135. zk., 2022ko uztailaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (2721 KB - 12 orri.)
- EPUB (780 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3193
AGINDUA, 2022ko ekainaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina babes ertaineko kultura-ondasun izendatzen baita, monumentuaren kategoriarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikinaren ondare-interesa ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, monumentu kategoriarekin, 2022ko urtarrilaren 17ko Ebazpenaren bidez (urtarrilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 13. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.
Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapide horiek egin ondoren, Eibarko alkateak, Jon Iraola Iriondo jaunak, soilik aurkeztu zituen alegazioak, Eibarko Udalaren ordezkari gisa. Alegazio-idazkian, hasitako espedientearen tramitazioa eteteko eskatu zuen, Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO) onetsi arte, edo, subsidiarioki, hura artxibatu arte, hiriko ondare higiezin guztia batera aztertu arte, eta Matsaria eremurako antolamendu-proposamen berri bat izan arte; izan ere, modu horretan, eremua leheneratzeko aukera egongo litzateke, eta ikusi ahal izango litzateke hori bateragarria ote den (eta zein mailatan den bateragarria) espedientearen xede den eraikina mantentzearekin eta babestearekin. Hala ere, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ezetsi egin ditu aurkeztutako alegazioak.
Espedientean jasotako alegazioei erantzuteko txosten teknikoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak egin zuen hiriko higiezin-ondarea aztertzeko lana, eta Eibarko Udalari Eibarko udalerriko arkitektura- eta arkeologia-ondarearen kultura-elementuen zerrenda bidali zitzaion, HAPO berriaren katalogoa egiteko. Horien artean, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzeko proposamen batekin, BOJ eraikina zegoen. Zerrenda hori kontuan hartu beharko litzateke HAPO berriaren Katalogoa egiteko eta egungo HAPOren Katalogoa eguneratzeko ere; izan ere, Katalogoak elementu biziak eta aldakorrak dira, eta eguneratu egin behar dira, gerora egindako ondare-analisien ondoren sortzen diren elementu berriak gehituz.
Era berean, aipatutako txosten teknikoak adierazten duenez, udalak eskumena badu eta katalogatu beharreko udal-babeseko elementuen zerrenda handitu badezake ere, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan aitortzen eta sartzen diren elementuen gaineko erabakia, bai eta Erregistroan sartzeko proposamena dutenak ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumen esklusiboa da, kultura-ondarearen arloan eskumena duen saila den aldetik.
Babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera emateko administrazio-erabakiak nahikoa arrazoi edo justifikazio tekniko ditu, hala nola Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko arkitektoak egindako kultura-balorazioko txostena. Txosten horretan behar bezala justifikatzen da BOJ eraikinak balio historiko, teknologiko, antropologiko, industrial, artistiko eta arkitektonikoa duela, eta, beraz, babesa merezi duela. Euskal Kultura Ondarea osatzen duen interes kulturaleko ondasuntzat hartu behar da, belaunaldien artean onartzeko eta transmititzeko.
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek emandako aldeko txostena aintzat hartuta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2022ko ekainaren 16an egindako bileran egindako izendapen-proposamenaren aldeko txostena eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordearen proposamenez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.
Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzea, eta agindu honen III. eranskinean jasotako babes-araubide berezia aplikatzea.
Bigarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.
Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikinaren mugaketa agindu honen I. eranskinean jasotzen dena izango da, bertan azaldutako arrazoiak oinarri hartuta.
Hirugarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren deskribapen formala.
Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikinaren deskribapen formala egitea, II. eranskinean adierazitakoarekin bat etorrita eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Babestutako kultura-ondasuna hirigintza-plangintzan sartzea.
Eibarko (Gipuzkoa) Udalari eskatzea ondasun higiezin hori babesteko, udaleko hirigintza-plangintzako tresna egokituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bosgarrena.– Argitalpena.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Eibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak baimentzea.
Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honen bidez babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak egiteko baimenak ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hirigintzako lizentziak eman aurretik, nahitaezkoa izango da aurreko paragrafoan aipatutako baimenak lortzea, monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduketak egiteko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 29a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketak eraikina bera baino ez du hartzen; izan ere, hiri-lurzoru batean dago, eta eraikitako ingurune bat du. Beraz, mugaketa-eremua eraikinaren perimetroak dituen mugek zedarritzen dute.
Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikinaren ingurumen balioak eta balio bisualak babestu beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa (egun, BOJ Olañeta S.L.U - BOJ Eraikina enpresaren jabetzakoa da). Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu, eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko. Horregatik, eta hiri-ingurunea denez, eraikinaren beraren mugaketa nahikotzat jotzen da.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikina (egun, BOJ Olañeta S.L.U - BOJ Eraikina enpresaren jabetzakoa da) industria-eremu batean integratuta dagoen orube batean dago, Eibarko hiri-sarearen iparraldean.
1937an eman zion hasiera bere jardunari, Eibarko Jardiñeta kaleko tailer batean. Ondoren, Matsaria kalera aldatu zen, eta han hasi ziren etxeko tresna txikiak fabrikatzen; haietako batzuk asko erabili izan dira eta ospe handia lortu dute, hala nola kortxoak kentzeko tresna ospetsua (palanka bikoitzekoa, edo hontza izenez ezagunagoa) edo dortoka formako papergainekoak, besteak beste. Enpresak oinarri familiarra du, eta, egun, fundatzailearen bilobak zuzentzen du.
Raimundo Alberdi arkitektoak egin zuen BOJ eraikinaren proiektua, Eibarko Matsaria kalean. Francisco Errasti obra-kontratista arduratu zen eraikuntza egiteaz, eta 1940an amaitu zituen lanak.
Eraikinak oinplanta angeluzuzeneko orube bat hartzen du, baina gela nagusiek «L» forma dute. Fatxada nagusia Matsaria kalean dago. Patioaren aldean, bolumen gehigarri bat du erantsita, biltegi moduan erabiltzen dena.
Eraikinak hormigoizko egitura eta itxiturak dauzka, eta estalki zuzena.
Itxura bolumetrikoari eta kanpoko itxurari dagokienez, eraikinaren fatxada nagusia «L» formako bolumen zuzen bat da, bi altuerakoa, forma angeluzuzen etzana duena. Beiradun leiho zabalak ditu, ardatz horizontalekoak eta dekorazio gutxikoak. Gorputz horrekin eta haren osaerarekin kontrastean, Matsaria kalean eraikina errematatzen duen bolumen kurbatu bertikala dago, altuera bat gehiago duena; altuera horretatik sartzen da estalkira. Gorputz bertikal horrek eraikineko sarrera hartzen du; gainera, nolabait monumentu-itxura ematen dio multzoari, eta, aldi berean, kaleko morfologiari egokitzen zaio. Leiho bertikal zabala du, eta han ikus daiteke eraikineko solairuak komunikatzen eta artikulatzen dituen eskailera helikoidala. Fatxada kurbatu horretan nabarmentzekoak dira, halaber, gainerako bao erregularretatik bereizten diren okuluak, fatxadan erritmoa sortzen dutenak. Bi gorputzen multzoa, Matsaria kalean, harrizko zokalo baten gainean altxatzen da. Halaber, jatorrizko burdinazko arotzeria kontserbatzen da, neurri handi batean, bulegoetan izan ezik, han aldatu egin baitziren aluminiozkoak jarrita.
Eraikin-multzoaren hegoaldean, eskaileraren gorputz bertikalari itsatsita, beste bolumen bat dago, jatorrizko proiektuan ez zegoena. Beheko solairuan, kamioientzako igarobide bat dago. Patioan, eraikin nagusiak beste eranskin bat du: hasiera batean, altuera bakarrekoa zen, baina, gero, handitu egin zen, beste solairu bat eta karga-jasogailu bat jarrita.
Barne-antolamendua programa funtzional bat da. «L» formako gorputz nagusiak tailerretarako beheko solairua dauka, eta bulegoetarako eta museorako goiko solairua. Patioko bi altuerako bolumena biltegi bat da, eta eskailera duen bolumenari atxikitako solairuartean, berriz, bulegoak daude. Eskailera helikoidalak eraikin-multzoaren solairuak komunikatu eta artikulatzen ditu.
Egun, eraikinak industria-erabilerari eusten dio, eta ondo kontserbatuta dago.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina (egun, BOJ Olañeta S.L.U enpresaren jabetza) monumentu-kategoriarekin babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Jarraian zehazten den den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako mugaketa eta ezaugarriak kontuan izanda aplikatuko da.
3. artikulua.– Kultura-balioak.
1.– Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikinaren (aurrerantzean, BOJ eraikina) kultura-baliotzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera nabarmena ematen diotenak, eta ondorioz interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi hura aintzat hartu eta transmititzeko.
2.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ikuspegi historiko, antropologiko, teknologiko eta industrialetik:
– Eibarrek 1937ko apirilean jasandako bonbardaketaren ondoren eraiki zen, eta hiriaren industria-ekimenaren adibide erakusgarria da. Gainera, industria-enpresa familiarra da, eskala txikikoa, Eibarko tradiziozko industria-ereduaren prototipoa eta ikur nabarmena.
– Teknologia-arloan, tresna ugariren garapenean nabarmentzen da; izan ere, horietako batzuek oihartzun handia izan dute Estatuan zein nazioartean, hala nola: palanka bikoitzeko kortxo-kentzekoa, hontza izenez ezagunagoa.
3.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ingurumen- eta paisaia-arloko ikuspegitik:
– Eraikinaren kokalekua –Matsaria kaleko aldaparen hasieran– bikain egokitzen zaie kale horren morfologiari eta perfilari, bai eta orografiari ere.
4.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik:
– Lerro arkitektoniko arrazionalisten eta funtzionalen estiloa, Art Decó ukituekin, izkinako bolumen kurbatu bertikalarekin konbinatua, zeinak berezitasuna eta nolabaiteko monumentu-itxura ematen baitio eraikinari.
– Bolumen soil eta haien artean konektatuen osaera, komunikazio-ardatz nagusitzat eskailera helikoidal eskultoriko bat duena.
– Konposizio-elementu arkitektonikoak, non lerro horizontalak nagusi diren, inolako edergarririk gabe. Horizontaltasun hori nabarmenagoa da bolumen angeluzuzeneko «L» formako gorputzean, osaera horizontalaren bidez, eta kontrastea egiten du izkinako gorputz kurbatuaren lerro bertikal nabarmenarekin eta okuluekin; kontrasteak, hartara, erritmoa ematen dio fatxadari.
– Estalki lau ibilgarria mugimendu modernoaren arkitekturaren ezaugarri tipikoa da.
– Bolumen angeluzuzen etzanaren funtzionaltasun neurritsua, kontrastea egiten duena izkinan eratutako beste gorputzarekin. Horrek indarra eta adierazkortasuna ematen du, eta multzoari mugimendua eta dinamikotasuna eransten dizkio.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-erregimen partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta araubide horren arabera kontserbatu beharko da higiezina. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.
5. artikulua.– Arau orokorrak.
1.– Babes-araubide partikular honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren mende egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honen mende dagoen ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horren osotasuna bermatzeko eta haren galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.
3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek behar den informazioa eta ondasunerako sarbidea eskuratuko diete agintari eskudunei edo ardura duten funtzionarioei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea bete dezaten. Titular horiek, orobat, ondasuna aztertzeko aukera eman beharko diete Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako baimendutako ikertzaileei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Halaber, babestutako kultura-ondasunean bisita publikoak egiteko aukera eman beharko dute haren legezko jabeek edo edukitzaileek, aipatutako legearen 32.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA: ESKU-HARTZE ERREGIMENA
1. ATALA: ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE KOMUNAK
6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.
7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.
Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeetan, haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haren balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den orori dagokionez.
8. artikulua.– Erabilera onartuak eta debekatuak.
1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak haren kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak inoiz urratu gabe.
2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, honako hauek dira BOJ eraikinaren erabilera nagusiak: hirugarren sektorekoa eta industriala.
3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunari kalteak eragiten dizkioten edo 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalen baten aurka egiten duten erabilerak.
9. artikulua.– Sektoreko araudia eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.
1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduera-mugekin, eta, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioei kalterik ez egiten saiatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sar daitezen, baldin eta gauzatzen diren jarduerak bat badatoz ondasunaren kultura-balio babestuekin. Ildo horretatik, egun dagoen karga-jasogailuaz gain, eskailera-plataformak instalatzea proposatzen da, hain zuzen ere gorputz nagusiko bulegoen eta eskalera helikoidalari erantsitako bolumeneko bulegoen arteko desnibelak komunikatzeko; izan ere, egun, eskailera-tarte txiki batzuen bidez baino ez daude komunikatuta.
3.– Aurreko puntuan ezarritako esku-hartzea gauzatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek jarduketa horren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko du, bai eta ondasunaren kultura-balioei eutsiko zaiela ere. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.
10. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.
1.– Babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasunaren izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Esku-hartzea bukatutakoan, hura egiaztatu eta erregistratze aldera, memoria bat aurkeztu beharko du ondasunaren titularrak, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.
3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, eta, esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, ondasunaren premiei egokitutako diziplinarteko talde batek ere parte hartuko du. Nolanahi ere, obrak ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.
2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE PARTIKULARRAK
11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide partikularrak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, betiere ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ekartzen baditu, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako baldintzetan.
12. artikulua.– Kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuak.
Kontuan izanda babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako kultura-balioak, jarraian aipatzen dira kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuak:
– Egungo bolumenaren konfigurazioa, haren solairu, fatxada eta estalki (estalki lau ibilgarria) guztiekin, eta honako hauek osatua: «L» formako eraikin nagusia; bolumen kurbatu bertikala, sarbide nagusia eta eskailera helikoidala hartzen dituena; patioaren inguruko instalazioen gorputz erantsia; bulegoak hartzen dituen eranskin gehigarriaren bolumena, eta patioa.
– Eraikuntza-multzoaren lerrokadurak, sestrak eta antolaketa kokalekuan.
– Fatxaden eta estalkien egungo osaera: bao-kopurua eta haien antolaketa, materialak, baliabide estetiko-konpositiboak, apaingarriak eta jatorrizko arotzeriak.
– Hormigoi armatuzko egituraren armazoia.
– Eraikinaren jatorrizko antolamendu espazial globala: Sarbidea eta komunikazio bertikalaren ardatza, eskailera helikoidalaren bidez antolatua; tailerren antolamendu eta banaketa orokorra; bulegoak; museoa, eta biltegiak.
13. artikulua.– Kultura-ondasun babestuko elementu degradatzaileak.
Honako hauek hartzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen elementu degradatzailetzat:
– Jatorrizkoak ez diren PVCzko eta aluminiozko arotzeriak.
– Matsaria kale aldera, fatxada nagusiari atxikitako instalazioak (jatorrizkoak ez diren kolektore eta zorrotenak, kableak, kutxak eta ageriko eroapenak).
– Estalkian, airea girotzeko instalazioak eta dorre elektrikoak.
14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.
1.– Orokorrean, honako esku-hartze hauek galaraziko dira, babestutako higiezinaren kultura-balioei eta zaindu beharreko elementuei kalteak edo galerak ekar diezazkietenak, bai eta babes-araubide partikular honen edozein ezaugarriren aurka doazenak ere. Bestalde, esku-hartzeak baimentzen dira, eraikinaren elementu tipologiko, formalak eta egiturazkoak errespetatzen direnean.
2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean eta zaindu beharreko elementuetan aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira, babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutakoak:
a) Ez dago baimenduta eraikinean bolumen- eta azalera-aldaketak egitea, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere ez da aldaketarik onartuko.
b) Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioei eutsi behar zaie. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da. Nolanahi ere, fatxadetan aldaketa partzialak egin daitezke, baldin eta osaera orokorra funtsean aldatzen ez badute eta balio artistiko bereziko elementuak errespetatzen badira.
c) Ezin da garbiketa-tratamendurik egin, eraikineko elementuen kanpoko testura edo akaberen osaera atzera-bueltarik gabe aldatzen badute.
d) Jatorrizko arotzeriako elementuak zaharberritu behar dira, hala fatxadako baoetan nola ateetan, eta arotzerien jatorrizko materiala berreskuratu behar da, baldin eta jatorrizkoa ez den beste material batera aldatu badira.
e) Kultura-ondasunaren egituraren antolamendu orokorrari eutsiko zaio, zeina hormigoi armatuzko armazoi batek osatzen baitu.
Hala behar izanez gero, baimena emango da berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordezkatuz kontsolidatzeko, egitura-eskema edo elementu nagusien posizioa edo kotak aldatu gabe. Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuak berriekin ordezkatzea onartuko da, betiere jatorrizko materiala mantentzen bada, eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan soilik baimenduko dira materialen aldaketa partzialak, itzulgarriak eta egituraren material generikoa errespetatzen dutenak.
f) Barne-banaketa orokorrei eutsi behar zaie, kokapenari, neurriei eta zirkulazio- eta interkonexio-eskemei dagokienez.
g) Barneko banaketan eta antolaketan eraberritze puntualak onartzen dira, erabilera berrien premiei erantzuteko, betiere eraikuntza-multzoaren egiturazko antolaketa orokorraren ezaugarriei, fatxadei eta horien bolumetriari eragiten ez bazaie.
h) Baimena ematen da garrantzi arkitektoniko edo kultural nabarmena duten barneko espazioak zaharberritzeko obrak egiteko, jatorrizko dekorazio-elementu arkitektonikoei eutsiz, eta baimena ematen da, orobat, aldatutako elementuak, zatiak edo materialak lehengoratzeko. Elementu arkitektoniko nabarmenen artean, eskailera helikoidala dago.
i) 13. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak edo 3. artikuluan zehaztutako kultura-balioak eta 12. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik zaindu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituzten elementuak desagerrarazteko esku-hartzeak baimenduko dira. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.
j) Beharrezkoak diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.
k) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak hondatuz.