232. zk., 2022ko abenduaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
5284
AGINDUA, 2022ko azaroaren 24koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa sortzen duena.
Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legean ezartzen dira ikuskizunek eta jolas jarduerek bete behar dituzten baldintzak, baita horrelakoak egiteko establezimendu edo espazioek bete beharrekoak ere. Gainera, bertan daude azalduta eskaintzen diren zerbitzuen segurtasuna eta kalitatea indartzeko, zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonen ardura eta profesionaltasuna bermatzeko eta jendearen eskubideak sendotzeko alderdiak. Hots, sarrerak zaintzeko eta kontrolatzeko betebeharrak, jendea onartzeko baldintzak eta sarrerak ukatzeko erreserbak arautzen dira, besteak beste.
10/2015 Legeak 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, erregelamenduz zehaztuko da zer ikuskizun, jarduera eta establezimendu publiko motek izan behar dituzten, beren izaera edo edukieragatik edo herritarren bizikidetzan izan dezaketen eraginagatik, jendea onartzeko zerbitzu bereziak, langileak egokiro identifikatu eta akreditatuta dituztenak, bezero edo erabiltzaileen sarrera kontrolatzeko. Horrez gain, titularrei, nahi izanez gero, sarrera-kontrola edukitzeko aukera ematen die, lege horretan aurreikusitako moduan betiere; eta ezartzen du sarrera kontrolatzeko funtzioa bete ahal izateko beharrezkoa izango dela jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren eskumena duen sailaren gaikuntza eskuratzea.
10/2015 Legea garatzeko erregelamendua onartu zuen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan, sarrera-kontroleko langileak definitzen dira, haien eginkizunak jasotzen dira eta beharrezko gaikuntza eskuratzeko oinarrizko betekizunak zehazten dira. Bertan ezartzen da, bestalde, ikuskizunen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak onarpen-zerbitzuko zereginetarako gaikuntza berezia duten langileen erregistro bat osatuko duela.
Agindu honen bidez, Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa sortzen da.
Hori dela-eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa.
1.– Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa sortzen da. Bertan inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak deitu dituen gaikuntza-probak gainditu dituzten pertsonak, baina baita beste autonomia-erkidego batzuek edo Estatuko nahiz Europar Batasuneko erakundeek gaitu dituztenak ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu publikoetan onarpen-zerbitzuan aritu ahal izateko ezinbestekoa da onarpen-zerbitzuen erregistroan inskribatuta egotea.
2.– Erregistroan honako datu hauek jaso behar dira:
a) Pertsonaren identifikazio-datuak (izena, abizenak, identifikazio-agiriaren zenbakia).
b) Harremanetarako datuak (telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa).
c) Gaikuntzaren data edo, hala badagokio, baliogabetzearen data.
d) Egin diren arau-hauste administratiboak eta ezarri diren zehapenak.
3.– Erregistroan jasotzen diren datuak ezin zaizkie hirugarrenei eman; baina salbuespen dira ikuskizunen arloan eskumena duten beste administrazio batzuk, bere eskumenak gauzatzeko eta datu pertsonalen araudian aurreikusitako arrazoiengatik. Datuak despertsonalizatzen badira, datu estatistikoetarako erabili ahal izango dira.
2. artikulua.– Organo eskuduna.
Onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikita egongo da; beraz, zuzendaritza horrek beteko ditu erregistroari lotutako eginkizunak.
Erregistro honetan jasotako datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ahazteko edo ezabatzeko eskubideak (datu pertsonalak babesteko araudian aitortutakoak) baliatzeko zuzendaritza horretara jo behar da, bide judizialetik balia daitezkeen eskubideei kalterik egin gabe.
3. artikulua.– Erregistroan inskribatzea eta betekizunak egiaztatzea
Onarpen-zerbitzuko zereginetan lan egin nahi duen pertsonaren gaikuntza 17/2019 Dekretuaren 63.1 artikuluan ezarritako erakundeetako batek emandakoa bada, erregistroan inskribatzeko eskaera egin beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10926).
Inskribatzeko eskaera jaso ostean, erregistroa egiteko ardura duen organoak egiaztatuko du ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen. Baldintzaren bat betetzen ez badu, inskripzioa ukatuko zaio.
Gaikuntza egiaztatu ostean egingo da inskripzioa.
Eta erregistroko inskripzioa egin ostean, txartel profesionala emango da, gaikuntza egiaztatzen duen identifikazio-zenbaki eta guzti.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.