Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

256. zk., 2021eko abenduaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
6383

AGINDUA, 2021eko uztailaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen barne-antolamenduko erregelamendua onesten duena.

Maiatzaren 25eko 145/2021 Dekretuaren bidez Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortu zen, zeina Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoan aurreikusita baitago.

Ondoren, Osasuneko sailburuaren 2021eko ekainaren 8ko Aginduaren bidez, batzorde horretako kideak izendatu ziren, aurretik aipatutako dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako osaeraren arabera.

Berme eta Ebaluazio Batzordea balioz eratu denez eta 145/2021 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duena bete dadin, batzordeak Barne-funtzionamendurako erregelamendua egin du, eta aho batez onetsi dute batzordekide guztiek 2021eko uztailaren 16an egin duten bileran.

Horrenbestez, eta 4. artikulu hori bera aplikatuz,

EBAZTEN DUT:

Onestea Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen barne-antolamenduko erregelamendua. Batzorde horrek berak egin du erregelamendua, eta 2021eko uztailaren 16an egindako bileran onetsi zuen. Agindu honi gehitu zaio eranskin gisa.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 26a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

eranskina
EUTANASIAREN ARLOKO EUSKADIKO BERME ETA EBALUAZIO BATZORDEAREN BARNE-ANTOLAMENDUKO ERREGELAMENDUA

Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoak (aurrerantzean EALO) 17.4 artikuluan xedatzen du berme- eta ebaluazio-batzorde bakoitzak barne-antolamenduko erregelamendu bat eduki behar duela, zeina batzorde horrek egin eta administrazio autonomikoko organo eskudunak baimendu beharko baitu; kasu honetan, Osasuneko sailburuak.

Bestetik, V. Kapituluan, berme- eta ebaluazio-batzordeen osaera, eginkizunak eta batzordeko kideen sekretu-betebeharra arautzen dira.

Era berean, legearen xedapen iragankor bakarrean, «berme- eta ebaluazio-batzordeen araubide juridikoari» buruzkoan, xedatzen da batzorde horiek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, SPAJL) atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean ezarritakoa bete beharko dutela funtzionamenduari dagokionez, barne-erregelamendu propioa ez duten bitartean.

Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea maiatzaren 25eko 145/2021 Dekretuaren bidez sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari atxikitako administrazio-organo izateko, baina ez egitura hierarkikoaren parte.

Era berean, arau horretan ezartzen da, EALOk, 145/2021 Dekretuak eta batzordearen barne-erregelamenduak xedatzen ez dutenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak ezartzen duena hartuko dela aintzat Estatukoaz bestelako administrazio publikoetako kide anitzeko organoen funtzionamenduari dagokionez, EALOren xedapen iragankor bakarrean xedatutakoaren arabera.

1. artikulua.– Definizioa, administrazio-atxikipena eta jarduera-eremua.

1.– Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea kide anitzeko organo administratibo bat da, diziplina anitzekoa, eta hiltzeko laguntza emateko eskaera bakoitza baimentzeko edo ukatzeko ardura du, bai eta gauzatutako prozedurak egokiak izan diren ebaluatzekoa ere, Euskadin egindako eutanasia-prozesu bakoitza amaitu ondoren.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak pertsonek eutanasia eskatzeko eta jasotzeko duten eskubidea errespetatzen dela bermatu, horretarako baldintzak, betekizunak eta bermeak betetzen direla zaindu, eta hiltzeko jaso den laguntza EALOn aurreikusitako prozeduren arabera egin den ebaluatu behar du.

2.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikitzen zaio, baina ez da haren egitura hierarkikoaren parte izango.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoa izango du jarduera-eremu.

2. artikulua.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen eginkizunak.

1.– Hauek dira Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen eginkizunak:

a) Hiltzeko laguntza emateko eskabide guztiak balioestea, eta baimentzea edo ukatzea; presidenteak izendatutako kideek izango dute zeregin hori.

b) Mediku arduradunak hiltzeko laguntza-eskaera ukatu dien pertsonek aurkeztutako erreklamazioak gehienez ere hogei egun naturaleko epean ebaztea, bai eta 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera sor daitezkeen interes-gatazkak argitzea ere.

Halaber, EALOren 10 artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren erreklamazioak ere hogei egun naturaleko epean ebatzi beharko ditu; erreklamazio horiek ebazten ezingo dute parte hartu eskaerak baldintzak betetzen zituen egiaztatzeko hasieran izendatutako kideek.

Halaber, epe berean ebatziko ditu egiaztatu zain dauden eta izendatutako kideen artean irizpide desberdinak izan eta aldeko edo kontrako txostena egitea ezinezkoa delako Osoko Bilkurara eraman diren eskaerak.

Ebazpena hiltzeko laguntza emateko eskaeraren aldekoa bada, berme- eta ebaluazio-batzorde eskudunak zentroko zuzendaritzari eskatuko dio gehienez ere zazpi egun naturaleko epean eskatutako laguntza emateko, zentroko beste mediku baten edo osasun-profesionalen kanpoko talde baten bitartez.

Era berean, hogei egun naturaleko epea igaro eta ebazpenik ematen ez bada, eskatzaileek eskubidea izango dute hiltzeko laguntza emateko eskaera ezetsitzat jotzeko, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jartzeko aukera izango dute.

c) Gehienez ere bi hilabeteko epean, hiltzeko laguntza legean aurreikusitako prozeduren arabera eman den egiaztatzea.

Egiaztapen hori, oro har, EALOren 12.b) artikuluak aipatzen duen bigarren dokumentuan jasotako datuetan oinarrituta egingo da. Hala ere, zalantzarik izanez gero, Batzordeak gehiengo soilez anonimotasuna kentzea erabaki dezake eta artikulu beraren a) apartatuan aipatzen den lehen dokumentua irakurtzea. Anonimotasuna kendu ondoren, ikusten bada Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideren bat ez dela inpartziala izan, erretiratu egin daiteke bere borondatez edo errekusatu, bestela.

Halaber, aipatutako egiaztapen hori egiteko, mediku arduradunari pazientearen historia klinikoan jasota egon eta hiltzeko laguntza ematearekin zerikusia duen informazioa eskatzea erabaki dezake batzordeak, gehiengo soilez.

d) Eutanasia arautzeko Lege Organikoan aurreikusitako betebeharrak betetzean sor daitezkeen arazoak detektatzea, eta, hala badagokio, hobekuntza zehatzak proposatzea, jardunbide egokien eskuliburuetan eta protokoloetan txertatzeko.

e) Legea aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo gaiak ebaztea, dagokion lurralde-eremu zehatzean organo aholku-emaile gisa jardunez.

f) Legea batzordearen lurralde-eremuan aplikatzen ari dela ebaluatzeko urteko txostena egitea eta argitaratzea. Txosten hori osasun-arloan eskumena duen organoari bidali beharko zaio.

g) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eslei diezazkiokeen beste batzuk.

2.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak autonomia osoa izango du bere lana antolatzeko eta zereginak garatzeko. Horretarako, Osasun Sailak azpiegitura eta jarduerak eskatzen duen laguntza logistikoa emango ditu.

3. artikulua.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen osaera.

1.– Osasun sailburuaren 2021eko ekainaren 8ko Aginduan jasotzen denez, 25 pertsonak osatzen dute Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea: medikuntzaren arloko bederatzi profesionalek, erizaintzaren arloko zazpik, psikologiaren arloko hiruk, gizarte-laneko batek eta zuzenbidearen arloko bostek.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea eratzeko hasieran izendatutako kideek ezaugarri komun bat dute, eta da kide guztiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko sorospenerako etika-batzordeetako (18) edo foru aldundietako esku-hartze sozialeko etika-batzordeetako (7) kide direla, eta Euskadiko etika-batzordeen batzorde soziosanitarioak proposatu dituela. Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak diziplina anitzeko izaera hori eduki beharko du etorkizunean ere.

Norberaren izenean hartuko da parte Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordean, eta inork ez du erakunderik edo iritzi-talderik ordeztuko.

Batzordea osatzen duten kideak edo karguak beren borondatez eta doan arituko dira. Hala ere, guztiek eskubidea izango dute beren eginkizunak betetzetik sortzen diren mota guztietako gastuak kobratzeko, gastuak justifikatu ostean.

4. artikulua.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen egitura, eta kideen izendapena eta kargu-uztea.

1.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzorde honek, gaur egun, egitura hau du: presidente bat, presidenteorde bat, idazkari bat, idazkariorde bat, 21 kide eta osoko bilkura, kide guztiek osatua.

2.– Osasuneko sailburuak du batzordea osatzen duten pertsona guztiak izendatzeko eskumena, Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak berak proposatuta.

3.– Gaien berezitasuna edo konplexutasuna dela eta, beste pertsona batzuek parte hartzea beharrezkoa bada eskaini dezaketen ezagutzengatik, batzordearen bilerara gonbida ditzake presidenteak, bere ekimenez edo kideren batek hala eskatuta, baina ez dute boto-eskubiderik izango.

4.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kide izateko izendapena, karguren bat bete edo ez, 4 urterako izango da, eta behin bakarrik luzatu ahal izango da. Epe hori igaro ondoren, Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak Osasuneko sailburuari batzordea modu mailakatuan berritzeko proposatuko dio, batzordeak funtzionatzen jarrai dezan.

5. artikulua.– Presidentearen eginkizunak.

Hauek dira presidentearen eginkizunak:

a) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea ordezkatzea edozein erakundetan eta haren bozeramaile izatea, tartean, ezinbestez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailean eta osasun arloko eskumena duen Ministerioan.

b) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen ohiko eta ezohiko bileretarako deia egitea, idazkariaren bidez, eta gai-zerrenda finkatzea.

c) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen bilera edo saioetako buru izatea, bilerak zuzentzea eta eztabaidak bideratzea.

d) Gutxienez Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko bi kide izendatzea, mediku profesional bat eta legelari bat, eutanasia-eskaera bakoitzeko; bi kide horien ardura izango da, aldez aurretik, 3/2021 Lege Organikoa eta legeak ezartzen dituen prozedurak betetzen direla egiaztatzea, eta Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen Osoko Bilkura deitzea, egiaztatzeko, hiltzeko laguntza eman ondoren, hiltzen laguntzeko behar bezalako prestazioa eman den eta behar besteko segurtasun klinikoz eta juridikoz eman den.

Profesionalak kasu bakoitzaren eta gainerako inguruabarren arabera izendatuko dira, eutanasia-eskaera bakoitzerako.

Izendatutako profesional horiek pazientearekin erlazionatutako informazio kliniko guztia eskuratu ahal izango dute. Halaber, elkarrizketak izan ditzakete eskatzailearekin/pazientearekin, mediku arduradunarekin eta haren lantaldearekin eta mediku aholkulariarekin.

e) Euskadin egitea eskatzen den eutanasia-prozedura bakoitza gauzatzeko aldeko edo kontrako ebazpenak sinatzea.

f) Idazkariarekin batera bileren aktei oniritzia ematea, Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideek onar ditzaten.

g) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen akordioak eta helburuak eta xedeak betetzen direla zaintzea.

h) Osasun Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoetako berme- eta ebaluazio-batzordeetako gainerako presidenteekin egiten diren bileretan parte hartzea, Osasun Sistema Nazionalean eutanasiaren arloko irizpideak homogeneizatzeko eta jardunbide egokiak trukatzeko.

i) Kide anitzeko organo bateko presidente bati dagozkion gainerako zeregin guztiak burutzea.

6. artikulua.– Presidenteordearen eginkizunak.

Hauek dira presidenteordearen eginkizunak:

a) Presidenteari eta Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko gainerako kideei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea.

b) Presidentea ordeztea, eskuordetzaz edo hura ez dagoenean, kargua hutsik dagoelako, gaixorik dagoelako edo legezko beste arrazoiren bat dagoelako.

7. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.

Hauek dira idazkariaren eginkizunak:

a) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen deialdiak egitea eta bileretarako gai-zerrendak idaztea, presidentearen aginduz.

b) Deialdiak, dokumentazioa eta informazioa Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideei bidali zaizkiela eta jaso direla egiaztatzea.

d) Bilkuren aktak idaztea, eta presidentearen oniritzia jasotzea.

f) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen korrespondentzia bideratzea.

i) Urteko ebaluazio-memoria egiteko lanak koordinatzea.

j) Bilkuretara ez etortzeko justifikazioak eta bajen edo kargu-uzteen eskaerak jasotzea.

k) Eskaera bakoitzarekin batzordean sortzen den dokumentazioaren konfidentzialtasuna ziurtatzea, eta datuak babesteko Europako erregelamenduak eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak arautzen dituzten printzipioak eta beharrezko segurtasun-neurriak betetzen direla gainbegiratzea.

l) Presidentearen aginduz, bileretara aditu gisa joateko gonbidapena egiten zaienei dei egitea.

m) Idazkariari dagokion beste edozein eginkizun, edo presidenteak nahiz batzordeak berak esleitzen dizkionak.

8. artikulua.– Idazkariordearen eginkizunak.

Hauek dira idazkariordearen eginkizunak:

a) Idazkariari eta Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko gainerako kideei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea.

b) Idazkaria ordeztea, eskuordetzaz edo hura ez dagoenean, kargua hutsik dagoelako, gaixorik dagoelako edo legezko beste arrazoiren bat dagoelako.

9. artikulua.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideen eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoko kideek:

a) Bileretarako deialdiak behar beste denbora lehenago jaso behar dituzte. Bilkuretako aztergaien zerrenda eta bertan aipatzen diren gaiei buruzko informazioa eduki behar dute deialdiek.

b) Hiltzeko laguntza eskatzeko eta jasotzeko eskubidea behar bezala gauzatzeko ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatu behar dute presidenteak berariaz izendatzen dituzten kasuetan, eta EALOren 10.3 artikuluan aurreikusten den txostena egin eta presidenteari aurkeztu behar diote.

c) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen Osoko Bilkurari igorri beharko dizkiote parte hartzen duten profesionalen artean adostasunik ez dagoelako txostenik egin ezin den kasuak, Osoko Bilkurak behin betiko erabakia har dezan, EALOren 10.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Deitzen dituzten bilera edo saioetara joan beharko dute, eta haietan izaten diren eztabaidetan parte hartu.

e) Botoa emateko eskubidea eta boto partikularra formulatzeko eskubidea dute, eta zer bozkatu duten adierazi eta emandako botoaren arrazoiak azaldu behar dituzte.

f) Galderak eta eskaerak egin behar dituzte.

g) Esleitutako eginkizunak betetzeko informazio zehatza eskuratu behar dute: besteak beste, eskatzailearen historia klinikoan dagoen dokumentazioa eskuratu, eta, hala badagokio, medikuarekin, haren taldearekin eta eskatzailearekin elkarrizketatzeko aukera eduki behar dute.

h) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen eginkizunekin erlazionatuta agintzen zaizkien jarduerak egin behar dituzte.

i) Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordean esaten edo idazten den guztia isilpean gorde behar dute.

j) Berez dagozkien beste edozein eginkizun gauzatu behar dituzte.

2.– Interes-gatazkak badaude, kide anitzeko organoko kideek ezin izango dituzte beren eginkizunak bete. Kasu horietan, eutanasia-prozesuan era batera edo bestera parte hartzen duen batzordeko edozein kidek (mediku arduradun edo mediku aholkulari gisa parte hartuta ere) uko egin beharko dio prozesu jakin horretan parte hartzeari.

10. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeari esleitutako eginkizunak izango ditu Osoko Bilkurak, aurretik araututako kargu eta batzordekideen eginkizun esklusibo direnak izan ezik, eta, zehazki, honako hauek:

– Funtzionamendu-erregelamendua onartzea, bai eta gerora izan ditzakeen aldaketak ere.

– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak egin beharreko txosten, gomendio eta protokolo guztiak onartzea, erregelamendu honetan berariaz zehazten diren salbuespenetan izan ezik.

– Jardueren urteko memoria onartzea.

– Bileren urteko egutegia onartzea.

– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideen artean idazkariordearen kargua bete behar duen profesionala hautatzea, beharrezkoa denean.

11. artikulua.– Bilera-deiak eta bilkurak.

1.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen Osoko Bilkuraren bilerak presentzialak, telematikoak edo mistoak izango dira. Horretarako, Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak baliabide tekniko guztiak izango ditu bere saioak modalitate horietako edozeinetan egin ahal izateko. Lana errazteko, bilerak grabatzeko aukera ere izango dute, baldin eta kideek horretarako baimena ematen badute.

2.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

Oro har, ez da aldizkako bilerak egiteko epe bat ezartzen, urteko ebaluazio-memoria egiteko beharrezkoak direnak izan ezik. Deialdia bilera baino gutxienez astebete lehenago egingo da.

Oro har, egiaztatzeko zain dauden eta izendatutako kideen artean irizpide desberdinak izan eta aldeko edo kontrako txostena egitea ezinezkoa delako Osoko Bilkurari aurkeztu zaizkion eskaerak ebatzi behar diren bakoitzean egingo du bilera Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak. Kasuan kasuko gai zerrenda osatzen duten gaiak ebazteko epeek uzten duen aurrerapenaz deituko dira bilkura horiek.

Ohiz kanpo, aztertuko diren gaiak premiazkoak direnean eta presidenteak beharrezkotzat jotzen duenean bilduko da Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordea, dela bere ekimenez, dela Batzordeko edozein kidek proposaturik.

3.– Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, bilkuran egon beharko dute, presentzialki edo telematikoki, presidenteak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek, bai eta, gutxienez, kideen erdiek ere.

4.– Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan ez dagoen gairik, non eta kide anitzeko organoko kide guztiak elkartu eta gehiengoaren aldeko botoek gaia presakoa dela adierazten ez duten.

5.– Presidentea, idazkaria eta kide anitzeko organoko kide guztiak edo haien ordezkoak bilera egiteko elkartzen badira, presentzialki zein telematikoki, aurretik deialdirik egin beharrik izan gabe eratu daiteke kide anitzeko organoa balio osoz bilkurak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, kide guztiek hala erabakitzen badute.

6.– Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira.

Hala ere, barne-erregelamendua aldatzeko edo memoriaren urteko txostena egiteko erabakiak gehiengo osoz hartu beharko dira.

7.– Kideen botoa pertsonala izango da, eta ezin izango da eskuordetu.

8.– Telematikoki bertaratzen direnean, erabakiak deialdian adierazten den lekuan hartu direla ulertuko da, edo, halakorik ezean, kide anitzeko organoaren egoitza dagoen lekuan edo Presidentetza dagoen tokian.

9.– Ezohiko bilerarako deialdia presazko arrazoiengatik egiten denean, ohiko prozeduraren bidez edo ahoz egin daiteke. Bilera horietan ezin izango dira aztertu bilera eragin duten gaiak ez diren beste batzuk.

10.– Premiazko ezohiko bilera batean jorratutakoa hurrengo ohiko bilerako gai-zerrendan sartuko da, Osoko Bilkurara joateko eskubidea duten pertsona guztiek horren berri izan dezaten.

12. artikulua.– Aktak.

1.– Kide anitzeko organoaren bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta hartutako erabakien edukiak.

2.– Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan edo hurrengo bilkuran onartu daiteke. Idazkariak presidentearen oniritziarekin egingo du akta, eta bide elektronikoen bidez bidaliko die kide anitzeko organoko kideei. Kide horiek bide hori bera erabiliz adierazi dezakete testuarekin ados dauden edo ez, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

3.– Organoko kideek eskatuta, hartutako erabakiaren aurka emandako botoak, abstentzioak, bataren zein bestearen arrazoiak eta aldeko botoak jasoko dira aktan.

4.– Halaber, edozein kidek eskubidea izango du bere hitzen edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko, betiere, egintzan edo presidenteak adierazitako epean, bere hitzekin guztiz bat datorren testua aurkezten badu. Testu hori aktan jasoko da edo kopia bat erantsiko zaio.

5.– Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz, eta onartutako testuan jasoko da; hori egiteko bi egun izango dituzte.

6.– Batzordearen eztabaidak isilpekoak izango dira, eta kideek isilpean gorde beharko dituzte, baita batzordeko kide izateari uzten diotenean ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra ez betetzeak diziplina-erantzukizuna ekarriko du.

7.– Akta onartu aurretik egiten diren hartutako erabakiei buruzko ziurtagirietan, espresuki adierazi behar da akta onartu aurretik hartuak direla.

13. artikulua.– Lantaldeak.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen Osoko Bilkurak egoki iritzitako aldi baterako lan-batzordeak edo lan-batzorde iraunkorrak sor ditzake gai edo arazo zehatzak aztertu edo eztabaidatzeko, hautematen diren beharren arabera.

Premiazkoa bada, presidenteak sor ditzake, baina Osoko Bilkurak berretsi egin beharko ditu hurrengo bilkuran.

Lantaldeak sortzeko akordioek lantaldearen egitekoa, osaera eta antolamendua zehaztuko dute.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko zenbait kidek osatuko dituzte. Kideetako batek koordinatuko du eta solaskide-lanetan arituko da Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearekin.

14. artikulua.– Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko karguak eta kideak berritzea.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideak edo karguak batzordearen beraren proposamenez berrituko dira, edozein arrazoirengatik kargua utzi edo baja ematen dutenean.

Lanbide-talde bereko beste pertsona batek ordeztuko ditu, eta proportzio berari eusten saiatuko dira, egoki irizten bazaio.

Hauek dira baja emateko arrazoiak:

a) Izendapenaren epea amaitzea.

b) Interesdunak kargua bere borondatez uztea, idatziz Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari eskatuta.

c) Batzordetik botatzea.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko gainerako kideek eskatuta botako da kide bat batzordetik; hauek dira kide bat batzordetik botatzeko arrazoiak:

a) Urtebetean, jarraian izan diren hiru deialdi arruntetara edo jarraian izan ez diren seietara ez joatea, justifikatu gabe.

b) Batzordeko kide gisa hartutako betebeharrak edo batzordearen funtzionamendu-arauak nabarmen ez betetzea, eta, bereziki, Osoko Bilkuraren eztabaidak eta bere eginkizunak betetzeko jakin dezakeen beste edozein informazio ezagutzera ematea.

Batzordetik botatzea presidenteak proposatu behar du, eta batzordearen osoko bilkuraren bi herenen gehiengoz erabaki beharko da.

Osasuneko sailburuak berretsiko ditu Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko bajak eta kide berriak.

15. artikulua.– Parte ez hartzea eta errekusazioa.

1.– Artikulu honetako hurrengo apartatuan aipaturiko egoeraren batean dauden Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideek ezingo dute prozeduran parte hartu, eta horren berri eman beharko diote Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari, egokia dena ebatz dezan.

1.2.– Parte ez hartzeko arrazoiak dira:

a) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan araututakoak.

b) Kasu jakin batean mediku arduradun edo aholkulari gisa aritu izana baina prozedura jakin horretan aritu beharrik ez izatea.

1.3.– Batzordeko presidenteak espedientean inolako esku-hartzerik ez egiteko agindu diezaioke aurreko puntuan adierazitako egoeraren batean dagoenari.

1.4.– Egoera horietakoren bat gertatzen denean parte hartzeari uko egiten ez badio, dagokion erantzukizuna sortuko da.

2.– Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, interesdunek errekusazioa aurkez dezakete prozeduraren edozein unetan.

2.1.– Errekusazioa idatziz aurkeztu behar da, eta zer arrazoitan oinarritzen den azaldu beharko da.

16. artikulua.– Urteko txostena edo memoria.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak bere jarduerei buruzko eta legea Euskadiko lurralde-eremuan nola aplikatu den jakiteko memoria bat egingo du urtero, zeina osasunaren arloko eskumena duen organoari igorriko baitzaio.

Memoria egiteko, aldi baterako lan-batzorde bat sor daiteke, eta memoria onartzeko, osoko bilkuraren gehiengo osoa beharko da.

17. artikulua.– Erregelamendua berrikustea.

Erregelamendu hau berrikusi egingo da, kasu hauetan:

a) Batzordeko kideen erdiek hala eskatzen badute.

b) Hala badagokio, aplikatzekoa den legeriara egokitzeko.

Berrikusteko, lan-batzorde bat sor daiteke, zeinak Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeari helaraziko baitio proposamena.

Edonola ere, 5 urtean behin berrikusiko da barne-erregelamendu hau. Kideen gehiengo osoaren adostasunaren bidez onartuko da berrikuspena. Erregelamendu berria onartu ondoren, Osasun Sailari bidaliko zaio, behin betiko baliozkotu dezan.

18. artikulua.– Konfidentzialtasuna eta sekretu-eginbeharra.

Berme- eta ebaluazio-batzordeetako kideek isilpean gorde behar dituzte haien eztabaiden edukiak, eta batzordeko kide gisa osasun-arloko profesionalei, pazienteei, senideei eta hurbilekoei buruz jakin dituzten datu pertsonalen konfidentzialtasuna gorde beharko dute. Betebehar hori beti edukiko dute, baita batzordeko kide aktibo izateari uzten diotenean ere.

Batzordeko kideek beren kargua dela-eta eskuratzen duten informazioa isilpean eduki behar dute, bai eta batzordeko kideen artean izaten diren eztabaidak ere. Sekretu-eginbehar hori prozeduran gonbidatu edo aditu gisa parte hartzen duten batzordetik kanpoko pertsonei ere aplikatuko zaie.

Konfidentzialtasun- eta sekretu-eginbeharra urratzea batzordeko kide izateari uzteko arrazoi izan daiteke.

19. artikulua.– Batzordearen egoitza fisikoa eta komunikatzeko modua.

Osasun Sailburuordetza izango da dokumentazioa paperean jasotzeko egoitza fisikoa. Jasotzen den dokumentazio guztia armairu batean gordeko da, giltzapean. Dokumentazioa, ahal dela, gutun ziurtatu gisa bidaliko da helbide honetara:

Osasun Sailburuordetza.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

Donostia-San Sebastian kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzorderako sortutako posta elektronikoa erabiliko da komunikazioetarako. Behar bezala zifratuta erabili beharko da, dagozkion segurtasun-neurriekin.

Era berean, Osasun Sailak batzordearen postontzi elektroniko espezifiko bat sortuko du, mediku arduradunak, mediku aholkulariak eta eutanasia-prozesua eskatzen dutenek egoki iritzitako komunikazioak bidaltzeko. Postontzi horrek legez aurreikusitako bermeak eta segurtasun-neurriak izan beharko ditu.

20. artikulua.– Osasun Sailak Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeari lagatako baliabideen zerrenda.

Hau da Osasun Sailak Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen esku jarritako baliabideen zerrenda:

– Bilera-gelak, lurralde-eremu desberdinetan.

– Bilerak grabatzeko bitartekoak, beharrezkoa bada.

– Administrari laguntzaileak.

– Komunikazioak jasotzeko postontzi elektronikoa.

– Dokumentazioa artxibatzea, konfidentzialtasuna bermatzeko.

– Komunikazio Kabinetearen laguntza.

– Kide guztiek beren eginkizunak betetzean egin behar dituzten gastu guztiei aurre egiteko finantzaketa nahikoa.


Azterketa dokumentala