237. zk., 2021eko azaroaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (293 KB - 6 orri.)
- EPUB (232 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
6010
7/2021 FORU DEKRETU-ARAUA, azaroaren 16koa, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzekoa.
Konstituzio Auzitegiaren 2017ko otsailaren 16ko Epaiak, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruzkoak, konstituzioaren aurkakotzat eta deuseztzat jo zituen Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 4.1, 4.2.a) eta 7.4 artikuluak, baina, bakar-bakarrik, balio gehikuntzarik gabeko egoerak zergapetzen dituzten neurrian.
Horren ondorioz, Gipuzkoako Lurralde Historikoan onartu eta indarrean jarri zen 2017ko martxoaren 31n martxoaren 28ko 2/2017 Foru Dekretu-Araua, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga aldatzen duena. Dekretu-arauak dioenez, zergaren obligazio tributario nagusia sortu dadin, beharrezkoa izango da lurrek balio gehikuntza bat izatea haien jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzeagatik edo lur horien gaineko jabaria mugatzen duen edozein gozamen eskubide erreal eratu edo eskualdatzeagatik.
Geroago, Auzitegi Gorenak, 2019ko urriaren 31ko 126/2019 Epaian, Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) 107.4 artikulua, ordaindu beharreko kuota zergadunak benetan lortzen duen ondare gehikuntza baino handiagoa den kasuei dagokienez.
Azkenik, berriki eman den 2021eko urriaren 26ko 182/2021 Epaiak adierazi du aipatutako testu bateginaren 107.1 artikuluko bigarren paragrafoa, 107.2.a) artikulua eta 107.4 artikulua konstituzioaren aurkakoak eta deusezak direla, eta horrek arau hutsune bat utzi du zerga oinarriaren zehaztapenari dagokionez, udal zerga hori likidatu, egiaztatu, bildu eta berrikustea, baita ordainaraztea ere, eragozteraino.
Konstituzio Auzitegiak azken epai horren 5. oinarri juridikoan adierazi duenez, «zerga oinarria zehazteko gaur egun erabiltzen den sistema objektibo eta nahitaezkoa higiezinen merkatuaren eta krisi ekonomikoaren errealitatetik kanpo dago, eta, beraz, alde batera uzten du zergapetutako eta zergadunak frogatutako ahalmen ekonomikoa. Sistema hori mantentzeak urratu egiten du ahalmen ekonomikoa zergapetze irizpide gisa erabiltzeko printzipioa (EKren 31.1 artikulua).»
Nahiz eta azken bi epaiek ez duten zuzeneko eraginik Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauan, kontuan izan behar da zerga oinarriaren zehaztapenari dagokionez han jasotzen den erregulazioak baduela antzekotasun handia Toki Ogasunak arautzen dituen Legean (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako testu bateginean) jasotzen den eta konstituzioaren aurkako deklaratu den erregulazioarekin; hortaz, segurtasun juridikoagatik, beharrezko gertatzen da aipatutako foru araua aldatzea Konstituzio Auzitegiak bere jurisprudentzian bidezko iritzitakora egokitzeko.
Hori dela eta, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua aldatu beharra dago, zerga oinarria zehazteko erregelak Konstituzio Auzitegiak adierazitakoarekin bat etor daitezen.
Konstituzio Auzitegiaren 2021eko urriaren 26ko 182/2021 Epaia Gipuzkoako foru araudiari buruzkoa ez bada ere, azaldutako arrazoiek eragin duten ziurgabetasun juridikoak gomendatzen du aldaketa hori presazko bidetik izapidetu eta onartzea, egoera horrek udalen finantza baliabideetan eragin dezakeen galera ahalik eta txikiena izan dadin.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.
Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Foru dekretu-arau honek, Konstituzio Auzitegiaren emandako erabakiei jarraituz, behar diren aldaketak edo egokitzapenak egiten ditu, zergaren araudia auzitegi horrek xedatutako egokitu eta ahalmen ekonomikoaren printzipioa betetzeko.
Horrela, alde batetik, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga aldatzen duen martxoaren 28ko 2/2017 Foru Dekretu-Arauan araututakoaren ildo beretik, zergapetu gabe uzten dira lurren balio gehikuntzarik gabeko egoerak, eta, horrez gain, zergapetzen ez den beste kasu berri bat ere ezartzen da, balio gehikuntza hori ez dela izan interesdunak eskatuta egiaztatzen den kasuetarako.
Bestetik, zerga oinarria zehazteko metodologia aldatzen da, higiezinen merkatuaren errealitatetik hurbilago egon dadin, eta udalei aukera aitortzen zaie lurzoruaren katastro balioak beherantz zuzentzeko, balioen eguneratze mailaren arabera. Era berean, gehieneko koefizienteak ezartzen dira, lurraren eskurapen egunetik igarotako urte kopuruaren arabera finkatuak, eta koefiziente horiek urtero eguneratuko dira egindako salerosketen prezioen bilakaera kontuan hartuta. Hori guztiak ez du eragozten zergapekoak ahalmena izatea aplikatzen den karga benetan lortutako balio gehikuntzara egokitzeko.
Horiek horrela, zergaren zerga oinarria zehazteko sistema objektiboa hautazko sistema gisa eratzen da, eta lehenago azaldutako eskubidea zergapekoak erabiltzen ez duen kasuetan baino ez da aplikatuko.
Horrekin, bete egiten da Konstituzio Auzitegiak agindutakoa, alegia, zerga oinarria zehazteko metodo objektiboa ez izatea legez onartuta dagoen metodo bakarra, eta balio gehikuntza kalkulatzeko zuzeneko zehaztapenak onartzea zergapekoak eskatzen duen kasuetan.
Azkenik, balio gehikuntzarik gabeko kasuak ez zergapetzea arautu, eta lortutakoa baino gainbalio handiagoa ez ordaintzeko erregela sartu dela eta, udalek behar diren egiaztapenak egin ditzaketela ezartzen da.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergarena, aldatzea.
Foru dekretu-arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauan:
Bat.– 1. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, honako hau dioena:
«3.– Lurren eskualdaketak ez dira egongo zergari lotuta eskualdaketa eta eskurapen datetan haien balioen artean dagoen diferentzia kalkulatzean balio gehikuntzarik ez dela izan egiaztatzen denean.
Horretarako, balio gehikuntzarik ez dela izan frogatu nahi duen pertsona edo entitate interesdunak eskualdaketa aitortu beharko du, eta eskualdaketa eta eskurapena dokumentatzen dituzten tituluak aurkeztu ere bai; ondorio horietarako, 3. artikuluan aipatzen diren pertsonak edo entitateak izango dira interesdun.
Eskualdaketan balio gehikuntzarik ez dela izan egiaztatzeko, honako hau hartuko da lurraren eskualdaketa edo eskurapen baliotzat kasu bakoitzean: eragiketa dokumentatzen duen tituluan ageri dena edo, kasua bada, Zerga Administrazioak egiaztatutakoa. Ondorio horietarako, eragiketa horietan izandako gastuak edo aplikatutako tributuak ezingo dira konputatu, eta ez da inolako eguneratzerik izango denbora igarotzeagatik.
Higiezinaren eskualdaketan lurzorua eta eraikuntza sartzen direnean, lurzoruaren baliotzat hartuko da zergaren sortzapen egunean lurraren katastro balioak katastro balio osoarekiko duen proportzioa aplikatuta ateratzen dena, eta proportzio hori aplikatuko zaie bai eskualdaketa balioari eta, hala badagokio, baita eskurapen balioari ere.
Eskurapena edo eskualdaketa kostu gabekoa izan bada, aurreko paragrafoetako erregelak izango dira aplikagarriak, eta, hala dagokionean, gorago aipatutako bi balio konparagarrietatik lehenengotzat oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan aitortutakoa hartuko da.
Apartatu honetan aipatutako higiezinen ondorengo eskualdaketan, lurren balio gehikuntza zenbat urtetan sortu den konputatzeko, higiezina eskuratu aurreko denbora ez da kontuan hartuko. Ondasun higiezinen ekarpen edo eskualdaketei ez zaie aplikatuko paragrafo honetan xedatutakoa, artikulu honen 2. apartatuko b) eta c) letren arabera zergari lotuta ez daudenean.»
Bi.– 4. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«4.– artikulua.
1.– Zerga honen zerga oinarria lurren balio gehikuntza da, hain zuzen ere, sortzapenaren unean agerian jarri eta gehienez ere hogei urteko epean izandakoa. Haren zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da, artikulu honen 4. apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe: artikulu horren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera sortzapenaren unean lurrari kalkulatu zaion balioa bider 3. apartatuaren arabera sorreraldiari dagokion koefizientea.
2.– Sortzapenaren unean lurrak zer balio duen zehazteko, erregela hauek aplikatuko dira:
a) Lurren eskualdaketetan, sortzapenaren unean duten balioa ondasun higiezinen gaineko zergaren ondorioetarako une horretantxe dutena izango da.
Hala ere, balio hori balio ponentzia baten ondorio bada, eta ponentzia horretan ez badira islatzen hura onartu ondoren onartu diren planeamendu aldaketak, zilegi izango da zerga honen behin-behineko likidazio bat egitea balio ponentzia horretatik abiatuta. Horrelako kasuetan, behin betiko likidazioan aplikatuko den balioa kasuan kasuko balio ponentziaren aldaketan edo balioen berrikuspenean xedatutakoaren arabera ateratzen dena izango da, betiere sortzapen data erreferentzia hartuta. Data hori ez badator bat katastro balio berrien eragin datarekin, balio horiek zuzenduko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontuen foru arauetan ezartzen diren eguneratze koefizienteak aplikatuta.
Gertatzen bada kasuan kasuko lurrak, hiri izaerakoa izanik ere, zergaren sortzapenaren unean oraindik ez daukala zehaztuta inolako katastro baliorik, udalak katastro balio hori finkatzen denean egin ahal izango du likidazioa, sortzapenaren unean dagoen balioa aintzat hartuta.
Udalek gehienez ere 100eko 15eko koefiziente murriztaile bat ezarri ahal izango dute ordenantza fiskalean, aurreko paragrafoetan adierazitako balioaren gainean, balioaren eguneratze maila haztatzeko.
b) Jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealen eraketan eta eskualdaketan, artikulu honen 3. apartatuan ezarri diren urteko portzentajeak aplikatuko dira kontuan izanik aurreko a) paragrafoan definitutako baliotik zer zati dagokien aipatu diren eskubideei. Eskubide horien balioa ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ondorioetarako ezarritako arauak aplikatuz kalkulatuko da.
c) Eraikin edo lursail baten gainean solairu bat edo gehiago jasotzeko edo lur azpian eraikitzeko eskubidearen eraketan edo eskualdaketan –lurrazal eskubide erreal bat izan gabe ere–, artikulu honen 3. apartatuan ezarri diren urteko portzentajeak aurreko a) paragrafoan definitutako balioaren gainean aplikatuko dira, baina, kasu honetan, kontuan izanik balio horretatik zer zati dagokion eskualdaketaren eskrituran finkatutako proportzionaltasun moduluari edo, halakorik ezean, lur gainean edo lur azpian eraikiko diren solairuen azalera edo bolumenaren eta eraikitako azalera edo bolumen osoaren arteko proportzioari horiek behin eraiki ondoren.
d) Nahitaezko desjabetzeen kasuan, artikulu honen 3. apartatuan ezarri diren urteko portzentajeak lurraren balio justuaren zatiari aplikatuko zaizkio, salbu eta aurreko 2. apartatuko a) paragrafoan definitutako balioa txikiagoa bada, kasu horretan, azken hori hartuko baita, ez balio justua.
3.– Balio gehikuntzaren sorreraldia gehikuntza hori agerian jartzeko igarotako urte kopurua izango da.
Eragiketak zergari lotuta ez dauden kasuetan, eta, betiere, foru arau bidez besterik esaten ez bada, lurraren geroko eskualdaketa batean balio gehikuntzaren sorreraldia zenbatekoa izan den kalkulatzeko, eskurapen datatzat zergaren azken sortzapena gertatu zen data hartuko da aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako.
Igarotako urte kopuruaren konputuan urte osoak hartuko dira, hau da, urte zatikiak aintzat hartu gabe. Sorreraldia urtebetetik beherakoa bada, urteko koefizientea hainbanatuko da hilabete osoen kopurua kontuan hartuta, hau da, hilabete zatikiak aintzat hartu gabe.
Sortzapenaren unean lurrak duen balioari (aurreko apartatuetan xedatu da nola kalkulatu balio hori) udalak onartzen duen koefizientea aplikatuko zaio balio gehikuntzaren sorreraldia kontuan hartuta, eta koefiziente horrek ezingo ditu inoiz muga hauek gainditu:
(Ikus .PDF)
Gehieneko koefiziente horiek urtero eguneratuko dira foru arau bidez, eta eguneratze hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren foru arauetan ere egin ahal izango da.
Aurreko paragrafoan aipatutako eguneratzeak berekin badakar ordenantza fiskalean onartutako koefizienteetako bat legez ezarritako gehieneko berria baino handia izatea, azken hori zuzenean aplikatuko da, soberakina zuzentzen duen ordenantza fiskal berria indarrean jarri arte.
4.– Subjektu pasiboak 1. artikuluko 3. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituz eskaturik, egiaztatzen bada balio gehikuntzaren zenbatekoa txikiagoa dela artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera zehaztutako zerga oinarriaren zenbatekoa baino, balio gehikuntza horren zenbatekoa hartuko da zerga oinarritzat.»
Hiru.– 7. artikuluko 4. apartatua aldatzen da, eta 8. apartatu bat gehitzen zaio artikulu horri, jarraian adierazten den eran:
«4.– Udalek ahalmena dute subjektu pasiboaren autolikidazio sistema ezartzeko. Sistema horretan, subjektu pasiboak autolikidaziotik ateratzen den kuota ordaindu beharko du, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako epeen barruan. Autolikidazio horiei dagokienez, eta betiere interesdunak edo subjektu pasiboak 1.3 eta 4.4 artikuluetan, hurrenez hurren, xedatutakoaren ondorioetarako aitortutako balioak egiaztatzeko aukera baztertu gabe, kasuan kasuko udalak hauxe baino ezingo du egiaztatu, alegia, autolikidazio horiek zergaren arauak behar bezala aplikatuta egin direla, arau horietatik ondorioztatutakoak ez bestelako balio, oinarri edo kuotak egotzi gabe.
4.2.a) artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako kasuetan, zerga ezingo da inola ere autolikidazio bidez exijitu.»
8.– Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta toki entitateek elkarrekin jardungo dute zerga aplikatu dadin eta, bereziki, 1.3 eta 4.4 artikuluetan ezarritakoa betetzea ahalbidetzeko. Horretarako, hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte bai zerga arloko informazioa trukatzeko bai lankidetzan jarduteko.»
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ordenantza fiskalak egokitzea.
Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga ezarrita duten udalek, foru dekretu-arau hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, ordenantza fiskalak aldatu beharko dituzte, dekretu honetan xedatutakora egokitzeko.
Aurreko paragrafoan aipatutako aldaketa indarrean jarri arte, foru dekretu-arau honetan xedatutakoa izango da aplikagarria, eta, zergaren zerga oinarria zehazteko, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 4.3 artikuluan ezarrita dauden gehieneko koefizienteak aplikatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira foru dekretu-arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak, eta, bereziki, martxoaren 28ko 2/2017 Foru Dekretua-Araua, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga aldatzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araugintzako ahalmena ematea.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2021eko azaroaren 16a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.