Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4759

EBAZPENA, 2022ko urriaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena. Honen bidez argitaratzen dira UPV/EHUko B taldeko Unibertsitate Gestioko eskalarako eta Artxibo, Biblioteka eta Museoetako Laguntzaileen eskalarako barne promozioaren hautaketa prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak.

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako langileen 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2019ko abenduaren 24ko EHAA, 244. zk.). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2020ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, 2020. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.). Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko Erabakiaren bidez (2021eko abenduaren 24ko EHAA, 265. zk.), 2021. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez (2022ko maiatzaren 31ko EHAA, 104. zk.), administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2022. urteko lan eskaintza onartu eta 2019, 2020 eta 2021. urteetako lan eskaintzak aldatu ziren.

Deialdi espezifikoen kudeaketan ekonomia, eraginkortasuna eta efizientzia ezartze aldera, eskaintza guztiak prozesu bakar baten barruan sartu dira eta prozesu horren oinarri orokorrak onartuta daude UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez.

UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala, kontuan izanik Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. eta 24. artikuluak eta II. tituluaren IV. kapitulua (langileak hautatzeari buruzkoa), Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluaren I. kapitulua, 2022ko ekainaren 30eko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa), AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioa (ezartzen dituena irizpide orokorrak 2018ko birjartze tasari dagokion funtzionarioen lan eskaintza publikorako, eta funtzionarioen lekualdaketa lehiaketarako eta barne promoziorako), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau behin onartuta 2022ko urriaren 20ko bileran,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Hautaketa probetarako deia egitea UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen B taldeko 17 plaza barne promozio bidez betetzeko, lanpostuak era honetara banatuta:

– Hamahiru (13) plaza Unibertsitate Gestioko eskalan (Unibertsitate Gestioko prozesu espezifikoa), era honetara banatuta:

• Bederatzi (9) plaza 3. HErekin eta derrigortasun data gaindituta; horietako batek betebehar espezifikoa dauka: ingeleseko B2 maila.

• Lau (4) plaza 3. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe; horietako batek betebehar espezifikoa dauka: ingeleseko B2 maila eta frantseseko B1 maila.

– Lau (4) plaza Artxibo, Biblioteka eta Museoetako Laguntzaileen eskalan (Bibliotekako Laguntzaileen prozesu espezifikoa), era honetara banatuta:

• Hiru (3) plaza 3. HErekin eta derrigortasun data gaindituta.

• Plaza bat (1) 3. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe.

Hautaketa egingo da lehiaketa-oposizio bidezko sistema erabilita, erabaki honek ezarri moduan.

Deialdi honek kontuan hartzen du Generoaren araberako Eraginaren Aurretiazko Ebaluazio Txostena.

Bigarrena.– Deialdian parte hartzeko baldintzak.

Oinarri orokorretako laugarren oinarrian zehaztutako baldintzez gain, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.– Titulazio hauetako bat izatea: diplomatura, graduko unibertsitateko titulu ofiziala, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo titulu baliokidea. Unibertsitate diplomaturaren baliokidetzat joko da lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza titulu ofizial bateko lehen hiru mailak osorik gaindituta izatea, edo ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta ziklo horrek gutxienez 180 kreditu badauzka.

2.2.– Karrerako funtzionario izatea UPV/EHUko C taldeko Administrarien eskalan.

Parte hartu ahal izango dute, era berean, titulazio talde berekoak izanik taldeko beste eskala batekoak diren karrerako funtzionarioek.

Bigarren oinarri honetan ezarritako baldintzak beteta izan beharko dira eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta mantendu egin beharko dira karrerako funtzionarioak hautaketa prozesu honen xede den eskalan kargua jabetzan hartu arte. Aurrekoa gorabehera, hautagaiek ezin izango dute probetan parte hartu baldin eta eskabideak aurkezteko azken egunean eginkizunak edo, hala badagokio, enplegua eta soldata, modu irmoan etenda badituzte.

2.3.– Eskariak aurkezteko ordaindu beharreko tasak:

Oinarri orokorretako 5.2.g) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasak eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira Kutxabank entitatean, oinarri horietako 5.1 puntuan adierazitakoari jarraikiz.

Eskaria UPV/EHUko webgunearen bidez aurkezten dutenek (5.1.a) oinarria) «ordainketa pasabidearen» bitartez ordaindu ahal izango dituzte tasak, sisteman bertan zehazten diren baldintzak betez. Bestela, ordainketa Kutxabanken egin ahal izango dute.

Tasa horien zenbatekoa 19,58 eurokoa da prozesu espezifiko bakoitzeko.

Hirugarrena.– Oposizio fasea.

3.1.– Ariketa bakar bat edukiko duen proba teoriko-praktiko bat egin beharko da.

Oposizio fasean, 20 puntu lortuko dira gehienez.

Fasea gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Ariketa bakarra idatzia izango da eta baztertzailea. Test motako galdetegi bat izango da: 50 galdera gehi erreserbako bost (5); bakoitzak lau erantzun aukeran eta bakar bat zuzena. Galderak aukeratuko dira gehienez 300 galdera izango dituen sorta batetik, eta erabaki honen eranskinean jasotako programako gaien (30 gai) eduki teorikoei edo praktikoei buruzkoak izango dira.

60 minutuko iraupena izango du. Ariketaren kalifikazioa 0tik 100era bitartekoa izango da.

Erantzun okerrek eta erantzun gabekoek ez dute penalizaziorik izango.

Oposizioaren gai zerrendaren edukia egokituko da deialdiaren datan «Estatuko Aldizkari Ofizialean» (BOE) argitaratutako araudira.

300 galderako galdera sorta argitaratuko da ariketa egin baino lau (4) hilabete lehenago gutxienez.

Azterketa egin ondoren epaimahaiak galdera bat edo gehiago baliogabetzea erabakitzen badu, erabaki horretan bertan ezarriko du baliogabetutako galderen ordez erreserbako beste horrenbeste galdera erabiliko dituela, kontuan izanik hurrenkera.

Fase hau gainditu ahal izango du plaza kopurua baino handiagoa izango den hautagai kopuru batek.

3.2.– Nota gordetzea. Hautagaiak hurrengo deialdi batean oposizio faseko ariketak egiteaz salbuetsita geratuko dira, baldin eta oposizio fasean gehienez lor daitekeen puntuazioaren % 70etik gorako nota lortu badute, baina lehiaketa fasean merezimendu nahikorik ez izatearren eskalan plazarik lortu ez badute, eta, betiere, hurrengo deialdi horretan talde, eskala eta txanda berean aurkezten badira eta gai zerrendaren edukia, ariketak eta kalifikatzeko modua berberak badira. Hala ere, nota hobetu nahi izanez gero, aurkezteko aukera izango dute. Kasu horretan, hautagaiak lortutako nota txikiagoa bada edo oposizio fasea gainditzen ez badu, 2019-2020-2021-2022 LEPko deialdiko nota gordeko zaio.

Laugarrena.– Lehiaketa fasea.

Lehiaketaren fasean hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, merezimendu bakoitzari puntuazioa esleituz ondorengo baremoaren arabera. Fase honetan gehienez ere bederatzi (9) puntu lortu ahal izango dira.

Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.

4.1.– Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

Administrazio publikoetako antzinatasuna, eskabideak aurkezteko azken egunera artekoa: 9 puntu gehienez, 0,04 puntu zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko.

UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Puntuak zenbatzeko, lan egindako aldien batuketa egingo da, eta azken baturan ez da kontuan izango 30 egun naturaletik beherako zatirik. Lanaldi partzialean emandako zerbitzu aldiak lanaldi osoan emandakotzat hartuko dira.

Egindako zerbitzu aldia behin baino ez da baloratuko, hau da: ezin izango da berriro erabili beste prozesu espezifiko batzuetan. Beraz, merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko ezartzen den epean (barne promozioko oinarri orokorretako 8.4.1 oinarrian zehaztua), hautagaiak zehaztu egin beharko du zein prozesu espezifikotan sartu nahi dituen zerbitzuak.

4.2.– Merezimendu akademikoak.

4.2.1.– Titulazio akademikoak.

Titulu akademikoei puntu 1,5 emango zaie gehienez, eskatutako lanpostuari dagokion sailkapen taldean sartzeko beharrezko tituluari izan ezik, modu honetara banatuta:

– Eskuratu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko eskatutakoen gainetik dagoen titulu bat edukitzea: 1,5 puntu.

– Eskuratu nahi den sailkapen taldean sartzeko eskatzen den tituluaz gain, maila bereko beste bat edukitzea: 0,75 puntu.

Titulu bat baloratzen denean ez dira baloratuko hori lortzeko behar diren beheragoko tituluak.

4.2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere 1,50 emango da, betiere baremo honen arabera:

– Europako Marko Bateratuko C1 mailako edo maila goragoko frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: Puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.

– Europako Marko Bateratuko B2 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

– Europako Marko Bateratuko B1 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Kontuan hartuko da UPV/EHUko errektoreak 2012ko martxoaren 8an emandako Erabakia, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasunari buruzkoa (Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez eguneratu zena), edo erabaki horren ordezko arautegia.

Puntuazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.

Bosgarrena.– Merezimenduak akreditatzea.

Merezimenduak akreditatu egin beharko dira, eta horretarako, ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dira oinarri orokorretan zehaztutako epe eta eran. Ez da aurkeztu beharko, baina, UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzak jada bere esku daukan dokumenturik:

5.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina ez dira akreditatu beharko. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

5.2.– Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko, administrazio bakoitzak horretarako duen eredua erabiliko da. Ez da ziurtagiri hori aurkeztu beharko UPV/EHUk hirurtekoetarako aitortuta dituen zerbitzuetarako. Nolanahi ere, banakatu egingo dira lan eginiko aldiak, eta aldi horiek zein talde eta eskalari dagozkien zehaztu.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean, foru administrazioan eta toki administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, aintzat harturik uztailaren 30eko 208/1990 Dekretua, Euskal Administrazio Publikoetako kidegoen eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duena.

5.4.– Tituluak akreditatzeko, aurkeztu beharko da titulua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatearen egiaztagiria, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo tituluaren jabe izatea egiaztatzen duen dokumentua. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.

5.5.– Hizkuntzak akreditatzeko, titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ez da probarik egingo. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.

Seigarrena.– Euskara.

6.1.– Eskaintzen diren plaza guztiek gaindituta badaukate derrigortasun data deialdia egiten den egunean, «gai» kalifikazioa izango dute kasuan kasuko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten hautagaiek.

6.2.– Eskaintzen diren plazek ez badaukate gaindituta derrigortasun data deialdia egiten den egunean, honela baloratuko da euskara maila eta ezin izango da lortu bitarteko puntuaziorik:

3. HE duten lanpostuak, derrigortasun data gainditu gabe:

– 1. HE akreditatuz gero: 1,45 puntu.

– 2. HE akreditatuz gero: 2,90 puntu.

– 3. HE edo goragokoa akreditatuz gero: 4,35 puntu.

Zazpigarrena.– Azken kalifikazioa.

7.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da hautaketa prozesu osoan lortutako puntuen batura, baina lehentasuna izango dute beti eskala bereko lanpostu bat lortu nahi dutenek.

7.2.– Lehiaketa-oposizioaren emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratuko dira UPV/EHUren iragarki oholean eta www.ehu.eus helbidean.

7.3.– Lanpostuen zerrendan B taldera irekita dauden lanpostuetako titularrek Unibertsitate Gestioko eskalan edo Artxibo, Biblioteka eta Museoetako Laguntzaileen eskalan sartzea lortzen badute, beren lanpostuan jarraitu ahal izango dute, betiere, eskarian horrela adierazi badute; lanpostuak lanpostuen zerrendan daukan hornikuntza sistema bera izaten jarraituko du. Horrelakoetan, pertsona horiek ez dute parterik hartuko hautaketa prozesuko puntuen hurrenkerari jarraikiz lanpostuak esleitzeko prozesuan, bat etorrita abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko 22.1 artikuluko azken aurreko paragrafoarekin.

Funtzionarioren batek lanpostuak aukeratzeko eskaeran adierazi badu ez duela jarraitu nahi titular den lanpostuan, lanpostu hori esleipenerako eskainiko da, betiere, funtzionario horrek hautaketa prozesua gainditu badu. Funtzionario horrek, bestalde, lanpostua aukeratuko du prozesuan lortutako hurrenkeraren arabera.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bi errekurtsoak ezin dira batera jarri.

Leioa, 2022ko urriaren 20a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

ERANSKINA
OPOSIZIO FASERAKO PROGRAMAK
GAI ZERRENDA: UNIBERTSITATE GESTIOA – BARNE PROMOZIOA

1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak, egitura eta erreforma. Konstituzioko printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa. Espainiako Konstituzioaren balio gorenak. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskal Autonomia Erkidegoaren aginteak.

3.– Administrazio Zuzenbidearen iturriak: Legea: kontzeptua eta motak. Lege indarra duten arautegiko xedapenak: Lege Dekretuak eta Legegintzako Dekretuak.

4.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta 6/2001 Legea, Unibertsitateei buruzkoa: edukiaren ezagutza orokorra. Unibertsitatearen autonomia.

5.– UPV/EHUren Estatutuak: izaera eta helburuak. Unibertsitateko kideak. Unibertsitateko jarduera. Egitura. Gobernu organoak. Gizarte Kontseilua. Unibertsitateko Klaustroa. Gobernu Kontseilua. Campuseko Batzarra.

6.– UPV/EHUren Estatutuak: Kide bakarreko organoak. Administrazio zerbitzuen egitura. Unibertsitateko ikastegietako eta Sailetako gobernu organoak. Sailen esparru arautegia.

7.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Eremu subjektiboa. Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio egintzak.

8.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio prozedura erkidea. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: administrazio-errekurtsoak. Legegintza ekimena eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala.

9.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Xedapen Orokorrak. Administrazio Publikoetako organoak: Administrazio organoak, Eskumena, Administrazio Publikoetako kide anitzeko organoak, Abstenitzea eta errekusatzea.

10.– Administraziorekiko auzien jurisdikzioa. Administrazioarekiko auzi errekurtsoa: gaitasun prozesala, legitimazioa, ordezkaritza eta defentsa; aurretiazko baldintzak eta egintza aurkaragarriak.

11.– Administrazio publikoen zerbitzupeko pertsonalaren araubide juridikoa: 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua onartzen duena.

12.– Euskal administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen araubide juridikoa: 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoarena.

13.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra: aplikazio esparrua, afiliazioa eta kotizazioa; ekintza babeslea (Aldi baterako ezintasuna eta baliaezintasuna. Adingabearen jaiotza eta zaintzagatiko baimena, arriskua haurdunaldian eta edoskitzaroa. Erretiroa). MUFACEren araubidea eta Klase Pasiboak: aplikazio esparrua, afiliazioa eta kotizazioa; ekintza babeslea (Aldi baterako ezintasuna eta baliaezintasuna. Adingabearen jaiotza eta zaintzagatiko baimena, arriskua haurdunaldian eta edoskitzaroa. Erretiroa).

14.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa: Xedea. Aplikazio eremua. Printzipio orokorrak. Genero-ikuspegia euskal aginte eta herri administrazioen jardunean integratzeko neurriak.

15.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.

16.– Aurrekontua: kontzeptua, izaera eta motak. Printzipio inspiratzaileak. Aurrekontu teknikak. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak: aurrekontu zikloa, prestaketa eta onarpena. UPV/EHUren aurrekontua: ezaugarriak eta egitura.

17.– Aurrekontuaren gauzatzea: beharrezko eragiketak. Gastua baimentzea eta gastu konpromisoa. Betebeharren aitorpena. Gastuaren eta ordainketaren antolaketa. Kontabilitateko dokumentuak.

18.– Gastu publikoa: kontzeptua eta motak. Diru-sarrera publikoak: kontzeptua eta motak; tasa eta prezio publiko eta pribatuak; UPV/EHUren diru-sarrerak. 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra. 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

19.– Unibertsitateko irakasleak: motak eta araubide juridikoa. Aukeraketa, eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak eta bateraezintasun araubidea. UPV/EHUko irakasleen lan baldintzak arautzeko hitzarmen erregulatzailea.

20.– UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileak. Estatutuak, hitzarmen kolektiboa eta lan baldintzak arautzeko akordioa.

21.– UPV/EHUren ikastegietako Kalitate Batzordearen esparru arautegia.

22.– UPV/EHUren ondarea. Ekonomia eta finantza baliabideak. Ekonomia eta finantza gestioa.

23.– Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemak unibertsitatean. Prebentzioa kudeaketan txertatzea. Erantzukizunak banatzea. Langileen parte hartzea, prestakuntza eta informazioa lan arriskuen prebentzioan. Ordezkaritzako eta partaidetzako organoak.

24.– Unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzea. Sartzeko probak eta Unibertsitatera sartzeko beste bide batzuk. Unibertsitate publikoetan onartzeko prozedurak. UPV/EHUren berezko arautegia.

25.– Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Graduko, Masterreko eta Doktoregoko ikasketak. Eskumen esparrua UPV/ EHUn. Unibertsitateko beste ikasketa ez-ofizial batzuk eta Unibertsitatearen berezko tituluak.

26.– Unibertsitateko ikerketa jardueraren gestioa. Unibertsitateak beste erakunde batzuekin dituen ikerketarako itunak eta hitzarmenak, indarreko legeriaren arabera.

27.– Artxiboaren kontzeptua eta funtzioa. Artxibo motak. Artxiboa unitate funtzional gisa. Instalazioa eta ekipamendua artxiboetan. Unibertsitate artxiboak. Dokumentu, kontzeptu, helburu eta sistemen ordenamendu eta sailkapena. Sailkatzeko koadroak. Transferentzia eta agiri garbiketa.

28.– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. Jarduera publikoaren gardentasuna. Gobernu ona. Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseilua. UPV/EHUren Gardentasun ataria.

29.– 21/2012 Dekretua, Eusko Jaurlaritzarena, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

30.– Sistema eragileak: kontzeptu orokorrak. Fitxategi arakatzailea. Fitxategien formatuak. Bilatzeko eragiketak. Bulegotikako aplikazioak: ezaugarriak, funtzioak eta erabilgarritasunak. Datu gestioa. Nabigatzaileak eta posta elektronikoa. Segurtasun informatikoari buruzko oinarrizko kontzeptuak.

GAI ZERRENDA: LAGUNTZAILEAK - BARNE PROMOZIOA

1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak eta oinarrizko betebehar eta eskubideak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua: egitura eta edukia.

3.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta 6/2001 Legea, Unibertsitateei buruzkoa: edukiaren ezagutza orokorra. Edukiaren ideia orokorra. Unibertsitatearen autonomia. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak.

4.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

5.– Administrazio publikoen zerbitzupeko pertsonalaren araubide juridikoa: 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua onartzen duena; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal funtzio publikoarena.

6.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.

7.– Administrazio gestioan aplikatutako teknologia berriak. Metodo informatikoen erabileraren kontzeptu orokorrak eta abantailak.

8.– Ezagutzaren Europa eta unibertsitate eremu berria.

9.– Biblioteka zerbitzuen kontzeptua eta funtzioa. Biblioteka motak.

10.– Unibertsitateko bibliotekak. Kontzeptua eta funtzioa. Ikaskuntzarako eta Ikerketarako Baliabide Zentroak (IIBZ).

11.– Espainiako unibertsitateetako biblioteken sarea (REBIUN). Xedea, ikuspegia eta balioak. REBIUN Plan Estrategikoa. REBIUN arautegia.

12.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko biblioteka. UPV/EHUko Unibertsitate Bibliotekaren arautegia.

13.– Bilduma bibliografikoaren kudeaketa unibertsitateetako biblioteketan. Hautatzea eta eskuratzea. Bilduma osatzeko, mantentzeko eta ebaluatzeko irizpideak.

14.– Bibliotekako jardueraren eta zerbitzuen automatizazioa. Bibliotekako kudeaketa sistema integratuak.

15.– Katalogoak: kontzeptuak, eboluzioa eta joera berriak. OPACak. Normalizazioa eta agintarien kontrola.

16.– Katalogo kolektiboak: kontzeptua, xedeak eta elaborazio arazoak. Z39.50 protokoloa.

17.– Bibliografiaren definizioa eta helburuak. Gaur egungo egoera: kontrol bibliografiko unibertsala. ISBNa, ISSNa, objektuen identifikatzaile digitala (DOI) eta beste identifikazio kode batzuk. ISNI kodea.

18.– Dokumentua eta motak. Analisi dokumentala. Aurkibidetzea eta laburpena.

19.– Mintzaira dokumentalak. Sailkatze mota nagusiak. Gai sarrerak, deskriptoreak eta tesauroak.

20.– Informazio iturriak jakintza arloetan (gizarte zientziak, giza zientziak, teknologia eta osasun zientziak).

21.– Unibertsitateko biblioteken erabiltzaileak. Tipologia eta beharrak. Erabiltzaileen prestakuntza. Erabiltzaileentzako zerbitzuak Unibertsitateko Bibliotekan.

22.– Alfabetatze informazionala. Kontzeptuak, teknikak eta ereduak.

23.– Biblioteka digitala unibertsitatearen eremuan. Baliabide elektronikoen interkonexioa eta integrazioa. Digitalizazio programetarako jarraibideak. Digitalizazio proiektuen garapena. Gordailu (errepositorio) digitalak.

24.– Zerbitzuen difusio eta marketin teknikak.

25.– Biblioteka zerbitzuen kalitatearen kudeaketa eta ebaluazioa. Kalitate adierazleak.

26.– Unibertsitateko biblioteken plangintza, antolakuntza espaziala eta ekipamenduak. Materialen zaintza eta kontserbazioa.

27.– Jabetza Intelektualaren Legea eta haren ondorioak biblioteken jardueran.

28.– Artxiboaren kontzeptua eta funtzioa. Artxibo motak. Artxiboa unitate funtzional gisa. Instalazioa eta ekipamendua artxiboetan. Unibertsitate artxiboak. Dokumentu, kontzeptu, helburu eta sistemen ordenamendu eta sailkapena. Sailkatzeko koadroak. Transferentzia eta agiri garbiketa.

29.– Berdintasunari eta Generoari buruzko araudia. Genero Berdintasuna: kontzeptu orokorrak. Genero indarkeria: kontzeptu orokorrak. Publizitate instituzionala eta irudi publiko ez-sexista. Genero Berdintasuna politika publikoetan: genero ikuspegiaren kontzeptua eta zeharkakotasuna.

30.– Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistemak unibertsitatean. Prebentzioa kudeaketan txertatzea. Erantzukizunak banatzea. Langileen parte hartzea, prestakuntza eta informazioa lan arriskuen prebentzioan. Ordezkaritzako eta partaidetzako organoak.


Azterketa dokumentala