106. zk., 2022ko ekainaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (211 KB - 10 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2430
66/2022 DEKRETUA, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Eskumen hori garatzeko, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, gaur egun ia erabat indargabetuta dagoena, salbu eta III. tituluaren VI. kapitulua, dokumentu-ondareari buruzkoa, eta IV. tituluaren I. kapitulua, artxibo-zerbitzuei buruzkoa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen bidez.
Urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia kultura-ondasun deklaratu zen, monumentu-multzo kategoriarekin. Dekretu horretan, grafikoki mugatu zen trazadura, eta, horrela, gehiago sustatu zen Donejakue Bideko mugarrien arteko lotura, trazadura bera baino, bide fisiko gisa. Horrek definizio falta ekarri zuen, eta ondorengo azterlanek konpondu egin zuten egoera hori.
Hori horrela, aipatutako dekretua berariaz indargabetu zen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez. Dekretu berri horren helburua zen ibilbide erreal eta fisiko bat finkatzea, ibiltzeko modukoa, erromesentzat jarraitua eta segurua izango zena, nagusiki bide historiko eta publikoetatik igaroko zena, eta ez zena soilik izango mugarrien edo lekuen segida, baizik eta horiek fisikoki elkartzeko modu bat, gehienbat bide historiko edo galtzada publikoen bidez eta, ahal zen neurrian, errepideak eta bide arriskutsuak saihestuz.
Igarotako denboraren ondorioz eta dekretuaren araudiaren aplikazio praktikoan sortutako gorabehera eta arazoen ondorioz (bidearen euskarri den bide-trazadurari eta horri eragiten dion obra zibilari dagokionez), babes-araubidearen apartatu horiek berrikusi behar izan dira.
Hori dela eta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek txosten bat egin zuten, eta, bertan, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzea egokia eta komenigarria zela egiaztatu zen, babes-araubideko III. eranskineko II. kapitulua (Donejakue Bidearen euskarri den bide-trazadurari buruzkoa) eta III. kapitulua (Donejakue Bideari eragiten dion obra zibilari buruzkoa) berridazteko.
Horrela, Kulturako sailburuordearen 2021eko ekainaren 1eko Ebazpenaren bidez (ekainaren 11ko EHAA, 114. zk.), hasiera eman zitzaion eta jendaurrean jarri zen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzeko espedientea. Hain zuzen ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia kultura-ondasun deklaratu zen, monumentu-multzo kategoriarekin.
Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea irekita, honako hauek aurkeztu dituzte idazkiak: Arratzua-Ubarrundiako Udalak; Zeraingo Udalak; Zegamako Udalak; Arratzuko Udalak; Larrabetzuko, Etxebarriko eta Galdakaoko udalek, Xabier Orue-Etxebarriak eta Kepa Lizarragak; Iruña Okako Udalak; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Departamentuko Errepideen Berrikuntza eta Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiak; Santiagorako Bideen Debako Lagunek; Debako Udalak; Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak.
Aurkeztutako alegazioetako batzuek trazadura berrikustea eta trazadura alternatibo bat babestea planteatzen zuten. Gai horri dagokionez, aldaketa-espedientea Babes Araubidearen III. eranskinaren idazketa berri bat emateko egin da: Bide-trazadurari buruzko II. kapituluan, Bidearen Euskarri gisa, eta III. kapituluan, Bideari eragiten dion Obra Zibilari buruzkoan. Beraz, ez da haren xedea Bidearen trazadura berrikustea eta ibilbide berriak babestea. Horregatik, alegazio horiek ez dira kontuan hartu.
Hala ere, apartatu berri bat sartu da 10.4 artikuluan (aldatu egingo da artikulu hori), zeinak aukera ematen baitu bide babestuaren bide osagarriak zehazteko, izaera funtzionaleko, kulturaleko, ingurumeneko, turismoko edo bestelako inguruabarrak kontuan hartuta; horrek ez du esan nahi dekretuan aurreikusitako babes-araubidea aplikatuko zaienik.
Bestalde, Debako Udalak 2/2012 Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako seinaleztapenaren debekua kentzeko eskatzen du, bere ustez seinale horiek beharrezkoak baitira bidea eta ondare-intereseko elementuak seinaleztatzeko. Horri dagokionez, txosten teknikoan azaldutakoaren arabera, baietsi egiten da alegazioa, eta kendu egiten da debeku hori.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak, batez ere, hiru alegazio aurkeztu ditu. Alde batetik, adierazi du kategoria bat gehitu beharko litzaiekeela babes historikorik ez duten bideei, eta, gainera, bereizi egin beharko liratekeela jabari publikokoak eta erabilera pribatukoak. Bestalde, bide historikoekin bat ez datozen eta jabari publikokoak diren zatietarako, alegatu du beharrezkoa dela toki entitateekin batera aztertzea oinezkoentzako eta zikloturistentzako erabileren komenigarritasuna, trazaduren baldintza fisikoen eta ingurumenekoen arabera. Eta, azkenik, Zuzendaritza horrek alegatu du bide historikoekin bat ez datozen tarteetarako udalerrien esku utzi behar dela eragin-eremuaren hedadura eta zehaztapena zehaztea, dagokion hirigintza-antolamenduaren bidez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren alegazio horiei dagokienez, lehenik eta behin adierazi behar da, 2/2012 Dekretuaren zioen azalpenean jasotzen den bezala, Donejakue Bidearen trazaduraren definizioa bide historiko eta publikoetatik igarotzea lehenetsiz egin zela, nahiz eta, bere garaian, hainbat zirkunstantziak bide publiko seguruetatik igarotzea eragozten zuten. Bestalde, erregimenak oinezkoen, zikloturisten edo zaldikoen erabilera lehenesten badu ere, Bidean eragin larriak izanez gero, lehentasunezko erabilera horietako batzuk mugatu egin daitezke. Gainera, 2/2012 Dekretuaren 10.5 artikuluak aurreikusten duenez, administrazioek zaindu egin behar dute egoera onean daudela. Era berean, adierazi behar da dekretu honek erregimen espezifiko berri bat planteatzen duela historikotzat identifikatu gabeko bide eta pistentzat, hain zuzen ere lurzoru urbanizaezinean dituzten babes-eremuetan bideragarri egiteko bide historikoetan baimentzen ez diren zenbait jarduketa. Azkenik, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoen ustez, monumentu-multzoa kultura-unitate gisa babesteko, zehatz-mehatz zehaztu behar da zer hedadura izango duen monumentu-multzoaren mugaketak trazadura osoan, eta homogeneotasuna esku hartzeko irizpideetan; nolanahi ere, hirigintza-antolamenduak ezarriko ditu bidea hiri-zatietan babesteko zehaztapenak.
Azkenik, egiaztatu da zenbait zati bide historiko, galtzada harriztatu edo zubi babestu gisa identifikatuta daudela IV. eranskineko 1. eta 2. zerrendetan, eta, aldi berean, foru-sareko errepideek eusten dietela. Batzuetan, foru-errepideetako babes-eremuetako jarduketa-araubidea, eta, bereziki, tokiko edo eskualdeko errepideetakoa, 2/2012 Dekretuan aurreikusitako araubidea baino permisiboagoa izan daiteke. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da ezartzea 11. artikuluko a) motakotzat identifikatutako trazadura-zatietan 13. artikuluko araubidea aplikatuko dela, hau da, bide historikoen araubidea, galtzada harriztatuen araubidea eta zubien gaineko bide-zatien araubidea, araubide horiek dagokion errepideei buruzko foru-araua baino murriztaileagoak direnean. Hori dela eta, 14. artikulua aldatu da, errepideetan zehar doan trazadurarako araubide espezifikoari buruzkoa.
Era berean, zenbait akats material atzeman dira dekretuaren idazketan, eta zuzendu egin dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera. Alde batetik, Zeraingo udalerritik igarotzen den trazadurari dagokionez, I. eranskinaren deskribapenak adierazten du Bidearen trazadura plazatik igarotzen dela, baina trazadura hori ez dator bat II. eranskineko planoetan grafiatutakoarekin. Beraz, diferentzia hori kentzeko, I. eranskinean, Deskribapena, B) apartatuan, San Adriango Tunelaren Bidea, «Zeraingo plazan amaitzeko» dioen lekuan, «Zeraingo herrigunera iritsi arte» esan behar du. Bestalde, 10.2 artikuluan, III. eranskina dioen lekuan, II. eranskina jarri behar da.
Aurreko guztiagatik, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoek emandako aldeko txostenak ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2022ko maiatzaren 16ko bilkuran egindako aldaketa-proposamenaren aldeko txostena jaso ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 24ko bilkuran, proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzea, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz sailkatutako kultura-ondasuntzat jotzen duena, eta III. eranskineko (Babes-araubidea) II. eta III. kapituluei idazketa berria ematea, eekretu honen eranskinean jasotakoaren arabera.
Bigarren artikulua.– Akats materialak atzeman ondoren urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz sailkatutako kultura-ondasun gisa kalifikatzen da), honako hau aldatzea:
I. eranskinean, Deskribapena, B) apartatuan, San Adriango Tunelaren Bidea,
honela dio: «Zeraingo plazan amaitzeko,
baina honela esan behar du: «Zeraingo herrigunera iritsi arte».
10.2 artikuluan,
III. eranskina dioen lekuan,
II. eranskina jarri behar da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango die: Donejakue Bidea igarotzen den udalei; Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuari; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Departamentuari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko Departamentuari; Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, eta jendaurreko informazio-izapidean eta entzunaldi-izapidean alegazioak aurkeztu dituzten pertsona eta erakundeei.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Argitalpena.
Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Dekretu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
URTARRILAREN 10EKO 2/2012 DEKRETUAREN BABES-ARAUBIDEKO III. ERANSKINEKO II. ETA III. KAPITULUAREN IDAZKETA BERRIA. DEKRETU HORREN BIDEZ, HAIN ZUZEN ERE, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOTIK IGAROTZEN DEN DONEJAKUE BIDEAREN ZATIA KULTURA-ONDASUN DEKLARATZEN DA, MONUMENTU-MULTZO KATEGORIAREKIN
II. KAPITULUA
DONEJAKUE BIDEAREN EUSKARRI DEN BIDE-TRAZADURA
10. artikulua.– Trazadura eta bide-mota.
10.1.– Babes-araubide honen ondorioetarako, trazatutzat ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia, ibilbidetako edozeinetan (Kostaldeko Bidea edo San Adriango tunelaren Bidea), eta edozein dela ere bide-mota: bide historikoak, harrizko galtzadak, errepideak, hiri-bideak, baso-bideak, mendiko pistak eta abar.
10.2.– Donejakue Bidearen trazadura bat dator III. eranskinean jasotako planoetan grafiatutakoarekin.
10.3.– Donejakue Bidearen trazadura aldaezina izango da bide historiko gisa identifikatutako bide-zatietatik igarotzen denean (1. zerrenda), harrizko galtzadetatik igarotzen denean (2.1 zerrenda) edo zubietatik igarotzen denean (2.2 eta 2.3 zerrendak). Trazaduraren gainerako zatia aldatu egin ahal izango da, hori egitea justifikatzen duten arrazoiak daudenean. Edonola ere, trazadura aldatzen bada, Donejakue Bidea kultura-ondasun deklaratzeko Dekretua ere aldatuko da.
10.4.– Izaera funtzionaleko, ingurumeneko, turismoko eta bestelako inguruabarrak kontuan hartuta Bidean igarobide alternatibo puntualak ezartzea gomendagarria bada, Bidea igarotzen den edozein udalek edo foru-aldundiren batek eskatuta, Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailak, eskabidea aztertu ondoren, igarobide osagarri horiek seinaleztatzearen aldeko txostena egin ahal izango du, baina horrek ez du esan nahi, inola ere, trazadura bera aldatuko denik.
Hori dela eta, zati osagarri horiei ez zaizkie aplikatuko Donejakue Bideari Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzean emandako babes-araubidean ezarritako zehaztapenak.
10.5.– Hirigintza-antolamenduaren beharrak direla-eta, Donejakue Bideak zeharkatzen dituen lurzoruen sailkapena aldatu behar bada, sailkapen berria berehala egokituko da araubidera; hain zuzen ere, babes-araubide honen 13., 14., 15. eta 16. artikuluetan definitutakoetatik aplikatu beharreko araubidera. Plangintza-dokumentuek eta lurzoru horien antolamendua definitzen duten dokumentuek, hiri-lurzoruarenak barne, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen organoaren nahitaezko txosten loteslea beharko dute, Donejakue Bidearen trazaduran duten eraginari dagokionez.
10.6.– Trazaduraren euskarri diren bide-moten arabera, administrazio eskudunak arduratuko dira bide-zatiak egoera onean eta zainduta daudela egiaztatzeaz; horretarako, bide-zatiak ez hondatzeko edo ez suntsitzeko neurri egokiak hartuko dituzte, eta bide-zati horiek zaintzeko eta babesteko ekintza zehatzak egingo dituzte.
11. artikulua.– Trazaduraren sailkapena.
Donejakue Bidearen trazadurak hainbat arazo dakartza, zeharkatzen duen bide-motaren eta lurzoru-motaren arabera. Hori dela eta, kasu bakoitzean dagokion araubidea ezartze aldera, trazaduraren sailkapen hau finkatzen da:
a) Bide historikoak, harrizko galtzadak eta zubien gaineko zatiak, IV. eranskineko zerrendetan identifikatutakoak, denak ere hiri-lurzorutik kanpokoak.
b) Errepideak, hiru lurralde historikoetako foru-arauetan ezarritako edozein kategoriatan.
c) Edozein bide, hirigintza-plangintzaren arabera hala sailkatutako hiri-lurzorutik igarotzen denean.
d) Aurreko ataletan sartzen ez diren bideak eta pistak.
12. artikulua.– Babes-eremuak.
12.1.– 11. artikuluko a) eta d) apartatuetan definitutako trazadura-motetarako, babes-eremu hauek definitu dira:
a) Zortasun-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, 3 m-ko zabalerakoa, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta.
b) Eragin-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, zortasun-eremuaren kanpoko mugak eta lur-berdinketaren kanpoko ertzarekiko lerro paralelo batek definitua, eremutik 30 m-ra.
12.2.– Zortasun-eremua operatiboa izango da, trazadura lurzoru urbanizaezinetatik edo lehendik dauden lurzoru urbanizagarrietatik igarotzen denean, edo sortu berri diren lurzoruetatik igarotzen denean.
12.3.– Eragin-eremua operatiboa izango da, trazadura lurzoru urbanizaezinetatik edo urbanizagarrietatik igarotzen denean, betiere sortu berriak badira. Araubide hau indarrean sartzean horrela sailkatutako lurzoru urbanizagarrietatik igarotzen diren tarteen kasuan, eragin-eremua sektorearen mugaraino murriztu ahal izango da, hura lur-berdinketaren ertzetik 30 metro baino gutxiagora dagoenean, edo, gehienez ere, zortasun-eremuaren mugaraino, eta arreta berezia jarriko da lurzoru horien ertzen tratamenduan.
13. artikulua.– Bide historikoen, harrizko galtzaden eta zubien gaineko trazadura-zatien araubide espezifikoa.
13.1.– Zehaztapen orokorrak:
IV. eranskineko 1. eta 2. zerrendetan babestutako bide historikoetan, harrizko galtzadetan eta zubien gaineko trazadura-zatietan, oinezkoak, zikloturistak edo zaldizkoak baino ezin dira ibili, eta berariaz debekatuta dago motordun ibilgailuak edo bestelako makineria handik igarotzea, salbu eta, babes-araubide hau indarrean jartzen den unean, finketara edo baserrietara heltzeko bide bakarrak badira; kasu horretan, bidea bikoizteko eskatuko da.
13.1.1.– 12. artikuluan zehaztutako zortasun-eremuan, zehaztapen hauek aplikatuko dira:
a) Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:
– Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa, harrobiak, eta lehergailuen erabilera eskatzen duen beste edozein jarduera.
– Debekatuta dago lurrak mugitzea, salbu eta bidea bikoizteko (13.1 paragrafoan aurreikusitako baldintzetan) edo harrizko galtzadak garbitzeko.
– Harrizko galtzadetan, debekatuta dago landaketak, mozketak eta matarrasak egitea; hala ere, mozketa baimendu liteke, motzondoak eta sustraiak atera gabe, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada sustraiek kalteak eragiten dituztela galtzadan.
b) Eraikuntza-jarduerak:
– Debekatuta dago eraikin berriak edo azpiegiturak egitea.
– Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritzeko, sendotzeko eta eraberritzeko jarduerei, bai eta interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei ere, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.
13.1.2.– 12. artikuluan zehaztutako eragin-eremuan, zehaztapen hauek aplikatuko dira:
a) Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:
– Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa, harrobiak, eta lehergailuen erabilera eskatzen duen beste edozein jarduera.
– Harrizko galtzaden kasuan, aurreko debekua 50 m-ko distantziaraino hedatzen da, eta debekatuta dago harrobi berriak irekitzea 250 metro baino gutxiagora.
– Baimena eman ahal izango zaie zenbait jarduerari (lurrak mugitzea, luberritzea, egurra eta zura aprobetxatzea, seinaleak jartzea eta abar), baldin eta dagokion foru-aldundiko kultura departamentuaren berariazko baimena badute; salbuespen izango dira harrizko galtzadak, horietan debekatuta baitago landaketak, mozketak eta matarrasak egitea 10 metro baino gutxiagora.
b) Eraikuntza-jarduerak:
– Baimena eman ahal izango zaie Donejakue Bidea eta bere ingurua kontserbatu, konpondu eta erabiltzeko azpiegiturak, zerbitzuak eta instalazioak egiteko jarduerei. Horretarako, berariazko baimena eskatuko zaio dagokion foru-aldundiko kultura departamentuari, eragindako inpaktuari eta Donejakue Bidea behar bezala leheneratzeko hartu beharreko neurriei buruzko proiektu osoarekin batera.
– Debekatuta dago oin berriko edozein jarduketa egitea, baita lehendik dagoen higiezin bat ordeztea edo berreraikitzea ere.
– Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritu, finkatu eta eraberritzeko jarduerei, baina ezin izango dira handitu.
– Baimena eman ahal izango zaie interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.
13.2.– Bide historikoetan, akabera-zoru biguna finkatu eta hobetu ahal izango da, zabalera mantenduz, soilik oinezkoen bidea izaten segi dezan.
13.3.– Harrizko galtzaden zoladuran (hiri-lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian edo lurzoru urbanizaezinean egonda ere), eraikuntzari dagozkion alderdiak kontserbatzeko eta lehengoratzeko jarduerak baino ez dira baimenduko, bai eta aldatutako zatien jatorrizko egoera lehengoratzeko jarduerak ere; zehazki, honako hauek:
– Harrizko taularen planoa lehengoratzea.
– Eraitsitako zatien berreraikitze filologikoa, material eta teknika berdinekin.
– Finkatze-jarduerak, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuz, eta elementuen materiala, posizioa edo kota aldatu gabe,
– Harrizko taula estaltzeko zoladura jartzea, bertatik errazago igarotzeko; betiere, galtzadaren egitura behar bezala babesteko beharrezkotzat jotzen bada eta erabat itzulgarria bada.
14. artikulua.– Errepideen trazadurarako araubide espezifikoa.
14.1.– Donejakue Bidearen trazadurari errepide publiko batek eusten badio, errepide hori hiru lurralde historikoetako foru-arauek ezarritako edozein mailatakoa izanda ere, aipatutako arauek ezarritakoa bete beharko da, babes-eremuei, baimendutako eta debekatutako erabilera eta jarduerei, eraikuntza-lerroei eta abarri dagokienez. IV. eranskineko 1. eta 2. zerrendetan bide historiko, galtzada edo zubi babestuen gaineko zati gisa identifikatutako tarteak izan ezik, horietan 13. artikuluko araubide espezifikoa aplikatuko baita, dagokion foru-arauan aurreikusitakoa baino murriztaileagoa denean.
14.2.– Azpiegitura horien erreforma garrantzitsuetan, mantentze-lanez gain, oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko dira. Horretarako, bideekiko paraleloak izango diren bideak jarriko dira (oinezkoen bideak eta/edo bidegorriak), eta, beharrezkoa den lekuetan, pasabidea edo bidegurutzea konponduko da, betiere Donejakue Bidearen jarraitutasuna bermatuz.
14.3.– Kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak eraberritze-proiektu horiei buruzko nahitaezko txosten loteslea egin beharko du.
15. artikulua.– Hiri-lurzoruko bideetatik igarotzen den trazaduraren araubide espezifikoa.
Donejakue Bidearen trazadura hiri-lurzoruko edozein motatako bideren batetik igarotzen bada, ulertuko da bide hori bidearen zabalera osotik igarotzen dela. Dagokion udal-plangintzak ezartzen duena bete beharko da, eta bide hori ezin izango da kendu bide-aldaketa batengatik.
16. artikulua.– 11.d) artikuluko bide eta pisten araubide espezifikoa.
16.1.– Zehaztapen orokorrak:
Donejakue Bideak hartzen duen espazioan, eta, hain zuzen ere, Donejakue Bidea 11. artikuluko d) apartatuko bide edo pistetatik doanean, oinezkoek, zikloturistek edo zaldizkoek izango dute lehentasuna, eta debekatuta egongo da motordun edozein ibilgailuren trafikoa, salbu eta, babes-araubide hau indarrean sartzen denean, bide-zati hori denean finka edo baserriren batera heltzeko bide bakarra, edo nekazaritzako eta basogintzako makinak direnean hara sartu beharrekoak. Azken kasu horretan, toki-administrazioek bermeak ezartzeko eskatu beharko dute, baimenak eman aurretik. Modu horretan, jardueraren eraginez zorua kaltetzen bada, konpondu egingo dela bermatuko dute.
16.1.1.– 12. artikuluan zehaztutako zortasun-eremurako, zehaztapen hauek aplikatuko dira:
a) Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:
– Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa eta harrobiak.
– Debekatuta dago lurra mugitzea, salbu eta hurrengo epigrafean baimendutako azpiegituren ondoriozkoak edo hirigintza-plangintzak baimendutako landaketen edo laboreen ondoriozkoak badira.
b) Eraikuntza-jarduerak:
– Baimena eman ahal izango zaie azpiegiturak jartzeari eta zerbitzuak bideratzeari, eta, horretarako, baimena eskatu beharko zaio dagokion aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2.b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan.
16.1.2.– 12. artikuluan zehaztutako eragin-eremurako, zehaztapen hauek aplikatuko dira:
a) Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:
– Baimena eman ahal izango zaie zenbait jarduerari (lurrak mugitzea, luberritzea, egurra eta zura aprobetxatzea, seinaleak jartzea eta abar), baldin eta dagokion foru-aldundiko kultura departamentuaren berariazko baimena badute.
– Debekatuta dago meatze-ustiategi eta harrobi berriak irekitzea.
b) Eraikuntza-jarduerak:
– Baimena eman ahal izango zaie Donejakue Bidea eta bere ingurua kontserbatu, konpondu eta erabiltzeko azpiegiturak, zerbitzuak eta instalazioak egiteko jarduerei. Horretarako, berariazko baimena eskatuko zaio dagokion foru-aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2.b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan.
– Debekatuta daude oin berriko jarduketak, ondoren adierazitakoak izan ezik, baldin eta kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak baimentzen baditu:
● Lehendik dauden eraikinak handitzea edo horiei atxikitako eranskin berriak eraikitzea, betiere monumentu-multzoaren ondare-balioetan eragin negatiborik ez badute.
● Interes kulturalik gabeko higiezin bat ordeztea, betiere eraikin berria Donejakue Bidetik aparteago planteatzen bada.
– Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritu, finkatu eta eraberritzeko jarduerei.
– Baimena eman ahal izango zaie interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.
16.2.– Bidea edo pista mantentzeko eta zorua hobetzeko jarduketak onartuko dira.
III. KAPITULUA
DONEJAKUE BIDEARI ERAGITEN DION OBRA ZIBILA
17. artikulua.– Donejakue Bideari eragiten dion obra zibila.
Kapitulu honetan, Donejakue Bideari eragiten dion obra zibilaren gaineko eraikuntza-lanak arautzen dira, halakotzat hartuta IV. eranskineko 2.2 eta 2.3 zerrendetan babestutako zubien multzoa.
18. artikulua.– Zubiak.
18.1.– Donejakue Bideko zubien balio arkitektoniko eta historiko-artistikoaren arabera, bi babes-maila bereizten dira: babes berezia eta oinarrizko babesa.
18.2.– Babes berezia.
Termino horren barruan soilik sartzen dira itxura arkitektonikoa lehengoratzeko jarduerak eta aldatutako zatiak lehengoratzeko jarduerak, honako hauen bitartez:
– Zubiaren fabrika lehengoratzea.
– Eraitsitako edo botatako zatien berreraikitze filologikoa.
– Finkatze-jarduerak, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuz, eta ondorengo elementu hauen posizioa edo kota aldatu gabe:
● Profila.
● Arkuak.
● Zubi-brankak eta zutabeak.
● Taulak.
– Eranskin degradatzaileak eta azkenaldian egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badute edo kontraste negatiboa egiten badute zubiaren ezaugarri arkitektonikoekin edo haren inguruarekin.
18.3.– Oinarrizko babesa.
Kontzeptu honen barruan sartzen da, aurreko apartatuan deskribatutako jarduerez gain, honako hauek ahalbidetzen dituen babesa:
– Zubiaren fabrika lehengoratzea; horretarako, zubiaren zati batzuk aldatu ahal izango dira, betiere konposizioaren batasuna hautsi gabe eta balio estilistiko bereziko elementuak errespetatuta.
– Zubi-taulan jardutea, bidearen trafikoa optimizatzeko eta egokitzeko, horretarako hegalkin bat zabalduz.
19. artikulua.– Babes bereziko mailan sartutako zubiak.
Babes-araubide honen IV. eranskineko 2.2 zerrendan jasotakoak sartzen dira babes bereziko mailan.
20. artikulua.– Oinarrizko babes-mailan sartutako zubiak.
Babes-araubide honen IV. eranskineko 2.3 zerrendan jasotakoak sartzen dira oinarrizko babes-mailan.