Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2022ko irailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4053

AGINDUA, 2022ko abuztuaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2022ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak, Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen diren osasun-sustapeneko jarduketak egiteko.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektoreetan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek osasunaren eta osasungarritasunaren kontrolerako eskumenak gauzatuko dituzte, zehazki antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoak haiei eskuordetutako eskumenak ere gauzatuko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira halako jarduera guztietan, eta EAEko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-mailako ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko sistema sanitarioko langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatu, eta, beharrezkoa bada, koordinazio-organo espezifikoak sortuko dira.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, zenbait arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak tokian-tokian ematen dira; hortaz, politika horiek koordinatuz gero, sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea tokian tokiko jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian, egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

2013-2020 aldiko Osasun Planaren 1.2 helburua da ekitatea indartzea Euskadiko Osasun Sisteman. Helburu horiek hainbat ekintzatan garatzen dira. 1.2.6 ekintzan ezartzen da osasunean komunitateko ekintza garatuko dela biztanleriaren osasunaren gaineko esku-hartzeen bidez, toki-mailako eragile guztiak barne hartzen baitira.

Halaber, plan horren 1.4 helburua da pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea, genero-ezberdintasunak eta kolektibo eta egoeren aniztasuna aintzat hartuta. 1.4.6 ekintzaren xedea da parte-hartze komunitarioa artikulatzea eta indartzea esparru guztietan, existitzen diren tresnen bidez nahiz mekanismo berrien bidez, herritarrek parte har dezaten osasuna sustatzeko esku-hartze komunitarioen plangintza- eta ezarpen-faseetan.

Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2022ko ekitaldiko dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen. Plan horretan honako hau jasotzen da I. eranskinaren 3.1.2 epigrafean: «Tokiko eremuan osasuna sustatzeko dirulaguntzak».

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Horregatik, eta aurreko urteetako deialdietan pilatutako esperientzian oinarrituta, deialdi honen ardatza da parte-hartze komunitarioko prozesuen eraketa ahalbidetzea, bertatik artikulatzeko osasun-sustapeneko estrategiak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete. Parte-hartze komunitarioa da komunitateak parte hartzea bere beharrizanei erantzuten dien prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez, horrela, baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

Deialdi honek eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek honako esparru juridiko hau betetzen dute:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen xede diren laguntzak ezin dira Estatuko laguntzatzat hartu; izan ere, deialdiak diruz lagun ditzakeen xedea edo jarduketak urrun daude jarduera ekonomikotzat har daitekeenetik eta erakunde onuradunak ez dira enpresak, publikoak baitira. Horregatik, espedienteari ez zaio inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntzaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, toki-erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako laguntza ekonomikoak deitzea, tokiko ekintza komunitarioa indartzeko eta, 2022an, osasun-sustapeneko proiektuak garatzeko, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete.

2.– Laguntza hauen xedea da 2022ko urtarriletik abendura bitartean eginiko jarduketak finantzatzea; jarduera horien helburuak hauek izango dira:

a) Komunitateak parte hartzeko prozesuak sortzea edo dinamizatzea, tokiko eremuan osasuna sustatzeko ekintzak eta estrategiak planifikatu eta garatzeko.

b) Osasuna sustatzeko jarduerak, komunitatearen beharrizanak edo intereseko gaiak badituzte xede, eta komunitateak parte hartzeko prozesuen barruan garatzen badira.

Parte-hartze komunitarioko prozesu bat egitura inklusibo eta parte-hartzaile bat da, eta komunitateko hainbat eragile biltzen ditu, hala nola administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasungintza, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuteko xedearekin.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek eska ditzakete laguntza hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, tokiko erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.

2.– Baldintza hauek bete beharko dituzte tokiko merkataritza-sozietateek: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.

3.– Erakunde onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, erakundeak beteta izan beharko ditu legezko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.

4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.

5.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte dirulaguntzen onuradun deklaratuak izateko laguntzak emateko ebazpenaren bidez. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

6.– Ezingo dituzte laguntza hauek eskuratu zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden entitateek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenek ere, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta, sexuaren inguruko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa 250.000 eurokoa da (berrehun eta berrogeita hamar mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezke honako jarduketak direla-eta sortutako gastuak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesua dinamizatzea, honako helburu hauekin:

1.– Komunitateko eragileak erakartzea eta parte-hartze komunitarioko prozesua ahalbidetzen duten aliantzak ezartzea.

2.– Komunitateko aktiboak identifikatzea pertsonen eta komunitateen gaitasuna indartzen duten faktore eta bitarteko gisa, osasunari eta ongizateari eusteko (aktiboak mapatzea).

3.– Komunitatearen beharrizanak, asmoak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

b) Osasuna sustatzeko jarduketak egitea, jarduerok parte-hartze komunitarioko prozesuaren bidez sortuak eta jarduketa-esparru ezberdinetara bideratuak izanik, komunitatearen beharrizanen, asmoen, arazoen edo bere interesekoak diren gaien arabera, hala nola jarduera fisikoa, elikadura osasuntsua, ongizate emozionala, osasuna edo ongizatea ahalbidetzen duten inguruneak, eta abar.

c) Toki-hedabideetan zabaltzea burutzen ari diren jardueren berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.

d) Jarduketen ebaluazioa.

2.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Langile-kostuak ordaintzera bideratutako gastuak, langile-egiturak sortzea edo horiek egonkor mantentzea ekartzen dutenak.

b) Toki-erakundeen programazioan dauden jarduketak, parte-hartze prozesu batetik ez datozenak.

c) Une jakin bateko jarduerak egitea soilik xede duten jarduketak edo parte-hartze komunitarioko prozesu batean sartuta ez daudenak (adibidez: ...(r)en eguna, ...(r)en astea, ...(r)en jardunaldia).

d) Finantza-gastuak.

e) Inbertsio-gastuak.

f) Administrazio-lizentziak.

g) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.

h) Laguntzaren xedearekin edo jarduketaren exekuzioarekin bat ez badatozenak, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak direnak.

3.– Diruz laguntzen diren jarduketak ezingo dira azpikontratu.

4.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izatea.

1.– Dirulaguntza hau, ematen bada, bateragarria izango da helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntzari sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75.

c) proiektu bakoitzeko 8.000 euro.

d) 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero.

2.– Lehen esleipenaren ondoren, muga horiekin deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura agortuko ez balitz, gainerako zenbatekoa honela banatuko litzateke: gehieneko mugak aldatuko lirateke, diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100 arte; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa eta erakunde onuradun bakoitzeko 18.000 euroko zenbatekoa. Kopuru hori esleipenean lortutakoari gehituko litzaioke.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak zenbait parte-hartze komunitarioko prozesuri dagozkion proiektuak aurkeztu ahal izango ditu.

2.– Eskabide bakoitzak proiektu bakar baten barruan jarduera bat edo batzuk barne hartzen dituen parte-hartze komunitarioko prozesu bakar bati egingo dio erreferentzia. Parte-hartze komunitarioko prozesu bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu ahal izango da.

3.– Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira 20. artikuluan adierazitako sarbide zuzenaren bidez.

4.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak (10. artikuluan daude zehaztuta).

b) Proiektuaren izenburua.

c) Proiektuari loturiko parte-hartze komunitarioko prozesua.

d) Harremanetarako pertsonaren datuak.

e) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

1.– Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzeko edo dinamizatzeko jarduketak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzea eta dinamizatzea.

b) Osasunerako aktiboak identifikatzea.

c) Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

d) Jarduketak lehenestea.

2.– Osasuna sustatzeko, parte-hartzeko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak:

a) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia:

1.– Jarduketaren justifikazioa.

2.– Helburuak.

3.– Faseen deskribapena.

b) Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak modu aktiboan parte hartzen du proiektuaren garapen-etapetan, eta ez jarduketaren hartzaile gisa bakarrik, hau da, biztanleek eta profesionalek elkarrekin hartzen dituzte erabakiak, eta modu aktiboan parte hartzen dute guztiek).

c) Esparru sozioedukatiboko edo soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean.

3.– Proiektuaren ebaluazio-proposamena.

4.– Zabalkunde-plana: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, hedabideetan publizitatea egitea, eta abar.

5.– Ekitatearen ikuspegia aplikatzea: arreta berezia desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, dibertsitate funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak eta abar.

f) Jardueraren exekuzio-epea.

g) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako bestelako laguntzak.

h) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

5.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den dirulaguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta proiektu osoa egiteko aurrekontu-partida, bestetik.

b) Proiektua parte-hartze komunitarioko prozesu baten barruan egiten dela justifikatzen duen azalpen-dokumentazioa, inplikatutako eragileek sinatua, zeinean sartuko baita dokumentu/akta bat, kasuan kasuko proiektua egiteko konpromisoa, inplikatutako eragileak eta jardueren kronograma jasoko dituena.

c) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gain, jarduketa gauzatuko den udalerriko edo udalerrietako osoko bilkuraren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.

d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Parte-hartze komunitarioko prozesu bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).

4.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20 artikuluan aipatutako ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.

5.– Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar ditu. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira, edo behar den agiriren bat, administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskabidearen bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, honek dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskabidean ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrean. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erakundearen erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu:

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

3.– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

4.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik. Eskatu eta jaso bada, kopurua adierazi behar da.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea, edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztapen egokia egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta xede bereko beste prozedura batera aurkeztu ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortu edo dinamizatzeko jarduketak: 30 puntu, gehienez.

1.– Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortzea: 8 puntu, gehienez.

a) Parte-hartze komunitarioko prozesua sortzeko arrazoiak azaltzen dira: 4 puntu.

b) Parte-hartze komunitarioko prozesuaren faseak azaltzen dira: 4 puntu.

2.– Osasunaren orientazioa positiboa. Komunitatearen osasunerako aktiboen identifikazioa: 8 puntu, gehienez.

a) Prozesuaren helburuarekin zerikusia duten tokiko komunitatearen indarguneak eta gaitasunak identifikatu eta jasotzen dira: 4 puntu.

b) Aktiboei balioa ematen zaie eta aktiboak prozesuan sartzen dira: 4 puntu.

3.– Diagnostiko komunitarioa Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea: 8 puntu, gehienez.

a) Komunitatearen beharrizanen edo intereseko gaien diagnostikoa nola egin den azaltzen da: 4 puntu.

b) Komunitatearen beharrizanen edo identifikatutako intereseko gaiak deskribatzen dira: 4 puntu.

4.– Jarduketak lehenestea: 6 puntu, gehienez.

a) Jarduketak nola lehenetsi diren azaltzen da: 3 puntu.

b) Jarduketa lehenetsiak deskribatzen dira: 3 puntu.

b) Osasuna sustatzeko, parte-hartze komunitarioko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak: 30 puntu, gehienez.

1.– Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia: 18 puntu, gehienez.

a) Proposatutako jardueraren justifikazioa: 6 puntu.

1.– Zer egoeraren gainean eragin nahi den: 3 puntu.

2.– Proiektuaren xede den komunitatearen ezaugarriak: 3 puntu.

b) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak: 6 puntu, gehienez.

1.– Helburuak izendatzen dira: 2 puntu.

2.– Sakon garatzen dira: 4 puntu.

c) Jarduera garatzeko faseen deskribapena: 6 puntu, gehienez.

1.– Faseak izendatzen dira: 2 puntu.

2.– Sakon azaltzen dira: 4 puntu.

2.– Parte-hartzearen oinarria. Biztanleek modu aktiboan parte hartzea, hau da, biztanleek eta profesionalek erabakiak batera hartzea eta biak modu aktiboan inplikatzea prozesuan: 12 puntu, gehienez.

a) Eragileek diseinuan eta ezarpenean nola parte hartzen duten zehazten da: 6 puntu, gehienez.

b) Ebaluazioan eragileek nola parte hartzen duten zehazten da: 6 puntu, gehienez.

c) Esparru sozioedukatiboko edo soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean: 10 puntu, gehienez.

d) Proiektuaren ebaluazioa: 10 puntu, gehienez (ebaluazio bakoitzean erabilitako metodologia adierazi beharko da).

1.– Prozesuaren ebaluazioa: 4 puntu, gehienez.

2.– Emaitzaren ebaluazioa: 3 puntu gehienez.

3.– Eraginaren ebaluazioa: 3 puntu, gehienez.

e) Zabalkunde-plana; hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, hedabideetan publizitatea egitea: 10 puntu, gehienez.

1.– Hedabideetan: 6 puntu.

2.– Komunitateko eragileen bidez: 2 puntu.

3.– Egintza publikoen bidez: 2 puntu.

f) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea: 10 puntu, gehienez.

1.– Desberdintasun sozioekonomikoak, proiektua garatzen den tokiko MEDEA indizearekin neurtuak (udalerria, auzoa, mankomunitatea): 5 puntu, gehienez.

a) 4. eta 5. kintilak: 5 puntu.

b) Gainerako kintilak: 0 puntu.

2.– Arreta berezia bestelako desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, desgaitasun funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak. Desberdintasun-ardatzen arreta nola egiten den azaltzen da: 5 puntu, gehienez.

2.– Guztira 30 puntu edo gehiago lortzen dutenak soilik lagundu ahal izango dira diruz.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, dirulaguntzak emateko prozedura eta haien kuantifikazioa.

1.– Eskabideak baloratuko dituen Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.

– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).

Kide anitzeko organoko idazkari-lanak egingo ditu batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak.

2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balorazio Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.

5.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira.

6.– Hau da zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren f) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta d) apartatuetan lortutakoa gero. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarreraren ordena kronologikoa hartuko da aintzat.

d) Banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ordena hori eta 6. artikuluan aurreikusitako mugak, eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

e) Hasierako banaketan, gainditu egiten bada erakunde batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkion zenbatekoak zehaztu ondoren, Balorazio Batzordeak ebazpen bat proposatuko dio Osasuneko sailburuordeari. Ebazpen horretan, erakunde onuradunak eta proposatutako zenbatekoak adieraziko dira, finantzatu beharreko proiektuen arabera banakatuta, bai eta, hala badagokio, ukatuko dituen proiektuak ere, erakunde eskatzaileak eta ukatzeko arrazoiak zehaztuta.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren, eskabide bakoitzerako. Eman direnetan, erakundeen identitatea eta horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ematen ez direnetan, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da –eskuragarri dago 20. artikuluan zehazten den «Nire karpeta» atalean–.

2.– Justifikazioetan, honako datu hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuaren izena eta parte-hartzaileak.

b) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:

1.– Egindako jarduketen deskribapena.

2.– Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak nola parte hartu duen aktiboki proiektuaren garapen-etapetan).

3.– Proiektuaren ebaluazioa.

4.– Zabalkunde-plana.

5.– Ekitatearen ikuspegia aplikatzea.

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastuaren egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hau aurkeztuko da:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.

b) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela dirulaguntza eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

c) Justifikazioko kontua: diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta adierazi behar da beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu ote den.

d) Agiri osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk.

4.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jarduketetan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2022. urtean sortutakoak badira.

5.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 1ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20 artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, 38/2003 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, erakundeari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70: ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a: proiektua egin izana eta izandako gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak (1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua eta 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluak) adierazitako beste batzuk:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote 10 egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

3.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.

6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan, baita publizitatean ere. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).

9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sar eta erabil dadin, bai eta zabaldu edo argitara eman dadin ere, edozein formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatiko erabiliz edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

10.– Euskadi Aktiboa plataforman, baliabide komunitario gisa ikusaraztea parte-hartze komunitarioko prozesua, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduketak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Erakunde bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko aldea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko beheranzko aldea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza-eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, sobran jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren segimendua.

Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapideak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira erakundeak. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskabide-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0088614

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu delako adierazpenak berekin dakar jasotako zenbatekoak gehi dirulaguntza-arloan aplikatzeko den berandutze-interesa (ordainketaren egunetik itzulketa-ebazpena eman den datara artekoa) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, soberan eskuratutakoa soilik itzuli beharko da, gehi dagokion berandutze-interesa.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, erakundeak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, jarduera deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin bat ez etortzea eragiten badute, ez eta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzen bada ere.

Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzen badira, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, behar diren izapide prozesalak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 30a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala