194. zk., 2022ko urriaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (216 KB - 12 orri.)
- EPUB (484 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4351
AGINDUA, 2022ko uztailaren 20koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ematen baitzaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko udalei bake-epaitegien 2022ko funtzionamendu-gastuetarako.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta, martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zen. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatu eta bultzatu behar ditu arlo horretan eskualdatutako zereginak.
Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenez, bake-epaitegiak udalerriaren esparruan txertatutako organoak dira, eta, Mugape eta Planta Judizialaren abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. artikuluan eta hurrengoetan jasotako aurreikuspenen arabera, bake-epaitegien instalazioak eta baliabide materialak tokian tokiko udalaren ardura dira, bai eta dirulaguntzak ematea ere.
Ildo horretatik, 38/1988 Legearen 52. artikuluan xedatzen denez, justizia gaietan eskumena duten administrazioen aurrekontuetan jasota dago udalei diruz laguntzeko aurrekontu-kreditu bat kontsignatu beharra dagoela, bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteagatik. Dirulaguntza hori udalerri bakoitzeko zuzenbidezko biztanleen kopuruaren araberakoa izango da.
Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak ere arautzen du gaia, eta esaten du aurrerantzean ere udalek izango dutela ardura nagusia, finantzaketan Euskal Autonomia Erkidegoak lagunduko badu ere.
Horrela, dirulaguntzen programa bat egituratu da bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko; horixe izango da udalek arlo horretan dituzten beharren euskarri ekonomikoa.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12.1.f) artikuluaren arabera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio «bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea eta Bake Justiziaren gaian ekintzak bultzatzea».
Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko urtarrilaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen.
Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluak xedatzen duenez, lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen badio dirulaguntza horiek ematea edo haien zenbatekoa, dirulaguntza horiek zuzenean eman ahal izango dira, kasuan kasuko lege-mailako araudiaren arabera aplikatu beharreko prozedura erabiliz.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 48.4 artikuluak (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) gai hori azpimarratzen du.
Azken legegintzaldietan, Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin du administrazio-prozeduren izapidetze elektronikoa garatzeko eta abian jartzeko, ildo horretatik, eta hizpide dugun prozedura ofizioz izapidetzen bada ere, laguntzaren justifikazioa bide telematiko horren bidez aurkeztua gehitu da.
Honako xedapen hauek kontuan hartu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Horiek horrela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzak ematea da, bake-epaitegien 2022ko funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten.
Bigarrena.– 463.175,00 euroko kreditua bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean banatzeko moduluak onartzea, I. eranskinean aipatutako udalentzat onartutako zenbatekoen arabera, organo judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko. Honako irizpide hauek hartu dira kontuan:
1.– Udalerrietako zuzenbidezko biztanleria, organismo eskudunak egindako azken argitalpen ofizialaren araberakoa, eskala honi jarraikiz:
(Ikus .PDF)
2.– 1.850 euroko osagarria jasoko dute udalek, udalerrian espetxea badago.
3.– Udalerriko biztanleriaren arabera egokituko litzaiekeen kopuruaren % 85 jasoko dute udalek, baldin eta udalerriko bake-epaitegiko idazkaritza langile bakarreko idazkaritza-talde bateko partaidea bada.
Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-taldeen egoitza udalerrian kokatuta duten udalek, arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100ez gain, udalerriko biztanleriaren arabera idazkaritza-taldeko udalei dagokien zenbatekoaren % 15 jasoko dute.
Hirugarrena.– Agindua ematea zenbateko horiek ordainketa bakar batean ordaindu diezazkieten bake-epaitegiak dituzten udalei.
Laugarrena.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 463.175,00 euroko gastua onartu da, aurrekontu-aplikazio honen kargura: 2022-1001011100-1.14110.42100-2019/002989
Bosgarrena.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, esleitutako dirulaguntzak emateko arauak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu: besteak beste, egokitzat jotzen dituen gainbegiratze-, ikuskatze- eta egiaztatze-lanak.
Seigarrena.– Bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aplikatuz, ezingo dira onuradun izan apartatu horietan zehazten diren egoeretan dauden entitateak.
2.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.
Erakunde onuradunak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dokumentu horiek ofizioz egiaztatzeari; kasu horretan, interesdunak aurkeztu beharko ditu.
3.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, berariaz aipatuta sexu diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian
4.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkiote beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutatik helburu bererako jasotako laguntza edo dirulaguntzak, diru-sarrerak nahiz bestelako baliabideak.
5.– Dirulaguntza jasotzen duten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen destinoa fiskalizatzeko duten funtzioa betetze aldera eskatzen dieten informazio guztia ematera.
6.– Udal onuradunek gastu zehatz batzuk ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza: energia, elektrizitatea, gasa, telefonoa, garbiketa, bulegoko materiala, joan-etorriak, Udaleko langileen soldaten egozpena eta, oro har, bake-epaitegiaren funtzionamendurako gainerako gastu arruntak.
7.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek urtero, lehenengo hiru hilabeteetan, memoria bat aurkeztu beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, eta han azaldu zein udal-bitarteko eta -instalazio erabili ziren aurreko urtean bake-epaitegiari zerbitzua emateko, eta zenbatekoak izan ziren gastu errealak. Agindu honetako II. eranskinean ezarritako eredua erabiliko dute horretarako.
Gainera, II. eranskin horrekin batera, udalak egindako gastuen fakturen eta/edo gainerako egiaztagirien kopiak aurkeztuko dira.
Justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1097602
Dokumentazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez aurkeztu beharko da:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Justifikatutako gastua onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa bueltatu beharko da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan.
8.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek xede berarekin ematen dituztenekin, baldin eta guztiak batuta dirulaguntza honen objektu den gastuaren % 100 gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, gastuaren % 100 gainditzen duen kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion dirulaguntzari.
9.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira edo agindu honen objektu den dirulaguntzaz gain beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzen bada beste administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen batetik, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere laguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak bete gabe uzten ez direnean.
10.– Dirulaguntza emateko baldintzak edo agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako lege-xedapenetan dago jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.