Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2022ko uztailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3191

81/2022 DEKRETUA, ekainaren 28koa, zeinaren bidez Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoa eta haren ingurua babes bereziko kultura-ondasun izendatzen baita, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumenaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, EAEko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kulturako sailburuordeak, Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoak eta haren inguruak duten interes kulturala ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren Zerbitzu Teknikoek egindako proposamenaren arabera eta arlo horretan aplikagarria den araudian xedatutakoa betez, 2021eko irailaren 6ko Ebazpenaren bitartez espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen (2021eko irailaren 14an argitaratu zen, 183. zenbakiko EHAAn), Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoa eta haren ingurua kultura-ondasun izendatzeko, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin.

Aipatutako espedientearen izapidetze administratiboak ekarri zuen espedientea bera jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko epea irekitzea, indarrean dagoen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluaren eta arlo bereko beste arauen arabera.

Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapide horiek egin ondoren, ez zen alegaziorik aurkeztu.

Aurreko guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16 eta 18.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek emandako aldeko txostena ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2022ko ekainaren 16an egindako bileran egindako izendapen-proposamenaren aldeko txostena eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 28ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoa eta haren ingurua babes-maila bereziko kultura-ondasun deklaratzea, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin, Dekretu honen III. eranskinean jasotzen den berariazko araubidea aplikatuz.

2. artikulua.– Kultura-ondasunaren mugaketa.

Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoa eta haren inguruaren mugaketa Dekretu honen I. eranskinean jasotzen denaren arabera ezartzea, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.

3. artikulua.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoaren eta haren inguruaren Gune Arkeologikoaren deskribapen formala egitea, Dekretu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.

4. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Arrasate/Mondragoneko Udalari (Gipuzkoa), Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoaren eta haren inguruaren Gune Arkeologikoa babes dezan, udal hirigintza-plangintzan sartuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Argitaratzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango die Arrasate/Mondragoneko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako departamentuei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inskribatuko du Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoaren eta haren inguruaren Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan aurreikusita dagoen Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabetza-Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintzaren egokitzapena burutu aurreko egoera.

Udal plangintza Dekretu honetan Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoaren eta haren inguruaren Gune Arkeologikorako ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia izan arte, babesturiko kultura-ondasunen gainean egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen baitute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33.1 eta 46.1 artikuluek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Hauek dira Lezetxikiko Gune Arkeologikoa osatzen duten guneak: Lezetxikiko kobazuloetan eta beheko galerietan (Leibar eta Lezetxiki II) dauden interes arkeologiko eta paleontologikoko aztarnategiak, eta Lezetxikiko Harpearen aterpea (1. gunea), bai eta babes-ingurune bat ere, etorkizunean aipatutako guneak babestuta egongo direla bermatzeko (2. gunea).

Proiekzio kartografikoan, Lezetxikiko Gune Arkeologikoak poligono forma du, eta bideek, erreken ibilguek, lursailen mugek eta sestra-kurbek zehazten dituzte poligono horren aldeak.

Erpin nagusiek, berriz, koordenatu geografiko hauek dituzte:

Mugaketa modu zehatzagoan identifikatzeko, planoa erantsi zaio eranskin honi.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Lezetxikiko Gune Arkeologikoa Garagartza auzoan dago (Arrasate/Mondragón), Bostate mendiaren ekialdeko hegalean, Kobate errekaren haranaren ondoan (lehen Bostiturrixeta esaten zitzaion). Bere oinarrian dagoen substratu geologikoa kareharri urgondarrez dago osatuta. Bertan, partzialki desegindako barrunbeak dituen sare karstikoa eratu da (besteak beste, Lezetxiki), edo gaur egun aterpe-itxura duten eremuak; Lezetxikiko Harpea, adibidez.

Lezetxikiko tunel-kobazuloko aztarnategiek eta Leibar eta Lezetxiki II kobazuloek osatzen duten multzoa da ondasunaren nukleo nagusia. Azken indusketen emaitzen arabera, gune horiek beheko kota batean kokatutako galeria bereko bi tarte edo segmentu dira. Barandiaranek Lezetxeko barrunbe txikia induskatu zuen, eta Lezetxiki kobazuloko beste sektore bat gehiago zela esanez deskribatu zuen, baina Lezetxikiko barrunbe nagusiko bigarren mailako galeria bat da, eta Lezetxikiko barrunbe-sistema horren barruan sartzen da topografikoki. Lezetxikiko hegoaldeko muturretik 15 bat metrora, Lezetxikiko Harpearen aterpea dago. Aterpearen hormaren forma oso kurbatua denez, pentsa liteke tunel-barrunbe kolapsatu baten hondarra izan daitekeela (Lezetxikikoa bezalakoa), baina ezin da baztertu Lezetxikikoaren beste tarte bat izatea, nahiz eta goragoko kota batean kokatuta egon.

Lezetxikiko aztarnategiaren sekuentzia estratigrafikoak erakusten duenagatik, gizakiak kobazuloa okupatu zuen Erdi Pleistozenoaren amaieratik hasita, Goi Pleistozenoan zehar, eta Brontze Arora arte, jada Holozenoan. Gizataldeen okupazio edo bisitaldi horiez gain, txandaka eta zenbait fasetan, urtsidoek eta beste haragijale batzuek aterpe edo babesleku gisa erabili zuten kobazuloa. Lezetxikiko sekuentzia horrek, gainera, aparteko balioa du; izan ere, Homo Heidelbergensis, Neandertal eta Sapiens modernoaren edo egungoaren hezur-hondarrak eman dituen aztarnategi bakarra da. Lezetxiki da, gainera, EAEn hedadura eta sakonera handiena duen aztarnategi paleolitikoa. Hain zuzen ere, musteriense klasikokoak eta, bereziki, antzinako Erdi Paleolitokoak izan daitezkeen mailak beren potentziagatik nabarmentzen dira. Azken horiek 90.000 urte baino gehiago dituzte. Ikuspuntu paleontologikotik, Lezetxikik interes handiko fosilak eman ditu, eta, horri esker, hobeto uler daitezke testuinguru paleoanbientala eta metakinaren eraketa-prozesuak.

Lezetxikik, gainera, balio historiografiko ukaezina du euskal arkeologiaren esparruan. Jose Migel Barandiaranek 1956 eta 1968 arteko kanpainetan egindako indusketei esker, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat trebatu zuen, eta ikerlari horiek lekukoa hartu zuten gero, Euskal Herrian zein kanpoan beste talde batzuk prestatuz eta gidatuz.

Lezetxiko Harpea ez da sistematikoki induskatu, baina Besaide Espeleologia Taldeak hainbat material berreskuratu zituen 1975ean egindako laginketan, eta material horiek potentzial arkeologiko handiko sekuentzia bat aurreratzeko aukera ematen digute. Sekuentzia hori Lezetxikikoaren garai berekoa da, zati batean bederen; eta, agian, Lezetxikikoarekin erlazionatzeko modukoa ere bai. Topografikoki, ezin da baztertu galeria bera osatzea Lezetxikirekin batera. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da honako hau ere Gune Arkeologiko berean sartzea.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Aplikazio eremua.

Lezetxikiko Gune Arkeologikoak bere mugaketaren barruan hartzen dituen gune, aurkikuntza, eraikuntza eta egitura guztiei aplikatuko zaie babes-araubide partikular hau. Aipatutako eremua Arrasate/Mondragón udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera idatzi da. Lezetxikiko Gune Arkeologikoa babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko izapidearen parte da, eta lehentasuna izango du hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnekiko, lege horren 47.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3. artikulua.– Balio kulturalak eta babes-maila.

Lezetxikiko Gune Arkeologikoari babes bereziko maila eman zaio, EAEko ondare-balio bikainak dituelako, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 8.1 artikuluak adierazten duen moduan. Hauek dira aipatutako balioak:

– Lezetxikiko aztarnategi guztien sekuentzia estratigrafikoaren hedadura eta potentzia, batez ere Erdi Paleolitikoko eta Behe Paleolitikoko faseetarako, zeinak Erdi Pleistozenoko azken garaira arte heltzen baitira, duela 150.000 urte baino gehiagora arte, alegia.

– Bertan aurkitu izana euskal erregistro paleoantropologikoko giza hezurrik antzinakoena; zehazki, Homo Hiedelbergensis motakoa izan zitekeen emakume baten humeroa, zeinaren datazio absolutu zuzenak 164.000 urte inguruko antzinatasuna ematen baitu gutxienez. Gainera, bi hortz-pieza ere aurkitu dira, ziurrenik neandertalenak.

– Aztarnategiak euskal arkeologiaren historiarako duen balioa; izan ere, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat aztarnategi horretan egindako indusketa-kanpainetan trebatu da, eta, 50 urte baino gehiagoan, guztiz modu aitzindarian, datazio absolutuko teknika berriak eta diziplinarteko azterlanak erabili izan dira hor.

4. artikulua.– Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-plangintza egokitzea.

Lezetxikiko Gune Arkeologikoa babes berezikotzat hartuko da Arrasate/Mondragón udalerriko hirigintza-plangintzako tresnen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune honen antolamenduari dagokionez, plangintza-tresna horiek bat etorriko dira babes-araubide partikular honetan zehaztutako ezaugarrietara; izan ere, babes-araubide partikular hau berariaz prestatu da eremua modu egokian mantendu eta babestu dadin. Nolanahi ere, horiek onartzeko, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena beharko da, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Baldin eta kultura-ondasun honen babes-araubide partikularra eratu baino lehenago idatzitakoak badira plangintza-tresnak, egokitu egin beharko dira, babes-araubide partikular honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.

5. artikulua.– Zonifikazioa.

Lezetxikiko monumentu-multzoaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, bi gune bereizi behar dira:

1. gunea. Babes zorrotzeko eremua.

Eremu horretan sartzen dira Lezetxikiko eta Lezetxeko aztarnategiak, Lezetxikiko iparraldeko muturreko albo-barrunbe sekundarioa, eta Lezetxikiko Harpearen aterpea. Eremu horietan baimenduko diren erabilerak zientifikoak eta kontserbazioaren arlokoak izango dira, bai eta ondasunari balioa ematearen ingurukoak ere, baina, azken kasu horretan, soilik zabalkundeari dagokionez.

2. gunea. Babes-ingurunea.

Eremu zabalagoa, aurrekoaren perimetroa inguratzen duena. Inguruko eremu horretan arautu behar dira Lezetxikiko Gune Arkeologikoaren babesa bermatzeko erabilerak eta jarduerak, kutsadura bisual eta akustikoko arriskuei aurre eginez, baldin eta kutsadura-mota horiek Gune Arkeologikoaren erabilera zientifikoa, kontserbazioa eta zabalkundea eragotzi edo oztopatu badezakete. Era berean, ez dagoenez zehatz jakiterik zeintzuk diren Lezetxikiko aztarnategiak hegoalderantz dituen mugak eta Lezetxikiko Harpeak dituenak, alboko ingurune endokarstikoa ere babestu nahi da; izan ere, etorkizuneko ikerketek lotura edo korrelazio oso zein partzialak finka ditzakete inguru horretan aurki daitezkeen beste aztarnategi arkeologiko batzuekin (ikus I. eranskineko planoa).

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

6. artikulua.– Irizpide orokorra.

Oro har, eta aurrez zehaztutako babes-mailaren arabera, jarraitu beharreko irizpidea da ez baimentzea Gune Arkeologikoko aztarnategiak arriskuan jarri edo honda dezaketen erabilerarik eta jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari dagokionez (ikus daitezkeen barrunbeak zein lurpean ezkutatuta daudenak), baita metakin arkeologikoaren sekuentzia estratigrafikoa alda dezakeen edozein jarduketa ere.

Babes-araubide partikular honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide partikular honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.

7. artikulua.– 1. gunean baimendutako erabilerak eta jarduerak.

1.– Baimendutako erabilerak eta jarduerak: erabilera kulturala, ikerketa eta zabalkundea.

1. gunean, erabilera zientifikoak eta kulturalak baino ez dira baimenduko. Planteatutako esku-hartzeak soilik izango dira ingurua finkatzekoak, kontserbatzekoak eta/edo zaharberritzekoak eta balioa ematera bideratutakoak, bai eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutako ikerketa arloko jarduera arkeologikoak ere.

Gune honetan, jarduera kulturalak egin eta sustatu ahal izango dira, betiere aztarnategiko hondarren kontserbazioarekin bateragarriak badira, eta tokiari eta bertako ondareari buruzko ezagutza hedatzen laguntzen badute. Babestutako eremua kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da, gunea bisitariak hartzeko egokituta. Horretarako, ondasuna sendotzeko egitasmo xumeak egingo dira, irisgarritasuna hobetuko da, eta egitasmoen berri emateko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira.

1. gunean baimendutako jarduera kulturalak eta ikerketa zientifikoko jarduerak egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren baimena izatea, eta baimen horrek bermatu beharko du egingo den jarduera bateragarria dela aztarnategia kontserbatzearekin. Gainera, arkeologiaren arloko profesional batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

1.1.– Ikerketa-proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

1. gunean egingo diren jarduera zientifikoak (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak eta abar) aztarnategi osoa aztertzeko balioko duen programa arrazional baten barruan egongo dira, eta, horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzen lagundu beharko dute, hari dagokion balioa eman ahal izateko etorkizunean.

Gune honetako irizpide orokorra hauxe izango da: ahalik eta gehien murriztea bertan egingo diren mota guztietako esku-hartzeak, baldin eta esku-hartze horiek sedimentu arkeologikoa eta euskarri-arroka eraldatzen badituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide horrekin aztertu beharko ditu baimena jasotzeko aurkezten diren proiektuak.

Jarduera arkeologikoak egin behar badira, eta jarduera horien ondorioz lurrak atera edo mugituko badira, soilik pertsona hauei emango zaie jarduera horiek zuzentzeko baimena: esku-hartzearen guneko garai historikoetara egokitzen diren unibertsitate-prestakuntza eta ikerketa-esperientzia egokia egiaztatzen dutenei.

Esku-hartze proiektuarekin batera, kasu guztietan adierazi beharko da zeintzuk diren natura-esparrua eta hango aztarna arkeologikoak modu egokian kontserbatuko direla ziurtatzeko egin beharreko jarduerak, baita berreskuratutako interes arkeologiko eta paleontologikoko materialak modu egokian tratatuko direla ere, harik eta gordailu-zentroan entregatu arte, indarrean dagoen araudiaren, betearazpen-egutegiaren, eta aurrekontuaren eta finantzaketaren arabera. Proiektuak baldintza horiek betetzen ez baditu, esku hartzeko baimena ukatu ahal izango da.

Indusketa arkeologikoko lanek ziurtatu egin beharko dute lurrak erretiratzeko lanak aldez aurretik antolatuko direla, eta indusketa-proiektuan proposatu beharko da zein gune aukeratuko diren aldi baterako edo behin betiko hondakindegi edo biltegi gisa, laborategian prozesatuko ez diren soberako sedimentuetarako. Soberako lurren biltegia behin betikoa bada, aukeratuko den tokiak oso alterazio txikia izan beharko du lurzoruari dagokionez, eta, edonola ere, aplikagarria den ingurumen-araudia bete beharko da. Behin betiko hondakindegia ezin izango da inolaz ere 1. gunearen barruan kokatu.

Indusketa arkeologikoko proiektuek aurreikusi beharko dute zein egoeratan geratuko den aztarnategia, indusketa-kanpaina bakoitzaren amaieran. Induskatutako eremua betetzen ez bada, arrazoi zientifikoen bidez justifikatu beharko da, edo, bestela, adierazi beharko da guneari balioa eta zabalkundea eman nahi izan zaizkiola, bisita publikoko programa baten bidez. Nolanahi ere, kanpaina bakoitzean baimentzen diren proiektuetan, babeserako gailu fisikoak aurreikusi beharko dira, amilburuen egonkortasuna ziurtatzeko eta induskatutako gunearen barruan pertsonak eta objektuak erortzeko arriskuaz ohartzeko.

Ikerketa-programaren amaieran, indusketen ondoriozko profil malkartsua mantentzea planteatzen bada, amilburuak sendotzeko, estaltzeko eta abarrerako neurriak hartu beharko dira, denboran zehar ez dadin aztarnategia hondatzeko edo eraldatzeko arriskurik egon. Aztarnategia ixteko konponbide teknikoa edozein dela ere, ikerketa-proiektuaren arduradunak eta kultura-ondasunak kontserbatzeko titulu ofizial gaitua duen pertsonak sinatutako proiektu bat izango da, eta betearazpen- eta mantentze-kostuen azterlan ekonomikoa ere jasoko du. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du.

Ikerketa-planaren baimena eskatzeko aurkezten den proiektuak bermatu egin beharko du baldintza horiek guztiak betetzen dituela. Hala ez bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak, onarpena eman baino lehen, proiektua aldatzeko eskatuko du, baldintza horietara egokitu dadin.

1.2.– Kontserbaziorako eta balioa emateko proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

Aztarnategiak sendotu eta lehengoratzeko, itxiturak jartzeko, informazio-panelak instalatzeko eta abarrerako planteatzen diren proiektu guztietarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da beti, eta, horretarako, erakunde sustatzaileak proiektu bat aurkeztu beharko du. Proiektu horretan, egin nahi den lanaren ezaugarriak zehaztuko dira, eta esku-hartze hori ahalik eta txikiena izango da eta izaera itzulgarria izango du. Proiektua gauzatzerakoan, ikuskapen arkeologikoak egingo zaizkio.

Gune Arkeologikoari balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, eta, horretarako, kultura-ondasunen kontserbazioaren arloan akademikoki gaitutako profesionalek aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa bat finkatu beharko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna izango da berme horiek eskatzea proiektua sustatu duen administrazio edo erakunde pribatu zein publikoari, jarduera gauzatzeko baimena eman aurretik.

1.3.– Ikerketarako, kontserbaziorako eta balioa emateko proiektuetarako eraikuntza-jarduerak eta instalazio berriak.

Soilik baimenduko dira 1. gunearen perimetroa ixtera bideratutako eraikuntza-jarduerak, bai eta, ikerketa-, kontserbazio- eta zabalkunde-lanak egiterakoan, gune horretan dauden pertsonen segurtasuna hobetzera bideratutako jarduerak ere. 1. gunearen barruan ezin da etxola aurrefabrikaturik edo antzeko eraikinik jarri, ezta aldi baterako ere.

Eremu horretan beste mota batzuetako instalazioak jartzea planteatuko balitz, soilik baimenduko lirateke ikerketarako, eremuari balioa emateko, edo multzoa kontserbatu edo mantentzeko beharrezkotzat jotzen direnak, bai eta arriskuen prebentziorako eta pertsonen segurtasunerako direnak ere.

8. artikulua.– 2. gunean baimendutako erabilerak eta jarduerak.

1.– Erabilera eta jarduera zientifiko-kulturalak.

2. gunean egin beharreko ikerketa zientifikoko proiektuetan, baita ikerketa arkeologikokoak ez diren proiektuetan ere, lurrak mugitu beharko balira edo lurpeko barrunbeetara sartu beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoaren aldez aurreko baimena beharko litzateke.

2. eremuan planteatzen diren prospekzio arkeologiko edo espeleologikoak, betiere lur-mugimendurik gabeko zuzeneko esplorazioaren bidez egindakoak (modu bisual hutsez edo gainazala arakatzeko gailu ez-inbaditzaileen bidez –georradar motakoak–), proiektu baten xede izango dira, eta bertan zehaztuko da zein den helburua, esploratuko den eremua, eta landa-lanean erabiliko den metodologia. Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuaren jakinarazpenerako bidalitako komunikazioarekin batera aurkeztuko da proiektu hori, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera. Landa-lanak amaitzean, emaitza edozein dela ere, amaitu direla jakinaraziko da, eta emaitzen memoria bidaliko zaie administrazio interesdunei, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Erabat debekatuta dago 2. eremuan metal-detektagailuak erabiltzea aisialdirako eta jolaserako, edo aldez aurretik baimendutako ikerketa-proiektu baten esparrutik kanpo.

2. eremua bisita-ibilbideetan integratu ahal izango da, Bostate inguruko ondarearen, kulturaren eta naturaren zabalkundea egiteko asmoz. Alde horretatik, 2. gunean jartzen diren seinaleak eta kartelak (tokiaren interes kulturala adierazteko eta hura interpretatzen laguntzeko jarritakoak, alegia), aztarnategietan ahalik eta inpaktu txikiena izateko moduan jarriko dira.

2.– Basoen erabilera.

Baimenduta dago gaur egungo baso-erabilera, baina ez da baimentzen zuhaitz-masen landaketa berririk, salbuespen batekin: Kobate errekaren alboetan, ibaiertzeko basoa berreskuratzeko beharrezkoak diren landaketak. Zuhaiztietan, guztiz debekatuta daude arraseko mozketak eta matarrasak. Zuhaitzik moztu behar izanez gero, kontuan hartuta inguru horretako lurzoru karstikoa oso hauskorra dela, ikuspuntu naturaletik zein kulturaletik, neurri hauek hartu beharko dira:

– Mozketa baino ez da onartuko, sustrairik erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin, egurra mozteko edo ateratzeko.

– Egurra ateratzeko ez da makineria astunik erabiliko, eta saihestu egingo da ibilgailu astunak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez, txirrikak erabiliko dira edo eskuz aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategietan zenbaterainoko kaltea egin dezaketen kontuan hartuta. Baldintza horiek guztiak arkeologia-arloko profesional batek aldez aurretik landutako txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

– Nolanahi ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloko eskumena duen organoari, eta hark eman beharko du baimena, aipatutako jarduerak egin aurretik.

3.– Abeltzaintza-arloko erabilera.

Inguru horretako jarduera tradizionala denez, eta lursailaren egungo landaredia mantentzen lagundu dezakeenez, abeltzaintza estentsiboa baimenduta egongo da inguru horretan. Hala eta guztiz ere, jarduera hori bideragarria izango da, baldin eta ez bada instalatu behar naturagunekoa ez den eta abereak ukuiluratzeko edo ustiatzeko erabiltzen den egiturarik.

Babes-araubide berezi honek berariaz debekatzen ditu jarduera horretarako behar diren instalazioak edo eraikuntzak, ganadua kontrolatzeko itxiturak izan ezik.

4.– Eraikuntza-arloan baimendutako erabilerak eta jarduerak.

Eraikuntza-arloan baimenduko diren erabilera eta jarduera bakarrak Gune Arkeologikoa ikertzeko eta/edo haren zabalkunde kulturala egiteko beharrezkotzat hartutakoak izango dira. Soilik baimenduko dira, baldin eta aztarnategia ikertzeko eta hari balioa emateko proiektu global batek (eskumena duen teknikari arkeologo batek sinatuta) egokitzat eta beharrezkotzat jotzen badu.

Nolanahi ere, ezertan hasi aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloko eskumena duen organoak baimendu beharko du proiektua, hargatik eragotzi gabe dagokion udal hirigintza-lizentzia izapidetzea. Lizentzia hori ezin izango da eman Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimenik gabe.

Gune Arkeologikoaren barruan onartuko diren eraikin bakarrak aldi baterako etxolak edo estalpeak izango dira, eta horiek muntatu, instalatu edo desmuntatzeagatik ez da zorupea eraldatuko. Elementu horiek instalatu izana justifikatzen duen programa amaitzen denean, kendu egin beharko dira.

9. artikulua.– Motordun ibilgailuen zirkulazioa eta pistak.

Espresuki debekatzen da motordun ibilgailuak erabiltzea babes-eremuaren barruan, eta, bakar-bakarrik onartuko dira, behar bezala justifikatzen denean segurtasunagatik, zainketagatik, suteengatik eta eremuaren balio kultural eta naturalak ikertu edo kontserbatu beharragatik.

Debekatuta dago pista berriak irekitzea.

Soilik onartuko dira 1. gunerako irisgarritasuna kontserbatzeko eta hobetzeko jarduketa puntualak, baldin eta dauden bide eta bidezidorretan esku hartzen bada. Jarduketa horiek, gainera, ezinbestekoak izan beharko dute ondasuna ikertzeko, kontserbatzeko eta balioa emateko, eta ahalik eta esku-hartze txikiena egin beharko da eta esku-hartze horrek itzulgarria izan beharko du. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko proiektu bat prestatu beharko da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak baimendu beharko du.

10. artikulua.– Aztarnategietarako sarbidea.

1. guneko aztarnategi arkeologokioetarako sarbidea utzi beharko zaie ikerketarako edo kontserbaziorako programa baten esparruan jardun behar duten pertsonei, baina, betiere, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak aurretik baimena eman badu.

Une puntualetan induskatutako guneetara sartzea eskatzen duten ikerketako edo azterketako jardueretarako ere aldez aurreko baimena behar da, nahiz eta egin beharreko lana miaketa bisual hutsa edo amilburuen eta lurzoru-koten dokumentazio geometrikoa izan, edo beste edozein jarduera izan, lurra iraultzea edo arrokazko hormak aldatzea ez badakar ere. Nolanahi ere, 1. gunean sartzeko eta han egoteko, dagokion baimenaren baldintzak bete beharko dira eta ondare arkeologikoaren arloan eskumena duten Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoetako langileek zuzenean ikuskatu edo gainbegiratu ahal izango dute.

1956 eta 2017 bitartean induskatutako gunera asmo dibulgatzaile hutsekin sartzeari dagokionez, Arrasateko Udalak, Lezetxiki, Lezetxe, Leibar eta Lezetxiki II kobazulo aztarnategidunak dauden lursailen gaur egungo jabea denez, bisita-programa bat ezarri ahal izango du, jendeak aztarnategiak ikusi ahal ditzan. Programa horri dagokion proiektua egin beharko zaio, eta proiektu horren aldeko irizpena eman beharko du Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak.

Nolanahi ere, asmo dibulgatzaile hutsa duten bisitei dagokienez, erabat debekatuta egongo da Lezetxiki, Leibar eta Lezetxiki II-n induskatutako espazioaren barruko lurzorura sartzea. Itxituraren barruko bisitak talde oso txikietan egingo dira beti, aztarnategiak ezagutzen dituen eta arkeologiaren arloan gaitasun akademikoa duen pertsona batek gidatuta. Gidariak kontrolatuko du sarbidea, bai eta baimendutako proiektuan ezarritako arauak eta segurtasun-baldintzak betetzen direla ere. Bisitariak ibiltzeko eta egoteko ondo mugarritutako eremuak erabiliko dira bisitaldietan, bisitak irauten duen bitartean, eta, beraz, induskatutako gunearen ertzen artean eta bisitarien artean nahikoa distantzia egon behar du, bisitarien segurtasuna bermatzeko eta induskatutako ertz horiek behar bezala kontserbatzeko.

Jendearentzako bisita-programarik ez dagoen bitartean, Lezetxikiko galeriako esparru itxira eta 1. gunean dauden behe-barrunbeetara sartu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldez aurretik baimena eman beharko du. Arrasateko Udalak, esparruaren jabetza duen erakunde publikoa denez, bisitaldi horietan aztarnategien osotasuna eta bisitarien segurtasuna ziurtatzeko baliabideak ipini beharko ditu, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza teknikoa eskatu ahal izango dio.

Lezetxikiko Gune Arkeologikoa babesteko araubide berezi honetan esku hartzen duten administrazio publikoetan –Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udala– kultura ondarearen arloan eskumena duten sailetako zerbitzu teknikoek sarbide mugagabea izango dute aztarnategi hauetara, aztarnategiak aztertzeko, kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko, bai eta aztarnategien zabalkundea egiteko ere. Hiru administrazioen arteko koordinazioa ahalik eta gehien zainduko da, lanak beharrik gabe bikoiztu edo elkarren artean gainjarri ez daitezen.

11. artikulua.– Irisgarritasun-neurriak.

Bostateko hegala ia osorik dago baso-plantazioz eta abeltzaintza estentsiborako hesitutako lursailez okupatuta. Bostate baserriko aurrien inguruetara lur orotako ibilgailuan irits daiteke, eta handik oinez jaitsi behar da, bide-zoru irregularra duen garai bateko baso-pista batetik, Lezetxikiko tunelaren iparraldeko ertza dagoen tokiraino. Hala ere, barrunbeetako gunean mugitzea zaila da, lursailaren izaera karstikoak eragiten duen topografia malkartsuagatik. Gainera, 10 m baino gehiagoko sakonerarekin induskatutako guneak daudenez, hausturak ere badaude, eta hegalak inklinazio-maila handia du gune horretan. Hori dela eta, oso zaila da Lezetxikiko aztarnategietarako irisgarritasun unibertsala ziurtatuko duten neurriak ezartzea, ondasuna bera aldatu gabe eta ingurunea guztiz artifizial bihurtu gabe. Nolanahi ere, babesteko araubide bereziak bidea ematen du irisgarritasuna hobetzeko, ahalik eta esku-hartze txikienaren eta itzulgarritasunaren printzipioa erabilita, eta, betiere, kutsadura bisuala eta akustikoa ekar dezakeen azpiegiturarik ezarri beharra ez baldin badago.

Seinaleak berritu edo eguneratu behar direla erabakiz gero, diseinuan irisgarritasuna bermatu behar da, gune horretara joan daitezkeen pertsonen dibertsitate funtzionala kontuan hartuta.

12. artikulua.– Elementu degradatzaileak.

Tokian bertan, ez da antzeman kutsadura bisuala edo akustikoa eragin dezakeen elementurik, eta, ondorioz, ondasunaz gozatzeko kaltegarri izan daitekeen elementurik. Hala ere, 1. gunearen barruan, informazio-seinale hondatuak daude, eta horiek kendu egin beharko dira.

13. artikulua.– Lezetxikiko Gune Arkeologikoko plan zuzentzailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, 1. guneko aztarnategien egungo egoera aztertu beharko du, ikerketaren, kontserbazioaren eta zabalkundearen ikuspegitik, Gune Arkeologikoa Ikertzeko eta Kontserbatzeko Plan Zuzentzailea (babestu beharreko ingurunea barne) lantzeko. Azterketa horren helburua da ikerketaren eta zaintzaren arloan jarduteko premiak ezartzea eta lehenestea. Plan horren barruan ikerketa arkeologikoa eta espeleologikoa sustatzea komeni dela planteatu behar da, horrela, hegalaren endokarsta eta beraren potentzial arkeologikoa hobeto ezagutzeko. Era berean, 1. guneari dagokionez, ikerketaren eta zaintzaren inguruko premiak planteatu beharko dira, eta, hala badagokio, lehenetsi ere bai; hala nola (adibidez, guztiz zerrenda zehatza ez bada ere): indusketa zaharren amilburuak sendotzea; interesik gabeko zonetan induskatutako azalerak estaltzea, horietan indusketa berririk egiteko asmorik ez badago edo ia aztarna arkeologikorik ez badaukate; Lezetxiki kobazuloa babesten duen itxitura edo hegoaldeko ertzeko estalduraren egitura zabaltzea, hobetzea edo ordeztea. Ezarri beharko dira, halaber, polizia-agintariekin koordinatuta, lapurretak ekiditeko babes- eta zaintza-neurriak, bai eta Gune Arkeologikoko eta haren babes-inguruneko aztarnategien osotasuna arriskuan jar dezaketen bestelako jarduerak saihesteko ere.


Azterketa dokumentala