145. zk., 2022ko uztailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3432
EBAZPENA, 2022ko uztailaren 8koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bitartez xedatzen baita Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordearen 2022ko ekainaren 30eko akordioa argitaratzea, Euskadiko Natura Ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legeari dagokionez.
Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako akordioa lortuta, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordioa, Euskadiko Natura Ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen arlokoa. Aipatutako akordioa ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 8a.
Araubide Juridikoaren sailburuordea,
SABINO TORRE DÍEZ.
ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO ALDEBIKO LANKIDETZA BATZORDEA
Akordioa, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordearena, Euskadiko Natura Ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen arlokoa.
Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak akordio hau adostu du:
I.– Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Lantaldeak aldez aurretik negoziatzen jardun du, Euskadiko Natura Ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 1., 10. eta 73. artikuluen eta laugarren xedapen gehigarriaren inguruan izandako desadostasunak aztertu eta konponbiderako proposamenak egiteko. Bada, negoziazio horien ondorioz, bi alderdiek desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, konpromiso eta kontsiderazio hauei jarraituz:
Bi alderdiek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoak interpretatu eta aplikatuko duela Euskadiko Natura Ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legea, bere eskumenak baliatuz eta irizpide hauen arabera:
a) 1.2 artikuluari dagokionez, bi alderdiek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumenak baliatuz, agindu hori aplikatuko duela, Konstituzio Auzitegiak arlo horretan duen jurisprudentziarekin bat etorriz (zehazki, Konstituzio Auzitegiaren 38/2002, 31/2010, 103/1989, 158/1986, 8/2013, 87/2013 eta 3/2014 epaiak).
Era berean, bi alderdiek uste dute, 1.2 artikulua interpretatu eta aplikatzeko orduan, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 10. artikuluaren arabera jokatu behar dela, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera ere.
b) 73.1.d) artikuluari dagokionez, bi alderdiek uste dute artikulu hori kanpo-merkataritzari buruzko Europar Batasuneko eta Estatuko legeriaren arabera interpretatu eta aplikatu behar dela –gai hori Estatuaren eskumen esklusiboa baita–, bai eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 54.5 artikuluaren arabera ere. Bereziki, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 56. eta 58. artikuluetan eta 9/2021 Legearen 68. eta 69. artikuluetan definitutako kategorietan sartzen ez diren animalia-espezie basatiei dagokienez, debeku horiek ez dira aplikatuko erregulazio espezifikoa duten kasuetan.
c) Laugarren xedapen gehigarriari dagokionez, bi alderdiek uste dute Euskal Autonomia Erkidegoak interpretatu eta aplikatuko duela xedapen hori, bere eskumenak baliatuz, betiere Estatuko oinarrizko legerian ezarritakoarekin bat etorriz eta, era berean, substantzia eta prestakin kimikoen erregistroari, ebaluazioari, baimenari eta murrizketari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorriz. Hain zuzen ere, Erregelamendu horren bitartez, Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen da, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatzen da, eta Kontseiluaren 793/1993 (EEE) Erregelamendua eta Batzordearen 1488/94 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira, eta, era berean, Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Kontseiluaren 91/155/CEE, 93/67/CEE, 93/105/CE eta 2000/21/CE Zuzentarauak (REACH Erregelamendua) indargabetzen dira. Aipatutako Erregelamendua lurralde osoan eta zuzenean aplikatzekoa da, eta berehala indargabetu dezake beraren aurkako edozein xedapen.
II.– Lortutako akordioa dela eta, bi alderdiak bat datoz: adierazitako desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, eta planteatutako eztabaida amaitutzat jotzen dute.
III.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Lurralde Politikako ministroa,
ISABEL RODRÍGUEZ GARCÍA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.