Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2022ko ekainaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2960

AGINDUA, 2022ko ekainaren 14koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak autonomia-erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak sindikatuei egiten dien aipamenak esan nahi du «Espainiako konstituzio-sistemaren oinarrizko osagaia» direla (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Auzitegi Konstituzionalaren Epaia). Konstituzio-aitorpen horrekin, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak aintzat hartzen dira, alderdi politikoekin batera (Espainiako Konstituzioaren 6. artikulua), Espainiako Konstituzioaren arabera zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoa osatzen duten elkarte gisa.

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluaren aitorpenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei ematen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakunde horiek, sindikatu bakoitzeko afiliatuen ordezkaritzan eta defentsan jarduteaz gain, langile guztien ordezkaritzan ere jarduten dute.

Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. Espainiako Konstituzioaren 7. artikulu horrek berak zehazten du erakundeon helburuen berariazkotasuna. Arau horren arabera, «Langileen sindikatuek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak berekin dakar sindikatuen helburu zilegiak askotarikoak direla onartzea: helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo soziopolitikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.

Erakunde sindikalen izaera berezia elkarteetatik bereizitako araubide juridiko bat izatean ere islatzen da. Erregimen juridiko hori Espainiako Konstituzioaren 28.1 artikuluan eta Sindikatu-askatasunaren Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.

Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen finantzaketa-bideetako bat dirulaguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.

Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoi laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezake bi alderditan, banakorenean eta kolektiborenean. Banakoaren askatasuna urratu dezake, sindikatu-askatasunari eragin diezaiokeelako, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboaren askatasuna urratu dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.

Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, Espainiako Konstituzioak aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.

Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu Administrazio Publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitu asmo duten duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Alde horretatik, lan-arloan eskumena izan duten sailek eta, gaur egun, Lan eta Enplegu Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hainbat dirulaguntza eman dizkiete sindikatuei, beren helburuen barruan jarduerak egiteko baldintzapean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean, 03 Atalean, 3112 Programan (Lana eta Enplegua), kreditu bat ezartzen da erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek egin beharreko jarduerak diruz laguntzeko, haien hauteskunde-ordezkaritzaren arabera.

Dirulaguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2021eko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia horrek eskatzen du erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sar daitezela, eta erakunde onuradunek justifika dezatela dirulaguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Ildo horretatik, sindikatu-ordezkagaitasuna erreferentziazko eta beharrezko faktorea da dirulaguntza hauek zehazteko; izan ere, Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen du sindikatuaren entzunaldiaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateraturiko hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horretako 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7., 9.2 eta 129. artikuluak betez.

Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagaitasuna erabiltzen dela sindikatuek herri-administrazioetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako dirulaguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.

Era berean, Agindu hau 2022. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Aipatutako plana Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko abenduaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen eta sailaren webgunean argitaratu zen.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19koa 7/2021 Dekretuaren 3.2.e) artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2022ko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako ohiko gastuak finantzatzeko eta sindikatu horien bulegoen eta zerbitzuen funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 844.542 euro 2022rako ordainketa-kreditu gisa, eta 211.136 euro 2023rako konpromiso-kreditu gisa.

2. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 2021eko abenduaren 31n ordezkaritza duten eta 2022. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2021eko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

2.– Ezin izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak jaso honako egoera hauetakoren batean dauden erakunde sindikalek:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta egunean.

d) Dirulaguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

e) Ebazpen irmo baten bitartez galdua izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala izatea sexu-bereizkeriagatik, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera debeku horrekin zigortua izatea.

g) Horretara behartuta egonez gero, Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-planik ez edukitzea.

h) 50 langiletik gorako enpresetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurririk ezarri ez izana, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 eta 50.5 artikuluetan zehaztutakoren arabera, entitate onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

4.– Era berean, ezingo dute parte hartu dirulaguntza lerro bereko aurreko deialdien babesean jasotako laguntzak aurrez justifikatu ez dituztenek.

5.– Erakunde eskatzaileek eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak betetzen dituztela.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betekizuna, bai eta itzulketa-betebeharrak egunean izatekoa ere, laguntza ematen den unean eta laguntza ordaintzen denean bete behar dira.

3. artikulua.– Izapidetze telematikoa.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta laguntzak emateko deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliko da, honako helbide honetan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059005

Izapideak bide elektronikoz egiteari buruzko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

3.– Espedienterako sarbidea, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honetan inplikatutako eskabidearen ondorengo gainerako izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu behar izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea egiteko formulario elektronikoa bete beharko da. Agindu honen eranskinean zehazten dira formularioaren konfigurazioa eta edukia. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059005

2.– Eskabide-orrian bertan jasoko den Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa edo zehapen-prozeduren egoera, izapidetzen ari dira.

c) Erakunde eskatzailea ez dela kondenatua izan, epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrera, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean (1985, 14 LBK), eta ez direla kasu bakar batean ere. Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (1985, 1463 LBK eta 1986, 192 LBK) araututa daude, lege horretan edo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamendu bidez zehazten den moduan.

f) Erakunde eskatzaileak ez duela ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galdu, lege honen edo beste batzuen arabera.

g) Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik jaso sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik, eta ez duela debeku horrekin zehatu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

h) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Horretara behartuta dagoenean, erakunde eskatzaileak berdintasun-plan bat duela indarrean, Estatuaren araudiaren arabera.

j) 50 langiletik gorako enpresa, erakunde eskatzaileak neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

3.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailututa badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.

b) Sinatzailea identifikatzea, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko, eta ordezkotza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

c) 2022. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

4.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, haien baimenik behar izan gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango dute aurka; kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko dituzte, erregelamendu bidez aurreikusitako moduan.

Egoitza beste autonomia-erkidego batean duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkarreragingarritasun-zerbitzurik ez duen erakunde eskatzaileen kasuan, zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Dirulaguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68 artikuluan xedatutakoa betez.

7. artikulua.– Dirulaguntza erabakitzeko irizpideak.

Agindu honen helburu diren dirulaguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2021eko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera, eta muga ezarriko du diruz lagundu daitezkeen egiaztatutako gastuen araberako zenbateko errealak.

8. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak dirulaguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Lan eta Enplegu Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren berariazko ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Ebazteko eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko helburua betetzat hartu bada eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzat hartu badira, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako dirulaguntza batzuk metatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan-kasuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria (2022. urtean eginiko jarduerak eta gastuak azaltzen dituena) igorri beharko diote Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaritzari, 2022ko abenduaren 15ea baino lehen. Memoria horretan, jarduera –gutxienez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez– burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

Halaber, jasotako dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, gelditzen den zati horren justifikazioa 2023ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarteko epean egin beharko da eta azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da.

Memoria horiei erantsiko zaizkie ohiko eta funtzionamenduko gastuen zerrendari, nominak, fakturak, eta abar- dagozkion jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak, eta hala badagokio pertsonalaren justifikazioa egiaztatzen duten kotizazioko boletinen TC dokumentuak.

2.– Konpromisozko bermeen bidez dirulaguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu. Ildo horretan, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek dirulaguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.

3.– Halaber, erakunde sindikal onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, Agindu honetako 11. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, alegia, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu osteko ordainketari dagokiona, 2023rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

Entitate eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

13. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

2.– Erantzukizunen erregimena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Halaber, dirulaguntzen itzulketa-kasuei dagokienez, honako araua aplikatuko de: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua.

14. artikulua.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesa eta datu horien zirkulazio askea arautzen duena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko xedapenetan ezarritakoarekin bat etorrita, deialdi horretako parte-hartzaileen datu pertsonalak «sindikatuen ordezkaritzagatiko dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua erakunde sindikalei beren ordezkaritzaren arabera dirulaguntzak izapidetu eta ematea da eta tratamenduaren arduraduna Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizun bat betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren babespean. Interesdunek eskubidea izango dute, tratamenduaren arduradunaren aurrean, beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, edo haien erabilerari mugak jartzeko, edo erabiltzen ez uzteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala