189. zk., 2022ko urriaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 10 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4247
AGINDUA, 2022ko irailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorerako ezohiko laguntzetarako deialdia egiten den, Errusiak Ukrainari egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatuko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren barruan.
Errusiak Ukraina inbaditu izana ondorio handiak izaten ari da arlo guztietan. Bereziki, Ukrainaren inbasioak larritu egin du, modu kritikoan, nekazaritzaren sektoreetako askok jada bizi zuten egoera, EBtik kanpoko sargaien mendekotasun handia baitzuten. Ekoizpen-kostuen igoera iraunkorra da egoera horren ezaugarri nagusia, animaliak elikatzeko lehengaien eta energiaren eta erregaien prezioen igoeraren ondorioz.
Energiaren, ongarrien, zerealen eta olioen kostuen igoeraren eragin konbinatua bereziki larria da abeltzaintzarentzat. Izan ere, gerra otsailaren 24an hasi zenetik pentsuen prezioak % 20tik gora igo dira abeltzaintzako sektore ia guztietan, eta aurreko urtekoen aldean metatutako prezioen igoerei gehitu behar zaie hori; azken horiek % 50etik gorakoak ere badira, eta % 83ra ere iristen dira 2020ko prezioekin alderatuz gero. Pentsuen prezioen igoerak arriskuan jartzen du, zalantzarik gabe, abeltzaintza-sektoreen bideragarritasuna, aski egoera larrian baitzeuden jada. Hori guztia, kostuen igoera horiek merkataritza-fakturazioaren prezioetan jasanarazi gabe.
Bestalde, nekazaritza-azpisektore jakin batzuetan kostuen igoera horiek (batez ere ongarri eta erregaiei dagokienez) salmenta-prezioetan jasanarazi dituzte, baina beste batzuetan, ordea (ureztatzeari lotutakoak bereziki), ezinezkoa izan da hori, eta asko murriztu da haien errentagarritasuna.
Horiek horrela, Europako Batzordeak 2022ko martxoaren 23an Aldi Baterako Krisi Esparru bat onartu zuen, estatu kideek estatuko laguntzei buruzko arauetan aurreikusitako malgutasuna baliatu ahal izan zezaten, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan beren ekonomia babes zezaten. Aldi Baterako Esparru horrek (2022-03-24ko AO, C131) estatuko laguntza-tresnak osatzen ditu estatu kideei beste aukera asko emanez, eta nekazaritzako ekoizpen-sektoreko enpresei eta ustiategiei laguntzea ahalbidetzen du. Aldi baterako esparru hori Batzordearen 2022ko uztailaren 20ko Jakinarazpenaren bidez aldatu da (C (2022) 5342 azkena), zeina EBAOn argitaratu den.
EBko Aldi Baterako Esparru horren babesean, Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu da, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzkoa, Batzordearen 2022ko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez onetsia (SA.102771); azken hori aldatu egin da, EBAOn argitaratutako Erabakiaren bidez (2022/C 280/01), Europakora egokitzeko.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du EAEko lehen sektoreak jasandako inpaktua minimizatzen saiatzea eta egungo krisiaren aurrean sektore horren lehiakortasuna babesten laguntzea. Horregatik, 2022ko apirilaren 12an, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei buruzko aurrekontu-neurriak hartzeko erabakia hartu zuen. Zehazki, 142,9 milioi euroko funts ekonomikoa sortu da, Errusiak Ukraina inbaditu izanak ekonomia-sarera ekarritako ondorioei aurre egiteko.
Deialdi hau honako hauetan xedatutakoarekin bat egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, zeina garatzen baita lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez, eta Aldi Baterako Esparru Nazionala.
Horregatik, Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,
Honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua, izaera eta esparrua.
1.– Agindu honen xedea nekazaritza-jarduerari eusteko ezohiko laguntzen deialdia egitea da, 2022ko ekitaldirako, honako azpisektore hauetan: behi-, ardi- eta ahuntz-aziendak, haragitarako eta erruteko hegaztiak; txerri-, untxi- eta zaldi-aziendak; patata, erremolatxa, bazka-artoa eta zenbait lekadun. Laguntzen helburua hau da: ustiategi horiei lagundu eta, horrela, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren ondorioz ustiategi horiek izan dituzten ekoizpen-kostuen igoerak ekarritako zailtasunak arintzea.
2.– Laguntza hauek Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruan sartzen dira. Esparru hori Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko Jakinarazpenaren bidez onartu zen (2022/C 131 I/01) –zeina 2022ko martxoaren 24ko 131. zenbakiko EBAOn argitaratu zen–, eta Batzordearen 2022ko uztailaren 20ko Jakinarazpenaren bidez aldatu zen (2002/C 280/01), zeina 2022ko uztailaren 21eko C 280/1 EBAOn argitaratu zen. Laguntza hauek sartzen dira, orobat, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko esparru nazionalean; esparru hori Batzordearen 2022ko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez onetsi zen (C(2022) 4064 amaierakoa), eta honen bidez aldatu: Batzordearen 2022ko abuztuaren 18ko Erabakia (C(2022) 6051 amaierakoa), EBAOn argitaratu zena (2022/C 280/01).
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetara bideratuak, hamalau milioi eta ehun mila (14.100.000) eurokoak dira.
2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa. Agindu honetan jasotakoaren arabera zenbateko hori gainditzen bada, 5. artikuluan finkatutako zenbateko unitarioak proportzionalki murriztuko dira. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.c artikuluan ezarritakoa.
3. artikulua.– Onuradunak.
Honako hauek izango dira agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak:
1.– Esnetarako behi-aziendako abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarrean dagokion lotutako laguntza eskatu badute eta, 2021ean, esnetarako behi-azienden ustiategietarako lotutako laguntza ordaintzeko, 10 abere baino gehiago zehaztu bazaizkie, gutxieneko esne-entregei buruzko baldintza kontuan hartu gabe.
2.– Haragitarako behi-aziendako abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarrean dagokion lotutako laguntza eskatu badute eta, 2021ean, behi ume-hazleen ustiategietarako lotutako laguntza ordaintzeko, 5 abere baino gehiago zehaztu bazaizkie.
3.– Gizentzeko behi-aziendako abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarrean dagokion lotutako laguntza eskatu badute eta, 2021ean, gizentzeko behi-aziendagatiko lotutako laguntza ordaintzeko, 5 abere baino gehiago zehaztu bazaizkie.
4.– Ardi-aziendako abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarrean dagokion lotutako laguntza eskatu badute, eta, 2021ean, 50 ugaltzaile baino gehiago zehaztu bazaizkie ardi-aziendagatik lotutako laguntza ordaintzeko, esnearen edo arkumeen gutxieneko entregei buruzko baldintza kontuan hartu gabe.
5.– Ahuntz-aziendako abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarrean dagokion lotutako laguntza eskatu badute eta, 2021ean, ahuntz-aziendagatik lotutako laguntza ordaintzeko, 40 abelburu ugaltzaile baino gehiago zehaztu bazaizkie, esnearen edo antxumeen gutxieneko entregari buruzko baldintza kontuan hartu gabe.
6.– 2022ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpen eta ugalketa» ustiategi mota, eta «ziklo itxiko ekoizpena», «txerrikumeen ekoizpena» edo «mota mistoa» gisa sailkatuta) txerri ugaltzaileen abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta 50 txerri eme ugaltzaile baino gehiago badituzte (03 kategoria), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
7.– 2022ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpen eta ugalketa» ustiategi mota, eta «gizentzeko edo gizendegiko» sailkapena) gizentzeko txerriak dituen abeltzaintzako ustiategi baten titularrak, baldin eta gizentzeko 100 txerri baino gehiago badituzte (00. kategoria), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
8.– 2022ko urtarrilaren 1ean, Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpena eta ugalketa» ustiategi mota, «arrautzak ekoizteko abeletxea») errute-oiloak dituen abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta 750 errute-oilo baino gehiago badituzte (27., 28., 29., 30., 54. eta 55. kategoriak), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
9.– 2022ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpena eta ugalketa» ustiategi mota, «haragia ekoizteko abeletxeak») gizentzeko oilaskoen abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta gizentzeko 1.000 oilasko baino gehiago badituzte (25. kategoria), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
10.– 2022ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpena eta ugalketa» ustiategi mota, «haragitarako untxikumeen ekoizpena» sailkapena) untxien abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta 100 untxi eme ugaltzaile baino gehiago badituzte (11. kategoria), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
11.– 2022ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatutako («ekoizpena eta ugalketa» ustiategi mota, «gizentzeko edo gizendegiko», «haragia ekoizteko ugalketa» edo «ekoizpen mistorako ugalketa» sailkapena) zaldien abeltzaintza-ustiategi baten titularrak, baldin eta gutxienez 12 hilabetetik gorako 25 zaldi badituzte (15., 16., 17. eta 18. kategoriak), 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpena»ren arabera (SITRAN-EAE sisteman 2022ko uztailaren 31n argitaratua).
12.– Nekazaritza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarra aurkeztu badute, eta, 2021ean, patata-laboreko (kontsumoa edo ereitea) eta/edo azukre-erremolatxako 2 ha baino gehiago zehaztu bazaizkio, eta 2022ko kanpainan labore horien 2 ha gutxienez aitortu badituzte.
13.– Nekazaritza-ustiategi baten titularrak, badlin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarra aurkeztu badute eta, 2021ean, bazka-artoaren laboreko hektarea bat baino gehiago zehaztu bazaie, eta 2022ko kanpainan labore horren hektarea bat gutxienez aitortu badute.
14.– Nekazaritza-ustiategi baten titularrak, baldin eta, 2022an, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskabide bakarra aurkeztu badute, eta, 2021ean, guztira, honako lekadun hauen hektarea bat baino gehiago zehaztu bazaie: babarruna, garbantzua eta dilista; eta 2022ko kanpainan labore horien hektarea bat gutxienez aitortu badute.
15.– Hainbat espezietako animaliak dituzten ustiategi mistoei, edo laguntzaren onuradun diren animalien eta/edo laboreen konbinazio bat dutenei, aurreko epigrafeetan jasotako animalien eta hektareen gutxieneko estandarrak aplikatuko zaizkie kategoria bakoitzeko.
16.– Abeltzaintza-ustiategien titulartasuna aldatuz gero, baldin eta abeltzain gazteak edo jarduera hasten duten abeltzainak badira, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan jasotako baldintza berberak aplikatuko dira, laguntza jasotzeko eskubidea duten behi, ardi eta ahuntzen kopurua zehazteko.
16. apartatu honen ondorioetarako, emakume nekazari batek, gaztea izan edo ez, jarduera hasten badu eta 2022. urtea bada abeltzaintzari lotutako laguntzaren bat edo azaleraren araberako laguntzaren bat eskatzen duen lehena, eta artikulu honetako 1., 2., 3., 4., 5., 12., 13. eta 14. zenbakiei dagokienez, 2021eko kanpainan unitate onargarririk ez badago, honako hauek hartuko dira ordainketa-unitate onargarritzat:
– Esnetarako behiei eta behi ume-hazleei dagokienez, 2022ko apirilaren 30ean ustiategian zeuden eta 2022ko lotutako bi laguntzetarako onargarriak diren animaliak (4. zenbaketan bakarrik).
– Gizentzeko behiei dagokienez, 2022ko lotutako laguntzarako onargarriak diren animalietatik 2021eko urriaren 1etik 2022ko apirilaren 30era bitartean ustiategian hil edo esportatu direnak.
– Ardi eta ahuntzei dagokienez, ustiategian dauden animalia onargarriak, 2022ko apirilaren 30ean aurkeztutako azken zentsu-aitorpenaren arabera.
– Azaleren araberako sektoreei dagokienez, laguntza honetan diruz laguntzeko moduko laboreen hektareak, 2022ko kanpainako eskabide bakarrean zehaztutzat jotzen direnak.
Kasu guztietan, 2021eko kanpainako erreferentzia-unitateen arabera definitutako gutxieneko atalase berberak jasoko dira.
Titular bati dagokionez titulartasunaren aldaketa eta/edo ekoizle gazte edo berri gisako instalazioa gertatzen bada, titulartasun-aldaketa gailenduko da, eta onuradun berriari lehengo titularraren efektiboak esleituko zaizkio.
4. artikulua.– Onuradun izateko betekizun orokorrak eta espezifikoak.
1.– Onuradun izateko, xedapen hauetan ezarritako betekizunak bete beharko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50 artikulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua, eta lege hori garatzen duen erregelamendua. Betekizun horiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira, eta, han, honako hauek adieraziko dira, berariaz: onuradun izan daitezkeenek kalte ekonomikoak jasan dituztela Ukrainako inbasioaren ondorioz, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenen ondorioz edo Errusiak zehapen horien aurka hartutako neurrien ondorioz. Gainera, adierazi beharko dute beste laguntzarik jaso duten, Aldi Baterako Esparru Nazionala edo Europako eta Ukrainako Aldi Baterako Esparrua aplikatzearen ondorioz. Erantzukizunpeko adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen administrazio-espediente bakoitzaren parte izan beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta aurkeztutzat joko da, 7. artikuluko 6.a.1) apartatuan xedatutakoari jarraituz.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako betekizunez gain, agindu honek ondorioak izango dituen egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroren batean inskribatutako ustiategi baten titularrak izan beharko dira.
3.– Behien, ardien, ahuntzen, pataten, erremolatxen, bazka-artoen eta lekadunen azpisektoreetarako, ordaintzeko erreferentzia-unitateak Nekazaritza Politika Erkidearen eskabide bakarrean oinarrituta ezartzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztuak izan beharko dira, hala 2021ean nola 2022an.
5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzaren zenbatekoak oinarrizko laguntza hartzen du barnean, eta laguntza osagarri bat gehitzeko aukera egongo da.
2.– Oinarrizko laguntza kalkulatzeko, dirulaguntza jaso dezakeen animalia edo hektarea bakoitzaren zenbatekoa biderkatu behar da ustiategian dauden abereen edo hektareen kopuruarekin, honela:
a) 220 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako esnetarako behi bakoitzeko.
b) 85 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako behi ume-hazle bakoitzeko.
c) 100 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako gizentzeko behi bakoitzeko.
d) 5 euro «2021eko Eskaera Bakar»rean zehaztutako ardi bakoitzeko.
e) 5 euro «2021eko Eskaera Bakar»rean zehaztutako ahuntz bakoitzeko.
f) 35 euro 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako txerri eme ugaltzaile bakoitzeko.
g) 80 euro 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako gizentzeko txerri bakoitzeko.
h) 2,20 euro 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako errute-oilo bakoitzeko.
i) Euro 1 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako gizentzeko oilasko bakoitzeko.
j) 5 euro 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako untxi eme ugaltzaile bakoitzeko.
k) 50 euro 2022ko «(NUA) Nahitaezko Urteko Aitorpen»ean adierazitako 12 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko.
l) 160 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako patataren (ereitea edo kontsumoa) eta/edo azukre-erremolatxaren hektarea bakoitzeko.
m) 250 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako bazka-artoaren hektarea bakoitzeko.
n) 250 euro «2021eko Eskabide Bakar»rean zehaztutako giza kontsumorako lekadunen hektarea bakoitzeko.
3.– Laguntza osagarria honako hauek kontuan hartuta zehaztuko da:
a) Emakumeen titulartasuneko ustiategietan, edo titulartasuna partekatua bada, edo titularra pertsona juridiko bat bada eta bazkideak bi pertsona badira, sozietate horren partaidetza sozialen edo jabetzaren gutxienez % 50 emakumeen esku dagoenean, eta gainerako kasuetan ehuneko hori parekoa denean, laguntza ehuneko 5 handiagoa izango da.
Ustiategiaren titulartasunaren osaerari buruzko informazioa 2022ko eskabide bakarrean jasotakoa izango da, eta, aurkeztu ez bada, 2022ko maiatzaren 31n dagokion ustiategien erregistroan jasotakoa.
b) Gazteren baten titulartasuneko ustiategietan, edo titularra pertsona juridiko bat denean, sozietate horren partaidetza sozialen edo jabetzaren gutxienez % 50 gazteen esku dagoenean, laguntza ehuneko 5 handiagoa izango da. Atal honen ondorioetarako, 41 urtetik beherako pertsona hartuko da gaztetzat.
Informazio hori 2022ko eskabide bakarrean jasotakoa izango da, eta, aurkeztu ez bada, 2022ko maiatzaren 31n dagokion ustiategien erregistroan jasotakoa.
4.– Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan ekonomia babesteko krisi-laguntzen aldi baterako esparruari buruzko Europako Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko Jakinarazpenean ezarritakoaren arabera, enpresa bakoitzak jaso beharreko gehieneko zenbatekoa ez da 62.000 eurotik gorakoa izango, eta zenbateko horretan sartuko dira esparru horren babesean jasotako bestelako laguntzak.
6. artikulua.– Bateragarritasunak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak esparruari lotutako bestelako laguntzei metatu ahal izango zaizkie, bai eta de minimis erregelamenduen arabera emandako laguntzak edo kategorien araberako salbuespen-erregelamenduen arabera emandako laguntzak ere, betiere erregelamendu horietan metatzeari buruz jasotako arauak betetzen badira. Halaber, agindu honen babesean emandako laguntzak metatu dakizkieke COVID-19ari buruzko Aldi Baterako Esparruan emandako laguntzei, betiere dagozkien metatze-arauak errespetatzen badira, eta, zehazki, Batzordearen Jakinarazpenean ezarritako gehieneko laguntzaren zenbatekoak (62.000 euro/ustiapen).
7. artikulua.– Laguntza kudeatzea eta ebaztea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatu eta ebazteko organo eskuduna.
2.– Izapideak bitarteko elektronikoak erabiliz baino ez dira egingo, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Laguntzak erregistroetan eta 3. artikuluan aipatutako eskabideetan jasotako datuen arabera kudeatuko dira, eta ofizioz emango dira Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, 5. artikuluan aurreikusitako zenbatekoen arabera ezartzen diren kalkuluetan oinarrituta, eta betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. Hala ere, ustiategien titularrek datu horien kontsulta ukatu ahal izango dute, eta, hala eginez gero, deialdi honetan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
4.– Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide eta/edo informazio osagarriak eskatu ahal izango dizkie onuradun izan daitezkeenei, laguntza behar bezala ebazteko. Zehazki, agindu honen 4. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.
5.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak 3. artikuluan aipatzen diren eta eskatutako betekizunak betetzen dituzten ustiategien titularren behin-behineko zerrenda argitaratuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), gehienez ere 15 egun balioduneko epean, agindu hau indarrean jartzen den egunetik hasita. Zerrenda horretan, halaber, honako hauek adieraziko dira: zenbat abelburu eta hektarea zenbatu diren, eta ustiategiaren titulartasuna emakumeena, parekidea edo gazteena den (laguntza osagarria ordaintzeko behar dira horiek).
6.– Onuradunek 5 egun balioduneko epea izango dute, a) apartatuan aipatutako argitalpena egiten denetik hasita, honako hau egiteko:
a.1.– Zerrendan badaude: hori onartu, ukatu edo datuak aldatzeko eskatzea. Onarpena isilbidez egin dela pentsatuko da, baldin eta 5 egun baliodunak igaro ondoren interesdunak inolako jakinarazpenik egiten ez badu, eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztutzat joko da. Epe berean eta berariaz uko egin beharko diote, edo aldatzeko eskatu, zer aldatu nahi duten adierazita eta aldaketa-eskabidearen egiaztagiriak aurkeztuta. Uko egiteak atzera egitearen ondorio berak izango ditu.
a.2.– Behin-behineko zerrendan egon ezean, eta 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira, zerrendan sartzeko eskatzea, egiaztagiriak aurkeztuta, honako hauek, alegia: 2021. urteko eskabide bakarraren kopia eta/edo dagokion espeziearen azpiustiapenaren fitxa; SITRAN-EAEtik deskargatu daitekeena.
7.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren babesean aurkeztutako alegazioen ebazpena gehienez ere hilabeteko epean emango da, alegazioak aurkezteko aurreikusitako 5 eguneko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
8.– Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu eta hiru hilabeteko epean, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren, laguntzak eman, ukatu, jakinarazi eta ordainduko dira, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da. Data horretan ebazpenik eman eta argitaratu ez bada, interesdunek laguntza ezetsi dela ulertu ahal izango dute.
9.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunek laguntza onartu dutela ulertuko da, ez badiote espresuki uko egiten laguntza eman zaielako jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean.
2.– Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
4.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.
5.– Onuradunak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta, gainera hura berreskuratzeko agindu badu, eta onuradunak laguntza hori itzuli ez badu, horren berri eman beharko dio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunak betetzen dihardutela eskatzen duten informazio guztia ematea, agindu honen kargura jasotako laguntzari buruz.
7.– Emandako laguntzarekin lotutako dokumentazioa artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta/edo Batzordearen esku uztea, hamar urtez, laguntza ematen denetik zenbatzen hasita.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
9. artikulua.– Ordainketak.
1.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ordainduko zaie onuradunei emandako laguntzaren zenbatekoa. Nolanahi ere, ordainketak 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan ekonomia babesteko krisi-laguntzen aldi baterako esparruari buruzko Europako Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko Jakinarazpenean ezarritakoaren arabera.
2.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu. Onuradunak ofiziozko egiaztapen horren aurka egin ahal izango du, eta kasu horretan dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko»an jasota egon beharko da onuraduna. Erregistro horretan alta eman edo datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
10. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, arau honetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren printzipala eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.
11. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntzak emateko kontuan hartutako funtsezko baldintzak eta agindu honetan laguntza horiek eskuratzeko adierazitako betekizunak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Beste baldintza batzuk badaude, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, aipatutako aldaketaren mailaren arabera hainbanatuta.
2.– Laguntza emateko eskatzen diren baldintzak betetzen ez badira, onuradunak izango dituen beste erantzukizun batzuk alde batera utzita, emandako laguntzarako eskubidea galduko da, eta dagoeneko jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, legezko berandutze-interesak gehituta.
3.– Halaber, jasotako zenbatekoak ere itzuli beharko dira, eta laguntza ordaintzen denetik sortutako berandutza-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 artikuluan zehaztutako gainerako kasuetan.
12. artikulua.– Datuak babestea.
Datu pertsonalak «Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
a) Arduraduna: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.
b) Helburua: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko laguntzak kudeatzea.
c) Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
d) Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
e) Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.– Informazio gehigarria: web orri honetan kontsultatuko da: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/076400-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 28a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.