Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2022ko ekainaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2597

67/2022 DEKRETUA, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez «La Naval» ontziola, Sestaon (Bizkaia) kokatutakoa, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu-multzoaren kategoriarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Lege hori garatzeko, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, gaur egun ia erabat indargabetuta dagoena, salbu eta III. Tituluaren VI. Kapitulua, dokumentu-ondareari buruzkoa, eta IV. Tituluaren I. Kapitulua, artxibo-zerbitzuei buruzkoa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen bidez.

Kulturako sailburuordeak, «La Naval» ontziolak duen interes kulturala ikusita, EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren Zerbitzu Teknikoek egindako proposamenaren arabera eta arlo horretan aplikagarria den araudian xedatutakoa betez, 2021eko irailaren 20ko Ebazpenaren bitartez (EHAA, 2020ko irailaren 30ekoa, 196. zk.), espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen, Sestaon (Bizkaia) kokatuta dagoen «La Naval» industriagunea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko, monumentu-multzoaren kategoriarekin.

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Sestao Activo auzo-elkarteak alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskaera aurkeztu zuen, zailtasunak zeudelako ezarritako epearen barruan alegazioak aurkezteko. Kulturako sailburuordearen 2021eko urriaren 27ko Ebazpenaren bidez, 10 eguneko beste epe bat eman zen, ebazpen hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, honako hauek dira alegazioak aurkeztu dituzten erakundeak: «Sestao Activo para la defensa de las zonas verdes y espacios de uso y utilidad pública de Sestao» elkartea, URLAU Proyectos y Servicios S.L.U., Sestaoko Udala, Euskal Herria Bildu legebiltzar-taldea, AVPIOP-IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea, TICC-ESPAINIA Industria Ondarea Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea, Associació del Museu de la Ciència i de la Tècnica i d’Arqueologia Industrial de Catalunya l’AMCTAIC, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugartea eta Bilboko Portu Agintaritza.

Espedientean dauden txosten teknikoen ondoren, alegazioetako batzuk osorik edo zati batean baietsi dira, eta beste batzuk ezetsi, bertan azaldutako arrazoiengatik.

Monumentu-multzoan elementu berriak sartzeko eskaerari dagokionez (besteak beste, «Martínez Rivas, Palmer y Compañía» sozietateak 1889an eraikitako jatorrizko eraikina –makinen eta galdaren tailerra eta artilleria-tailerra–, itsasadarraren aurrealdea –armamenturako eta konponketarako kaiak, eraikuntza-harmailak eta portiko-garabiak–, industriaguneko hegoaldeko bidean dauden zerbitzuetarako eta ekoitzpenerako eraikinak, eta bidea bera), behin alegazioetako informazioa aztertuta eta dokumentazio historikoa kontsultatuta, egiaztatu da Astilleros del Nervión ontziolako makina- eta galdara-tailerren jatorrizko 4 nabeen osotasun-maila handiagoa dela hasierako ondare-balorazioan identifikatutakoa baino, eta, beraz, monumentu-multzoan sartu dira. Ildo horretan, 2021eko irailaren 20ko Ebazpenean babestutako «makineria- eta galdara-tailerra» izenaren ordez, «tailer mekanikoa» izena erabiliko da, bi higiezinen artean nahasterik ez sortzeko. Gainera, monumentu-multzoaren bi babes-inguruneen arteko lotura ahalbidetzeko, industriagunearen hegoaldetik igarotzen den trenbidearen arrastoa babestuko da, ekialdetik mendebaldera egiten duen bide zuzenean.

Hala ere, proposatutako gainerako elementuen babesa ez da aintzat hartu; izan ere, espedienteak dagoeneko identifikatu eta babestu ditu ondare-balio nabarmenak dituzten ondasun higiezin eta higigarri guztiak, unitate koherente bat osatzen dutenak eta, ondorioz, ontziolaren faserik esanguratsuenetan (Astilleros del Nervión eta Sociedad Española de construcción Naval enpresen hasierako etapetan, alegia) han garatu ziren prozesu industrialen interpretazio osorako aukera ematen dutenak. Identifikatu eta babestutako espazio horien artean daude, era berean, jardueren arteko harreman funtzionalak eta bisualak ulertzeko aukera ematen duten inguruko espazioak. Zehazki, kaien eta harmailen babesa ezetsi egin da; izan ere, zati batean behintzat, Bilboko Portuko espazioen eta portu-erabileren mugaketaren barruan daude (mugaketa hori Sustapen Ministerioaren Agindu bidez onartu zen).

Aintzat hartu dira, halaber, zenbait alegazio, gai hauei buruzkoak: balio kulturalei lotutako erreferentzia propioen bidez babes-inguruneak mugatzea; elementu babestuen definizio handiagoak eta, bereziki, ondare higigarriaren definizio handiagoak (V. eranskin berria); babes bereziko ondasunen identifikazioa (1. dike lehorra), lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea egikaritzeko, bai eta ekoizpen-eraikinen eta obra zibileko eraikinen berrerabilera bideratzeko ere, ondare-balioak errespetatuko dituzten eta itzulgarriak izango diren erabilera eta ekintzen bitartez. Alde horretatik, egokitzat jo da monumentu-multzotik kanpo uztea 1944an erantsitako zeharkako nabe bat; hain zuzen ere, nabe hori tailer mekanikoaren jatorrizko nabeen ekialdeko fatxadaren gainean erantsi zen, motorren muntaketa-tailerra kokatzeko. Erabaki horren helburua da hasierako tailerraren jatorrizko altxaera berreskuratzea eta luzetarako nabe bakoitzera modu indibidualean sartzeko aukera bermatzea, modu independentean berrerabiltzeko aukera izateko, hala behar izanez gero.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugarteak jakinarazi duenez, monumentu-multzoaren lursailak behin-behinean itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publiko gisa, igarobide- eta babes-zortasuneko eremu gisa eta eragin-eremu gisa definitutako eremuen barruan daude, eta, beraz, kostaldeei buruzko araudia aplikatu behar da. Alde horretatik, esan beharra dago, monumentu-multzoaren babes-araubidea ezartzerakoan, ez dela eragozten Kostaldeei buruzko Legearen ondoriozko zehaztapenak betetzea, eta zehaztapen horiek kontuan hartu direla itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren barruan dauden ondasunei dagokienez.

Bestalde, Bilboko Portu Agintaritzak eskumenei buruzko zenbait puntu planteatu ditu itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko eta portu-zerbitzuko guneari buruz. Alde horretatik, «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoak ez du eraginik Sustapen Ministerioaren Agindu bidez onartutako portuko espazioen eta erabileren egungo mugaketan.

Monumentu-multzoaren izendapenari dagokionez, egokitzat jo da 2021eko irailaren 20ko Ebazpenean jasotako «La Naval industriagunea» izena aldatzea eta, horren ordez, «La Naval ontziola» erabiltzea; izan ere, azken horrek leialtasun eta zehaztasun handiagoz jasotzen du ondasunaren esentzia, kontuan hartuta, hasieratik eta bere historia osoan, ontzigintza eta ontzien konponketa izan direla horko jarduera nagusiak. Gainera, III. eranskina berrikusi da, babes-araubidea 6/2019 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako ondare higiezinaren eta higigarriaren sailkapenera egokitzeko. Azkenik, babestutako kultura-ondasun bakoitza babes bereziko edo ertaineko mailetara atxikitzeko modua zehazten da, aipatutako Legearen 9.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta izaera kolektiboko kategoria baten barruan deklaratutako ondasun batean sartutako ondasun indibidualei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostenak aztertu ondoren, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2022ko maiatzaren 16ko bileran egindako deklarazio-proposamenaren aldeko txostena jaso ondoren, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluari buruzko urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hala proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 24ko bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Sestaon (Bizkaia) kokatuta dagoen «La Naval» ontziola babes bereziko kultura-ondasun deklaratzea, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta dekretu honen III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra aplikatzea.

2. artikulua.– Kultura-ondasunaren mugaketa.

«La Naval» ontziolaren monumentu-multzoaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean jasotzen denaren arabera ezartzea, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.

3. artikulua.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.

«La Naval» ontziolaren monumentu-multzoaren deskribapen formala egitea, dekretu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

4. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Sestaoko Udalari (Bizkaia), «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoa babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikulua betetzeko asmoz.

5. artikulua.– Argitaratzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu hau jakinaraziko die honako hauei: VPG Taldeari; Sestaoko Udalari; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari; Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioko Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugarteari; Bilboko Portu Agintaritzari; ADIFi; eta informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epealdian alegazioak aurkeztu dituzten pertsona edo erakundeei.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inskribatuko du Sestaon (Bizkaia) kokatuta dagoen «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoa Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan aurreikusita dagoen Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitu aurreko egoera.

Udal-plangintza dekretu honetan «La Naval» ontziolaren monumentu-multzorako ezarritako babes-erregimenera egokitzen ez den bitartean eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak plangintza horri oniritzia ematen ez dion bitartean, kultura-ondasun babestuetan egin beharreko esku-hartzeetarako, beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena lortzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da, hala ezartzen baitute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33.1 eta 46.1 artikuluek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Sestaoko «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoak mugaketa etena du, bi eremuz osatutakoa: lehenengoa partzelaren ekialdean dago kokatuta, eta bere baitan hartzen ditu XIX. mende amaierako Sociedad Colectiva Martínez Rivas-Palmer (Astilleros del Nervión) sozietatearen sorrerako ondasunen babes-eremua, hau da, 1. dike lehorra eta makinen eta galdaren tailerra, bai eta 2. dike lehorra ere; bigarrena multzoaren mendebaldean dago kokatuta, eta bere baitan hartzen ditu Sociedad Española de Construcción Naval sozietatearen hasierako etapetako (XX. mendeko lehen laurdena) ondasunen babes-eremua, tartean daudelarik oinezkoentzako pasabidea, jantokien eta botikinaren pabiloia, bulego nagusiak, zentral elektrikoa eta tailer mekanikoa.

Lehen eremuaren mugak hauek dira: itsasadarrerako orientazioan, lerro batek mugatzen du, 1. dike lehorreko uhatearen kanpoko planotik hasi eta konponketa-kaiaren barruko ertzetik luzatzen dena, 2. dike lehorrarekin elkartu arte eta gero perpendikularrean jarraitzen duena partzelaren mugaraino. Hegoaldean, berriz, partzelaren mugaraino heltzen da, eta, mendebaldean, partzelaren muga horretaraino heltzen da, harik eta topo egiten duen arte makinen eta galdaren tailerraren iparraldeko fatxadaren planoarekiko paraleloan doan lerro batekin, handik 15 metrora; eta, bestetik, armamenturako tailer osagarrien ekialdeko fatxadaren planoarekin ere egiten du muga.

Bigarren eremuaren mugak hauek dira: iparraldean, tailer mekanikoa baino iparralderago dagoen jatorrizko nabearen kanpoko planoarekiko lerro paraleloa, tailerretik 20 metrora. Ekialdean, hurrenez hurren, 4 nabe luzeagoen ekialdeko planoarekiko lerro paralelo bat, handik 50 metrora; 2. eraikuntza-harmailaren alboko bandako kanpoaldeko ertza; prefabrikazio-tailerraren iparraldeko fatxada; trenbidearen trazatuarekiko paraleloan eta 5 metrora doan lerro bat; prefabrikazio-tailerraren hegoaldeko fatxada; eta jantokiaren eta botikinaren pabiloiaren ekialdeko fatxadarekiko paraleloan eta 50 metrora doan lerro bat. Hegoaldean, partzelaren muga eta oinezkoentzako pasabidearekiko paraleloan doan lerro bat, norabide guztietan, pasabidearen taularen kanpoko ertzetik eta sarrerako eskaileratik 15 metrora doana; eta, mendebaldean, partzelaren muga.

Monumentu-multzoko kultura-ondasun babestuen berezko ezaugarriak, ingurumen-balioak eta paisaia-balioak zaindu behar direnez eta elementu horiei balioa eman behar zaienez, deskribatutako mugaketak beharrizan horri erantzuten dio. Horretarako, babestutako zerbitzu- eta ekoizpen-eraikinez eta obra zibilaz gain, babestutako inguruneko interakzioa eta espazioaren eta funtzioen antolaketa nolakoa zen ikustea eta multzoa unitate kultural gisa identifikatzea ahalbidetzen duten ingurune horretako espazioak ere hartzen dira barne.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Sestaoko «La Naval» ontziola ontzigintza-sektoreak Bizkaian izan zuen garrantzi historikoaren azken lekukotza da, eta, aldi berean, sektore horrek Euskal Autonomia Erkidego osoaren industrializazioaren bultzatzaile gisa izan zuen eraginaren azken lekukotza ere bada. Nerbioi Ibarra izeneko eremuan dago kokatuta, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren ertzean. Multzoak, gaur egun, 290.000 m2 ditu. Iparraldean eta ekialdean, itsasadarraren ibilguarekin egiten du muga, eta, gainerako orientazioetan, industria-partzelekin. Azken horien artean daude, besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) enpresa historikoaren zenbait instalazio.

Industrializazio-prozesua XIX. mendeko 40ko hamarkadan abiatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, Bizkaian, ezaugarri jakin bat izan zuen: meatzaritzaren, siderurgiaren eta metalurgiaren, eta ontzigintzaren sektoreak (hiru sektore nagusiak, alegia) oso azkar garatu zirela. Hain zuzen ere, mende bukaerako hamarkadetan, burdina erabiltzen hasi zirenean ontzien kroskoak eraikitzeko, azkartu egin zen ontziola tradizionaletatik ontziola industrialetarako bilakaera. Modu horretan, 3 ontziola handi sortu ziren Bilbao inguruan: 1888an, Astilleros del Nervión; 1900ean, Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques; eta 1916an, Sociedad Española de Construcción Naval.

Sestaoko ontzigintza-jarduna José María Martínez de las Rivas enpresari siderurgiko bizkaitarraren eta Charles Palmer ingelesaren eskutik abiatu zen. Biek osatu zuten, Bilbon, Sociedad Colectiva Martínez Rivas-Palmer sozietatea (gerora Sociedad Anónima Astilleros del Nervión izango zena), eta, sozietate horren bidez, itsasadarreko lehen ontziola handia eraiki zuten, lurrun-makinen bidez propultsatutako burdinazko ontziak fabrikatzeko. Hala, 1888an, Itsas Ministerioak 3 ontzi eraikitzeko kontratua egin zion: Infanta María Teresa, Vizcaya eta Almirante Oquendo ontziak hain zuzen ere, XIX. mendearen azken hamarkadan eraikitakoak. Ontziolaren lehen instalazioek 58.000 m2 inguru hartzen zituzten, eta hauek izan ziren, zehazki: 1. dike lehorra, 3 eraikuntza-harmaila, erriberako errementarien tailerrak, doikuntzakoak, errementari eta arotzenak, makinak eta galdarak eraikitzekoak, eta artilleriakoak, bai eta biltegietarako eta bulegoetarako eraikinak ere. 1889an, baina, sozietateak porrot egin zuen eta likidatu egin zen, enkargatutako 3 ontziak amaitu gabe, nahiz eta sozietatea horretarako eratu zen hain zuzen ere. Handik gutxira, berriro ekin zion jarduerari.

Mende berriaren hasieran, 1908an, Sociedad Española de Construcción Naval sozietatea eratu zen Madrilen, eta, 1915ean, Astilleros del Nervión enpresaren instalazioen ondoko lursail batzuk erosi zizkion AHVri, eta hantxe eraiki zuen bere fabrika berria. Instalazioak, guztira, 99.000 m2 inguru zituen, eta kontratista ugarik eraiki zuten; horien artean zeuden, besteak beste, Sociedad de Estudios y Construcciones de Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía izenekoa, garai hartan hormigoi armatuzko eraikuntza eta egitura garrantzitsuak egin zituena. La Naval ontziolan 130 eta 200 metro arteko luzerako 4 harmaila handi eraiki ziren. Era berean, trenbidearen gainetik zihoan oinezkoentzako zubi bat eta beste zenbait eraikin ere egin ziren: atezaintza-ikuskaritza; bulego nagusiak; zentral elektrikoa; erriberako errementarien tailerra; ebanisteria- eta galibo-tailerra; zerren, ontzien eta harmailako arotzeriaren tailerra; makina eta ur gaineko armazoien tailerra; errematxeen biltegia eta torlojutegia; galbanizazio- eta bernizadura-tailerra (azken horretan emakumeak baino ez zeuden) eta biltegi nagusiak. Trenbidearen trazadurak konektatzen zituen espazio horiek guztiak, eta, modu horretan, materiala atzera eta aurrera mugitu zitekeen. Garai hartan, 3 ontzi ari ziren eraikitzen harmailetan: Alfonso XIII gurutzaontzia eta Conde de Zubiría eta Marqués de Chávarri lurrunontziak.

1919an, enpresak Astilleros de Nervión ontziolaren instalazioak bereganatu zituen, eta, horrela, herrialdeko ontziolarik osoena izatera heldu zen; 4.000 langile zituen. 20ko hamarkadan, ekoizpena dibertsifikatu zuen enpresak: Diessel motorrak eta ur-hodiko galdarak egiten hasi zen, eta, era berean, engranaje-turbinarako eta trenetarako beste material batzuetarako (lokomotorrak eta bidaiarientzako kotxeak) gurpiletako eta piñoietako hortzak ere tailatzen hasi zen.

Gerra Zibilak eragindako etenaren ondoren (garai hartan artilleria-jaurtigaiak, munizioak eta kanoiak garraiatzeko gurdiak fabrikatu zituen), ontziak eta diessel motorrak eta turbinak egitera eta konpontzera dedikatu zen nagusiki. 40ko hamarkadan eta 50eko hamarkadako lehen urteetan, ontziola modernizatzeko lanen lehen fasea hasi zen: 1. dike lehorra luzatu zen, erriberako errementarien eta makinen tailerrak handitu ziren eta beste eraikin ugari eraiki ziren: langileentzako jantokiak, obra zibiletarako tailerrak eta biltegiak, autokamioientzako garajeak, transformaziorako azpiestazioa eta zentral termikoa, erreminten tailerra, motorrak muntatzeko tailerra eta abar.

1955. urtearen inguruan eman zitzaion hasiera instalazioak berritzeko hurrengo faseari. Lan hauek egin ziren garai hartan: biltegi batzuk eta erriberako errementarien eta arotzen tailerrak eraistea; erreminten eta makinen tailerrak handitzea; zerbitzu-eraikin batzuk eraberritzea (bulego orokorrak eta jantokien eta botikinaren pabiloia); beste batzuk eraikitzea (atezainaren etxea; aldagelak eta datuen prozesuak; suhiltzaileen estazioa; kobrezko galdaren, ekipoen eta berunlarien tailerra; txapa eta profilen tailerra; obra zibiletarako biltegiak eta abar); atrakalekua egokitzea transatlantikoak hartzeko; 1., 2. eta 4. harmailak birmoldatzea, neurri handiagoko 2 harmaila jartzeko haien ordez; eta 2. dike lehorra eraikitzea, horretarako aurretik zeuden 2 ontzitegiak birmoldatuta.

60ko hamarkadatik aurrera, nabarmen hazi zen tona askoko ontzien produkzioa, eta, ondorioz, 130.000 tpm-ko petrolio-ontziak eraikitzera iritsi ziren 70eko hamarkadan. 1969an, konpainia Astilleros Españoles SA enpresan integratu zen, eta, horrela, merkataritza-ontziak ekoizten zituen Estatuko talderik handiena eta Europako handienetakoa izatera heldu zen. Alabaina, 70eko hamarkadan hainbat krisialdi egon ziren bata bestearen atzetik, eta horrek gogor astindu zuen Espainiako industria-sektorea. Ondorioz, 80ko hamarkadan, ontzigintza-sektorea berregituratu zen: Ibaizabal-Nerbioiko ontziola asko itxi egin behar izan ziren, eta martxan jarraitu zutenak erabat birmoldatu ziren. Horrela, 1988an, Astilleros Españoles konpainiak Bilbao inguruan egiten zituen jarduera guztiak Sestaoko Faktorian bildu ziren.

XXI. mendeko lehen urteetara iritsita, Espainiako ontzigintza-jarduera guztiak biltzen zituen sozietate publiko handi baten (IZAR) parte izatera pasatu zen ontziola, eta, gero, ontzigintza militarraren ataletik bereizi zen, eta, 2006an, pribatizatu egin zuen Construcciones Navales del Norte SA enpresak. Azkenik, 2018an, ontziolak behin betiko eten zuen bere jarduera.

Honako hauek dira, duten balio kulturala kontuan hartuta, monumentu-multzoko kultura-ondasun babestuak:

1.– Astilleros del Nervión ontziolari lotutako eremua:

– Makinen eta galdaren tailerra (44-4): 1888an eraiki zen, eta Astilleros del Nervión ontziolaren jatorrizko eraikinetako bat da. Hain zuzen ere, Astilleros del Nervión izan zen Sestaoko Ibaizabal-Nerbioi ibarrean instalatutako lehen ontziola industriala.

Hasiera batean, oinplano ia karratuko eraikin bat diseinatu zen (51,81 metroko luzerakoa eta 48,76 metroko zabalerakoa), 4 nabe paraleloz osatutakoa: 2 nabe zentral (14,01 metroko zabalerakoak eta 11,57 metroko altuerakoak), eta alboko 2 nabe (10,66 metroko zabalerakoak eta 9,13 metroko altuerakoak). Azkenik, luzera handiagokoak eraiki ziren, 75 metrora artekoak, eta, handik gutxira, bosgarren nabe bat ere eraiki zen ekialdean, altuera txikiagokoa. Egitura Bilboko Labe Garaietan fabrikatutako arkupez osatuta eraiki zen (5,79 metroko distantziara), T bikoitzeko sekzioko burdinurtuzko euskarriekin, sekzioaren erdian arima zulatua zutela. Saretadun egurrezko zertxak ere jarri ziren, sabai-argi zentralarekin luzetara. Jatorrizko fatxadek ere zurezko itxitura zuten, eta bao jarraituak zituzten. Eraiki eta urtebetera, tailerrak su hartu zuen, eta, ondorioz, estalkiak eta fatxadak suntsitu egin ziren. Nabeek hainbat erabilera izan dituzte denboran zehar, eta zenbait eraldaketa jasan dituzte: jatorrizko zertxen ordez, metalezkoak jarri dira; eraikinaren jatorrizko zeharkako sekzio simetrikoa aldatu da; eta ekialdeko nabeko arkupe batzuk kendu dira, fatxadak ezkutatu eta aldatu dira, eta bi nabe gehitu dira muturretan.

Erdiko bi nabeetan, La Naval ontziolan kontserbatzen diren garabi-zubirik zaharrenetako bi daude, 60ko hamarkadaren amaieran Talleres de Zorroza (Sociedad Española de Construcciones Metálicas) enpresan egindakoak. Errei bikoitza, karga bikoitza (50/10 tona) eta goiko kabina dituzte.

– 1. dike lehorra (44-8): Brimms Newcastle on Tyne enpresak eraiki zuen 1888an Astilleros del Nervión ontziolarentzat, 110 metro inguruko 3 harmailarekin batera (gaur egun jada ez daude). Hau zen dike lehorraren eraikuntza-sistema: burdinurtuzko hodi hutsen pilotajea (2,134 metroko diametroa eta 1,83 metroko altuera), ardatzen arteko 2,565 metroko distantziara, hormigoi hidraulikozko euste-hormen azpian.

Geometriari dagokionez, neurri hauek ditu: 9,75 metroko sakonera, hasiera batean 145 metro inguru zituen oin laukizuzen irregularra (1954an 152 metroraino luzatu zen hegoaldeko aldea, hormigoi armatuzko kaxen bidez) eta trapezoide formako zeharkako sekzio bat. Sekzio horren barne-zabalera 22,36 metrokoa da konportatik gertuen dagoen tartean, eta 29,26 metrokoa erdiguneko eremurik altuenean. Aldiz, hegoaldean eta ahokaduran, estutu egiten da dikea, eta 20 metro inguru hartzen ditu. Barne-perimetro osoan harmaila bat osatzen duten mailak daude. Horregatik, erdiguneko eremu baxuaren barne-zabalera ere txikiagoa da; zehazki, 20,10 metrokoa.

Ipar-ekialdean, dikea betetzeko eta husteko ponpak gordetzeko erabiltzen zen sestra azpiko ganbera dago. Eskotila eta argi-zuloak ditu goialdean, baina hor ez dago makinarik eta ez da erabiltzen. Dikea betetzeko hodiak dikearen egituraren barnealdean daude. Ahoaren alboko arkubarneran, trapezoide formako 3 hutsune pare daude. Altzairuzko txapa lodiz daude eginda, eta sokazko edo kalamuzko bilbadura dute. Bertan, itxitura-konporta sartzen da, 3 posiziotan, ontziaren luzeraren arabera.

Itxierako uhatea 1891n eraikitako jatorrizkoa da, eta diseinu bereziko pieza bat da, kasetoi edo itsasontzi-ate motakoa, errematxatutako txapazko kasko konkortukoa. Hauek dira bere neurriak: 21,50 metroko luzera, 8,81 metroko altuera, eta zabalera aldakorra (3,66 metro estalkian eta 6,10 metro erdian). Barrualdean bi solairu ditu, estalki batek bereizita: beheko zuloak lasta-tanga gisa funtzionatzen du, dikea ixtean urez bete dadin; eta husteko eta erretiratzeko erabiltzen da, irekieraren kontrako operazioan, hartara itsasontzia diketik irten ahal izan dadin. Goiko espazioan, berriz, makina-gela zegoen, lastatzeko eta deslastatzeko ponpekin. Bizkarrean izan ezik, dikearen hormetan eta zolatan dauden altzairuzko hutsuneetan ahokatzen diren egurrezko irtenguneak daude kasetoiaren inguru osoan; horrela, kasetoiaren pisuak berak egindako presioa dela eta, kasetoia tinko geratzen da posizio horretan, eta bermatu egiten da akoplamenduaren estankotasuna. Gaur egun, kasetoia oso narriatuta dago eta ezin da konpondu; korrosioa dago txapa osoan eta materiala falta da zati batzuetan.

Gainera, dikeak zenbait elementu osagarri ditu oraindik ere: pikaerak; estatxak eta sokak lotzeko mutiloiak; defentsa metalikoak hormen eta ur-instalazioen gailurrean; aire konprimatua; mozteko eta soldatzeko gasak, eta elikatze-sistema elektrikoa.

Instalazioa osatzeko, beso artikulatuko edo ahate-moko itxurako 2 garabi daude, errei bikoitzen gainean kokatuta, maniobrako albo-bide banatan. 25. garabia, ababorrean dagoena, ELYMA izeneko euskal enpresak eraiki zuen 1967an, eta 1981ean eraman zuten 1. dike lehorrera, armamenturako 2. kaitik. Hauek dira bere neurriak: bidearen zabalera, 6 metrokoa; kakoaren gehieneko altuera, 32 metrokoa; gutxieneko erradioa, 12 metrokoa; gehieneko erradioa, 40 metrokoa; eta goratzeko ahalmena, 15/4 tonakoa. 20. garabia ere (istriborrean dagoena), ELYMAk eraiki zuen 1972an, eta 1989an eraman zuten Sestaoko dikera, Olabeagako instalazioetatik. Hauek dira bere neurriak: erreien arteko distantzia, 9 metrokoa; kakoaren gehieneko altuera, 26 metrokoa; gutxieneko erradioa, 8 metrokoa; gehieneko erradioa, 28 metrokoa; eta goratzeko ahalmena, 15/5 tonakoa.

Gaur-gaurkoz, 1. dikea beteta dago, eta ez da erabiltzen; alabaina, dike lehorrean edo esklusan lan egiteko erabiltzen zen teknikaren erakusgarri da oraindik ere. Gainera, badu berezitasun bat: hormek harmailak dituzte. Horrela, konponketa-lanak egiteko ontzia dikean sartu eta konporta itxi eta gero, ura sartzen da barrualdetik, ontzia txumil gainean geratu arte.

– 2. dike lehorra (44-21): ontziola modernizatzeko 2. fasean eraiki zen, 1956. urtearen inguruan, 1. dike lehorraren ondoan zeuden 3 harmailen gainean. Zenbait berezitasun ditu 1. dike lehorrarekiko, hala nola: tamaina handiagoa (L: 170 eta A: 30-15 m), perimetroko horma lauak eta konporta metaliko zabukaria. Neurri horrek agerian uzten du nolako eskala izugarria zuten bertan armatutako edo konpondutako ontziek; izan ere, 130.000 tonakoak izatera ere iritsi ziren. Dikearekiko paraleloan, arrapala-ontzitegi bat jarri zuten, gerora bete egin zutena.

Dikearen bi aldeetan, beso artikulatuko edo ahate-moko itxurako beste 2 garabiren maniobra-erreiak kontserbatzen dira. 23. garabia, ababorrean dagoena, Talleres de Erandio SAk fabrikatu zuen 1964an. Hauek dira bere neurriak: bidearen zabalera, 9 metrokoa; kakoaren gehieneko altuera, 20 metrokoa; gutxieneko erradioa, 10 metrokoa; gehieneko erradioa, 32 metrokoa; eta goratzeko ahalmena, 15/6 tonakoa. 22. garabiak, istriborrean dagoenak, 1. dikeko 20. garabiaren ezaugarri berberak ditu: ELYMAk eraiki zuen 1972an, eta Olabeagatik Sestaoko dikera eraman zuten 1989an. Hauek dira bere neurriak: erreien arteko distantzia, 6 metrokoa; kakoaren gehieneko altuera, 26 metrokoa; gutxieneko erradioa, 8 metrokoa; gehieneko erradioa, 28 metrokoa; eta goratzeko edukiera, 15/5 tonakoa.

Gaur egun, 2. dikeak mantendu egiten ditu balio espazial-funtzionala eta elementu operatibo nagusiak, barne hartuta hego-ekialdean lurperatuta dagoen ganbera. Bertan, ponpaketa-ekipo berri bat dago, eta, horri esker, ontziak konpontzen jarraitzeko aukera dago.

2.– Sociedad Española de Construcción Naval sozietateari lotutako eremua:

– Zentral elektrikoa (44-10): Sociedad Española de Construcción Naval sozietateak eraikitako hasierako eraikinetako bat da (1916 ingurukoa, zehazki); hain zuzen ere, gaur egun geratzen diren zerbitzu-eraikinetatik zaharrena da.

Hasieran, hormigoizko 8 arkupe zituen planta laukizuzeneko eraikin bat egin zen; alabaina, egungo eraikinean jatorrizko 3 hormarte baino ez dira geratzen, 1956an espazio hori erabili baitzen erreminten tailerra handitzeko. Dena den, bolumenak jatorrizko 2 altuerak eta 2 isurkitako teilatupekoa ditu oraindik ere. Fatxadek lerro zainduz osatutako konposizioa dute, eta ezaugarri bereizgarri hauek: baoek proportzio bertikala dute, solairuen arabera daude hierarkizatuta –bereziki aipagarriak dira beheko solairuko bao lerdenak– eta hormigoizko arkupedun egiturak kanporako proiekzioa du. Beheko solairuan espazio handi bat dago: oso altua da eta ez du inolako barne-banaketarik.

– Jantokien eta botikinaren pabiloia (44-13): ontziolaren 1. modernizazio-fasean egindako eraikinetako bat da. 40ko hamarkadako lehen urteetan egin zen, langileentzako jantokiak eta botikina bertan kokatzeko. Eraikina jantoki gisa erabiltzen zen batez ere, eta 2 altuerako bolumen prismatiko irmo batean zegoen kokatuta. Lerro zuzenak ditu eta ez du ornamentuzko xehetasunik; alabaina, bolumenaren horizontaltasuna izugarria da, eta horizontaltasun hori are gehiago indartzen dute erlaitz eta inposta jarraituz markoztatutako leiho jarraituen errenkada luzeek, bistako adreiluen bandek eta zuriz emokatutako paramentuek. Botikin gisa, arrazionalismo espresionistagoz egindako espazio txiki bat dago atxikita, 60ko hamarkadan altuera handiagoa eman zitzaiona. Konposizioaren eta formaren balio hori osatu egiten dute beste elementu batzuek. Horien artean daude arkupe zentrala, errekarrizko zokaloa, horizontalki eta bertikalki jarritako plaketa-sorta, sarbideak estaltzen dituzten lauzak eta izkinako baoak.

Barnealdean, jatorrizko antolaketa orokorra mantentzen da: sarbide zentrala eta alboko sarbidea, beheko solairuko atondo zentrala, eta eskaileraren tarte zuzenak. Aldageletako eta jantokietako barnealdeko espazio libreak zatitu egin ziren azken etapan, ekoizpen-bulegoak jartzeko. Ekialdeko aldean, berriz, jatorrizko banaketa mantentzen da, duela gutxira arte hantxe egon baitziren kokatuta zerbitzu medikoak.

– Bulego nagusiak (44-11): egungo eraikina 1956koa da, XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikitako lehenengo bulego nagusien erreforma egin zenekoa. Erreforma horretan, mantendu egin zen eraikinaren jatorrizko tipologia, baina berrinterpretatu egin zuten lengoaia estilistiko berri baten bitartez.

Oin laukizuzeneko bolumen handi bat da. Gorputz zentralak 4 altuera ditu, eta albokoek, berriz, 3. Fabrikaren fatxadek bistako adreilua eta proportzio horizontaleko baoak, estalki lauak eta hormigoi armatuzko arkupedun egitura dauzkate. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago: eskalinatak, pilareak, balaustrada eta frontoia dituen harrizko arkupe bat da. Multzoa arrazionalismo berantiarraren erakusle ona da, eta konposizioaren eta formaren balioa du, hain zuzen, kontraste handia dagoelako multzoaren bolumetria etzanaren eta izkinan jarritako gorputz kurbatuen xehetasun estilistikoen eta arkupe klasizista eta proportzio bertikala dituen bolumen zentralaren artean.

Barnealdean, solairu guztietan daude korridore zentral handi bat eta gelak alboetan; bertikalki daude komunikatuta, igogailu baten eta atzeko fatxadaren planotik irteten den eskailera baten bidez. Eskailera kristalezko bolumen zilindriko batean dago eta bi tarte zuzen ditu. Beheko solairuan bulegoak, biltzar-gelak eta bisita-gelak daude, batez ere. Horregatik, bertan erabili ziren kalitate handieneko akaberak, besteak beste, marmolezko plakazko estaldurak. Lehenengo eta bigarren solairuan, bulego teknikoak eta langileentzako gainerako gelak daude. Hirugarren solairuan, aldiz, instalazioak eta bi terraza daude, eta, sotoan, zerbitzu osagarriak.

– Tailer mekanikoa (44-1): Sociedad Española de Construcciones Navales sozietateak 1916 inguruan eraikitako lehen eraikinetako bat izan zen. Jatorrian, oin karratua zuen (110 x 110 m), 20 metro argiko 5 hormarte paraleloz eta 12 arkupe metalikoz osatutakoa. Arkupeak estalkian jarritako bi isurkiko pendoloi-zertxez eginda zeuden; zehazki, sareta-pilareen gaineko arima beteko habeak zituzten euskarri, eta, aldi berean, sareta-pilare horiek garabi-zubien mekanismoari eusten zioten. Nabe bakoitzaren estalkiak luzetarako argizulo bana zuen isurialde bakoitzean, eta fatxadak adreilu estaliz egindako horma-atal itsuekin egin ziren, metalezko azpiegituraz modulatuta eta luzetarako hutsarteekin zulatuta, batez ere beheko solairuan.

1945 inguruan handitu zen lehenengo aldiz tailerra; orduan, tailerraren fatxadari motorrak muntatzeko zeharkako nabe altuago bat atxiki zitzaion. Geroago, 50eko hamarkadako lehen urteetan, jatorrizko 5 nabeak luzatu egin ziren mendebaldetik, eta, horrez gain, 3 solairuko multzo estu bat gehitu zitzaien iparraldetik eta mendebaldetik, bertan bulegoak jartzeko. Berrikiago, kaira ematen zuen fatxadako eranskina bi isurkitako estalki batekin ordeztu zen, hodien biltegi gisa erabiltzeko. Horrez gain, hego-ekialdean, laburtu egin zen hegoalderago kokatutako nabea.

Gaur egun, tailerraren kanpoko itxura aldatuta dago; izan ere, jatorrizko fatxadako itxiturak xafla metalikozko panelez estalita daude.

– Oinezkoentzako pasabidea (116): lehen zatia 1916an eraiki zen, langileak errazago heldu zitezen ekoizpen-eremura Sestaoko herrigunetik; izan ere, herrigunea mendi-hegalean zegoen, eta Bilbo-Santurtzi trenbideak bereizten zuen industriagunetik. Hormigoi armatuzko arkupeetan oinarritutako egitura du, eta aldatu eta handitu egin zuten, enpresaren beharrizanen arabera, denborak aurrera egin ahala eraikitako barneko tren-zerbitzuetako trenbideetarako tokia egon zedin. Halaxe jarraitu zuten, egungo 7 hormarteak eraiki zituzten arte.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA:
BABES-ARAUBIDEAREN EZAUGARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Babes-araubide hau Sestaoko «La Naval» ontziola babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko deklarazioaren parte da, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Bertan, ondasun horretan onartuta eta debekatuta dauden jarduerak zehazten dira.

2.– Babes-araubide honetako aginduak «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoa osatzen duten eta I. eranskinean definitutako mugaketaren barruan dauden ondasun guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

1.– Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da babestutako kultura-ondasuna.

2.– Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

3. artikulua.– Babestu beharreko balio kulturalak eta ondasunak.

1.– Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoa ondasun aparta da EAEko industria-ondarean, eta balio kultural hauek ditu:

– Balio historikoa: 130 urteko bizitza erabilgarriarekin, Euskal Herriko ontziola industrial handien historia osoa irudikatzen du: XIX. mendearen amaieran altzairuzko ontziak eraikitzen hasi zirenetik abiatuta, eta XXI. mendean itxi ziren arte. Gainera, haien hornitzaile edo bezero izan ziren beste enpresa osagarri garrantzitsu batzuen historia ere irudikatzen du (hauek ziren enpresa horietako batzuk: Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía, Altos Hornos de Bilbao, Altos Hornos de Vizcaya, ELYMA, Sociedad Española de Construcciones Metálicas-Talleres de Zorroza, Talleres de Erandio eta abar).

– Berezitasunari dagokion balioa: XIX. mendearen amaieran itsasadarreko lehen ontziola industriala izandako enpresak lortutako mugarri ugariengatik. Gainera, enpresa hori Estatuko ontzi-faktoriarik osoena izan zen 20ko hamarkadan; itsasorako diesel motorrak eraiki zituen Espainiako lehen enpresa izan zen; Euskaldunarekin batera, motordun ontziak eraiki zituen Espainiako lehen enpresa izan zen; eta, Astilleros Españoles SA enpresaren parte izanik, merkataritza-ontziak ekoizten zituen Estatuko talderik handiena eta Europako handienetako bat ere izan zen. Azkenik, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarreko ontziola guztien azken ordezkaria izan da, eta XXI. mendera martxan iritsi den bakarra.

– Balio soziala: ontziola sustatu eta bertan lan egin zutenen bizitzei dago lotuta, bai eta bizitzeko eta lan egiteko moduei, langile-mugimenduei eta ontzigintzak Bizkai osoaren garapen ekonomikoan izan zuen eraginari lotuta ere.

– Balio zientifikoa: iraganeko ekoizpen-teknika eta -prozesuen garapenari eta eboluzioari buruzko informazio kualitatiboa ematen du, oinarri teknologikoarekin.

– Paisaia-balioa: balio kulturalen eta balio naturalen arteko interakzioa erakusten du eta itsasadarreko azken fronte erabat industriala da; izan ere, azken hamarkadetan, desagertu egin dira garai bateko jarduera industrial biziaren gainerako aztarnak.

– Balio urbanistikoa: hirigintza arrazionala eta funtzionala garatzeko ahalegin handia egin zen, eta hori erabakigarria izan zen zerbitzu-erabilerak eremuaren perimetroan kokatuko zirela erabakitzeko eta, era berean, ekoizpen-lanak industriaguneko espazio zentralean kokatzeko.

– Berrerabiltzeko potentziala: higiezinen, espazioen eta instalazioen funtzionaltasunak, moldagarritasunak eta osotasunak aukera ematen dute jatorrizko jarduerak kontserbatzeko, bai eta, hala badagokio, erabilera berriak instalatzeko ere.

2.– «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoan identifikatutako balioak mantentzeko asmoz babestuko diren kultura-ondasunak IV. eta V. eranskinetan zerrendatutakoak dira, bai eta I. eranskineko mugaketaren barruan jasotako babes-inguruneak ere.

3.– Ondasun higiezin babestuak honako tipologia hauetan sailkatzen dira:

– Zerbitzu-eraikinak: erabilera nagusirako lan osagarriak egiteko eraikinak; besteak beste, administraziorako, osasunerako, heziketarako, energiarako, biltegiratzeak egiteko... erabiltzen zirenak.

– Ekoizpenerako eraikinak: ontzien eraikuntzarekin eta konponketa-lanekin edo beste edozein produkturen fabrikazioarekin –trenbideetarako materialak, motorrak eta abar– zuzenean lotutako jardueretarako erabiltzen zirenak.

– Obra zibila: kanpoaldeko jarduera osagarriak egiteko diseinatutako azpiegiturak. Besteak beste, atrakalekuak, armamenturako eta konponketa-lanetarako kaiak, dike lehorrak, harmailak, eta materialei zein langileei zuzendutako komunikazio-bideak.

4.– Ondare higigarri babestua industria- edo ontzigintza-jardueretarako erabili ziren makina eta elementu mugikor esanguratsuenek osatzen dute.

5.– Babes-araubide espezifikoetan, babestu beharreko ondare-balio partikularrak deskribatzen dira, ondare higiezin eta higigarrien tipologia guztietarako.

6.– Babestutako kultura-ondasunen babes-ingurunea ere monumentu-multzoan sartzen da, eta hor aplikatuko dira 8. artikuluan xedatutako agindu espezifikoak.

II. KAPITULUA:
BABES-ARAUBIDE OROKORRA

4. artikulua.– Aplikatu beharreko arau orokorrak.

1.– Babestutako kultura-ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren mende daude, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babestutako kultura-ondasunen jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

3.– Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien eta hirigintza-plangintzak baimentzen dituen erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek edo errentamenduek bateragarriak izan beharko dute babestu beharreko balio kulturalekin, betiere bermatuz osorik mantenduko direla, kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

4.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei.

5.– Babestutako kultura-ondasunak osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da ezinbestean.

5. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Babestutako kultura-ondasunetan edozein esku-hartze egiteko, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

6. artikulua.– Esku hartzeko proiektua.

1.– Babestutako kultura-ondasunen gaineko esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat beharko dute, ondasunaren eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuak onar dezan.

2.– Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren ikerketa historikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

III. KAPITULUA
«LA NAVAL» ONTZIOLAKO ONDARE HIGIEZIN BABESTUA
1. ATALA
ONDARE HIGIEZINA BABESTEKO ARAUBIDE OROKORRA

7. artikulua.– Babestutako ondare higiezinean esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Babestutako ondasun higiezinetan egiten diren esku-hartzeek bermatu egingo dute ondasun horien gaineko ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, ondasun horiek eta inguruko ingurumen-balioak azpimarratzeko, betiere, multzoaren itxura eta interpretazioa hutsaldu edo degradatu gabe.

2.– Babestutako ondasun higiezinaren balio kulturalak transmititzen direla bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, prozeduren itzulgarritasuna, eta osotasuna eta benetakotasuna mantentzea.

3.– Esku-hartzeek errespetatu egingo dituzte ondasunean bizirik dirauten eta ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen duten garai guztietako eranskin interesgarriak.

4.– Babestutako ondasun higiezinen gaineko esku-hartze orotan, ondasunaren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu beharko dira.

5.– Segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen oinarrizko baldintzak ahalik eta egokitasun handienera mugatuko dira, babestutako kultura-ondasunetan edo haien ondare-balioetan eragin negatiborik izan gabe.

6.– Babestutako ondasun higiezinaren zati edo elementu babestuak puntualki desmuntatu behar badira, hori soilik onartuko da baldin eta kolapso edo kalte itzulezinak gertatu badira eta, ondorioz, ezin badira eraikuntza-egitura edo -soluzio gisa erabili, eta, edonola ere, foru-organoak horretarako baimena emanda. Kasu horietan, kaltetutako elementuren bat ordeztu behar bada, ezaugarri bereko besteren bat jarriko da, kontuan hartuta materiala, portaera, forma eta ehundura; eta testigantza fisiko eta dokumental zehatza utzi beharko da; hau da: planoak, argazkiak edo deskribapenak.

7.– Debekatuta dago babestutako ondasun higiezinaren teknikekin edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

8.– Ondasun higiezin babestuaren degradatzaile gisa identifikatutako elementuak ezingo dira sendotze- edo berritze-jarduketen xede izan, eta kendu egin beharko dira ondasunaren gaineko esku-hartze integrala egiten denean, eskumena duen foru-organoak aldez aurreko baimena emanda.

8. artikulua.– Babes-ingurunean esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Babestutako ondasun higiezinen babes-ingurunean multzoaren izaera industriala azpimarratuko da; horretarako, integratu eta harmonizatu egingo dira zoladura, altzariak, argiztapena eta seinaleak eta eremuaren ingurune-balioak.

2.– Zehazki, honako esku-hartze hauek baimenduko dira, baldin eta babestutako ondasun higiezinaren babes-araubide espezifikoarekin bateragarriak badira:

– Galtzada-harrizko zoladura eta trenbideen eta garabien desplazamendurako errailak zaharberritzea.

– Hiri-altzariak, argiak, seinaleak eta segurtasun-elementuak jartzea.

– Babestutako kultura-ondasuna edo haren babes-ingurunea ikusteari, hautemateari, aztertzeari edo gozatzeari eragiten dion eta interes kulturalik ez duen edozein gehigarri kentzea.

3.– Babes-inguruneen barruan eraiki gabe dauden espazioetan, debekatuta dago eraikuntza berriak egitea eta babestutako ondasunei kutsadura bisuala eragitea. Hain zuzen ere, kutsadura bisualtzat hartuko da babestutako ondasunak behatzeko eragozpena, zailtasuna edo distortsioa eragiten duen interferentzia iraunkor eta itzulezina, alde batera utzita ondasunetan onartutako jardueretarako beharrezkoak diren erabilera osagarriak, hala nola, materiala pilatzea edo makineria instalatzea, baldin eta hori egiteko eraikuntzarik egin behar ez bada.

4.– Babes-inguruneen barruan egonda ere, IV. eranskineko zerrendan babestutako ondasun higiezin gisa jasota ez dauden edo araubide honetan elementu degradatzaile gisa identifikatuta ez dauden ondasunen gainean edozein motatako esku-hartzeak egin daitezke, eraispenak barne, baldin eta horrek ez badu eragin negatibo eta itzulezinik babestutako kultura-ondasunen edo monumentu-multzoaren ondare-balioetan, eta, betiere, kultura-ondasunaren gaineko eskumena daukan foru-organoak esku-hartzea baimentzen badu. Ondasun horiek eraberritzeko edo ordezteko lanak egiten badira, ezingo da aldaketarik egin ez bolumenetan, ez lerrokaduretan. Horrez gain, lanok monumentu-multzoaren ezaugarri bereizgarriekin edo ezaugarri horiekin bat etorrita diseinatuko dira, morfologiari eta materialei dagokienez.

5.– Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere babestutako ondasun higiezinean eragin materialik edo bisualik ez badute, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago.

9. artikulua.– Irisgarritasun unibertsaleko arrazoizko neurriak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, mugikortasun mugatua duten pertsonei kultura-ondasunetara modu autonomoan sartzen laguntzeko arrazoizko neurriak jaso dira monumentu-multzoaren babes-araubidean.

2.– Neurriok babestutako kultura-ondareen tipologiaren araberako araubide espezifikoan daude jasota, eta, betiere, bateragarriak izango dira babestutako balio kulturalekin.

2. ATALA
ZERBITZU-ERAIKINEN BABES-ARAUBIDE ESPEZIFIKOA

10. artikulua.– Zerbitzu-eraikinen balio kulturalak eta elementu babestuak.

1.– «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoan babestutako eraikin-zerbitzu guztiak babes-maila bakarrean daude bilduta, berezko balio nabarmenak dituztelako edo multzoaren zati interesgarria direlako beren antzinatasunagatik, berezitasunagatik edo dagokien tipologia ordezkatzeagatik, kanpoko itxuragatik, osotasunagatik edo beren funtsezko ezaugarriak errespetatuz birgaitu izanagatik. Zehazki, honako hauek dira, IV. eranskineko 1. zerrendan jasota dauden moduan: zentral elektrikoa, jantokien eta botikinaren pabiloia, eta bulego nagusiak.

2.– Zerbitzu-eraikinetan balio kultural hauek guztiak edo batzuk identifikatu dira:

– Balio historikoa: Sociedad Española de Construcción Naval sozietateak eraikitako hasierako eraikinak direlako edo eraikin horiek eraberritu izanaren ondorio direlako, edo ontziolaren modernizazio-etapa jakin baten erakusgarri direlako.

– Balio tipologikoa: erabilera osagarri jakin baterako diseinatutako arkitekturaren erakusgarri direlako.

– Kalitate arkitektonikoa: diseinu arkitektoniko nabarmena du zentral elektrikoaren aurre-arrazionalismo soilean, jantokien eta botikinaren pabiloiko arrazionalismo dotorean eta bulego nagusien estilo berantiarragoan.

– Eraikuntzaren kalitatea: Sociedad de Estudios y Construcciones de Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía sozietatearen hasierako lanak dira. Sozietate hori 1914an eratu zen, eta, XX. mendearen lehen erdian, hormigoi armatuzko obra garrantzitsu asko eraiki zituen Estatu osoan.

– Egiletza berezia: zehazki, jantokien eta botikinaren pabiloia. XX. mendearen lehen erdian oso ospetsu izandako Manuel M.ª de Smith Ibarra arkitekto bizkaitarrak diseinatu zuen.

– Konposizioaren eta formaren balioa: bolumenek konfigurazio zaindua dute, eta fatxadek, berriz, konposizio landua, ekoizpen-nabeen estilo soilarekiko kontrapuntu formal gisa.

– Balio espazial-funtzionala: espazioen eta zirkulazioen konfigurazio orokorra mantentzen da, baita multzoa osatzen duten elementuen arteko kanpoko lotura espazial-funtzionala ere.

– Berezitasuna: tipologia edo estilo arkitektoniko baten testigantza bakarra delako, esklusiboa den ezaugarriren bat duelako edo, bulego nagusien kasuan, enpresaren egoitza korporatibo gisa erabiltzeko diseinatu zen eraikin enblematikoa delako.

3.– Ondare-balio horiek jatorrizko egoeran kontserbatzen dira, multzoa osatzen duten elementu guztien kontserbazio-egoera ona delako eta funtsezko ezaugarriak mantendu direlako, nahiz eta eraldatu egin diren erabilera eta beharrizan berrietara moldatzeko. Hori dela eta, babes ertaineko mailan sartzen dira.

4.– Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, zerbitzu-eraikinen ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

– Bolumetria: bulego nagusien eta jantokien pabiloiaren kasuan, barne hartzen ditu jatorrizko eraikina handitzeko lanak, eta, zentral elektrikoaren kasuan, hormarte batzuk eraitsi izanaren ondorioz geratu den bolumena.

– Kanpoko inguratzailea: barne hartzen ditu konposizio-eskema, materialak, arotzeriak eta beira-unitatea osatzen duten atalak, baita II. eranskineko deskribapenean identifikatutako elementu apaingarriak edo baliabide estilistiko bereziak ere.

– Hormigoi armatuzko egitura-sistema, barne hartuta elementu bertikalak eta horizontalak.

– Antolaketa orokorra: barne hartzen ditu lehen eta bigarren mailako sarbideak, atondoak, solairuak banatzeko korridoreak, eskailerak eta igogailuak, kokalekuari, tamainari eta zirkulazio-eskema orokorrari dagokienez.

– Barnealdeko estaldura bereziak: bulego nagusien beheko solairuko marmolezko plakazko estaldurak.

5.– Degradatzailetzat jotzen dira ondoren aipatutako elementuak, bateraezinak direlako zerbitzu-eraikinetako ondare-balioekin edota kutsadura bisuala eragiten dietelako. Beraz, 7.8 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie:

– Zentral elektrikoa: sarbideetako arotzerien kolorea.

– Bulego nagusiak: atzeko fatxadan dauden larrialdietako bi eskailerak eta fatxadetan dauden aireztapen-aparatuak.

– Jantokien eta botikinaren pabiloia: sarrera nagusiko arkupea, beheko solairuko plaketazko estaldura, estalkiko lauza gaineko farola eta eskaileren gaineko oinplano maldadunak, eta fatxadetan gainjarritako elementuak (kableak, instalazioen erregistroak eta aireztapen-aparatuak).

11. artikulua.– Zerbitzu-eraikinetan baimendutako eta debekatutako jarduerak.

1.– Babestutako zerbitzu-eraikinetan egingo diren ekintzak eraikin horiek kontserbatzera, duten balioa nabarmentzera eta funtzionalitatea bermatzera egongo dira bideratuta; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

2.– Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

– Fatxadetan eta estalkietan hondatutako zatiak zaharberritzea eta desagertutako zatiak berreraikitzea, lehendik dauden balio arkitektonikoekin bateragarriak izango diren materialak eta teknikak erabiliz. Aldaketa partzialak baimenduko dira, baldin eta horrek ez badu konposizioaren batasuna eraldatzen eta balio berezia duten elementuak errespetatzen badira.

– Barruko jatorrizko espazio-banaketa leheneratzea edo egungoa aldatzea, betiere sarbideen eta banaketen antolaketa orokorrari eusten bazaio.

– Eraikinaren eta jarduera industrialerako inguruko gainerako elementuen arteko lotura espazial, funtzional eta bisualak leheneratzea.

– Egitura sendotzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, eskema eta material orokorrei eutsita. Aukera emango da forjatuen kota aldatzeko, baoena eta erlaitzena ukitu gabe.

– Funtsezko instalazio teknologikoak eta higieniko-sanitarioak jartzea.

– Berriki egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badu, eraikinen edo inguruaren balio kulturalekin kontraste negatiboa egiten badu, edo horren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten badu.

3.– Debekatuta dago soilik fatxadak mantendu eta barnealdea hustea, bai eta eraikinaren edozein zati kentzea ere, soilik irizpide estetikoengatik bada.

4.– Ezin da publizitate komertzialik jarri, ez eta instalazio berririk ere –besteak beste, antenak eta ageriko hoditeriak–, fatxada eta estalkietan. Estalkian eguzki-energiarako kaptadoreak edo panel foltoboltaikoak instalatu nahi badira, aldez aurretik justifikatu beharko da ezinezkoa dela beste energia-alternatiba batzuk instalatzea inpaktu bisualik gabe, eta, nolanahi ere, horiek ezin izango dira kanpotik ikusi.

12. artikulua.– Zerbitzu-eraikinen irisgarritasun unibertsalerako arrazoizko neurriak.

1.– Kasu guztietan dago bermatuta zerbitzu-eraikinetara kanpoaldetik sartzeko aukera, dela desnibelik ez dagoelako (zentral elektrikoa), dela dagoeneko sarbide-arrapalak jarrita daudelako (bulego nagusiak eta jantokien pabiloia); beraz, ez da beste jarduerarik egin behar.

2.– Irisgarritasun bertikalari dagokionez, bulego nagusien eraikinak igogailua dauka. Jantokien pabiloian eta zentral elektrikoan, arkitektura-diseinuaren kalitatea dela eta, eremua egokitzeko baldintzak betetzeko soluzio oro egungo bolumenaren barruan gauzatu beharko da, babestutako barne-espazioetan distortsiorik eragin gabe, ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak diren teknika eta materialak erabilita eta egituraren egonkortasuna kaltetu gabe.

3. ATALA
EKOIZPEN-ERAIKINEN BABES-ARAUBIDE ESPEZIFIKOA

13. artikulua.– Ekoizpen-eraikinen balio kulturalak eta elementu babestuak.

1.– Ekoizpen-eraikinak nabearen erakusgarri dira, ontzigintza-industriako tipologia arkitektoniko gisa. Eraikin horiek bereziki egokiak ziren hainbat erabilera izan zitzaketelako, barnealdeko espazioa osorik aprobetxatzen zelako, seriean eta azkar fabrikatzen zirelako, erraz handitzen zirelako eta goitikako argiztapena jar zitekeelako bertan.

2.– «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoan babestutako ekoizpen-eraikinak honako hauek dira: Astilleros del Nervión enpresako makinen eta galdaren tailerra, eta Sociedad Española de Construcción Naval enpresako tailer mekanikoa, IV. eranskineko 2. zerrendan jasota dagoen moduan.

3.– Ekoizpen-eraikinetan balio kultural hauek guztiak edo batzuk identifikatu dira:

– Balio historikoa: hurrenez hurren, Sociedad Colectiva Martínez Rivas-Palmer (1888) eta Sociedad Española de Construcción Naval (1916) sozietateek eraikitako lehen ekoizpen-eraikinak, bereziki makinen eta galdaren tailerrekoak; izan ere, hori da La Naval ontziolan kontserbatzen den antzinakoena.

– Balio tipologikoa: atxikitako luzetarako nabeak ondo ordezkatzen dituen eredua da. Isurkidun estalkia, euskarriak, zertxa metalikoak eta fabrikako fatxadak ditu, bai eta argiztapen naturala ere, batez ere, estalkian luzetara jarritako argi-zuloei edo sabai-argiei esker.

– Egituraren balioa: bi eraikinek jatorrizko egitura metaliko aparta mantentzen dute. Egitura horrek bi arkupe ditu, bi isurkiko pendoloi-zertxez egindakoak. Arima beteko habeetan daude bermatuta, eta burdinurtuzko euskarriak edo sareta-profildun euskarriak ere badituzte.

– Berezitasuna eta bakantasuna: zehazki, makinen eta galdaren tailerrarena; izan ere, zeharkako sekzio basilikala du, eta, batez ere, hango nabeek neurri handiko galdaketa-egitura dute. Iturri dokumentalen arabera, nabe horiek dira tipologia horretako egiturarekin Estatuan kontserbatu diren bakarrak.

– Balio espazial-funtzionala: barnealdeko espazio gardenen monumentaltasuna eta bulego gisa erabiltzen ziren solairuarteak mantentzen dira.

– Berrerabiltzeko potentziala: osotasunak eta moldakortasunak aukera ematen dute jatorrizko jarduerak kontserbatzeko, bai eta, hala badagokio, erabilera berriak instalatzeko ere.

4.– Ondare-balio horiek jatorrizko egoeran kontserbatzen dira, nabeen kontserbazio-egoera ona delako eta funtsezko ezaugarriak mantendu direlako, nahiz eta eraldatu egin diren erabilera eta beharrizan berrietara moldatzeko (batez ere, arkupeak gehitu edo kendu izan dira). Hori dela eta, ekoizpen-eraikinak babes ertaineko mailan sartzen dira.

5.– Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, ekoizpen-eraikinen honako ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

– Bolumetria: makina eta galdaren tailerreko jatorrizko 4 nabeen konfigurazioarena, jatorrizko 5 nabeena eta tailer mekanikoko bulegoen atalarena.

– Jatorrizko fatxadak, barne hartuta konposizio-eskema orokorra eta eraikuntzari zein materialei dagozkien soluzioak: tailer mekanikoan, nabeetako fatxadak hartzen dira kontuan, hegoaldeko eta ekialdeko orientazioetan; eta bulegoen atalekoak, mendebaldean.

– Egitura-sistema nagusia, T bikoitzeko galdaketa-euskarriz osatutakoa edo sareta-profilez, habez eta bi isurkiko ezproi-zertxaz osatutakoa, betiere geometriari, kokapenari, sekzioei, kotei, argiei, modulazioari, eta laguntza- eta lotura-sistemei dagokienez.

– Antolaketa orokorra: sarbide nagusiak, nabeen barnealdeko espazio gardenak, bulegoen solairuarteak eta horien arteko loturak.

6.– Degradatzailetzat jotzen dira ondoren aipatutako elementuak, bateraezinak direlako ekoizpen-eraikinetako ondare-balioekin edota kutsadura bisuala eragiten dietelako. Beraz, 7.8 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie:

– Makinen eta galdaren tailerra: pintatzeko eta granailatzeko tailerra.

14. artikulua.– Ekoizpen-eraikinetan baimendutako eta debekatutako jarduerak.

1.– Ekoizpen-eraikinetan egingo diren ekintzak eraikin horiek kontserbatzera, duten balioa nabarmentzera eta funtzionalitatea bermatzera egongo dira bideratuta; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

2.– Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

– Aldatutako nabeak luzatzea, desagertutako arkupeak gehituz jatorrizko bolumetria berreskuratu arte (ekialdeko nabea, makinen eta galdaren tailerrean; eta hegoaldeko nabea, tailer mekanikoan).

– Fatxaden eta estalkien jatorrizko itxiturak zaharberritzea, hondatutako edo eraldatutako zatiak berritzeko aukerarekin (horretarako, dagoenarekin bateragarriak diren materialak eta teknikak erabili beharko dira).

– Itxituraren eta inguratzailearen jatorrizko osaera berrezartzea, dokumentazio historikoaren arabera. Bao gehiago irekitzeko aukera egongo da (barruko edo kanpoko sarbide berriak ere egin ahal izango dira), betiere, kanpoko jatorrizko itxura modu itzulezinean desitxuratzen ez bada.

– Inguratzailearen barne-estaldura, duen estankotasuna eta isolamendu termikoa hobetzeko. Horretarako, oinarriarekiko independenteak diren sistemak erabili beharko dira, erraz desmuntatzekoak eta, ahal dela, egitura ezkutatu gabe.

– Egitura egonkortzea, kendutako jatorrizko egitura-elementuak jartzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren atalak ordeztea, eskema eta material generikoak mantenduz.

– Zolata estali edo ordeztea. Haren kota aldatu ahal izango da, gainerako elementu babestuak errespetatzen badira.

– Barruko banaketa; ahal dela, nabeetako espazio hutsen arteko euskarrien lerroetan zehar, nahiz eta, tarteka, solairuarteen bidezko zatikatze horizontala onar daitekeen, horrek ez badio egiturari modu itzulezinean eragiten.

– Eraikinaren eta jarduera industrialerako inguruko gainerako elementuen arteko lotura espazial, funtzional eta bisualak leheneratzea.

– Instalazio teknologikoak jartzea; zehazki, suteen aurkako instalazioak eta oinarrizko instalazio higieniko-sanitarioak.

– Nabeen barrualdean biltegiratze-egitura autosostengarri eta itzulgarriak jartzea.

– Egitura metalikoa suaren kontrako teknika itzulgarriekin estaltzea, suarekiko erresistentzia hobetze aldera.

– Berriki egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badu, eraikinaren edo inguruaren balio kulturalekin kontraste negatiboa egiten badu, edo horren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten badu.

3.– Egituraren kargak transmititzeko eta banatzeko sistema mantendu egingo da, eta ez zaio gainkarga puntualik jarriko, ez eta gehiago zurrunduko ere.

15. artikulua.– Ekoizpen-eraikinen irisgarritasun unibertsalerako arrazoizko neurriak.

1.– Kasu guztietan dago bermatuta ekoizpen-nabe guztietara kanpoaldetik sartzeko aukera, ez baitago desnibelik barnealdeko eta kanpoaldeko koten artean.

2.– Solairuarteen irisgarritasun bertikalari dagokionez, eta lehentasunez, jatorrizko nukleoen arteko komunikazioa leheneratuko da, baina gehikuntzak egitea onartuko da, ahal dela barrualdean, betiere ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak izango diren teknikak eta materialak erabiliz, eta egituraren egonkortasuna kaltetu gabe egiten badira gehikuntza horiek.

4. ATALA
OBRA ZIBILAREN BABES-ARAUBIDE ESPEZIFIKOA

16. artikulua.– Obra zibilaren balio kulturalak eta elementu babestuak.

1.– Honako hau da «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoan babestutako obra zibila: kanpoaldean ontziak eraikitzeko eta konpontzeko eta materialen zein langileen joan-etorrietarako diseinatutako ingeniaritza-azpiegiturak, bai eta azpiegitura horietako elementu osagarriak ere. Zehazki, honako hauek dira: 1. eta 2. dike lehorrak, oinezkoentzako pasabidea eta trenbidea, IV. eranskineko 3. zerrendan jasota dauden moduan.

2.– Obra zibilean, balio kultural hauek identifikatu dira:

– Balio historikoa: bereziki, 1. dike lehorra, La Naval ontziolako azpiegiturarik antzinakoena eta Astilleros del Nervión enpresaren lehen etapan kontserbatutako bakarra: eta oinezkoen pasabidea, Sociedad Española de Construcción Naval sozietatearen hasierako etapan eraikia.

– Proiektuaren eta eraikuntzaren kalitate teknikoa: dikeen egituretako lanak oso konplexuak dira.

– Adierazgarritasunaren balioa: dikeen kasuan, ontzigintza-sektorearekin duten lotura argiagatik.

– Paisaiaren eta ingurumenaren balioa: dikeen kasuan, itsasadarreko paisaiaren erreferentzia ikonografikoak direlako.

– Balio tipologikoa: dikeen kasuan, dike lehorrean lan egiteko teknikaren adibide adierazgarriak direlako eta ontzien garrantziaren lekuko direlako.

– Balio espazio-funtzionala: oro har, espazio eta elementu funtzional operatiboak ondo kontserbatuta daude, eta, ondorioz, aukera handiak dituzte berrerabiliak izan ahal izateko.

– Konektibitatearen balioa: batez ere, trenbidearen barneko lineak, zeintzuek multzoaren lotura bisualak, espazialak eta funtzionalak bermatzen baitituzte.

3.– Ondare-balio horiek jatorrizko eran kontserbatzen dira; izan ere, horiek dira ondoen kontserbatutako eta gutxien eraldatutako ondasunak, eta diseinatu zireneko erabilera bera mantendu dute.

4.– Ondare-balioen garrantziagatik eta duen osotasuna eta benetakotasuna kontuan hartuta, 1. dike lehorra babes bereziko mailan sartzen da, eta gainerako obra zibila, berriz, babes ertaineko mailan.

5.– Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, obra zibilaren ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

– Egungo konfigurazio geometrikoa: historian zehar beharrizan berriak egon direnez, handitze-lanak egin izan dira, eta egungo konfigurazio geometrikoa lan horien ondorioa da; betiere, 17.3 artikuluko baldintzen eta salbuespenen arabera.

– Egitura-sistema nagusia: hormak, zolatak edo arkupeak, betiere geometriari, posizioari, sekzioei, kotei, argiei, modulazioari eta euste- eta lotura-sistemei dagokienez.

– Elementu osagarriak: ponpaketa-ekipoetarako ganberak; ura sartzeko eta ateratzeko hodiak; pasabideak eta sarbide-eskailerak; garabien maniobretarako alboko bandak, barne hartuta desplazamendu-erreiak eta instalazioetarako kanaletak, galtzada-harrizko zoladura, petrilak, defentsak, amarratzeko mutiloiak eta pikaerak.

– Trenbide-lineen trazadura eta errailak, I. eranskineko planoan grafiatutako tarteetan.

6.– Degradatzailetzat jotzen dira ondoren aipatutako elementuak, bateraezinak direlako obra zibilaren ondare-balioekin edota kutsadura bisuala eragiten dietelako. Beraz, 7.8 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie:

– Oinezkoentzako pasabidea: karel eta alboko babes-itxituren gaineko azpiegitura, karelaren kanpoko aldetik zintzilik dauden hodiak eta lehen eskailera-tartearen azpian dagoen bolumena.

17. artikulua.– Obra zibiletan baimendutako eta debekatutako jarduerak.

1.– Obra zibil babestuak, batez ere, diseinatzean eta eraikitzean aintzat hartu ziren erabilerak izango ditu, eta jarduera kulturalak ere egin eta sustatu ahal izango dira, betiere «La Naval» ontziolaren ondare-balioak hedatzeko asmoa duten jarduerak badira. Era berean, hirigintza-plangintzan onartutako beste edozein erabilera ere eman ahal izango zaie, baldin eta erabilera horrek ontziolaren balio babestuak errespetatzen baditu eta, jarduera horren bitartez, multzoaren kontserbazioa hobetzen bada eta balio handiagoa ematen bazaio.

2.– Obra zibiletan baimendutako jarduketek ezaugarri hauek bete eta sustatu behar dituzte:

– Obra zibilaren funtzionaltasuna eta bertatik segurtasunez igarotzeko aukera.

– Obra zibilak babestutako ondasunekin dituen lotura funtzional eta bisualak.

– Bertan egiten ziren lan eta teknika industrialen interpretazioa.

3.– Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

– Egiturak egonkortzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordeztea, eskema eta material generikoak mantentzen badira.

– Beharrizana behar bezala justifikatzen bada, eta soilik egituraren egonkortasuna bermatzen bada, posible izango da 1. dikeko ahokadura eta eskailera-mailen beheko tartearen barrualdea zabalago bihurtzea, zabalera handiagoa duten ontziak sar daitezen.

– Dikeetako eta trenbide-lineetako errailetako elementu osagarriak zaharberritzea edo, ezin bada holakorik egin, puntualki berritzea, eta elementu horiek jatorrizkoetara egokitzea, materialei, formei, neurriei eta itxurari dagokienez.

– Ondasunaren ingurumen-balioarekin bat datozen hornidura-hodiak eta argiztapen-, seinaleztapen- eta segurtasun-elementuak instalatzea.

– Berriki egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badu, ondasunen edo inguruaren balio kulturalekin kontraste negatiboa egiten badu, edo horren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten badu.

4.– Ez da baimenik emango obra zibiletan ekarpenak egiteko, baldin eta ekarpen horiek hasierako egituren egonkortasuna eta osotasuna kaltetzen edo aldatzen badute, edo obra zibilaren behaketa distortsionatzen badute; esate baterako, dike lehorren hutsunea betetzea.

5.– Debekatuta dago oinezkoen pasabidea lekualdatzea, ezin baita gaur egun dagoen tokitik bereizi.

6.– La Naval ontziolaren batasun kultural eta funtzionala interpretatzen laguntzeko, industriagunearen hegoaldetik doan trenbidearen arrastoa kontserbatu beharko da, ekialdetik mendebaldera bitarteko tarte zuzenean (tarte horrek monumentu-multzoko bi babes-eremuak lotzen ditu). Gainera, antolamendu berriaren bideragarritasunari lehentasuna eman beharko zaio ardatz horretan.

IV. KAPITULUA
«LA NAVAL» ONTZIOLAKO ONDARE HIGIGARRIA

18. artikulua.– Ondare higigarriaren balio kulturalak eta ondasun babestuak.

1.– «La Naval» ontziolari lotutako ondasun higigarriak honako hauek dira: dike lehorretako eta makinen eta galdaren tailerretako jardueretarako erabiltzen ziren makinak eta elementu mugikorrak. V. eranskinean jasotzen den bezala, honako hauek dira zehazki: 1. dike lehorrean, kasetoia eta hura irekitzeko eta ixteko mekanismoak, eta 25. eta 20. garabiak; 2. dike lehorrean, 23. eta 22. garabiak; eta, makinen eta galdaren tailerrean, nabe nagusietan instalatutako 2 garabi-zubiak.

2.– Ondasun higigarri babestuetan balio kultural hauek guztiak edo batzuk identifikatu dira:

– Balio historikoa: 1. dike lehorreko kasetoia, Astilleros del Nervión enpresaren hasierako etapan eraiki eta instalatua (1891), eta, iturri dokumentalen arabera, Estatuan kontserbatzen den antzinakoena; dikeei zerbitzu ematen dieten 4 garabiak, gaur egun existitzen ez diren euskal enpresek fabrikatutakoak (Talleres de Erandio eta ELYMA), batez ere lauretatik antzinakoena (2. dikeko 23. garabia), eta makinen eta galdaren tailerreko 2 garabi-zubiak (Talleres de Zorroza enpresak fabrikatutakoak), La Naval ontziolan kontserbatzen diren bi antzinakoenak direlako.

– Dokumentu-balioa: ontziolan egindako produktuen eta bertan erabilitako teknologiaren eta sistemen bilakaerari buruzko informazio-iturri gisa, bai eta horiek fabrikatu zituzten enpresen bilakaerari buruzko informazio-iturri gisa ere.

– Adierazgarritasunaren balioa: beso artikulatuko garabiek ontzigintzaren garaiak dakarzkigute gogora, inolako zalantzarik gabe.

– Paisaia-balioa eta balio ikonografikoa: ahate-moko itxurako garabiena, paisaia industrialaren mugarri garrantzitsu gisa.

– Balio tipologikoa: ahate-moko edo zisne-lepo itxurako garabiak bat datoz portuetan ikusi ohi diren garabiekin, kargarako duten gaitasun handiagatik eta hartzen duten altueragatik; eta garabi-zubiak bat datoz errei bikoitzaren eta karga bikoitzaren tipologiarekin; halaber, garabi-zubiak ere ohiko elementu osagarriak dira.

– Berezitasunari dagokion balioa: 1. dike lehorreko kasetoiarena; izan ere, itsasontzi-ate motako tipologia horren oso ale gutxi kontserbatzen dira Europan (tipologia hori XIX. mendean erabili zen, eta ontzigintza-teknikekin eraikitzen zen).

3.– Dikeen eta ekoizpen-eraikinen zerbitzurako ondare higigarria babes ertaineko mailan sartzen da.

19. artikulua.– Ondare higigarrian baimendutako eta debekatutako jarduerak.

1.– Babestutako ondasun higigarrietan (18.1 artikuluan identifikatutakoak), prebentziozko kontserbazioa eta konponketa baimendu ahal izango dira, ondasun horien funtzionaltasuna bermatzeko, betiere beren osotasun tipologikoa eta formala errespetatuz. Salbuespenez, eta ez bada teknikoki bideragarria elementu horiek erabiltzea beren ezaugarri nagusiak aldatu gabe, ordeztu ahal izango dira. Kasu horretan, jatorrizko ondasunak modurik onenetan kontserbatu beharko dira, eta, betiere, monumentu-multzoaren mugaketaren barruan, testuingurutik kanpo gera ez daitezen. Horrek ez du ezertan eragozten 2. puntuan xedatutakoa.

2.– Babestutako ondare higigarria «La Naval» ontziolaren monumentu-multzoaren xedearen mende geratzen da, hari lotuta baitago, 6/2019 Legearen 54. artikuluan xedatutako baldintzetan.

IV. ERANSKINA
«LA NAVAL» ONTZIOLAKO ONDARE HIGIEZIN BABESTUA

IV.1 zerrenda: Zerbitzu-eraikinak.

IV.2 zerrenda: Ekoizpen-eraikinak.

IV.3 zerrenda: Obra zibila.

V. ERANSKINA
«LA NAVAL» ONTZIOLAKO ONDARE HIGIGARRI BABESTUA

V.1 zerrenda: Ondasun higigarri babestuak.


Azterketa dokumentala