Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3818

AGINDUA, 2022ko ekainaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen eta arautzen baitira arlo sanitarioko irabazi-asmorik gabeko erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako eta osasun-langileen etengabeko prestakuntzako jarduerak antola ditzaten 2022an.

Herritarrei arreta sanitario egokia ematea faktore askoren mende dago; horien artean, osasungintzako profesionalen gaikuntza nabarmentzen da, eta, horretarako, kalitatezko prestakuntza-prozesu bat egin behar da.

Osasungintzako profesionalen eskubidetzat eta betebehartzat hartzen den etengabeko prestakuntza (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa), gaur egun, jarduera ohiko eta beharrezkotzat hartzen dute arlo sanitarioko, hezkuntzako, elkartegintzako eta korporazio-arloko erakundeek eta profesionalek berek. Etengabe aldatzen ari direnez osasun- eta gaixotasun-prozesuen ezagutzak, prozesu horiek baldintzatzen dituzten alderdiak, eredu epidemiologikoak eta erabiltzen diren teknologien berrikuntzak, bai eta osasun-sistemen eta oro har gizarte-sistemen antolaketa ere, profesionalen gaitasunak betebehar etiko gisa mantendu eta etengabe hobetu behar dira, profesional horiek ahalik eta arreta onena eman diezaieten zerbitzatzen dituzten herritarrei. Etengabeko prestakuntza oso tresna indartsua da helburu hori lortzeko.

Halaber, prestakuntza-jarduerak antolatuz, profesionalen arteko komunikazioa errazten duten topaguneak sustatzen dira, eta, hala, ezagutzaren hedapena kudeatzen da, bilera zientifikoak, ikastaroak, jardunaldiak eta abar antolatuta.

Deialdi honetan diruz laguntzekoak diren jarduerek bat etorri behar dute Osasun Sailak legegintzaldi honetarako finkatutako ildo estrategikoekin.

Bestalde, Osasun Sailaren ustez, gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, onuragarria eta ezinbestekoa da laguntzea osasunaren esparruan diharduten profesionalen elkargoak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten espezialitate sanitarioetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoak, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eman diezaieten, beren ezagutza teknikoa eguneratu edo ikerketa sanitarioa bultzatu dezaten.

Deialdi hau Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren barnean dago. Agindu horren bidez onartu zen Osasun Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza hartzen da dirulaguntzen jarduera-eremu handienekotzat.

Agindu honetan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen ondoreetarako ezarritako aurrekontu-kredituetako baliabide ekonomikoak erabiliko dira.

Kontuan hartuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 6/05 Zirkularra, Europar Batasunaren aurrean egin beharreko izapideen kontrolari buruzkoa, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak ezin dira estatu-laguntzatzat hartu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, deialdiaren bidez diruz lagun daitezkeen xedeen edo jardueren helburua ezin da jarduera ekonomikotzat hartu, hezkuntza- eta ikerketa-jarduerak direlako.

Xedapen hauek izan dira kontuan: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako lege horren Erregelamendua; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duena, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia iragartzea:

1.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko profesionalen elkargoak, elkarteak eta erakunde zientifikoak eratzea edo martxan jartzea, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo ikerketa sanitarioa sustatzen dutenak, betiere.

2.– Osasun-arloko profesionalentzako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea 2022. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horiek Profesio Sanitarioen Etengabeko Formakuntzako Euskal Kontseiluak egiaztatzea.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

Laguntzak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEONALTBren 51.4 artikuluan adierazitako lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak, haien artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun hori ezarriko da, batetik, agindu honetako dagokion kapituluan eskabide bakoitzerako ezartzen diren balioespen-irizpideen arabera, eta, bestetik, balioespen-fasean, gutxienez, gehieneko puntuazioaren erdia lortu duten eskabideei bakarrik esleituz laguntzak, harik eta modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortzen diren arte, hala gertatuz gero.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntzok.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2022. urtean, agindu honetako helburua erdiesteko erabiliko diren baliabide ekonomikoen zenbateko osoa hirurogeita hemeretzi mila laurehun eta bederatzi eurokoa (79.409,00) izango da. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira baliabide horiek, eta honelaxe banatuko dira:

a) Erakundeen eraketa edo funtzionamendurako laguntzak: hogeita hamaika mila zazpiehun eta hirurogeita lau (31.764,00) euro.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak: berrogeita zazpi mila seiehun eta berrogeita bost (47.645,00) euro.

Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izango da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Baldin eta, agindu honetako laguntza-modalitateren baten deialdia ebatzi ondoren, soberakinak geratzen badira, artean ebatzi gabeko gainerako modalitateen zuzkidurak handitzeko erabili ahal izango dira soberakin horiek.

Zirkunstantzia hori gertatzen bada, horren berri emango da Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun: egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan eta osasun-arloan diharduten profesionalen elkargoak, elkarteak eta erakunde zientifikoak, guztiak ere irabazi-asmorik gabeak, osasuneko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo ikerketa sanitarioa sustatzen dutenak, betiere.

2.– Ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden erakundeak:

a) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikulua)

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badituzte, lege horretan edo Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako baldintzetan edo alderdi horiek arautzen dituzten foru-arauetan zehaztutakoetan.

e) Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, hauetan xedatu bezala: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; zehazki, haren 18. artikulua, zerga-betebeharren betetzea arautzen duena, eta 19. artikulua, Gizarte Segurantzarekikoez arduratzen dena.

f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten dutenak.

g) Epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak eguneratuta ez dituztenak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko Araudiaren 21. artikuluan xedatutako terminoetan.

h) Dirulaguntzak jasotzeko debekuek honako egoera hauetan dauden enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena edo eratorriak direla –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

3.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ofizioz egiaztatuko du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (EAEONALTB) 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Erakundeak horren aurka espresuki egiten badu, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Goragoko puntuetan adierazi diren debekuak balioesteko, justifikatzeko, deklaratzeko eta zenbaterainokoak diren zehazteko, eta deialdi honetan onuradunen betekizunei buruz zehazten ez diren beste alderdietarako, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako guztia aplikatuko da, lege hori oinarrizkoa baita.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera hauetarako eskatu ahal izango dira laguntzak:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko profesionalen elkargoak, elkarteak eta erakunde zientifikoak eratzea edo funtzionamenduan jartzea 2022. urtean, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo ikerketa sanitarioa sustatzen dutenak, betiere.

Erakundeak eratzeko gastuen artean, hauek sartuko dira: erakundea prestatzeko egindako bileretan eta horren berri ematean sortutakoak; notariotzetan eta erregistro publikoetan egindako jarduketak, obligazio fiskalak –ez badira, betiere, gastuak berreskuratzea edo konpentsatzea ekar dezaketen zeharkako zergak, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere–; langileria- eta administrazio-gastuak.

Erakundeen funtzionamendu-gastutzat hartuko dira beren administrazio-jardueretan antolatutako bilkurek, langileek, argitalpenek, Zuzendaritza Batzordeko kideen joan-etorriek eta amortizazioek eragindakoak.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat hartuko gastu sozialak –hala nola otorduak– eta protokolo-gastuak, ez eta erakunde eskatzaileak emandako beka, sari edo laguntzen ondoriozkoak ere.

Atal honetan baloratuko diren prestakuntza-jarduerek Osasun Sailak legealdi honetarako dituen ildo estrategikoen barnean egon behar dute:

– Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola, marketina, giza baliabideak, zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza, kalitatearen kontrola, arreta soziosanitarioa, langile sanitarioen arriskuak, erakunde sanitario motak, kudeaketa sanitarioko politikak, plangintza estrategikoa, zerbitzu sanitarioen ikuskapena eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.

– Osasun publikoa: nabarmendu behar dira haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia), eta plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak, gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak, eta osasunaren sustapena).

– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.

– Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatzea eta bultzatzea.

– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, bereziki prozesu asistentzialak integratuz, EAEko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.

– Suizidioa prebenitzeko estrategiak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_prevencion_suicidio/es_def/adjuntos/euskadin-suizidioa-prebenitzeko-estrategia.pdf

– Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_oncologico_2018_2023/eu_def/adjuntos/euskadi-onkologia-plana-2018-2023.pdf

– Dementzia neurodegeneratiboak: Alzheimer-en gaixotasuna, Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako parkinsonismoak, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza.

– Gaixotasun neuromuskularrak: Duchenne-ren muskulu-distrofia, Steinert-en gaixotasuna, muskulu-atrofia espinala eta miastenia larria.

– Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.

– Eutanasia.

– Prestakuntza sanitario espezializatuko sistemaren kalitatea hobetzea. Irakasleentzako prestakuntza.

– Gaixotasun kardiobaskularrak: kardiopatia iskemikoa eta iktusa.

– Zahartzea eta kronikotasuna.

b) Osasungintzako langileentzako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea, hala nola 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak.

Dirulaguntza-deialdira aurkeztuko diren prestakuntza-jarduerek Profesio Sanitarioen Etengabeko Formakuntzako Euskal Kontseiluaren edo erakunde baliokide baten ziurtapena izan behar dute, edo dagokion erakundeari ziurtapen-eskabidea aurkeztuta eduki beharko dute, ziurtapen-prozeduran finkatutakoaren arabera eska daitezkeen dokumentu guztiekin batera, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Hauek ez dira diruz lagunduko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarena bada; gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutu eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak DLOren 31. artikuluan eta 29. artikuluan azpikontratatzeko aukeraren inguruan (DLEren 68. artikuluarekin lotuta) xedatutakoaren araberakoak izan beharko dute.

3.– Esleipen-irizpideak.

Honako irizpide hauetan oinarriturik esleituko dira laguntzak, eta honako haztapen hauekin:

a) Erakundeen eraketa eta funtzionamendurako laguntzak:

a.1.– 2022. urtean egindako prestakuntza-jarduerengatik 45 puntu emango dira gehienez, betiere bat badatoz artikulu honetako 1. puntuan zehaztutako ildo estrategikoekin:

– Kongresua.

– Ikastaroa.

– Jardunaldia.

– Mahai-ingurua.

– Mintegia.

– Saio klinikoak.

– Sinposioa.

– Tailerra.

Egindako jarduera bakoitzagatik puntu 1 emango da. Lehen aipatutako jardueraren bat beste baten barruan sartuta badago, puntu bat gehiago emango da jarduera bakoitzagatik.

a.2.– Lanbide sanitario multiprofesionaletako erakunde zientifikoak izateagatik, gehienez 15 puntu, baldin eta erakundeak lanbide sanitario bat baino gehiago biltzen baditu.

a.3.– Erakundearen jardun-eremu geografikoa: gehienez 15 puntu. 15 puntu beren jarduera-eremuan, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidego osoa barne hartzen duten erakundeentzat, eta 10 puntu, lurralde-eremu txikiagoan jarduten dutenentzat.

a.4.– Erakundeko kide kopurua: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

20 puntu, hirurehun kide edo gehiago dituzten erakundeei.

15 puntu, berrehun baino gehiago baina hirurehun baino gutxiago dituztenei.

10 puntu, ehun baino gehiago baina gehienez berrehun dituztenei.

5 puntu, ehun baino gutxiago dituztenei.

a.5.– Aldizkako argitalpen zientifiko-sanitarioak egitea, paperezkoak edo digitalak, 5 puntu.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak:

b.1.– Prestakuntza-jardueragatik lortutako kreditu kopurua, Profesio Sanitarioen Etengabeko Formakuntzako Euskal Kontseiluak edo beste autonomia-erkidego batzuetako erakunde publiko ziurtatzaileek gauzatutako ziurtapen-prozesuaren barruan; gehienez, 100 puntu. Baloratu beharreko eskabidean lortutako kreditu kopuruaren puntuazioaren bihurketak emango du puntuazioa. Beraz, dirulaguntza-eskabidea aurkeztu duten mota eta modalitate bereko prestakuntza-jarduerengatik lortutako kreditu kopuru handienari gehieneko puntuazioa emango zaio (100 puntu), eta, hortik aurrera, proportzionalki aplikatuko da.

Bestela esanda, formula honen arabera esleituko dira puntuak:

b.2.– 100 puntu eskuratuko ditu diruz laguntzekoa den mota eta modalitate bereko prestakuntza-jardueren bidez lortutako kreditu kopuru handienak.

b.3.– Gainerakoa formula honen arabera haztatuko da:

Lortutako puntuazioa = 100 x diruz laguntzekoa den prestakuntza-jardueran lortutako kreditu kopurua / diruz lagunduko den gisa eta modalitate bereko prestakuntza-jardueretan lortutako kreditu kopuru handiena.

Behin baino gehiagotan antolatu diren prestakuntza-jardueretan, honela kalkulatuko da lortutako kreditu kopurua: lehenengo edizioan lortutako kreditu kopurua bider 2022. urtean egin eta egiaztatutako edizio kopurua (lau gehienez).

6. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izango da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –estatukoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada. Hala ere, eskabidean zehaztutako defizitetik gorakoa bada lortutako laguntzen guztikoa, zenbateko horretatik gorakoa Osasun Sailak emandako laguntzatik kenduko da.

3.– Laguntzaren onuraduna den erakundeak xede bererako bestelako laguntzarik lortzen badu, horren berri izan bezain laster, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Hilabetekoa da eskabideak eta gainerako dokumentu osagarriak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura dagoen formulario normalizatua bete behar da: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabide bakarra egingo da diruz laguntzekoa den prestakuntza-jarduera bakoitzeko, aintzat hartu gabe jarduera hori zenbat aldiz antolatu den 2022. urtean.

Nahiz eta erakunde eskatzaileek bi modalitateetarako aurkeztu eskabideak, modalitate horietako bakarraren onuradun baino ezin izango dira izan, betiere eman beharreko zenbateko handiena duenarena.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

4.– Eskabidearen bidez, ulertuko da erakundeak baimena eman ahal izango diola organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak, eta, halaber, egiazta dezan betetzen direla administrazio publikoek egindako dokumentuetan jasotzen diren eskakizunak, salbu eta eskabidean erakundea espresuki horren aurka agertzen ez bada. Aurka agertzen bada, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigor.

5.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko.

6.– Aginduan eskatzen den edo erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentu euskarri elektronikoan bidali beharko da, aurreko artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera.

7.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri emango dela.

b) Egiaztatzea erakundea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren eta amaitu gabe dauden itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso, dagokion epaiak edo ebazpen irmoak ezartzen duen epean laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen diona, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (4/2005, otsailaren 18koaren) azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Eskabidean eta agiri lagungarrietan eman diren datuak egiazkoak direla.

e) Erakundea legez eratuta eta inskribatuta dagoela dagokion erregistro publikoan (erregistroa, erregistro-zenbakia eta erregistro-eguna adierazita).

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

9.– Eskatutako dokumentazioa.

1) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Behar bezala legeztatutako estatutuen kopia.

– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hau da helbidea: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

– Eskabidea egiten den unean organo betearazleen eta zuzendaritza-organoen kide direnen izenen zerrenda.

– Erakundearen 2021. urteko balantzea, diru-sarrerak eta gastuak adierazita, eta bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak zehaztuta (I. eranskina)

– Erakundearen 2022. urterako gutxi gorabeherako balantzea, diru-sarrerak eta gastuak adierazita, eta bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak zehaztuta (I. eranskina)

– Erakundearen datuak eta jarduerak (III. eranskina)

2) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Prestakuntza-jardueren deskribapena, agindu honen II. eranskinaren arabera.

– Prestakuntza-jarduerak antolatzeari dagokion diru-sarreren eta gastuen balantze xehatua (I. eranskina).

8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Eskabideak ez baditu betetzen agindu honetan eskatutako baldintzak, hamar egun emango zaizkio erakunde eskatzaileari akatsak konpon ditzan, eta konpondu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela jakinaraziko zaio.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak, zuzenketak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da, zeinaren hasierako osaera agindu honetan emango baita aditzera eta aldaketak EHAAn argitaratuko baitira, interesdunei bertako kideak errekusatzeko eskubidea gauzatzeko aukera bermatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Balorazio Batzordearen osaera:

a) Batzordeburua: Miguel Sánchez Fernandez jauna, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

Ordezkoa: Antonia Daza Gutiérrez andrea, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko zerbitzuburua.

b) Bokalak:

– Víctor Bustamante Madariaga jauna, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.

Ordezkoa: Andoni Arcelay Salazar jauna, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako teknikaria.

– Javier Latorre Aguillo jauna, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Etengabeko Formakuntzako Euskal Kontseiluko idazkaria.

c) Idazkaritza: Javier Latorre Guinea jauna, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko teknikaria.

3.– Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, formulatu diren eskabideak ebaluatu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osasuneko sailburuordeari.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100era bitartekoa bada, eskabidearekin batera aurkeztutako balantzeko defizitaren ehuneko 90 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 75 puntutik 84ra bitartekoa bada, ehuneko 80 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 60 puntutik 74ra bitartekoa bada, ehuneko 70 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 50 puntutik 59ra bitartekoa bada, ehuneko 60 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Ezingo da inola ere 11.000,00 eurotik gorako laguntza eman. Eskabidearekin batera aurkeztutako balantzean jasotzen den defizita baino handiagoa bada zenbateko hori, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Dirulaguntza-lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta aldatzen ez badira dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa.

b) Erakundeek etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100era bitartekoa bada, eskabidearekin batera aurkeztutako balantzeko defizitaren ehuneko 60 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 75 puntutik 84ra bitartekoa bada, ehuneko 50 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 60 puntutik 74ra bitartekoa bada, ehuneko 40 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 50 puntutik 59ra bitartekoa bada, ehuneko 30 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Kongresuak antolatzeko, gehienez 5.400,00 euro emango dira. Aurrez aurreko modalitatean eta modalitate mistoan ematen diren gainerako prestakuntza-jardueretarako, gehieneko kopuru hori 3.000,00 eurokoa izango da, eta online egiten diren prestakuntza-jardueretarako, berriz, 1.500,00 eurokoa.

Aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoak badira zenbateko horiek, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Laguntza kuantifikatzeko, hauek ez dira kontuan hartuko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarena bada; gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutu eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

Dirulaguntza-lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta aldatzen ez badira dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak ebatziko du, balorazio-batzordearen proposamena aintzat hartuta.

2.– Ematen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman ala ukatzen diren; dirulaguntza ematen bada, erakunde onuraduna, haren identifikazio fiskala, diruz lagundutako jarduera edo ekitaldia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko dira. Ukatzen direnen kasuan, berriz, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Prozedura bakoitzean hartzen den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baina horrek ez dio Administrazioari berariaz ebazteko betebeharra kentzen.

Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Dagokion prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Erakunde onuradunak hamar egun balioduneko epea izango du, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu egin duela ulertuko da.

6.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak, zuzenketak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein zehapen-prozedura, antzeko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izanaren inguruan hasitakoak.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe –batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotakoak–, agindu honetan adierazitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Jasotako laguntza guztia dirulaguntzaren xede den proiektura bideratzea.

2.– Agindu honetan finkatutako eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, bai eta egin beharreko jarduera egin eta dirulaguntza eman edo erabiltzea eragin duen helburua betetzen dela ere.

3.– Eskabidean adierazitako datuetan edozein aldaketa izanez gero, horren berri izan bezain laster Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, bereziki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluan ezarritako bateragarritasun-araubideari eragiten dioten aldaketen kasuan.

4.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko finantza-arloko beste edozein egiaztapen eta kontrol ere, eta jarduketa horiek egiteko eskatzen zaion informazio guztia ematea.

5.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea beste dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuk jaso dituela diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko. Horren berri izan bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

6.– Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, edozein euskarritan daudela ere, egiaztapen- edo kontrol-jarduerak egin ahal izateko.

7.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza finantzarioa berariaz adieraztea, diruz lagundutako jarduera aditzera ematen duen dokumentazioan edo jardueraren emaitza gisa egiten diren memorietan, argitalpenetan edo komunikazioetan.

8.– Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

9.– Programetan, argitalpenetan eta abarretan generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak barneratzea, eta hizkuntzaren eta irudien erabileran elementu diskriminatzailerik ez jasotzea.

10.– Halaber, erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerek finantzazio publikoa jaso dutela adierazteko neurriak hartu beharko dituzte, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala auditatuta eduki beharko dituzte, merkataritzako eta sektoreko legeria aplikagarriak exijitutako baldintzetan, hala badagokie, eta horrekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan finkatutako gainerako eginkizunak bete beharko dituzte, lege hori oinarrizkoa baita.

13. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako laguntza ordainketa bakarrean egingo da, hurrengo apartatuan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu ondoren, eta laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da.

2.– Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte erakundeek, hamabost egun balioduneko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta:

– Memoria ekonomikoa, zeinetan jasoko baitira gastuak eta diru-sarrerak, berariaz adierazita diruz lagundutako jardueraren azken defizita.

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria. Sexuaren arabera bereizita emango da informazioa, hala badagokio.

– Memoriari erantsiko zaizkio fakturak edo froga-balio baliokidea duten dokumentuak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiria ere erantsiko da.

Ordainketa egiaztatzeko moduak:

– Banku-transferentziaren frogagiria.

– Banku-mugimenduaren frogagiria.

– Txekea (banku-frogagiriarekin batera)

– Eskudirutan ordaintzeko, erakundearen legezko ordezkariak sinatutako jatorrizko ziurtagiri bat aurkeztuko da, ordaintzeko modua justifikatuko duena.

Aurreko puntuetan zehaztu gabekoetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Artikulu honetan aipatzen den dokumentazio guztia bide telematikotik helarazi beharko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasuan-kasuan, helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baina, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du gutxitze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak hura ebaztekoa.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 12. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da–.

3.– Agindu honen 6. eta 14. artikuluetan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez sobera jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesu-izapideak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

5.– Itzulitako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betez, jakinarazten da «Irakaskuntza eta garapen profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla izaera pertsonaleko datuak, Osasun Sailak iragarritako irakaskuntza eta garapen profesionalerako laguntzen eskabideak eta jarraipena kudeatzeko. Tratamenduak ezaugarri hauek ditu:

Arduraduna: Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: Osasun Sailak iragarritako laguntzen eskabideak kudeatzea eta emandako laguntzen jarraipena egitea. Laguntza horien onuradun izan daitezke profesionalen elkargoak, osasun-arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta espezialitate sanitarioetako erakunde zientifikoak, betiere helburu badute laguntzok beren funtzionamendura edo 2022an etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzera bideratzea.

Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizunak betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa)

Erakunde edo pertsona hartzaileak: gai horretako eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi hau eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerak honako xedapen hauen esparru juridikoaren barruan sartzen dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala