229. zk., 2022ko azaroaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 5 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5219
EBAZPENA, 2022ko urriaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, oinarri espezifikoak argitaratzekoa egonkortasunerako ezohiko prozesuaren barruan: administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioak, B taldea, Unibertsitate Gestioko eskala.
UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako langileen 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2019ko abenduaren 24ko EHAA, 244. zk). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2020ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, 2020. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.). Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko Erabakiaren bidez (2021eko abenduaren 24ko EHAA, 265. zk.), 2021. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez (2022ko maiatzaren 31ko EHAA, 104. zk.), administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2022. urteko lan eskaintza onartu eta 2019, 2020 eta 2021. urteetako lan eskaintzak aldatu ziren.
Deialdi espezifikoen kudeaketan ekonomia, eraginkortasuna eta efizientzia ezartze aldera, eskaintza guztiak prozesu bakar baten barruan sartu dira eta prozesu horren oinarri orokorrak onartuta daude UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez.
UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala, kontuan izanik Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. eta 24. artikuluak eta II. tituluaren IV. kapitulua (langileak hautatzeari buruzkoa), Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluaren I. kapitulua, 2022ko ekainaren 30eko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa), AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioa (ezartzen dituena irizpide orokorrak 2018ko birjartze tasari dagokion funtzionarioen lan eskaintza publikorako, eta funtzionarioen lekualdaketa lehiaketarako eta barne promoziorako), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau behin onartuta 2022ko urriaren 20ko bileran,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Deialdia egitea egonkortasunerako ezohiko prozesuaren barruan hautaketa prozesuak egin daitezen, merezimenduen lehiaketa sistemaren bidez eta txanda librean, plazak betetzeko UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioen kolektiboan, B taldean, Unibertsitate Gestioko eskalan. Plazak era honetara banatuta daude eta ezaugarri hauek dituzte:
– Bi (2) plaza Unibertsitate Gestioko eskalan, Erizaintzako prozesu espezifikoan:
• Plaza bat (1) 3. HErekin eta derrigortasun data gaindituta.
• Plaza bat (1) 3. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe.
Bi plazek betebehar espezifiko hau daukate: Erizaintzako Gradua edo Diplomatura – Enpresako Erizaintzako Diploma.
– Hamazortzi (18) plaza Unibertsitate Gestioko eskalan, Gestio Orokorreko prozesu espezifikoan:
• Hamasei (16) plaza 3. HErekin eta derrigortasun data gaindituta. Horietako lau (4) plazak betebehar espezifiko hau daukate: ingeleseko C1 maila; beste lau (4) plazak, betebehar espezifiko hau: ingeleseko B2 maila.
• Plaza bi (2) 3. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe.
Plazen deialdi honek erantsita dauka generoaren eraginaren aurretiazko ebaluazio txostena, oinarri hartuta Bizkaiko Foru Aldundiaren azaroaren 19ko 141/2013 Foru Dekretua.
Bigarrena.– Deialdian parte hartzeko baldintzak.
Oinarri orokorretako 4.2 atalean zehaztutako baldintzez gain, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 43. artikuluan zehaztutakoaren arabera:
a) Eskatutako titulazioa izatea: unibertsitate gradua edo diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea, kasuan kasuko organo eskudunak emanik.
Unibertsitate diplomaturaren baliokidetzat joko da lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza titulu ofizial bateko lehen hiru mailak osorik gaindituta izatea, edo ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta ziklo horrek gutxienez 180 kreditu badauzka.
b) Kasuan kasuko lanpostuaren baldintzak betetzea, baita indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein ere.
c) Eskariak aurkezteko ordaindu beharreko tasak:
Oinarri orokorretako 5.2.h) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasak eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira Kutxabank entitatean, oinarri horietako 5.1 puntuan adierazitakoari jarraikiz.
Eskaria UPV/EHUko webgunearen bidez aurkezten dutenek (5.1.a) oinarria) «ordainketa pasabidearen» bitartez ordaindu ahal izango dituzte tasak, sisteman bertan zehazten diren baldintzak betez. Bestela, ordainketa Kutxabanken egin ahal izango dute.
Tasa horien zenbatekoa 19,58 eurokoa da prozesu espezifiko bakoitzeko.
Hirugarrena.– Merezimendu lehiaketaren bidezko hautaketa sistema.
Hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira: merezimendu bakoitzari ondorengo baremoaren arabera dagozkion puntuak esleituko zaizkio, eta gehienez ere hamar (10) puntu lortu ahal izango dira.
Merezimenduen baremoan kontuan hartuko dira:
– Merezimendu profesionalak.
– Merezimendu akademikoak.
3.1.– Merezimendu profesionalak:
Gehienez zortzi punturekin baloratuko dira administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, deialdi bakoitzerako eskariak aurkezteko azken egunera arte. Emandako zerbitzutzat hartuko dira bitarteko funtzionario izendapenean azaltzen diren zerbitzu profesionalak. Zerbitzu betekizunetan emandako zerbitzuak baloratzerakoan langileak orduan zeukan izendapeneko lanpostuan emandakotzat hartuko dira.
Atal honetan, irizpide hauen arabera emango dira puntuak:
a) Deialdia egin duen administrazioa parekoa eta emandako zerbitzuak pareko izateagatik: 0,048 puntu lan egindako hilabete osoko, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean bitarteko funtzionario legez deialdikoarekin bat datorren funtzionarioen eskalan.
b) Deialdia egin duen administrazioaren antzekoak izateagatik eta emandako zerbitzuak parekoak izateagatik: 0,024 puntu lan egindako hilabete osoko, beste edozein unibertsitate publikotan bitarteko funtzionario legez deialdiko eskalaren parekoan.
c) Emandako zerbitzuak parekoak izateagatik: 0,016 puntu lan egindako hilabete osoko, beste edozein administrazio publikotan bitarteko funtzionario legez deialdiko eskalaren parekoan.
d) Deialdia egin duen administrazioaren pareko izateagatik: 0,012 puntu lan egindako hilabete osoko, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean bitarteko funtzionario legez deialdikoarekin bat ez datorren eskalan.
Puntuak zenbatzeko lan egindako aldien batuketa egingo da eta azken baturan ez da kontuan izango 30 egun naturaletik beherako zatirik. Lanaldi partzialean emandako zerbitzu aldiak lanaldi osoan emandakotzat hartuko dira.
Egonkortasunerako ezohiko prozesuan, merezimendu lehiaketaren bidezkoan, behin baino ez dira baloratuko emandako zerbitzuak, eta, beraz, ezin izango dira erabili eskala bereko prozesu desberdinetan. Eskala eta prozesu horiek jasota daude Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiko II. eranskinean (administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2022. urteko lan eskaintza onartu eta 2019, 2020 eta 2021. urteetako lan eskaintzak aldatzeko Erabakia; 2022ko maiatzaren 31ko EHAA, 104. zk).
Beraz, funtzionarioen oinarri orokorren 8.6 puntuan ezarritako epean, hautagaiak zehaztu beharko du zein prozesu espezifikotan nahi duen kontuan hartzea emandako zerbitzuak.
3.2.– Merezimendu akademikoak: gehienez, 2 puntu.
3.2.1.– Titulu akademikoak: titulu akademikoei puntu 1 emango zaie gehienez, eskatutako lanpostuari dagokion sailkapen taldean sartzeko beharrezko tituluari izan ezik, baremo honen arabera:
– Eskuratu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko eskatutakoaren gainetik dagoen titulu bat edukitzea: puntu 1 titulazioko.
– Eskuratu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko eskatzen den tituluaz gain, maila bereko beste bat edukitzea: 0,5 puntu titulazioko.
Titulu bat baloratzen denean ez dira baloratuko hori lortzeko behar diren beheragoko tituluak.
Ez dira merezimendutzat baloratuko baldintzak betetzeko erabilitako titulazioak.
3.2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak: gehienez puntu 1, baremo honen arabera:
– Frantsesa, ingelesa edo alemana egiaztatzeko tituluak edo ziurtagiriak, Europako Marko Bateratuko C2 mailakoak: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.
– Frantsesa, ingelesa edo alemana egiaztatzeko tituluak edo ziurtagiriak, Europako Marko Bateratuko C1 mailakoak: 0,75 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Frantsesa, ingelesa edo alemana egiaztatzeko tituluak edo ziurtagiriak, Europako Marko Bateratuko B2 mailakoak: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Frantsesa, ingelesa edo alemana egiaztatzeko tituluak edo ziurtagiriak, Europako Marko Bateratuko B1 mailakoak: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Kontuan hartuko da UPV/EHUko errektoreak 2012ko martxoaren 8an emandako Erabakia, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasunari buruzkoa (Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez eguneratu zena), edo erabaki horren ordezko arautegia.
Puntuazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
3.2.3.– Hautaketa prozesu bat gainditu izana, bai karrerako funtzionario izateko, hautatua izan gabe, bai aldi baterako enplegu publikorako lan poltsak eratzeko: gehienez puntu 1 honen arabera:
– UPV/EHUko hautaketa prozesuak, deialdiko eskala bereko funtzionarioentzat: puntu 1.
– Beste unibertsitate batzuetako hautaketa prozesuak, deialdiko talde eta eskala bereko funtzionarioentzat: 0,5 prozesuko.
– Beste administrazio publiko batzuetako hautaketa prozesuak, deialdikoaren pareko eskalako funtzionarioentzat: 0,33 puntu prozesuko.
3.2.4.– Eskariak aurkezteko epea bukatzean UPV/EHUko lan poltsetan egotea, UPV/EHUren deialdi honetako eskala berean: puntu 1.
Laugarrena.– Merezimenduak akreditatzea.
Merezimenduak akreditatu egin beharko dira, eta horretarako, ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dira oinarri orokorretan zehaztutako epe eta eran. Ez da aurkeztu beharko, baina, UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzak jada bere esku daukan dokumenturik:
4.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina ez dira akreditatu beharko. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.
4.2.– Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko, administrazio bakoitzak horretarako duen eredua erabiliko da. Ez da ziurtagiri hori aurkeztu beharko UPV/EHUk hirurtekoetarako aitortuta dituen zerbitzuetarako. Nolanahi ere, banakatu egingo dira lan eginiko aldiak, eta aldi horiek zein talde eta eskalari dagozkien zehaztu. Horrez gain, lanpostuaren edo lanpostuen monografia edo eginkizunen ziurtagiria aurkeztu beharko da, langileen arloko zuzendaritza eskudunak emandakoa.
4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean, foru administrazioan eta toki administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, aintzat harturik uztailaren 30eko 208/1990 Dekretua, Euskal Administrazio Publikoetako kidegoen eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duena.
4.4.– Tituluak akreditatzeko, aurkeztu beharko da titulua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatearen egiaztagiria, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo tituluaren jabe izatea egiaztatzen duen dokumentua. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.
4.5.– Hizkuntzak akreditatzeko, titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ez da probarik egingo. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutakoak.
4.6.– Hautaketa prozesu bat gainditu izana akreditatzeko –karrerako funtzionarioa izateko prozesua, hautatua izan gabe, edo bitarteko funtzionarioentzako lan poltsak eratu edo zabaltzeko prozesuak– funtzio publikoaren arloko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da eta berariaz zehaztuta izan beharko du hautagaiak gainditu egin zuela hautaketa prozesua, bai eta ondoko hauek ere: deialdia noiz argitaratu zen, zein talde eta eskalatarako zen eta zein izan zen hautagaiak lortutako nota. UPV/EHUren hautaketa prozesuetarako, merezimendu hori ofizioz egiaztatuko da, baina alegatu egin beharko da funtzionarioen oinarri orokorretako seigarren oinarrian zehaztutakoari jarraikiz.
4.7.– Hautagaia UPV/EHUko lan poltsetan badago eskala berean, ofizioz akreditatuko da, baina hautagaiak alegatu egin beharko du.
Bosgarrena.– Euskara.
5.1.– Eskaintzen diren plaza guztiek gaindituta badaukate derrigortasun data deialdia egiten den egunean, «gai» kalifikazioa izango dute kasuan kasuko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten hautagaiek.
5.2.– Eskaintzen diren plazek ez badaukate gaindituta derrigortasun data deialdia egiten den egunean, honela baloratuko da euskara maila eta ezin izango da lortu bitarteko puntuaziorik:
3. HE duten lanpostuak, derrigortasun data gainditu gabe:
– 1. HE akreditatuz gero: 0,5 puntu.
– 2. HE akreditatuz gero: puntu 1.
– 3. HE edo goragokoa akreditatuz gero: 1,5 puntu.
Seigarrena.– Azken kalifikazioa.
6.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da lortutako puntuen batura.
6.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratuko dira UPV/EHUren iragarki oholean eta www.ehu.eus helbidean.
Zazpigarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bi errekurtsoak ezin dira batera jarri.
Leioa, 2022ko urriaren 20a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.