Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4352

AGINDUA, 2022ko uztailaren 20koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora sartzeko 2023ko prestaketa-laguntzak.

Giza baliabideen garrantzia abiaburu hartuta, eta ohartuta zenbateraino den beharrezko Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora sartzeko bidea ematea eta erraztea, egonkortasuna bultzatzeko eta Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea ona izateko, eta, hartara, herritarrak gustura egoteko eta konfiantza handiagoa izateko Justizia Administrazioarekin, erabaki dugu duela hamarkada bat baino gehiago abiarazitako jarduera-ildoarekin jarraitzea, eta agindu honen bidez hainbat laguntza ematea, Zuzenbideko lizentziadunak motiba daitezen beren urratsak Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora bideratzera. Hartara, Justizia Administrazioak langile egonkorrak izango ditu, eta efikazia eta kalitate maila hobeko lana egin ahal izango du.

Eutsi egiten zaie azken deialdian jasotako aldaketei; hain zuzen ere, laguntzak eskuratzeko diru-sarreren gehieneko atalasearen murrizketari eta, bakanteren bat geratuz gero, laguntzaren onuradun gisa laugarren urte bat lortzeko aukerari, eskatzaileen kopurua sustatzeko eta handitzeko, eta laguntza guztiak estali gabe gera ez daitezen.

Gastu-espedientearen aurretiazko izapide-araubidearen mende dago deialdi hau, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua aplikatuz, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa baita.

Era berean, administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora iristeko oposizioak prestatzeko 40 bekaren 2023ko lehiaketa iragartzea eta arautzea.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Urteko 6.600 euro izango da beka bakoitzaren zenbatekoa. 550 euro emango dira hilean.

2.– Laguntza hilero ordainduko da, hilaren lehen astean.

3.– 2023ko ekitaldian, agindu honetan jasotako laguntzetarako, berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euroko kopurua bideratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako aurrekontu-partidaren kargura.

4.– Kreditu egokia eta nahikoa izan arte ez dira emango 2023ko ekitaldirako bekak.

3. artikulua.– Iraupena.

1.– Bekek urte natural bateko iraupena izango dute, hau da, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.

2.– Baldin eta, aurreko zenbakian ezarritako epean, dagokion hautaketa-prozesua gainditzen badu onuradunak, laguntzaren aldia bere izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da, edo, lehenago gertatzen bada, Eskola Judizialean sartzen denean.

3.– Deialdi honen xede diren bekak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa da).

4. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Eskatzaileek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkeztean:

a) Aurkeztea erabaki duten oposizio horien aurreko deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, eta azken zazpi urteetatik gutxienez bostetan bertan bizi izana.

c) Zuzenbideko lizentzia edo gradua izatea.

d) Zazpi urte baino gehiago ez igaro izana lizentzia edo gradua eskuratu zenetik.

e) Espediente akademikoan, batez besteko nota 6 izatea, gutxienez.

f) Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko partaide den prestatzaile baten zuzendaritza izatea, edo, laguntzaren onuradun izatekotan, zuzendaritza hori edukitzeko konpromisoa izatea.

Partaidetza hori Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren berariazko baimen arrazoituaren bidez salbuetsi ahal izango da, baldin eta prestatzaileek egiaztatzen badute arlo juridikoan esperientzia profesionala dutela eta Zuzenbideko lizentzia edo gradua dutela eta karrerako funtzionario gisa 15 urte betetzen dituztela administrazio publikoetako beste kidego batean, baldin eta, horretarako, berariaz eskatzen bazaie Zuzenbideko doktoretza, lizentzia edo gradua edukitzea eta Justizia Epaitegietan esku hartzea.

g) Deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein motatako beka, graduondoko ikasketa edo laguntzaren onuradun izan ez izana hiru urtez, jarraian edo aldizka, salbu eta artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako kasuan.

h) Eskatzailea mantentzen dutenek 75.000 euro gordinetik gorako diru-sarrerarik ez izatea, edo 10.000 euro gordin, norbere sarreren mende badago. Diru-sarreratzat hartuko dira laneko edota jarduera ekonomikoetako etekinen ondoriozkoak eta kapital higiezin zein higigarrietako etekinen ondoriozkoak. Era berean, irabazizko transmisioetatik eratorritako ondare-irabaziak ere zenbatuko dira.

Berdin hartuko dira langabeziagatiko, aurretiko erretiroagatiko, ezintasunagatiko eta DSBEgatiko prestazioak, prestazio kontributiboak eta ez-kontributiboak, gizarte- larrialdietarako diru-sarrerak, gizarteratzeko diru-sarrerak eta aurrekoen antzeko beste batzuk.

Baldin eta independentzia ekonomikoa eta familiarra badute eskatzaileek, norberaren baliabide ekonomiko nahikoak egiaztatu beharko dituzte, bai eta familiarena ez den bestelako helbide bat ere.

Eskatzaileak bere gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko mendetasun-egoera hori egiaztatu beharko dute ebazpen bidez, epai judizialaren bidez edo legez onartutako bestelako bitartekoren baten bidez.

Karrera judizialerako eta fiskalerako eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegorako oposizioak prestatzeko xedearekin eskatzaileek jasotako laguntza publikoak edo pribatuak, edo antzeko beste laguntza batzuk, ez dira norbere diru-sarreratzat hartuko.

i) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten duen zehapen penalik edo administratiborik, eta ez izatea horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.

Ezin izango du laguntzarik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor penal edo administratiboa jaso duenak, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

j) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

Betebehar horiek onuradun izaten hasteko zein onuradun izaten jarraitzeko galdatuko dira, eta, beraz, horiek betetzen direla egiaztatuko da, bai laguntzak ematen diren unean, bai ordaintzen diren unean.

k) Ezin izango dira beken onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den debekuren bat dutenak.

2.– Aurreikusitako laguntza guztiak betetzen ez badira, laguntza horiek jasotzeko aukera izango dute aurreko deialdietako laguntzen edo antzeko laguntzen onuradunek, baldin eta baldintzetan ezarritako hiru urteko gehieneko epean jaso badituzte, eta, hala, laugarren urtez baliatu ahal izango dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide horiek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dira.

– Aurrez aurre: eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean zerbitzuan), Eusko Jaurlaritzaren justiziako lurralde-kudeaketako unitateetan, edota Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere bide bera erabiltzera prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0035111

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Eskabidea, agindu honi erantsitako eredu normalizatuaren arabera (I. eranskina), egoitza elektronikoan eskuragai dagoen inprimakian beteko da osorik, eta nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

7.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.

8.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea eta eskabidearekin aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

NANaren fotokopia.

Udal ziurtagiria, jatorrizkoa edo kopia autentikoa, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua egiaztatzen dituena 4. artikuluko b) letran ezarritako epean. Ziurtagiriak, gainera, eskatzailearen bizilekuan bizi diren pertsona guztiak adierazi beharko ditu.

Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2021. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2021ean izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten dokumentuak, haien sarrera-maila dela-eta, aipatu aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.

Betiere, PFEZaren dokumentazioa eta eranskinak aurkeztuko dira, eta, horietan, berariaz jaso beharko dira diru-sarrera gordinak eta lan-etekinen eta jarduera ekonomikoen etekin garbiak, bai eta kapital higiezinen, higigarrien eta ondare-irabazienak ere.

Halaber, hala badagokio, INEMen, Gizarte Segurantzaren, dagokion erakundearen edo organoaren ziurtagiriak aurkeztuko dira, eskatzaileak edo haren mende daudenek 2021ean jasotako diru-sarrerei buruzkoak, hala nola langabezia-prestazioei, aurretiko erretiroagatiko, ezintasunagatiko eta DSBEgatiko prestazioei, prestazio kontributiboei eta ez-kontributiboei, gizarte-larrialdietarako sarrerei, gizarteratzeko sarrerei edo bestelakoei dagozkienak, dagokien errenta-aitorpenetik kanpo egon zein barne.

Eskatzailea mantentzen duten pertsonen banaketa, dibortzio edo antzeko egoerarik baldin bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia-liburua edo haren ordezkoa, epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez badira, zuzenbidean onartutako legezko bitartekoren baten bidez egiaztatuko da.

Baldin eta, independentzia ekonomikoa eta familiarra justifikatzeko, diru-sarrera propioak baliatu nahi badituzte eskatzaileek, 2021. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2021eko ekitaldian izandako diru-sarreren egiaztagiriak, haien sarrera-maila dela-eta aipatutako aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.

Halaber, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo bizi den etxebizitzaren titulartasuna egiaztatzen duen bestelako titulu bat aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileak bere gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, mendetasun hori justifikatzen duen ebazpena, epai judiziala edo legez onartutako bestelako bitartekoren bat aurkeztu beharko dute.

Espediente akademiko osoa, jatorrizkoa edo kopia autentikoa.

Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.

Espediente horretan, batez besteko nota orokorra jaso beharko da berariaz (0tik 10erako zenbaki-eskalan).

Euskara-maila egiaztatzen duen dokumentazio originala edo kopia autentikoa. Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten jatorrizko ziurtagiriak, dagozkien organo eskudunek emanak.

Artikulu honetako a), e) eta f) puntuetan eskatutako dokumentazioaren eta ETZEBaren egiaztapena ofizioz egiaztatuko du deialdi honen organo kudeatzaileak, salbu eta eskatzailea espresuki aurka agertzen bada; kasu horretan, egiaztapen horren aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izango du, eta, kasu horretan, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

Prestatu nahi duen oposizioaren azken deialdian eskatu ziren betekizunak betetzen dituela.

Hiru urteko gehieneko epean –jarraian edo aldizka– ez dela deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko bekaren, antzeko izaeradun graduondokoren edo laguntzaren baten onuradun izan, deialdiaren 4.2 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

Eskatzaileak Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza duela, edo izango duela, laguntzaren onuradun izatea lortzen badu.

Ez duela xede eta helburu bererako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

Ez duela zehapen penalik edo administratiborik jaso, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, berariaz aipatuta sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

Ez duela abian itzulketa- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, dirulaguntza ordaintzeko, amaituta egon beharko du itzulketa- edo zehapen-prozedura orok.

Laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako dokumentuetan jasotako datuak.

Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentuak aztertuta, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak egiaztatzen badu eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako eskakizunak ez direla betetzen, eskatuko dio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion dokumentuak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.

10. artikulua.– Merezimenduak baloratzea.

1.– Onuradun izan ahal izateko, honako merezimendu hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa 0tik 45 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, banakapen honen arabera:

a) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko:

<20.000: 25 puntu.

30.000: 20 puntu.

40.000: 15 puntu.

50.000: 10 puntu.

60.000: 5 puntu.

60.001: 0 puntu.

b) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko kide bakoitzeko, honako kopuru hauetara bitarte:

<5.000: 20 puntu.

7.500: 16 puntu.

10.000: 12 puntu.

12.500: 8 puntu.

15.000: 4 puntu.

>15.001: 0 puntu.

Tarte bakoitzeko puntuazioa bateratua eta haztatu gabea izango da.

Merezimenduak baloratzeko, haien etekin garbien arabera zenbatuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren bidez frogatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako eta aitorpen hori ez bezalako bitartekoen bidez frogatutako diru-sarreretan, diru-sarrera garbiak kontsignatuta ez badaude, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira.

b) Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0 puntutik 35 puntura bitarteko eskalan, banakapen honen arabera:

– 9tik ohorezko matrikulara: 35 puntu.

– 8tik 8,99ra: 30 puntu.

– 7tik 7,99ra: 25 puntu.

– 6tik 6,99ra: 15 puntu.

c) Euskara jakitea: 0 puntutik 15 puntura bitartean, B1: 5 puntu, B2: 10 puntu, eta C1: 15 puntu.

d) Aurreko urteetan onuraduna izatea: 0 puntutik 5 puntura bitartean. Urtebetez: 2 puntu; bi urtez: 5 puntu.

2.– Agindu honen 4. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren eskatzaileei dagokienez, hauek izango dira hautaketa-batzordeak oro har baloratzen ahal dituen merezimenduak onuradun izateko:

a) Egoera ekonomikoa 0tik 35 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, banakapen honen arabera:

a) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko:

< 20.000: 20 puntu.

30.000: 15 puntu.

45.000: 10 puntu.

60.000: 5 puntu.

> 60.001: 0 puntu.

b) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko kide bakoitzeko, honako kopuru hauetara bitarte:

< 7.500: 15 puntu.

10.000: 12 puntu.

12.500: 8 puntu.

15.000: 4 puntu.

> 15.001: 0 puntu.

Merezimenduak baloratzeko, haien etekin garbien arabera zenbatuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren bidez frogatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako eta aitorpen hori ez bezalako bitartekoen bidez frogatutako diru-sarreretan, diru-sarrera garbiak kontsignatuta ez badaude, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira.

Tarte bakoitzeko puntuazioa bateratua eta haztatu gabea izango da.

b) Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0 puntutik 35 puntura bitarteko eskalan, banakapen honen arabera:

– 9tik ohorezko matrikulara: 35 puntu.

– 8tik 8,99ra: 30 puntu.

– 7tik 7,99ra: 25 puntu.

– 6tik 6,99ra: 15 puntu.

c) Euskara jakitea: 0 puntutik eta 20 puntura bitartean, B1: 5 puntu, B2: 10 puntu, eta C1: 20 puntu.

d) Azken lau urteetan laguntzaren xede den oposizioko azterketaren bat gainditu izana, 0 puntutik 10 puntura. Gainditutako azterketa bat, 5 puntu, eta bi azterketa, 10 puntu.

3.– Artikulu honen 2. apartatuko d) letra egiaztatzeko, 6. artikuluan eskatzen diren gainerako agiriekin batera, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, BOEren kopia edo inguruabar hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste dokumenturen bat beharko da.

4.– Eskatzaile biren edo gehiagoren artean puntuazio-berdinketa egonez gero, hauek hartuko dira kontuan berdinketa hori hausteko: lehenik, espediente akademikoaren batez besteko nota orokorra; berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio egoera ekonomikoagatik lortutako puntuaziorik altuenari; eta, oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio aurreko urteetan onuradun izateagatik lortutako puntuaziorik altuenari.

11. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, hautaketa-batzordeak proposatuko ditu beken hautagaiak. Honako hauek, edo beraiek izendatutako ordezkoek, osatuko dute batzorde hori:

Lehendakaria:

– Justizia Administrazioko zuzendaria.

Bokalak:

– Karrera Judizialeko kide bat, EAEko Justizia Epaitegi Nagusiko presidenteak izendatuta.

– EAEko Fiskaltza Nagusia.

– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioaren zuzendaria.

– EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako idazkaria.

– EAEko Zuzenbide fakultateetako dekanoak.

Idazkari lanetan, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, hitzarekin baina botorik gabe, titularrak izendatua.

2.– Agindu honetan ezarritako baremoen arabera hautatuko dira hautagaiak. Batzordeko kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak.

3.– Batzordeak 40 izangai hautatuen zerrenda bat proposatuko du, eskatzaileek lortutako puntuen arabera osatua, oposizioak zein kidegotarako egin dituzten kontuan hartu gabe, eta beste zerrenda bat, hurrengo 10 puntuazio onenak lortu dituzten 10 eskatzaileak bilduko dituena, zeinak ordezko izango baitira aurrekoek onuradun izateari uzten badiote amaitzeagatik, uko egiteagatik, ez betetzeagatik, ustekabeko ezintasunagatik edo beste gorabeheraren batengatik, gorabehera hori laguntza eskuratu eta hurrengo bi hiletan gertatu bada, betiere.

4.– 10 ordezkogai horien zerrenda merezimendu lehenetsien arabera lortu duten puntuazioaren hurrenkeran osatuko da.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.

Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren araberako laguntza emango zaio ordezkoari.

12. artikulua.– Bekak adjudikatzea.

1.– Hautaketa-batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justiziako sailburuordeak deialdia ebatziko du, hautatutako izangaiak, eta, halakorik balego, haien ordezkoak, eta lortutako puntuazioa adierazita. Erabakia gehienez sei hileko epean hartu eta jakinarazi beharko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

Epe horretan erabaki espresurik eman ezean, ezetsitzat joko dira eskabide guztiak. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari.

2.– Hautatutako izangaiek ez dute abian izan behar itzulketa- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta behar dute; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzulketa- edo zehapen-prozedurek.

3.– Prozedurari buruzko ebazpena berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Justiziako sailburuordearen ebazpen baten bidez, EHAAn ere argitaratuko da aukeratutako hautagaien zerrenda, ordezkoen zerrenda eta, halakorik balego, bakanteen zerrenda, bai eta emandako beka bakoitzaren zenbatekoa ere.

13. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunek prestatzaile baten zuzendaritza izan beharko dute, zeina Karrera Judizialekoa edo Fiskalekoa izango baita, edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegokoa, edo agindu honen 4. artikuluaren f) letraren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritakoaren arabera berariaz baimendutako pertsonena.

2.– Beka jasotzea bateraezina da bestelako bekak jasotzearekin, gai honen antzeko graduondoko ikasketekin edo ordaindutako zerbitzu-emate ororekin, non eta ez diren ordezkapen-lanak egiten Organo Judizialetan edo Fiskaltzan; kasu horretan, eta aldez aurretik eskatuta, bekaren ondoriozko eskubide ekonomikoak eten egingo dira prestazio horrek dirauen artean. Egoera hori ez da inolaz ere 6 hilabete baino gehiago luzatuko, bekak dirauen aldian.

3.– Beka etenda geratuko da, halaber, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada. Behar bezala egiaztatu beharko du ezintasun hori, eta ez du aurreko puntuan ezarritako denbora-muga gainditu beharko.

4.– Epe hori igarota, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, bukatutzat emango da beka.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunak beka onartzeak berekin dakar deialdi honetan jarritako arau guztien men geratzea, eta, zehazki, 13. artikuluan jasotako gorabeherarik gertatuz gero, horren berri eman beharra.

Emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera 10 egun natural igarota, onuradunak dirulaguntza onartu duela ulertuko da, aurkakorik adierazi ezean.

2.– Karrera Judizialeko edo Fiskaleko kideek, Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko kideek edo, hala badagokio, laguntzen organo kudeatzaileak baimendutako pertsonek emandako prestaketa-ikastaroetara erregulartasunez eta aprobetxamenduz joatea.

3.– Deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere gutxienez urtebeteko tartea baldin badago laguntzak emateko ebazpena argitaratzen den egunaren eta hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunaren artean.

Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartu duela ulertuko da, baldin eta prozesu horretako onartuen zerrendan badago, azterketetara aurkeztu bada eta azterketak egin baditu. Inguruabar horiek egiaztatzeko, zuzenbidean legez onartuta dauden ziurtagiri edo egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Dena den, aurreko urteetan onuradun izan direnek ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, puntu honen lehenengo paragrafoan aipatzen den urtebeteko epea igaro ez bada ere.

Hautaketa-prozesu horietan parte hartzen dutenek ziurtagiri edo egiaztagiriak bidali beharko dituzte parte hartu duten hautaketa-prozesua egin eta berehala.

4.– Hiru hilean behin, oposizioa prestatzeko egindako gastuen justifikazio-memoria bidaltzea; prestatzaileak epe horretan egin dituen fakturak (jatorrizkoak nahiz kopia autentikoak) erantsi behar zaizkio memoriari.

5.– Dirulaguntza jasotzen duen bitartean gertatutako gorabehera ororen berri ematea Administrazioari.

6.– Laguntzen xedea fiskalizatzeko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duen informazio guztia ematea.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jasotzen diren laguntzen inguruan indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezartzen diren gainerako betebehar guztiak, eta, zehazki, hauetan xedatutakoa: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.2 artikuluan ezartzen duena, dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. eta 46. artikuluetan ezartzen duena.

15. artikulua.– Onuradunen justifikazio-memoria.

1.– Laguntzen onuradunek agindu honen 14. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitako justifikazio-memoria aurkeztu beharko dute hiru hilean behin, agindu honen II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Justifikazio-memoria aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, Justiziako lurralde-kudeaketako unitateetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan, dokumentu normalizatuan, atal guztiak behar bezala beteta.

3.– Halaber, justifikazioak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

16. artikulua.– Onuradunen jarraipena.

1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak egingo die jarraipena laguntzen onuradunei. Horretarako, hiru hilean behin txostena egiteko eskatuko die onuradunen prestatzaileei.

2.– Prestatzaileek, aldizka eskatzen zaien txostena egiteaz gain, eskatzaileen aprobetxamenduan gertatzen den gorabehera ororen berri eman beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari.

17. artikulua.– Lehentasunezko destinoa eskatzea eta zerbitzu-ematearen iraupena.

1.– Laguntzen onuradunek, oposizioa gainditzen badute, Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren destinoak eskatu beharko dituzte lehentasunez.

Beste destino bat hautatuz gero, itzuli egin beharko dira kontzeptu hori dela-eta jaso diren laguntzak, hautaketa hori justifikatzen duen ezinbesteko arrazoi objektiborik ez badago behintzat.

2.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardun beharko dute lanean Euskal Autonomia Erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaie behintzat.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunak betetzen ez badu deialdi honetan aurreikusitako betebeharren bat edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharren bat, Justiziako sailburuordeak, interesdunari entzunaldia eman eta dagokion prozedura bideratu ondoren, adieraziko du emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

2.– Halaber, emandako laguntza ordaindu bada, jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaiola adierazi beharko da, bai eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirua itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoa, edo zordunak itzulketa ordaintzen duen egunera artekoa, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Itzulketa hori proportzionaltasun-irizpideen arabera aplikatuko da. Agindu honetan araututako eta iragarritako laguntzak denbora-tarte jakin batean garatutako egoera diruz lagungarriei buruzkoak direnez, aldi baterako ez-betetze partzialak gertatuz gero, laguntza jasotzeko baldintzak bete diren aldian laguntza onartuta geratuko da, eta, aldiz, ez-betetzea gertatu den aldian jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira.

3.– Horrek guztiak ez du ezertan eragotziko bidezkoak diren gainerako akzioak egitea, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen baita horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetako laguntzak arau hauetan xedatutakora atxikitzen dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala