATALA
PROZEDURA
73. artikulua.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta aitortzeko prozeduraren hasiera.
1.– Interesdunak eskatuta hasiko da prozedura, eskabidea aurkeztuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezartzen duen eredu normalizatuaren arabera, eta hauek erantsita: lege honetan eta garatzen duten arauetan ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa, eta, hala badagokio, 79. artikuluak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
Interesdunei ez zaie eskatuko aurrez beste edozein administraziotan aurkeztutako datu edo dokumenturik. Horretarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organori aurkeztu zizkion. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu, salbu eta interesdunak berariaz aurka egiten duenean edo aplikatu beharreko lege bereziak interesdunaren esanbidezko baimena eskatzen duenean.
2.– Eskabidea, ahal bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistro elektronikoan aurkeztuko da, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legeriak xedatu duena interesdunek administrazio publikoetako organoei zuzendutako dokumentuak aurkezteari buruz.
74. artikulua.– Zuzenketa.
1.– Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan hutsune, errore edo kontraesanik detektatuz gero, edo aurkeztutakoari irizten bazaio osatu beharra duela eskatutako betekizunak egiaztatzeko, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezan edo eskatutako dokumentuak aurkeztu ditzan, eta adieraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
2.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea etenda geratuko da interesdunari zuzenketa egiteko errekerimendua egiten zaionean, errekerimendua jakinarazten denetik benetan betetzen den arteko aldian.
75. artikulua.– Instrukzioa.
1.– Prozeduraren instrukzioan, diru-sarrerak bermatzeko errenta aitortzeko betekizun erabakigarriak betetzen direla egiaztatuko da, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko araudian aurreikusitako moduan.
2.– Interesdunari entzunaldiaren izapidea bermatuko zaio, eta hamar eguneko epea izango du, baina izapide hori egin gabe utz daiteke baldin eta prozeduran ez badira azaltzen eta ebazpenean ez badira kontuan hartzen interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak besterik.
76. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dagokion ebazpena emango du, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinaraziko du, eskabidea organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, eskaera baietsitzat hartuko da.
2.– Prestazioa aitortzen duen ebazpenak hilean jasoko den zenbatekoa finkatuko du, baita aitorpenak zer egunetik aurrera izango dituen ondorio ekonomikoak ere.
77. artikulua.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aitorpena.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aitorpena, prestazioa eskuratzeko betekizunen egiaztapena, eskaera ebazteko epea eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak abenduaren 20ko 19/2021 Legean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duenean, edo haren ordezko arauan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
78. artikulua.– Eskaera-eredu normalizatuak.
1.– Eredu normalizatuek Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen eskaera egitea ahalbidetuko dute, eta eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa identifikatuko dute –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez duelako edo beste administrazio publiko batzuekin informazioa trukatzeko une bakoitzean gaitutako sistemen bidez lortzerik izan ez delako–. Halaber, aukera emango dute dokumentazio hori erantzukizunpeko adierazpenekin ordezteko.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eguneratuta izango ditu eskaera-eredu normalizatuak, eta jendearentzat eskuragarri egongo dira Lanbideren bulegoetan, haren egoitza elektronikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan.
3.– Eskaera-eredu normalizatuek honako erreferentzia hauek bilduko dituzte gutxienez:
a) Eskaera edo eskaerak ebazteko epeari eta administrazioaren isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio bakoitzari dagozkionak bereizita.
b) Eskatzaileari zuzenduriko informazioa, jakinaraziz behartuta dagoela eskaeraren datuetan izandako edozein aldaketaren berri ematera, eta, errekerimendua egiten zaionean, aldaketa horiek egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztera.
c) Eskatzailearen adierazpena, eskaeran eta hari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak izateari eta datuak faltsuak edo okerrak izatearen edo datuak ezkutatzearen ondorioen berri izateari buruzkoa.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari 72.2 artikuluan aipatzen diren komunikazioak egitea ahalbidetuko dioten telefono finkoaren, gailu mugikorren, helbide elektronikoaren edo erregelamenduz finkatutako beste gailu edo sistema batzuen identifikazioa.
e) Eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanak izateko aukeratu duen bitartekoaren hautaketa.
f) Beharrezkoa denean, beste administrazio publiko batzuetatik dokumentuak edo informazioa biltzeko baimena ematea, eta, hala badagokio, interesdunak aurka egiteko eskubidea baliatzea.
g) Datuak babesteko legeria betez interesdunei eman beharreko informazioa.
4.– Eskaerarekin batera dokumentaziorik aurkeztuz gero, dokumentazio hori baliagarria izango da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen betekizun komunak egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe eskatutako prestazio bakoitzaren berezkoak.
5.– Eskaera-eredu normalizatuak hizkera argian idatzita egongo dira, EAEko bi hizkuntza ofizialetan, eta sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunari buruzko araudian aurreikusitako irisgarritasun-betekizunak beteko dituzte.
2. ATALA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAK
79. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak diru-sarrerak bermatzeko errentan.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzen duten pertsonek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute eskabidearekin batera. Adierazpen horretan, berariaz adieraziko dute, beren erantzukizunaren pean, lege honetan prestazio hori aitortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela, hori egiaztatzen duen dokumentazioa dutela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jarriko dutela eskatzen zaienean, eta konpromisoa hartzen dutela prestazioa jasotzen duten bitartean betebehar horiek betetzen jarraitzeko.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak egingo ditu, eta eguneratuta eta jendearentzat eskuragarri edukiko ditu bulegoetan, egoitza elektronikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan.
3.– Erantzukizunpeko adierazpenak hauek baino ez ditu adieraziko: Administrazioak bide telematikotik egiaztatu ezin dituen betekizunak edo Administrazioaren esku ez dauden dokumentuen bidez egiaztatu beharrekoak.
80. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestazioa aitortuko du, eta prestazioak ondorioak izango ditu erantzukizunpeko adierazpena erantsi zaion eskabidea aurkeztu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe esleituta dituen kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, diru-sarrerak bermatzeko errenta ez da aitortuko apartatu horretan aurreikusitako baldintzetan, eta aurreko atalean aipatzen den izapidetzeari jarraitu beharko zaio, baldin eta, egiaztapena egin ondoren –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku dagoen dokumentazioarena, eskatzaileak aurkeztutakoarena edo informazioa trukatzeko sistemen bidezkoa–, agerian geratzen bada ez dela bete prestazioa eskuratzeko betekizunen bat.
Halakoetan, zirkunstantzia hori jakinaraziko zaio interesdunari, prestazioa aitortzea eragozten duten egitate edo datuen berri emango zaio, eta bultzada emango zaio prozeduraren izapidetzeari. Egintza horren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
3.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren aitorpena, erantzukizunpeko adierazpenetan oinarritua, hurrengo kapituluan ezarritakoaren arabera kontrolatuko da.
81. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak bizitzeko gutxieneko diru-sarreran.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenen aurkezpena eta haien ondorioak abenduaren 20ko 19/2021 Legean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duenean, edo haren ordezkoan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
III. KAPITULUA
ZENBATEKOAREN EGUNERATZEA ETA PRESTAZIO EKONOMIKOEN KONTROLA
82. artikulua.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa eguneratzea.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta hiru hilean behin eguneratuko da.
Zenbatekoa eguneratzeko prozedura erregelamenduz ezarriko da. Prozedura horretan, hurrengo hiruhilekoko prestazioaren zenbatekoa zehaztuko da, 35. artikuluan aipatutako arauei jarraikiz eta honako faktore hauen arabera: bizikidetza-unitatearen osaera, bizikidetza-unitatearen ezaugarriak, eta kontuan hartutako aldian eskueran dauden errentak edo diru-sarrerak.
2.– Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzean, kontuan hartuko dira diru-sarrera bermatzeko errentaren titularrek eta onuradunek 29.1.g) artikuluan ezartzen dena betez emandako datuak, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lortzen dituenak ere, unean-unean gaitutako informazio-trukerako sistemen bidez, salbu eta interesdun edo titularrak esanbidez horren aurka agertzen badira edo, aplikatu beharreko lege bereziaren arabera, haien esanbidezko baimena behar bada eta halakorik eman ez badute. Halakoetan, datuok eman beharko dituzte.
3.– Zenbatekoa eguneratzeko prozedura izapidetze sinplifikatuaren araberakoa izango da, eta interesdunei entzutea bermatuko du, prozedura horretan interesdunek emandakoez bestelako datuak kontuan hartzen direnean.
4.– Prozeduraren izapidetzeak agerian uzten badu ezinezkoa dela diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa zehaztea interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, prestazioa kautelaz etengo da, 47.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– 30 eguneko epea igaro eta ebazpena eman eta jakinarazten ez bada, ulertuko da prestazioaren zenbatekoa aurreko aldian aitortutakoaren berdina dela, hargatik eragotzi gabe ebazteko betebeharra betetzetik eta, hala badagokio, kontrolatzeko ahala baliatzetik ondorioztatzen dena.
Epe barruan ebazteko betebeharra urratzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren baten ondorioz, ez da bidegabe jasotako zenbatekoen itzulpena deklaratuko.
83. artikulua.– Kontrol-prozeduraren xedea eta hasiera.
1.– Kontrol-prozeduraren xedea da titularraren eta bizikidetza-unitatea osatzen dutenen betekizunak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzea, lege honetan eta legea garatzen duten xedapenetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.
Prozedura berari jarraituko zaio erantzukizunpeko adierazpenetan oinarritutako diru-sarrerak bermatzeko errentaren aitorpenak kontrolatzeko. Halakoetan, erantzukizunpeko adierazpenaren xede diren adierazpen eta dokumentu guztiak kontrolatuko dira, adierazpeneko datuen eta informazioaren fidagarritasuna eta zehaztasuna egiaztatzeko, baita prestazioa eskuratzeko betekizunetara egokitzen direla egiaztatzeko ere.
2.– Kontrol-prozedurak sei hilabeteko iraupena izango du gehienez, eta dokumentazioa aurkezteko edo agertzeko errekerimenduarekin hasiko da. Erregelamendu bidez ezarriko da horien izapidetzea eta, ahal bada, baliabide telematikoekin egingo da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortutako prestazio guztien kontrola egingo du, gutxienez bi urtean behin.
4.– Deusetan galarazi gabe kontrol-ahala preskripzio-epearen barruan baliatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortutako prestazioen berehalako ausazko kontrolak egingo ditu, batez ere prestazioaren aitorpena erantzukizunpeko adierazpen baten ondorioa denean.
84. artikulua.– Kontrol-prozeduraren amaiera.
1.– Kontrol-prozedura modu hauetako batean amaituko da:
a) Prestazioaren titularrak eta onuradunek betekizunak eta betebeharrak betetzen dituztela eta, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena eta aurkeztutako dokumentazioa bat datozela eta prestazioa eskuratzeko betekizunak betetzen direla egiaztatuko duen ebazpenaren bidez.
b) Prestazioaren zenbatekoa aldatzeko ebazpenaren bidez, baldin eta izapidetzean akats materialak edo egitezkoak agerian geratzen badira edo prestazioa aitortzean omisioak eta okerrak daudela egiaztatzen bada.
c) Prestazioa eteteko edo azkentzeko ebazpenaren bidez, 42.– 45. artikuluetan eta 48. artikuluan aipatutako kasuetan.
2.– Aurreko apartatuko b) eta c) letretan aipatutako kasuetan, ebazpenak, halaber, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra deklaratu ahal izango du.
3.– Prozedura hasi eta sei hilabete igarotzen badira ebazpena jakinarazi gabe, prozedura iraungi egingo da. Iraungitzea deklaratzen duen ebazpenak jarduketak artxibatzeko aginduko du.
85. artikulua.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu egingo ditu bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea eskuratzeko eta mantentzeko betekizun eta baldintza erabakigarriak, bai eta haren zenbatekoa ere, abenduaren 20ko 19/2021 Legeak, gutxieneko bizi-sarrera ezartzen duenak, edo haren ordezko arauak xedatutakoaren arabera.
86. artikulua.– Adimen artifizialeko sistemak erabiltzea prestazio ekonomikoen kontrolean.
1.– Kontrol-ahala baliatzean, adimen artifizialeko sistemak erabili ahal izango dira, baina haien aplikazioa ezin izango da zabaldu erroreen funtsezkotasuna edo ez-betetzeak baloratzera, haiek justifika ditzaketen arrazoiak aztertu eta zehaztera, edota erabaki diskrezional bat edo inguruabarren analisi eta balorazioan oinarritutako erabaki bat hartzea dakarren beste edozein izapidetara, horiek guztiak pertsonek egingo baitituzte.
2.– Erabilitako adimen artifizialeko sistemek berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen errespetua bermatuko dute, adimen artifizialean oinarritutako erabaki, prozesu eta datuen erabilerari dagokionez.
3.– Adimen artifiziala administrazio-prozedurari aplikatzeak bermatu egingo du erabakiak behar bezalako bermeekin hartzen direla; bermatu egingo du, halaber, administrazio ona izateko eskubidea, 69.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Algoritmo-sistemetan edo adimen artifizialeko beste sistema batzuetan oinarritutako administrazio-egintzek beti errespetatuko dituzte administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legeriaren ondoriozko printzipio eta betebeharrak, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
Kontrol-ahala baliatzeko espediente-hautaketan, adimen artifizialeko sistemak erabili ahal izango dira, urteko laguntza-, ikuskapen- eta kontrol-planean bezala.
4.– Erabilitako adimen artifizialeko sistemak egiaztatzeko modukoak izango dira, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloko organo eskudunak onartu beharko ditu.
Onarpenari buruzko ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: sistema horien aplikazio-esparrua eta funtzionamendu-egitura, erabiliko diren datuak, errore-marjina, erabakigarria izango den ala ez, eta aurreko paragrafoetan aipatutako betekizun eta bermeen betetzea. Publikotasun aktiboa emango zaio, gardentasunari, informazioa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko araudiari jarraikiz.
IV. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK BABESTEA ETA INFORMAZIOA EMATEA
87. artikulua.– Datuen babesa eta konfidentzialtasuna.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatu egingo du datuen babesari buruzko legeriarekiko errespetua eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak kudeatzeko espedientean jasota dauden eskatzaile, titular, onuradun eta, hala badagokio, jasotzaileen datuen konfidentzialtasuna.
2.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak kudeatzeko espedientean jasotako datu pertsonalen tratamendua legezko betebehar bat betetzean oinarrituta, interes publikoaren esparruan eta ahal publikoak baliatuta egingo da, bat etorrita artikulu hauekin: 6.1.c) eta e) eta 9.2.b) eta h), 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena. Datu pertsonalak lege honen jarduketa-esparruan tratatzeko, ez da pertsonen baimena behar izango, berariaz ezartzen denean izan ezik.
Lege honetan araututako prozeduren esparruan dokumentazioa beste administrazio publiko batzuetatik lortzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusitakoa beteko da.
3.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zerga-datuak eta Gizarte Segurantzaren Administrazioak lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak isilpekoak direnez gero, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa kudeatzeko behar-beharrezkoak diren datuen lagapenak hauek bete beharko ditu: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 77.1.d) artikulua, eta, zerga-datuei dagokienez, lurralde historiko bakoitzeko zergei buruzko foru arau orokorrean eta Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean ezartzen dena.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste administrazio edo erakunde publiko batzuei datuak komunikatzen badizkie Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioei buruz, helburutzat hartuta behar-beharrezkoa den informazioa ematea administrazio eta erakunde haien eskumeneko prestazioak aitortu eta kontrolatzeko, bai eta ikuskapen- eta zehapen-ahala egikaritzeko ere, oinarri juridikoa izango da lege-betebehar bat betetzea eta interes publiko bat egotea eta ahal publikoak baliatzea, artikulu hauen arabera: 6.1.c) eta e) eta 9.2.b) eta h), 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena.
Informazio hori emateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako betekizunak bete beharko dira.
88. artikulua.– Sektore publikoko erakundeek informazioa emateko betebeharra.
1.– Sektore publikoko erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari informazioa emanez gero bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa kudeatzeko, araudian xedatutakoari jarraituko zaio.
2.– Sektore publikoaren eta euskal sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko legeriak administrazio publikoen arteko elkarlan-eginbeharra ezarri du, eta, esparru horretan, agintariak, administrazio publikoetako organoen titularrak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak behartuta daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari behar beste informazioa ematera, bai prestazioak aitortzeko, zenbatekoaren aldetik eguneratzeko, mantentzeko, eteteko edo azkentzeko beharrezkoa dena, bai kontrolatzeko, ikuskatzeko edo zehatzeko ahala baliatzeko beharrezkoa dena; betiere, lege honetan ezarritako betekizun eta betebeharrak betetzeari buruzkoa bada.
3.– Bereziki, honako informazio hau emango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari:
a) Estatistikako Institutu Nazionalak eta udalek, dagokion aldiko udal-erroldari lotutako egoitza-datuak eta, hala badagokio, egoitzaren errolda historikoari edo kolektiboari lotutakoak, baita prestazioen eskatzaileak eta bizikidetza-unitatea osatzen dutenak non bizi diren edo non bizi izan diren adierazten duten datuak ere, prestazioak aitortzeko, aldatzeko eta mantentzeko garrantzitsuak direnean.
b) Justizia Ministerioak izendatzen duen erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen datuak eta informazioa, lege honetan araututako prestazioetarako eskubidearen sorrerari, aldaketari, mantentzeari edo azkentzeari lotutako inskripzio eta datuei buruzkoak.
c) Foru-diputazioetako erakunde eskudunek eta, hala badagokio, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, prestazioen eskatzaileen eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen errenta-mailari, ondareari eta lege honetan aipatzen diren gainerako diru-sarrerei buruzko datuak, egiaztatzeko ea prestazioak jasotzeko eta mantentzeko baldintzak, bai eta ezarritako zenbateko berari eustekoak ere, betetzen dituzten.
d) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan gizarte-prestazio ekonomiko publikoei buruz dauden datuak, honako hauek egiaztatu ahal izateko: prestazioen titularrak, onuradunak eta, hala badagokio, prestazioaren aitorpena eta mantentzea baldintzatzen duten heinean, bizikidetza-unitatea osatzen dutenak, bai eta ordaindutako prestazioen zenbatekoak eta motak eta prestazioak noiz eman ziren ere.
Halaber, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, Gizarte Txartel Digitaleko datu hauek: gizarte-prestazio kontributiboen, ez-kontributiboen eta asistentzialen titularren identifikazio-datuak, prestazio horiek eduki ekonomikoa badute eta izaera publikoko baliabideen kontura finantzatzen badira, bai eta, prestazio horiek jasotzeko eskubidearen aitorpena eta mantentzea ekartzen edo baldintzatzen duten heinean, onuradunen, ezkontideen eta bizikidetza-unitateetako beste kide batzuen identifikazio-datuak ere, orobat ordaindutako prestazioen zenbatekoak eta motak eta prestazioa ematearen edo aitortzearen ondorio-data. Halaber, Gizarte Txartel Digitalean jasotako datu hauek: desgaitasunari, mendekotasunari, enplegu-eskariari, familia ugariei eta prestazioak aitortzeko eta mantentzeko garrantzitsua den beste edozein egoera subjektibori buruzkoak, kudeaketarako behar-beharrezkoak badira.
e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, honako datu hauek:
1. langileen Gizarte Segurantzako zenbakia eta identifikazio-dokumentua;
2. oinarrien likidazio-aldia eta ekitaldiko hilabetea eta urtea;
3. kotizazio-oinarriak, enpresek aitortutako oinarrien zenbatekoak edo langileek erregimen edo sistema berezietan kotizatu behar izan dituzten kotizazio-oinarriak, langileak dagokion likidazio-aldian kuotak ordaintzeko subjektu erantzuletzat jotzen diren kasuetan;
4. oinarriak Gizarte Segurantzako zer araubideri egozten zaizkion, honako hauek zehaztuta: 1) kotizazio-kontuaren kodeari (KKK) buruzko datuak, langileak likidazio-aldi bakoitzean zerbitzuak eman dituen enpresaren edo enpresen izen soziala, araubide orokorrean, sistema berezietan –nekazaritza, etxeko langileak– eta araubide berezietan –itsasokoa eta ikatz-meatzaritzakoa– sartutako langileei dagokienez; 2) norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide bereziko langileei, itsasoko araubide bereziko autonomoei eta hitzarmen berezien sinatzaileei dagokienez, Gizarte Segurantzako araubideari buruzko datuak, edo, hala dagokionean, likidazio-aldi bakoitzean kotizazio-oinarriak langileen zein kolektibori egozten zaizkion; 3) ikuskizun publikoetako artistei eta zezenketa-profesionalei dagokienez, langileen kolektiboaren identifikazioa eta kotizazio-oinarrien zenbatekoak, urteko erregularizazioaren ondoren.
f) Foru-diputazioetako eta Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuko organo eskudunek, mendekotasun-graduari eta mendekotasun-mailari buruzko datuak eta desgaitasun-graduari buruzkoak, beharrezkoak badira prestazioetarako eskubidea sortu, aldatu edo azkentzeko, bai eta ikuskapen- eta zehapen-ahala egikaritzeko ere.
g) Foru-diputazioetako edo udaletako organo eskudunek, izaera sozialeko eta soziosanitarioko egoitza-zerbitzuen edo osasun-zerbitzuen datuak, betiere osorik edo zati batean funts publikoekin finantzatuta badaude.
h) Barne Ministerioak izendatzen duen erakundeak, Espainian dauden atzerritarren egoeren emate-, luzatze- edo aldatze-datak, bizileku-baimenak berritzeko, berreskuratzeko edo, hala badagokio, azkentzeko datak eta haien ondorioak, eta lege honetan araututako prestazioak jasotzeko eskubidea duten pertsonen muga-mugimenduak.
89. artikulua.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eta nortasunik gabeko erakundeek informazioa emateko betebeharra.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eta nortasunik gabeko erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari informazioa emateko, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa kudeatzeari buruzkoa, prestazio horren araudian xedatutakoari jarraituko zaio.
2.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatuak eta nortasunik gabeko erakundeak behartuta daude hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ematera: eskatzen zaizkien datuak, txostenak, aurrekariak eta egiaztagiriak, beharrezkoak direlako lege honetan aipatzen diren prestazioen aitorpenean, haien zenbatekoaren eguneratzean eta haien mantentzean, etetean edo azkentzean; halaber, ikuskatzeko edo zehatzeko ahala baliatzeko beharrezkoak diren datuak, betiere lege honetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzeari lotuta badaude.
3.– Halaber, banku, aurrezki-kutxa, kreditu-kooperatiba eta banku- edo kreditu-trafikoan ari diren pertsona fisiko edo juridikoen kontu korronte, aurrezki-gordailu eta eperako gordailu, mailegu- eta kreditu-kontu eta gainerako eragiketa aktibo edo pasiboen mugimenduei buruzko informazio-errekerimenduak egin ahal izango dira, betiere lege honetan aipatzen diren prestazioen aitorpenari, aldaketari, mantentzeari, eteteari edo azkentzeari lotuta badaude; era berean, ikuskatzeko edo zehatzeko ahala baliatzeko beharrezkoa den informazioa eskatu ahal izango da.
Informazio-errekerimenduek bete egingo dituzte erregelamendu bidez ezarritako betekizunak eta baldintzak, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloan eskumena duen organoak baimenduko ditu, edota prestazioen eskatzaileen, titularren edo onuradunen baimenarekin egingo dira. Informazio-errekerimenduan, honako hauek identifikatu beharko dira: kontuak eta eragiketak, ezagutzen badira; eraginpean hartutako eskatzaileak, titularrak edo onuradunak, eta errekerimenduak hartzen duen aldia.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako informazioa emateko eta informazio-errekerimenduak betetzeko, informazioa bitarteko elektronikoen bidez trukatzeko sistemak erabiliko dira, lehentasunez.
IV. TITULUA
IKUSKATZEKO AHALA ETA ZEHATZEKO AHALA
I. KAPITULUA
IKUSKATZEKO AHALA
90. artikulua.– Ikuskatzeko ahala baliatzea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatzeko ahala baliatuko du lege honetan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzeari dagokionez, hargatik eragotzi gabe Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako kidegoetako funtzionarioek duten ikuskaritza-funtzioa betetzea, Gizarte Segurantzaren sistemari dagokionez.
Ikuskatzeko ahala baliatzeak printzipio hauek izango ditu goiburu: legezkotasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna, kongruentzia eta proportzionaltasuna.
2.– Eusko Jaurlaritzak egikarituko du gizarte-larrialdietarako laguntzak ikuskatzeko ahala, erregelamendu bidez ezartzen denarekin bat etorriz.
91. artikulua.– Ikuskaritza.
Ikuskaritza honetara bideratuko da: Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak lortzeko betekizunak eta lege honek eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko araudiak haien titularrei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzera, eta betetzen direla ziurtatzeko aholkularitza ematera.
92. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ikuskatzailetza.
1.– Ikuskaritza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko ikuskatzaileek garatuko dute, hargatik eragotzi gabe Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako ikuskatzaileen kidegoaren lana.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko ikuskatzaileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira ikuskaritzan dihardutela.
93. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ikuskatzailetzaren funtzioak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ikuskatzailetzak funtzio hauek izango ditu:
a) Lege hau eta garatzen duten arauak betetzen direla zaintzea eta egiaztatzea; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko betekizunak eta prestazio horren titularren eta onuradunen betebeharrak.
b) Arau-hauste izan daitezkeen egitateen inguruko erreklamazioak edo salaketak egiaztatzea.
c) Kautelazko etete-neurriak hartzeko proposamena egitea, ikuskaritzan dihardutela 47. artikuluan aipatutako kasuren bat gertatzen dela egiaztatzen denean.
d) Zehapen-prozedura hasteko proposamena egitea.
e) Kontrol-prozedura hastea eta izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuek haren organo zentralei edo lurralde-organoei esleitzen dizkieten eskumenak.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko ikuskatzaileek, ikuskaritzan dihardutela, ikuskapenaren arrazoiari buruzko informazioa emango dute, bai eta aurreikusten den iraupenari buruzkoa ere, eta ahalik eta doitasun handienarekin zehaztuko dituzte lege honetan tipifikatutako arau-hausteak izan daitezkeen egitateak, ustezko erantzuleak eta erantzukizunari eragin diezaiokeen beste edozein inguruabar.
Ikuskatzaile-izaera egiaztatu beharko dute bulego publikoetatik kanpo eskatzen zaien guztietan, eta, nolanahi ere, agiri bidez identifikatu beharko dute beren burua egiten dituzten ikuskapen-bisita guztietan.
94. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ikuskatzailetzaren ahalmenak.
1.– Ikuskaritzan dihardutela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko ikuskatzaileek honako ahalmen hauek izango dituzte:
a) Era guztietako egiaztapenak eta edozein ikerketa-, azterketa- edo froga-eginbide egitea, beharrezko irizten bazaie lege honen eta garatzen duen araudiaren xedapenak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko.
b) Prestazio ekonomikoaren titularren eta onuradunen egoitzan sartzea, honako hauek egiaztatzeko: bizikidetza-unitatearen existentzia, unitateko kideak bertan bizi direla benetan, egoitzan bizikidetza-unitate bat baino gehiago dagoela, eta nahitaezko beste edozein inguruabar, zerikusia badu prestazioa eskuratzeko betekizunak betetzearekin edo prestaziotik sortzen diren betebeharrekin.
c) Pertsona fisiko edo juridikoei edo nortasun juridikorik gabeko erakundeei errekerimendua egitea behar beste informazio eman dezaten titularrek eta onuradunek honako alderdi hauen inguruan egindako deklarazioen benetakotasuna egiaztatzeko: zerbitzu-prestazioaren hasiera-data eta amaiera-data, kontratu-mota, jasotako soldatak, harremanaren aldaketa, etetea edo azkentzea, lanaldi-murrizketak, eta nahitaezko beste edozein inguruabar, zuzeneko zerikusia badu lege honetan ezarritako prestazioa eskuratzeko betekizunekin edo lege honetan ezarritako betebeharrak betetzearekin. Ahalmen horrek ez du galaraziko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari dagokiona, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen legeriari jarraikiz.
Lantokietara sartzea beharrezkoa balitz apartatu honetan aipatutako inguruabarrak egiaztatzeko, titularraren baimena beharko litzateke, edo, halakorik ezean, epailearen baimena.
d) Laguntzeko betebeharra duten pertsonei, ager daitezela eta aurreko apartatuetan xedatutakoa eskatzeaz gain, errekerimendua egitea edozein datu, informazio edo dokumentu eman dezaten, beharrezko irizten bazaio prestazioa eskuratzeko betekizunak eta lege honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.
2.– Egoitzan sartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Titularraren adostasun aske eta kontzientea, edo, hura ez balego, bertan bizi den adin nagusiko pertsona batena.
Berariaz eman beharko da, edo aurkakotasunik gabeko eta kolaboraziozko egintzetatik zalantzarik gabe eratorria izan beharko da, akordio jakin bati buruzkoa eta agiri bidez jasoa.
b) Aurreko eskakizunak betetzen dituen adostasunik ezean, baimen judiziala eskatuko da.
c) Hartarako erabakia, dagoeneko hasita eta jakinarazita dagoen kontrol-prozedura baten esparruan emana, edo, bestela, jakinarazpen-saiakera behar bezala egiaztatuta dagoela. Egoitzarako sarbidea premia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-arrazoietan oinarritu beharko da, eta ezin izango da oinarritu prospekzio-helburu orokor edo zehaztugabeetan.
3.– Ikuskaritzan lortutako informazioa erreserbatua izango da, eta ezin izango da erabili lege honetan aurreikusitakoez bestelako helburuetarako.
95. artikulua.– Ikuskaritzan laguntzea.
1.– Ikuskatzaileek beste agintaritza baten laguntza eskatu ahal izango dute, eta agintaritza horrek laguntza eta lankidetza eskainiko die ikuskaritzan jarduteko beharrezkoa denean.
2.– Agintariek eta administrazio publikoetako organoen eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen titularrek, eskatzen bazaizkie, ikuskatzeko ahala baliatzeko beharrezkoak diren informazio, aurrekari eta datuak emango dituzte.
Laguntza bera eskatu ahal izango zaie pertsona fisiko edo juridiko pribatuei eta nortasunik gabeko erakundeei.
3.– Artikulu honetan ezarritako laguntza- eta lankidetza-betebeharrek muga hauek baino ez dituzte izango, legez ezarritako moduan: pertsonaren intimitateari dagozkionak, komunikazioen sekretuari dagozkionak, administrazio publikoei helburu estatistiko hutsez emandako informazioen sekretuari dagozkionak eta datu pertsonalen babesari dagozkionak.
96. artikulua.– Urteko laguntza-, ikuskatze- eta kontrol-plana.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta lan-arloko eskumena duen sailak elkarrekin onartuko dute, urtero, laguntza-, ikuskatze- eta kontrol-plan bat. Planak oinarri izango dituen irizpide orokorrak jendaurrean jarriko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoen bitartez.
2.– Urteko laguntza-, ikuskatze- eta kontrol-planak xede izango du ez-betetzeak prebenitzea, ikertzea eta kontrolatzea, baita Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak aitortu eta jasotzeko betebeharrak borondatez bete daitezen sustatzea ere.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioari dagokionez, planak hau zehaztuko du: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako kidegoetako funtzionarioek egingo duten ikuskaritza.
3.– Plana lantzeko, adimen artifizialeko sistemak erabili ahal izango dira, 86. artikuluan aurreikusitako moduan.
4.– Urteko laguntza-, ikuskatze- eta kontrol-planak, gainera, estrategia bat definituko du, prestazioen titularrei edo onuradunei edota edozein eskatzaile potentziali informazioa eman eta laguntzeko zerbitzuak etengabe hobetzeko. Estrategia horrek teknologia berrien erabilera lehenetsiko du, eta, nolanahi ere, bazterketa digitalik ez jasateko eskubidea eta baliabide analogikoen bidezko laguntzaren eta informazioaren nahikotasuna bermatuko ditu.
5.– Urteko laguntza-, ikuskatze- eta kontrol-plana gauzatzeko, beharrezkoak diren egiaztapenak, berrikuspenak eta errekerimenduak egin ahal izango dira.
II. KAPITULUA
ZEHATZEKO AHALA
97. artikulua.– Arau-hausteak.
1.– Arau-hauste dira lege honetan tipifikatutako ekintzak eta omisioak, hargatik eragotzi gabe haien ondoriozko erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak.
2.– Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.
3.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari dagokionez, arau-hauste dira haren arauetan tipifikatutako ekintzak eta omisioak.
98. artikulua.– Zehatzeko ahala baliatzea.
1.– Lege honen xede diren arloetako zehatzeko ahala honako hauei dagokie: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eremuan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, gizarte-larrialdietarako laguntzen eremuan. Ahal hori dagokion prozeduraren bidez baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalari buruzko legerian, administrazio-prozedura erkideari buruzkoan eta sektore publikoaren araubide juridikoari buruzkoan ezarritako arau eta printzipioei jarraikiz.
2.– Kapitulu honetan adierazitako zehatzeko ahala baliatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da. Prozedurak hamabi hilabeteko iraupena izango du gehienez.
99. artikulua.– Erantzukizunak.
1.– Lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak izango dira tipifikatutako ekintzen edo omisioen egileak eta arau-haustea egiteko ezinbesteko egintza batekin lagundu dutenak.
16 urtetik beherako pertsonak ez dira izango ondorengo artikuluetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak. Hala ere, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, abegia edo legezko edo izatezko zaintza dutenak, ordena horretan, adingabeek egindako arau-hausteengatik erantzungo dute, lege honetan tipifikatutako ez-zilegi administratiboak egitea prebenitzeko betebeharra ez betetzeagatik.
2.– Ez da erantzukizunik izango honako kasu hauetan:
a) Ezinbesteko kasuetan edo ezusteko kasuetan.
b) Arau-hausteen egileek eskatu behar den arduraz jokatu dutenean.
Inguruabar hori gertatzen dela ulertuko da ekintza edo omisio tipikoa arauaren arrazoizko interpretazio batean oinarritzen den kasuetan, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo dagokion udalak egindako interpretazioarekin bat ez datorrenean edota haiek jarraibideetan, instrukzioetan, erabakietan, zirkularretan edo egindako kontsultei emandako erantzunetan adierazitako irizpideei jarraitzen dienean ere, betiere haien ondorioz zuzenbideko interpretazio bat sortzen bada eta publiko egin badira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edo udalaren egoitza elektronikoetan, gardentasunari eta informaziorako sarbideari buruzko araudiari jarraikiz.
c) Borondatez zuzentzen direnean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo udalari emandako informazioan dauden okerrak edota lege honek titularrei eta onuradunei ezarritako edozein betebeharren ez-betetzea, prozedura hasteko erabakia jakinarazi baino lehen zuzendu ere, hargatik eragotzi gabe oker edo ez-betetze horiek prestazioak eteteko edo azkentzeko eta laguntzen ordainketa bidezkoa ez izateko arrazoi izatea eta bidegabe jasotako prestazioak edo gizarte-larrialdietarako laguntzak itzultzea eragitea.
d) Arau-haustea eragin duen egitatearen ez-zilegitasunaren inguruko edota haren elementuren baten inguruko akats gaindiezinaren kasuan.
e) Zigor Kodeak aurreikusten dituen erantzukizunetik salbuesteko arrazoiak daudenean, betiere lege honetan tipifikatutako arau-hausteen izaerarekin eta helburuarekin bateragarriak badira.
3.– Lege honetan aurreikusitako betebeharren bat pertsona batek baino gehiagok batera bete behar dutenean, solidarioki erantzungo dute arau-hausterik egiten badute eta zehapenak ezartzen bazaizkie. Hala ere, zehapena diruzkoa denean eta ahal denean, erantzule bakoitzaren parte-hartze mailaren arabera indibidualizatuko da zehapena.
100. artikulua.– Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arinak dira diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzera edo mantentzera bideratutako ekintzak edo omisioak, horretarako betekizunak betetzen ez direla jakinik, betiere ekintza edo omisio horien ondorioz zenbateko bat bidegabe jaso bada eta zenbateko hori hilean dagokion zenbatekoaren % 50 baino handiagoa ez bada.
101. artikulua.– Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astun dira:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzera edo mantentzera bideratutako ekintzak edo omisioak, horretarako betekizunak betetzen ez direla jakinik, betiere ekintza edo omisio horien ondorioz adierazitako prestazioaren edo laguntzen zenbateko bat bidegabe jaso bada eta zenbateko hori hilean dagokionaren % 50 baino handiagoa eta % 100 edo txikiagoa bada.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo dagokion udalari beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa ezkutatzea, hots, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko eta mantentzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoaren aldizkako eguneratzea egiteko beharrezkoa dena, eta ez ematea jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzen direla bermatzeko beharrezkoa den informazioa.
c) Jakinaren gainean egonik, ez betetzea Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen edo laguntzen titular edo onuradunen aldeko eduki ekonomikoko edozein betebehar egiazko, mugaeguneratu eta galdagarri, betiere ez-betetze horretatik ondorioztatzen bada prestazio eta laguntza horiei zenbateko handiagoa aitortzea.
Betebehar bat egiazkotzat joko da haren existentzia edo zenbatekoa zordunaren erreklamazio administratibo edo judizial baten xede izan ez bada, edo gatazkak ebazteko prozedura alternatiboa, alderdientzako loteslea, erabili ez bada, edo, bestela, ebazpena irmoa denean.
d) Lege honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla ikuskatzeko edo zaintzeko funtzioak esleituta dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko edo dagokion udaleko langileek egiten duten lana oztopatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo udalari laguntzeko erresistentzia, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo gizarte-larrialdietarako laguntzen titularrei edo onuradunei laguntza eskatzen bazaie.
e) Hirugarren arau-hauste arin bat egitea, arau-hauslea aurreko bi urteetan bi arau-hauste arin egiteagatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatu denean.
102. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.
Arau-hauste oso astun dira:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzera edo mantentzera bideratutako ekintzak edo omisioak, horretarako betekizunak betetzen ez direla jakinik, betiere ekintza edo omisio horien ondorioz prestazioren baten zenbateko bat bidegabe jaso bada eta zenbateko hori hilean dagokionaren % 100 baino handiagoa bada.
b) Iruzurrez jardutea, prestazio bidegabeak edo bidezkoak baino handiagoak lortzeko, edo prestazio horiek bidegabeki luzatzea, datu edo dokumentu faltsuak aurkeztearen bidez.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileak lege honetan aipatzen diren prestazioak kontrolatu eta ikuskatzeko funtzioetan ari direla, haien kontra derrigortzea, mehatxua edo indarkeria erabiltzea.
d) Astuntzat hartutako oztopatze-jokabideetan berrerortzea.
Berrerortzerik badagoen zehazteko, ondorengo letran xedatuari jarraituko zaio.
e) Hirugarren arau-hauste astun bat egitea, aurreko bi urteetan mota bereko bi arau-hauste astun egiteagatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatu dutenean.
103. artikulua.– Zehapenak.
1.– Arau-hauste arinak zehatuko dira erantzuleari ohartarazpena egitearekin eta bidegabe jasotako zenbatekoaren berdina izango den isun bat jartzearekin.
2.– Arau-hauste astunak honela zehatuko dira: diru-sarrerak bermatzeko errenta azkentzearekin edo gizarte-larrialdietarako laguntzak kobratzeko ezintasunarekin, dagokionaren arabera, bai eta prestazio edo laguntza horiek eskuratzeko ezintasunarekin ere, urte eta sei hilabetera arteko aldian, zehapena gutxieneko graduan ezartzen denean, urte eta bederatzi hilabetera arteko aldian, gradu ertainean ezartzen denean, eta bi urtera arteko aldian, gehieneko graduan ezartzen denean.
3.– Arau-hauste oso astunak honela zehatuko dira: diru-sarrerak bermatzeko errenta azkentzearekin edo gizarte-larrialdietarako laguntzak kobratzeko ezintasunarekin, dagokionaren arabera, bai eta prestazio edo laguntza horiek eskuratzeko ezintasunarekin ere, bi urte eta sei hilabetera arteko aldian, zehapena gutxieneko graduan ezartzen denean, bi urte eta bederatzi hilabetera bitarteko aldian, gradu ertainean ezartzen denean, eta hiru urtera bitarteko aldian, gehieneko graduan ezartzen denean.
Arau-hauste oso astun bat egin aurreko bost urteen barruan arau-hauslea administrazio-bidean irmoa den arau-hauste oso astun batengatik zehatu badute, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak azkenduko dira, dagokionaren arabera, eta haiek kobratzeko ezintasuna deklaratuko da, bai eta aipatu prestazioa edo laguntzak bost urteko aldi batez eskuratzeko ezintasuna ere.
4.– 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, bizikidetza-unitatean adingabeak daudenean, 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, salbu eta arau-haustearen erantzulea adingabea eta hamasei urtetik gorakoa bada, hurrengo artikuluan xedatutakora biltzen ez bada eta bizikidetza-unitatea beste adingabe batzuekin osatzen ez bada.
5.– Arau-hausteen erantzuleak diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo gizarte-larrialdietarako laguntzen titularrak edo onuradunak ez direnean, honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
a) Arau-hauste arinak zehatuko dira arau-hausleari ohartarazpena egitearekin eta bidegabe jasotako zenbatekoaren berdina izango den isuna ezartzearekin.
b) Arau-hauste astunak zehatuko dira 33. artikuluan aipatzen den oinarrizko zenbatekoaren % 250era bitarteko isuna ezartzearekin. Zehazki, oinarrizko zenbatekoaren % 150era bitartekoa izango da, gutxieneko graduan ezartzen denean; oinarrizko zenbatekoaren % 200era bitartekoa, gradu ertainean ezartzen denean, eta % 250era bitartekoa, gehieneko graduan ezartzen denean.
c) Arau-hauste oso astunak zehatuko dira oinarrizko zenbatekoaren % 400era bitarteko isuna ezartzearekin. Zehazki, oinarrizko zenbatekoaren % 300era bitartekoa izango da gutxieneko graduan ezartzen denean, oinarrizko zenbatekoaren % 350era bitartekoa gradu ertainean ezartzen denean, eta % 400era bitartekoa gehieneko graduan ezartzen denean.
6.– Halaber, aurreko apartatuaren b) eta c) letretan aipatzen diren kasuetan, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratzeko ezintasuna ezartzearekin zehatuko dira erantzule diren pertsonak, artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako aldi berberetarako.
7.– Artikulu honetan aipatutako zehapenak honela ulertuko dira: deusetan galarazi gabe bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea.
104. artikulua.– Adingabeentzako zehapenak.
1.– Administrazio-bideko ebazpen irmo batek hamasei urtetik gorako adingabeak arau-hauste baten erantzule deklaratzen baditu, 103.1, 2 eta 3 artikuluan ezarritako zehapenen ordez honako hauek ezarriko dira, betiere adingabeak berariazko adostasuna ematen badu:
a) Arau-hauste arinek zehapen izango dute gizarte-intereseko prestazioak eman beharra inklusioaren esparruan, gehienez ere hilabetez.
b) Arau-hauste astunek zehapen izango dute gizarte-intereseko prestazioak eman beharra inklusioaren esparruan, gutxienez hiru hilabetez eta gehienez bederatzi hilabetez.
c) Arau-hauste oso astunek zehapen izango dute gizarte-intereseko prestazioak eman beharra inklusioaren esparruan, gutxienez urtebetez eta gehienez urtebete eta sei hilabetez.
2.– Adingabearen prestazioak ez dira ordainduko, eta gizartearentzat lan egiteko zigorra jaso dutenen babes bera izango dute Gizarte Segurantzaren arloan eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan. Erregelamendu bidez ezarriko dira kalte-ordainak, halakorik egokitzen bada.
3.– Ordezko zehapenak betetzen ez badira, errebokatu egingo dira eta aurreko artikuluan kasu bakoitzerako aurreikusitako zehapenak betearaziko dira, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.
105. artikulua.– Zehapenen graduazioa.
1.– Zehapenak ezartzean, honako hauek hartuko dira kontuan: erruduntasun-gradua edo asmoa izatea, legez kontra lortutako onura, berrerortzea, erantzulearen eta haren bizikidetza-unitatearen inguruabarrak, egindako arau-haustearen gizarte-eragina eta eragindako kalteen itzulezintasuna.
2.– Arau-hauste bat egiteak nahitaez beste bat edo batzuk egitea badakar, egindako arau-hausterik astunenari dagokion zehapena baino ez da ezarriko.
106. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.
1.– Arau-hauste oso astunek lau urteren buruan dute preskripzioa; astunek, hiru urteren buruan, eta arinek, urtebeteren buruan.
Preskripzio-epea arau-haustea egin eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Arau-haustea era jarraituan edo iraunkorrean egiten den kasuetan, jokabide arau-hauslea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen epea.
2.– Arau-haustearen preskripzioa eten egingo da administrazio-prozedura hasten denean, ustezko erantzulea jakinaren gainean dagoela. Preskripzioa berriz hasiko da, epe osorako, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiren batek eragindako prozedura-geldiaraztearen hilabetea bete eta hurrengo egunetik aurrera.
Era berean, preskripzioa eten egingo da prozeduraren helburua lortzeko bideratutako edozein jarduketa egitean, betiere jarduketa hori organo eskudunak erabaki badu, behar bezala dokumentatuta badago eta ustezko erantzuleari haren berri ematen bazaio.
3.– Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek lau urteren buruan dute preskripzioa; arau-hauste astunengatik ezarritakoek, hiru urteren buruan, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek, urtebeteren buruan.
Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezartzen duen ebazpenak administrazio-bideko irmotasuna hartu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Zehapena ezartzen duen ebazpenaren aurka jarritako administrazio-errekurtsoaren ustezko ezespenaren kasuan, zehapenaren preskripzio-epearen zenbaketa errekurtsoa ebazteko aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
4.– Zehapenaren preskripzioa eten egingo da betearazpen-prozedura hasten denean, zehatua jakinaren gainean dagoela.
Era berean, zehapenaren preskripzioa eten egingo da betearazpenaren etendura judiziala gertatzen denean, eta epe osoa berriz zenbatzen hasiko da etendura judiziala amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Preskripzioa berriz hasiko da, epe osorako, zehatuari egotzi ezin zaion arrazoiren batek eragindako prozedura-geldiaraztearen hilabetea bete eta hurrengo egunetik aurrera.
V. TITULUA
LAN-INKLUSIORA ETA GIZARTE-INKLUSIORA BIDERATUTAKO TRESNA ETA ZERBITZUAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
107. artikulua.– Lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabateko lan-inklusiora bideratutako tresna eta zerbitzuak jarriko ditu Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren erabiltzaileen eskura, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako gizarte-zerbitzuekin elkarlanean jardungo du pertsonek erabateko gizarte-inklusioa lor dezaten.
Hori garatzeko, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen, laguntzen, tresnen eta zerbitzuen titularrei eta onuradunei 9. artikuluan aitortutako eskubideak errespetatuko ditu.
108. artikulua.– Eskuratzeko betekizunak.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren esparruan, lan-inklusiorako zerbitzuetarako eskubidea izango dute honako pertsona hauek:
a) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen titularrek edo onuradunek.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta gizarte-bazterketako egoera aitortuta duten pertsonek.
2.– Lan-inklusiorako eskubideak eta zerbitzuak eskuratzen dituzten pertsonek enpleguari buruzko legerian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.
3.– Gizarte-inklusiorako zerbitzuetarako eskubidea izango dute gizarte-zerbitzuei buruzko legeriak ezartzen dituen betekizunak betetzen dituzten pertsonek, hargatik eragotzi gabe titulu honen II. kapituluan diagnostiko-tresnei buruz xedatutakoa.
109. artikulua.– Erreferentziazko profesionala.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erreferentziazko profesional bat esleituko die laneratzeko zerbitzuen hartzaileei.
2.– Gizarteratzeko zerbitzuen hartzaileei dagokienez, gizarte-zerbitzuei buruzko legeriak xedatzen duenari jarraituko zaio.
110. artikulua.– Datuen konfidentzialtasuna eta babesa.
Titulu honetan aipatzen diren lan- eta gizarte-inklusiorako zerbitzuetan parte hartzen duten edo zerbitzu horiek eskura jartzen dituzten euskal administrazio publikoek datuak babesteko legeria eta emandako datuen –eta, bereziki, babes berezia dutenen– konfidentzialtasuna errespetatuko direla bermatuko dute.
Inklusiorako zerbitzuen kudeaketarako informazioa emateko, ez da beharrezkoa izango erabiltzailearen aldez aurreko baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) eta e) eta 9.2.h) artikuluetan aipatutako datu-tratamenduetako bat baita. Erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du.
111. artikulua.– Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen parte-hartzea.
Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak lan- eta gizarte inklusiorako prozesuetako erakunde laguntzaile gisa onartu ahal izango dira, bai inklusio-zerbitzuen horniduran, bai gizarte-laguntzako eginkizunetan, diagnostikoan, programazioan, jarraipenean eta ebaluazioan, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.
II. KAPITULUA
GIZARTE- ETA LAN-DIAGNOSTIKOA EGITEKO TRESNAK
112. artikulua.– Egoeraren eta beharren hasierako balorazioa.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak triaje-tresna bat aplikatuko die pertsona guztiei, inklusioa lortzeko beharrak detektatu eta diagnostikoan esku hartu behar duten sistemak identifikatzeko.
Pertsonek parte-hartze aktiboa izango dute lanketa horretan.
2.– Triaje-tresna galdetegi egituratu bat da. Galdetegi horren aplikazioak aukera emango du pertsonaren premiak lehen mailan identifikatzeko eta, bereziki, dagokion sistemetara behar bezala bideratzeko, inklusioa lortze aldera.
3.– Egoeraren hasierako balorazioa Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak onartu eta berehala egingo da, edo, bestela, inklusio-zerbitzuen eskaera egiten den egunetik aurrera.
Balorazio hori egiteko, inola ere ez da emango bi hilabete baino gehiago.
4.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen titularrek eta onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritu beharko dute egoeraren eta beharren hasierako balorazioa egiteko, lege honetan aurreikusitako moduan.
113. artikulua.– Balorazioa eta gizarte-diagnostikoa.
1.– Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esku-hartzea beharrezkoa denean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gizarte-zerbitzuetara bideratuko du erabiltzailea, balorazioa eta lehen mailako gizarte-diagnostikoa egin dadin, gizarte-zerbitzuen araudian xedatutakoari jarraikiz.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako prozesu bera egingo da hezkuntza, etxebizitza eta osasuneko euskal sistemen esku-hartzea beharrezkoa denean.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko erreferentziazko profesionalak hartzailearen edo hartzaileen egoitzari dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuarekiko koordinazioa bultzatuko du, eta, hala badagokio, hezkuntza-, etxebizitza- eta osasun-sistemekikoa.
4.– Hartzaileak gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak badira, gizarte-zerbitzuek egindako diagnostikoari jarraituko zaio.
5.– Balorazioa eta gizarte-diagnostikoa bi hilabeteko epean egin beharko dira, erreferentziazko profesionalak eskaera egiten duenetik aurrera, eta, beharrezkotzat jotzen bada, balorazio eta diagnostiko espezializatuak egin beharko dira. Haien arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Zorrokoetatik zein egokitzen den, bada zerbitzu hori edo horiek aginduko dira, zeinak, hala badagokio, arreta pertsonalizatuko planean definituko baitira, gizarte-zerbitzuei buruzko arauekin bat etorrita.
6.– Kasu bakoitzean esku hartzen duten gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren, etxebizitzaren eta osasunaren euskal sistemek hartzailearen inklusio-ibilbiderako informazio garrantzitsua igorriko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
114. artikulua.– Enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala.
1.– Triaje-tresnak ezartzen duenean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, aurreko artikuluan adierazitako epe berean eta enpleguari buruzko legeriaren esparruan, hartzailearen edo hartzaileen enplegagarritasunari buruzko diagnostiko bat egingo du, haien trebetasunei, gaitasunei, prestakuntzari eta lanbide-esperientziari dagokienez, inguruabar pertsonalak eta sozialak kontuan hartuta, hala nola adina, lehentasunezko arretako kolektiboetako kide izatea, familia-egoera, langabeziaren denbora eta arrazoiak, hala badagokio, eta lan-inklusiorako garrantzitsuak izan daitezkeen beste edozein.
Enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala egin ondoren, enplegu-zerbitzuen zorrotik dagokion zerbitzura edo zerbitzuetara bideratuko da hartzailea.
2.– Erreferentziazko profesionalak egingo du enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala.
III. KAPITULUA
INKLUSIORAKO PROGRAMA INTEGRATU ETA PERTSONALA
115. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala inklusio-zerbitzu partaidetu bat da, non alderdi sinatzaileek zenbait konpromiso hartzen dituzten bazterketa-arriskua prebenitzeko edo, hala badagokio, bazterketa-egoerari buelta eman eta hartzaileen erabateko lan- eta gizarte-inklusioa lortzeko.
2.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak bi urteko indarraldia izango du, eta jarraipena egingo zaio, hartzaileak inklusiorako helburua lortzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko.
3.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala iraupen bereko indarraldietan luzatu ahal izango da.
116. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen arteko erlazioa.
1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrek eta onuradunek Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala negoziatu beharko dute nahitaez, prestazioa aitortzen denetik urtebete betetzen denean, 31.1 artikuluan aipatzen diren salbuespenekin.
Hala ere, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala lantzeko eta sinatzeko eskatu ahal izango dute, aipatutako epea bete baino lehen, 113. eta 114. artikuluetan aipatutako diagnostikoak egin ondoren edo haietan ezarritako epeak igaro ondoren. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin beharreko jarduera guztiak egin beharko ditu.
2.– Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala negoziatu eta sinatzeko aukera emango die bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunei, deusetan galarazi gabe prestazio horri buruzko araudiak xedatzen duena.
117. artikulua.– Esku hartzen duten alderdiak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eta hartzaileak izango dira Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalean esku hartzen duten alderdiak.
118. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren edukia.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak honako hauek definituko ditu, 113. eta 114. artikuluetan aipatutako diagnostikoa oinarritzat hartuta: kasuan-kasuan egokitzat jotzen diren enpleguaren, gizarte-zerbitzuen, etxebizitzaren, hezkuntzaren eta osasunaren arloko euskal sistemen jarduketak eta esku hartzeko proposamenak.
2.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak honako hauek bilduko ditu:
a) Pertsona laneratzeko edo gizarteratzeko helburuak.
b) Enplegu-plan integratua eta pertsonalizatua, 114. artikuluan aipatzen den diagnostikotik hala ondorioztatzen bada. Bertan jasoko da egoki diren ekintzen, enplegu-zerbitzuen zorroko zerbitzuen eta enplegagarritasuna hobetzeko programen dagokion eskaintza.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, enpleguari buruzko legeriaren arabera.
c) Hartzailearen gizarte- eta lan-inklusioko prozesurako garrantzitsuak diren jarduketak, zerbitzuak eta prestazioak, gizarte-zerbitzuek egindako arreta pertsonalizatuko planean aurreikusitakoak, hala ondorioztatzen bada 113. artikuluak dakarren diagnostikotik.
d) Beharrizan edo premien diagnostikotik hala ondorioztatzen bada, hartzailearen gizarte- eta lan-inklusioko prozesurako garrantzitsua den etxebizitza-, osasun- edo hezkuntza-sistemen esku-hartzea.
e) Jarraipenerako eta ebaluaziorako adierazleak.
3.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalean bildutako esku hartzeko proposamenak, jarduketak eta zereginak hartzaileekin negoziatuko dira. Halaber, hartzaileak adostu diren ekintzetan parte hartzeko konpromisoa jasoko da programan.
4.– Esku hartzen duten sistemek Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren jarraipena, berrikuspena eta aldizkako ebaluazioak egingo dituzte, 122. artikuluan aurreikusitako moduan.
119. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalerako erreferentziazko profesionala.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erreferentziazko profesional bat esleituko du, eta hura arduratuko da Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren bultzadaz, negoziazioaz, sinaduraz, jarraipenaz eta ebaluazioaz.
2.– 113. eta 114. artikuluetan aipatzen den diagnostikoak agerian uzten badu gizarte-zerbitzuen esku-hartzea lehenetsi beharra, erreferentziazko profesionala zerbitzu horietakoa izango da.
Erreferentziazko profesionalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari beharrezko den informazioa emango dio prestazioa eskuratzeko eta mantentzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, bai eta 1. apartatuan aipatutako Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren jarraipen- eta ebaluazio-funtzioak egiteko ere.
3.– Erregelamenduz zehaztuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta gizarte-zerbitzuen artean elkarlanean aritzeko mekanismoak eta tresnak, bai eta hezkuntza-, osasun- eta etxebizitza-zerbitzuen artean ere.
120. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala sinatzea.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala landu ondoren, hartzaileari edo hartzaileei deituko zaie, sina dezaten.
2.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala hamabost hilabeteko gehieneko epean sinatuko da, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak onartzen diren egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta erabiltzaileak berak eskatuz gero programa egitea, eskaera egin eta hiru hilabeteko epean.
Programa sinatu arte, inklusiorako helburura zuzendutako esku-hartzeak eta jarduerak garatuko dira, 113. eta 114. artikuluetan aurreikusiak.
3.– Sinatu aurretik, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren elementurik esanguratsuenak azalduko zaizkio edo zaizkie hartzaileari edo hartzaileei, ulertzeko moduan, eta programaren ale bat emango zaie.
Sinatzea eta hartzailearen eskura jartzea bitarteko elektronikoz egin ahal izango dira, betiere hartzaileak hala eskatzen badu edo, bestela, berariaz onartzen badu.
4.– 2. apartatuan aurreikusitako epea igaro eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hartzaileei Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala sinatzeko deitu ez badie edota diagnostiko-tresnaren bat bete ez bada, hartzaileek betetzeko eskatu ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe atzerapena eragin duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enplegatuaren erantzukizuna.
121. artikulua.– Esku hartzen duten alderdien betebeharrak.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren hartzaileen betebehar izango dira:
a) programaren xede eta helburuaren ondoriozko jarduketa guztiak egitea, eta
b) gerora aldaketarik gertatuz gero, horren berri ematea, hitzartutako jarduerak aurrera eramateko aukeran eraginik izan badezakete.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebehar izango dira:
a) uneoro eskuragarri eta egokituta dauden zerbitzuen eskaintza bat bermatzea, zerbitzu horiek ahalbidetuko baitute konpromisoak Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalean aurreikusitako baldintzetan betetzea; horretarako, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ziurtatuko ditu, eta
b) enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonaletik eta enplegu-plan integratu eta pertsonalizatutik hala ondorioztatzen denean, hartzaileei lan-bitartekotza bermatzea lan-merkatu arruntean edo publikoki diruz lagundutako programen bidez, haien ezaugarrietara egokituta, eta, gutxienez, urteko prestakuntza-jarduera egoki bat, ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzea ahalbidetuko duena.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lan-inklusiora bideratutako programa eta zerbitzu propioak konbinatu ahal izango ditu beste administrazio publiko eta erakunde publiko eta pribatuenekin.
4.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak ez du eragotziko hartzaileek beste enplegu edo prestakuntza bat, programan aurreikusi gabekoa, lortzeko aukera. Halakoetan, berrikusi egingo da.
122. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalari etengabeko jarraipena egingo zaio, bai eta urteko ebaluazioa ere, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez jakiteko.
Ebaluazioaren arabera, esku hartzen duten alderdiek adostuta edo beste edozein inguruabarrengatik, edukia berrikusi eta aldatu ahal izango da, eta, horretarako, parte hartzeko aukera emango zaie hartzaileari edo hartzaileei.
2.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren jarraipena eta ebaluazioa egitea erreferentziako profesionalari edo profesionalei egokituko zaie.
3.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak arreta pertsonalizatuko plan bat biltzen badu, gizarte-zerbitzuek prestatua, erreferentziako profesionalak, gizarte-zerbitzuei buruzko legeriari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko erreferentziako profesionalarekin elkarlanean aritu beharko du, eta eskatzen zaion informazioa eman beharko dio, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
4.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak etxebizitzaren, osasunaren edo hezkuntzaren arloko esku-hartzeak biltzen dituenean, sistema horietako erreferentziako profesionalek elkarlanean aritu beharko dute programaren jarraipena egiteko ardura duen erreferentziako pertsonarekin.
Horrez gain, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalak laneratzeko enpresetan edo enplegu-zentro berezietan egin beharreko jarduketak biltzen dituenean, enpresek edo zentroek izendatutako pertsonak erreferentziako profesionalarekin elkarlanean aritu beharko du.
123. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala etetea.
Hartzaileak edo hartzaileek Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala bete ezin dutenean, aldi baterako etengo da programaren ondoriozko konpromisoak nahitaez bete beharra, ezintasun-egoera desagertu edo aldatzen den arte.
124. artikulua.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala suntsiarazteko arrazoiak.
1.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala suntsiarazteko arrazoi izango dira:
a) Programan aurreikusitako inklusio-helburuak betetzea.
b) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalean hartutako betebeharrak eta konpromisoak behin eta berriz ez betetzea.
c) Alderdien arteko adostasuna.
d) Hartzaileak uko egitea.
e) Indarraldia eta, hala badagokio, luzapenen epea betetzea.
2.– Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren suntsiarazpenak lege honetan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.
125. artikulua.– Informazio-trukea.
Kapitulu honetan aipatzen diren funtzioak betetzeko, informazio-trukeak egin behar dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko, gizarte-zerbitzuetako eta etxebizitza-, osasun- edo hezkuntza-sistemetako erreferentziazko profesionalen artean. Bada, truke horiek, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
IV. KAPITULUA
LAN- ETA GIZARTE-INKLUSIORAKO ETA GAITASUN DIGITALAK ESKURATZEKO PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK
126. artikulua.– Enplegagarritasuna hobetzeko laguntza-zerbitzuak jasotzeko eskubidea.
1.– Eskubide hau aitortzen zaie Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntzen titularrei eta onuradunei: enplegagarritasuna hobetzeko laguntza-zerbitzuak, enplegu-legerian aurreikusiak, jasotzea.
2.– Zerbitzu horiek Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren esparruan jasoko dira, eta programa horrek identifikatuko du enplegagarritasuna hobetzeko zer zerbitzu jarriko den hartzailearen eskura, bai eta zerbitzu horien norainokoa ere.
127. artikulua.– Gaitasun digitalak eskuratzeko programak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gaitasun digitalei buruzko prestakuntza-ekintzak eskainiko ditu, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen titular eta onuradunen inklusiorako ibilbide pertsonalizatuaren parte gisa, honetara bideratuak: bitarteko elektronikoen bidez edozein zerbitzurekin harremanetan jartzeko oinarrizko trebetasun digitalak eskuratzera eta, hala badagokio, lan-trebakuntzako lanbide-gaitasunak egiaztatzera.
2.– Prestakuntza-eskaintza, ahal bada, gaitasun digitalean mailarik txikiena duten kolektiboetara zuzenduko da, eta, bereziki, sexuan oinarritutako desberdinkeria desagerraraztera bideratuko da.
3.– Hezkuntzan eta enpleguan eskumena duten euskal administrazio publikoekiko lankidetza sustatuko da, pertsonek gaitasun digitalak eskuratzea bermatze aldera, kontuan hartuta, batez ere, bazterketa-egoeran edo egoera horretarako arriskuan daudenak.
128. artikulua.– Lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako euskal administrazio publikoen programak eta zerbitzuak.
1.– Nork bere eskumenen esparruan, enpleguari eta lanbide-heziketari buruzko legerian xedatutakoaren arabera, euskal administrazio publikoek zerbitzuak emango dituzte, programak garatuko dituzte eta ekimenak hartuko dituzte, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen eta kolektiboen enplegagarritasuna eta lan-aukerak hobetzeko eta errazteko.
Era berean, honako neurri hauek sustatuko dira:
a) Sektore publikoko kontratazioari buruzko legeriaren esparruan, klausula sozialak sartzea kontratazio publikoetan, lehentasuna emateko bazterketa-egoeran edo laneratzeko prozesuan dauden pertsonak kontratatzen dituzten erakundeei.
b) Familia eta lana bateragarri egiteko politiken esparruko laguntza-neurriak.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako neurriak arautu eta inplementatzeko, enpleguaren eta lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek beren aurreikuspenak eta jarduketak koordinatu beharko dituzte Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren aurreikuspen eta jarduketekin, zeinak Inklusiorako Euskal Planean jasota dauden, hauek guztiak bermatzeko: jarduketa guztien eraginkortasuna, baliabideen erabilera arrazionala eta bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako arretaren jarraitutasuna, inklusiorako programa integratu eta pertsonaletan diseinatutako ibilbide pertsonalizatuen esparruan.
3.– Euskal administrazio publikoek, gizarteratze-arloan dituzten eskumenen esparruan, neurriak hartuko dituzte, gizarte-zerbitzuei buruzko araudian bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat ezartzen diren zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko aukera bultzatu eta errazte aldera.
VI. TITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN PLANGINTZA ETA GARAPENA
129. artikulua.– Xedapen orokorrak.
1.– Euskal administrazio publikoek koordinatuta planifikatuko dituzte Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lehentasunezko jarduketaren helburu, tresna eta ardatz komunak; betiere, babes-maila homogeneoak gordeko dituzte lurralde osoan.
2.– Autonomia Erkidegoaren esparruan, plangintza Inklusiorako Euskal Planean gauzatuko da. Lantzen denean, zuzeneko parte-hartzea bermatuko zaie euskal administrazio publiko guztiei, beste erakunde publiko eta pribatu batzuei eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeei.
3.– Foru-diputazioek eta udalek edo udalen elkarteek, Inklusiorako Euskal Plana gauzatzean, beren programazio propioa garatuko dute beren jarduteko lurralde-esparruetan.
4.– Inklusiorako Euskal Planarekin koordinatuta, plan bereziak egin ahal izango dira auzo, udalerri, eskualde edota beste eremu geografiko batzuetarako, epe labur edo ertainean ekintza integratu bat behar badute.
130. artikulua.– Plangintzaren printzipioak.
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren plangintzak honako printzipio hauei jarraituko die:
a) Gizarte- eta lan-inklusiora bideratutako helburuen zein tresnen denbora-plangintza eta plangintza geografikoa, hurbiltasun-irizpidea bereziki kontuan hartuta, eta gizarte-babesaren beste esparru batzuetako jarduketa-plan autonomikoetan jasotako aurreikuspenekin koordinatuta; bereziki, esparru hauetan: gizarte-zerbitzuak, enplegua, hezkuntza, etxebizitza eta osasuna.
b) Lurralde-oreka eta lurralde-homogeneotasuna, Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei zerbitzuak eskuratzeko aukera berdinak bermatuko dizkien zerbitzuen banaketa geografiko bat antolatuz.
c) Eskuragarri dauden baliabide formal eta informal, publiko eta pribatu guztien aprobetxamendu integrala, malgua, arrazionala eta efizientea, esku-hartzeak koordinatzeko eta sarean lan egiteko formula eraginkorretan oinarritua.
d) Behar besteko aurrekontu-zuzkidura.
e) Gardentasun-printzipioa; horretarako, Inklusiorako Euskal Plana eta inklusiorako programak argitaratuko dira, bai eta planaren eta programen ebaluazioak ere.
f) Herritarrek plangintza prestatzen parte hartzeko printzipioa.
131. artikulua.– Inklusiorako Euskal Plana.
1.– Inklusiorako Euskal Planak modu koordinatu eta orokorrean jasoko ditu esku hartzeko eta jarduteko ildo eta jarraibideak, administrazio eskudunen jarduera gidatuko dutenak bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran dauden pertsonen inklusioa lortzeko. Bost urteko plana izango da eta ebaluazioa egingo zaio.
2.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordeari dagokio plana prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, onartzea, Inklusiorako Euskal Kontseiluak txostena egin ondoren. Onartu ondoren, Eusko Legebiltzarra jarriko da horren jakitun, eztabaidatu dezan.
Inklusiorako Euskal Planari memoria ekonomiko bat erantsiko zaio, esku-hartzeen eta jarduketen kostu ekonomikoaren inguruko aurreikuspenak bilduko dituena.
3.– Honako eduki hauek izango ditu gutxienez:
a) Gizarte- eta lan-inklusiorako beharren diagnostikoa eta haien bilakaeraren pronostikoa.
b) Helburuen definizioa eta, haietako bakoitzaren esparruan, ardatz estrategikoena eta ekintzena, haiek garatzeko eta lortzeko epeak eta horretarako erakunde edo organo eskudunak ezarriz.
c) Ebaluazio sistematikoa eta jarraitua egiteko mekanismoen definizioa.
d) Inklusioaren inguruko ikerketa- eta berrikuntza-programak.
e) Eusko Jaurlaritzan inklusioaren alorrean eskumena duen saileko estatistika-organo bereziaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Kabinete Teknikoaren jarduketak, baita euskal unibertsitateekin, ikerketa-zentro espezializatuekin eta Euskadiko hirugarren sektore sozialarekin elkarlanean egitekoak ere.
4.– Euskal administrazio publikoek koordinazioa sustatuko dute Inklusiorako Euskal Planaren eta gizarte- eta lan-inklusiorako prozesuetan eragina duten erakundearteko eta sailarteko beste plan batzuen artean; bereziki, enpleguaren, gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren, etxebizitzaren, osasunaren eta arreta soziosanitarioaren arloetako planekin.
132. artikulua.– Inklusiorako programak.
Inklusiorako Euskal Plana euskal administrazio publikoek beren eskumenen esparruan lantzen eta garatzen dituzten programen bidez gauzatuko da.
133. artikulua.– Inklusio-ibilbideen urteko plana.
1.– Inklusiorako Euskal Planean zehaztutako metodologiarekin bat etorriz, inklusio-ibilbideen urteko plana egingo da, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunen inklusio-estrategiak jasoko dituena, aurreko tituluan aipatzen diren inklusio-tresna eta -zerbitzuekin bat etorrita.
2.– Inklusio-ibilbideen urteko planaren edukia hitzarmen honetan jasotzen dena izango da: Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena. Plan hori egiteko prozedurari dagokionez, hitzarmenean aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio.
134. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako tresna tekniko komunak.
1.– Gizarte-inklusioaren esparruan esku hartzeko irizpideen homogeneotasuna bermatzeko, euskal administrazio publikoek balorazio, diagnostiko eta esku-hartze pertsonalizaturako tresna komunak aplikatuko dituzte, gizarte-zerbitzuei buruzko legerian eta hura garatzeko arauetan ezarriak.
Nolanahi ere, tresna tekniko eta informatiko komunak eta bateragarriak erabiliko dituzte, informazioaren trukea eta datuen konparagarritasuna ahalbidetzeko.
2.– Era berean, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema gizarte-babeseko beste sistema eta politika publiko batzuekin elkarlanean aritu eta koordinatuko da, estatistika-informazioa ezagutu, ustiatu eta eraginkortasunez zabaltzeko, arreta-sareen magnitude nagusien ezagutza integrala izate aldera.
135. artikulua.– Profesionalen prestakuntza eta ikerketa.
1.– Euskal administrazio publikoak koordinatu egingo dira Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman esku hartzen duten agente eta profesional guztien prestakuntza sustatu eta planifikatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari lotutako esparruetan bereziki.
2.– Zehazki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatuko du langileek badutela berariazko prestakuntza administrazio-prozeduran, berdintasunean, aniztasunaren kudeaketan eta diskriminazioaren aurkako borrokan, eta sustatuko du enplegu-politiken garapenean espezializatzea, bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei erantzun egokia eman dakien.
3.– Euskal administrazio publikoek, beren eskumenak baliatuz, inklusioaren arloko prospektibaren ikerketa eta hobekuntza sustatuko dute, arlo horretako berrikuntzaren eta ezagutzaren kudeaketaren mesedetan.
VII. TITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN ESKUMEN-ARAUBIDEA ETA FINANTZAKETA
I. KAPITULUA
ESKUMEN-ARAUBIDEA
136. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eskumenak.
1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio honako eskumen hauek baliatzea:
a) Lege honen garapena eta diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko zuzeneko ekintza.
Zuzeneko ekintzatzat hartzen da, Eusko Jaurlaritzari esleitutako betearazpen-ahalez gain, izaera bereko eskumena programa, prestazio eta zerbitzu hauen gainean: beren interes orokorragatik, beren izaera eta ezaugarriengatik, izan dezaketen erabiltzaile kopuruagatik edota autonomia-erkidegoko mailan ematen direlako lor daitezkeen eskala-ekonomiengatik Euskal Autonomia Erkidego osoan modu bateratuan eman behar direnak.
Zuzeneko ekintza era arrazoituan gauzatuko da, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez deklaratuko da, Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak aldeko txostena egin ondoren.
b) Inklusiorako Euskal Plana onartzea, hura gauzatzeko baliabide eta bitarteko nahikoak oro har bideratzea, bai eta hura ebaluatzea ere.
c) Inklusio-ibilbideen urteko plana egitea, Estatuko Administrazio Orokorrarekin lankidetzan.
d) Diagnostikorako eta esku-hartze planifikatu eta pertsonalizaturako tresna tekniko komunak berrikustea eta, hala badagokio, eguneratzea, gainerako euskal administrazioekin lankidetzan.
e) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoei eta zerbitzuei buruzko estatistikak planifikatu eta diseinatzea, eta estatistika horiek landu eta mantentzea, gainerako euskal administrazioekin lankidetzan, estatistika-araudiari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko araudiari jarraikiz.
f) Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren arteko koordinazio orokorra, gizarte-zerbitzuek gizarte-inklusioaren arloan egiten duten jardunari dagokionez, eta gizarte-larrialdietarako laguntzen instrukzio, aitorpen, ordainketa eta finantzaketari dagokienez.
g) Gizarte-larrialdietarako laguntzak ikuskatzea.
h) Inklusiorako esku-hartze eta jarduketa komunitarioak sustatu, landu eta garatzea, udalekin eta mankomunitateekin elkarlanean.
i) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak ebaluatzea.
j) Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra izendatzea.
k) Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzetik datozenak.
l) Lege honetan eta garatzen duen araudian ezarritako beste edozein.
2.– Eusko Jaurlaritzaren eskumenak diru-sarrerak bermatzearen eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten sailen bitartez gauzatuko dira.
137. artikulua.– Foru-diputazioen eskumenak.
Lurralde historiko bakoitzeko foru-diputazioari dagokio, gizarte-inklusioaren alorrean dituen eskumenen esparruan, honako funtzio hauek betetzea:
a) Inklusiorako Euskal Plana gauzatzeko onartzen diren gizarte-inklusiorako foru-programak landu eta garatzea.
b) Gizarte-babesaren esparru guztietan dauden gizarte- eta lan-inklusiorako beharrei erantzuteko zerbitzuen eta zentroen sarea diseinatu eta garatzea.
c) Bazterketa-egoeren edo, hala badagokio, bazterketa-arriskuaren balorazio espezializatua egitea, gizarte-zerbitzuei buruzko araudian ezarritako moduan.
d) Lege honetan eta garatzen duen araudian ezarritako beste edozein.
138. artikulua.– Udalen eskumenak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie, inklusioaren eta diru-sarrerak bermatzearen arloko eskumen propioen esparruan, honako funtzio hauek betetzea:
a) Hala badagokio, gizarte-inklusiorako udal-programak landu, onartu eta garatzea, Inklusiorako Euskal Plana gauzatuz.
b) Eskatzen duten pertsonei eta familiei informazioa eta orientazioa ematea, eta balorazioa eta diagnostikoa egitea, beren eskumenen esparruan.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, inklusiorako programa integratu eta pertsonalen esparruan.
d) Gizarte-diagnostikoa eta arreta pertsonalizatuko plana lantzea eta inklusiorako programa integratu eta pertsonalak ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa bidaltzea, 113. eta 122. artikuluei jarraikiz.
e) Lege honetan eta garatzen duen araudian ezarritako beste edozein.
2.– Eusko Jaurlaritzari gizarte-larrialdietarako laguntzen arloan dagokion zuzeneko ekintza alde batera utzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak bideratu, aitortu eta ordaintzea, zehatzeko ahala erabiltzea, eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunen jarraipena egitea.
Nolanahi ere, eta zuzeneko ekintzarako eskumen hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak, 136. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, aurreikusitako eginkizunak betetzeko eta gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoak finantzatzeko behar diren baliabideak esleituko ditu.
139. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio honako funtzio hauek betetzea:
a) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak izapidetu eta kudeatzea, eta prestazio horiei lotutako kontrol-, ikuskapen- eta zehapen-ahalak baliatzea.
b) Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala prestatu eta sinatzea.
c) Lege honetan aurreikusitako lan-inklusiorako zerbitzuak eta enplegagarritasuna bultzatzeko zerbitzuak kudeatzea.
d) Lege honetan eta garatzen duen araudian ezarritako beste edozein.
II. KAPITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN FINANTZAKETA
140. artikulua.– Finantzaketa-iturriak.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema honako hauekin finantzatuko da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak,
b) lurralde historikoetako aurrekontu orokorrak,
c) udalen aurrekontuak, eta
d) horretara zuzenduta dagoen eta ordenamendu juridikoaren babesa duen beste edozein ekarpen ekonomiko.
2.– Urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrek baliabide ekonomiko nahikoak kontsignatuko dituzte lege honetan aurreikusitako prestazioen zenbatekoak finantzatzeko eta Eusko Jaurlaritzari esleitutako eskumen guztiak gauzatzeko.
3.– Gizarte-larrialdietarako laguntzei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrek urtero kontsignatuko dute nahikoa funts funtzio horiek betetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalek gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko.
Erregelamenduz zehaztuko dira funtsak kontsignatu eta udalen artean banatzeko irizpideak, bai eta funts horiek banatzeko prozedura ere. Lehen aipatutako irizpideak zehazterakoan, kontuan hartuko dira, bereziki, gizarte-premiako adierazleak, hain zuzen ere prestazio horien bidez estaltzen diren gastu espezifikoei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonek gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratu ahal dituztela bermatzeko helburuarekin lotuta daudenak.
4.– Foru-diputazioek eta udalek urtero kontsignatuko dituzte beren aurrekontuetan lege honetan aurreikusitako eskumenak gauzatzeko baliabide ekonomiko nahikoak.
VIII. TITULUA
LANKIDETZA, KOORDINAZIOA ETA PARTE-HARTZEA
I. KAPITULUA
KOORDINAZIOA ETA LANKIDETZA
141. artikulua.– Administrazio publikoen artean lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko betebeharra.
Euskal administrazio publikoek lankidetzan eta koordinatuta jardun beharko dute Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamenduan eraginkortasunik eta efizientziarik handiena bermatzeko.
142. artikulua.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordea.
1.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordea euskal administrazio publikoen arteko lankidetza instituzionalerako erakunde gisa eratzen da, lege honetan aipatutako politika publikoak diseinatu, landu eta gauzatzeko.
2.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordeko burua Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailburua izango da.
Idazkari-lanak, berriz, diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko eskumenak esleituta dituen sailburuordetzako goi-kargudun batek beteko ditu.
3.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak hamabi kide izango ditu:
a) sei, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz,
b) hiru, foru-diputazioak ordezkatuz, foru-diputazioko bana,
c) hiru, udalak ordezkatuz.
Eusko Jaurlaritza ordezkatuko duten pertsonak Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu, eta inklusioaren, gizarte-politiken, hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloetan eskumena duten sailen ordezkaritza bermatuko du.
Foru-diputazioen ordezkaritza inklusioaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari egokituko zaio.
Udalerriak ordezkatuko dituzten pertsonak Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu, ezarpenik handiena duen euskal udalerrien elkarteak proposatuta. Nolanahi ere, alkateak edo zinegotziak proposatu beharko dira.
4.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra batzordearen bileretara joango da, hitzarekin baina botorik gabe, bileren xedea hurrengo artikuluko d) eta e) letretan aipatzen diren funtzioak betetzea denean eta, nolanahi ere, batzordeko kideen gehiengoak hori erabakitzen duenean.
5.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen araubidea eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira. Deialdiak, bileren garapena eta aktak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
Era berean, batzordearen osaera, hartutako erabakiak eta bileren aktak argitaratuko dira.
6.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordea Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailari atxikiko zaio.
143. artikulua.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen funtzioak.
1.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak honako funtzio hauek ditu esleituta:
a) Inklusiorako Euskal Planaren proposamena egitea eta, onartu ondoren, jarraipena egitea.
b) Aholku ematea gizarte-inklusioari eragiten dioten lurralde- eta toki-esparruko plan eta programen eta foru- eta toki-mailako arau-xedapenen gainean.
c) Inklusioaren arloko erantzukizuna duten euskal administrazio publiko guztietatik informazioa jasotzea onartzen dituzten plan eta programen betetzearen jarraipen eta ebaluazioari eta inklusioaren inguruko arau-xedapenen aplikazioari buruz.
d) Lege honetan aurreikusitako arloetan euskal administrazio publikoen jarduketak koordinatzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen bultzatzea, bereziki kontuan hartuta jarduketa horiek garatzeko beharrezkoak diren giza baliabideen eta baliabide materialen azterketa.
e) Kudeaketaren kalitatea hobetzeko ekintza koordinatuak proposatzea, 146. artikuluan adierazitako ebaluazioan oinarrituta.
f) Gizarte-larrialdietarako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak udalen artean banatzeko irizpideak aztertzea eta, hala badagokio, haien berrikuspena proposatzea.
g) Txostena egitea Eusko Jaurlaritzak zuzeneko ekintza gauzatzeari buruz.
h) Informazioa jasotzea Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren inguruan egindako ebaluazioari buruz.
i) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste edozein.
2.– Funtzioak betetzean, kontuan hartu beharko du 146. artikuluan adierazitako ebaluazioaren emaitza, eta, hala badagokio, ebaluazioaren gomendioetatik aldentzea arrazoitu beharko du.
II. KAPITULUA
KONTSULTA ETA PARTE-HARTZEA
144. artikulua.– Inklusiorako Euskal Kontseilua.
1.– Inklusiorako Euskal Kontseilua aholkurako eta parte hartzeko organo gisa eratzen da, Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailari atxikita, eta bertan honako hauek izango dira ordezkatuak: Eusko Jaurlaritza, foru-diputazioak eta udalak, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta sektore arteko patronalak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, erabiltzaileen erakundeak, inklusioaren arloan esku hartzen duten Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak, eta gizarte-inklusioaren arloan lan egiten duten profesionalenak.
2.– Osaera, kideen izendapena, araubidea eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira. Deialdiak, bileren garapena eta aktak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
Era berean, batzordearen osaera, hartutako erabakiak eta bileren aktak argitaratuko dira.
145. artikulua.– Inklusiorako Euskal Kontseiluaren funtzioak.
1.– Inklusiorako Euskal Kontseiluari dagokio honako funtzio hauek betetzea:
a) Nahitaezko txostenak egitea, honako kasu hauetan:
1. Diru-sarrerak bermatzeari eta inklusioari buruzko lege-aurreproiektuak.
2. Diru-sarrerak bermatzeari eta inklusioari buruzko dekretu-proiektuak.
3. Inklusiorako Euskal Plana eta diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko plan orokorrak eta sektorialak, betiere haien jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada.
b) Eusko Jaurlaritzari aholkularitza ematea eta ekimenak proposatzea Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari lotutako edozein arlori buruz.
c) Bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrak detektatu eta aztertzea, Inklusiorako Erakundearteko Batzordeari proposatzeko behar horiei aurre egiteko garatu beharko liratekeen jarduketa-ildoak.
d) Inklusioaren arloan esku hartzen duten agenteen iradokizunak, informazioa eta proposamenak jasotzea eta haiei halakoak egitea.
e) Diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko erantzukizuna duten euskal administrazio publiko guztien aldetik plan orokor eta sektorialen betetzearen jarraipen eta ebaluazioari buruzko informazioa jasotzea.
f) Nahitaezko txostena ematea Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra eta haren ordezkoak izendatzeko proposamenari buruz, bai eta kargua utzarazteko edo kargutik kentzeko proposamenari buruz ere, legearen 150. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
g) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste edozein.
2.– Funtzioak betetzean, hurrengo artikuluan adierazitako ebaluazioaren emaitza hartu beharko du kontuan, eta, hala badagokio, ebaluazioaren gomendioetatik aldentzeko erabakia arrazoitu beharko du.
IX. TITULUA
INKLUSIORAKO ETA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN EBALUAZIOA ETA INKLUSIOAREN ARLOKO EBALUAZIO-, IKERKETA- ETA BERRIKUNTZA-ORGANOA
I. KAPITULUA
EBALUAZIOA
146. artikulua.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioa.
1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari hauek ebaluatuko zaizkio: funtzionamendua, emaitzak, kalitatea eta kudeaketa-egituren eta haien osagaien eragina.
Ebaluazioak Sistemaren funtzionamendua hobetzeko ondorioak eta gomendioak bilduko ditu.
2.– Ebaluazioa bi urtean behin egingo da, eta Inklusiorako Erakundearteko Batzordeari, Inklusiorako Euskal Kontseiluari eta Eusko Legebiltzarrari igorriko zaie.
Ebaluazioa publikoa izango da, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, foru-diputazioen, udalen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren egoitza elektronikoetan, bai eta ebaluazioa egiteko ardura duen organoaren egoitza elektronikoan ere.
3.– Ebaluazioa Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak egingo du.
II. KAPITULUA
INKLUSIOAREN ARLOKO EBALUAZIO-, IKERKETA- ETA BERRIKUNTZA-ORGANOA
147. artikulua.– Sorkuntza eta araubide juridikoa.
1.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoa sortzen da, administrazio-organo espezializatu gisa, eta eskumen-esparru izango du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioa, berrikuntza eta ikerketa, bazterketaren prebentzioan eta desagerraraztean esku hartzeko gaitasunak garatu eta etengabe hobetzeko tresnak diren heinean.
2.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoa kide bakarreko organo gisa sortzen da. Titularra inklusio-politiken azterketa eta ebaluazioari lotutako arloetan ospe handia eta gutxienez hamabost urteko esperientzia duten pertsonen artean izendatuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura hierarkikoan txertatu gabe, diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailari atxikitzen zaio.
148. artikulua.– Independentzia.
Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak erabateko independentzia funtzionalarekin eta objektibotasunarekin jardungo du bere funtzioak betetzean.
Organo horren titularrak eta hari atxikitako langileek ezin izango dute erakunde publiko edo pribatuen instrukziorik eskatu edo onartu.
149. artikulua.– Funtzioak.
Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak honako funtzio hauek ditu esleituta:
a) Ebaluazioaren esparruan:
1. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioa egitea, 146. artikuluan adierazitakoa,
2. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren kalitate-adierazleak diseinatu, aldizka eguneratu eta argitaratzea,
3. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko informazioa zabaltzea, ahalik eta gardentasun handiena bermatuz haren irismenari eta funtzionamenduari dagokienez, eta
4. gizarte-inklusiorako eta enplegagarritasuna hobetzeko programak hobetzeko aplika daitezkeen kalitate-protokoloak eta kalitate-estandarrak landu eta aplika daitezen bultzatzea.
b) Ikerketaren esparruan:
1. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren xede diren gizarte-beharrei eta zerbitzu eta prestazioen eskariari buruzko ikerketa bultzatzea,
2. gizarte-inklusioko eta -bazterketako egoeren arrazoi eta faktoreak eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten bilakaera aztertzea,
3. zerbitzuak arretaren kudeaketa, kostua eta kalitatea kontuan hartuta aztertzea, haien etengabeko hobekuntza sustatzeko eta haien garapena eta bilakaera bideratzeko,
4. lege honetan jasotako prestazio ekonomikoek biztanleria osoan duten estaldura-tasa eta haien nahikotasun ekonomikoa ebaluatzea, eta
5. ikerketak egitea Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren edozein elementuri, xede dituen beharrei edo xede dituen biztanleria-profilei buruz.
c) Berrikuntzaren esparruan:
1. proiektu esperimentalak egin daitezen sustatzea, ebidentzian oinarritutako praktikaren ikuspegitik. Proiektu horiek, dagokien inpaktuaren ebaluazioa egin ondoren eta eraginkorrak izanez gero, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema osora hedatu ahal izango dira,
2. inklusioaren arloan dauden gizarte-eskariak aztertzea eta esku hartzeko proposamen berritzaileak planteatzea, eta
3. inklusiorako eta diru-sarrerak bermatzeko politiken arloan Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan zein Estatuko edo nazioarteko esparruan garatutako jardunbide egokiak identifikatu, aztertu eta zabaltzea.
d) Prestakuntzaren esparruan, euskal administrazio publikoekin elkarlanean aritzea Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman esku hartzen duten agente eta profesionalen prestakuntzan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari lotutako esparruetan bereziki.
150. artikulua.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularraren estatutu pertsonala.
1.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularraren estatutu pertsonala honako hau izango da:
a) Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, Gobernu Kontseiluan erabakitako dekretu bidez, diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumena duen sailaren titularrak proposamen arrazoitua eginda, Inklusiorako Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.
Izendapen-dekretuak hau ere izendatuko du: kargua hutsik geratzeagatik, absentziagatik edo gaixotasunagatik Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra ordeztuko duen pertsona edo ordeztuko duten pertsonak. Pertsona horrek titularrari eskatzen zaizkion betekizun berak bete beharko ditu eta Inklusiorako Euskal Kontseiluaren aldeko txostena izan beharko du.
b) Mugiezina izango da, eta bost urteko agintaldia izango du, karguaz jabetzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Nolanahi ere, izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren jabetuko da karguaz.
Agintaldia iraupen bereko aldietan luzatu ahal izango da.
c) Goi-karguduntzat hartuko da, zerbitzu berezien egoeran geratuko da aurretik funtzio publiko bat betetzen ari bazen, eta kargu publikodunen jokabide-kodea eta interes-gatazkak arautzen dituen legeriaren mende egongo da.
2.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra honako arrazoi hauengatik baino ezin izango da bere postutik kendu:
a) Heriotza.
b) Agintaldiaren amaiera.
c) Karguari idatziz uko egitea.
d) Betebeharren ez-betetze larria.
e) Askatasunaz gabetzeko zigorra edo enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza absolutu edo bereziko zigorra jasotzea.
f) Bere funtzioa betetzeko ezintasuna, gerora sortua.
Kargu-uztea edo kargutik kentzea Gobernu Kontseiluan erabakitako dekretu bidez formalizatuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzak hartuko du d) eta e) letretan –desgaikuntza bereziaren kasuan– eta f) letran aurreikusitako arrazoiengatik kargutik kentzeko erabakia, horretarako bideratutako espedientea egin, interesdunari entzun eta Inklusiorako Euskal Kontseiluak txostena egin ondoren.
151. artikulua.– Baliabide pertsonalak eta materialak.
Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak behar bezala funtzionatzeko behar dituen baliabide pertsonalen eta materialen eskuragarritasuna bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Oinarrizko zenbatekoa lege hau indarrean jartzen den egunean.
Lege hau indarrean jartzen denean, 33. artikuluan aurreikusitako oinarrizko zenbatekoaren hilekoa bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradun indibidual bati dagokion hileko errenta bermatuaren berdina izango da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diru-sarrerak bermatzeko sistemen eta gizarte-zerbitzuen sistemen elkarreragingarritasuna eta elkarren arteko konexioa.
1.– Lege hau argitaratu eta urtebeteko epean, diru-sarrerak bermatzearen, inklusioaren eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten sailek beren sistemen eta aplikazioen elkarreragingarritasuna eta elkarren arteko konexioa bermatuko dute, honako helburu hauekin:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak oinarrizko gizarte-zerbitzuei gizarte-diagnostikoaren eskaerak bitarteko elektronikoen bidez baino ez egitea, eta
b) gizarte-zerbitzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari bitarteko elektronikoz bakarrik helaraztea Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalean txertatu beharreko gizarte-diagnostikoko eta plan pertsonalizatuko datuak, bai eta aipatutako programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak direnak ere.
2.– Gizarte-zerbitzuek, aurreko apartatuan aipatutako sistemak eta aplikazioak erabiltzen ez badituzte, bertan xedatutakoa bete ahal izateko beste sistema elektroniko batzuk gaitu beharko dituzte epe berean.
3.– Lehenengo apartatuan aipatzen den agindua gauzatzen duten sistemek eta aplikazioek Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalak betetzen direla bermatuko dute.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Triaje-tresna.
Lege hau argitaratu eta urtebeteko epean, V. tituluko II. kapituluan aurreikusitako triaje-tresna onartuko du Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren alorrean eskumena duen sailak.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Politika fiskalak eta diru-sarrerak bermatzeko politikak.
Lege hau argitaratu eta urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak azterlan bat bidaliko dio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, gaitzat hartuta ea egoki den zerga-kenkari aurreratu itzulgarriak sartzea edo politika fiskalen eta diru-sarrerak bermatzeko politiken artean, zerga-esparru orokorrean, integrazio hobea lortzea ahalbidetuko duten beste neurri batzuk hartzea.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren jardueraren hasiera.
Inklusioaren arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak bere jarduerari hasiera emateko eguna organoaren titularraren izendapena argitaratu eta biharamuna izango da.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte-larrialdietarako laguntzetarako esleitutako zenbatekoak foru-diputazioei edo udalaz gaindiko erakundeei zuzenean transferitzea.
Foru-diputazioek gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketa beren gain badute, Euskadiko toki-erakundeei buruzko legerian aurreikusitako baldintzetan, edo udalek kudeaketa partekatuko formulen alde egiten badute partzuergoen, mankomunitateen edo beste formula batzuen bidez, Eusko Jaurlaritzan gizarte-larrialdietarako laguntzen funtsak kudeatzeko eskumena duen sailak diputazioen eta aipatutako erakundeen esku utziko ditu udal bakoitzari esleitutako zenbatekoak.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren plantilla.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beharrezko plantilla izango du Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Sistemaren prestazio ekonomikoak behar bezala kudeatzen, aitortzen eta kontrolatzen direla bermatzeko, bai eta enplegagarritasunari laguntzeko eta hura hobetzeko zerbitzuak behar bezala ematen direla bermatzeko ere. Horretarako, eskainiko ditu arreta eta laguntza pertsonalizatuak, pertsona eta enpresa erabiltzaileei aitortutako eskubideak behar bezala egikaritzea, eta esleituta dituen enplegu-zerbitzuen zorroko jarduera eta zerbitzu guztiak gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren legeetan aurreikusitako moduan.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen eskaeren araubide iragankorra.
Lege hau indarrean jartzean izapidetzen ari diren diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen eskaerak lege honetan xedatutakoaren arabera ebatziko dira. Horretarako, izapidetzeko dokumentazio osagarria eskatuko da, beharrezkoa izanez gero.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren araubide iragankorra.
1.– Indarrean jarri arte Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea garatzeko erregelamendu-xedapena, hau da, etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboari eta eskubide hori subsidiarioki asebeteko duen prestazio ekonomikoen sistemaren ezarpenari buruzkoa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen II. tituluaren I. kapituluko 2. atalean aurreikusitako etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria aplikatzen jarraituko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egokituko zaio hura aitortu, izapidetu, aldatu eta azkentzea.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den erregelamendu-xedapena indarrean jartzen denetik bi urte igarotakoan, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria automatikoki iraungiko da. Hala ere, titularrek etxebizitzako gastuetarako prestazio ekonomikoa edo etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboaren aitortza eskuratu ahal izango dute, gaia arautzen duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Enplegurako pizgarrien araubide iragankorra.
40. artikuluan xedatutakoaren arabera enplegua lortzea eta enpleguan irautea sustatzen duten mekanismoak aratuko dituen erregelamendua indarrean jarri arte, honako hau aplikatuko da: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Agindua, oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzekoa.
Nolanahi ere, pizgarrien aplikazioa mugagabea izango da, eta ezin izango da gehieneko iraunaldi bati lotuta egon.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen araubide iragankorra.
Gizarteratzeko Erakundearteko Batzordea, lege hau indarrean jartzen denean, Inklusiorako Erakundearteko Batzordea izatera igaroko da, eta, araudi espezifikoa onartzen ez den bitartean, Gizarteratzeko Erakundearteko Batzordearen funtzionamendu-arauak baliatuko ditu, betiere 142. eta 143. artikuluetan xedatutakoarekin bateraezinak ez badira.
Nolanahi ere, batzordearen osaera eta eginkizunak aipatutako artikuluetan ezarritakoaren araberakoak izango dira.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Inklusiorako Euskal Kontseiluaren araubide iragankorra.
Lege hau indarrean jartzen denean, Gizarteratzeko Euskal Kontseilua Inklusiorako Euskal Kontseilua izatera igaroko da, eta, araudi espezifikoa onartzen ez den bitartean, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluaren osaera eta funtzionamendu-arauak baliatuko ditu, betiere 144. eta 145. artikuluetan xedatutakoarekin bateraezinak ez badira.
SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ongizateko Funtsaren araubide iragankorra.
1.– Lege hau indarrean jartzen denean Gizarte Ongizateko Funtsaren prestazio ekonomikoak aitortuta dituztenek prestazio horiek jasotzen jarraituko dute maiatzaren 26ko 129/1986 Dekretuan aurreikusitako moduan eta baldintzetan –Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ongizateko Funtsetik adinekoentzat eta lanerako ezinduentzat emango diren pentsioak arautzen ditu dekretu horrek–.
2.– Lege hau indarrean jartzen denean ebazteke dauden Gizarte Ongizateko Funtsaren prestazio ekonomikoak aitortzeko eskaerak ebazteko, maiatzaren 26ko 129/1986 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio –Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ongizateko Funtsetik adinekoentzat eta lanerako ezinduentzat emango diren pentsioak arautzen ditu dekretu horrek–.
ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– 25., 26., 28., 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluak arian-arian aplikatzea.
1.– Legea indarrean jartzean aitortutako prestazioei 25., 26., 28., 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluak aplikatzerakoan, honako arau hauek bete beharko dira:
a) Lege hau indarrean sartu aurretik aitortutako prestazioei dagokienez, 82. artikuluan aipatutako zenbatekoa eguneratzeko prozedurak arian-arian izapidetuko dira. Horretarako, prestazioa eskatu den hilabeteari dagokion ordenari jarraituz hasiko dira.
Horrela, legea indarrean jartzen denean, eskaera-urtearen dagokion hilabetean aitortutako prestazioen zenbatekoa eguneratzeko prozedurak abiaraziko dira, hura edozein izanda ere, eta hurrengo hilabeteetan arau bera aplikatuko da.
b) 25., 26. eta 28. artikuluak aplikatuko dira a) letran aipatutako zenbatekoa eguneratzeko prozeduretan.
Zenbatekoa eguneratzea erabakitzen den arte, lege hau indarrean jartzean dauden bizikidetza-unitateak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko bizikidetza-unitateen osaeran edo kideen egoera pertsonaletan dauden aldaketak.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako zenbatekoa eguneratzeko prozedurak 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluetan xedatutakora egokituko dira.
3.– 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera bizikidetza-unitate berri bat dagoela ondorioztatzen denean, honela jokatuko da:
a) Eskaera egin beharrik gabe aitortuko da diru-sarrerak bermatzeko errenta, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitorpenerako beharrezko datuak baditu.
b) Bestela, errekerimendua egingo da, eskatutako dokumentuak aurkez daitezen hamar eguneko epean, prestazioa aitortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta hala egin ezean espedientea artxibatu egingo dela adieraziko da.
c) Bi kasuetan, interesdunari hamar eguneko entzunaldi-izapidea bermatuko zaio; hala ere, izapide hori alde batera utzi ahal izango da, prozeduran ez badira agertzen edo ez badira kontuan hartzen interesdunak alegatutako datu, egitate edo frogak baino.
d) Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, eskubide hori aitortzen duen ebazpena emango da. Bestela, eskubide hori aitortzen ez dela adieraziko da.
4.– Xedapen hau aplikatuz ematen diren ebazpenek ezin izango dute deklaratu 25., 26., 28., 35.1.b), 2 eta 3. eta 82. artikuluak arian-arian aplikatzearen ondorioz bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra, eta interesdunek ezin izango dute erreklamatu inguruabar beretik eratorritako eta aitortutako zenbatekoez bestelakoak jasotzeko eskubidea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen dira, lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiez gain, beste hauek ere:
a) 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzekoa eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.
b) Bigarren xedapen gehigarria: Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea.
c) Zortzigarren xedapen iragankorra: 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.
d) 129/1986 Dekretua, maiatzaren 26koa, EAEko Gizarte Ongizateko Funtsaren pentsioak arautzen dituena adinekoentzat eta lanerako ezinduentzat.
e) 1/2000 Dekretua, urtarrilaren 11koa, Gizarteratze Hitzarmenak arautzen dituena, lege honen aurka doan guztian.
f) 2/2010 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriari buruzkoa.
g) 147/2010 Dekretua, maiatzaren 25ekoa, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzkoa, lege honen aurka doan guztian.
h) 34. - 37. artikuluak: 4/2011 Dekretua, urtarrilaren 18koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legea aldatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 2. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da; honela geratuko da idatzita:
«3.– Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea bere zerbitzuen erabiltzaileak artatzeko sistema modernizatzea da, erabiltzaileen babes-sozial egokia berma dezan.
Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagiri elektronikoak erabiliko ditu dokumentuak identifikatzeko eta sinatzeko, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduan, baita, hala badagokio, autentifikatzeko beste prozedura batzuk edo bere zerbitzuen erabiltzaileak eta prestazioen onuradunak identifikatzeko sistema biometrikoak ere.
Azken sistema horiek erabiltzea ordezkoa izango da beti, nortasun-agiri nazionalaren, identifikazio fiskaleko zenbakiaren, atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren, atzerritarraren nortasun-txartelaren edo identifikazio-agiri baliokidearen bidezko identifikazioa ezinezkoa denean, eta honekin justifikatuko da: pertsonak modu unibokoan eta fede-emailean identifikatu beharrean, identifikaziorako zailtasunei lotutako eskubideen mugak edo bazterketak ezabatzean, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestazioen eta zerbitzuen kudeaketa hobetu beharrean.
Haien tratamenduan, zeina prestazioak eta zerbitzuak kudeatzeko behar-beharrezkoa baino ez baita izango, segurtasun- eta berme-neurri egokiak aplikatuko dira, erantzukizun proaktiboaren printzipioaren eta datuak babesteko araudian xedatutakoaren arabera».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamenduzko garapena.
Gobernu Kontseiluari eskumena ematen zaio lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabeteko epean hura garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak ezar ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Deslegeztatzea.
1.– Gobernuari eskumena ematen zaio honako arau hauek aldatzeko:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izateko baldintza orokorrei dagokienez, 23-29 urteko pertsonei eska dakiekeen bizitzaldi independentea aldatu ahal izango du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egoteko eta bertan benetan bizitzeko eskatzen den aldia ere.
Erregelamendu-arauak ezin izango ditu 16.1.c) artikuluko lehenengo paragrafoan eta e) letran aurreikusitako diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak larriagotu.
b) Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta onuradunak 31. artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzetik salbuesteko kasuak.
c) 36. artikuluan aipatzen den indize zuzentzailea, betiere aldaketa beheranzkoa bada.
d) Diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa eguneratzeko aldia eta prozedura, diru-sarrera konputagarrien zehaztapena, bizikidetza-unitatea eta kideen inguruabar pertsonalak, prestazioa eguneratzean kontuan hartu beharrekoak, 35.1.b), 2 eta 3. artikuluan eta 82. artikuluan arautuak.
e) Honako hauek justifikatzeko inguruabarrak: enplegurako prestakuntza-ikastaro bat edo enplegurako hautaketa-prozesu bat errefusatzea, bertan behera uztea edo hartara ez joatea, enplegu-eskaintza bati uko egitea edo lan-jarduerari borondatez uztea, 45.3 eta 48.2 eta 3 artikuluek aipatzen baitituzte. Erregelamendu-arauak ezingo die eragin 45.3.f), 48.2.a) eta 48.3 artikuluetan aurreikusitako kontziliazio-kasuei.
f) 78.2 artikuluan aipatzen diren eskabide-eredu normalizatuen edukia onartzea eta zehaztea.
2.– Gobernuak xedapen horren arabera ezartzen dituen arauak, ahal dela, berariaz justifikatuta egon beharko dira 146. artikuluan aurreikusitako ebaluazioan jasotako ondorio eta gomendioetan.
3.– Krisi sozioekonomiko larriaren kasuan, eta krisialdi horrek irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak malgutu ahal izango ditu diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea aitortzeko baldintzak eta prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 26a.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.