143. zk., 2022ko uztailaren 26a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (291 KB - 19 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3363
AGINDUA, 2022ko uztailaren 11koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketaren gaineko arautegia.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 472. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen denaren arabera, presa edo beharrizana dela eta, bitarteko funtzionarioak izendatu ahal izango dira Justizia Administrazioaren funtzionarioen kidegoei dagozkien funtzioak betetzeko, karrerako funtzionarioek ezin bete dituzten kasuan edo bitarteko funtzionarioak izendatzea eragin zuten arrazoiek berdin dirauten kasuan.
Zerbitzuaren beharrak direla-eta bitarteko funtzionarioak izendatzea, karrerako funtzionarioek zerbitzua egoerak eskatzen duen presarekin ematea ezinezkoa den kasuetan, agindu honetan ezartzen diren irizpide objektiboen arabera egingo da, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 489. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Arau horren babesean eman zuen Justizia Ministerioak 1451/2005 Errege Dekretua (abenduaren 7koa, Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartzen duena):
60/1996 Dekretuak (martxoaren 26koa, Eskualdaketetarako Bitariko Batzordearen 1996ko otsailaren 16ko Akordioa onartzen duena) eta 514/1996 Errege Dekretuak (martxoaren 15ekoa, Justizia Administrazioko langileei buruzko funtzioak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa) xedatzen dutenez, erkidego honi dagokio arlo horretako funtzioak gauzatzea, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak ezartzen duen moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko langileen aldi baterako beharrak betetzeko, 2010eko irailaren 16ko Agindua eman zen, zenbait kidegotan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeko dena; zehazki, kidego hauetan: Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan. Agindu horren helburua zen lehen aipatutako abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretua garatzea, 1.2 artikuluan adierazten den modura eta, zehatzago, 30. artikulua garatzea, zeinak jarraibide orokorrak ezartzen baititu Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarteko funtzionarioak izendatzea eta kargutik kentzea bidezkoa den kasuetarako, bai eta izendatutakoek bete behar dituzten baldintzak eta haien eskubideak eta betebeharrak ere, Bitarteko funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko organoetan izendatzen direnean, behar besteko arintasunez eta azkartasunez, eta funtziorako sarbidea arautzen duten berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarrituta.
Lan-poltsen kudeaketan orain arte izandako esperientzia aintzat hartuta, egoki ikusi zen aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketari buruzko arautegi berria egitea, kudeaketa eraginkorragoa lortzeko asmoz.
Horretarako egin zen Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuaren 2020ko azaroaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioaren zerbitzuan diharduten langileen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia onartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen 2022ko martxoaren 1ean, eta, horren bidez agindu zuen agindu hori baliogabetzeko eta xedapen orokorra prestatzeko prozesua atzera eramateko, jendaurrean jartzeko epea amaitu baino lehen. Epaitza hori betetzeko, araudi berri bat izapidetu da, eskatutako baldintza formalak betetzen dituena.
Araudi berri horretan, hautagaiek protagonismo handiagoa dute jaso nahi dituzten eskaintzak zehazteko garaian; izan ere, haiek erabakitzen dute, Administrazioaren aldez aurretiko baldintzarik gabe, lan egin nahi duten edo ez, non eta noiz. Haien esku da, gainera, beren baldintzak noiznahi aldatzea, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharrik gabe eta haren baiespenaren beharrik gabe.
Jasoko dituzten lan-eskaintzei dagokienez, ez onartzeko eskubidea izango dute, justifikatu beharrik gabe. Bitarteko langile izendatzeari nahiz lan-eskaintzari uko egiteak ez du ekarriko, orain arte bezala, zerrendetatik kanpo geratzea; horren ordez, uko egitearen ondorioa izango da lanerako prestasunik gabeko egoerara igarotzea 18 hilabete baino gehiago luzatuko ez den epealdi batez.
Izendapenaren hobekuntzari dagokionez, aukera zabaltzen da funtzionarioek eskaintzak jaso ditzaten zerbitzuan ari diren kidegoa ez den beste kidego bateko lan-poltsatik.
Hautagaien eta Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren arteko komunikazioari dagokionez, bide elektronikoa da nagusi, eta horrek kudeaketa sinplifikatu eta arintzeko aukera ematen du, eskaintzaren ordutegia zehaztuz eta haren onarpena eta, beraz, hautagaiek haren jarraipena egiteko duten aukera erraztuz.
Azaldutakoagatik guztiagatik, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegian ezarritakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten Justizia Administrazioko Langileen Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatuekin negoziatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da arautzea agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren lanpostuetan aldi baterako zerbitzuak beteko dituzten langileen hautapena, zerbitzu horiek emateko hautagaien zerrenden elaborazioa eta kudeaketa, eta hautatutako pertsonen izendapena edo kontratazioa.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Agindu honen aplikazio-eremu subjektiboan sartzen dira hurrengo atalean aipatzen diren lanpostuak betetzeko hautagaien zerrendak osatzen dituzten edo osatu nahi dituzten pertsonak.
2.– Agindu honen aplikazio-eremu objektiboan sartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioaren zerbitzuan aritzen diren langileen lanpostuen aldi baterako estaldura, aldi baterako estaldura hori artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren pertsonek bete behar dutenean.
3.– Aplikatuko da, halaber, errefortzuko neurri ezohikoetatik eratorritako beharren aldi baterako estalduraren kasuetan.
3. artikulua.– Lan-poltsak kudeatzeko eskumena.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eskumenekoak dira lan-poltsen eraketa eta kudeaketa.
4. artikulua.– Jarduteko printzipioak.
Lan-poltsetako pertsonak hautatzean, printzipio hauek errespetatuko dira:
a) Lan-poltsak betetzeko deialdien eta eskakizunen publikotasuna.
b) Aukera-berdintasuna, enplegu publikoa eskuratzeko oinarri orokorrekin eta lanpostuaren eskakizunekin bat etorriz.
c) Merezimendua eta gaitasuna, hautagaiak lan-poltsetan sartzeko erabilitako irizpideak eta lan-poltsetako hurrenkera baldintzatzen dutenak.
d) Gardentasuna, prozesuaren kudeaketari dagokionez.
e) Arintasuna eta erabilerraztasuna, kudeaketak egitean.
5. artikulua.– Hautagaien eskubideak eta betebeharrak.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13. artikuluak aitortzen dituen eskubideak izango ditu hautagaiak Administrazio Orokorraren aurrean.
2.– Hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikorako onartutako identifikazio- eta sinadura-bitartekoak erabili beharko dituzte lan-poltsekin lotutako edozein izapide egiteko. Lan-poltsa batean sartzeko nahitaezkoa da posta elektronikoko helbide bakarra eta telefono mugikorreko zenbaki bakarra aurkeztea.
3.– Hautagaiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez bermatu behar dute lan-poltsan sartzeko eta lan-eskaintzak jasotzeko aurkeztu dituzten baldintzak betetzen dituztela. Halaber, eskatu diren baldintzak betetzen dituela adierazten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu Administrazioak hala eskatzen dionean, salbu eta Administrazioak dagoeneko egiaztagiri horiek badauzka, edo hautagaiak Administrazioari baimena eman badio erregistroetan kontsulta ditzan.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada, edo aurkeztu ez bada, edo Administrazio honi ez bazaio aurkezten deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.– Hautagaiek, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, bertan adierazten diren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak izan litezkeen erregistroen kontsultak baimentzeko aukera izango dute. Kontsulta baimentzen ez duenak, jatorrizko dokumentazio egokia aurkeztu beharko du berak.
II. KAPITULUA
LAN-POLTSETAN SARTU ETA EGOTEKO BALDINTZAK
6. artikulua.– Lan-poltsako kide izateko, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta lan-poltsan dauden bitartean mantendu:
1.– Baldintza orokorrak:
1.1.– Nazionalitatea: Nazionalitate espainiarra izatea.
1.2.– Adina: Hamasei urte beteak izatea, dagokion kidegoan sartzeko deialdian hemezortzi urteko gutxieneko adina ezartzen denean izan ezik, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko adina.
1.3.– Gaitasuna: Hautagaiak gaitasun funtzionala izatea lanean hasi nahi duen kidegoari dagozkion eginkizunak betetzeko.
1.4.– Gaikuntza:
a) Doluzko delituengatik askatasunaz gabetzeko zigorrik jaso ez izana, salbu eta zigor-aurrekariak ezereztea edo birgaikuntza lortu bada.
b) Ez egotea Administrazio Publikoren baten zerbitzutik banandua, ez eta ebazpen judizialak aginduta kargu edo enplegu publikoetarako desgaikuntza absolutu edo bereziko egoeran ere.
c) Ezinezkoa da kidego bateko funtzionarioa izanez gero, kidego horretako lan-poltsan sartzea.
2.– Betekizun espezifikoak:
Aipatzen diren titulazioetako bat izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik lortzeko moduan egotea. Atzerrian eskuratutako titulazioak dituzten hautagaiek homologazioaren egiaztagiria edo dagokion baliokidetasun-ziurtagiria eduki behar dute. Betekizun hau ez zaie aplikatuko Europar Batasuneko Zuzenbideko Xedapenen babesean araututako lanbideen arloan lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten hautagaiei.
a) Auzitegiko Medikuen Kidegorako: Medikuntzako lizentzia edo gradua.
b) Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegorako: Unibertsitateko diplomatura, gradua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea.
c) Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegorako: Batxilergo titulua edo teknikoa edo baliokidea*.
d) Laguntza Judizialeko Kidegorako: DBHko graduatu titulua edo baliokidea*.
* Kidego hauetan, gainera, Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, arautzen dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu eta Batxilergo tituluen baliokideak ezartzen dituen EDU/1603/2009 ekainaren 10eko (17ko «BOE») Aginduari men egingo zaio.
III. KAPITULUA
LAN-POLTSEN ERAKETA
7. artikulua.– Lan-poltsak.
1.– Lan-poltsa bakarra eratuko da Justizia Administrazioaren zerbitzura ari diren kidego hauetako bakoitzeko:
a) Auzitegi-medikuak.
b) Prozesu eta Administrazio Kudeaketa.
c) Prozesu eta Administrazio Izapidetza.
d) Laguntza Judiziala.
2.– Aipatutako kidego bakoitzeko eratuko den poltsa bakoitzean sartuko dira pertsona hauek:
a) Agindu honek indarra hartzen duen unean Justizia Administrazioko zuzendariak onartutako azken zerrendako lehenengo lan-poltsan zeuden pertsonak.
b) Agindu honek indarra hartzen duen unean Justizia Administrazioko zuzendariak onartutako azken zerrendako bigarren lan-poltsan zeuden pertsonak.
IV. KAPITULUA
LAN-POLTSETAN IZENA EMATEA
8. artikulua.– Lan-poltsak irekitzeko deialdiak.
1.– Justizia Administrazioko zuzendariak egingo du lan-poltsak irekitzeko deialdia, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:
a) Aurreikusten denean bete beharreko lanpostuak ezin izango direla bete zerrendetan lanerako prest dauden hautagaiekin.
b) Urte horretako oposizioak amaitu ondoren, parte hartu duten eta oposizioaren lehenengo ariketan mozketa-notaren ehuneko 40ko edo gehiagoko puntuazioa lortu duten pertsonak lan-poltsa horretan sartu ahal izan daitezen, haiek hala nahi dutenean.
Erreferentziazko mozketa-nota, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ateratzen dena izango da.
2.– Deialdiak Enplegu Publikoaren Atarian eta www.justizia.eus web-orrian argitaratuko dira. Sektoreko langileen ordezkaritza sindikalari ere jakinaraziko zaizkio deialdiak.
Lan-poltsak irekitzeko deialdi horiek plazaratuko dira, halaber, lurralde historiko bakoitzean tiradarik handiena duen komunikabide idatziaren bidez.
9. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Pertsona bakoitzak eskabide bakarra egingo du kidego bakoitzeko, deialdian ezartzen den eran eta epean.
2.– Eskabidean adierazi beharko da ezarritako eskakizun guztiak betetzen direla, eta deialdiari jarraikiz nahitaez bete beharreko datu guztiak jasoko ditu.
3.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Nortasun agiria.
b) Kidego bakoitzean sartzeko eskatutako edo merezimendu gisa alegatutako titulazioa, edo titulazioa eskatu dela egiaztatzen duen agiria.
c) Justizia Administrazioan egindako zerbitzuak.
d) Lan-poltsan sartzeko adierazten dituen baldintzak betetzen dituela dioen erantzukizunpeko adierazpena.
Ez da beharrezkoa izango Euskal Autonomia Erkidegoan egindako edo aintzat hartutako zerbitzuen egiaztagiriak aurkeztea, ofizioz sartuko baitira. Autonomia Erkidego honetatik kanpo emandako zerbitzuak egiaztatzeko, Justizia Ministerioko Langile Unitateetako Burutzak emandako zerbitzu-egiaztagiria aurkeztuko da, edo Justiziaren arloko eskumenak eskualdatuta dituzten autonomia-erkidegoetan dagozkien organoek emandakoa.
Bestalde, sartu nahi duen kidegoan sartzeko azken deialdiko probak egin zituela eta han lortutako emaitza egiaztatzeko ez da beharrezkoa izango dokumentaziorik aurkeztea, baina alegatu behar izango da. Horren egiaztapena ofizioz egingo du Administrazioak.
Kidego bakoitzean sartzeko eskatzen den titulazioa edo merezimendu gisa alegatutakoa aurkeztea ere ez da beharrezkoa izango; betiere, datuen bitartekotza-plataformen bidez kontsultatzeko baimena ematen bada.
10. artikulua.– Lan-poltsen onarpenaren behin-behineko eta behin betiko ebazpena.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak onartutako eta kanpoan utzitako pertsonen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpena emango du.
Ebazpen hori, behin-behinean onartutako pertsonen zerrenda, baremoa aplikatuta lortutako emaitza osoa eta atal bakoitzari dagokiona, kanpoan utzitako pertsonen zerrenda eta kanpoan geratzeko arrazoia, Enplegu Publikoaren Atarian eta www.justizia.eus web-orrian kontsultatu ahal izango dira.
Ebazpen horren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Justizia Administrazio Zuzendaritzan, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, hamar egun balioduneko epean.
2.– Erreklamazio horien gaineko ebazpena Justizia Administrazio Zuzendaritzak eman ondoren, onartutako eta kanpoan utzitako pertsonen behin betiko zerrendak onartuko dira.
Ebazpen hori eta onartutako pertsonen behin betiko zerrendak, behin-behinekoentzat adierazitako ezaugarri berekin eta haiek argitaratzeko erabilitako leku beretan argitaratuko dira.
3.– Zerrendak behin betiko onartzen dituen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
V. KAPITULUA
LAN-POLTSEN EGUNERATZEA
11. artikulua.– Eguneratzea.
1.– Lan-poltsak eguneratzeko, bertan dauden hautagaien merezimenduen baremazioa eguneratuko da, hauen arabera:
a) Hauek ofizioz eguneratuko dira:
a.– administrazio honetan emandako zerbitzuak.
b.– administrazio honek aintzat hartutako zerbitzuak.
c.– hizkuntza-eskakizuna.
d.– hautaketa-prozesuetako emaitzak.
e.– administrazio honetan jasota dauden merezimenduak.
b) gainerako merezimenduak hautagaiak eskatu ahala eguneratuko dira, horiek egiaztatu ondoren.
2.– Dagokion lan-poltsa eguneratuko da inguruabar hauetako bat gertatuz gero:
a) Lan-poltsa irekitzen denean.
b) Gutxienez urtean behin, ahal bada lehenengo hiruhilekoan.
12. artikulua.– Merezimenduak.
Hauek dira merezimendu orokorrak eta haien baremazioa:
1.– Oraingo eskabidearen helburua den lan-poltsari dagokion kidegoan bitarteko langile funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: Puntu 1 zerbitzu-urte oso bakoitzeko, era proportzionalean kontatuz denbora-tarte txikiagoak (0,0027777 eguneko, urte bakoitzari 360 egun dagozkiola).
2.– Oraingo eskabidearen helburua den lan-poltsari dagokion kidegoa baino altuagoa den kidego batean langile funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: 0,50 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko, era proportzionalean kontatuz denbora-tarte txikiagoak (0,0013888 eguneko, urte bakoitzari 360 egun dagozkiola).
3.– Oraingo eskabidearen helburua den lan-poltsari dagokion kidegoa baino baxuagoa den kidego batean langile funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: 0,25 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko, era proportzionalean kontatuz denbora-tarte txikiagoak (0,0006944 eguneko, urte bakoitzari 360 egun dagozkiola).
4.– Sarbide-probak:
Hautagaiak sarbidea eskatzen duen lan-poltsari dagokion kidegoan sartzeko, 2004ko urtarrilaren 1az geroztik oposizio-aldietan egindako hautaketa-probei dagokien ariketa gainditu bakoitzagatik bi puntu jasoko dira, eta enplegu publikoko eskaintza desberdinetan lortutako puntuazioa metatuko da.
5.– Tituluak. Merezimendutzat baloratuko dira kidego bakoitzerako adierazten diren titulazioak, dagokion lan-poltsara sartzeko alegatu diren berberak ez badira:
a) Auzitegi-medikuen Kidegoa:
a.– Lege eta Auzitegi Medikuntzako espezialitatea: 3 puntu.
b.– Psikiatria, Traumatologia edo Anatomia Patologikoko espezialitatea: 2 puntu, haietako bakoitzagatik.
b) Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoa.
a.– Zuzenbideko lizentzia edo gradua: 3 puntu.
b.– Beste gradu edo lizentzia batzuk: puntu 1.
c) Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoa.
a.– Zuzenbideko lizentzia edo gradua: 3 puntu.
b.– Zuzenbideko lizentzia edo graduko hiru ikasturte oso gainditzea: 2 puntu.
c.– Beste lizentzia, gradu edo diplomatura batzuk: puntu 1.
d) Laguntza Judizialeko Kidegoa.
a.– Zuzenbideko lizentzia edo gradua: 3 puntu.
b.– Zuzenbideko lizentzia edo graduko hiru ikasturte oso gainditzea: 2 puntu.
c.– Beste lizentzia, gradu edo diplomatura batzuk: puntu 1.
d.– Batxilergoa edo teknikoa edo baliokidea: 0,50 puntu.
6.– Euskararen ezagutza. Hizkuntza-eskakizunen edo haien baliokideen egiaztapena era honetan baloratuko da:
a) 1. hizkuntza-eskakizuna: puntu 1.
b) 2. hizkuntza-eskakizuna: 2 puntu.
c) 3. hizkuntza-eskakizuna: 4 puntu.
d) 4. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.
VI. KAPITULUA
HAUTAGAIEN HURRENKERA ZERRENDETAN
13. artikulua.– Lehentasunak zerrendetan.
1.– Zerrendako hautagaien hurrenkera ezarriko da, 12. artikuluan ezarritako baremoen aplikazioan lortutako puntuazioaren arabera, altuenetik baxuenera.
Berdinketa gertatuz gero, merezimenduetan lortutako puntuazioaren arabera ezarriko da hautagaien hurrenkera. Hala ere, berriz ere berdinketa badago, Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 17. artikuluan aurreikusitako zozketaren emaitzari dagokion lehenengo letratik hasten den lehenengo abizenak izango du lehentasuna. Letra horretatik hasten den lehen abizena duen hautagairik ez badago, berdinketa hautsiko da lehen abizena zozketako letraren hurrengo letratik, alfabetoaren hurrenkeran, hasten den hautagaien artean, eta ondoren ere horrela. Puntuazio bera eta lehen abizen bera duten hautagai bat baino gehiago badaude, bigarren abizena hartuko da kontuan, letra horretatik hasita. Letra horretatik hasten den bigarren abizena duen hautagairik ez badago, berdinketa hautsiko da bigarren abizena zozketako letraren hurrengo letratik, alfabetoaren hurrenkeran, hasten den hautagaien artean, eta ondoren ere horrela.
2.– Agindu honetan ezarritako merezimenduak aintzat hartuko dira behar den moduan eta epean perfekzionatu, alegatu eta egiaztatu badira bakarrik.
VII. KAPITULUA
HAUTAGAIEN ARAUBIDE OROKORRA
14. artikulua.– Lan-poltsetako hautagaien egoera.
1.– Hautagaiek lan-poltsa batean baino gehiagotan sartzeko aukera izango dute, haietan sartzeko baldintzak betetzen badituzte eta eskabidea une egokian egin badute.
2.– Lan-poltsa bakoitzean izango duten egoera, hautagaiek adierazitako lehentasunak aintzat hartuta, hau izan daiteke:
• Lanerako prest.
• Lanerako prest ez.
Egoera hau desberdina izan daiteke hautagaia sartuta dagoen lan-poltsa bakoitzean, eta egoera aldatu ere egin dezake hautagaiak, noiznahi, Enplegu Publikoaren Atarian. Eskatu eta onartu diren aldaketek eragina izango dute egiten diren egunaren biharamunetik aurrera.
15. artikulua.– Lanerako prest egotea.
Lanerako prest egongo da, eta, ondorioz, lan-eskaintzak jaso ahal izango ditu ezaugarri hauek betetzen dituen hautagaiak:
a) Ez jardutea zerbitzu ematen EAEko Justizia Administrazioarentzat, eta «lanerako prest ez egotea» egoerara igarotzeko eskabidea egina ez izatea.
b) EAEko Justizia Administrazioarentzat zerbitzu ematen dagoela, lanpostu bera bete izatea azken hamabi hilabetean, gutxienez, eta zerbitzu ematen ari den kidegoa ez den beste kidego bateko lan-poltsan lanerako prest egoteko egoerara igarotzeko eskabidea egina izatea.
16. artikulua.– Lanerako prest ez egotea.
Ez da lanerako prest egongo ezaugarri hauek betetzen dituen hautagaia:
a) Egoera horretan egoteko eskabidea egin badu, dagokion edo dagozkion lan-poltsetan, Enplegu Publikoaren Ataritik.
b) EAEko Justizia Administrazioan zerbitzu ematen jarduten badu (aurreko artikuluko b) puntuan azaldutako kasuan izan ezik).
c) Lan-poltsa beretik egindako hiru eskaintzari erantzun ez badio, egun desberdinetan, 30 egun naturalen epean. Onartu ez dituen eskaintzen lan-poltsari bakarrik eragingo dio egoera horrek. Kasu horretan, lanerako prest ez egote horrek 3 hilabeteko iraupena izango du. Epe hori igarotzen denean, hautagaiak lan-poltsan duen egoera aldatu ahal izango du web-orritik, eta lanerako prest dagoela jarri.
d) Lan-eskaintza bat onartu ostean, hari uko egin badio. Lanerako prest ez-egote horrek 12 hilabeteko iraupena izango du. Epe hori igarotzen denean, hautagaiak lan-poltsan duen egoera aldatu ahal izango du web-orritik, eta lanerako prest dagoela jarri.
e) Esanbidez uko egin badio esleitu zaion lanpostu edo eginkizuna betetzen jarraitzeari. Lanerako prest ez egote horrek 18 hilabeteko iraupena izango du. Epe hori igarotzen denean, hautagaiak lan-poltsan duen egoera aldatu ahal izango du web-orritik, eta lanerako prest dagoela jarri.
d) eta e) apartatuetan jasotako uko-egiteek ukoa egin duten kidegoko lan-poltsan bakarrik izango dute eragina.
17. artikulua.– Behin betiko baja.
1.– Lan-poltsetatik kanpo geratuko dira, eta, beraz, behin betiko baja egoerara igaroko, hautagai hauek:
a) Borondatez eskatu badute.
b) Agindu honen 28. artikuluan arautzen den prozeduraren bat ireki bazaie errendimendu eskasa edo gaitasun faltagatik, eta prozedura hori hiru aldiz amaitu bada kargua uzteko ebazpenarekin.
c) Lan-poltsa horri dagokion kidegoan sartu badira funtzio publikora, karrerako funtzionario gisa, une bakoitzean indarrean egon diren lan-poltsetan sartu ostean.
d) Zehapen bidez zerbitzutik kendu edo kargua utzarazi bazaie diziplina arrazoiengatik, edo desgaikuntza bereziko zigorra ezarri bazaie eta ondoren berriro gaikuntza eman ez bazaie.
e) Desgaikuntza absolutuko zigorra ezarri bazaie.
f) Nahitaezko erretirorako adinera heldu badira edo borondatezko erretiroa aitortu bazaie.
g) Lan-poltsan sartzeko eskatutako baldintzaren bat edo alegatutako inguruabarren bat falta bada edo faltsua bada, hasieratik edo ondoren gertatua.
h) Azken 10 urteetan lanerako prest ez daudela agertu badute.
i) Ezintasun iraunkor osoa edo absolutua aitortu bazaie, eta horrek ez badie eman lanpostua gordetzeko eskubidea.
j) Ez badituzte bete 5. artikuluan adierazitako betebeharrak.
2.– Behin betiko bajaren adierazpena Justizia Administrazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez gauzatuko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio Enplegu Publikoaren Atariaren bitartez.
Horren arrazoia a), b) edo c) apartatuetan jasotakoa bada, behin betiko bajak eragina izango du hautagaiak esanbidez uko egin dion lan-poltsan edo karrerako funtzionario izendatu zuten kidegoari dagokion lan-poltsan bakarrik. Bajaren arrazoia g) edo h) apartatuetakoa bada, kasuan kasuko zerbitzuak emateko hautatua izan deneko lan-poltsan izango du eragina bajak. Bajaren arrazoia d), e), f), i), edo j) apartatuetan azaldutakoren bat bada, pertsona hori sartuta dagoen lan-poltsa guztietan emango zaio baja.
18. artikulua.– Jaso nahi diren eskaintzen gaineko zehaztasunak.
Jaso nahi dituen lan-eskaintzen gaineko datu batzuk zehaztu ditzake hautagaiak, Enplegu Publikoaren Ataritik. Zehaztasunak alderdi hauei buruzkoak izango dira:
• Lan-eskaintzaren iraupena.
• Lanaldi mota.
• Eremu geografikoa.
Zehaztapen horiek era desberdinean ezar daitezke lan-poltsa bakoitzean.
Hautagai berriak lan-poltsan sartzen diren unean, artikulu honetako hurrengo apartatuetan lehentasunez ezartzen den aukera zehaztuta izango du.
Zehaztasunak aldatzeko aukera izango du interesdunak, Enplegu Publikoaren Atarian. Aldaketa horiek egiten diren egunaren biharamunetik aurrera izango dituzte ondorioak.
1.– Lan-eskaintzaren iraupena.
a) Edozein iraupen: zerbitzuak emateko lan-eskaintzak jasoko ditu, kontratuaren edo izendapenaren iraupen zenbatetsia edozein dela ere. Aukera hori agertuko da lehentasunez.
b) 6 hilabetetik gorako iraupen zenbatetsia: iraupen zenbatetsia 6 hilabetetik gorakoa duten zerbitzuak bakarrik eskainiko zaizkio. Horrelakotzat jotzen dira lanpostu hutsak eta zerbitzu-eginkizun bat eskuratu duten titularren lanpostuak.
Horrelakotzat joko dira, halaber, beste hainbat ordezkapen edo izendapen, kasuan kasuko inguruabarren arabera.
Hala ere, inoiz ez da bermatuko lanpostuan 6 hilabete baino gehiago irautea.
2.– Lanaldiak.
a) Edozein lanaldi mota. Une horretan bete beharreko ordezkapen guztiak eskainiko zaizkio. Aukera hori agertuko da lehentasunez.
b) Ohiko lanaldia: ordutegi normalizatuko zerbitzuak.
c) Lanpostuen zerrendetan guardiak egitea barne dutela adierazten diren lanpostuetako lanaldia, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 500.5 artikuluarekin bat.
3.– Eremu geografikoa.
Lan-poltsan sartzen den hautagaiak jaso nahi dituen eskaintzen eremu geografikoa mugatu ahal izango du; hots, hautagaiak zehaztu duen eremu geografikoan sartzen diren zerbitzuak bakarrik eskainiko zaizkio. Hauek izan daitezke eremu geografikoak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoa.
b) Lurralde historiko bat edo gehiago.
c) Barruti judizial bat edo batzuk.
d) Lurralde-eremuen arteko aukera guztiak.
Zerrendan sartzen den unean hautagaia Euskal Autonomia Erkidegoan «lanerako prest» egoeran agertuko da.
19. artikulua.– Euskararen ezagutza egiaztatzea.
Administrazioko zuzendariak aldian-aldian kontsultatuko du Euskara Tituluen Erregistro Bateratua, hautagaien euskara-ezagutzaren egiaztagiriak eguneratzeko eta lan-eskaintzen komunikazioetarako aintzat hartu ahal izateko.
Euskararen ezagutza egiaztatu bada baina lehen aipatutako erregistroan ageri ez bada, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari eskatu behar zaio aintzat hartzeko, dagokion jatorrizko titulua erakutsiz.
VIII. KAPITULUA
LAN-POLTSEN KUDEAKETA
20. artikulua.– Lanpostu bat betetzeko eskaria.
1.– Lanpostu bat bete behar denean, Justizia Administrazioko abokatuek, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko zuzendariordetzek edo lurraldeko fiskaltzek eskatuko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, hark ezartzen duen prozedurari jarraikiz, pertsona bat izenda dezan, lanpostuen zerrendan ageri diren baldintzetatik zein bete behar dituen ere adieraziz, lanpostu horrek baldintza espezifikoren bat eskatzen duenean.
2.– Eskakizuna jaso ondoren, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aldez aurretik erabakiko du, lanpostu hutsa denean edo titularraren ordezkapena denean, behar hori karrerako funtzionarioek beteko duten, zerbitzu-eginkizun, behin-behineko atxikipen edo ordezkapen bertikala eginez arautzen den terminoetan edo, azken buruan, bitarteko funtzionarioen bidez beteko ote den.
3.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak zerbitzu horren beharrak zehazteko egokiak iruditzen zaizkion datuak eskatuko ditu eta, horien arabera, hautagaia aukeratuko du, lan-poltsako lehentasunen hurrenkera errespetatuz.
4.– Lanpostuak betetzea, betiere, zerbitzu-beharren mendekoa eta aurrekontuan dagoen diruaren araberakoa izango da.
21. artikulua.– Lan-eskaintza jakinaraztea.
1.– Lan-eskaintzen jakinarazpenak, oro har, hautagaien karpetan egingo dira, eta jakinaraziko zaie eskura jarri direla, telefonoz, posta elektronikoz, telefono mugikorrera SMS bat bidaliz edo berehala eta arin komunikatzeko aukera ematen duen beste edozein bitarteko elektroniko erabiliz.
2.– Komunikazio hori bidaliko zaie dagokion lan-poltsan lanerako prest dauden, baldintza guztiak betetzen dituzten eta lan-eskaintzaren espezifikazioak dituzten hautagaiei.
Eskaintza zenbat pertsonari bidaliko zaien erabakiko da eskaintzaren ezaugarriak, lan-poltsaren ezaugarriak eta aurretik lan-poltsa horrekin izan den esperientzia kontuan hartuta, helburua betiere eskaintza esleitzea baita.
Eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko eskaintza lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautagaiei bakarrik egingo zaie.
3.– Eskaintza jasotzen duten langileek eskaintza onartzen duten ala ez erabaki beharko dute. Erantzuna jakinarazpenean adieraziko den gehieneko epean eman beharko da, eta erantzuna esleipena onartzen dela ulertuko da.
4.– Oro har, lan-eskaintzak hautagaien eskura jarriko dira 8:30etik 10:00etara eta interesdunek lan-eskaintza jakinarazten zaion eguneko 14:00ak baino lehen erantzun behar dute. Eskaintza onartzeko, hautagaiak sinadura elektronikoa ere jarri beharko du.
Lanpostu bat edo bat baino gehiago onartzeak ez du esan nahi horietakoren bat esleituko zaionik hautagaiari.
5.– Eskaintza epe barruan onartu duten hautagai guztien artean, lan-poltsan hurrenkera onena duenari esleituko zaio eskaintza.
6.– Eskaintza anitza izan daiteke, hau da, lanpostu bat baino gehiago esleitu ahal izango zaizkio, eta kasu horretan hautagaiak bere lehentasunen arabera hurrenkeran jarri beharko ditu.
Hala ere, hautagaiak interesik ez balu eskaintzen zaizkion lanpostu guztietan, eskuratzeko interesatzen zaizkionak bakarrik jarri beharko ditu hurrenkeran.
7.– Epe barruan onarpenik jasotzen ez bada, lan-eskaintza berriz egingo zaie lan-poltsako hurrengo hautagaiei, zerrendako hurrenkeraren arabera.
8.– Lan-eskaintzak gutxienez informazio hau eman behar du:
• Lan-eskaintzaren zenbakia, eguna/hila/urtea adieraziz.
• Lanpostuaren izendapena, kodea, dotazioa eta, hala badagokio, noiz berezitu den.
• Destinoko zentroa / Lantokia.
• Udalerria.
• Prestazioaren iraupen zenbatetsia (6 hilabetetik gorakoa edo ez).
• Lanean hasteko aurreikusi den eguna.
9.– Esleipena egin ondoren, Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko da.
22. artikulua.– Amatasuna/aitatasuna.
Ordezkapen bat eskaintzen zaionean Gizarte Segurantzaren arautegiak amatasun eta aitatasun prestazioa aitortzen duen aldian dagoen langileari, eskaintza onartu ahal izango du baldintza hauetan:
a) Eskaintza onartzen bada, eskaini den dotazioa gorde egingo da, baina pertsona hori ez da benetan lanean hasiko; hau da, eskaini den lanpostuari lotuta egongo da, baina aldi baterako absentzia egoeran.
b) Amatasuna edo aitatasuna baliatzeko nahitaezko asteak igaro ondoren, eta amatasun edo aitatasun baimenaren gehienezko iraupenaren mugarekin, kasu horretan bada, edo dagoen egoeraren arabera egokitzen zaizkion bestelako baimenen epemugarekin, interesdunak onartutako lanpostuan hasteko eskatu ahal izango du, eta bitarteko funtzionario izendatua izango da.
c) Interesdunak lanpostuan hastea ezarritako epean eskatzen ez badu, lanerako prest ez daudenen egoerara igaroko da deitu zioten lan-poltsan, 12 hilabeteko epe batez.
23. artikulua.– Zuzeneko aukeraketa, lanpostu bera betetzeko aurreko zuzkidura erabiliz (Erreskatea).
Bulego edo zerbitzu judizial bateko lanpostu bateko bitarteko funtzionario batek lanpostua uzten duenetik sei hilabete baino gutxiago igaro eta berriz ere ezaugarri berak dituen lanpostu bat betetzeko beharra sortzen bada, pertsona hori bera izendatu ahal izango da, hark aurretik baiezkoa eman badu, eta bulego edo zerbitzu horretako arduradunak hala eskatzen badu. Hautagaiak deialdiari uko egiteak ez du eraginik izango lan-poltsan duen egoeran.
Hautaketa zuzen hori behin bakarrik egin ahal izango da lan-poltsa batean sartzen denetik, eta lan-poltsa horretako gainerako lan-poltsetan ere izango du eragina.
24. artikulua.– Kudeatzaile arduradunak.
Kudeatzaile arduradunerako lehiaketa espezifiko baten edo zerbitzu-eginkizun baten deialdia hutsik geratzen bada, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, prestakuntza espezifikoa eta lanpostuan duen esperientzia kontuan hartuta, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoaren lan-poltsatik, lurralde-eremu horretan baldintza guztiak betetzen dituen lehenengo hautagaia izendatu ahal izango du.
Hala ere, lanpostu horien ezaugarriak kontuan hartuta, lurralde-eremu horretako zerrendetan dauden lehenengo bost hautagaiak deitu ahal izango dira, proiektu bat landu dezaten, eta horren bidez ebaluatu ahal izango da zer-nolako trebetasuna duten diagnostikorako eta konponbideak diseinatzeko, baliabideen planifikazioaren estrategietan, eta helburuak betetzeko irizpideen eta tekniken aplikazioan. Proiektu horren ebaluazioan, gehienez 30 puntu emango dira, eta puntuaziorik altuena lortzen duen pertsona hautatuko da, lan-poltsako hurrenkerari erreparatu gabe.
25. artikulua.– Izendapen askeko lanpostuak aldi baterako betetzea.
Lan-poltsetako pertsonak aukeratu ahal izango dira izendapen askekoak diren lanpostuetarako, baldin eta aldez aurretik deialdia egin bada eta deialdia hutsik geratu bada, hautagairik egon ez delako, hautagaiek eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztelako edo hautagaietako batek ere ez duelako gainditu hautaketa-prozesua.
Kasu horretan, lanpostua atxikita dagoen sailak egingo du aukeraketa, lanpostuaren kidegoko lan-poltsan dauden pertsonen artean, hurrenkerari jarraitu beharrik izan gabe.
26. artikulua.– Errefortzuko bitarteko langileen izendapena.
1.– Justizia Administrazioko organoei laguntza emateko neurrien markoan, lan-zama berezia edo prozeduretan ezohiko atzerapena jasaten duten aldietarako, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak baimendu ahal izango du, agindu honetan ezartzen denaren arabera, organo hori errefortzuko bitarteko funtzionarioak izendatuta hornitzea, betiere aurrekontuek horretarako aukera ematen badute.
Hornikuntza hori lortzeko, laguntza eskatu duen organoak justifikatu beharko du bere egoerari aurre egiteko dituen baliabideak eskasak direla eta organo eskatzaile horrek zehaztu eta finkatu behar dituen helburu zehatzak betetzea galarazten duela. Helburuak organo horiek proposatuko duten jarduketa-plan batean jasoko dira, eta han zehaztu beharko da errefortzuko bitarteko funtzionarioek egingo duten lana eta neurri horren gehienezko iraupen zenbatetsia. Eskakizun horiek bete ezean, eskaera ez da izapidetzeko onartuko. Ematea balioetsi eta errefortzuaren beharra egiaztatu ahal izateko, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak beharrezkoak iruditzen zaizkion txostenak eskatu ahal izango ditu.
2.– Errefortzuko langileak izendatu ahal izango dira, halaber, organo baten plantilla handitzeko prozesua tramitatzen den bitartean, betiere izendapen horiek egiturazko arrazoiek justifikatzen badituzte, eta ez koiunturazko arrazoi hutsek.
3.– Errefortzuko bitarteko langileak dagokion lurralde historikoko idazkari koordinatzaileari eskatuko zaizkio, eta hark aldeko txostena eman behar du. Eskabidearen gaineko txostena egin ondoren, idazkari koordinatzaileak eskabidea Justizia Administrazioko Zuzendaritzari igorriko dio; hark eskatu ahal izango du, aztertu aurretik, beharrezkoa iruditzen zaion edozein daturen gaineko txostena, eta errefortzua egokia iruditzen bazaio, horren helburua eta beharrezkoa den iraupena aztertu ondoren, hautagaia izendatuko du, aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Fiskaltzaren kasuan, eskabideak lurraldeko fiskalen bidez igorriko dira, eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eskabideak dagokion zuzendariordearen bidez; betiere, eskabideen aldeko txostena erantsi bazaie.
4.– Agindu honetan ezarritako irizpideekin bat eginez, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ebazpena emango du errefortzuko bitarteko langileak izendatzeko eskariari buruz, eta eskaria egin duen organoari jakinaraziko dio.
5.– Nolanahi ere, idazkari koordinatzaileak edo aldeko txostena eman duen organoak hiru hilabetean behin ebaluatu beharko ditu jarritako errefortzuak, aurrera jarraitu behar duten edo ez, eta Justizia Administrazioko Zuzendaritzari helarazi beharko dio. Gainera, izendapena amaierara iritsita, Justizia Administrazioak errefortzua jartzea justifikatu zuten helburuen betetze-mailaren eta egindako lanaren gaineko txostena eskatu ahal izango du.
27. artikulua.– Sindikatuetako ordezkarientzako informazioa.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak eremu horretan ordezkari gehien duten sindikatu-erakundeei jakinaraziko dizkie egiten diren lan-eskaintzak, izendapenak, kargu-uzteak eta lan-poltsatik kanpo geratzeak. Sindikatu-erakunde horiek, gainera, bitarteko funtzionarioen izendapenerako egiten diren proposamen-espedienteetan jarraitutako irizpideei buruz egokia iruditzen zaien informazioa eskatzeko aukera izango dute.
IX. KAPITULUA
ERRENDIMENDU ESKASAREN EDO GAITASUN FALTAREN ONDORIOZKO PROZEDURA.
28. artikulua.– Errendimendu eskasaren edo gaitasun faltaren ondoriozko prozedura.
1.– Bitarteko funtzionarioen kargugabetzea xedatu ahal izango da arrazoi hauetako bat tartean denean:
a) Errendimendu eskasagatik, betiere inhibizioa ekartzen ez badu.
b) Emandako eginkizunak betetzea eragozten dion gaitasun falta nabarmena agerikoa denean.
Bitarteko funtzionarioen kargugabetzea, arrazoi horietako baten ondorioz, prozedura administratibo kontraesankor baten bidez egin behar da, ez diziplinazkoa, ondoko atal hauetan ezartzen den prozeduraren arabera.
2.– Arduradun funtzionalak noiznahi igor diezaioke Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokion lantokian zerbitzua ematen ari diren bitarteko funtzionarioen balorazio-txosten bat, haien kargugabetzea eskatuz, artikulu honetan aipatzen diren arrazoietako bat tartean denean. Eskabidearen oinarrian dauden egintza zehatzak jaso behar ditu txosten horrek, eta arrazoiak ere bai.
Balorazio-txostena ikusita, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak dagokion prozedura hasteko ebazpena eman behar du, eta, balorazio-txostenarekin batera, dagokion funtzionarioari jakinaraziko zaio, hark, jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko gehieneko epean, alegazioak formulatu ahal izan ditzan eta egokia iruditzen zaion dokumentazioa aurkezteko, edo bere eskubideak defendatzeko egokiak iruditzen zaizkion frogak egin daitezen eskatzeko aukera izan dezan.
Bitarteko funtzionarioak prozeduran jarduteko aukera izango du, abokatuen laguntzaz edo berak nahi dituen ordezkari sindikalen laguntzaz.
3.– Izapide horiek beteta, dagokion ebazpen-proposamena formulatuko da eta bitarteko funtzionarioari helaraziko zaio, hark, espedientea ikusita, hamar egun balioduneko epean, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunari eta haren destinoko organo edo unitateari jakinaraziko zaie, eta haren bitartez adostu beharko du aukera hauetako bat:
a) Bitarteko funtzionarioaren errendimendu eskasa edo gaitasun falta sumatu ez dela adieraztea. Kasu horretan, zerbitzua ematen jarraituko du dagokion organoan edo unitatean.
b) Bitarteko funtzionarioaren errendimendu eskasa edo gaitasun falta berrestea eta haren kargugabetzea xedatzea.
4.– Prozedura tramitatzen den bitartean, bitarteko funtzionarioak uzten badu prozedura hasi zenean betetzen zuen lanpostua, prozedurak aurrera jarraituko du, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen bidez amaiera ematen dion arte.
Artikulu honetan ezarritako prozedurak ezin du iraun hiru hilabetetik gora, hasiera egunetik aurrera. Berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada epe hori, iraungi egingo da. Interesdunari egozten zaion arrazoiren batengatik prozedura gerarazi bada, ez da iraungiko.
Jakinarazitako egintzetatik diziplina-erantzukizuna erator daitekeela ulertzen bada, artikulu honetan arautzen den prozedura ez da inolaz ere irekiko.
X. KAPITULUA
ENPLEGU PUBLIKOAREN ATARIA
29. artikulua.– Enplegu Publikoaren Ataria.
1.– Enplegu Publikoaren Ataria da Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eta lan-poltsetan dauden hautagaien arteko komunikazioak eta jakinarazpenak egiteko sortutako gunea, EAEko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko dauden langile-beharrak estaltzeko. Halaber, iragarki-taula ere bada, bertan jartzen baitira lan-poltsak eta hautagaiak kudeatzeari lotuta dauden argitalpen guztiak.
2.– Ziurtagiri digitala.
Enplegu Publikoaren Atarian poltsen eduki espezifikoak eskuratzeko, hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoetako bat eduki beharko du.
Gainera, kudeaketa jakin batzuk eskatzeko edo lan-eskaintzak onartzeko sinadura digitala sartu behar izango du. Enplegu Publikoaren Atariaren bidez jakinaraziko da noiz behar den sinadura digitala kudeaketaren bat burutzeko.
XI. KAPITULUA
DATUEN BABESA
30. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Langileen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagaien zerrenden kudeaketarako prozeduran, datu pertsonalak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko langileen fitxategian tratatuko dira; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila bera da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna, eta aukera ematen du datuok eskuratzeko, zuzentzeko, datuen aurka egiteko, ezabatzeko (« ahaztua izateko eskubidea»), datuen tratamendua mugatzekoa, datuen eramangarritasunaren gainekoa eta tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten jomuga ez izatekoa, Justizia Administrazioko Zuzendaritzara jota.
Gai horri lotutako informazio-klausula bat jarriko da Enplegu Publikoaren Atarian, erakunde publikoek dituzten datu eta fitxategi pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa betez.
Justizia Administrazioko Zuzendaritza da aldi baterako lanpostuak hornitzeko ardura duen organoa, eta bertako funtzionarioek sekretua gorde behar dute eskura dituzten datu pertsonalei dagokienez.
Lan-poltsetako zerrenden publikotasunak, urteko birbaremazio-prozesuaren emaitzek eta Enplegu Publikoaren Atarian argitaratzen diren gainerako zerrendek jasoko dituzte publikotasun eta gardentasun printzipioak betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak bakarrik, eta erreklamazioak eta errekurtsoak jartzeko doi behar den epean mantenduko dira.
Zerrendek klausula bat edukiko dute ohartarazteko bertan datu pertsonalak ageri direla, datuak babesteko gaur egungo legedia betetzen dutela eta helburu bakarra dela publikotasuna ematea eta, hala egokitzen denean, hautagaiei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute adierazteko informazio hori ez dela publikoarentzat zabalik dagoen iturria, eta ezin izango dela erreproduzitu –ez osorik ez zatika–, ez transmititu, ez informazioa errekuperatzeko inongo sistema erabilita erregistratu, dagokien hautagaiek horretarako baimenik eman gabe.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lan-poltsak zabaltzea.
1.– Kidego bakoitzari dagokion lan-poltsan lanerako prest dagoen hautagairik ez badago, hautagaia bilatu daiteke enplegu-zerbitzu publikoetan nahiz beste administrazio publiko batzuetako lan-poltsetan, haietan dauden pertsonen lagapena haien arautegietan aurreikusia badago.
2.– Hautagai bat baino gehiago proposatuz gero, lehenengo abizenaren lehenengo letraren arabera jarriko dira hurrenkeran, Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 17. artikuluan aipatzen den zozketaren emaitzari dagokion letratik hasita. Letra horretatik hasten den lehen abizena duen hautagairik ez badago, berdinketa hautsiko da lehen abizena zozketako letraren hurrengo letratik, alfabetoaren hurrenkeran, hasten den hautagaien artean, eta ondoren ere horrela.
3.– Enplegu-zerbitzu publikoek edo beste administrazio publiko batzuek hautagaiak proposatzeak ez du sortuko ez eskubiderik, ez espektatibarik.
4.– Xedapen honetan aurreikusitakoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileak, zerbitzuak amaitzen diren unean, dagokien kidegoko lan-poltsan sartuko dira, zerrendaren amaieran, hurrengo birbaremazio-prozesura arte.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Administrazio Publikoen arteko lankidetza.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak bere eremuko lan-poltsetan sartuta dauden hautagaien zerrenda EAEko beste herri-administrazio edo erakunde publiko batzuen eskura ipini ahal izango du, instituzio horiek hala eskatzen badiote; betiere, zerrendetako hautagaiek beren datuak lagatzeko baimena ematen badute.
Eskaera horiei emango dien erantzuna lan-poltsetan lanerako prest dauden hautagaien araberakoa eta EAEko Justizia Administrazioan dauden langile-beharren araberakoa izango da.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Behin betiko zerrendak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aldi baterako aritzeko langile-beharrak estaltzeko hautagaien behin betiko zerrendak agindu honetan ezarritako baremazioaren arabera argitaratu arte, oraingo lan-poltsek izango dute indarra.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lan-eskaintza jakinaraztea.
Lan-eskaintzen jakinarazpenak telefonoz egiten jarraituko da lan-poltsa berriak indarrean sartu eta birbarematu arte. Une horretan, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Prestakuntza.
Lan-poltsetan dauden hautagaiek, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileentzat erreserbatutako lanpostuetan gutxienez sei hilabeteko zerbitzua eman behar dute lan-eskaintza bat onartzeko, edo prestakuntza orokorreko ikastaro bat egin eta dagokion proba gainditu beharko dute. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jarriko du haien eskura ikastaro hori, www.justizia.eus. web-orrian.
Era berean, dagokien kidegoan edo goragoko beste batean zerbitzua eman ez duten hautagaiek, jurisdikzio-ordena zibilean (soziala, administrazioarekiko auziak) edo penalean, prestakuntza-ikastaro bat egin beharko dute, on-line edo presentziala, jurisdikzio horietan ordezkapenen eskaintzak jaso ahal izateko.
Prestakuntza-ikastaro horiek Justizia Administrazioko Zuzendaritzak antolatuko ditu, eta hautagai horien eskura jarriko ditu www.justizia.eus web-orritik, eta nahitaezko proba egin beharko da ebaluatzeko eta gainditua edo ez gainditua den ebazteko. Hautagaiak ez du jurisdikzio-ordena horietarako deialdia jasotzeko eskubiderik izango, dagokion deialdia gainditzen ez duen bitartean.
Xedapen honetan ezarritakoak indarra izango du behin-behinean, Prestakuntza Plana egin arte.
XEDAPEN INDARGABETZAILEa
Xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:
• Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Agindua.
• Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Agindua.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Justizia Administrazioko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen instrukzio nahiz ebazpen guztiak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 11.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.