248. zk., 2021eko abenduaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (352 KB - 16 orri.)
- EPUB (237 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
6186
1474/2021 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian (Familia Medikua lanpostu funtzionala), Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1473/2021 Ebazpenaren bidez, onartu egin dira Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2018 eta 2019an iragarritako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua, eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-probetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea (I. eranskina) Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian (Familia Medikua lanpostu funtzionala), Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 25etik 2022ko otsailaren 24ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1473/2021 Ebazpenaren 9.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIAN (FAMILIA-MEDIKUA LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZAKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategoriako (Familia Medikua lanpostu funtzionala) Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak, II. eranskinean jasota daudenak alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaien betekizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoaren arabera, Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentzia edo titulu baliokidea eta lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den espezialitatea izatea edo, bestela, Osasun Sistema Nazionaleko Medikuntza Orokorreko medikuen eginkizunak betetzeari buruzko ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuan ezarritako titulu, ziurtagiri edo diplometako bat izatea, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean jasotakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.
3.– Lehiaketaldiaren garapena.
3.1.– Oposizioaldia.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetzari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai probak prestatzean, bai lehiaketaldian. Epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizuna bete beharko dute pertsona horiek.
Epaimahaiak Osakidetzari kanpoko aholkularitza-erakundeetara jotzea eskatu ahal izango dio ere bai, probak prestatzeko eta oposizioaldian probekin zerikusia duten gai guztietarako. Horretarako, Osakidetzak behar diren neurriak jarriko ditu kanpo-erakunde aholkularien parte-hartzea gauzatzeko.
Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Halaber, proba prestatzeko bibliografia ere eranskin horretan jasoko da.
3.2.– Oinarri orokorretako 14. apartatuan zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, 14.2. oinarrian zerrendatzen den dokumentazioaz gain:
– Medikuntzako edo Kirurgiako Lizentziako tituluaren edo baliokidearen eta lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den espezialitatearen tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
3.3.– Lehiaketaldia.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.
3.4.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. apartatuan aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: MEDIKUA; LANPOSTU FUNTZIONALA: FAMILIA MEDIKUNTZAKO FEM - LMAT
Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1473/2021 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
a) Barne-sustapeneko txandako deialdia: 11 destino.
Sarbide orokorra: 10.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 1.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 1.
b) Txanda askeko deialdia: 321 destino.
Sarbide orokorra: 298.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 23.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 23.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez zehazten direnean zehaztuko dira. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, aldizkari horretan Osakidetzako Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko indarreko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIAN (FAMILIA-MEDIKUA LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZAKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte hautagaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
1.– Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotan, edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan lortu nahi den kategoria berean edo Kupoko eta Zonako, Etengabeko Arreta Guneko edo Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko mediku orokor gisa edo arlo medikoko kudeaketa-lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
2.– Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketara-zentro ofizialetan edo bestelako erakundetan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Ospitaleko Larrialdietan, Emergentzietako Lurralde Unitateetan, Etxeko Ospitalizazioan eta Barne Medikuntzan mediku gisa, Lehen Mailako Arretako pediatra gisa edota ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,15 puntu.
3.– Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan legez aitortutako beste edozein espezialitatetan mediku gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
Etengabeko arretako behin-behineko izendapen baten ondorioz emandako zerbitzuak zenbatzeko, emandako zerbitzuen ohiko zenbaketari % 50 aplikatuko zaio.
Lehen Mailako Arretako landa-eremuko osasun-eremuetan errefortzuko izendapena duten langileek emandako zerbitzuak zenbatzeko, hilabete osoko zerbitzuak aitortuko zaizkie, eta honako arau hauen arabera kalkulatuko dira:
a) Hilabete bat, edo proportzionalki dagokion zatia, egindako ehun eta berrogeita bost ordu edo frakzio bakoitzeko.
b) Hilabete natural baten barruan ehun eta berrogeita bost ordu baino gehiago egin badira, egindako zerbitzuen hilabete bakarra baloratuko da, eta egindako gehiegizko orduak ezin izango dira aplikatu aurreko a) erregelan ezarritako emandako zerbitzuen zenbaketan.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,045 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,06 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,075 puntu hilabete bakoitzeko.
e) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,15 puntu hilabete bakoitzeko.
f) Lehiatzen den lanpostu berean emandako zerbitzuak: 0,30 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez Medikuntzako Lizentziako ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikaina edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango Doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Egoiliarren prestakuntza-aldi osoa Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitatean bete duten goi-mailako tituludunak: 10 puntu.
2.– Egoiliarren prestakuntza-aldi osoa Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitateko graduondokoa dutenentzako irakaskuntza-programa aitortua duen atzerriko zentro batean bete duten goi-mailako tituludunak, titulua Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak baliokidetuta badu: 10 puntu.
3.– Familia eta Komunitate Medikuntzako Mediku Espezialista titulua lortzeko hobekuntza-ikastaroa 264/1989 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera gainditu duten goi-mailako tituludunak eta Familia eta Komunitate Medikuntzako Mediku Espezialista titulua lortzeko prestakuntza osagarria egin eta ebaluazio kliniko objektibo egituratuko proba uztailaren 31ko 1753/1998 Errege Dekretuaren arabera gainditu duten goi-mailako tituludunak: 3 puntu.
4.– Beste espezialista-titulu bat edo batzuk dituzten izangaiak, baldin eta BAME programako egoiliarren prestakuntza-aldia bete badute edo egoiliarren prestakuntza-aldi osoa bete badute graduondokoa dutenentzako irakaskuntza-programa aitortua duen atzerriko zentro batean: 0,50 puntu.
5.– Beste espezialista-titulu bat edo batzuk dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 0,25 puntu.
d) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
e) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
f) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko apartatu honetan zehaztu ez den merezimendurik.
g) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
h) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
FAMILIA MEDIKUNTZAKO FEM
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA
1.– Osasunaren Lehen Mailako Arreta. Osasunaren eta gaixotasunaren ikuspegi biopsikosoziala.
2.– Jarduera kudeatzea eta antolatzea Lehen Mailako Arretako lantaldeetan. Talde-lana.
3.– Komunikazio asistentziala eta elkarrizketa klinikoa Lehen Mailako Arretan. Elkarrizketa klinikoaren faseak.
4.– Dokumentazio klinikoa. Historia kliniko informatizatua. Osasun-karpeta. Ziurtagiriak. Txostenak eta parteak.
5.– Bioetika. Oinarrizko printzipioak. Pazientearen autonomiari buruzko legea.
6.– Arretaren kudeaketa: kudeaketa klinikoa, kalitatearen kudeaketa. Erantzukizun profesionala. Aldi baterako ezintasuna. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak.
7.– Epidemiologia. Maiztasuneko neurriak. Arriskua eta asoziazio kausala.
8.– Ebidentzian oinarritutako medikuntza (EOM). Metodologia. Ikerketa moten baliozkotasuna eta aplikazio praktikoa. Praktika klinikoko gidak.
9.– Proba diagnostikoen zentzuzko erabilera Lehen Mailako Arretan.
10.– Medikamentuaren zentzuzko erabilera Lehen Mailako Arretan. Arrazoitutako preskripzioa. Berrikuntza terapeutikoa. Segurtasuna. Preskripzio zuhurra eta polimedikazioaren kudeaketa. Farmakozaintza.
11.– Osasunerako prebentzioa, sustapena eta heziketa. Prebentzioko eta Osasuna Sustatzeko Jarduera Programa (PAPPS). Euskadiko txertaketa-egutegia.
12.– Gaixotasun kardiobaskularra. Hipertentsio arteriala. Kardiopatia iskemikoa. Gaixotasun zerebrobaskularra. Bihotz-gutxiegitasuna. Patologia baskular arterial eta benosoa. Sinkopea. Arritmiak.
13.– Arnasteko arazoak. Asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, komunitatean hartutako pneumonia, eztula, hemoptisia, disnea, biriketako neoplasiak, arnas-miaketa funtzionala, azterketa osagarriak (analitika eta erradiologia), toraxeko mina.
14.– Digestio-arazoak Lehen Mailako Arretan. Errefluxu gastro-esofagikoak eragindako gaixotasuna, ulkusa, hepatopatia kronikoa, idorreria, dispepsia, neoplasia digestiboak, hesteetako gaixotasun inflamatorioa, beherako akutu kronikoa, heste minberaren sindromea, uzki-ondesteko patologia onbera, alterazio biokimiko hepatikoa, odoljario digestiboa, abdomeneko min akutua, pankreatitisa, AIEE-ek eragindako gastropatia.
15.– Arazo infekziosoak: tuberkulosia, bruzelosia, salmonelosia, hepatitisa, HIESa eta bestelako STIak: epidemiologia, diagnostikoa. Prebentzioa. Sukar-sindromea. Gripea. Antibiotikoen erabilera. Bidaiarientzako aholkuak.
16.– Diabetes mellitusa. Obesitatea. Dislipemiak. Nutrizioa eta osasuna. Hiperurizemia.
17.– Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa. Tiroideko nodulua. Goloa.
18.– Osasun mentaleko arazoak. Depresioa. Antsietatea. Egokitze-nahasmenduak. Loaren nahasmenduak. Psikofarmakoak.
19.– Nerbio-sistema. Semiologia neurologikoa. Zefaleak. Dardara. Zorabioa eta sinkopea. Neuropatiak. Narriadura kognitiboa eta dementzia.
20.– Hematologia. Anemiak. Diagnostiko diferentziala. Tratamendu antitronbotikoa.
21.– Dermatologia. Larruazaleko lesio elementalak eta afekzio dermiko ohikoenak: pruritoa, larruazaleko tumoreak, psoriasia, larruazaleko mikosiak, ekzemak, aknea, akne arrosa, lesio besikuloanpoilosoak, lesio eritematosoak.
22.– Ahoko patologia: glositisa, neoplasiak, aftak. Gaixotasun periodontala.
23.– Patologia nefrourologiko ohikoena Lehen Mailako Arretan. Gernu-infekzioak. Patologia prostatikoa. Urolitiasia. Giltzurruneko gaixotasun kronikoa. Hematuria. Proteinuria.
24.– Patologia muskulueskeletiko-osteoartikularra. Zerbikalgia, lunbalgia, goiko eta beheko gorputz-adarren patologia, artrosia, osteoporosia, fibromialgia, gaixotasun erreumatiko inflamatorioak.
25.– Oinarrizko arazo traumatologikoekin jarduteko era Lehen Mailako Arretan. Traumatismoak.
26.– ORL patologia ohikoena Lehen Mailako Arretan. Faringoamigdalitisa, otitisa, sinusitisa, bertigoa. Hipoakusia. Akufenoak. Disfonia. Errinitisa. Epistaxia.
27.– Oftalmologiako patologia ohikoena Lehen Mailako Arretan. Begi gorrituaren diagnostiko diferentziala. Konjuntibitisa.
28.– Mendekotasun-arriskuko jokabideak. Tabakismoa, alkohol abusua, beste droga-adikzio batzuk.
29.– Larrialdiak eta emergentziak Lehen Mailako Arretan. Bihotz-biriketako berpizte oinarrizkoa eta aurreratua. Hipergluzemiak eta hipogluzemiak. Anafilaxia. Konbultsio-krisia. Agitazioa. Intoxikazioak. Sindrome koronario akutua. Hipertentsio-krisia. Biriketako edema akutua. Asma-krisia.
30.– Familia-plangintza. Haurduntza normalaren kontrola. Menopausia.
31.– Adinekoen arreta. Adineko ahularen eta mendekotasunaren kontzeptua; baloratzeko tresnak. Balorazio geriatriko integrala. Diagnostiko diferentziala eta jarrera narriadura kognitiboaren eta dementzien aurrean. Adineko pazientearen medikazioa. Beste sindrome geriatriko batzuk: Erorikoak. Gernu-inkontinentzia.
32.– Gaixotasun terminala. Sintomen kontrola. Doluaren eta zaintzailearen arreta. Paziente, zaintzaile eta familiaren balorazioa. Erabakiak aldez aurretik planifikatzea.
33.– Genero-indarkeria. Lehen Mailako Arretako profesionalen jokabidea.
34.– Osasun-arazoei familia-ikuspegitik heltzea. Familiaren bizi-zikloa.
35.– Komunitateari zuzenduriko arreta. Parte-hartze eta esku-hartze komunitarioa.
36.– Lehen Mailako Arretaren ikerkuntzaren oinarrizko estatistika eta metodologia.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA
1.– Lanbide sanitarioen antolamendurako arau orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Profesionalen parte-hartzea.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioko eta kalitateko xedapen orokorrak. Prestazioak. Kalitatea. Parte-hartze soziala.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren arau orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Ordainsariak. Lanaldia, baimenak, lizentziak. Bateraezintasunak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen Xedapen Orokorrak. Euskadiko osasun-sistema: antolamendua eta herritarren eskubideak eta betebeharrak. Programa-kontratua. Osakidetza Ente Publikoaren konfigurazioa. Zuzendaritza-antolakuntza. Gestio-araubidea.
5.– Osakidetza Ente Publikoaren definizioa. Helburuak. Zuzendaritza-antolakuntza: zerrendatzea. Zuzendaritza Nagusia: eraketa. Zerbitzu-erakundeak: lege-aitorpena.
6.– Pertsonen eskubideak eta betebeharrak Euskadiko osasun-sisteman.
7.– Pazientearen autonomiaren gaineko printzipio orokorrak, eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua. Historia klinikoa. Alta-txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.
8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak: legearen xedea eta hildako pertsonen datuak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak.
10.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen xedea. Printzipio orokorrak. Jazarpen sexista.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko jardun-eremuak eta neurriak: Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planeko (2013-2019) Irudia eta Komunikazioa eta Kanpo-harremanak.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Tratado de medicina de familia y comunitaria. ISBN: 978-84-9835-585-7. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
2.– Atención primaria. Principios, organización y métodos en medicina de familia y atención primaria. Problemas de salud en la consulta de medicina de familia. Martín Zurro A., Cano Pérez J.F., Gené Badia J. 7. edizioa. Elsevier. 2014. ISBN: 9788490228678.
3.– Entrevista clínica. Manual de estrategias prácticas. ISBN: 84-96216-44-6. Argitaratze-data: 2004ko ekaina.
http://comunicacionysalud.es/wp-content/uploads/2014/08/EntrevistaClinica_2004.pdf
4.– 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa.
https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2012/03/1201512a.pdf
5.– Osasun-karpeta.
https://www.osakidetza.euskadi.eus/on-line-zerbitzuak/-/herritarrentzako-zerbitzuak/
6.– Sobre bioética y medicina de familia.
http://www.samfyc.es/pdf/GdTBio/201039.pdf
7.– Bioetika. Prestakuntza teorikoa. Fisterra ataria.
https://www.fisterra.com/formacion/bioetica/
8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
9.– Guía de valoración de incapacidad laboral temporal para médicos de atención primaria (2. edizioa). Madril. 2015.
http://gesdoc.isciii.es/gesdoccontroller?action=download&id=15/01/2016-440fa7054c
10.– Medicina basada en la evidencia. Cómo ejercer y enseñar la MBE. 3. edizioa. ISBN: 9788481744408. Argitaratze-data: 2005eko azaroa.
11.– Atención sanitaria basada en la evidencia: su aplicación a la práctica clínica. [Liburua]. Murcia Salud. Argitaratze-urtea: 2007. ISBN: 978-84-95393-95-6. Hemen dago eskuragarri:
http://www.murciasalud.es/publicaciones.php?op=mostrar_publicacion&id=103&idsec=88.#
12.– Prebentzioko eta Osasuna Sustatzeko Jarduera Programa (PAPPS). Eguneratzea: 2016. PAPPS. Atención primaria 2016. 48. liburukia, 1. gehigarria.
13.– Euskadiko txertaketa-egutegia.
https://www.euskadi.eus/informazioa/txertoen-egutegia/web01-a2adik/eu/
14.– Pertsona helduen txertaketak.
https://www.fisterra.com/ayuda-en-consulta/informacion-para-pacientes/las-vacunas-adulto/
15.– Guía de actuación en atención primaria. 4. edizioa. Autotesta. CD-ROMa. ISBN: 978-84-15037-04-0. Argitaratze-data: 2011ko apirila.
16.– Manual de exploración física. ISBN: 978-84-15037-36-1. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
17.– Guía de ayuda al diagnóstico en atención primaria. 2. edizioa. ISBN: 9788496761780. Argitaratze-data: 2009ko azaroa.
18.– Biblioteca de guías de práctica clínica del Sistema Nacional de Salud. Portal GuiaSalud.
https://portal.guiasalud.es/gpc/
19.– Gida klinikoak. Fisterra ataria.
20.– Praktika klinikoko gidak: Diabetesa. HTA. Lipidoak. Osakidetza. Eguneratzea: 2013.
https://www.osakidetza.euskadi.eus/ataria/
21.– Guía terapéutica en atención primaria. 6. edizioa. ISBN: 978-84-15037-57-6. Argitaratze-data: 2016ko ekaina.
22.– INFAC buletin farmakoterapeutikoa. CEVIME Medikamentuei buruz Informatzeko Euskal Zentroa.
https://www.euskadi.eus/informazioa/infac-buletina/web01-a2cevime/eu/
23.– Lehen Mailako Arretako medikamentu berrien ebaluazioa. CEVIME Medikamentuei buruz Informatzeko Euskal Zentroa.
24.– Guía de terapéutica antimicrobiana del área Aljarafe. [Internet]. 3. edizioa. Distrito de atención primaria Aljarafe. Hemen dago eskuragarri:
25.– Manual de urgencias y emergencias (2. edizioa). ISBN: 978-84-15037-23-1. Argitaratze-data: 2012ko ekaina.
26.– Documento de consenso sobre prevención de la fragilidad y caídas en la persona mayor. Estrategia de promoción de la salud y prevención en el SNS. 2014.
27.– Aurretiazko borondateak. Eutanasiaren Legea.
7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena.
3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, eutanasia arautzekoa.
https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2021-4628
28.– Genero-indarkeria.
Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean Euskadin nola jardun jakiteko jarduketa-gida.
29.– ¿Cómo iniciar un proceso de intervención comunitaria desde un centro de salud? I recomendaciones PACAP. 2. edizioa.
https://saludcomunitaria.files.wordpress.com/2012/11/recomendaciones-pacap.pdf
30.– Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoa. Osasun Saila, Eusko Jaurlaritza. 2016.
https://www.euskadi.eus/informazioa/osasun-komunitarioa/web01-a2inform/eu/
31.– Ikerketa-metodologia.
https://www.fisterra.com/formacion/metodologia-investigacion
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana 2013-2019.