177. zk., 2022ko irailaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (306 KB - 17 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4016
AGINDUA, 2022ko abuztuaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta egiten baita laguntza horien deialdia, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2022-2023ko ikasturtean zehar.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko agintari publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko organo guztiak, zein bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla heziketa sanitarioaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea eskola-mailako jarduketetan eta sektore sanitariokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendatutako «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpo daude.
Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta jasangarritasunari laguntzen diola.
2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera.
2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2022ko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekintzak gauza ditzaten (mugikortasun aktiboa)».
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gauza ditzakete.
Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea.
Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.
Jarduera fisikoa familian egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.
Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak memoria eta ikasleen errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsona arteko harremanei mesede egiten die.
Deialdi honek eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek honako esparru juridiko hau betetzen dute:
– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.
– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2022-2023ko ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.
2.– Laguntza horien helburua da honako hauek finantzatzea 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era:
a) Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak.
Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta abar), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
b) Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, adina, sexua, funtzionaltasuna, etab.) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.
Proiektu horiek beharko dute:
1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.
c) Jarduera fisikoa familian erregularki egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak, zeinek honako betekizun hauek izango baitituzte:
1.– Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
2.– Ez dute irabazi-asmorik edukiko.
3.– Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.
4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.
5.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu, epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako desgaitzen dituen legezko debekuren bat duten entitateek, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik ezarritako debekuak barnean direla.
6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren bestelako eskakizunak, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplikatu behar direnak.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Deialdiaren zuzkidura ekonomikoa ehun eta hogeita hamasei mila da (136.000) eurokoa.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era sortu eta ordaindutako gastu hauek:
a) Proiektua dinamizatu, koordinatu eta gauzatzea.
b) Partaidetza-proiektuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, irakaslez besteko ikastetxeko langileak, familiak, etab.), egungo egoerari, diseinuari eta proiektua gauzatzeari buruzko gogoeta-faseetan.
c) Abiapuntuko egoeraren analisia:
1) Ikastetxe inguruko mugikortasuna, baldin eta proiektua eskola-bideei buruzkoa bada.
2) Espazio fisikoa eta haren erabilera, baldin eta ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen badira.
3) Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak, baldin eta jarduerak familian egitea sustatzen bada.
d) Espazioak egokitzea.
e) Behar den materiala eskuratzea.
f) Hitzaldiak, lantegiak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.
g) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.
2.– Elkartearen edo kooperatibaren ekarpen propio eta diruz ez laguntzeko modukotzat hartuko da langile boluntarioen lanaren balioespena; orduko 20 euroko genieneko muga ezartzen da. Proiektuaren helburuak lortzeko, elkartearen edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek musu-truk egindako lana da langile boluntarioen lanaren balioespena. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez.
3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
a) Kontuen interes zordunak.
b) Finantza-gastuak.
c) Inbertsio-gastuak.
d) Administrazio-lizentziak.
e) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.
f) Hauen ondoriozkoak:
– Kirol- eta kultura-ekitaldiak.
– Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola ...ren eguna, ...ren astea eta ...ren jardunaldiak.
– Ikastetxeetako urteko programazioan barne hartutako ohiko jarduerak.
4.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.
2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntzari sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du gaindituko muga hauetako ezein:
a) Eskatutako zenbatekoa.
b) Diruz laguntzeko moduko gastuen % 100.
c) 5.000 euro proiektuko.
2.– Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada deialdi honetarako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura osoa agortzen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da (5.000 euro), harik eta deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Proiektu bakoitzarekin eskabide telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20.4 artikuluan aipatzen den estekaren bidez eskura daitekeen inprimakian.
2.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:
a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak, komunikazioak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, eta 10. artikuluan zehazten diren erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.
b) Proiektuaren izenburua, harremanetarako pertsonaren izena, ikastetxe inplikatuaren izena eta kodea.
c) Proiektuaren deskribapen teknikoa:
Hauen deskribapen xehea:
1) Zer egoeraren gainean eragin nahi den.
2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak.
3) Garapen-faseak.
4) Proiektuaren ebaluazioa.
d) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:
1) Proiektuan parte hartzea.
2) Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan.
e) Tokiko komunitatearen inplikazioa: udala, auzo-elkarteak, eta abar.
f) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea.
g) Jarduketa gauzatzeko epea.
h) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.
i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.
3.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
a) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:
– Guraso-elkarteen eta ikasle-elkarteen kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
– Irakaskuntza-kooperatiben kasuan: EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
b) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
c) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Epea eta eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).
4.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20. artikuluan aipatutako ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.
5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar dute. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidean datuak falta badira, edo nahitaezkoa den agiriren bat, administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan (zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin).
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoan, identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela jaso daiteke eskabidean. Erakundeak ez badu kontsultarako baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.
Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.3 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren eskakizunak eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztuko ditu erakundeak.
2.– Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.
– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.
– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik. Eskatu eta jaso bada, kopurua adierazi behar da.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea, edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.
3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztapen egokia egingo da.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.
Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta xede bereko beste prozedura batera aurkeztu ezin ahal izatea denbora–tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 20 puntu gehienez.
Hauen deskribapen xehea:
1) Zer egoeraren gainean eragin nahi den. 5 puntu gehienez.
a) Egoera fisikoaren deskribapena (kokapena, instalazioak, zentroaren irisgarritasuna, etab.): 1 puntu.
b) Ikasleen jarduera fisikoaren maila, sedentarismoaren arriskuak, jarduera fisikoaren onurak eta naturarekiko harremana: 1 puntu.
c) Jarduera fisikoan dauden aldeak taldeen artean (generoa, maila sozioekonomikoa, dibertsitate funtzionala): 1 puntu.
d) Ikasleen inguruabar sozial eta emozionalak deskribatzea: zailtasunak, emozioak, ongizatea, autonomia: 1 puntu.
e) Espazioaren erabilera (desberdinkeria, hezkidetza, jolas librea, askotariko jardueretarako espazio-premia): 1 puntu.
2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. artikulua). 5 puntu gehienez.
a) Proiektuak helburuak lotzen ditu: 2 puntu.
b) Proiektuak helburuak garatu eta azaltzen ditu: 3 puntu.
3) Garapen-faseak. 5 puntu gehienez.
a) Faseak izendatzen ditu: 2 puntu.
b) Fasean faseko edukiak garatzen ditu: 3 puntu.
4) Ebaluazio-proposamena. 5 puntu gehienez.
a) Prozesuaren ebaluazioa: 2 puntu.
b) Inpaktuaren ebaluazioa: 2 puntu.
c) Emaitzen ebaluazioa: 1 puntu.
b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. 25 puntu gehienez.
1) Partaidetza-dinamikak: hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan. 15 puntu gehienez.
a) Proiektua diseinatzeko fasea. 5 puntu gehienez.
Hauen partaidetza zer-nolakoa izan den azaltzen du:
1) Irakasleak: 2 puntu.
2) Ikasleak: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitatea: 1 puntu.
b) Proiektua ezartzeko fasea. 5 puntu gehienez.
Hauen partaidetza zer-nolakoa izan den azaltzen du:
1) Irakasleak: 2 puntu.
2) Ikasleak: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitatea: 1 puntu.
c) Proiektua ebaluatzeko fasea. 5 puntu gehienez.
Hauen partaidetza zer-nolakoa izan den azaltzen du:
1) Irakasleak: 2 puntu.
2) Ikasleak: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitatea: 1 puntu.
2) Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan (jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak). 10 puntu gehienez.
a) Proiektua zein ikasgaitan lantzen ari diren azaltzen da: 3 puntu.
b) Zein gai lantzen ari diren azaltzen da: 5 puntu.
c) Gurasoei hitzaldiak ematea edo irakasleei prestakuntza ematea aurreikusi da: 2 puntu.
c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Udalerriko erakundeekin edo taldeekin koordinatzea, proiektuan izango duten inplikazioa baieztatuta. 15 puntu gehienez.
1) Udala. 10 puntu gehienez.
a) Zein fasetan edo jardueratan parte hartzen ari den zehaztu da: 5 puntu.
b) Udalak zein eratara parte hartzen duen garatzen da: 5 puntu.
2) Auzo-elkarteak eta bestelakoak, beste hezkuntza-zentro edo kolektibo batzuk. 5 puntu gehienez.
a) Proiektuko partaidetza azaldu eta agiri bidez justifikatzen da: 2 puntu.
b) Parte hartzeko era azaltzen da: 3 puntu.
d) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea (sozioekonomikoak, generoari eta jatorriari dagozkionak, funtzionalak edo bestelakoak). 40 puntu gehienez.
1) Proiektua ikastetxe batean gauzatzen bada, puntuazio hauek dagozkio:
a) Hamaika Esku edo Eraldatzen programan parte hartzen badu: 30 puntu.
b) Ez badu Hamaika Esku edo Eraldatzen programan parte hartzen:
– Baldin eta ikasle bekadunak % 59 baino gehiago badira: 30 puntu.
– Baldin eta ikasle bekadunak % 50 eta % 59 artean badira: 20 puntu.
– Baldin eta ikasle bekadunak % 40 eta % 49 artean badira: 10 puntu.
2) Neskak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea lortzeko modua deskribatzen duen proiektua: 5 puntu.
3) Dibertsitate funtzionala duten ikasleak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea lortzeko modua deskribatzen duen proiektua: 5 puntu.
2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko 2021-2022ko ikasturtean partaidetza-proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.
3.– Dirulaguntza emateko ezinbestekoa da a) irizpideari dagokion atalean 10 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.
12. artikulua.– Eskabideak baloratzea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.
1.– Eskabideak baloratuko dituen balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute:
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.
– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).
– Kide anitzeko organoko idazkaritza-lanak egingo ditu batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak.
2.– Balorazio Batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera baloratuko ditu eskabideak.
3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balorazio Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.
4.– Balorazio Batzordeak zehaztuko du, proiektu bakoitzerako, lortutako puntuazioa eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.
5.– Eskabideak baloratzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura honako hau da:
a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.
b) 11.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.
c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren d) letran lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta b) letretan lortutakoa gero. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarreraren ordena kronologikoa hartuko da aintzat.
d) Ordena hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
6.– Zenbatekoak zehaztu ostean, Balorazio Batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira banakako proposamen bakoitzari dagokionez:
a) Emateko proposamena bada: erakunde onuradunaren nortasuna, proiektuaren espediente-zenbakia eta zenbatekoa.
b) Ez emateko proposamena bada: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren espediente-zenbakia eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.
7.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du obra-lizentzia eskuratzetik salbuesten, zeina beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Eman direnetan, elkarteen identitatea eta horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ematen ez direnetan, ordea, zergatia azaldu beharko da.
3.– Ebazpena emateko eta elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondoreetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie elkarte eta kooperatibei.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.
6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren organo autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurek.
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzarekin eskabide telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20 artikuluan aipatzen den Nire Karpeta atalean eskura daitekeen inprimakian.
2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek agertuko dira:
a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.
b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia, harremanetarako pertsonaren izena, ikastetxe inplikatuaren izena eta kodea.
c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:
1) Egindako jarduketak:
a) Egindako jarduketen deskribapena.
b) Ebaluazioa.
2) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan.
a) Partaidetza-dinamikak:
– Diseinua.
– Ezarpena.
– Ebaluazioa.
b) Prestakuntza-programa.
3) Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.
a) Udaletxea.
b) Elkarteak, beste ikastetxe eta kolektibo batzuk.
4) Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).
d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.
e) Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoa egingo duena, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egotzitako ehunekoa. Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
b) Agiri osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk. Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.
4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:
a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak; agiri horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute).
d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; hartu-agiria eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
5.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean sortu eta ordaindu badira.
6.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 18an amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 20. artikuluan azaltzen den moduan.
8.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.
9.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, 38/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.
Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, erakundeari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentazioa aurkezteko hamar egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a: proiektua egin izana eta izandako gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko da. Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak adierazitako beste batzuk alde batera utzi gabe, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.
3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
5.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.
6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.
7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak bost urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.
8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (hemen dago: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/)
9.– Aurkeztutako dokumentuetako informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, mugarik gabe, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, bai eta zabaldu eta/edo argitaratzeko ere, edozein formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatiko erabiliz edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.
10.– Euskadi Aktiboa plataforman, komunitatearen baliabide gisa ikusaraztea erakunde adjudikazioduna, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduerak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/
11.– Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.
12.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatzen dena betetzea, baita 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan xedatzen dena ere; deialdi honen esparru juridikoan aipatu dira bata zein bestea.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Erakunde bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko aldea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko beheranzko aldea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza-eskubidea galduko da.
Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.
Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz –eta ez bestela– egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Ahalordeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Elkarte edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091504
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Agindu honetan aurreikusi gabeko orotan, aplikagarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, soberako kostua soilik itzuli beharko da, gehi dagokion berandutze-interesa.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, hasiera batean aurreikusitako helburu guztiak bete badira eta erakundeak bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela egiaztatzen badu. Aldaketak ez du inola ere eragingo gauzatzen den jarduerak lotura galtzea deialdiaren xedearekin (1. artikuluan zehaztua), edo proiektuaren helburua bera bete gabe uztea. Halakorik gertatzen bada, dirulaguntza-eskubidea galdu, eta jasotako kopuru guztiak itzuli beharko dira.
Laguntzaren parte bat itzuli behar bada, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta ebatziko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Aplikatuko zaie, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.
Prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 30a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.