241. zk., 2021eko abenduaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 3 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
6100
AGINDUA, 2021eko abenduaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun-larrialdiko egoera deklaratzeko eskatzen baitzaio lehendakariari, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) aktibatzeko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, COVID-19 pandemiaren fase berriari aurre egin ahal izateko.
Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak amaiera ematen dio COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera deklaratutako osasun-larrialdiko egoerari. Amaiera horrek indarrean sartu zenetik aurrera izan zituen ondorioak eta hori 2021eko urriaren 7an izan zen, EHAAn argitaratu zenean.
Dekretu horren 3. artikuluak, halaber, indarrik gabe utzi zuen Labiren zuzendaritza- eta koordinazio-eskumenak bereganatzea. Eskumen horiek lehendakariaren abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretuaren bidez erabaki ziren, zeinaren bitartez Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzendaritza bereganatzen baita, COVID-19ren hedapenaren ondoriozko alerta sanitarioak sortutako egoeraren aurrean. Eskumena Segurtasuneko sailburuari itzultzen zaio, hari baitagokio, oro har, Labi zuzentzea eta koordinatzea.
Aurrekoaren ondorioz, 2021eko urriaren 6ko Aginduaren bidez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki desaktibatzea xedatu zuen. Plan hori 2020ko abuztuaren 14an aktibatu zen, COVID-19a hedatzearen ondorioz sortutako osasun-larrialdiari aurre egiteko.
Aipatutako urriaren 6ko 39/2021 Dekretuaren 4. artikuluak, halaber, desegintzat jotzen du Labiren Aholku Batzordea, COVID-19 pandemiaren kudeaketan laguntzeko ezohiko eran eratua, hargatik eragotzi gabe Euskadiko Herri Babeseko Planaren zuzendaritza berriak beste bat izendatzea legez ezarritako helburuetarako.
Bestalde, dekretu beraren 5. artikuluak ezartzen duenez, «Euskadin osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzeari kalterik egin gabe, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta euste-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19 pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita.
Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe aplikagarria den Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta, krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, alde batera utzi gabe Prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioari eta kohesioari kalterik egin gabe, gaituta geratzen da Euskadiko osasun-agintaritza, Osasuneko sailburua buru dela, Euskadin normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko.»
Urriaren 6an, Osasuneko sailburuak, Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak ezarritako gaikuntzaren indarrez eta osasun-agintari gisa legez aitortuta dituen ahalmenak gauzatuz, Agindua eman zuen, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu zela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak ziren prebentzio-neurriei buruzkoa. Agindu hori 2021eko urriaren 7ko 201 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 2021eko uztailaren 30ean iritsi zen gehieneko baliora, 873,16 kasu 100.000 biztanleko. Data horretatik aurrera, bilakaera beheranzkoa izan zen, 2021eko urriaren 13an 100.000 biztanleko 55,63 kasuko minimora iritsi arte. Ondoren, larrialdi-egoera amaitu eta gero, EAEn joera aldatu egin da, eta intzidentzia etengabe eta azkar handitu da, 2021eko azaroaren 30ean 100.000 biztanleko 546,71 kasura iritsi arte.
14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa izatea transmisio-maila altutzat jo izan da pandemian zehar, eta 500etik gorakoa izatea, berriz, transmisio-maila oso altutzat.
Azken asteetan, Euskal Autonomia Erkidegoan gorakada handia eta iraunkorra izan da COVID-19aren intzidentzia-tasetan. Intzidentziaren bilakaeraren modelizazioak erakusten du egunero % 7 inguruko igoera izan dela azaroaren hasieratik, bai 7 eguneko intzidentzia-tasetan, bai 14 egunekoetan.
EAEko eguneko ospitaleratzeen kopurua (7 egunekoa batez beste) 10,57koa izan zen urriaren 11n. Data horretatik aurrera, kopurua handituz joan da, eta azaroaren 24tik 30era bitarteko astean eguneko 42,57 ospitaleratze egon dira. Balio hori 2021eko abuztuko olatuan erregistratutako maximora hurbiltzen ari da.
COVID-19agatik ZIUn dauden pertsonen kopuruak gora egin du, maila kritikora iritsi arte. Azaroaren 10etik 29ra bitartean, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonen kopurua 24tik 51ra igo da, hau da, % 104ko igoera izan da, eta horrek ospitale-presioaren larritasuna aldatu du.
Datu horiek agerian uzten dute ezohiko eta premiazko neurriak hartu behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19 birusaren hedapenari (normalean koronabirus izenez ezagutzen dena) eusteko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko. Hala, 2021eko abenduaren 1ean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak ebazpena eman du, non, aurreko paragrafoetan jasotako datuak adierazi ondoren, deklaratzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoa osasun publikoko larrialdi-egoeran dagoela eta, beraz, prebentzio-neurri gehigarriak aplikatu behar direla presaz, egun indarrean dauden neurriak osatu eta Euskal Autonomia Erkidegoan SARS-CoV-2 birusaren hedapena eusten laguntzeko, hori guztia ezinbestekoa baita deskribatutako egoera epidemiologikoa eta aurretiazko esperientzia kontuan hartuta eta nazioarteko organismoek emandako gomendioen eta osasun-sisteman ikusitako eraginaren ondorioz.
COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 4.1 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa edo haren zati bat, COVID-19aren pandemiari lotutako arrazoiengatik, alarma-egoeran dagoen bitartean, legeria organikoak aurreikusitako erregimenaren arabera, edo Euskal Autonomia Erkidegoan titulu honetan zerrendatutako alerta-mailetan baxuena (1. maila) ezartzeko adierazle epidemiologikoak mantentzen diren bitartean, indarrean egon ahal izango da larrialdi-egoera.
Bestalde, 4.2 artikuluak honako hau dio: «Osasun-larrialdiko egoerak irauten duen bitartean, lehendakariak, hargatik eragotzi gabe, kasua bada, alarma-egoera deklaratzearen ondorioz agintari eskuordetu gisa dagozkion ahalmenak, bere gain hartuko ditu, halaber, lege honetan jasotzen diren larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere.»
Bestalde, Babes Zibileko Euskadiko Planak Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibilaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren izaerak, hedadurak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e artikulua).
Larrialdiei aurregiteko bidea-Labi deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duen eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituen ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuak onartu zuen Euskadiko Herri Babeseko Plana, eta «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean berrazterketa berezi bat egitea onartzen duen urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen.
Plan horren eraginkortasuna malgutasunean oinarritzen da; horrela, unean-unean inguruabar jakinek eskatzen dutenaren arabera aktibatzen da plana eta hartzen dira neurriak. Labi aktibatzeak ez dakar berarekin dagoeneko badagoen antolaketa-egitura alboratzea, ez ardura sanitarioak alboratzea ere, baizik eta Labiren beste mekanismo batzuekin integratzea, beste mekanismo horiek beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuen normaltasuna ziurtatzeko edo eremu sanitario soila baino haratago doazen hainbat ekintza koordinatzeko.
Eskumena duen agintariak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana abiaraztea esan nahi du aktibatzeak. Aktibatze horren berri eman behar zaio jendeari, jakinaren gainean egon dadin.
Aurrekoagatik guztiagatik, osasun-agintari gisa, eta Lehendakariaren aipatutako urriaren 6ko 39/2021 Dekretuaren 5. artikuluaren bidez eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluaren bidez organo honi eskuordetutako eskumenen indarrez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lehendakariari osasun-larrialdiko egoera deklaratzeko eskatzea, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.– Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) aktibatzeko eskatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 2a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.