248. zk., 2021eko abenduaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (350 KB - 14 orri.)
- EPUB (234 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
6187
1475/2021 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Pediatria Unitateetako destinoetan.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1473/2021 Ebazpenaren bidez, onartu egin dira Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2018 eta 2019an iragarritako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko186/2005 Dekretua, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua, eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-probetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea (I. eranskina) Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Pediatria Unitateetako destinoetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 25etik 2022ko otsailaren 24ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1473/2021 Ebazpenaren 9.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIAN (PEDIATRIAKO FEM – LMAT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZAKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategoriako (Pediatriako FEM – LMAT lanpostu funtzionala) Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak, II. eranskinean jasota daudenak alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaien betekizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentzia edo baliokidea eta Pediatriako Espezialista titulua izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.
3.– Lehiaketaldiaren garapena.
3.1.– Oposizioaldia.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetzari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai probak prestatzean, bai lehiaketaldian. Epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizuna bete beharko dute pertsona horiek.
Epaimahaiak Osakidetzari kanpoko aholkularitza-erakundeetara jotzea eskatu ahal izango dio ere bai, probak prestatzeko eta oposizioaldian probekin zerikusia duten gai guztietarako. Horretarako, Osakidetzak behar diren neurriak jarriko ditu kanpo-erakunde aholkularien parte-hartzea gauzatzeko.
Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Halaber, proba prestatzeko bibliografia ere eranskin horretan jasoko da.
3.2.– Oinarri orokorretako 14. apartatuan zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, 14.2. oinarrian zerrendatzen den dokumentazioaz gain:
– Medikuntzako edo Kirurgiako Lizentziako tituluaren edo baliokidearen eta lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den espezialitatearen tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
3.3.– Lehiaketaldia.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.
3.4.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. apartatuan aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: MEDIKUA; LANPOSTU FUNTZIONALA: PEDIATRIAKO FEM – LMAT
Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1473/2021 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
a) Barne-sustapeneko txandako deialdia: 1 destino.
Sarbide orokorra: 1.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 0.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 0.
b) Txanda askeko deialdia: 50 destino.
Sarbide orokorra: 46.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 4.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 4.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez zehazten direnean zehaztuko dira. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, aldizkari horretan Osakidetzako Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko indarreko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIAN, LEHEN MAILAKO ARRETAKO PEDIATRIA UNITATEETAKO DESTINOETAN
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte hautagaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenen espezialista gisako antzinatasuna baloratzeko, aintzat hartuko da interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuan egindako lan profesional eraginkor osoa. Nolanahi ere, jardute horretatik –eta hasierako alditik– kendu egingo da Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza-aldiaren % 170. Kenketa hori ez zaie aplikatuko espezialista-titulua 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortu dutenei.
1.– Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Lehen Mailako Arretako pediatra gisa edo arlo medikoko kudeaketako lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
2.– Osakidetzako edo edozein administrazio publikotako ospitaleetan, edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketara-zentro ofizialetan edo bestelako erakundetan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan pediatra gisa edo pediatriaren arloko ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,21 puntu.
3.– Erakunde Sanitario Publikoetan kudeaketa eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketa lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,07 puntu.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez Medikuntzako Lizentziako ikasketen edo baliokidearen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikaina edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango Doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.
2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): puntu 1.
d) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
e) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
f) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko apartatu honetan zehaztu ez den merezimendurik.
g) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
h) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
PEDIATRIAKO FEM - LMAT
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA
Oinarrizko gaitasunak:
1.– Osasunaren Lehen Mailako Arretaren kudeaketa eta antolakuntza. Lehen Mailako Arretako Taldeen funtzionamendua.
2.– Osasunaren ekonomia. Oinarrizko kontzeptuak: efikazia, efizientzia, eraginkortasuna eta ekitatea.
3.– Lehen Mailako Arretaren ikerkuntzaren oinarrizko estatistika eta metodologia.
4.– Prebentzioa eta osasuna sustatzea. Prebentzioko jarduera-programa.
5.– Oinarrizko epidemiologia. Maiztasuneko neurriak. Arriskua eta asoziazio kausala. Proba diagnostikoen eta screening proben baliozkotasuna. Zaintza epidemiologikoa.
6.– Historia klinikoa eta informazio-sistemak Lehen Mailako Arretan. Kodifikazio diagnostikoko sistemak Lehen Mailako Arretan.
7.– Kalitatearen ebaluazioa eta hobekuntza. Prozesuen araberako kudeaketa.
8.– Ebidentzian oinarritutako medikuntza (EOM). Praktika klinikoko gidak.
9.– Bioetika: pazienteen eta profesional sanitarioen eskubideak eta betebeharrak (informazioa, konfidentzialtasuna, baimen informatua). Arazo etiko legal ohikoenak LMAko pediatrian.
10.– Pazientearen segurtasuna.
Haurren arretarekin lotutako gaitasunak:
1.– Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea.
1.1.– Amagandiko edoskitzea sustatzea.
1.2.– Elikadura gainbegiratzea eta nutrizio-aholkua.
1.3.– Aho-hortzen osasuna sustatzea.
1.4.– Tratu ona sustatzea eta tratu txarra prebenitzea.
1.5.– Fotobabesari buruzko aholkua.
1.6.– Jarduera fisikoari eta kirolari buruzko aholkua.
1.7.– Loaren gaineko aholku prebentiboak.
1.8.– Bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromea prebenitzea.
1.9.– Istripuak prebenitzea.
1.10.– Tabako-kontsumoa (pasiboa eta aktiboa), alkohol- eta bestelako droga-kontsumoa prebenitu eta detektatzea.
1.11.– Iodo-defizita prebenitzea, eta D bitaminarekin osatzeko indikazioak.
1.12.– Sexu-heziketa, eta nahigabeko haurdunaldia eta sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzea nerabezaroan.
2.– Immunizazioak.
2.1.– EAEko txertaketa-egutegi ofiziala eta bertan sartzen diren txertoen ezaugarri orokorrak: txerto mota, jartzeko modua, txertaketa-bitarteak, kontraindikazioak eta albo-ondorioak.
2.2.– Txertaketa ez-sistematikoak edo egoera berezietan agintzen direnak.
3.– Arazoak goiz detektatzea haurtzaroan.
3.1.– Hazkunde fisikoa eta pubertaroko garapena.
3.2.– Garapen psikomotorra eta afektiboa.
a) Garapen psikomotorra eta afektiboa arlo guztietan (motor lodia eta fina, hizkuntza, soziabilitatea) eta alarma-seinaleak ezagutzea.
b) Espektro autistaren nahasmenduen baheketa.
3.3.– Patologien baheketa.
a) Jaioberrien endokrinopatien, sortzetiko metabolopatien, fibrosi kistikoen eta hemoglobinopatien baheketa.
b) Hipoakusiaren baheketa eta mintzairaren nahasmenduak.
c) Aldakaren displasia ebolutiboa.
d) Kriptorkidia.
e) Begiko anomaliak, anbliopia, estrabismoa eta errefrakzio-nahasmenduak.
f) Baheketa bereziko indikazioak dituen arrisku-populazioa: gaixotasun zeliakoa, ferropenia, hiperkolesterolemia, hipertentsio arteriala, tuberkulosia, haurren garun-paralisia.
g) Tratu txar, abusu edo zabarkeriaren arrisku-adierazleak.
4.– Patologia prebalentearen arreta: akutua, kronikoa, eta arrisku-faktoreak dituen haurraren arreta.
4.1.– Patologia prebalente akutuak LMAn.
4.1.1.– Arnasbideetakoa: goiko arnas-infekzio akutua, faringitisa, otitisa, sinusitisa, amigdalitisa, laringitisa, trakeitisa, bronkitisa, bronkiolitisa, pneumonia, disnea, eztula, epistaxia.
4.1.2.– Infekziosoa: fokurik gabeko sukarra, meningitisa, gaixotasun exantematiko biriko eta bakterianoak, adenopatiak, mononukleosi-sindromea, tuberkulosia, parasitosia.
4.1.3.– Digestiboa: ikterizia, bularreko haurraren kolikoa, gorakoak, beherakoa, heste-ohituren alterazioa, abdomeneko mina, estomatitisa, errefluxu gastroesofagikoa, gastroenteritis akutua, hepatitisa, errektorragia.
4.1.4.– Dermatologikoa: pixoihalek sortutako dermatitisa, urtikaria, garatxoak, molluscuma, nebusa, inpetigoa, akneak, ziztadak, prurigoa, dermatomikosia, pedikulosia.
4.1.5.– Muskulu-eskeletikoa: herrena, ibileraren nahasmendua, osteokondrosia, artritisa, artralgiak, muskuluetako minak, talalgiak, beheko gorputz-adarren errotazio- eta angelu-alterazioak, oin zapalak, bizkarrezurreko alterazioak.
4.1.6.– Genitourinarioa eta giltzurrunetakoa: gernu-infekzioa, errefluxu besikoureterala, proteinuria, hematuria, fimosia, balanitisa, bulbobaginitisa, dismenorrea.
4.1.7.– Oftalmologikoa: malkobidearen estenosia, ambliopia, begi-zorroztasuna gutxitzea, estrabismoa, konjuntibitisa, betazal-alterazioak.
4.1.8.– Istripuak eta traumatismoak: intoxikazioak, erredurak, zauriak, traumatismo muskulu-eskeletikoak eta garezurreko traumatismoak.
4.1.9.– Kardiobaskularra: murmurioak, sinkopeak, bularreko mina, erritmo-nahasmenduak.
4.1.10.– Odontologikoa: txantxarrak, gingiboestomatitisa, flemoiak, traumatismoak, maloklusioak.
4.1.11.– Hematologikoa: anemia ferropenikoa, purpurak.
4.1.12.– Onkologikoa: tumore-prozesuak egon daitezkeela adierazten duten zeinu eta sintomak. Tumore solido ohikoenak. Leuzemiak. Linfomak.
4.1.13.– Kirurgia behar dezaketen prozesuak (egutegi kirurgikoa).
4.1.14.– Farmakoak haurdunaldian eta edoskitzaroan.
4.1.15.– Bihotz-biriketako bizkorketa pediatrikoa.
4.2.– Patologia kronikoak.
4.2.1.– Asma. Errinitis alergikoa.
4.2.2.– Amigdalo-adenoidektomiaren indikazioak. Loaren apnea/hipopnea buxatzailearen sindromea (LAHBS).
4.2.3.– Obesitatea.
4.2.4.– Dermatitis atopikoa.
4.2.5.– Enuresia.
4.2.6.– ADHN.
4.2.7.– Atzerapen psikomotorra. Zefaleak. Konbultsioak sukarrarekin eta sukarrik gabe.
4.2.8.– Garaiera txikia. Hazkundearen atzerapena. Pubertaro goiztiarra eta atzeratua. Ginekomastia.
4.2.9.– Abdomeneko min errepikaria. Beherako eta idorreria kronikoak. Gaixotasun zeliakoa.
4.2.10.– Elikadurarekiko intolerantzia eta alergia.
4.2.11.– Osasun mentalari lotutako patologiak: depresioa, espektro autistaren nahasmenduak (EAN).
4.2.12.– Beldurrak, fobiak, loaren nahasmenduak.
4.2.13.– Jokabidearen eta ikaskuntzaren alterazioak.
4.2.14.– Elikadura-portaeraren nahasmenduak.
4.2.15.– Trastorno psikosomatikoak.
4.3.– Arrisku sozialeko faktoreak, elbarritasuna eta tratu txarrak jasaten dituzten haurren arreta.
4.3.1.– Arrisku sozialean dauden haurrak: etorkinak, etnietakoak.
4.3.2.– Maneiu diagnostiko eta terapeutikoa, haurrari tratu txarra ematen zaiola susmatzean edo ikustean.
4.3.3.– Garaiaurreko haurraren jarraipena, eta Down-en sindromea eta bestelako elbarritasunak dituzten haurren jarraipena.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA
1.– Lanbide sanitarioen antolamendurako arau orokorrak. Lanbide sanitarioen jarduna. Profesionalen parte-hartzea.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioko eta kalitateko xedapen orokorrak. Prestazioak. Kalitatea. Parte-hartze soziala.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren arau orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Ordainsariak. Lanaldia, baimenak, lizentziak. Bateraezintasunak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen Xedapen Orokorrak. Euskadiko osasun-sistema: antolamendua eta herritarren eskubide eta betebeharrak. Kontratu-programa. Osakidetza Ente Publikoaren konfigurazioa. Zuzendaritza-antolakuntza. Gestio-araubidea.
5.– Osakidetza Ente Publikoaren definizioa. Xedeak. Zuzendaritza-antolakuntza: zerrendatzea. Zuzendaritza Nagusia: eraketa. Zerbitzu-erakundeak: lege-aitorpena.
6.– Pertsonen eskubideak eta betebeharrak Euskadiko osasun-sisteman.
7.– Pazientearen autonomiaren gaineko printzipio orokorrak, eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua. Historia klinikoa. Alta-txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.
8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak: legearen xedea eta hildako pertsonen datuak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak.
10.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen xedea. Printzipio orokorrak. Jazarpen sexista.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko jardun-eremuak eta neurriak: Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planeko (2013-2019) Irudia eta Komunikazioa eta Kanpo-harremanak.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Martín Zurro A., Cano Pérez J.F. J Gené Badia. Atención primaria. 7. edizioa. Elsevier España, SA argitaletxea. 2014. ISBN: 9788490228678. 1. bol. Atención primaria. Principios, organización y métodos.
2.– Martín, Zurro, Cano, Pérez & Gené Badia. Atención primaria. Problemas de salud en la consulta de medicina de familia. 8. edizioa. Argitalpen-data: 2019ko ekaina.
3.– Prevención en la infancia y la adolescencia. Recomendaciones PrevInfad/PAPPS.
4.– Espainiako Pediatriako Elkartearen (AEP) Txertoen Aholku Batzordea.
5.– AEPren txertaketa-eskuliburua (online).
http://vacunasaep.org/documentos/manual/manual-de-vacunas
6.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko txertaketa-eskuliburua.
https://www.euskadi.eus/informazioa/haur-txertaketa-/web01-a3infan/eu/
7.– Nelson: Tratado de pediatría. 20. edizioa. R. M. Kliegman. Elsevier España, SA argitaletxea. ISBN: 9788491130154.
8.– AEPap algoritmoak (Espainiako Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkartea).
9.– Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldea (EPDT).
10.– Osasun Sistema Nazionalaren praktika klinikoari buruzko gidak.
http://portal.guiasalud.es/web/guest/guias-practica-clinica
11.– Pediatria-intereseko webguneak:
11.1.– Espainiako Pediatria Elkartea (AEP).
11.2.– Espainiako Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkartea (AEPap).
11.3.– Respirar-To Breathe.
11.4.– GIPI. Pediatra informatizatuen talde independentea, LMAko pediatrentzako webgunea.
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana 2013-2019.